Legesarea Euskadi

Euskadi.eusen sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2. AGINDUA, 2017ko irailaren 27koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailbur...
 

Araudia

Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden eta aplikagarriak diren lege eta arau multzoa.

Zergei buruzko araudia

Euskal Herriko hiru lurralde historikoetako zerga arloko araudia

 

Eskumenak eta transferentziak

Eduki-mota honek Euskal Herriaren Autonomia Estatutuan aitortutako eskumenak hartzen ditu baita Autonomia Erkidegorako transferentzien egoera ere.

 

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Garrantzi juridikoko dokumentazioari buruzko edukiak EAE ko legedia ulertu eta interpretatzeko laguntza dira, baita Eusko Jaurlaritzaren administrazio-egintza eta -jarduera jakin batzuen berri izateko laguntza ere.

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2017ko irailaren 27koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2017ko ekitaldirako laguntzetarako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 192
  • Hurrenkera-zk.: 4797
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/09/27
  • Argitaratze-data: 2017/10/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza; Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen (2008ko abenduaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 250. zk.) VII. Titulua ordezkaritzari eta elkarte-antolaketari buruzkoa da. Horrela, 85. artikuluak xedatzen duenez, «euskal administrazioek harremana eta zerbitzua eman behar diete laborantzan, abeltzaintzan eta basogintzan (hots, orokorrean nekazaritza eta elikagaigintzan) jarduten diren pertsonei, fisiko nahiz juridiko izan.». Beraz, arloarekin zerikusia duten elkarteak eratzea eta haiei eustea bultzatzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaigintzako politikak diseinatzeko solaskide garrantzitsuen izaera ematen zaie, eta, horretarako, euskal administrazioek beharrezko baldintzak sortuko dituzte elkarte horiek nekazaritza eta elikagaigintzako azpisektoreen interesen ordezkari izan daitezen. Elkarteen arloan, 87. artikuluak egiten duen gisan, azpimarratu behar dira nekazarien elkarte profesionalak, eta halakotzat hartzen dira beren estatutuetan nekazarien interes sozioekonomikoen ordezkari eta defendatzailea izateko eginkizun orokorra jasota daukaten elkarteak eta, gutxienez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten dutenak. Bete behar dituzte, gainera, 87. artikuluan aipatzen diren betebeharrak. Elkarteak eta batez ere nekazarien elkarte profesionalak solaskide eraginkorrak dira, eta haien bidez bideratzen dira ordenamendu juridikoan jasotako kontsultak.

Nekazarien elkarte profesionalek, lehen sektoreko egituratze sozial eta profesionalerako tresnak direnez, gastuak izaten dituzte egiten duten lana egiteko, eta horietan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailaren bidez parte hartzea erabaki du, haien jarduera sindikalen etengabeko hobekuntzan aurrera egiteko. Agindu honen xedea da, 2017ko ekitaldiari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako laguntzetarako deialdia egitea, hain justu ere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko interlokuzio sozialeko funtzioak gauzatzeko, betiere euskal nekazaritza sektorearen gaien arloan, eta, oro har, nekazaritza sektorearentzako aholkularitzako jarduera sindikalei eusteko, eta, halaber, bazkideei dagokienez. Sustapen-lan hori ez da berria, 2003ko ekitaldiaz geroztik aplikatzen ari den diru-laguntzen arloko programa bat da eta.

Diru-laguntza horiek honako hauetan araututa daude: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erreglamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006; eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua.

Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzeko apirilaren 11ko 2/2017 Legean xedatua aintzat hartuta,

Honako hau

Lehenengoa. Xedea eta ezaugarriak.

  1. Agindu honen xedea da, 2017ko ekitaldiari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako laguntzetarako deialdia egitea, hain justu ere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko interlokuzio sozialeko funtzioak gauzatzeko, betiere euskal nekazaritza sektorearen gaien arloan, eta, oro har, nekazaritza sektorearentzako aholkularitzako jarduera sindikalei eusteko, eta, halaber, bazkideei dagokienez.

  2. Agindu honen esparruan ematen diren laguntzak ez dira izango itzuli beharrekoak.

    Bigarrena. Pertsona onuradunak.

    Honako hauek izango dira sindikatu izaerako nekazaritzako erakunde profesionalen onuradunak: Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza sektorearen interes orokorrak ordezkatzea eta defendatzea xedetzat duten eta nekazaritzako profesionalez osaturik dauden pertsonak, diharduten nekazaritzaren ekoizpen-azpisektorearengatik inolako bereizketarik egin gabe.

    Hirugarrena. Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

    Interlokuzio sozialeko jarduerak eta nekazaritza sektoreari eta bereziki bere afiliatuei orientazioa eta aholkularitza emateko jarduerak lagunduko dira diruz.

    Laugarrena. Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

  1. Diru-laguntzaren xede diren jarduerak gauzatzerakoan sortzen diren gastuak joko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat, hala nola:

    1. Jarduera sindikaletan erabiltzen diren lokalak egokiro mantentzea.

    2. Jarduera sindikaletan jarduteko langileak edukitzeko egiten dituzten lan-kontratuei eustea.

    3. Nekazaritza sektoreko profesionalei aholkularitza eta informazio sindikala emango dieten langileen lan-kontratu berriak egitea.

    4. Jarduera sindikalak egiteko behar diren ekipo-ondasunak eta bitarteko teknikoak erosi eta mantentzea. Ekipo-ondasun horiek gutxienez bi urtean zehar bideratu beharko dira diru-laguntzaren xedera.

  2. Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua diru-laguntzaren aurretik egin bada.

    Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua zeinak justifikazioan, edo, kasua bada, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztu beharko baitira efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz egin beharko da, eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko abantailatsuen alde egiten ez bada.

  3. Onuradunak diruz lagundutako jarduerak azpikontratatu ahal izateko honako hauetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikulua.

    Bosgarrena. Finantzaketa.

    Agindu honetan jasotzen diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako ezartzen diren kredituetatik aterako dira. Baliabide horiek 201.000 eurokoak izango dira.

    Seigarrena. Onuradun izateko betekizunak.

    Laguntzak eskatzeko, honako artikulu hauetan ezarritako baldintzak bete behar dira: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikulua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua 50. artikulua.

    1. Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea, legez eratuak izatea eta Elkarteen Erregistroan inskribaturik egotea.

    2. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko diru-laguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai diru-laguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

    3. Itzuleragatiko betebeharrak ordainduta edukitzea, indarrean dauden arauetan ezarritako baldintzetan.

    4. Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez.

      Zazpigarrena. Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

      1. Eskabideak (eredua I. eranskinean dago) nekazaritza eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen zuzendaritzaren pertsona titularrari bidali behar zaizkio, eta aurrez aurre Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietako batean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.

      2. Laguntza-eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

        1. Eraketa-akta eta dagokion administrazio-organoak ikus-onetsitako estatutuak. Baldintza hori ez dute bete beharko agindu honen kontura laguntza jaso duten nekazarien elkarte profesionalek: «Agindua, 2016ko abenduaren 9koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2016ko ekitaldirako laguntzetarako», estatutuetan egindako aldaketen kasuan salbu (halakoetan, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari eman beharko zaio haien berri).

        2. Ekitaldian zehar egingo diren ekintzak justifikatzeko memoria, ondoko ekintzak adieraziz eta kuantifikatuaz:

          1. Jarduera sindikalen koordinazioa.

          2. Sektoreko elkarteekiko eta administrazioekiko lankidetza.

          3. Administrazioarekin zerikusia duten prozeduretan, nekazariekiko eta abeltzainekiko lankidetza, aholkularitza, laguntza eta kudeaketa.

          4. Prestakuntza-, informazio- eta dinamizazio-jardueren antolakuntza.

          5. Nekazaritzako politiken segimendua eta zabalkundea.

          6. Euren interesak defenditu eta sustatzeko, bazkideei emandako beste edozein zerbitzu.

        3. Erakunde bakoitzaren afiliatu-kopurua, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian daudenen kopurua ere zehaztuta; hori egiaztatzeko, erakunde bakoitzeko idazkariak egindako ziurtagiria aurkeztuko da.

        4. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko aukeretan parte hartzeko erabakiaren, zehazki, erakundeak hartutakoaren ziurtagiria.

        5. Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko deklarazioa, honako hauek jasota:

          1. Beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk eskatu izana edo, kasua bada, jaso izana.

          2. Itzulketa- edo zigor-prozeduraren batean ez izatea.

          3. Itzulketa-prozedura bukatutakoan ez izatea ordainketa-obligaziorik.

          4. Ez izatea zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen duena.

          5. Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko galarazpenen batean ez izatea.

        6. Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak artikulu horren 4., 5., 6. eta 7. zenbakietan ezarritakoaren arabera egiaztatu beharko dira.

      3. Automatikoki, berariazko baimenik gabe, egiaztatuko du organo kudeatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean daudela, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio uko baimen horri, laguntzaren eskabidean, eta, kasu horretan, dagokion ziurtapena aurkeztu ahalko du. Era berean, eskabidearen bidez baimena emango zaio kudeaketa-organoari egiaztatu dezan inskripzioa indarrean dagoela Elkarteen Erregistroan.

      4. Eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkezten badute eskatutako dokumentazioa eta aldaketarik ez dela egin berariaz adierazten bada, ez dute aurkeztu beharko dokumentazio hori, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. zenbakiarekin bat etorriz. Adierazi beharko da, hala ere, noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu diren agiri horiek. Eskabidea aurkeztuz gero, baimena ematen zaio kudeaketa-organoari dokumentazio hori lor dezan; horrek ez du esan nahi berariaz uko egin ezin diezaiokeenik baimena emateari (kasu horretan, aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du).

      5. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.

      6. Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.

      7. Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edota agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio pertsona eskatzaileari.

        Zortzigarrena. Laguntzen kudeaketa.

        Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak nekazaritza eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen zuzendaritzari dagozkio, baita diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egitea ere. Horrela, egoki iritzitako ikuskapenak egin ahal izango ditu zuzendaritzak, diru-laguntza lortu duten proiektuak modu egokian gauzatzen direla ziurtatzeko; horretarako, onuradunak eskatzen zaizkien agiriak eta informazioa aurkeztera behartuta daude.

        Bederatzigarrena. Laguntzak esleitzea eta haien zenbatekoa kalkulatzea.

        Agindu honetan jasotako baldintzak betetzen dituzten erakundeak izango dira laguntzen onuradun. Onuradun gertatzen den erakunde profesional bakoitzak jasoko duen zenbateko osoa ezin izango da justifikatutako gastuak baino handiagoa izan, eta honako prozedura honen arabera zehaztuko da:

        1. Lehenengo eta behin, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan xede horretarako erreserbatuta dagoen zenbatekoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoen artean banatuko da, parte berdinetan, eta ateratzen den zenbatekoa izango da lurralde historiko bakoitzean diharduten erakunde profesional guztiek batera jasoko duten gehieneko zenbatekoa.

        2. Lurralde historiko bakoitzari egotzitako zenbatekoa honelaxe banatuko da:

          Heren bat uniformeki banatuko da, lurralde historikoan diharduten erakunde profesionalen artean.

          Beste heren bat proportzionalki banatuko da erakunde profesionalen artean; hain zuzen ere, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian izena emanda dauden afiliatu-kopuruaren arabera, zazpigarren ebazpen-zatiko 2.c letran ezarritakoarekin bat.

          Gainerako herena proportzionalki banatuko da, justifikatzeko memorian aipatutako jardueren arabera eta jarduera horien zenbatekoa kontuan harturik.

          Hamargarrena. Ebazpena.

          1. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez emango dira diru-laguntzak, gehienez hiru hileko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera.

          2. Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

            1. Onartutako eskabideei dagokienez:

              1. Erakunde onuradunen izenak.

              2. Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa.

              3. Diruz lagundutako kopurua.

              4. Aurreikusitako jarduerak egiteko epea.

              5. Zehapen-prozeduraren batean edo itzultze-prozeduraren batean egonez gero, emakidaren ebazpena emateko eta, hala badagokio, ordainketarako, hura amaitu egin beharko da. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

            2. Onartu ez diren eskabideei dagokienez:

              1. Pertsona edo erakunde eskatzaileen izena.

              2. Laguntza ukatzeko arrazoiak.

          3. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

          4. Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak nekazaritza eta abeltzaintzaren eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluarekin bat etorriz.

          5. Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, nekazaritza eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen zuzendariaren ebazpen baten bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agindu honen babesean laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda; bertan, emandako kopuruak ere adieraziko dira, publiko egiteko baino ez.

            Hamaikagarrena. Onuradunen betebeharrak.

            Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek beti bete beharko dituzte Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua 50. artikuluan ezarritako betebeharrak, eta honako betebehar hauek ere bai:

          1. Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren onuradunak ez badio berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean, onartu egiten duela ulertuko da.

          2. Jasotako laguntzen destinoari eta laguntzak eman ziren helburuetarako erabiltzeari dagokienez, euren fiskalizazio-funtziotan dihardutela, nekazaritza eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio oro ematea.

          3. Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati helburu bererako, nekazaritza eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen Sailari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatzi baten bidez. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen egin beharko da.

          4. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea idatzi bidez nekazaritza eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen Sailari. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen egin beharko da.

          5. Jasotako diru-laguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

          6. Proiektua zabaltzeko egiten diren agirietan eta publizitatean, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan xedatutakoaren arabera sartuko da (http://www.ivap.euskadi.eus/r61-vedorok/es/contenidos/informacion/identidad_corporativa/es_5611/identidad_corporativa.html).

            Hamabigarrena. Diru-laguntzen justifikazioa eta ordainketa.

          1. Diru-laguntza bi alditan ordainduko da. Lehenengo ordainketa, onartutako zenbatekoaren % 50ekoa, onartzeko ebazpena eman eta gero; eta bigarren ordainketa, gainerako % 50ekoa, gastua justifikatu ondoren. Gastua justifikatzeko, azaroaren 17ko 30/2003 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da, eta honako dokumentazio hau aurkeztu:

            1. Diruz lagundutako jarduerak eragindako gastuen zerrenda sailkatu bat.

            2. Merkataritza-zirkulazio juridikoan baliokide diren fakturak edo dokumentuak, edo administratiboki eraginkorrak direnak, aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan jasotzen direnak, eta erakunde finantzarioak egindako ordainketaren ziurtagiria (egindako ordainketaren banku-ziurtagiria, aurkeztutako ordainagiriekin bat datorrena).

            3. Beste administrazio edo erakunde publiko batzuek, edo izaera pribatuko pertsonek fisikoek zein juridikoek emandako laguntzen ziurtagiria eta xede bererako emandako laguntzena.

          2. Kudeaketa egokia eta artikulu honen 1. zenbakian aipatzen diren laguntzen ordainketa bermatzeko, justifikazio-agiriak aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik edo jarduerak bukatzen diren egunetik hasita, egun hori geroagokoa bada. Nolanahi ere, justifikazioa 2018ko urtarrilaren 30a baino lehenago egin beharko da.

          3. Nekazaritza eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duten zuzendaritzaren titularrak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu beharrezkoa baderitzo, betiere arrazoiak emanda.

          4. Diru-laguntza hauek ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko diru-laguntzak edo laguntzak direla-eta bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta edukitzea.

          5. Diru-laguntzak xede duen proiektua ezarritako gehieneko epeetan egiten ez bada, edo ezarritako epean hori egiaztatzeko agiriak aurkezten ez badira, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

            Hamahirugarrena. Diru-laguntzarako baldintzak aldatzea.

          1. Aldi berean beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak eta laguntzak lortzen badira, hori justifikatu eta jakinarazi beharko zaio, idatziz, nekazaritza eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen zuzendaritzari, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan, eta, edonola ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Horretarako, nekazaritza eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen zuzendaritzaren titularrak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

          2. Baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, jarduerak ez badira gauzatzen, jarduerak aldatu edo birprogramatzen badira baina proiektua ez bada funtsean aldatzen eta, betiere, agindu honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, nekazaritza eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, idatziz, baina diru-laguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.

            Aitzitik, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, jarduerak gauzatzen ez badira, jarduerak aldatu edo birprogramatzen badira eta, horren guztiaren ondorioz, proiektua funtsean aldatzen bada baina laguntza helburu bererako erabiltzen bada, hori nekazaritza eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen zuzendaritzari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, eta diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, nekazaritza eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen zuzendariak dagokion aldatzeko ebazpena emango du.

          3. Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, nekazaritza eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen zuzendaritzaren titularraren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, ondoren, diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

            Hamalaugarrena. Atzera egitea eta uko egitea.

          1. Eskatzaileak eskabide horretan atzera egiteko aukera izango du. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin dagozkion sinadurak baditu, betiere. Kudeaketa-zuzendaritzaren titularrak, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du atzera egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du, pertsona horri dagokionez.

          2. Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Atzera egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin dagozkion sinadurak baditu. Nekazaritza eta abeltzaintzaren arloko eskumena duen zuzendaritzaren titularrak espresuki onartuko du uko egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du, pertsona horri dagokionez.

            Hamabosgarrena. Ez-betetzeak.

          1. Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo diru-laguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua zati batean betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo diru-laguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesduna entzunda), ebazpen bidez, diru-laguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partzialki edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta dagozkion legezko interesak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzkoa) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

          2. Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zigor-prozedura has dezan.

            Hamaseigarrena. Bateragarritasunak.

            Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko, sail, organismo edo erakunde publiko zein pribatu batek emandako laguntzekin, laguntzen pilaketak gainfinantziazioa ez badakar behintzat.

            AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Errekurtsoak.

            Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

            AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Ondorioak.

            Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

            Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 27a.

            Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

            MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

            (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik
Euskadi, auzolana