Legesarea Euskadi

Euskadi.eusen sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2. AGINDUA, 2018ko martxoaren 21ekoa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuar...
 

Araudia

Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden eta aplikagarriak diren lege eta arau multzoa.

Zergei buruzko araudia

Euskal Herriko hiru lurralde historikoetako zerga arloko araudia

 

Eskumenak eta transferentziak

Eduki-mota honek Euskal Herriaren Autonomia Estatutuan aitortutako eskumenak hartzen ditu baita Autonomia Erkidegorako transferentzien egoera ere.

 

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Garrantzi juridikoko dokumentazioari buruzko edukiak EAE ko legedia ulertu eta interpretatzeko laguntza dira, baita Eusko Jaurlaritzaren administrazio-egintza eta -jarduera jakin batzuen berri izateko laguntza ere.

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2018ko martxoaren 21ekoa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, 2018an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren plazen deialdia egiteko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 71
  • Hurrenkera-zk.: 1945
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/03/21
  • Argitaratze-data: 2018/04/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Kultura eta Kirola
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak gazteria-politikaren arloko eskumen osoa du, eta beste zenbait erakunderekin partekatuko du, beste alde batetik, gazteen aldeko jardueren sustapen-lana.

Bestalde, lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena 8. artikuluan xedatzen du Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkiola, besteak beste, Gazteriari buruzko egitekoak eta jardun-arloak.

Arau-esparru horretan oinarrituta eta jardun-arlo horretako erakundeen eskumenak errespetatuta, Eusko Jaurlaritzak auzolandegien programa bat kudeatu du Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez.

Horrenbestez, honako hau

Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2018ko «Auzolandegiak» programaren plazen deialdiaren arauak ezartzea.

1 Auzolandegietan, hainbat jatorritako gazte talde batek konpromisoa hartzen du, borondatez eta eskuzabalki, gizarte-hedadurako eta jarduera osagarrien lan-proiektu bat garatzeko, denbora-tarte jakin batean. Proiektua bitarteko bat da honako balore hauek sustatzeko: bizikidetza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea, edo kultura arteko ikaskuntza, besteak beste.

2 Auzolandegietan parte hartzen duten pertsonek ostatua eta mantenu osoa izango dute.

3 Aseguruak: deialdi honetan eskaini diren auzolandegietan parte hartzen duten pertsonek asegurua egin behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak adostutako istripu-aseguruen eta erantzukizun zibileko aseguruen kontratuetan erabakitako baldintzetan.

4 Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritza gazteen eta autonomia-erkidegoen arteko edo erakunde antolatzailearen arteko bitartekaria izango da, beste autonomia-erkidego batzuek edo Nazioarteko Boluntariotza Zerbitzuak (SVIk) antolatutako auzolandegietan (autonomia-erkidegoek eta SVIk haien arauak dituzte). Gainera, ez da honako hauen erantzulea izango: behin betiko onarpenena, data-aldaketena edo txandak bertan behera uztearena, ezta ostatuarena, janariarena, lan-orduena, denbora librearen antolaketarena edo kuota itzultzearena ere.

  1. Auzolandegiaren tokiraino lekualdatzea parte-hartzaileen kontura izango da. Halaber, parte-hartzaileen erantzukizuna izango da, nazionalitatea kontuan hartuta, auzolandegiaren atzerriko herrialdean sartzeko beharrezkoak diren agiri guztiak eskuratzea.

  2. Deialdi honen parte-hartzaileek ezingo dute auzolandegi batean baino gehiagotan parte hartu, Euskal Autonomia Erkidegoko auzolandegietan plaza hutsak daudenean salbu. Kasu horretan, beste plaza bat eska dezakete Euskadiko auzolandegi batean plazak agortu arte. Horretarako, 6. artikuluko 1.4 atalean ezarritako prozedurari jarraituko dio, eta eskatutako agiriak bidali beharko zaizkio Gazteria Zuzendaritzari, dagokion kuota ordaindu eta gero.

  1. Deialdian, eskaintzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan, estatuko beste autonomia-erkidego batzuetan eta beste herrialde batzuetan egingo diren auzolandegiak.

    Eskainitako plazak www.gazteaukera.euskadi.eus atarian kontsultatu daitezke, baita Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritzan ere (Donostia kalea 1, O eraikina, 3. solairua, VitoriaGasteiz).

  2. Euskal Autonomia Erkidegoan eskainitako plazen % 10 dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat gordeko dira, auzolandegiaren jarduera motaren arabera.

  3. Dibertsitate funtzionala duten pertsonek laguntzaile bat izango dute auzolandegian dauden bitartean.

  4. Eskainitako plazen zerrenda aldatu egingo da eskaerak aurkezteko epea hasten denetik aurrera, plazak erreserbatu ahala kenduko direlako eta plaza berriak eskain daitezkeelako.

  5. «Auzolandegiak» programari buruzko informazioa www.gazteaukera.euskadi.eus atarian kontsultatu ahalko da, baita Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritzan ere (Donostia kalea 1, O eraikina, 3. solairua, Vitoria-Gasteiz).

Deialdi honen arabera, honako hauek dira auzolandegi batean plaza lortzeko baldintzak:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea agindu hau EHAAn argitaratu baino lehen.

  2. Europar Batasunekoak ez diren atzerritarren kasuan, dagokien bizileku-baimena izatea eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea agindu hau EHAAn argitaratu baino lehen.

  3. Eskatutako auzolandegia egiteko adierazitako adina izatea hori hasten den egunean.

  4. Guraso-ahala edo tutoretza duen pertsonaren baimena izatea, eskaera egiteko orduan emantzipatu gabeko gazteen kasuan.

  5. Eskaera adierazitako orduan eta moduan egin izana.

  6. «Auzolandegiak» programan izena emateko kuota ordaindu izana.

  7. Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Zuzendaritzari agindu honen 7. artikuluko 2. eta 3. ataletan zehaztutako agiriak bidaltzea, horren 7. artikuluko 4. atalean adierazitako epean.

  8. Adingabeekin harremana izatea eskatzen duten ekintzak dituzten auzolandegien kasuan, kondenarik ez izatea sexu-delituengatik; Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, delitu horiengatik zigorrik jaso ez dutela egiaztatzen duena; atzerritarren kasuan, bere jatorrizko herrialdeak ziurtatutako antzeko irismena duen dokumentuaren bitartez. Ez balego, herrialdeak igorritako zigor-aurrekarien egiaztagiri baliokidea aurkeztu beharko dute, non ez dagoen sexu-delitugileei dagokien aipamenik.

  9. Ezingo dute izena eman azken hiru deialdietako batean plaza bat esleitu eta auzolandegira joan ez diren pertsonek, aldez aurretik Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Zuzendaritzari uko egin diotela jakinarazi dioten pertsonen kasuan izan ezik.

  10. Dibertsitate funtzionaleko plazak Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako gazteentzat gordeko dira.

  1. Auzolandegietan parte hartzeko interesa duten pertsonek aurrez izena emateko eskaera egin beharko dute Internet bidez apirilaren 19a eta 25a bitartean, bi egunak barnean direla.

  2. Dibertsitate funtzionala duten pertsonen kasuan, eskaera egiteko www.gazteaukera.euskadi.eus atarian jaitsi dezaketen eskaera-eredua bete beharko dute apirilaren 19tik aurrera, 15 egun naturaleko epean.

Eskaerak izapidetzeko bi prozedura egingo dira: txanda irekiari dagokiona eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei dagokiena.

  1. Txanda irekia.

  1. Aurrez izena emateko eskaera.

    Auzolandegietan parte hartzeko interesa duten pertsonek aurrez izena emateko eskaera egin beharko dute, Internet bidez, www.gazteaukera.euskadi.eus atarian auzolandegiei buruzko helbideko inprimakia betez. Hori egin ostean, eskaera-zenbaki bat emango zaie. Eskaerak eta horren zenbakiak aukera emango diete aurrerago egingo den zozketan parte hartzeko.

    Interesdun bakoitzak behin baino ezingo du aurrez izena eman. Inprimakia betetzean okerren bat egongo balitz, harremanetan jarri beharko da Gazteria Zuzendaritzarekin.

    Aurrez izena emateko eskaerak baliogabetuko dira pertsona batek eskaera bat baino gehiago egin duela atzematen bada, eskaerak behar bezala beteta ez badaude edo eskatzaileek auzolandegietan plaza bat lortzeko baldintzak betetzen ez badituzte, deialdiarekin bat etorriz.

  2. Zozketa.

    Jasotako aurrez izena emateko eskaerak egiaztatu ondoren, www.gazteaukera.euskadi.eus web-orrian argitaratuko da Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteriako zuzendariaren ebazpena. Behin-behineko zerrenda izango da, eta bi egun emango dira akatsak zuzentzeko.

    Akatsak zuzentzeko epea amaitzen denean, web-orri berean argitaratuko da aurrez izena emandakoen behin betiko zerrenda, eta zozketa egingo da.

    Jasotako eta egiaztatutako aldez aurreko izen-emate guztien artean zozketa egingo da notarioaren aurrean.

    Zozketan zenbaki bat aterako da, eta zenbaki horretatik aurrera emango zaie eskatzaileei egun eta ordu bat telefono-dei bat egiteko.

    Zozketan ateratako zenbakia lehena izango da aukeratzeko ordenan, eta, hurrenez hurren, horrela jarraituko da deialdian eskaintzen diren plazen bikoitza osatu arte.

    Eskainitako plazen bikoitza baino aurrez izena emateko eskaera gehiago egongo balitz, zozketan deia egiteko txanda lortzen ez dutenek ezingo dute deialdi honetan izena eman.

    Deialdian eskainitako plazak baino aurrez izena emateko eskaera gutxiago egongo balitz, deia egiteko txanda esleituko zaie eskaera guztiei.

    Zozketan hitzordua lortu duten eskatzaile guztiek sms bat eta mezu elektroniko bat jasoko dute. Horren bidez, lortutako hitzorduaren ordena adieraziko zaie, baita eguna, ordua eta auzolandegian izena emateko deia egiteko telefonoa ere.

    Zozketaren emaitza, esleitutako egunarekin eta orduarekin, www.gazteaukera.euskadi.eus web-orrian argitaratuko da, eta Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritzan ere kontsultatu ahalko da (Donostia kalea 1, O eraikina, 3. solairua, Vitoria-Gasteiz).

  3. Izen-ematea.

    Esleitutako eguna eta ordua aintzat hartuz, telefono-dei bat egin beharko da une horretan eskuragarri dauden plazen artean bat aukeratzeko. Denbora-tarte nahikoa egongo da plaza hautatzeko eta horretan izena emateko. Denbora agortuta, plaza aukeratzen ez bada, txanda eta izena emateko aukera galduko dira.

    Plazak agortu daitezkeenez, eskatzaileak aukerak lehenetsi behar ditu deia egin aurretik, deien denbora-muga kontuan hartuz.

    Plaza aukeratu ondoren, titularra horretan izena emanda egongo da, eta Interneten eskuratu ahalko ditu horri buruzko agiriak, www.gazteaukera.euskadi.eus web-orriko auzolandegien gaineko atalean.

    Plazaren eskaera egiten denean, hori eskuragarri dauden plazen eskaintzatik kenduko da, izena emateko kuota ordaintzeko epeak iraun bitartean.

    Zozketan esleitutako egunean eta orduan deia egiten ez duten eskatzaileek txanda galduko dute.

    Plazak agortzen direnean, www.gazteaukera.euskadi.eus web-orrian eta izena emateko telefonoan jakinaraziko da, eta izena emateko prozesua itxiko da.

  4. Bete gabeko plazak.

    Izena emateko epea amaitzean, plaza hutsik badago, www.gazteaukera.euskadi.eus web-orrian jakinaraziko da, eta denbora-tarte bat utziko da interesdunek plaza erreserbatzeko, horretarako jakinaraziko den telefono-zenbakira deituta. Aurrez izena eman arren plazarik lortu ez duten guztiek izango dute parte hartzeko aukera. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko auzolandegietan plaza hutsak egonez gero, aurretik beste plaza bat hartuta zeukaten interesdunek parte hartu ahal izango dute. Plazak erreserbatu ahala, zerrendatik kentzen joango dira.

  1. Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako txanda.

  1. Plaza eskaera.

    Dibertsitate funtzionala duten pertsonek www.gazteaukera.euskadi.eus atarian jaits dezaketen plazaren eskaera-eredua bete behar dute, eta honako hauetan aurkeztu beharko dute: Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren bulegoetan, Lakuako Zuzenean zerbitzuan eta Bilboko, Donostiako eta Vitoria-Gasteizko Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan. Baita honako hauetan ere: Euskal Autonomia Erkidegoko erregistro osagarrietan (hemen daude zerrendatuta: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan. Plazaren eskaera-eredua deialdi honen II. eranskinean ere eskuratu daiteke.

    Pertsona bakoitzak plaza bat aukeratu ahalko du, eta, eskainitako plazak baino eskaera gehiago egon daitezkeenez, eskaera-zenbaki bat esleituko zaio.

  2. Zozketa eta plazaren erreserba.

    Auzolandegia eta txanda dibertsitate funtzionala duen pertsona batek edo bik baino ez badute eskatzen, zuzenean gordeko zaie plaza, eskaerak egiteko epea amaitzen denean.

    Zozketa egingo da auzolandegiren batean plaza baino eskaera gehiago badago. Zozketaren bidez, eskaerek plaza aukeratzeko duten ordena zehaztuko da. Gazteria Zuzendaritzak zozketan ateratako ordenan deituko die interesdunei plaza aukera dezaten.

    Plazak agortzen direnean edo eskatzaile guztiei aukeratzeko aukera ematen zaienean, www.gazteaukera.euskadi.eus web-orrian jakinaraziko da eta izena emateko prozesua itxiko da.

    Zozketaren emaitza eta esleitutako plazaren erreserba www.gazteaukera.euskadi.eus web-orrian argitaratuko dira, baita Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritzan ere (Donostia kalea 1, O eraikina, 3. solairua, Vitoria-Gasteiz).

    Gazteria Zuzendaritzak telefono-dei baten bidez eta mezu elektroniko baten bidez berretsiko ditu zozketen emaitzak eta eskuratu zezaketen plaza erreserbatuta duten ala ez.

  1. Izena emateko kuota ordaintzea.

    Txanda irekian eskaera egin duten interesdunek izena emateko kuota ordaindu beharko dute egun natural bateko epean, plaza aukeratu eta hurrengo egunetik hasita. Kuota ordaindu ondoren, plaza eskatzailearen izenean erreserbatuta egongo da.

    Dibertsitate funtzionaleko pertsonen kasuan, ordainketa bi egun naturaleko epean egin beharko da, Gazteria Zuzendaritzak plazaren erreserba jakinarazten dienetik eta beharrezko agiriak bidaltzen dizkienetik aurrera.

    Euskadin, 110 euroko kuota ezarriko da. Hori xedatzen duen araua da 2015eko apirilaren 1eko Agindua, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, «Auzolandegiak» programan izena emateko kuotaren prezio publikoa ezartzen duena.

    Gainerako autonomia-erkidegoetan, bakoitzean indarrean dagoen izena emateko kuota ordaindu beharko da.

    Beste herrialde batzuetako auzolandegi batzuek ordain gehigarria ezartzen dute (kuota gehigarria). Horiek ez dagozkio Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazioari, eta eskudirutan ordaindu beharko dute boluntarioek auzolandegira heltzen direnetik lehen jarduera-egunean.

  2. Izena emateko beharrezko agiriak.

    Agiri hauek bidali beharko zaizkio Gazteria Zuzendaritzari:

    1. Izena emateko agiria, beteta eta sinatuta.

    2. Izena emateko kuotaren ordainagiria.

    3. Guraso-ahala edo tutoretza duen pertsonaren baimena, eskaera egiteko orduan emantzipatu gabeko gazteen kasuan.

    4. Behar izanez gero, dibertsitate funtzionalaren ziurtagiria.

    5. AIZ ez daukaten atzerritarren kasuan, pasaportearen kopia.

    6. Europar Erkidegokoak ez diren atzerritarren kasuan, bizileku-baimenaren kopia.

    7. Adingabeekin harremana izatea eskatzen duten ekintzak dituzten auzolandegien kasuan, Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat, delitu horiengatik zigorrik jaso ez dutela egiaztatzen duena; atzerritarren kasuan, bere jatorrizko herrialdeak ziurtatutako antzeko irismena duen dokumentua. Ez balego, herrialdeak igorritako zigor-aurrekarien egiaztagiri baliokidea, non ez dagoen sexu-delitugileei dagokien aipamenik.

  3. Eskabidea aurkezteak berekin dakar nortasun datuak (NAN, AIZ) eta errolda ziurtagiria zuzenean kontsultatu edo egiaztatu ahal izateko baimentzea. Baimen hori ematen ez bada, NANaren kopia bat aurkeztu beharko da, edo hala badagokio, AIZarena, eta errolda ziurtagiria Auzolandegiak 2018 programaren deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren egindakoa.

  4. Agiriak bidaltzeko epea eta tokia.

    Txanda irekian plaza eskatu eta aukeratu duten pertsonek, izena emateko kuota ordaindu ondoren, jasotako agiriak inprimatu beharko dituzte. Horiek Gazteria Zuzendaritzari bidali behar dizkiote eskatutako gainerako agiriekin batera, behar bezala beteta eta sinatuta, egun natural bateko epean, plaza aukeratu eta hurrengo egunetik hasita.

    Dibertsitate funtzionala duten pertsonek, ordainketa egin eta agiriak jaso ondoren, Gazteria Zuzendaritzari bidali behar dizkiote eskatutako gainerako agiriekin batera, behar bezala beteta eta sinatuta, lau egun naturaleko epean.

    Izena emateko inprimakia eta erantsitako agiriak bertatik bertara aurkeztu ahal izango dira Lakuako Zuzenean zerbitzuan eta Bilboko, Donostiako eta Vitoria-Gasteizko Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan, baita honako hauetan ere: Euskal Autonomia Erkidegoko erregistro osagarrietan (hemen daude zerrendatuta: apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan) edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa) 16.4 artikuluetan aurreikusitako organoetan.

  5. Izen-emateak ezeztatzea.

    Egindako eskaerak kasu hauetan baliogabetuko dira:

    Aurrez izena emateko eskaeraren inprimakian emandako datuak identifikazio-datuekin bat ez badatoz.

    Izena emateko kuota ordaintzeko epea igarota ordainketa egin ez bada.

    Eskatutako agiriak aurkezteko epea igarota horiek aurkeztu ez badira, edo interesdunak berariaz eta idatziz eskatu badu. Kasu horretan, idazkiak datu hauek barne hartu beharko ditu: interesdunaren izen-abizenak, NANaren edo AIZren zenbakia, izen-ematea ezeztatu nahi duen auzolandegiaren izena eta data, eta interesdunaren sinadura.

    Idazkia Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteriako zuzendariari zuzenduta egongo da, eta 7. artikuluko 4. atalean adierazitako edozein tokitan aurkeztu beharko da.

Izena emateko eskaeraren izapideak onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, huts-egitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.

Gazteria Zuzendaritzan 7. artikuluko 2. eta 3. ataletan ezarritako izena emateko dokumentua eta agiriak jasotzen direnean, eskatutako plaza esleituko da. Interesdunari berariaz jakinarazteaz gain, plazen esleipena jakitera emango da Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteriako zuzendariaren ebazpenean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik sei hilabeteko gehienezko epean.

Atzerrian egingo diren auzolandegien kasuan, plaza esleitzeko auzolandegia antolatzen duen erakundeak oniritzia eman eta berariaz jakinarazi beharko du.

Plaza esleituta duten pertsonek auzolandegira ez joatea erabakitzen badute, Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote lehenbailehen.

Deialdi honen izapidetzearen inguruko argitalpenak www.gazteaukera.euskadi.eus atarian egingo dira, baita Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritzaren iragarki-oholetan ere (Donostia kalea 1, O eraikina, 3. solairua, 01010 Vitoria-Gasteiz).

  1. Parte-hartzaileek edozein momentutan uko egin ahal izango diote plazari, auzolandegiak hasi baino lehen. Horretarako, agindu honen III. eranskina bete eta sinatu beharko dute.

  2. Gainera, kuota itzultzeko eskubidea badute, Aginduaren IV. eranskina ere bete eta sinatu beharko dute.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko eta atzerriko auzolandegietan izena emateari dagokion prezio publikoa itzultzea artikulu honetan ezarritakoarekin bat eginez egingo da: irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia erkidegoko administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko Legearen testu bateginaren 34.6 artikuluan ezarritakoaren arabera. Hau da, kasuan kasuko zenbatekoa itzuliko da, prezio publikoa ordaindu behar duen pertsonari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, jarduera egiten ez denean edo zerbitzua ematen ez denean, deialdi honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badira.

  4. Parte ez hartzeko arrazoia administrazioari egotzi ezin zaionean, honako alderdi hauek egiaztatu beharko dira:

  1. Auzolandegian parte hartzea eragozten duen arrazoia hauetakoren bat izatea:

    1. Gazteak auzolandegira joatea eragozten dion gaixotasun edo istripuren bat izatea.

    2. Lehen edo bigarren mailako odolkidetasuna duen senide baten gaixotasun larria edo heriotza.

    3. Behar bezala justifikatutako beste ezinbesteko kausa batzuk.

      Ordainketa egin behar duen pertsonari egotz dakizkiokeen arrazoitzat joko dira honako hauek: 7. artikuluko 2. eta 3. ataletan eskatutako agiriak epez kanpo bidali izana edo agiriak bidali ez izana, lanpostu bat lortu izana, eskola-emaitza txarrak lortu izana edo auzolandegiaren data berean egingo den beste jarduera-programaren batean plaza eskuratu izana.

  2. Auzolandegia hasi aurretik horri uko egiteko orria aurkeztu izana (aginduko III. eranskina), Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteriako zuzendari zuzenduta, beteta eta sinatuta, eta uko egiten dion pertsonaren NANaren edo AIZren fotokopiarekin batera. Agiriak bertatik bertara aurkeztu ahal izango dira Lakuako Zuzenean zerbitzuan eta Bilboko, Donostiako eta Vitoria-Gasteizko Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan, baita honako hauetan ere: Euskal Autonomia Erkidegoko erregistro osagarrietan (hemen daude zerrendatuta: apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan) edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa) 16.4 artikuluetan aurreikusitako organoetan.

    Uko egiteko orria www.gazteaukera.euskadi.eus gazteentzako atariaren auzolandegien gaineko atalean ere eskuratu daiteke.

  3. Kuota itzultzea eskatu nahi duen pertsonak honako agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu 2018ko urriaren 31 baino lehen:

    1. Kuota itzultzeko eskaeraren orria (aginduaren IV. eranskina), beteta eta sinatuta.

    2. Auzolandegian parte hartzea eragozten duen inguruabarraren justifikazio fede-emailea, dagokion erakunde publikoak egindako ziurtagiriaren bidez, hala balegokio.

    3. Hirugarrenaren (auzolandegian izena emandako pertsona) datuen alta-orria, behar bezala beteta eta sinatuta, helbide honetan eskuratu daitekeena:

      http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

      Kuota itzultzeko eskaera eta hirugarrenaren datuen alta-orria www.gazteaukera.euskadi.eus gazteentzako atariaren auzolandegien gaineko atalean eskuratu daitezke.

      1. Gaztea auzolandegian parte hartzen hasi ondoren, kuota behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan baino ez da itzuliko. Kasu horietan, parte hartu ez den egunei dagokien zenbateko proportzionala itzuliko da. Egun horiek auzolandegiaren txandaren iraupenaren % 50 izan behar dira gutxienez.

      2. Kuota itzultzeko eskaerak Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteriako zuzendariak ebatziko ditu, aurkezten diren egunetik bi hilabeteko (2 hilabete) epean.

      3. Estatuko beste autonomia-erkidego batzuetako auzolandegietan izena emateko ordaindutako zenbatekoak honako hauen arabera itzuliko dira, hala izanez gero: autonomia-erkidego horietan kuotak erregulatzeko arauetan ezarritakoaren arabera.

Gazteria Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan egingo den auzolandegi bat bertan behera utz dezake, ikuspuntu teknikoan eta aukeran oinarritua beharrezkotzat jotzen badu. Horretarako, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteriako zuzendariak aldez aurretik emandako aldeko ebazpena behar da.

Kasu horretan, bertan behera utzitako auzolandegian izena emandako pertsonak beste auzolandegi batera bideratu ahalko dituzte, aukera hori badago eta borondatez hori onesten badute. Horrela ez bada, izena emateko kuota itzultzeko eskubidea izango dute. Hala ere, pertsona horiek, 2018ko urriaren 31 baino lehen, jarraian aipatutako agiriak bertatik bertara aurkeztu beharko dituzte Lakuako Zuzenean zerbitzuan eta Bilboko, Donostiako eta Vitoira-Gasteizko Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan, baita honako hauetan ere: Euskal Autonomia Erkidegoko erregistro osagarrietan (hemen daude zerrendatuta: apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan) edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa) 16.4 artikuluetan aurreikusitako organoetan.

  1. Kuota itzultzeko eskaeraren orria (aginduaren IV. eranskinean), beteta eta sinatuta.

  2. Hirugarrenaren (auzolandegian izena emandako pertsona) datuen alta-orria, behar bezala beteta eta sinatuta, helbide honetan eskuratu daitekeena:

    http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

    Kuota itzultzeko eskaera eta hirugarrenaren datuen alta-orria www.gazteaukera.euskadi.eus gazteentzako atariaren auzolandegien gaineko atalean eskuratu daitezke.

  1. Auzolandegietan izena emateko eskaera egiteko baldintza izango da aldez aurretik berariazko eta idatzizko baimena ematea interesdunak emandako datu pertsonalak tratatzeko eta autonomia-erkidegoen administrazioei jakinarazteko, baita eskatutako auzolandegiak kudeatzen dituzten erakundeei ere, Auzolandegiak programa kudeatzeko ezinbestekoa den kasuetan bakarrik.

    Horrela, Eusko Jaurlaritzaren Auzolandegiak programan plaza eskatzen duten gazteen datu pertsonalak Auzolandegien Kudeaketa fitxategian gordeko dira. Horren arduraduna Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritza da. Fitxategiaren helburua deialdi hau kudeatzea izango da, baita horrekin lotutako beste edozein administrazio-prozedura edo -espediente ere.

  2. Gainera, horretarako baimena ematen duten deialdiaren parte-hartzaileen datuak Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritzaren Gazteriaren Kontaktuak fitxategian gordeko dira. Aipatutako Zuzendaritza da horren arduraduna, eta haren helburua, beste batzuen artean, Gazteria Zuzendaritzaren kudeaketarekin lotutako informazioa zabaltzea da.

  3. Aipatutako bi fitxategiek bat egiten dute Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin.

  4. Interesdunek legean jasotako sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahalko dituzte. Horretarako, idazkia bidali beharko dute Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailera: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz Araba.

    AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

    Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio organo horri, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hileko epean.

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

    Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 21a.

    Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

    BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik
Euskadi, auzolana