Legesarea Euskadi

Euskadi.eusen sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2. EBAZPENA, 2018ko uztailaren 12koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, z...
 

Araudia

Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden eta aplikagarriak diren lege eta arau multzoa.

Zergei buruzko araudia

Euskal Herriko hiru lurralde historikoetako zerga arloko araudia

 

Eskumenak eta transferentziak

Eduki-mota honek Euskal Herriaren Autonomia Estatutuan aitortutako eskumenak hartzen ditu baita Autonomia Erkidegorako transferentzien egoera ere.

 

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Garrantzi juridikoko dokumentazioari buruzko edukiak EAE ko legedia ulertu eta interpretatzeko laguntza dira, baita Eusko Jaurlaritzaren administrazio-egintza eta -jarduera jakin batzuen berri izateko laguntza ere.

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 12koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten baita honako proiektu honi buruz: hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko instalazio bat ezartzea, Cespa Gestión de Residuos SA enpresak duen hondakin ez-arriskutsuen zabortegian, Mutiloako udal-mugartean (Gipuzkoa).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 149
  • Hurrenkera-zk.: 4038
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/07/12
  • Argitaratze-data: 2018/08/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Garraio eta herri lanak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Industria; Gobernua eta herri administrazioa; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2018ko abenduaren 21ean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Cespa Gestión de Residuos SA enpresak egindako eskaera bat jaso zen, Mutiloako udalerrian (Gipuzkoa), Cespa Gestión de Residuos SA enpresak sustatutako hondakin ez-arriskutsuen zabortegian, hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko instalazioa ezartzeko proiektuari buruzkoa, betiere Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) aurrerantzean, abenduaren 9ko 21/2013 Legea 45. artikuluarekin bat etorriz, arau horren 7.2.a artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, 2018ko martxoaren 14an ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatutako proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazte aldera.

Bereziki, kontsulta egin zaie: Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari (Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza), biak ere Eusko Jaurlaritzakoak; Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari; Eusko Jaurlaritzaren IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari; Mutiloako Udalari, Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteari, Basagure Talde Ekologistari, Eguzkizaleak Elkarteari eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteari.

Kontsulta-izapidea bukatu ondoren, zenbait erantzun jaso dira: zehazki, Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena, Gipuzkoako Osasun Publikoaren Zuzendaritzarena, Ihoberena eta Uraren Euskal Agentziarena. Kontsulten emaitza espedientean jaso da. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txosten hau egiteko.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko da arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei buruz: ebazpen honen xede den jarduera lege horren II. eranskineko 9. taldeko e) letran jasota dago: «Hondakinak balioztatzea xede instalazioak (...), ez baldin badira garatzen industrialde bateko nabe batean (...)». Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio Cespa enpresaren soberakinak kontrolatzeko biltegian hondakinak balorizatzeko instalazio bat ezartzeko proiektuari, Cespa Gestión de Residuos SAk sustatutakoari. Ondoren, proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez zehaztuko da eta, beraz, baita ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskuduna aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura arrunta egin behar zaion ala ez.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

Lehenengoa. Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea honako proiektu honen gainean: Cespa enpresak duen hondakin ez-arriskutsuen zabortegian hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko instalazio bat ezartzeko proiektua, Mutiloako udalerrian:

  1. Proiektuaren xedea da hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko instalazio bat ezartzea Cespa Gestión de Residuos enpresak Mutiloan duen hondakin ez-arriskutsuen zabortegian. Zabortegi horrek ingurumen-baimen integratua dauka, 2014ko azaroaren 11ko Ebazpenak emana, hondakin ez-arriskutsuen zabortegi-jarduera egiteko Mutiloako (Gipuzkoa) udal-mugartean.

  2. Hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko instalazioa ezartzeak ingurumenean duen inpaktuari buruzko txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuari buruzko ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

    1. Proiektuaren ezaugarriak:

      Egin nahi den proiektua, honetan datza: hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko instalazio bat zabortegiko instalazioen barruan. Hondakin ez-arriskutsuen zabortegiaren jarduera (eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak biltegiratzeko eta birrinduz tratatzeko jarduerak barne hartuta) baimenduta dago Ingurumeneko sailburuordearen 2014ko azaroaren 11ko ebazpenaren bidez. Proposamen honek hondakinak kudeatzeko eragiketa berri bat gehitzen du, baita instalazioetan tratatu beharreko hondakin mota berriak ere.

      Jarduera hori egiteko, pabiloi bat eraikiko da, dagoen estalpearen luzapen gisa, eta, hor, dagoeneko banatuta dauden hondakinen zati bat balorizatu eta pilatu egingo da, baimendutako kudeatzailera eraman arte. Zabortegian dauden beste instalazio batzuk ere erabiliko dira; esaterako: baskula, gurpilak garbitzekoa, instalazioak drainatzeko sareko urak hartzen dituen lixibiatuen baltsa, urak kolektorera bideratzen dituen araztegia eta kontrol-etxola.

      Instalazioetara urtean iristen diren 25.000 tona inguruetatik urtero 20.000 balorizatzea aurreikusten da. Era honetako hondakinak onartuko dira balorizatzeko instalazioan:

      Hormigoia (12.500 t/urte).

      Adreiluak, teilak eta material zeramikoak, substantzia arriskutsurik gabekoak (7.500 t/urte).

      Zura (1.250 t/urte).

      Papera eta kartoia (1.250 t/urte).

      Plastikoa (1.250 t/urte).

      Plastiko ez-birziklagarria (750 t/urte).

      Metalak (450 t/urte).

      Gainerako hondakinak (50 t/urte).

      Proiektuaren helburuak, zehatz-mehatz, honako hauek dira:

      Instalazioetan tratatu beharreko hondakin mota berriak gehitzea, zehazki honako LER hauei dagozkienak: 150103, 170401, 170402, 170403, 170404, 170405, 170406, 170407, 170411, 200101, 200102, 200138 eta 200140.

      Ingurumen Baimen Integratuan jada jasota dauden LER hauen aurretiko tratamendua sartzea: 170504, 170802, 150101, 150102, 170103, 170107, 170202, 170203, 170904 eta 200139.

      Tratatzeko baimena jada zuten hondakinak (170101, 170102, 170107, 170904 eta 170201) nabe finko berrian tratatzen hastea.

      Hondakinak instalazioetara iritsitakoan, honako eragiketa hauek egingo dira:

      Biltegiratu eta pilatzea:

      Materiala gainbegiratu ondoren, nabean deskargatzen da.

      Hondakinen bereizketa, triaje eta sailkapena egitea:

      Nabean bereizten dira instalazioan onargarriak ez diren hondakinak (hondakin arriskutsuak, HHS edo organikoak); horrelakoak nabearen barruan horretarako prestatutako eremuan biltegiratuko dira, atxikitze-kubetetan, eta ondoren baimendutako kanpoko kudeatzaileei igorriko zaizkie. Bereizi ondoren, hondakin onargarrien triajea egingo da, onartzeko moduko hondakin balorizagarriak bereizteko eta bi talde hauetan sailkatzeko:

      Birrintzen ez diren hondakinak:

      Papera, kartoia, plastiko meheak, plastiko gogorrak eta metalezko elementuak eskuz bereiziko dira, eta haien tipologiaren arabera sailkatuko dira. Teilatupeko edukiontzietan biltegiratuko dira, azkenik kanpoan kudea daitezen.

      Birrintzen diren hondakinak:

      Hormigoia, adreiluak, teilak eta material zeramikoak, substantzia arriskutsurik gabekoak, bereizi eta sailkatu ondoren, zuzenean pilatuko dira zabortegiko ustiapen-eremuko gainazal iragazgaiztu baten gainean; gainerako hondakinetatik eta balorizazio-instalaziotik aparte, horrenbestez. Urtean hiru astez, hondakin horiek birrindu egingo dira zabortegiko ustiapen-eremuan dagoen birrintzeko eta bahetzeko makina mugikor batean. Lortutako materiala, balorizatzeko modukoa bada, kanpoan kudeatuko da. Balorizatu ezin dena zabortegia bera egokitzeko lanetan erabiliko da, betiere horretarako baldintzak betetzen baditu.

      Hondakinak balorizatzeko instalazioan burutu beharreko prozesuak ez dakar berekin haiek eraldatzea, ez eta haien izaeran aldaketa kimikoak eragitea ere; izan ere, hondakinak sailkatu eta/edo bildu, tratatu (gehienez ere, haien tamaina aldatuko da, produktu erabilerrazago bat sortzeko) eta berrerabili baino ez da egingo.

      Halaber, nabearen barruan ur-biltegi bat egitea aurreikusi da, hondakinak tratatzeko garaian sor litezkeen hondakin-urak biltzeko; urok gaur egun dagoen lixibiatuen baltsara bideratu dira, horretara bideratzen baitira zabortegian sortutako hondakin-ur guztiak, dagoen araztegian tratatzeko. Araztegiak tratamendu biologikoa du (lohi aktibatuen bidezko aireztatzea). Jada tratatutako urak Gipuzkoako Ur Kontsortzioko saneamendu-kolektorera bidaltzen dira.

      Estalkiko eta kanpoaldeko euri-urak beste modu batez bilduko dira, eta zabortegiko ontziko euri-uren sistemara bideratuko dira.

    2. Proiektuaren kokapena:

      Hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko instalazioa jarri behar duten hondakin ez-arriskutsuen zabortegia Lierniko auzoan dago, Mutiloako udal-mugartean.

      Instalaziotik herrigune hurbilenera (Ormaiztegi) kilometro bat dago gutxi gorabehera, baina etxebizitza isolatu batzuk daude zabortegiaren inguruan.

      Zabortegia zuhaitz-sailez inguratuta dago. Haren iparraldean Eztanda ibaia dago, Ormaiztegi zeharkatu ondoren Oria ibaira doana. Eztanda ibaiak ur-bazterreko landaretza du, ibaiertzetan soilik.

      Instalazio berriak dagoen estalpearen luzapen gisa eraikiko dira; industria-nabe bat hartuko dute barnean, eta, hor, dagoeneko banatuta duden hondakinen zati bat balorizatu eta pilatu egingo da, baimendutako kudeatzailera eraman arte. Nabea eraikitzeko, lur-mugimenduak egin beharko dira (500 m3 baino gutxiagoko bolumena), zehazki lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati batean. (20057?00003 kodea). Nabe horrek hormigoi iragazgaitzezko zolata izango du, eta hondakinak pilatzeko eremuak iragazgaiztuta egongo dira; atxikitze-kubetak ere izango dituzte.

    3. Balizko inpaktuaren ezaugarriak:

      Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak, batetik, obra-fasearen eta, bestetik, ustiapen-fasearen ondorioz sortuko dira. Azpimarratzekoak dira:

      Obra-fasea:

      Nabea eraikitzeko behar den lur-mugimendua: aurretik adierazi bezala, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzoruak dira. Sustatzailearen arabera, 500 m3 baino gutxiagoko bolumena mugituko da. Gainera, obrek zarata eta hautsa eragingo dituzte, eta, ondorioz, eragozpenak herritarrei.

      Eztanda ibaiari eragiteko arriskua ere badago obrako makinen unean uneko isuriengatik edo sortutako zatiki finen ondorioz.

      Halaber, obren ondorioz, egoki kudeatu beharko diren hainbat hondakin sortuko dira.

      Ustiapen-fasea:

      Hondakin ez arriskutsuak balorizatzeko jarduerak zenbait inpaktu mota sortuko ditu. Alde batetik, makinak erabiltzeak eragindako inpaktua (kamioien joan-etorria, zamalanak, atzerako hondeamakina, xehatzeko eta bahetzeko instalazio mugikorra); horren ondorioz, airearen kalitatea okerragotu egingo da isuri barreiatuak direla-eta, eta zaratak ere eragozpenak eragingo ditu. Eragin horiek dagoeneko badaude, zabortegiaren jarduera dela eta; halere, balorizatzeko instalazioa martxan hasten denean, areagotu egingo dira. Beste alde batetik, handitu egingo da lurzorua eta urak kutsatzeko arriskua, hauek direla eta: makinak mantentzeko eta erregaiz hornitzeko jarduerak, lurzoruaren iragazgaiztea hondatzea, ustekabeko isuriak, etab. Halaber, hondakin-kopurua handitu egingo da, eta, horien izaeraren arabera, partzelatik kanpo eramango dira, edo hondakindegian bilduko.

      Amaitzeko, adierazi behar da hondakinak balorizatzeko jarduerak alderdi positiboak ere badituela, hala nola materialak berrerabiltzea eta, horren ondorioz, energia zein eremua aurreztea (zabortegiaren erabilera gutxitzea).

      Bigarrena. Proiektua gauzatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak eta baimen sektorialetan adierazitakoak ez ezik, baldintza hauek ere izan behar dira kontuan:

      Airea babesteko neurriak:

      Ingurumen-baimen integratua eguneratzeko orduan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarduera garatzeko, arreta berezia jarriko da hondakinak balorizatzeko lanetan ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Honako neurri hauek hartuko dira kontuan horretarako:

      Materialaren zamalanak egiteko orduan, ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira horiek; hala bada, honako neurri hauek hartuko dituzte, besteak beste: materiala deskargatzean, hura erortzen den altuera gutxitzea; materiala hartu ondoren, koilara edo atzaparrak guztiz ixtea; koilara behar den denboraz uztea toberetan, deskarga egin ondoren...

      Materialak biltegiratzea: babestuen dauden tokietan bilduko dira, haizeak hondakinak herrestan eraman ez ditzan; bilketen altuera ere kontrolatuko da, eta, behar izanez gero, ihinztatzeko, lainoztatzeko eta langartzeko sistemak erabiliko dira. Aire zabaleko biltegien kasuan, behar izanez gero, haize-babes artifizial edo naturalak erabiliko dira, haizearen abiadura eta turbulentzia murrizteko; babes hori haizearen norabidearekiko zut jarriko da, biltegiratutako materiala babesteko.

      Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.

      Makineriak ez du orduko 20 km-ko abiadura gaindituko, atmosferan partikulen suspentsioa ahal den txikiena izan dadin.

      Zamalanak, biltegiratzeak eta abarrak egiten dituzten bideak eta eremuak hauts-itxurako materialik gabe edukiko dituzte; erraztatu aurretik eremua hezetu edo busti beharko dute haiek garbitzeko, metodo horiek lehorrean garbitzea baino eraginkorragoak direlako.

      Plantaren instalazioak aldi-aldian berrikusi beharko dira, egoera onean egon daitezen.

      Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

      Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:

      Zarata prebenitzeko behar diren neurriak hartuko dira, eragin akustiko txikiena duten teknologiak erabiliz, kontuan izanik eskuragarri dauden teknikarik onenak halakotzat hartuko dira gutxien kutsatzen duten teknologiak baldintza tekniko eta ekonomiko bideragarrien barnean eta kasuan kasuko igorgailu akustikoaren ezaugarriak aintzat hartuz. Betiere, foku igorle berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

      Jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioen mailek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute eta, batez ere, Aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

      Urak eta lurzorua babesteko neurriak:

      Lurzorua okupatzea dakarten lanak egin behar izanez gero, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira.

      Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua, bai eta Lurzoruaren Kutsadura Prebenitzeko eta Zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea ere.

      Obra-fasean, ahal den eta material xehe gutxien isuriko da drainatze naturaleko sarera, eta bermatu beharko da ez dela eraginik izango uren kalitatean, eta, hala badagokio, dekantazio-baltsak ezarriko dira.

      Inguruko ibilgu edo iturburuetatik urak hartu behar badira, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren baimen egokia lortu beharko da.

      Tratamendu-plataformaren ondoko hobian bildutako urak lixibiatuen baltsara bideratuko dira, instalazioan sortutako gainerako efluenteekin batera. Ur horiek tratatu egingo dira, saneamendu-sarearekin bat egin aurretik.

      Gaur egun sortzen direnez gain isurtzea aurreikusitako ur gehigarriei dagokienez (Partzuergoaren kolektorera isurtzea aurreikusita dago), Uraren Euskal Agentziak igorritako txostenean adierazitakoari jarraikiz, Partzuergoaren kolektorearen txostena aurkeztu behar da, dauden sistemak karga berrietarako aski direla justifikatzeko. Isuri-karga berriek ingurumen-baimen integratuan ezarritako baldintzak nabarmen aldatzea balekarte, hura aldatzea eskatu beharko litzateke.

      Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarreko araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintzak edukiko dituzte. Berariaz debekaturik egongo da mantentze-lanak horretarako zuzendutakoa ez beste toki batean egitea.

      Hondakinak kudeatzeko neurriak:

      Jardueran sortutako hondakin guztiak behar bezala kudeatzen direla kontrolatuko da, indarrean dagoen legeria betez.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra izango da teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik ezinezkoa izatea haiek balorizatzea.

      Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea (arriskutsuak izan ala ez), haien artean nahiz beste hondakin edo efluente batzuekin. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta hondakinak jasotzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak edukiko dira erabilgarri, nahasketak saihesteko eta kudeatzaile baimenduaren esku uzteko, baldin eta ez badira berrerabiltzen instalazioan.

      Hondakinak biltegiratzeko eremu egokiak gaitu beharko dira tipologiaren, sailkapenaren eta bateragarritasunaren arabera. Hondakin arriskutsuak estalpean biltegiratuko dira, zolata iragazgaitzaren gainean, eta jarioak edo lixibiatu likidoak jasotzeko sistemekin; halaber, biltegiratze mota horretarako preskripzio teknikoak bete beharko dira.

      Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

      Gainera, hondakin hauek bereiz biltegiratzeko edukiontziak egongo dira, gutxienez: papera eta kartoia, plastikoak, metalak eta errefusa.

      Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.

      Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte bilketa-sistemek, eta hondakin arriskutsuak dituzten ontziek itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, hondakinok isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

      Aipatutako deposituak edo ontziak era argi, irakurgarri eta ezabagaitzean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

      Behin instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

      Era berean, jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

      Hirugarrena. Adieraztea ez dela aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik izango denik, betiere lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan hartuta sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta ingurumen-baimen integratuan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela. Hortaz, ez da beharrezko jotzen ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea proiektu honen gainean: hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko instalazio bat ezartzea, Cespa Gestión de Residuos SA enpresak duen hondakin ez-arriskutsuen zabortegian, Mutiloako udal-mugartean (Gipuzkoa).

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean baimenik ematen ez bazaio aipatutako proiektuari. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 12a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik
Euskadi, auzolana