Legesarea Euskadi

Euskadi.eusen sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2. 38/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltz...
 

Araudia

Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden eta aplikagarriak diren lege eta arau multzoa.

Zergei buruzko araudia

Euskal Herriko hiru lurralde historikoetako zerga arloko araudia

 

Eskumenak eta transferentziak

Eduki-mota honek Euskal Herriaren Autonomia Estatutuan aitortutako eskumenak hartzen ditu baita Autonomia Erkidegorako transferentzien egoera ere.

 

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Garrantzi juridikoko dokumentazioari buruzko edukiak EAE ko legedia ulertu eta interpretatzeko laguntza dira, baita Eusko Jaurlaritzaren administrazio-egintza eta -jarduera jakin batzuen berri izateko laguntza ere.

Arautegia

Inprimatu

38/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 11ko Erabakia ofizioz berraztertzeko prozedurari hasiera ematen dion Erabakia. 2012ko abenduaren 11ko Erabakiaren bidez, uko egin zitzaion frekuentzia-modulazioa duten uhin metrikoetan irrati-komunikazioko zerbitzuak emateko lizentziak esleitzeko lehiaketari.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 29
  • Hurrenkera-zk.: 739
  • Xedapen-zk.: 38
  • Xedapen-data: 2018/01/26
  • Argitaratze-data: 2018/02/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Informazio etak komunikazioak; Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

2018ko urtarrilaren 23ko bilkuran, Gobernu Kontseiluak onetsi du erabaki bat, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 11ko Erabakia ofizioz berraztertzeko prozedurari. 2012ko abenduaren 11ko Erabakiaren bidez, uko egin zitzaion frekuentzia-modulazioa duten uhin metrikoetan irrati-komunikazioko zerbitzuak emateko lizentziak esleitzeko lehiaketari. Horrenbestez, erabaki horri behar duen publikotasuna emateko, honako hau

Auzitegi Gorenaren epai hauek ikusi dira: 273/2016 (2016-02-10), 665/2016 (2016-03-17), 774/2016 (2016-04-04), 1072/2016 (2016-05-12), 1194/2016 (2016-05-26), 1213/2016 (2016-05-30), 1223/2016 (2016-05-30), 1303/2016 (2016-06-02) eta 1359/2016 (2016-06-09). Hala, erabaki hau ematen da kontuan harturik ondoko

Lehenengoa. Irailaren 1eko 964/2006 Errege Dekretuak, zeinaz plan tekniko estatal bat onartzen baita soinuzko irrati-difusioa egite aldera frekuentzia-modulazioa duten uhin metrikoetan, 34 irrati-frekuentzia planifikatu zituen guztira, eta Euskal Autonomia Erkidegoari zegokion horien lizentziak ematea.

Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen araubide juridikoa eguneratzeko eta Euskadiko sektorearen premia zehatzetara eguneratzeko helburuarekin, ikus-entzunezko komunikazioari buruzko 231/2011 Dekretua onartu zen (2011ko azaroaren 23ko EHAA, 222. zk.).

Bigarrena. Dekretu horretako 8.1 artikuluarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluak 2012ko otsailaren 28an onartu zituen lehiaketa publiko baterako oinarriak, EAEn honako honetarako lizentziak esleitzekoak: irrati-komunikazioko zerbitzuak ematea frekuentzia-modulazioa duten uhin metrikoetan (2012ko martxoaren 12ko EHAA, 51. zk.). Kultura Sailburuaren 2012ko otsailaren 29ko Agindu bidez, berriz, lehiaketa publikoa deitu zen (2012ko martxoaren 12ko EHAA, 51. zk.).

Hirugarrena. 2012ko abenduaren 11n, lizentziak esleitzeko prozedura amaitu aurretik, Gobernu Kontseiluak erabaki bat hartu zuen «zeinaz uko egiten baitzaio, interes publikoagatik, honako honetarako lizentziak esleitzeko lehiaketari: irrati-komunikazioko zerbitzuak ematea frekuentzia-modulazioa duten uhin metrikoetan» (2013ko urtarrilaren 24ko EHAAn argitaratua, 17. zenbakian).

Laugarrena. Urtarrilaren 10eko 1/2013 Ebazpenaren bidez, 2013ko urtarrilaren 24ko EHAAn argitaratu zen, 17. zenbakian, Gobernu Kontseiluak hartutako Erabakia, «zeinaz uko egiten baitzaio, interes publikoagatik, Euskal Autonomia Erkidegoan honako honetarako lizentziak esleitzeko lehiaketari: irrati-komunikazioko zerbitzuak ematea frekuentzia-modulazioa duten uhin metrikoetan». Hauek izan ziren Erabaki hori eragin zuten interes publikoko arrazoiak:

Ikus-entzunezko komunikazioari buruzko Lege Orokorrean egindako aldaketak; Ministro Kontseiluaren erabakiak, zeinek faboratzen baitute lehiaketa-oinarrien espirituaren guztiz kontrara metatzea hedabideak; lizitatzaileen metaketa, zeinak zuzenean eragiten baitio egindako balorazioari; 25 urte baino gehiago igaro izana egindako azken lehiaketatik; eta lizentziak emateko oso epe zabala aurreikustea oinarrietan, 15 urtekoa, zeinak ematen baitio izaera estrategikoaren maila.

Bosgarrena. Erabaki horren kontra zenbait errekurtso aurkeztu ziren, jurisdikzio-egoitzan amaitu zutenak: Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak hamar epai eman zituen guztira, zeinetan guztiz baliogabetu baitzen Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 11ko Erabakia (epaiak: 452/2014, 494/2014, 602/2014, 5/2015, 6/2015, 7/2015, 16/2015, 19/2015, 27/2015 eta 50/2015) eta agindua ematen baitzen errekurtso-jartzaileei behin-behinean esleitutako lizentzien prozedurarekin jarraitzeko. Administrazio honek hamar epai horietatik bederatziren kontrako errekurtsoa jarri zuen Auzitegi Gorenaren aurrean, eta hark kasazioan errekurritutako epai guztiak berretsi zituen.

Seigarrena. Emandako epaiek ez zuten erga omnes ondorerik eragin; aitzitik, banan-banako egoera juridikoa aitortu zenez, eta ez zenez gertatu 29/1998 Legearen 110 eta 111. artikuluetan jasotako ezein egoerarik (uztailaren 13ko legea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duena), lege horren 72.3. artikuluan aurreikusitakoa betez, epaiek alderdien artean bakarrik eragin zituzten ondoreak. Horrenbestez, emandako epaien ondoreek behin-behineko esleipendun izan ziren errekurtso-jartzaileei bakarrik eragin zieten.

Horrela, bada, ukoaren baliogabetze judizialak honako frekuentzia hauei eragin zien: Bilboko 92.2 eta 94.3; Getxoko 95.8; Durangaldeko 97.4; Gernikako 96.7; Vitoria-Gasteizko 91.5, 94.5, 89.9, 87.7, 90.4; Donostiako 93.8, 94.8, 95.6, 105.8; Beasaingo 102.2, 105.4; Azkoitiko 91.8; Legazpiko 94.6 eta 100.5. Horiei dagokienez, lizentzia emateko administrazio-prozedurarekin jarraitu zen, eta behin betiko esleipen hauek egin ziren:

Erabakia, Gobernu Kontseiluarena, zeinaz lizentzia esleitzen baitzaio Radio Estudio SAri, irrati-komunikazioko zerbitzuak emate aldera frekuentzia-modulazioa duten uhin metrikoetan, hala betetzen delarik 494/2014 epai irmoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak emana (2015eko abuztuaren 14ko EHAA, 153. zk.).

Erabakia, Gobernu Kontseiluarena, zeinaz lizentzia esleitzen baitzaio Radio Lider Euskadi SLri, irrati-komunikazioko zerbitzuak emate aldera frekuentzia-modulazioa duten uhin metrikoetan, hala behin-behinean betetzen delarik 16/2015 epaia, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak emana (2016ko urtarrilaren 4ko EHAA, 1. zk.).

Erabakia, Gobernu Kontseiluarena, zeinaz lizentzia esleitzen baitzaio Pausu Media GKE Elkarteari, irrati-komunikazioko zerbitzuak emate aldera frekuentzia-modulazioa duten uhin metrikoetan, hala behin-behinean betetzen delarik 50/2015 epaia, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren Lehen Sekzioak emana (2016ko martxoaren 16ko EHAA, 52. zk.).

Erabakia, Gobernu Kontseiluarena, zeinaz lizentzia esleitzen baitzaio Euskal Irrati Zerbitzuak SLri, irrati-komunikazioko zerbitzuak emate aldera frekuentzia-modulazioa duten uhin metrikoetan, hala behin-behinean betetzen delarik 5/2015 epaia, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren Lehen Sekzioak emana (2016ko martxoaren 21eko EHAA, 55. zk.).

Erabakia, Gobernu Kontseiluarena, zeinaz lizentzia esleitzen baitzaio Araba Irratia SLri, irrati-komunikazioko zerbitzuak emate aldera frekuentzia-modulazioa duten uhin metrikoetan, hala betetzen delarik 27/2015 epaia, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren Lehen Sekzioak emana (2016ko abuztuaren 2ko EHAA, 146. zk.).

Erabakia, Gobernu Kontseiluarena, zeinaz lizentzia esleitzen baitzaio 2 más 2 Publicidad Integral SLri, irrati-komunikazioko zerbitzuak emate aldera frekuentzia-modulazioa duten uhin metrikoetan, hala betetzen delarik 452/2014 epaia, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren Lehen Sekzioak emana (2016ko abuztuaren 2ko EHAA, 146. zk.).

Erabakia, Gobernu Kontseiluarena, zeinaz lizentzia esleitzen baitzaio Lekaio Kultur Elkarteari, irrati-komunikazioko zerbitzuak emate aldera frekuentzia-modulazioa duten uhin metrikoetan, hala behin-behinean betetzen delarik 602/2014 epaia, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren Lehen Sekzioak emana (2016ko azaroaren 30eko EHAA, 228. zk.).

Erabakia, Gobernu Kontseiluarena, zeinaz lizentzia esleitzen baitzaio Onda Guipuzcoana FM SLri, irrati-komunikazioko zerbitzuak emate aldera frekuentzia-modulazioa duten uhin metrikoetan, hala betetzen delarik 19/2015 epaia, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren Lehen Sekzioak emana (2016ko azaroaren 30eko EHAA, 228. zk.).

Erabakia, Gobernu Kontseiluarena, zeinaz lizentzia esleitzen baitzaio Murumendiko Uhinak Elkarteari, irrati-komunikazioko zerbitzuak emate aldera frekuentzia-modulazioa duten uhin metrikoetan, hala betetzen delarik 7/2015 epaia, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak emana (2016ko abenduaren 2ko EHAA, 230. zk.).

Hasiera batean, Getxoko 95.8 eta Vitoria-Gasteizko 87.7 frekuentziak Radio Estudio SAri eman zitzaizkion, 2015eko uztailaren 21eko Erabakiaren bidez, zeinaz lizentzia ematen baitzion irrati-komunikazioko zerbitzuak eskaintze aldera frekuentzia-modulazioa duten uhin metrikoetan, hala betetzen delarik 494/2014 epai irmoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak emana, baina bertan behera geratu zen emakida hori, Erabakiaren kontrako bi berraztertze-errekurtsoren eraginez: Eusko Media SLk eta Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkartea SAk jarritakoak. Horrela, bada, Gobernu Kontseiluaren 2016/04/19ko Erabakiak hartu ziren berraztertze-errekurtso horiek ebazteko. 2016/04/19ko Erabaki horiek baliogabetu egin zuten Radio Estudio SAren alde egindako esleipena, Getxoko 95.8 eta Vitoria-Gasteizeko 87.7 frekuentzien lizentziei zegokiena. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 191/2017 epaiak baliogabetze hori berretsi zuen (368/2016 administrazioarekiko auzi-errekurtsoa). Horrenbestez, oraindik ere esleitzeko dauden arren, ez diraute 2012ko abenduaren 11ko Erabakiak haien aldera izandako ondoreek.

Hortaz, nahiz eta ukoak behin-behinean esleitutako frekuentzien gainean izandako ondoreak badirauten, frekuentzioi dagokienez ez zen aurkaratu Gobernu Kontseiluak lehiaketari uko egiteko hartu zuen Erabakia, eta, ondorioz, ez zien jurisdikzio-egoitzan egindako uko-baliogabetzeak eragin; hau da, ukoaren ondoreek badiraute lizentzia hauei dagokienez:

(Ikus .PDF)

Aurrekari horiei aplikagarri zaizkie ondoko

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiek gero Auzitegi Gorenak berretsiak baliorik gabe utzi zuten Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 11ko Erabakia, zeinaz uko egiten baitzaio, interes publikoagatik, honako honetarako lizentziak esleitzeko lehiaketari: irrati-komunikazioko zerbitzuak ematea frekuentzia-modulazioa duten uhin metrikoetan. Dirudienez, erabakiak baliogabetasun-akats bat du, Espainiako Konstituzioaren 20.1.d) artikulua urratzen du eta. Horrenbestez, egoera hori 39/2015 Legearen 47.1.a) artikuluan koka daiteke (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea, urriaren 1ekoa; aurrerantzean, 39/2015 Legea).

Bigarrena. Adierazi dena kontuan hartuta, Administrazioaren berrikuspen-gaitasuna gauzatu beste aukerarik ez dago, babes harturik 39/2015 Legearen 106. artikuluan jasotakoa (xedapen eta egintza deusezak berrikusteari buruzkoa): «1. Administrazio publikoek, noiznahi, beren ekimenez edo interesdunek eskaturik, eta aurrez aldeko irizpena emanik Estatu Kontseiluak edo autonomia-erkidegoko organo aholku-emaile baliokideak, halakorik bada, deuseztzat deklaratuko dituzte, ofizioz, administrazio-bidea amaitu duten administrazio-egintzak edo epe barruan aurkako administrazio-errekurtsorik izan ez dutenak, 47.1 artikuluan jasotako kasuetan».

Baliogabetasun-arrazoiak direla eta, ofiziozko berrikuspen-prozedura izapidetzean, 39/2015 Legeak administrazio-prozedura erkiderako finkatzen duen arauketa aplikatu behar da, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren aldez aurretiko txostena gaineratu behar da instrukzio-egintzen artean.

Hirugarrena. Baliogabetu nahi den egintza Gobernu Kontseiluak eman duenez, beroni dagokio ofiziozko berrikuspen-espediente hau irekitzea eta ebaztea, bat etorriz ekainaren 30eko 7/1980 Legearen (Gobernuaren Legea) 18.1. artikuluan zehaztutakoarekin.

Laugarrena. 39/2015 Legearen 106.5. artikuluan xedatzen denari jarraikiz, prozedura hasi denetik sei hilabeteko epea betetzen bada ebazpenik eman gabe, prozedura iraungi egingo da.

Bosgarrena. Erabaki hau izapide-egintza ez kualifikatua da eta, beraz, 39/2015 Legearen 112.1. artikuluan (bigarren paragrafoa) aurreikusitakoari jarraikiz, ezin da haren kontrako errekurtsorik jarri. Edonola ere, interesdunek alegazioak egin ditzakete errekurtsoa kontuan har dadin prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean.

Horregatik guztiagatik, eta 39/2015 Legearen IV. tituluan eta 106. artikuluan xedatzen denarekin bat etorriz eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau erabaki du:

ERABAKIA

«Lehenengoa. Prozedura bat abiaraztea, ofizioz berraztertzeko 2012-12-11ko Erabakia, zeinaz uko egiten baitzaio, interes publikoagatik, honako honetarako lizentziak esleitzeko lehiaketari: irrati-komunikazioko zerbitzuak ematea frekuentzia-modulazioa duten uhin metrikoetan, 2013ko urtarrilaren 24ko EHAAn argitaratua, 17. zenbakian.

Bigarrena. Interesdunei Erabaki honen berri ematea, 39/2015 Legearen 82. artikuluan xedatzen denarekin bat etorriz, interesatuek aurkez ditzaten dagozkien alegazioak eta egokitzat jotzen dituzten dokumentuak eta justifikazioak, hamabost eguneko epean.

Hirugarrena. Jendaurreko informazioaldi bat irekitzea, hogei egunekoa, bat etorriz 39/2015 Legearen 83. artikuluan aurreikusitakoarekin».

Euskadi, auzolana