Legesarea Euskadi

Euskadi.eusen sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2. AGINDUA, 2018ko urriaren 30ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua...
 

Araudia

Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden eta aplikagarriak diren lege eta arau multzoa.

Zergei buruzko araudia

Euskal Herriko hiru lurralde historikoetako zerga arloko araudia

 

Eskumenak eta transferentziak

Eduki-mota honek Euskal Herriaren Autonomia Estatutuan aitortutako eskumenak hartzen ditu baita Autonomia Erkidegorako transferentzien egoera ere.

 

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Garrantzi juridikoko dokumentazioari buruzko edukiak EAE ko legedia ulertu eta interpretatzeko laguntza dira, baita Eusko Jaurlaritzaren administrazio-egintza eta -jarduera jakin batzuen berri izateko laguntza ere.

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2018ko urriaren 30ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien laugarren deialdia onesten duena (2018. urtea).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 211
  • Hurrenkera-zk.: 5391
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/10/30
  • Argitaratze-data: 2018/11/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Informazio etak komunikazioak; Instituzional; Industria; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

2016-2020 aldirako gobernu-programaren helburuetako bat da, besteak beste, herritarren parte-hartzea sustatuko duen administrazio ireki garden eta efikaz bat lortzea eta, ekimenen eremuan, Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zuriko konpromisoak gauzatzea. Konpromiso horietako bat hauxe da: «esperientzia berritzaileen garapena sustatzea gure kultura demokratikoan berriak izan daitezkeen eta parte hartzea bultzatzeko formula desberdinak esperimentatzeko aukera ematen duten proiektu pilotuei babesa emanez».

Aurreko konpromisoa 2015, 2016 eta 2017. urteetan gauzatu zen, Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien deialdien bidez, eta laugarren edizio honen bidez, berriz egiten da deialdia, xede izanik herritar antolatuek eta ez antolatuek aurkeztutako proiektuak saritzea. Proiektuok balio publiko partekatua sustatu eta gizarteko erronkak eta beharrak ase behar dituzte sei jarduera-eremu hauetakoren batean: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikasketa kultura, kohesio soziala eta gobernantza, kultura demokratikoa eta erabaki publikoetan parte-hartzea.

Halaber, proiektuek, diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsona eta kolektiboen ahalduntze-prozesua sustatzeko gaitasuna erakutsi beharko dute, ezaugarri gehigarri gisa.

Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzak du ekimen hau sustatzeko ardura, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura-dekretuaren 11. artikuluaren f) eta g) letrek egiteko hauek esleitzen baitizkiote, hurrenez hurren: «Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publikoa ezartzea politika publikoak definitu, koordinatu eta gauzatzean, eta, horretarako, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko eta berritzeko tresnak eta ereduak diseinatu eta garatzea, politika publikoak ebaluatzea eta gobernamendu onerako sistemak sartzea» eta «Herritarren zerbitzu publikoetarako eta informaziorako sarbidea erraztuko duten prozesuak ezarri eta kudeatzea, bai eta herritarren parte-hartzea erraztea ere».

Azaldutako guztia kontuan hartuta, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3. artikuluak emandako eskumenei jarraikiz, honako hau

Agindu honek onetsitako oinarrietan xedatzen ez denari dagokionez, honako hauetan xedatutakoa hartuko da kontuan: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako testu bategina); Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, eta horren Erregelamendu Orokorra, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikagarriak zaizkion eta indarrean dauden bestelako arauak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46 artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 30a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Lehenengoa. Xedea.

Deialdi honen xedea da hiru proiekturi sari bana ematea. Proiektu horiek osasunaren, ingurumenaren, garapen ekonomikoaren, ikasketa kulturaren, kohesio sozialaren eta gobernantzaren, kultura demokratikoaren eta erabaki publikoetan parte-hartzearen jarduera-eremuetan eragina izateaz gain, balio publiko partekatua sustatu eta gizarteko erronkak eta beharrak ase behar dituzte, eta diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsona eta kolektiboen ahalduntze-prozesua sustatzeko gaitasuna erakutsi beharko dute.

Bigarrena. Sariak.

Sari bana emango zaie osasunaren, ingurumenaren, ikasketa kulturaren, kohesio sozialaren eta gobernantzaren, kultura demokratikoaren eta erabaki publikoetan parte-hartzearen jarduera-eremuetan hobekien baloratu diren hiru proiektuei.

Hona hemen sarien prestazioak:

a) 6.000 euro gordina.

  1. Saritutako proiektuari zabalkundea emango zaio komunikabide eta hedabideetan.

    Hirugarrena. Proiektuak bete behar dituen baldintzak.

    1. Proiektu guztiek, deialdian parte hartzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean:

      1. Ezarrita egotea edo fase pilotu aurreratuan egotea. Ez dira onartuko hasi gabe dauden proiektuak edo ideia-fasean daudenak.

      2. Elkarlanean parte hartzeko proiektua izan behar da, hots, gizarteak jarduteko duen gaitasuna erakusten duten ahalduntze-prozesuak sustatzen dituzten ekimenak.

      3. Balio edo inpaktu publiko eta soziala sortu behar du berrikuntzaren bidez.

      4. Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zurian identifikatutako jarduera-eremuetakoren batean edo batzuetan gauzatu behar da, herritarren parte-hartzeak eta ikuspegiak esparru horien garapenean egin baitezakete ekarpenik handiena: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikasketa kultura, kohesio soziala eta gobernantza, kultura demokratikoa eta erabaki publikoetan parte-hartzea.

    2. Sariak jasotzeko hautagaiek nahi beste proiektu aurkeztu ahalko dituzte beste hainbeste eskabidetan, baina sari bakarra lortu ahal izango dute.

      Laugarrena. Hautagaiak.

    1. Honako hauek soilik aurkez ditzakete proiektuak deialdi honetara: eskabidea aurkezteko unean jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten eta egoitza soziala bertan duten irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoek.

    2. Administrazio publikoek eta bere sektore publikoa osatzen duten entitateek ezin izango dute parte hartu sarien deialdi honetan.

    3. Eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte eskabidea aurkezteko unean:

      1. Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta bertan gauzatzea jarduera nagusia.

      2. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Horretarako, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du hautagaiek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, haiei aurrez baimenik eskatu beharrik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3. artikuluari jarraikiz. Nolanahi ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

      3. Ez dutela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dienik, eta ez dutela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.

      4. Sexu-bazterkeria egin izanagatik zigor administratibo edo penala betetzen ez egotea edo, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera, debeku horrekin zigortuta ez egotea.

      5. Ezingo dira sariaren onuradun izan Diru-laguntzen azaroaren 17ko Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluan aurreikusitako inguruabarretako batean dauden pertsona juridikoak.

        Aurreko a), c), d) eta e) baldintzei dagokien agiri-egiaztapenaren ordez, eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpena beteko dute, «Elkarlan» sarien deialdian parte hartzeko inprimakian. Inprimakia Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko helbide honetan eskura dezakete: https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2018/elkarlan/y22-izapide/eu

    4. Proiektuak aurkeztuko dituzten pertsona juridikoek Eusko Jaurlaritzari baimena emango diote deialdi honekin lotutako hedapen-jardueretan beren egiletza aipatzeko. Horrek ez die, hala ere, eskubide ekonomikorik edo beste irabazi-motarik ekarriko, sariak dakartzan zenbateko ekonomikoaz eta prestazioaz gain.

    5. «Elkarlan» saria jasotzea bateragarria izango da bestelako administrazio publikoek eta entitate pribatuek ematen dituzten sariak jasotzearekin.

      Bosgarrena. Hautaketa Batzordea.

    1. Hautaketa Batzorde batek baloratuko ditu proiektuak, eta kide hauek osatuko dute batzorde hori:

      1. Javier Bikandi Irazabal, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria, batzordeburu gisa.

      2. Luis Petrikorena Arbelaiz, Lehendakaritzako Gobernu Irekiaren zuzendaria.

      3. Koldobike Uriarte Ruiz de Eguino, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako Gobernu Onaren ataleko berrikuntza publikoari buruzko proiektuen arduraduna, batzordeko idazkari gisa.

      4. Aitziber Mugarra Elorriaga, Zerbikas Fundazioaren Presidentea. Elkarte hori Elkarlan sarien 2017ko edizioan saritua izan zen, «Hiri lagunkoiak pertsona guztientzat: APS ciudadana en accesibilidad urbana con OpenStreetMap» proiektuarekin.

      5. Juana Aranguren Rica, Emakumeen Jabekuntzarako Donostiako Emakumeen Etxea elkartearen ordezkari gisa. Elkarte hori Elkarlan sarien 2017ko edizioan saritua izan zen, «La casa de las mujeres de Donostia: Cogestión y empoderamiento» proiektuarekin.

      6. Pilar Ramirez Amurrio, Bilbao Data Lab proiektuaren ordezkari gisa, 2017ko edizioan saritua izan zena.

      7. Ainara Perez Ramirez, Sartu Álava elkartearen ordezkari gisa. Elkarte hori Elkarlan sarien 2017ko edizioan saritua izan zen, «Saregune: por un uso social y comunitario de la tecnología» proiektuarekin.

      8. Gotzon Bernaola Ariño, Innobasque herri-onurako elkartearen Berrikuntza Publikorako zuzendaria.

    2. Hautaketa Batzordeko kide izateak eta batzordearen bileretara joateak eskubidea sortuko du dieta gisa zenbateko bat jasotzeko, kontzeptu hauengatik: bileretara egin beharreko joan-etorriengatik (erabilitako garraiobidearen kostu errealaren araberakoa izango da dieta); Hautaketa Batzordearen bileretara joateagatik (60 euro, bilera bakoitzeko); eta lan-saioetan taldean baloratzeko aurkeztutako proiektu bakoitzari egindako analisi eta balorazioarengatik (60 euro, aztertutako 10 proiektuko).

      Seigarrena. Baremoa.

    1. Lor daitekeen gehieneko puntuazioa 12 puntukoa da.

    2. Hautaketa Batzordeak baloratuko ditu aurkeztu diren proiektuak, gehienez 10 puntu emanez, baremo honen arabera:

      1. Balio publiko eta soziala: balio publikoa sortzeko ahalmena (gizarte-inpaktu handikoa), eta kolektibotasunetik lagunduz egitea. 0 eta 2 puntu artean.

      2. Ahalduntzea: gizarteak antolatzeko eta jarduteko duen gaitasunaren eredua sortzeko ahalmena. 0 eta 3 puntu artean.

      3. Izaera berritzailea: proiektuko ideiaren (disruptiboa eta berria) egingarritasun eta berrikuntzarako ahalmena. 0 eta 3 puntu artean.

      4. Genero ikuspegia proiektuaren diseinuan eta ezarpen-fasean sartzea. 0 eta puntu bat artean.

      5. Kalitatea eta argitasuna: aurkezpenaren koherentzia- eta argitasun-maila. 0 eta puntu bat artean.

    3. Batzorde horren balorazioaren osagarri moduan, prozesu parte-hartzaile bat hasiko da Irekian, non herritarrek botoa eman ahal izango dieten, gehienez, hiru proiektuei. Hiru proiekturik bozkatuenek bi puntu estra lortuko dituzte, eta hautaketa-batzordearen balorazioari gehituko zaizkio.

    4. Gutxienez 5 puntu lortu behar dira saria jasotzeko aukera izateko.

      Zazpigarrena. Prozedura.

    1. Deialdi honetan parte hartuz gero, ulertuko da hautagaia den pertsona juridikoak bitarteko bakar gisa bide elektronikoa aukeratu duela administrazio-prozedura kudeatzen duen organoarekin hartu-emana izateko.

    2. Deialdi honetako organo kudeatzailea Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza da.

    3. Hautagaiek bete behar duten eskabidearen eredua Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2018/elkarlan/y22-izapide/eu. Bide elektronikoa erabiliko da eskabidea aurkezteko.

    4. Eskabidea aurkeztu osteko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean egingo dira (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/y22-izapide2/eu/).

    5. Hautagaiek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsitako agiriak; hots, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

    6. Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

    7. Eskabidearekin batera, honako hau aurkeztu beharko da: Euskal Autonomia Erkidegoan legez eratuta egotearen egiaztagiriak. (https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2018/elkarlan/y22-izapide/eu).

    8. Eskabideak 30 egun naturaleko epean aurkeztu behar dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epez kanpo aurkeztutako eskabideak deialditik kanpo geratuko dira.

    9. Hautaketa Batzordeak aurkeztu diren proiektuak aztertuko ditu, eta bakoitzari baremoa ezarri ondoren, sariak emateko proposatutako proiektuak deialdia ebazteko eskumena duen organoari aurkeztuko dizkio, hau da, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeari.

    10. Saria jasotzeko proposatu den hautagaiak ez badu aurkezten garaiz eta forman eskatutako dokumentazioa (saria onartzeko inprimakia), deialdi honen organo kudeatzaileak Hautaketa Batzordeari emango dio horren berri, eta hark beste proposamen bat egingo du: baloraziorik handiena jaso duen hurrengo proiektua aurkeztu duen hautagaia proposatuko du saria jasotzeko.

      Deialdi honen organo kudeatzaileak aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraikiz proposatutako hautagaitza berriaren arabera jardungo du.

      Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du «Elkarlan» sariaren deialditik kanpo uzteko Hautaketa Batzordeak proposatutako pertsona juridikoa, hots, erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako datuen benetakotasuna egiaztatu ez duena.

    11. Hautaketa Batzordeak deialdia hutsik uzteko proposamena aurkeztuko du, aurkeztutako proiektuek aurreko oinarrian azaldutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute.

    12. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du «Elkarlan» saria emateko edo deialdia hutsik uzteko; Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2018/elkarlan/y22-izapide/eu helbidean, aldi berean, argitaratuko da ebazpena. Gainera, jakinarazpen elektronikoa egingo zaie deialdian bide elektronikoa erabiliz parte hartu dutenei, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean.

      Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

    13. Deialdia ebazteko eta ebazpena argitaratzeko epea 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe hori amaitu eta ebazpena argitaratu ez bada, deialdia hutsik geratu dela ulertuko da.

    14. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak «Elkarlan» sariak emateko edo deialdia hutsik uzteko ematen duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio sail horretako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

      Zortzigarrena. Saria onartzea.

    1. Sarituak izan diren pertsona juridikoek idatziz eta espresuki adierazi beharko dute saria onartzen dutela, saritze-ebazpena argitaratu eta 3 egun naturaleko epean. Horretarako, saria onartzeko inprimaki bat izango dute eskuragarri Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/y22-izapide2/eu).

    2. Aurreko zenbakian ezarritako baldintzetan ez bada onartzen saria, ulertuko da uko egiten zaiola; kasu horretan, hobekien baloratutako hurrengo proiektua aurkeztu duen hautagaitzari emango zaio saria.

    3. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du, aditzera emango duena sariari uko egin zaiola eta hobekien baloratutako hurrengo proiektua aurkeztu duen hautagaitzari eman zaiola saria. Ebazpena Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2018/elkarlan/y22-izapide/eu helbidean argitaratuko da, eta jakinarazpen elektronikoa egingo zaio saritua izan den pertsona fisiko edo juridikoari, bai eta deialdi honetan bide elektronikoa erabiliz parte hartu duten beste hautagaitzei ere, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/y22-izapide2/eu/), aurreko oinarriko 14. zenbakiko aurreikuspen berberekin.

    4. Saritutako hautagaitzak oinarri honen lehen zenbakian ezarritakoaren arabera jardungo du.

    5. Saritutako pertsona juridiko bakar batek ere ez badu onartzen saria, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du deialdia hutsik gelditu dela adierazteko. Ebazpena Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2018/elkarlan/y22-izapide/eu helbidean argitaratuko da, eta jakinarazpen elektronikoa egingo zaie deialdi honetan bide elektronikoa erabiliz parte hartu duten hautagaitza guztiei, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/y22-izapide2/eu/).

      Bederatzigarrena. Sariak ematea.

    1. Ekitaldi formal batean banatuko dira sariak, eta bertan izan beharko da pertsona bat, proiektuaren nondik norakoak labur-labur azalduko dituena: saritua izan den hautagaiaren legezko ordezkaria edo hautagaiak izendatutako ordezkaria joango da. Legezko ordezkaritza duen inork edo hark izendatutako inork ezin badu sari-banaketara joan arrazoi justifikatuak direla medio, aldez aurretik eta nahikoa aurrerapenez, ordezko pertsona bat izendatu beharko dute euren izenean saria jaso dezan. Ordezkatzen dituen horren identifikazio-datuak Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeari bidali beharko zaizkio (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

    2. Saritutako proiektuaren legezko ordezkaria edo haren ordez izendatutakoa sari-banaketara joaten ez bada, sariari uko egin zaiola esan nahiko du, eta aurreko oinarrian xedatutakoaren arabera jardungo da.

      Hamargarrena. Datu pertsonalen babesa.

      Datuen babesari buruzko araudiari jarraituz, deialdi honetan parte hartzeko emandako datu pertsonalak «Sariak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, eta jarduera hori erabakitzeko baino ez dira erabiliko. Horren arduraduna Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza da. Legezko betebeharrik izan ezik, datu horiek ez zaizkio beste hirugarren bati lagako.

      Interesdunak, datuak atzitzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, datuen eramangarritasunaren eta datuen tratamendua mugatzeko eta tratamenduei aurka egiteko eskubideak eta tratamendu automatizatu batean soilik oinarrituta dagoen erabaki baten objektu ez izateko eskubidea egikaritu ditzake, dagokionean, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzan. Donostia kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz. Datuak Babesteko Ordezkaria dpd-dbo@euskadi.eus

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik
Euskadi, auzolana