Legesarea Euskadi

Euskadi.eusen sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2. AKORDIOA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza Sailaren artean hitz...
 

Araudia

Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden eta aplikagarriak diren lege eta arau multzoa.

Zergei buruzko araudia

Euskal Herriko hiru lurralde historikoetako zerga arloko araudia

 

Eskumenak eta transferentziak

Eduki-mota honek Euskal Herriaren Autonomia Estatutuan aitortutako eskumenak hartzen ditu baita Autonomia Erkidegorako transferentzien egoera ere.

 

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Garrantzi juridikoko dokumentazioari buruzko edukiak EAE ko legedia ulertu eta interpretatzeko laguntza dira, baita Eusko Jaurlaritzaren administrazio-egintza eta -jarduera jakin batzuen berri izateko laguntza ere.

Arautegia

Inprimatu

AKORDIOA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza Sailaren artean hitzartutako kudeaketa-gomendioari buruzkoa, nekazaritza, elikagaigintza eta itsas arrantzako gaikuntzarako 2018-2020ko prestakuntza-programazioa egiteko, EAEko langile langabeei eta landunei zuzenduta.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Akordioa
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila; Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 193
  • Hurrenkera-zk.: 4866
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/09/26
  • Argitaratze-data: 2018/10/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Gizarte gaiak eta emplegua; Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza; Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Alde batetik, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal Albeniz andreak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria den aldetik,

eta, bestetik, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte Toledo andreak, hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa. Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa arautzen da. Dekretu horretan, helburu hauek ezarri dira besteak beste: langabezian eta lanean dauden langileen bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea eta lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, aldi berean erantzuna emanda bai enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei bai lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei. Prestakuntza horrek Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar ditu hainbat lanbide modu kualifikatuan gauzatzeko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeriarik gabe.

Bigarrena. Helburu hori lortzeko, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak honako hauek arautzen ditu:

  1. Langabetuentzako prestakuntza-eskaintzan (23. artikulua):

    1. Langabezian dauden langileentzako prestakuntza-ekintzen helburu nagusia pertsona horiek laneratzea da.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore ekonomikoen beharrizanak bete beharko ditu prestakuntza-eskaintzak, eta lan egiteko moduan dauden pertsonei euren lan-proiektua gauzatzeko behar dituzten konpetentziak eman behar dizkie.

      Ildo horretan, profesionaltasun-ziurtagiriak izango dira prestakuntza-eskaintzaren oinarri nagusia. Hala ere, Dekretu horrek aukera ematen du, halaber, beharrezkoa den prestakuntza kualifikatzailearen eta zeharkako prestakuntzaren programazioa egiteko, betiere profesionaltasun-ziurtagirien multzoan jasota ez badago.

  2. Langile landunentzako prestakuntza-eskaintzan (25. artikulua):

    1. Langile landunentzako prestakuntza-eskaintzaren lehentasunezko xedea da honako hauei erantzutea: enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei; produkzio-sisteman dauden aldaketetara egokitzeko beharrizanei, eta langileen lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako aukerei (aukera horien bidez, lanbide ezberdinetarako kualifikazioa izango dute, eta euren enplegagarritasuna hobetuko da).

    2. Prestakuntza-eskaintza honek enpresek programatutako prestakuntzan bete gabe dauden beharrizanak beteko ditu, eta harekin batera emango da, modu osagarrian, prestakuntza-programen bidez. Programa horiek sektoreko nahiz zeharkako beharrizanei erantzungo dieten prestakuntza-ekintzak hartuko dituzte barnean. Halaber, moduluka antolatutako prestakuntza-eskaintza jarriko du eskura, egiaztapen partzial metagarria egin ahal izateko, bai eta lan-esperientziaren bidez lortutako konpetentzien egiaztatze eraginkorra ahalbidetuko duten prozedurak ere.

      Hirugarrena. Martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak (Ekonomia Sostengarriari buruzko Legearen osagarriak) bosgarren xedapen gehigarria erantsi zion Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoari. Bada, hain zuzen ere, bosgarren xedapen gehigarri horrek arautzen du hezkuntza- eta lan-arloko administrazio eskudunek prozedura bat ezarri behar dutela, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa irakasteko baimena duten zentroek aukera izan dezaten, araututako baldintzak betetzen badituzte, enplegurako lanbide-heziketako ikasketak ere emateko; xedapen gehigarri horrek arautzen du, halaber, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa eta enplegurakoa modu integratuan eskaintzen duten zentro funts publikodunek aukera izan behar dutela aurrekontu-baliabideak eskuratzeko, hain zuzen ere enplegurako prestakuntza-ekintzak finantzatzeko, betiere hezkuntza- eta lan-arloko administrazio eskudunek hitzartzen dituzten lankidetza-mekanismoekin bat etorriz.

      Laugarrena. Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeak (urriaren 17ko EHAA) nabarmentzen du lanbide-heziketaren eskaintza integratu bat egin beharra, titulartasun publikoko nahiz pribatuko zentro-sare zabal baten bidez, bai hasierako lanbide-heziketan bai enplegurako lanbide-heziketan. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak aurrera egiten du zentzu horretan, lanbide-heziketako sistema integratu horretatik abiatuta, lanbide-heziketako eredu konbinatua sortzeko, zeinak berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetzaren arloko ikaskuntzak ere jasotzen baititu. Lanbide-heziketako euskal sistemaren helburuen artean, 4/2018 Legeak jasotzen du emaitzen araberako ikaskuntzaren ikuspegian oinarritutako prestakuntza-sistema malguak eratzea. Horretarako, ikaskuntza-ibilbide batzuk erabiliko dira, dauden prestakuntza-eskaintzen eta hezkuntza- eta lan-sistemaren mailen arteko transferentzia ahalbidetuko dutenak. Horrez gain, sail arteko organo bat eratzen du, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eta enplegurako lanbide-heziketaren arloko eskumenen koordinazioa bermatzeko.

      Bosgarrena. Nekazaritzaren, elikagaigintzaren eta itsas arrantzaren arloan, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legea aldatzen duen ekainaren 11ko 2/2015 Legeak (2015-06-17ko EHAA eta 2015-06-26ko BOE) aldatu egin zituen Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2007 Legea eta Itsas arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legea. Horrela, nekazaritzaren, itsas arrantzaren eta hezkuntzaren arloko sail eskudunei eskatu zitzaien lehen sektorearen esparruan prestakuntza- eta eguneratze-programak egiten laguntzeko eta horiek bultzatu eta sustatzeko, eta, horrez gain, antolaketa- eta kudeaketa-formulak garatzeko, horrela, administrazio eskudunek baliabideak hobeto koordinatu ahal izateko, eta, bereziki, erakunde publiko eta pribatuekin lankidetza-hitzarmenak egiteko, prestakuntza-programak garatze aldera.

      Seigarrena. Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dizkio hauek: «enplegu-politika, baita enplegurako lanbide-heziketa ere, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntza arloarekin koordinatuta, hori baita lanbide-heziketa osoaren plangintza estrategikoa, diseinua eta zuzentarauak prestatzearen arduraduna; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza izango du, bere erantzukizunetatik»; bestalde, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari esleitzen dio «nekazaritzako eta itsas arrantzako lanbide-gaikuntza sustatzea», eta Hezkuntza Sailari, berriz, «lanbide-heziketa osoaren plangintza estrategikoa, diseinua eta zuzentarauak egitea, zeinaren bidez bizialdi osoan kualifikazioak eskuratu edo areagotuko baitira; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza estua izango du, bere erantzukizunetatik».

      Zazpigarrena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dago eta, besteak beste, enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresa-sorkuntzaren sustapeneko programak kudeatzea dagokio, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 3.b) artikuluarekin bat.

      Halaber, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, EAEn Enplegurako Lanbide Heziketa arautzekoan, erakunde autonomo horri esleitzen zaio Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua). Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak aitortu egiten du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arlo horretan duen eskumena.

      Enplegurako lanbide-heziketako ekimenen artean, Lanbideri dagokio langile langabe eta landunentzako prestakuntza-eskaintzak garatzea.

      Zortzigarrena. Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, espresuki xedatzen da, 13. artikuluan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lanbide-heziketa emango duela, bai Eusko Jaurlaritzaren zentro propioen bidez, bai kudeaketa-gomendioetarako akordioak izenpetzearen bidez. Xede horretarako, zentro propiotzat hartuko dira titulartasun publikoko Lanbide Heziketako zentro integratuak.

      Xedapen honekin bat etorriz, eskuragarri dauden baliabide publikoak eraginkortasunez erabili eta optimizatzeko, eta lanbide-heziketaren arloan esleitutako eskumenak eta egitekoak gauzatuz aurreko apartatuetan azaldutakoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta Hezkuntza Sailak prestakuntza-ekintzen programazioa bultzatzen dute nekazaritzako, elikagaigintzako eta itsas arrantzako esparruetan lanbide-kualifikazioa sustatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko langileek jarduera-sektore horietan dituzten kualifikazio-beharrei erantzuteko.

      Horretarako, 2018-2020 aldian Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharreko prestakuntza-ekintzen plangintza egin dute Hezkuntza Sailaren mendeko EAEko Administrazioaren zentro propioekin, honako hauek kontuan izanda: lan-merkatuaren egoera, enpresa-egituran atzemandako beharrak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sektoreari dagokionez dituen helburu estrategikoak eta esparru horietan prestakuntza ematen duten zentro publikoen sareak duen prestakuntza-gaitasuna.

      Horrela, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak, langile langabe eta landunentzako enplegurako lanbide-heziketaren eskaintza programatu eta kudeatzeko EAEko organo eskuduna den aldetik, eta Hezkuntza Sailak, prestakuntza hori emateko zentroak dituen aldetik, kudeaketa-gomendioari buruzko akordio hau izenpetzea hitzartu dute, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutakoaren arabera. Hona hemen akordio hori arautuko duten

      KLAUSULAK

      Lehenengoa. Helburua.

      1. Akordio honek aipatzen duen kudeaketa-gomendioaren helburua hau da: Hezkuntza Sailak, haren mendeko lanbide-heziketako zentro publikoen bitartez, nekazaritzako, elikagaigintzako eta itsas arrantzako prestakuntza-programazioa egitea. Honako hauentzat izango da prestakuntza hori:

        1. Langile langabeentzat (akordioaren I. eranskinean jasota dago).

        2. Langile landunentzat, lehentasunez (akordioaren II. eranskinean jasota dago).

      2. Gomendio honen xede den programazioa osatzen duten prestakuntza-planak egikaritzen 2018ko ekitaldian hasi beharko da plan horiek osatzen dituzten prestakuntza-ekintzetako bati hasiera eman beharko zaio gutxienez, eta 2020ko azaroaren 1a baino lehen amaitu beharko da (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua edo lanekoak ez diren praktikak barnean hartuta, halakorik balego).

        Prestakuntza-planak prestakuntza-ekintza egiaztagarriren bat badu, gutxienez horietako bati 2018ko ekitaldian eman behar zaio hasiera.

        Betiere, 2019ko abenduaren 31 baino lehen hasita egon beharko dute prestakuntza-planak osatzen dituzten prestakuntza-ekintzen % 70ek.

        Bigarrena. Prestakuntza-eskaintzaren plangintza.

        Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta Hezkuntza Sailak kudeaketa-gomendioari buruzko akordio honetan bildutako prestakuntza-eskaintza diseinatu dute, Euskal Autonomia Erkidegoko langile langabe eta landunentzako prestakuntza-ekintzak egiteko, nekazaritzaren, elikagaigintzaren eta itsas arrantzaren sektoreen esparruan. Prestakuntza-eskaintzaren plangintza horrek bi xede ditu: batetik, langabeen kualifikazio-beharrei erantzutea, eta, bestetik, eskuragarri dauden baliabide publikoen erabilera optimizatzea. Prestakuntza hori sektore horri lotutako jakintza-arloak jorratzen dituzten Lanbide Heziketako zentro publikoek emango dute.

        Prestakuntza-eskaintza hau ezartzeko, honako hauek hartu dira kontuan: batetik, lan-merkatuaren eta enpresa-egituraren egoera eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren helburu estrategikoak nekazaritzaren, elikagaigintzaren eta itsas arrantzaren sektoreei dagokienez, EAEko lurralde eta eskualdeetan, eta, bestetik, zer-nolako eskaintza dagoen jakintza-arlo horiekin lotutako lanbide-kualifikazioetarako, bai hezkuntza-esparruan bai enplegurako lanbide-heziketaren esparruan; eta, azkenik, nekazaritzaren eta nautika eta arrantzaren sektorerako prestakuntzan jarduten duten zentro publikoen sarea, eta zentro horietako bakoitzak duen prestakuntza-gaitasuna.

        Hirugarrena. Prestakuntza-planak.

      1. Prestakuntza-plantzat hartuko da prestakuntza-behar jakin batzuei erantzuteko osatutako prestakuntza-ekintzen multzoa, betiere kontuan hartuta, ekintzak zuzentzen diren taldearen tamainagatik, aurreikusitako prestakuntza-orduen bolumenagatik edo bestelako ezaugarri garrantzitsu batzuengatik, planaren onuradunen konpetentziak eta enplegagarritasuna nabarmen hobetzen direla.

      2. Prestakuntza-planak hasi direla ulertuko da, horiek osatzen dituzten ekintzetako lehena hasten denean.

      3. Planak osatuko dituzten prestakuntza-ekintzak izango dira profesionaltasun-ziurtagiria lortzera bideratuta daudenak, izaera berritzaileko prestakuntza-ekintza ez-formalak, edo langileei prestakuntza ematera bideratutakoak funtsezko konpetentzietan, produkzio-sektore jakin bateko berariazkoetan (nekazaritza, elikagaigintza edo itsas arrantza) edo zenbait jarduera-sektoretako konpetentzia horizontal eta zeharkakoetan.

        Laugarrena. Finantzatzeko bideratutako baliabide ekonomikoak.

        Bi urteko prestakuntza-programazioa (2018-2020) finantzatzeko bideratutako guztizko kreditua kudeaketa-gomendio honen xedea bederatziehun eta hirurogeita zazpi mila laurehun eta sei euro eta hemeretzi zentimokoa (967.406,19) da, honela banatuta:

        625,30 euro langile langabeentzako prestakuntza-ekintzetara bideratuko dira; horietatik, 153.525,06 euro 2018ko ordainketa-kredituaren kargura dira; 383.812,65 euro 2019ko konpromiso-kredituari dagozkio, eta, 230.287,59 euro, berriz, 2020ko konpromiso-kredituari.

        Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan sartzen diren espezialitateetako prestakuntza-ekintzak, langile langabeei zuzenduak, Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu ahal izango ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko EGFren 2014-2020 Programa Operatiboaren edo Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.

        780,89 euro bideratuko dira lehentasunez langile landunei zuzenduta dauden prestakuntza-ekintzetarako; horietatik, 39.956,18 euro 2018ko ordainketa-kredituaren kargura dira; 99.890,44 euro 2019ko konpromiso-kredituaren kargura, eta, 59.934,27 euro, berriz, 2020ko konpromiso-kredituaren kargura.

        Bosgarrena. Prestakuntza-programazioa eta haren zuzkidura ekonomikoa.

      1. Lanbide Heziketako zentro publikoetan egin beharreko prestakuntza-planetan sartutako prestakuntza-programazioa I. eta II. eranskinetan jasota dago. Hor adierazten dira eman beharreko prestakuntza-ekintzak, eta identifikatzen dira ekintza bakoitzari dagokion prestakuntza-espezialitatea, prestakuntza emango duen zentroa edo erakundea, ordu-kopurua, ikasle-kopurua eta zuzkidura ekonomikoa. I. eranskinean, langile langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak daude jasota, eta, II. eranskinean, berriz, langile landunei zuzendutakoak.

      2. Prestakuntza-zentro berberak eman beharreko prestakuntza-ekintzek prestakuntza-plan bakarra osatuko dute akordio honen egikaritze-aldirako, eta osorik hartuta finantzatuko dira.

      3. Prestakuntza-ekintza bakoitzak jasoko duen zenbatekoa (I. eta II. eranskinetan dago adierazita) kalkulatzeko, parte-hartzaile bakoitzak duen prestakuntza-orduko kostua hartu da kontuan, modulu ekonomikoen arabera (III. eranskinean zehazten da horien osaera eta kalkulua).

        Aplikatu beharreko modulu ekonomiko bakoitza hiru elementuk osatzen dute: A moduluak (langileen zuzeneko kostuak), B moduluak (funtzionamenduko zuzeneko kostuak) eta C moduluak (zeharkako kostuak).

        Seigarrena. Alta ematea Estatuko Prestakuntza Zentro eta Entitateen Erregistroan.

        1. eta II. eranskinetan jasotako programazioan parte hartzen duten zentroek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak akreditatuta edo inskribatuta egon beharko dute, emango den prestakuntza-espezialitatean. Datuak Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan sartuko dira.

          Zazpigarrena. Harreman zuzena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta lanbide-heziketako zentroen artean, eta ordaintzeko modua.

          1. Prestakuntza-programazio hau gauzatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zuzeneko harremana izango du programazioan aritzen den prestakuntza-zentro bakoitzarekin.

          2. Hezkuntza Sailaren antolaketa ekonomiko-finantzarioaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren kontuan sartuko du prestakuntza-ekintza bakoitza emateagatik esleitutako zuzkidura.

            4 ordainketa egingo dira, periodifikatze honen arabera:

            1. Lehen ordainketa (prestakuntza-plan bakoitzaren guztizko zenbatekoaren % 20), 2018ko ordainketa-kredituaren kargura, lehen prestakuntza-ekintzaren hasieraren jakinarazpena jasotako unean. Prestakuntza-planak prestakuntza-ekintza egiaztagarriak izanez gero, lehen prestakuntza-ekintza egiaztagarria hasi dela jakinarazten den unean egingo da lehen ordainketa hori.

            2. Bigarren ordainketa (prestakuntza-planaren guztizko zenbatekoaren % 25), 2019ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzen % 40 gutxienez hasteko baimena ematen duenean Lanbidek.

            3. Hirugarren ordainketa (prestakuntza-planaren guztizko zenbatekoaren % 25), 2019ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzen % 70 gutxienez hasteko baimena ematen duenean Lanbidek.

            4. Laugarren ordainketa (prestakuntza-planaren gainerako zenbatekoa), 2020ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-ekintza guztiak amaitzen direnean, lanekoak ez diren praktikak barnean direla, lehenengo klausulan ezarritakoaren arabera, diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren, hamargarren klausulan v) apartatuan eta III. eranskineko C apartatuan aurreikusitako baldintzetan.

              Zortzigarrena. Prestakuntzaren hartzaileak.

              1. Programazio honetako prestakuntza-ekintzetan honako hauek har dezakete parte:

              1. Langabeei zuzendutako ekintzetan: langile langabeak, baldin eta enplegu-eskatzaile gisa izena emanda badaude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan prestakuntza-ekintzaren hasieran. Ez da beharrezkoa izango enplegu-eskatzaile moduan izena emanda egotea arau espezifikoren batek hala xedatzen duenean, eta, bereziki, Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian inskribatutako gazteak direnean.

                Ondorio horietarako, langabeen taldean sartuko dira honako hauek: lanaldi partzialeko kontratu batekin aritzen diren langileak, baldin eta euren lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada konparagarriak izan behar dute.

              2. Lehentasunez langile landunei zuzendutako ekintzetan: EAEko lantokietan lan egiten duten langileak, baldin eta dagokion eskabidea aurkezten badute. Ekintza horietan, honako hauek ere parte hartu ahal izango dute: mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalek, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen arretarekin lotutako prestakuntza-eskaintzan, eta administrazio publikoetan jarduten duten langileek. Gehienez jota, pertsona landunentzako planeko guztizko eskaintzaren % 10 bete ahal izango da pertsona horiekin.

                Ekintza horietan, langabezia-egoeran dauden langileen parte-hartzea, gehienez jota, % 30 izango da prestakuntza-ekintza bakoitzeko. Pertsona horiek enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egon behar dute, enplegu-zerbitzu publikoren batean. Ehuneko horrek programatutako parte-hartzaile guztiei egiten die erreferentzia; berdin dio zenbat hasi diren prestakuntza-ekintzan.

                Langabeak diren erabakitzeko, prestakuntzaren hasieran duten laneko egoera hartuko da kontuan, eta lehentasuna izango dute Lanbiden izena emanda daudenek.

              1. Eskaintzen diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonek ekintza horietan parte hartzeko baldintzak bete beharko dituzte.

                Bederatzigarrena. Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.

              1. Prestakuntza ekintzetan parte hartuko duten pertsonen aurretiko aukeraketa egingo du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ikastaro bakoitzean parte hartzea eskatu duten hautagaien artean.

                Honako hauek izan daitezke hautagai:

                Ikastaroan parte hartzea eskatzen dutenak, bai eskabide bat aurkeztuta Lanbidek lurralde bakoitzean dituen bulegoetan, bai eskabidea beteta Lanbideren webgunean (www.lanbide.euskadi.eus). Webgune horretan jakinaraziko dira zein diren prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten baldintzak, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren deskribapena eta ezaugarriak ere.

                Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek ikastaroa egitea agindu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.

                Prestakuntza-zentro publikoetatik edo haien orientazio-zerbitzuetatik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura deribatutako ikastaroen eskatzaileek.

              2. Prestakuntza-zentroek egingo dute ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa, euren instalazioetan, Lanbideren bidez inskribatutako hautagaien artean. Horretarako, beharrezkoa den prestakuntza-ekintza guztietan, hautaketa-proba bat egingo da, ekintzari probetxua ateratzen zaiola bermatzeko, batetik, eta egiaztatzeko ikasleek aldez aurretik badituztela kualifikazio-ekintzetako helburuak lortzeko nahitaezko aurretiko ezagutzak, barnean hartuta, hala badagokio, 2. eta 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-moduluetan sartzeko funtsezko konpetentziak.

                Prestakuntza-zentroetako arduradunek zehaztuko dute zer bitarteko tekniko eta material baliatuko dituzten aukeraketa hori egiteko, eta beti ziurtatuko dute aukeratutako ikasleek bete egiten dituztela profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituzten errege-dekretuetan ezarritako sarbide-baldintzak.

              3. Prestakuntza-ekintza batean profesionaltasun-ziurtagiri oso bat programatzen bada, inolako prestakuntza-modulurik akreditatuta ez duten pertsonek soilik ahal izango dute parte hartu. Hala ere, enplegu eta prestakuntzako ibilbideak sustatzeko xedez, eta langabeen nahiz landunen garapen profesionala eta pertsonala lantzeko, prestakuntza-moduluren bat akreditatuta daukatenei ere utzi egingo zaie prestakuntza-ekintzan parte hartzen, baldin eta modulua zeharkakoa bada, aldez aurretik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazita, eta horrek baimena emanda.

              4. Hamargarren klausularen 2. apartatuan xedatutakoa aplikatzeko orduan, profesionaltasun-ziurtagiria moduluka banatzen bada, bermatu egin behar da horrela hasten diren pertsona guztiek modulu guztietan parte hartzea prestakuntza-ibilbide osoa egin dezaten.

                Horietaz gain, erakundeak beste parte-hartzaile batzuk sartu ahal izango ditu modulu bakoitzean, baldin eta beraietan sartzeko eskakizunak betetzen badituzte.

                Profesionaltasun-ziurtagiri bati buruzko prestakuntza-ekintza bat moduluka programatzen denean, profesionaltasun-ziurtagiriko gainerako moduluak gaindituta dauzkatenek izango dute lehentasuna, profesionaltasun-ziurtagiriaren prestakuntza-ibilbidea osatze aldera. Kasu horretan, prestakuntza-ekintzan sartuko dira, lehenik eta behin, gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonak, eta, bigarrenik, ziurtagiriaren gainerako moduluak egin ez dituzten beste pertsonak.

              1. Prestakuntza-ekintza programatzen bada laneko esperientziaren eta/edo prestakuntza ez-formalaren bidez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren deialdi bateko Aholkularitza edo Ebaluazio fasean detektatutako prestakuntza-premia dela-eta, orduan, ekintza horretan parte hartzeko lehentasuna izango dute prestakuntza-premia hori antzeman eta preskribatu zaien pertsonek.

              2. Prestakuntza-ekintzan parte hartzeko baldintzak bete eta dagokien hautaketa-prozesua gainditu duten pertsonen artean, kolektiboen araberako lehentasuna ezarriko da, honako hurrenkera honi jarraituz:

              1. Langabeentzako ikastaroetan:

                Lehenik eta behin, eta lehentasun-maila berberaz, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituztenak. Lehentasuna emango zaie kualifikazio-maila baxua duten pertsonei: 30 urte arteko gazteak; emakumeak, langabeen kolektiboan duten proportzio berean; luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasuna duten pertsonak; langabezia-saria agortua duten eta berriz profesionalki gaitzeko Prepara programan eta Enplegua Aktibatzeko Programan parte hartzeagatik diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak; aparteko langabezia-sorospenaren, gizarteratzeko errenta aktiboaren eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) onuradun diren langabeak; eta terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.

                Bigarrenik, laneko esperientzia eta ikaskuntza ez-formala aitortzeko prozeduretan parte hartu dutenek, dagokien profesionaltasun-ziurtagiria osatzeko prestakuntza-ekintzak egiteko.

                Hirugarrenik, etendurako EEE baten eraginpean dauden langabeak, ordutegia dela-eta prestakuntza-ekintzara joateko libre badaude.

                Laugarrenik, gainerako langabeak, oro har.

              2. Lehentasunez pertsona landunentzako antolatutako ikastaroetan.

                Landunak, programatutako plazen % 70 bete arte gutxienez.

                Langabeak, plazen % 30 arte, behar adina pertsona landun ez balego.

              1. Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituzten langabeen eskaerak izanez gero.

              2. Hautaketa amaitzen denean, prestakuntza-zentroek 7 egun balioduneko epea izango dute haren emaitzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko aplikazioan (LAN-F) mekanizatzeko.

              3. Hautatuak izan direnen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak erakutsi behar dituzte prestakuntza-zentroek euren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Horrekin batera, prestakuntza-ekintzak non, noiz eta zer ordutan egingo diren adierazi behar dute.

                Iragarpen-bitarteko horiez gainera, egoki iritzitako bestelako bitartekoak ere balia ditzakete prestakuntza-zentroek alderdi horien berri emateko ikasleei. Prestakuntza-zentroen kontura ordainduko dira aukeraketa-prozesuen emaitzen berri emateko bitarteko osagarri horien kostua.

              4. Prestakuntza-ekintzak ezin izango dira hasi 8 parte-hartzaile baino gutxiago badago.

                Hamargarrena. Prestakuntza-programazioa egiteko baldintzak eta alderdien betebeharrak.

              1. Gomendio honen xede diren prestakuntza-planak egiteko, baldintza hauek bete behar dira eta behar hauek izango dituzte alderdiek:

              1. Hezkuntza Sailaren aldetik:

                1. Bermatzea prestakuntza-zentroek emandako datu guztiak egiazkoak direla.

                2. Baimena ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, behar duen informazioa egiaztatzeko, horri buruzko kontsultak egiteko edo eskatzeko, zentro bakoitzaren prestakuntza-planaren gaineko datuak egiaztatzearren.

              2. Lanbide-heziketako zentro prestatzaileak:

                1. Gomendatu zaizkien prestakuntza-ekintzak, akordio honen I. eta II. eranskinetan adierazitakoak, gauzatu behar dituzte, aurreikusitako ordutegi eta datetan, eta haietan gerta daitezkeen aldaketa esanguratsuen berri eman behar diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

                2. Prestakuntza-ekintzen kudeaketa egitea Lanbideren prestakuntzako aplikazio informatikoaren bidez (LAN-F).

                3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea prestakuntza-jardueren hasiera, LAN-F kudeaketa-aplikazio informatikoan.

                4. Ziurtatu behar dute prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten irakasleek bete egiten dituztela profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituzten errege-dekretuek prestatzaileentzat ezartzen dituzten eskakizunak. Ikastaroak ematen dituen zentroak betetze-maila horri buruzko ziurtagiria aurkeztuko du, informatika-aplikazioaren bidez emandako ereduari jarraikiz. Halaber, LAN-F programan sartuko da ikastaroa hasi baino lehen. Irakasleak zentroko bertako langileak izango dira edo zentroak berak zuzenean kontratatutako pertsona fisikoak. Ez dago baimenduta azpikontratazioa (30/2015 Legearen 14. artikulua).

                5. Ikastaroen hasieran, gutxienez honako material hau emango diete prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenei:

                  Eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan, espezialitatearen eduki guztiak bilduko dituena.

                  Ikastaroa egiteko behar beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta behar diren babes-elementuak.

                  Prestakuntza-zentroek berariaz jakinarazi behar dute material didaktiko horiek eta sortutako beste material batzuek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa izan dituztela.

                6. Lanbide-informazioa eta -orientazioa eman behar diete prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten pertsonei, haien prestakuntza-premiak eta programatu diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko aukerak argitzeko.

                7. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak programa honen arabera emandako prestakuntza-ekintzak finantzatu dituztela adieraztea, ekintzei buruzko komunikazio-, hedatze- edo publizitate-ekintzetan.

                8. Ikasleei eta irakasleei jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatutako eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako prestakuntza-ekintzak direla.

                9. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin lankidetzan aritu behar dute, prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzeko prozesuan, eta ziurtatu egin behar dute aukeratutako izangaiek bete egiten dituztela ikastaroetako sarbide-eskakizunak.

                10. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariei eman behar diete haiek ikastaroen egoerari buruz eskatzen dieten informazio guztia.

                11. Parte-hartzaileen prestakuntza-ebaluazioa eta ebaluazio sumatiboa egin behar dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eginiko jarraibideekin bat etorriz, eta plangintza zein banakako ebaluazioa jakinarazi behar dituzte, LAN-F aplikazioaren bidez.

                12. Aldian-aldian jakinarazi behar dituzte, LAN-F kudeaketarako informatika-aplikazioaren bidez, ikastaroetan sortzen diren ikasleen bajak edo uzteak. Halaber, prestakuntza-ekintzak egitean gertatzen diren gorabehera aipagarrien berri eman behar diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

                1. Ikastaroetan libre geratu diren lekuen berri eman behar diete erreserba-egoeran dauden pertsonei, eta ziurtatu behar dute bajak betetzen dituzten pertsonek behar adinako jakintza dutela prestakuntza-ekintzaren gainerako denbora aprobetxatzeko, eta profesionaltasun-ziurtagiriak ateratzen ari diren pertsonei dagokienez, gai direla modulu guztiak amaitzeko.

                2. Prestakuntza praktikoko modulua lantoki batean egiteko aurreikuspenak egin behar dituzte, ikastaroetan parte hartzen duten pertsona guztientzat, aintzat hartuta, betiere, zer salbuespen arautzen dituzten profesionaltasun-ziurtagiriei buruzko urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua aldatzen duen abenduaren 10eko 1675/2010 Errege Dekretuak eta profesionaltasun-ziurtagiriak ezartzen dituzten errege-dekretuek.

                1. Akordio edo hitzarmenak egin behar dituzte, hain zuzen ere ikastaroetan parte hartzen duten ikasleek prestakuntza praktikoko modulua lantokian behar adinako bermeekin egingo dituztela ahalbidetzeko.

                2. Tutoreak izendatu behar dituzte lantokian egiteko prestakuntza praktikoko modulurako. Tutoreen ardura izango da enpresarekin adostea zer prestakuntza-programa egingo den, eta, enpresak izendatutako tutorearekin batera, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa egin beharko dute. Horretarako, ikus eta neur daitezkeen ebaluazio-irizpideak erabiliko dira prestakuntza-programan.

                3. Ikastaroetan parte hartzen duten pertsonen bertaratze-kontrola eraman behar dute.

                4. Baja emango diete ikasleei, baldin eta baztertze-egoera hauetakoren batean badaude:

                  Prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25ean edo hortik gora ez bertaratzea ekintzara, arrazoia edozein izanik, justifikatuta zein ez.

                  Prestakuntza ematen duen zentroaren edo erakundearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren iritziz, prestakuntza-ekintza ez aprobetxatzea, edo portaera egokirik ez izatea, eta horietan sartzen dira higiene eta osasungarritasunaren arloan exijitu daitezkeen arauak.

                  Prozedura hau beteko da ikasle bat baztertzea erabakitzeko:

                  1. Prestakuntza-zentroak Lanbideko prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, hartarako dagoen eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta ontzat ematen badu, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Ikaslea baztertzeko proposamena egiteko arrazoia azalduko da erabaki horretan, eta ikasleak bost egun naturaleko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du prozedura, gehienez hamabost eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behineko izaeraz baztertzea ikastarotik, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean.

                    Ikasleren baten ez-bertaratzeak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, prestakuntza-zentroak horren berri espresuki emango dio prestakuntzako teknikariari, eta ikasleari baja emango zaio. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako ez-bertaratzeak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna izatea edo lan-jarduera hastea), pertsonak geratzen den modulua egiteko aukera aztertu ahal izango da.

                  2. Ebazpenaren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio aukeran Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik zenbatzen hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

                5. Ikasleei gogoraraztea, prestakuntza-ekintza amaitzen denean, prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak telematikoki bete beharko dituztela.

                6. Lanbideko teknikariek bisitaldiak egitea erabaki dezakete intzidentziak egiaztatu eta konpontzeko, eta zentroek erraztu egin behar dituzte bisitaldi horiek.

                7. «Amaierako ebaluazioaren akta» egin behar dute. Horretarako, LAN-F informatika-aplikazioa erabiliko dute, gainditutako prestakuntza egiaztatzeko diplomak aterako dituzte aplikazio horretatik eta ikasleei eskuratuko dizkiete, profesionaltasun-ziurtagiria egiteko eskaerarekin batera, hala badagokio. Ikasleak ikastaroa emaitza positiboarekin gainditzen ez badu, berriz, bertaratze-ziurtagiri bat emango zaio.

                8. Kudeaketa-gomendioaren baitan egin diren ekintzak eta haiek finantzatzeko baliabide ekonomikoen aplikazioa justifikatzea. Horretarako, 15 eguneko epea (prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzetako bakoitza amaitzen denetik aurrera zenbatzen hasita) egongo da, eta III. eranskineko C apartatuan ezartzen den bezala eta bertan zehaztutako agiriekin egingo da.

                9. Frogaketa- eta kontrol-jarduerak igaro beharko dituzte, zehazki Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarenak, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoarenak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarenak, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiarenak ere; baita Europako Gizarte Funtsaren (EGFren Unitate Administratzailea, Europako Batzordea eta Kontuen Auzitegia) kofinantzaketarekin loturiko kontrol-eskabideak ere. Hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.

                  Alde horretatik, Europar Batasuneko araudian ezarritakoarekin bat eginez, bisitak egingo dira Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako prestakuntza-ekintza batzuetara (lagina), tokian bertan egiaztatzeko EBko funtsen parte-hartzetik eratorritako baldintzak betetzen direla.

                10. Finantzatutako gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-baldintzak bete ditzaten, prestakuntza-zentroek diru-laguntzarekin lotutako transakzioak identifikatu beharko dituzte, kontabilitate-identifikazio bereizgarri bat edo kontabilitate-kode egoki bat baliatuta.

                11. Gordetzea eta zaintzea, 2025era arte, kurtsoen emaitzen aktak eta jarduera finantzatuari buruzko dokumentazio guztia, gomendio honen ondorioz zentro prestatzaileek hartzen dituzten konpromisoak eta betebeharrak bete direla egiaztatzeko aukera izan dadin; aktok Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emango dizkiote zentroen arduradunek, LAN-F informatika-aplikazioaren bidez. Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako prestakuntza-ekintzak badira, hari dagokion araudiak ezarritakoa beteko da.

              3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aldetik:

                1. Kudeaketa-gomendiorako akordio honetan oinarrituta egiten diren prestakuntza-ekintzak finantzatu behar ditu.

                2. Prestakuntza-zentroetako arduradunekin lankidetzan aritu behar du, prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzen. Horretarako, ezarritako aurrerapenaz eman behar ditu hautagaien zerrenda, bai eta lehentasunak ezartzeko prozesurako informazioa ere; halaber, aholkularitza teknikoa eman behar du prozesu horretan.

                3. Gertatzen diren intzidentziak konpontzen lagundu behar die ikastaroak ematen dituzten zentroei.

                4. Ikastaroetan parte hartu dutenek profesionaltasun-ziurtagiria eskatzeko egiten dituzten eskabideak ebatzi behar ditu.

                5. Profesionaltasun-ziurtagiriak egin eta entregatu behar ditu.

                6. Egin diren prestakuntza-ekintzetako diplomen eta horiek dakartzaten profesionaltasun-ziurtagirien erregistroa eguneratu egin behar du.

                  1. Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat ematen denean, erakundeak baimena eman ahalko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, erakunde autonomo horrek aukera izan dezan ziurtagiria lotutako hainbat prestakuntza-ekintzatan banatzeko; hain zuzen ere, profesionaltasun-ziurtagiriak dituen beste modulutan banandu ahal izango du, etengabeko ikaskuntza indartzeko. Honela egikarituko da:

                    Modulu bakoitza modu indibidualean egin eta justifikatuko da.

                    Moduluak emateko, profesionaltasun-ziurtagirian ezarritako ordena bete beharko da, bestela egiteko arrazoi justifikaturik ez badago eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aldez aurretik baimendu ez badu.

                    Pertsona orori bermatu behar zaio modulu guztietako parte-hartzea, prestakuntza-ibilbidea osorik egiteko aukera izan dezan.

                    Horietaz gain, erakundeak beste parte-hartzaile batzuk sartu ahal izango ditu modulu bakoitzean, baldin eta beraietan sartzeko eskakizunak betetzen badituzte.

                    Erakundeak praktikak nahitaez eskaini behar dizkie modulu bat edo bat baino gehiago egiten dituzten pertsonei, profesionaltasun-ziurtagiria eurekin amaitzen dutenean.

                    Hamaikagarrena. Hezibi eta Lehen Aukera programak sustatzea kudeaketa-gomendioaren bidez.

                    Langile langabeentzako prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-zentroek gazteentzako txandakako prestakuntza sustatuko dute, eta, horretarako, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak kudeaketa-gomendio honetan onartutakoak Hezibi proiektu bihurtuko dituzte. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bateratuak, 2012ko urriaren 3koak, arautzen ditu proiektu horiek, eta prestakuntza eta lana txandakatzeko gazteentzako Hezibi programaren oinarri arautzaileak ezartzen ditu.

                    Agindu horretan ezarritako eran kudeatuko dira proiektu horiek.

                    Era berean, prestakuntza-zentroek 30 urtetik beherako gazteen kontratazioa bultzatuko dute Lehen Aukera programaren bidez.

                    Hamabigarrena. EBren kofinantzaketa izatetik eratorritako gardentasun-betebeharrak.

                    Kudeaketa-gomendio honi dagozkion datuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan aipatutako zerrenda publikoan jasoko dira.

                    Hamahirugarrena. Kudeaketa-gomendioaren indarraldia.

                    Kudeaketa-gomendio hau onartutako programaziorako eta zuzkidura ekonomikorako onesten da.

                    Hamalaugarrena. Eskumena.

                    Kudeaketa-gomendioak ez dakar berekin eskumenen titulartasuna lagatzea, ezta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuen titulartasuna lagatzea ere (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari esleituak); Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren ardura izango da kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barnean hartuko duten egintza edo ebazpen juridiko guztiak hartzea.

                    Bi aldeek edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-gomendioa formalizatzeko agiri hau sinatu dute.

                    Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 26a.

                    Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

                    BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

                    Hezkuntzako sailburua,

                    CRISTINA URIARTE TOLEDO.

                    (Ikus .PDF)

                    (Ikus .PDF)

                    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik
Euskadi, auzolana