Legesarea Euskadi

Euskadi.eusen sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2. EBAZPENA, 2018ko ekainaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, A...
 

Araudia

Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden eta aplikagarriak diren lege eta arau multzoa.

Zergei buruzko araudia

Euskal Herriko hiru lurralde historikoetako zerga arloko araudia

 

Eskumenak eta transferentziak

Eduki-mota honek Euskal Herriaren Autonomia Estatutuan aitortutako eskumenak hartzen ditu baita Autonomia Erkidegorako transferentzien egoera ere.

 

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Garrantzi juridikoko dokumentazioari buruzko edukiak EAE ko legedia ulertu eta interpretatzeko laguntza dira, baita Eusko Jaurlaritzaren administrazio-egintza eta -jarduera jakin batzuen berri izateko laguntza ere.

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2018ko ekainaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Andoingo Udalak Agirialai 45 HIE esparruan sustatutako plan partzialaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismenari buruzko dokumentua formulatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 130
  • Hurrenkera-zk.: 3526
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/06/15
  • Argitaratze-data: 2018/07/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Ingurumena; EAEko udalak

Testu legala

2018ko apirilaren 23an, Andoaingo Udalak ingurumen-organoaren aurrean osatu zuen Agirialai 45 HIE esparruan sustatu duen plan partzialaren (aurrerantzean Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua izapidetzen hasteko eskaera, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoa betez. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, hauei egin zitzaien eskaera: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza; Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa (URAren bitartez), Ekologistak Martxan, Itsas Enara Ornitologia Elkartea, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Ugatza Ornitologia Elkartea eta Lanius Ornitologia Elkartea.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egin zitzan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, honako hauen erantzunak jaso dira: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, eta Uraren Euskal Agentzia.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean efektu garrantzitsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Plana abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo horrek baitu eskumena, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak HAPBren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta berau aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Ikusirik Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

Lehenengoa. Andoaingo Agirialai 45 HIEan sustatutako plan partzialaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehaztuta bezala:

  1. Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduketak.

    Planak Agirialai 45 HIEaren antolamendu xehatua gauzatzea du helburu, betiere Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra garatuz. Aipatutako eremua bizitegi-lurzoru urbanizagarriko sektore batean dago, eta udalerriko hiri-lurzorua hedatzea da asmoa, etxebizitza eta komunitate-ekipamendu berriak eraikitzeko aukera emanez.

    Planak honako ezaugarri hauek ditu:

    Bizitegi-erabilerako/hirugarren sektoreko erabilerako 14 partzela antolatzen ditu, bertan etxebizitza libreak zein babestutako etxebizitzak egiteko, bai babes ofizialekoak bai tasatuak (13.180 metro koadro guztira).

    Ekipamenduetarako bi partzela definitu eta antolatzen ditu (3.481,08 metro koadro).

    Hiri-inguruneko espazio libreentzat gordetako azalera 8 partzelatan antolatzen da, bai berdegune bezala bai oinezkoentzako gune bezala (12.972,08 metro koadro).

    Erreferentzia bakar batean aurreikusten da eremuko bide-sistemari dagokion partzela, bai errepideko zirkulazioari bideratutakoa, bai lur gaineko aparkalekuei, espaloiei eta bidegorriei bideratutakoa (12.635,66 metro koadro).

    Plana izango da oinarria ondorengo hirigintza-kudeaketako proiektuak eta urbanizazio-proiektuak izapidetu eta onartzeko, bai eta herri-lanak gauzatzeko ere, bai urbanizazio-lanak, bai instalazioen azpiegitura orokorren lanak, bai etorkizuneko ondoriozko eraikuntzen lanak.

  2. Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta.

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua:

        Planak urbanizazioko eta eraikuntzako proiektuentzat irizpideak ematen ditu, Udalak onartu beharko dituenak. Ez da inolaz ere aurreikusten Planaren garapenaren ondoriozko proiektuek legez bete beharko dutenik ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura.

      2. Planak zer eragin duen beste plan edo programa batzuetan:

        Planak modu xehatuan antolatzen du bizitegi-lurzoru urbanizagarri bat eta bateragarria da sektoreko beste plan konkurrente batzuekin. Aztertzen ari garenarekin lotutako beste planei dagokienez, honakoa dio Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren izapidetzearen baitan Ingurumeneko sailburuordeak 2010eko apirilaren 23an ebazpen bidez emandako behin betiko ingurumen-inpaktuaren txostenak: proposatutako garapenak ingurumenaren eta garapen jasangarriaren ikuspuntutik egokienak direla zehaztu ahal izateko, beharrezkoa da planteatutako garapen aukerak alderatuz azterketa bat egitea ingurumen irizpideak kontuan izanik (tartean zarata). Ebazpen honetako xede den Plana izapidetzeko aurkeztutako dokumentazioan ez dago analisi horren erreferentziarik, ezta inolako justifikaziorik ere argudiatzeko ingurumen irizpideak kontuan izanik aztertzen ari garen eremua urbanizatu behar dela eta ez Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean proposatutako beste batzuk.

      3. Plana egokia den edo ez ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik.

        Badira Planaren alderdi batzuk ingurumen-gogoetaren integrazioa hobetu dezaketenak:

        Planaren garapenean zehaztasunez aztertu beharko dira dauden beharrak eta aurreikusitako garapenak gehiegi handitzea edo gutxi erabiltzea saihesteko.

        Planak aintzat hartu beharko du garapen-plangintzan bizitegirako urbanizazio-proiektuaren paisaia-integrazioko azterketa dokumentazio gehigarri modura jasotzeko aukera, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeari buruzko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

        Urbanizazioa kutsadura akustikoa kontrolatzeko mekanismo gisa erabiltzea kontrol akustikoko mekanismoen bidez: galtzadaren dimentsionaketa, zarata xurgatzen duten zoladurak erabiltzea, zarata-iturritik gertu hezi akustikoak jartzea...

        Energia-eraginkortasuna sustatzea kanpoko argi-sistema instalazioetan.

        Mugikortasun jasangarria sustatzea garraiobide jasangarrien erabilera bultzatuz garraio pribatuaren aurretik.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak.

        Azterketa akustikoko emaitzek adierazten dutenez, inguruko bide-azpiegiturek (A-15 eta GI-3722 errepideak) eragindako emisio akustikoen ondorioz nagusiki, immisio akustikoko mailak ez dira egokiak lurzorurako aurreikusitako erabilerarako, ez baitira horrelako lurzoruentzat proposatutako kalitate helburuak betetzen.

        Bestalde, Planaren eremuan ez dago ingurumen-babeseko araubidea duen espaziorik, ez eta natura-balioengatik edo ingurumen-arriskuengatik garrantzizkoak diren elementuak ere. Soilik Batasunaren intereseko habitat honen presentzia adierazi daiteke: «Altitude baxuetako sega-belardi txiroak» (EB 6510 kodea).

        Eremuko kultur balioei dagokionez, adierazi ondare historiko-arkitektonikoko parte izateagatik tokiko babesa duen eraikuntza bat dagoela (71. Agiri Alaia).

      5. Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko legeria -Europakoa nahiz Espainiakoa- txertatzeko.

    2. Ondorioen eta agian eragina jasango duen eremuaren ezaugarriak.

      Plan honen kasuan, aurreko atalean nabarmendu den bezala, zaratarena da inpakturik aipagarriena. Izan ere, sustatzaileak aurkeztutako inpaktu akustikoaren txostenean ikus daitekeen bezala, ez dira betetzen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate helburuak. Ildo horretan, beharrezkoa da urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 36. artikuluari erreferentzia egitea, honako hau zehazten baitu: «43 eta 45 artikuluetan xedatutakoa bazter, etorkizunean ezingo da hirigintza-garapenik egin kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak betetzen ez dituzten eremuetan».

      Bestalde, Planaren garapenarekin lotutako beste efektu batzuk ondorengo urbanizazio-proiektuekin lotuta daude, lurren mugimendua, lurzoruaren okupazioa eta lurzoruaren artifizializazioa nabarmentzen direlarik. Izan ere, Planak egungo eremuko begetazioaren % 30 gutxi gorabehera desagertzea suposatzen du (Batasunaren intereseko habitatak diren altitude baxuetako sega-belardi txiroak batez ere), eta, horrek, noski, paisaiaren gaineko eragina dakar. Gainera, obren fasean urbanizazioko eta eraikuntzako lanekin lotutako ezinbesteko inpaktuak ere izango dira: hondeaketako, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzea (egun eremuan dagoen eraikin bat eraitsi egin behar da), giza habitataren kalitatea murriztea lur mugimenduek eragindako zaratak, hautsak... sortutako eragozpenen ondorioz, makinariaren etengabeko joan-etorria...

      Ustiapen fasean, etxebizitza kopuruaren areagotzeak mugikortasunaren hazkundea eragingo du, airearen kalitatea okertuz, zarata mailak areagotuz, hiri-hondakin solidoen sorkuntza handituz, baliabideen kontsumoa bultzatuz (ura, energia...) eta paisaiaren gaineko eraginak sortuz.

      Bigarrena. Honako ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa kontuan izanik, Planak ohiko ingurumen-ebaluazio estrategiko bat egitea eskatzen duela xedatzen da, ez baitago baztertzerik bertan jasatako egitasmoak ingurumenaren gaineko efektu nabarmenak izatea.

      Hirugarrena. Andoingo Agirialai 45 hirigintza-jarduerarako eremuko plan partzialaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismenari buruzko dokumentua formulatzea, soilik ingurumen-efektuekin eta jarraian zehaztu bezala:

    1. Planaren xedea.

      Ebazpen honetako Lehenengoa.A apartatuan deskribatzen da Planaren xedea.

    2. Ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentuaren edukia.

      Ingurumen-azterketa estrategikoak honako gutxieneko edukia hartu beharko du barne: abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. eranskinean eta plan eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoa (I. eranskinean jasotakoa ere kontuan izan behar da).

      Eremuaren ezaugarriak eta garatu nahi diren jarduketak kontuan izanik, gai hauek jasoko dira, besteak beste:

      1. Ingurumen-helburu estrategikoak, printzipioak eta jasangarritasun-irizpide aplikagarriak.

        Ingurumen-azterketa estrategikoak berariaz justifikatu beharko du Planak nola ezartzen dituen araudietatik, estrategietatik eta oro har onartutako programetatik eratorritako ingurumen-helburuak; nagusiki, 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programako helburu estrategikoak eta jarduketa-lerroak hartuko dira Plana egiteko funtsezko oinarri gisa. Zehazki, baloratu egin beharko da Planak nola integratzen duen 1.3 jarduketa-ildoaren 9. jarduketa nagusia. Hau adierazten du jarduketa horrek: «Biztanleria-dentsitate handiagoei lehentasuna ematen dien, erabilera-konbinazioa sustatzen duen eta lurzoru-kontsumoa optimizatzen duen lurralde-antolamendu adimendun bat ezartzen dela bultzatzea, haren berrerabilpena eta birsortzea lehenetsiz».

        Horrez gain, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean bildutako irizpideak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuan bildutakoak jaso beharko ditu.

        211/2012 Dekretuaren 2. artikulua aplikatuz, garapen jasangarriko printzipio hauek zuzenduko dute planaren ingurumen-ebaluazioa:

      1. Lurzorua zentzuz eta intentsitatez erabiltzea eta lehendik ere artifizializatuta dauden lurzoruen erabilera intentsiboa lehenestea, balio agrologiko handiko lurzorua eta lurzoru naturala urbanizaziotik babestuz.

      2. Hiri-segregazioa, hiriaren barreiadura eta mugikortasun behartua saihestea, eta, horretarako, irisgarritasuna sustatzea, lurzoruaren erabileren plangintza integratuaren bidez, mugikortasunaren bidez eta hiri-egitura dentso, trinko eta konplexuak sustatuz.

      3. Lurzoruaren zigilatzea murriztea, lurzorua jasangarritasun handiagoz erabiliz eta ahal beste eginkizuni euts diezaion sustatuz.

      4. Baliabide naturalen kontsumo jasangarria sustatzea: ura, energia, lurzorua eta materialak.

      5. Habitatak eta espezieak, ingurumen naturala eta konektibitate ekologikoa zaindu eta hobetzea.

      6. Paisaia eta kultur ondarea kontserbatu eta hobetzea.

      7. Energia aurreztea, efizientzia eta energia berriztagarrien erabilera eta kogenerazioa sustatzea.

      8. Aire garbia bermatzea, bai eta zarata eta argi-kutsadura handien pean bizi diren biztanleen kopurua murriztea ere.

      9. Ur-masen egoera ekologiko ona lortzea, bai eta baliabidearen erabilera jasangarria ere.

      10. Aldaketa klimatikoaren aurreko kalteberatasuna gutxitzen laguntzea, kaltea arintzeko neurriak eta egokitzeko neurriak integratuz.

      11. Arrisku naturalak gutxitzea.

        Gainera, eta Plan honetarako, zehazki, irizpide gehigarri hauek proposatu dira:

        Paisaiaren faktorea sartzea udal-plangintzan. Lurraldearen gaineko esku-hartzeak egokiro integratzea paisaian; batez ere, azpiegiturei eta ekonomia-jardueretarako eremuei dagozkien esku-hartzeak.

        Berdeguneen kalitatea hobetzea.

        Hirigunearen integrazio naturala sustatzea: Elementu naturalekin loturiko korridore ekologikoak sor daitezen ahalbidetzea, biodibertsitate-sarearen barruan (hiriguneko korridore berde metro koadroak).

        Gainazal bigunen eta dagoen landaretzaren babesa indartzea (lurzoru metro koadroak, iragazkortasun-koefizientearen arabera).

        Ingurumen-ebaluazio estrategikoaren azterketak kontuan hartu behar du proposatutako jarduketetan sartzen direla ingurumen-helburu estrategikoak eta jasangarritasun-irizpideak, aipatutako garapen jasangarriko printzipioetatik datozenak.

      1. Ingurumen-ebaluazioaren esparru geografikoa.

        Proposamena lurzoru urbanizagarriko 43.730 metro koadroko azalera batean kokatzen da, Andoaingo ipar-mendebaldean, hirigunearen kanpoaldean, Buruntzako goiko aldean, hainbat baserri biltzen dituen inguruan. Ziako errekaren arroan dago eremua; iparraldean lurperatuta dago erreka, eta, mendebaldean, Oria ibaira isurtzen ditu bere urak. Eremua A-15 autobideak mugatzen du iparraldetik, eta, errepidearen bestaldean, Buruntza harrobia dago. Hegoaldean Andoaingo hirigunea eta GI-3722 errepidea daude.

      2. Ingurumenaren ikuspegitik esanguratsuak diren eremuak zehaztea.

        Ingurune naturala babestu, kontserbatu eta hobetzeko beharrak, ekosistemen eta horien zerbitzuen galera mugatuz eta erresilientzia murriztuz, eskatzen du lurzorua antolatzerakoan Planaren xede den eremuko kapital naturala kontuan izatea. Gainera, erabakiak hartzeko prozesu guztian zehar izan behar dira kontuan euren natur-balio bikainengatik ingurumen arloan nabarmentzen diren eremuak: ingurumen babes erregimenen bat duten espazio guztiak, bai nazioarteko hitzarmenen ondorioz, bai natur eta biodibertsitate arloko oinarrizko legeria aplikatuz ezarritako izaera orokorreko xedapen arauemaileen ondorioz, bai natura kontserbatzeko legeriaren ondorioz. Lurralde edo hirigintza plangintzaren ondoriozko babes erregimenen bat duten espazio naturalak ere izan behar dira kontuan.

        Planeko eremua laborantzako lurrek, belardiek eta fruta-arbolez osatutako partzelek osatzen dute; oro har malda txikiko gunea da. Uneotan lau eraikuntza daude eremuan, hiru etxebizitza gisa erabiltzen dira (horietako bat Agirialai baserria da) eta beste bat garaje gisa.

        Nabarmendu beharra dago eremua inguratzen duten bideetatik (A-15 eta GI-3722) heltzen diren emisio akustikoek egoera kaltegarria sortzen dutela, bereziki gauez.

        Bestalde, Planaren eremuaren barruan, ingurumen-balio azpimarragarri hauek identifikatu dira:

        Batasunaren intereseko habitata: Altitude baxuetako sega-belardi txiroek (EB 6510 kodea) osatzen dute Planaren eremuko azaleraren % 72 gutxi gorabehera.

        Ondare historiko-arkitektonikoaren parte den eraikina: 71. Agiri Alai. Maila lokaleko babesa jasotzeko proposatuta dago.

      3. Etorkizunean jarduketak egiteko egokiak ez diren eremuak.

        Ingurumenaren aldetik problematikoak diren eta gerora proposamenak gauzatzean zaindu beharko diren eremuak detektatu beharko ditu ingurumen-azterketa estrategikoak. Eremuaren ingurumen-diagnostiko egoki bat egin beharko da haren harrera-gaitasuna, arrisku-guneak, eremu hauskor edo kalteberak eta abar ebaluatzeko aukera emango duena. Atal hau idazteko, gutxienez aurreko atalean aipatu diren ingurumen-arlo garrantzitsuak eta aplikatu beharreko araudietan arlo horietarako ezartzen diren mugaketak hartuko dira kontuan.

        Planean jasotako jarduketen garapena baldintza dezaketen alderdien artean, honako hau da garrantzitsuena:

        Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak ezarritako mugaketak kontuan hartzea beharrezkoa da, hala, azterketak arlo horren analisia jaso beharko du, aipatu 213/2012 Dekretuan kalitate akustikoaren arloan ezarritako helburuak betetzea lortuko dela bermatuz, bertako 36. artikuluak etorkizuneko hirigintzako garapenentzat ezartzen duen bezala.

      4. Egindako aurretiazko kontsulten erantzunen ingurumen-analisi laburra.

        Jarraian, eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten tramitean jasotako txostenetako ingurumen arloko eduki garrantzitsuenak laburbildu dira:

        Aztertzen ari garen Planean jasotako urbanizazio-proiektuaren ondorioz sortuko diren ur-hornikuntzako eskari berrien estimazioa jaso behar du Planak. Bestalde, aztertzen ari garen arroaren ardura duen erakundeak egitasmoarekin ados dagoela adierazi behar du, egungo sistemak aipatu ur-hornikuntzari aurre egiteko nahikoak direla justifikatuz. Saneamenduari dagokionez, berriz, Planean proposatutako konexioa egungo saneamendu irtenbidearekin bateragarria dela egiaztatu beharko du erakunde kudeatzaileak.

        Planak eragindako eremuan, ondare historiko-arkitektonikoko parte izateagatik tokiko babesa duen eraikuntza bat dago (71. Agiri Alaia). Horrelako ondareen babesa Udalari badagokio ere, honako gomendio hauek egiten dira: eragin kritikoak saihestea eta egiten diren obrek eraikinaren bolumetria, kanpoko itxura eta oinarrizko banaketa tipologikoa nahiz egiturazkoa errespetatzea, egituraren material generikoari eutsiz hein den neurrian. Horretarako, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko 317/2002 Dekretuaren I. eranskinean («Birgaitzeko esku-hartzeak») definitutako honako esku-hartze kategoria hauek hartuko dira erreferentziatzat: sendotzea, zaintzea eta apaintzea, eta a) motako zaharberritzeak.

        Euri-urak bereizteko sarea estolda-zuloek beren ibilbidean ura ez biltzeko moduan diseinatu behar da, EAEn tigre eltxoa (Aedes albopictus) ugaritzea saihesteko.

      5. Ingurumen-azterketa estrategikoan kontuan hartu behar diren funtsezko alderdien definizioa eta irismena.

        Ingurumen-azterketa estrategikoak abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du; hain zuzen, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren II. eranskinean jasotakoarekin osatu beharko da. Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren atalek eskema metodologiko honi erantzun behar diote:

        1. Edukia, helburuak eta egokiak diren beste plan eta programa batzuekin duten erlazioa.

        2. Ingurumenaren egungo egoera.

        3. Ingurumenean gerta daitezkeen eragin esanguratsuak.

        4. Prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak.

        5. Alternatibak aukeratzeko prozesua.

        6. Ingurumena zaintzeko programa.

        7. Laburpen ez teknikoa.

          Ebaluatzen den dokumentuaren ezaugarriak direla eta, uste da ingurumen-azterketa estrategikoak (aurrerantzean, Azterketa) hurrengo alderdietan sakondu behar duela, gutxienez, jarraian adierazten den zabaltasun- eta zehaztasun-mailarekin:

        1. Edukia, helburuak eta beste plan eta programa batzuekin erlazioa.

          Azterketak Planaren helburu nagusien laburpen labur bat izango du, eta beste plan eta programa lotuekin dituzten erlazioei buruzko azterketa labur bat. Gainera, ingurumen-alderdiak Planaren prestaketan nola txertatzen diren azaldu beharko du. Aztertu beharko da Planaren aplikazioak nola laguntzen duen ingurumen-helburuak txertatzen.

          Azterketak era espezifikoan justifikatu beharko du Ebazpen honetako Hirugarrena.2.A atalean jasotako ingurumena babesteko helburuak eta jasagangarritasun-printzipio eta -irizpideak kontuan izan direla. Justifikazio hori bai arauetan bai Planean bertan ezarritako adierazle eta mugen erabileran oinarrituko da.

          Ingurumen-azterketa estrategikoak hierarkikoki goi-mailakoak diren lurralde- eta sektore-antolamenduko planekin bateragarria den azterketa bat aurkeztu beharko du. Gutxienez, honako hauek hartu beharko dira kontuan:

          EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) eta LAG horien Berrikuspena.

          Donostialdeko eremu funtzionalaren lurralde-plan partziala.

          Gipuzkoako bizikleta bideen lurralde-plan sektoriala.

          Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra.

          Planaren helburu eta jarduketen eta eremuan eragina duten plan eta programen helburu eta zehaztapenen arteko koherentzia eta erlazioa zehaztuko dira. Ingurumeneko sailburuordeak 2010eko apirilaren 23an ebazpen bidez emandako behin betiko ingurumen-inpaktuaren txostenean zehaztu bezala, honako arlo hauek justifikatu beharko dira: Plana garatzeko lurzorua bezalako baliabide bat kontsumitu beharra dagoeneko urbanizatuta dauden lurzoruak leheneratu, birkalifikatu eta barne-eraberritu beharrean, eta, ingurumen irizpideak kontuan izanik, bereziki zaratarekin lotutakoak, zergatik aukeratu den eremu hori.

          Halaber, eremuari aplikatu beharreko gainerako planei dagokienez izan daitezkeen bigarren mailako ondorioak, ondorio metakorrak eta sinergikoak identifikatuko dira. Era horretan identifikatutako ondorioak, halakorik izanez gero behintzat, Planaren eraginak identifikatu eta ebaluatzeko atalean aztertuko dira. Baterako helburuak lortzea izango da xedea, eta horrez gain, beste planen helburu eta jarduketa-ildoekiko gainjartze, gatazka edo bateraezintasunak ager daitezkeen kasuetan Planaren jarduketarako alternatibak ebaluatzea.

        2. Ingurumenaren egungo egoera.

          Azterketak ingurumenaren gaur egungo egoeraren alderdi garrantzitsuak deskribatu beharko ditu, era nabarmenean eragin diezaiekeen guneen eta Plana aplikatzen ez bada izan dezaketen bilakaeraren ingurumen-ezaugarriak zehaztuz, klima-aldaketa kontuan izanik.

          Garrantzitsua izan daitekeen edozein ingurumen-arazo identifikatu behar da, eta bereziki Ebazpen honetako Hirugarrena.2.C apartatuan jasotako edozein gunerekin erlazionatutako arazoak, ingurumenaren aldetik nabarmenak direnak.

          Era berean, lurraldearen ingurumen-unitate homogeneoak zehaztuko dira, haien paisaia-ezaugarrien eta natura-baliabideen azterketa integratutik abiatuta.

          Lehen aipatutako ingurumen-alderdiak era kartografikoan adierazi beharko dira, Planaren izaerarekiko eskala proportzionatuan.

          Ingurumenaren gaur egungo egoeraren deskribapena ingurumen-adierazleak erabilita bermatu beharko da; horretarako, Ingurumen Esparru Programaren adierazleen oinarrizko panelean jasotakoak erabili ahal izango dira, baita lurraldeari eta ingurumenari buruzko Eustatenak ere, eta txosten honetako aurreko ataletan adierazitako ingurumen-helburuen bilakaerari buruzko informazio garrantzitsua eman dezaketen beste batzuk.

          Kontuan izan beharko dira, gutxienez, EAEko lurraldeari dagozkion adierazle hauek:

          Komunikazio- eta garraio-azpiegituretara bideratutako azaleraren ehunekoa.

          Espazio libreetara zuzenduko den azaleraren ehunekoa.

          Atmosfera-, soinu- eta argi-kutsaduraren adierazleak.

          Azterketak aipatutako adierazleei buruzko datuak izan beharko ditu edo, halakorik ez badu, alderdi berak adierazten dituzten beste adierazle batzuei buruzkoak, kasu bakoitzean datu zehatzak lortzeko izandako balizko zailtasunak justifikatuz. Era berean, proposatzen diren beste adierazle batzuei buruzko datuak jaso beharko ditu Azterketak; hala, ingurumena zaintzeko programa aplikatzeko erreferentziako ingurumen-egoera zehaztuko da.

        3. Ingurumenean gerta daitezkeen eragin esanguratsuak.

          Atal honetan ingurumenean eragin ditzakeen ondorio adierazgarriak aztertu beharko dira, honako alderdi hauek barnean hartuta: biodibertsitatea, biztanleria, gizakien osasuna, fauna, flora, lurra, ura, airea, kultura-ondarea, ondare historikoa barne, klima-faktoreak, klima-aldaketan izan dezakeen eragina (bereziki, Planari lotutako karbono-aztarnaren ebaluazio egokia), ondasun materialak, kultura-ondarea eta paisaia. Faktore horien arteko interakzioa ere kontuan izan behar da, eragindako ekosistemek eskainitako ingurumen-zerbitzuak ere ebaluatuz. Eragin horiek barnean hartu behar dituzte zeharkako efektuak, metaketak, sinergiak, epe labur, ertain eta luzerako eraginak, ondorio iraunkorrak eta aldi baterakoak, positiboak eta negatiboak.

          Planaren aplikazioaren ondorioz planteatzen diren ekintzen deskribapen zehatz bat garatuko du Azterketak, baldin eta ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenak izan baditzakete. Horrela identifikatutako ekintza bakoitzerako, espero daitezkeen ingurumen-ondorio gertagarriak deskribatuko dira eta, hala behar denean, ingurumen-ondorio kaltegarri jakin bat gertagaitza dela justifikatu beharko da. Eta, identifikatutako inpaktu guztietatik berariaz nabarmendu beharko dira garrantzitsutzat hartutakoak.

          Planeko proposamenak kontuan izanik, eragin garrantzitsuenen artean honako hauek nabarmendu behar dira:

          Kalitate akustikoko baldintzak: Azterketa akustikoko emaitzek adierazten dutenez, inguruko bide-azpiegiturek (A-15 eta GI-3722 errepideak) eragindako emisio akustikoen ondorioz nagusiki, immisio akustikoko mailak ez dira egokiak lurzorurako aurreikusitako erabilerarako, ez baitira horrelako lurzoruentzat proposatutako kalitate helburuak betetzen.

          Batasunaren intereseko habitaten azalera galtzea: Planean jasotako jarduketek honako Batasunaren intereseko habitataren azaleraren % 30 galtzea ekarriko dute: «Altitude baxuetako sega-belardi txiroak» (EB 6510 kodea). Kontuan izan behar da Planaren eremuko azaleraren % 72 hartzen dutela belardi horiek.

          Planean jasotako jarduketek (lur mugimenduak, eraisketak, eraikuntzako lanak...) eragina izango dute airearen kalitatean, herritarren artean eragozpenak sortuz: partikula emisioen areagotzea, zaratak, bibrazioak, argi-kutsadura, hondakinen sorkuntza, ustekabeko isuriak...

        4. Prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak.

          Ingurumen-ebaluazioaren azken faseetan, alternatibarik egokiena hautatu ondoren, hartu beharreko neurri prebentibo, zuzentzaile eta, azken buruan, konpentsatzaileak garatuko dira, identifikatutako eraginak arintzeko; horrela, ingurumen-azterketa estrategikoan bertan ezarritako baldintzetan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsurik ez duela sortuko bermatuko da. Ahal den heinean, proposatutako neurrietako bakoitza zein garapen-tresnatan inplementatuko den zehaztuko da.

          Bestalde, Planaren barnean egonik ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera behartutako proiektuak identifikatu beharko dira garapenaren baldintzak ezartzeko eta, hala badagokio, proiektuak gauzatzean sortutako eraginak gutxitzeko gidalerroak ezartzeko.

          Azkenik, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak eskatu bezala, ingurumen-azterketa estrategikoak barnean hartuko ditu klima-aldaketaren gaineko eragina arintzeko eta hartara egokitu ahal izateko neurriak. Xede horrekin, Ihobek egindako gida metodologiko hauek erabili ahal izango dira erreferentzia gisa: «Klima-aldaketara egokitzeko udal-programak egiteko gida. Udalsarea 21 lan-koadernoa» eta «Euskadiko Hirigintzaren Plangintzari buruzko eskuliburua Klima-aldaketa arintzeko eta Klima-aldaketara egokitzeko».

        5. Alternatibak aukeratzeko prozesua.

          Honako hau bilduko da: alternatibak hautatzeko prozesuaren laburpen arrazoitu bat, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumen-arlokoa eta Planaren helburuekiko bat-etortzea eta proportzionaltasuna justifikatuko dituena, batez ere Ebazpen honetako Hirugarrena.2.A apartatutan adierazitako ingurumen-helburuekikoak.

          Ingurumen-azterketa estrategikoak barnean hartu behar du ezer ez egitearen aukera. Bada, aukera horretan, Planaren eremuak gaur egungo egoeran jarraituko luke. Plana aplikatu ez eta bertako proposamenak garatu ezean, hau da, eremuak gaur egungo egoeran jarraituz gero, aztertu beharko da zein izango litzatekeen arlo garrantzitsuen eboluzio probablea.

  1. Ingurumena zaintzeko programa.

    Azterketak ingurumena zaintzeko programa bat garatuko du eta bertan Plana aplikatzeak dakartzan ondorioak berrikusteko aurreikusitako neurriak deskribatuko dira. Ingurumena zaintzeko programan adierazleak deskribatuko dira eta, behar izanez gero, ondorio garrantzitsuenen erreferentziako balioak, bai positiboak bai negatiboak.

    Ingurumena zaintzeko programak Azterketan proposatutako adierazleak jaso beharko ditu, Ebazpen honen 3.2.F.2 apartatuta betetzeko, baita kasu bakoitzean, datuak biltzeko erabiliko diren aldizkakotasunari eta metodoei buruzko proposamen zehatz bat ere.

  2. Laburpen ez teknikoa.

    Azterketak aurreko epigrafeen arabera emandako informazioaren laburpen ez tekniko bat izango du; publikoak oro har ulertzeko moduko informazio zehatza izango du, aztertutako alderdi guztiak landuko ditu eta, era berean, informazio grafikoa izango du, dokumentu autoaskia eta Azterketarekiko independentea izan dadin.

    1. Hasierako onespenaren ondoren sustatzaileak kontsultatu beharko dituen eraginpeko administrazio publikoak eta publiko interesduna.

      211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan eta 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutako ondorioetarako, eraginpeko administrazio publikoen eta publiko interesdunaren zerrenda da aztertzen ari garen kasuan eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten tramitea betetzeko egin zena, betiere aipatu abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua jarraituz. Ingurumen-organoak honako hauek kontsultatu ditu:

      Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza.

      Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

      Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

      Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, (Uraren Euskal Agentziaren bitartez).

      Ekologistak Martxan.

      Itsas Enara Ornitologia Elkartea.

      Haritzalde Naturzaleen Elkartea.

      Ugatza Ornitologia Elkartea.

      Lanius Ornitologia Elkartea.

    2. Jendaurreko informazioaren eta kontsulten modalitateak, iraupena eta epeak.

      Informazioa eskuratzeko eta parte-hartze publikoa izateko eskubidea bermatzeko, organo erabakitzaileak, edo, hala badagokio, sustatzaileak, jendaurreko informazioaren izapidearen pean jarriko du Plan honen hasierako bertsioa, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, 45 egunez gutxienez.

      Halaber, epe horretan bertan, aurreko atalean identifikatu diren eragindako administrazio publikoen eta pertsona interesdunen iritzia jaso beharko da gutxienez.

      21/2013 Legearen 17.3 artikulua aplikatuz, ingurumen-azterketa estrategikoa egiteko eta lege horren 20., 21., 22. eta 23. artikuluetan aurreikusitako jendaurreko informazioa eta kontsultak gauzatzeko gehieneko epea hamabost hilabetekoa izango da, irismen-dokumentua sustatzaileari jakinarazitako egunetik zenbatzen hasita.

    3. Dokumentazioa aurkezteko instrukzioak.

      Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. artikuluaren arabera, kualifikazio profesional eta goi-mailako hezkuntzari buruzko arauen arabera behar besteko gaitasun teknikoa duten pertsonek egingo dute Azterketa, eta Legearen eskakizunak betetzeko behar den kalitatea izango du. Azterketaren egileak identifikatu behar dira, haien titulazioa eta, hala badagokio, lanbide arautua adierazita. Identifikazioak izena, abizenak eta nortasun-agiri nazionalaren kodea edo helburu berberetarako balio duen beste dokumentu bat izango ditu. Gainera, amaiera-data eta pertsona horien sinadura jasoko dira. Horiek Azterketaren edukien eta informazioaren fidagarritasunaren erantzule izango dira, administrazioak frogagarri gisa emandako datuak alde batera utzita.

      Dokumentazioa aurkezteko, honako jarraibide hauek bete beharko dira:

      1. Ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentuek koherentzia egokia errespetatu beharko dute, bai haien artean baita aurretik aurkeztutakoekin ere, halakorik bada, hartara erabakia hartu behar duten administrazio-organoen lana erraztuz eta ez eragotziz.

      2. Arreta berezia jarri beharko da kasu bakoitzean dokumentu teknikoen atalak haien artean erlazionatzea ahalbidetzen duten datuak adieraztean (esaterako, atal batean proiektuko ekintzak deskribatzen badira eta beste batean ekintza horiek eragindako ingurumen-inpaktuak, bi kasuetan ekintzak izen berarekin aipatu beharko dira).

      3. Beharrezkoa bada, datuak zein iturritatik lortu diren adierazi behar da.

      4. Dokumentazio grafikoa eta kartografikoa sartu beharko da, behar bezala geoerreferentziatua, beharrezkoa den ataletan.

      5. Plano guztiak kodearekin eta izenburuarekin identifikatu behar dira. Halaber, honako hauek adierazi beharko dira: irudikatutako datuak zuzen interpretatzeko behar diren azalpenak eta sinboloak; eskala grafikoa eta zenbakizkoa, inprimatzeko formatua adierazita; sinadura eta noiz egin den.

      6. Jatorrizko eskalatik murriztutako planoak aurkeztuz gero, zuzendu egin beharko da planoan jatorrian adierazitako eskala, aurkeztutako planoan oinarritutako neurketek ez dezaten akatsik izan.

      7. Dokumentazioan sartu beharko dira testuetan aipatzen diren eranskin, irudi, plano edo argazki guztiak. Erreferentzia horiek dagokion elementua erraz aurkitzeko moduan egingo dira, argi eta garbi.

      8. Informazio jakin bat dokumentuko atalen baten ongitze edo zuzentze gisa aurkeztekotan, eta aldi berean espedientean zuzendu nahi den atala mantentzen bada, informazio berriak adierazi beharko ditu ongitzearen edo zuzentzearen ondorioz jatorrizko dokumentuan ezeztatutzat edo ordezkatutzat jo beharreko kapituluak, orrialdeak, epigrafeak, atalak, paragrafoak, esaldiak, koadroak, irudiak, planoak, eta abar. Aurreko informazioren bat osatzen edo zuzentzen duen informazioak egoera horren berri eman beharko du hasieran. Eskaera bat zuzentzeko aipatutako jarraibideak betetzen ez badira, tramite gehigarri bat eska daiteke kontraesankorrak edo inkongruenteak izan daitezkeen alderdiak argitzeko, horrek prozeduraren ebazpenean dakarren atzerapenarekin.

      9. Eskaera IKS-eem sistemaren bidez aurkeztu beharko da, aplika daitezkeen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean eskura daitezkeen fitxak eta formularioak erabilita, zehazki, helbide honetan:

        http://www.euskadi.eus/web01-2inguru/es/contenidos/informacion/guia_iks/es_def/index.shtml

      10. Dokumentu bat.pdf formatuan aurkezten denean, gehienez 30 MB izango ditu eta bilaketak egiteko aukera eman beharko du. Hori baino handiagoak diren dokumentuak zatitu egin behar dira sisteman sartzeko.

      11. Aurkeztutako dokumentazio guztiaren aurkibide oso bat txertatuko da, adierazitako ataletako bakoitza zein orrialdetan dagoen zehaztuta. Aurkibidea aurkeztean.pdf dokumentu baterako, adierazitako orrialde-zenbakia bat etorriko da irakurketa programaren «Joan orrialde honetara» eremuan, unean uneko orrialdera joateko, erabiltzen denarekin.

      12. Dokumentu kartografikoak.pdf formatuan eta.shp formatuan entregatu beharko dira. Plano horiek kode batekin eta izenburuarekin identifikatu beharko dira; halaber, legenda bat izan beharko dute eta adierazitako datuak ongi interpretatzeko beharrezko sinbologia. Shape fitxategiak ongi manipulatu ahal izateko, ez dira 10 Mbtik gorakoak izan behar.

      13. Organo sustatzaileak datuak igortzean datu pertsonalak babesteari buruzko arautegia betetzen dela bermatu beharko du beti.

        Laugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Andoaingo Udalari.

        Bosgarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean argitaratzeko agintzea.

        Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 15a.

        Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

        IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik
Euskadi, auzolana