Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Arautegia

Inprimatu

163/2018 EBAZPENA, abenduaren 12koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbideak elkarri emateko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 245
  • Hurrenkera-zk.: 6271
  • Xedapen-zk.: 163
  • Xedapen-data: 2018/12/12
  • Argitaratze-data: 2018/12/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Informazio etak komunikazioak; Sailak; Instituzional; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 12a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 5a.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Josu Iñaki Erkoreka Gervasio jauna, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (aurrerantzean, EAEko Administrazioa) ordezkatuz, lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) esleitutako eskumenak baliatuz eta apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuak (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoak) 11. artikuluan jasotako berezko eskumenak erabiliz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluan ezarritakoekin eta indarreko legeriak esleitzen dizkion gainerako guztiekin bat.

Bestetik, Imanol Lasa Zeberio jauna, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuaren foru diputatua, Foru Aldundi hori ordezkatuz, Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea (apirilaren 2ko 7/1985) aplikatuz, toki-araubidearen arloan indarrean dauden xedapenen testu bateginak (apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak) eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak (apirilaren 7ko 2/2016) esleitutako eskumenak erabiliz.

Alderdiek hitzarmena sinatzeko behar den gaitasun juridikoa onartzen diote elkarri eta hori dela bide hauxe

AZALTZEN DUTE:

  1. Euskal administrazio guztiek, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bai Foru Aldundiek eta toki-erakundeek, kalitate oneko zerbitzu eraginkor batzuk eskaini behar dizkiete herritarrei, kudeaketa publikoan baliabide publikoak esleituz eta erabiliz eta administrazio-izapidetzea erraztuz eraginkortasuna bilatu behar dute, administrazio-bikoiztasunak saihestu edo deuseztatu behar dituzte eta aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko legeria bete behar dute, gainerako administrazio publikoekin jardutean partaidetza-, objektibotasun-, gardentasun-, lankidetza-, elkarlan- eta koordinazio-printzipioei jarraituz, beren helburu komunak erdiesteko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 3. eta 140. artikuluetan ezartzen duen moduan; halaber, beren gobernamendu publikoko ereduan aurrera egin behar dute, administrazio publiko efizienteagoa, eraginkorragoa, hurbilagoa, gardenagoa eta parte-hartzaileagoa eraikitzeko.

    Helburu horiek lortzeko, beharrezkoa da administrazio publikoen arteko elkarlana areagotzea, lankidetza-hitzarmenak sinatzen dituzten alderdiek hartzen dituzten konpromisoez eta baldintzez, eta, zehazki, euskal administrazioen arteko komunikazio-sare bat izatea, haien artean informazioa trukatzeko sistemak eraikitzea administrazio-prozeduran dokumentuak edo datuak eman beharra saihesteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera, administrazioen arteko eta herritarrekiko komunikazio- eta jakinarazpen-sistema bat garatzea eta identifikazio eta sinadura elektronikorako sistema eta aplikazio informatikoak partekatzea eta berrerabiltzea, ordainketetarako, kontratazio publikorako eta beren eskumeneko beste edozein administrazio-jarduketarako.

    Hitzarmena da administrazio publikoen arteko akordioak formalizatzeko tresna juridikoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko VI. kapituluak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 100. artikuluak eta Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57. artikuluak xedatzen dutenaren arabera.

  2. Sinatzen duten alderdien eskumenetako bat da zerbitzu elektronikoak bultzatu, garatu eta ezartzeko informazioaren teknologiak aplikatzea, herritarren eta enpresen onerako. Xede horretarako, beharrezkoa da azkar eta eraginkortasunez aurrera egitea administrazio elektronikoaren garapenean, administrazioen artean eta herritarrekiko harremanetan harreman elektronikoa ahalbidetzeko edo ezartzeko. Beraz, nahitaezkoa da administrazio guztien esku dauden zerbitzu elektroniko batzuk edukitzea, urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezarritako betebeharra benetan betetzeko; izan ere, lege horrek xedatzen duenez, administrazio publikoek, elkarrekin eta beren organoekin, erakunde publikoekin eta haiei lotutako edo haien mendeko erakundeekin harremanetan jartzeko, baliabide elektronikoak erabili beharko dituzte, haietariko bakoitzak hartutako sistemen eta irtenbideen elkarreragingarritasuna eta segurtasuna ziurtatzen dituztenak, betiere datu pertsonalen babesa bermatuz. Bestetik, herritarrek administrazio publikoekin elektronikoki harremanetan jartzeko eskubidea dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarri bezala.

    Gainera, Euskadiko Toki Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legeak 19.4 artikuluan ezartzen duenez, toki-araubidearen oinarrizko legeriak eta foru-arauek ezarritakoarekin bat etorrita, foru-organo eskudunek laguntza teknikoa emango diete bakoitzak bere lurralde historikoko udalerriei, legeek edo, kasuan kasu, foru-arauek udalerriei esleitutako eskumenak benetan gauzatzen direla bermatzeko.

  3. Alderdiak ados daude herritarrei lineako zerbitzuak ematea bultzatzen jarraitzearekin, haien elkarreragingarritasuna erraztuz. Ildo horretatik, sinatzaileek, beren eskumen-eremuetan, beharrezkotzat jotzen dute administrazio elektronikoko proiektuen koordinazioa sustatzea, haien eraginkortasunik handiena lortzeko asmoz eta interes publikoa asetzeko azken helburuarekin.

  4. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraituz, Hitzarmen honetan jasota dauden administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbideek betetzen dituzte hitzarmena sinatzen duten administrazioek bete behar duten Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legean ezarritako betebeharrak, eta, bestalde, aurreikusten dituzte beharrezko mekanismoak eta aurreikuspenak, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek, foru-administrazioen babespean finantza eraginetarako, baita euskal sektore publiko osoak ere hitzarmen honen helburu diren irtenbideetara atxikitzeko aukera eduki dezaten. Horrela, Hitzarmenaren edukiak betearaztearekin lotutako zerbitzuak emateko garaian, bikoiztasunak eta eraginkortasun ezak saihestuko dira, lehen esandako urriaren 1eko 39/2015 Legearen bigarren xedapen gehigarrian jasotako eskakizunei egokituz.

  5. Helburu horiek lortzen eraginkorragoak izateko eta administrazio publikoen arteko lankidetza-printzipioei jarraikiz, akordio hau bereziki baliagarria da sinatzen duten bi administrazioentzat.

  6. Administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoek emandako funtzionaltasunak etengabe garatzen ari dira, informazioaren eta komunikazioaren teknologien garapenaren ondorioz eta zehaztapen teknikoei eta segurtasunekoei eragiten dieten arau-aldaketen ondorioz. Beraz, eranskinak agiri biziak dira.

  7. 2017ko martxoaren 24an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak beste lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Estatuko Administrazio Orokorrarekin (Administrazio Digitaleko Idazkaritza Nagusia), administrazio elektronikoko zerbitzuak elkarri emateko. Lankidetza-hitzarmen horrek aurrekoa, 2010eko urriaren 18koa, hain zuzen, ordezten du.

    Hori dela-eta, Foru Aldundiek, horiei atxikitako edo horien mendeko erakunde publikoek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari atxikitako eta horren mendeko erakunde publikoek Estatuko Administrazio Orokorrarekin sinatutako hitzarmenean adostutako administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoetan eta hitzarmen honetan xedatutako administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoetan zein etorkizunean adosten direnetan parte har dezaten, aipatutako hitzarmenekiko atxikipena ezarri behar da, zerbitzu bakoitzean ezarritako betebeharrak edonola ere beteko direla bermatzen duen prozedura baten bidez.

  8. Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek Estatuko Administrazio Orokorrarekin sinatutako hitzarmenean adostutako administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoetan eta hitzarmen honetan xedatutako administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoetan zein etorkizunean adosten direnetan parte har dezaten, mekanismo egoki bat ezarri behar da, toki-erakunde horiek aipatutako hitzarmenei erraz atxiki ahal izateko, zerbitzu bakoitzean ezarritako betebeharrak edonola ere beteko direla bermatzen duen prozedura baten bidez.

    Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 19.4 artikuluan ezartzen denarekin bat eginez, foru-organo eskudunei dagokie beren lurralde historikoko udalerriei laguntza teknikoa ematea, legeek esleitutako eskumenen eraginkortasun osoa bermatzeari begira.

    Horregatik guztiagatik, alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzen dute, klausula hauen arabera:

    KLAUSULAK

    Lehenengoa. Xedea.

    1. Hitzarmen honen xedea da zehaztapen eta baldintza orokorrak finkatzea, sinatzaileek eta beraien menpeko edo beraiei lotutako erakundeek ematen dituzten administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoak, bigarren klausulan azaldutakoak, hain zuzen, batera aprobetxa ditzaten.

      Hitzarmena sinatzearen helburuak honako hauek dira: kudeaketa publikoaren eraginkortasuna hobetzea, baliabide eta zerbitzu publikoen baterako erabilera erraztea, onura publikoko jarduerak egiten laguntzea, aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko legeak betetzea eta administrazio-bikoiztasunak ezabatzea. Horretan, honako artikulu hauek bete beharko dira: urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.3 artikulua; Toki-araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57. artikulua, Toki-administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen lehenengo artikuluan jasotako idazkeraren arabera; eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 100. artikulua.

    2. Hitzarmen honen xedea, halaber, idazki honen I. eranskinean zehazten den protokoloan azaldutako prozedura zehaztea da. Prozedura horren bidez, hitzarmen honen bigarren klausulan zerrendatutako soluzio teknologikoetan edo etorkizunean eguneratzen edo aldatzen direnetan interesa duten toki-erakundeei sarbidea emango die Foru Aldundiak. Foru Aldundiak, edonola ere, hitzarmen honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla bermatuko du.

      Bigarrena. Aplikazio-eremua.

    1. Gipuzkoako Foru Aldundiak, baita horren menpeko edo berari lotutako erakunde publikoek ere, sarbidea izango dute Estatuaren Administrazio Orokorraren (Administrazio Digitaleko Idazkaritza Nagusia) eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetza-hitzarmenean, administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbideak elkarri ematekoan, 2017ko martxoaren 24an sinatutakoan, hain zuzen, azaldutako administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoek emandako funtzionaltasunetara.

    2. Gainera, aurreko paragrafoan adierazitako alderdiek sarbidea izango dute II. eranskinean jasotzen den Administrazio Elektronikoko Zerbitzuen Katalogoan zehazten diren zerbitzuak ematea ahalbidetzen duten administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoek ematen dituzten funtzionaltasunetara.

    3. Arestian zehaztu diren oinarrizko irtenbideak garatzeko erabilitako teknologia eguneratu ahalko da edo eraginkorragoak diren beste batzuek ordeztu ahalko dute, hitzarmen honen seigarren klausulan ezarritako Jarraipen Batzordearen erabakiaren bidez, informazioaren eta komunikazioaren teknologien garapenaren ondorioz, aurreko zenbakian zerrendatu diren aplikazioak edo sistemak zaharkituta geratzen direnean edo dagozkien zehaztapen tekniko eta segurtasunekoei eragiten dieten arau-aldaketak gertatzen direnean.

      Hirugarrena. Eremu subjektiboa.

    1. Hitzarmen honek, Gipuzkoako Foru Aldundira, EAEko Administrazio Orokorrera eta horiei atxikita dauden edo horien mendekoak diren erakunde publikoetara hedatuko ditu bere ondorioak.

    2. Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki-erakundeei eta horiei atxikitako edo horien mendeko erakunde publikoei dagokienez, eta I. eranskin gisa erantsi den protokoloan xedatzen den prozeduraren bidez, Foru Aldundiak hauetarako sarbidea emango die izena emandako toki-erakundeei:

      1. Estatuko Administrazio Orokorraren (Administrazio Digitaleko Idazkaritza Nagusia) eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetza-hitzarmenean (administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbideak elkarri ematekoan, 2017ko martxoaren 24an sinatutakoan) azaldutako administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbide teknologikoek emandako funtzionaltasunak.

      2. dagokion toki-erakundeak administrazio elektronikoan hautatzen dituen oinarrizko irtenbide teknologikoek ematen dituzten funtzionalitateak, II. eranskinean jasotako Administrazio Elektronikoaren Zerbitzuen Katalogoan zehaztutako zerbitzuak ematea ahalbidetzen dutenen artekoak.

        Laugarrena. Hitzarmena sinatzen duten alderdien betebehar orokorrak.

        Oro har, alderdi sinatzaileek betebehar hauek hartzen dituzte:

        Hitzarmen honen bigarren klausulako 2. zenbakian ezarritako irtenbide teknologiko guztietarako edo horietako baterako sarbidea ematea beren lurralde-eremuko erakunde publikoei, haiei lotutakoei edo haien menpekoei eta toki-erakundeei, baita haien menpeko erakunde publikoei ere, gai horretan esleituak dituzten laguntza teknikoko eskumenen barruan, I. eranskineko Protokoloan finkatutako prozeduraren bidez.

        Beren eskumenen eremuaren barruan, hitzarmen honetan jaso eta II. eranskinean azaltzen diren irtenbide teknologikoen zehaztapen teknikoak betetzea.

        Hitzarmen honetan zerrendatutako oinarrizko irtenbideetan sartzeko behar diren konektibitate eta hedapeneko zeregin teknikoak egitea.

        Bigarren klausulan azaldutako irtenbide teknologikoak kudeatzen dituzten erakundeekin hitzartzea lotutako zerbitzuen errendimendu- eta monitorizazio-probak egitea, eskuragarri daudela bermatzeko.

        Irtenbideak zuzenki erabiltzea, baimenduta daudenerako baino erabili gabe.

        Hitzarmen honetan sartutako irtenbide teknologikoen sistema erabiltzaileak eta aplikazioak administratzeko prozesuak bateratzeko ezarritako prozedurei jarraitzea.

        Hitzarmen honetan jasotako irtenbide elektronikoei lotutako informazioa eta sistemak behar bezala babesteko behar diren segurtasun-neurriak hartu eta betetzea, erabakitzen den segurtasun komuneko politikari jarraikiz.

        Hala xedatzen duten irtenbide teknologikoetarako, zerbitzuak emateko behar den informazio legal, administratibo eta teknikoa nahiz herritarrek ezagutu behar duten beste edozein informazio deskribatzen duten agiriak eguneratzen laguntzea.

        Alderdi sinatzaileak edo haien hornitzaileak ez daude behartuta alderdi sinatzaileek, toki-erakundeek edo lotutako edo menpeko erakunde publikoek, hitzarmen honen edukian aurreikusitako esku-hartzeetan, bertan jasotzen diren oinarrizko irtenbideak txarto erabiltzearen edo eskuragarri ez egotearen ondoriozko zeharkako kalte-galerak gain hartzera.

        Bosgarrena. Hitzarmena sinatzen duten alderdien berariazko betebeharrak.

        Hitzarmen honek hizpide duen irtenbide teknologiko bakoitzari berariaz dagokionez, alderdi sinatzaileek II. eranskinean zehaztutako erantzukizunak hartzen dituzte gain ezarritako irtenbide teknologiko bakoitzarentzat.

        Seigarrena. Baldintza teknikoak eta funtzionalak.

        Hitzarmen honek hizpide duen irtenbide teknologiko bakoitzaren baldintza tekniko eta funtzionalak ezarritako irtenbide teknologiko bakoitzari buruzko II. eranskinean zehazten dira, nolanahi ere, Administrazio Elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasun-eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak eta hori garatzeko arauek xedatutakoa betez, baita hauek ere, bereziki: datu-bitartekaritzako Protokoloen Elkarreragingarritasunaren Arau Teknikoa onartzeko den Administrazio Publikoetako Estatuko Idazkaritzaren 2012ko ekainaren 28ko Ebazpena eta segurtasun-eskema nazionala (ENS), urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan araututakoa, baliabide elektronikoak erabiltzean aplikatu behar den segurtasun-politika zehazten duena.

        Zazpigarrena. Jarraipen Batzorde Teknikoa.

        Hitzarmen honetan eta beren eranskinetan adostutakoaren kudeaketa, jarraipen, zaintza eta kontrolerako, Jarraipen Batzorde bat eratuko da. Batzordeko kide izango dira Eusko Jaurlaritzak izendatutako bi pertsona eta Foru Aldundiak izendatutako bi pertsona.

        Hitzarmenaren Jarraipen Batzordearen jarduera Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18. artikuluraino ezarritakoaren araberakoa izango da.

        Hitzarmenaren Jarraipen Batzordearen funtzioak honako hauek dira:

        Arestian aipatutako hitzarmenean adostutakoaren kudeaketa, jarraipena, zaintza eta kontrola.

        Hitzarmen honen ondoriozko interpretazio- eta betetze-arazoak ebaztea.

        Egokitzat jotzen dituen hobekuntzen edo aldaketen formalizazioa proposatzea.

        Gainera, Jarraipen Batzordeak Hitzarmenaren funtsa ukitzen ez duten aldaketa teknikoak erabaki ahal izango ditu.

        Jarraipen Batzordeak ohiko bilkura bat izango du urtean. Horrez gainera, bilkura berezia egingo du edozein kidek eskatzen duenean.

        Bilerak baliabide elektronikoez egin ahal izango dira.

        Zortzigarrena. Araubide ekonomikoa.

        Lankidetza-hitzarmen honek ez du sortzen sinatzaileen arteko kontraprestazio ekonomikorik. Hala ere, alderdiek hitzarmen hau sinatuz gain hartu dituzten betebeharrak betetzeko behar diren inbertsioak egin beharko dituzte, materialki posiblea baldin bada.

        Alderdi sinatzaileek justifikazio-memorian aztertu egingo dute delako jardueraren beharra eta egokitasuna, eragin ekonomikoa baita horren kontratuz kanpoko izaera ere, aplikatu beharreko araudiari jarraituz.

        Bederatzigarrena. Hitzarmenaren indarraldia.

        Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori amaitu aurreko edozein unetan, Hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea. Hala eta guztiz ere, sinatzaile guztiak aho batez ados jarriz gero, Hitzarmena azkendu ahal izango dute.

        Hamargarrena. Hitzarmena aldatzea.

        Edozein alderdik noiznahi proposatu ahal izango du Hitzarmena berrikustea, egokitzat jotzen diren aldaketak egiteko. Hitzarmenaren edukia aldatzeko, sinatzaileek ados egon beharko dute.

        Klausulak berrikusten badira, eranskina Hitzarmenari erantsiko zaio, alderdiek sinatutako gehigarri batean.

        Halaber, gehigarri-prozedura horren bidez, alderdiek adostu ahal izango dute lehenengo klausularen I. eranskineko 2. zenbakian eta bigarren klausulan aurreikusitako II. eranskinari gehitzea hitzarmena indarrean dagoen bitartean sortzen diren eta haren xedearekin zerikusia duten administrazio elektronikoko funtzionaltasun eta zerbitzu berriak, baina horrek ez du ekarriko hitzarmen honen klausulak berrikustea.

        Hamaikagarrena. Araubide juridikoa.

        Hitzarmen honen manu arautzaileak dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikulutik 53. artikulurainokoetan ezarritakoa baita aplikagarria duen gainontzeko araudia ere.

        Hamabigarrena. Gatazkak ebaztea.

        Hitzarmen hau sinatuz, alderdiek konpromisoa hartzen dute hura betetzean sortzen diren gorabeherak elkarrekin adostuta konpontzeko.

        Hitzarmena garatzean eta betearaztean alderdien arteko auziren bat sortzen bada eta seigarren klausulan ezarritako Jarraipen Batzordeak ezin badu konpondu, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikziora joko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

        Hamahirugarrena. Hitzarmenak azkentzea.

        Hitzarmen hau azkenduko da bere helburua osatzen dituzten jarduerak betetzen direnean edo hura suntsiarazteko arrazoirik balego.

        Honako hauek dira suntsiarazteko arrazoiak:

        Indarraldia bukatzea, Hitzarmenaren luzapena adostu gabe.

        Alderdiek aho batez horrela adostea.

        Alderdiren batek ez betetzea hartutako betebeharrak eta konpromisoak.

        Erabaki judizial batek horren deuseztasuna adieraztea.

        Legeetan jasotako beste arrazoiren bat.

        Hamalaugarrena. Alderdiek hartutako betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez direnean aplika daitezkeen ondorioak eta ez betetzeagatik egon daitezkeen kalte-ordaina zehazteko irizpideak.

        Hitzarmena sinatu duen alderdi batek hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea suntsiarazteko arrazoia izango da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 51.2.c) artikuluan xedatutakoaren arabera.

        Hitzarmena sinatu duten alderdietako edozeinek errekerimendua jakinarazi ahalko dio bete ez duen alderdiari, epe jakin batean bete ditzan urratutzat jotzen diren betebehar edo konpromisoak. Jarraipen Batzordeko buruari emango zaio errekerimendu horren berri.

        Errekerimenduan adierazitako epea igarotakoan ez-betetzeak bere horretan badirau, salatu zuen alderdiak suntsiarazteko arrazoia dagoela jakinarazi beharko du, eta, horren ostean, hitzarmena suntsiarazitzat joko da.

        Hitzarmena ez-betetzeagatik suntsiarazten bada, egiaztatzen diren kalteen ondoriozko kalte-ordaina ezarri ahalko da.

        Hamabosgarrena. Komunikazioa.

        Alderdiek konpromisoa hartzen dute hitzarmenaren sinatzaileak aipatzeko bakarka zein batera hitzarmenaren gaiaz egiten dituzten komunikazio-egintza guztietan.

        Hitzarmen hau Estatuko Administrazio Orokorrari jakinaraziko zaio.

        Hamaseigarrena. EAEko Administrazio Publikoaren eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien artean eta Foru Aldundiek elkarrekin informazioa baliabide elektronikoen bitartez trukatzeari begira sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren interpretazioa (2015eko abenduaren 3ko EHAA).

        EAEko Administrazio Publikoaren eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien artean eta Foru Aldundiek elkarrekin informazioa baliabide elektronikoen bitartez trukatzeari begira sinatua duten lankidetza-hitzarmenak (2015eko abenduaren 3ko EHAAn argitaratuta) indarrean jarraituko du, eta hitzarmen honetan eta beronen eranskinetan jasotzen diren klausulak ezeztatzen ez dituen guztian ezarri ahalko da.

        Hamazazpigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko udalekin informazioaren, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren esparruan zerbitzuak elkarri emateko sinatutako hitzarmenen interpretazioa.

        Hitzarmen hau sinatzen den egunean sinatuta dauden lankidetza-hitzarmenek indarrean jarraituko dute, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalekin lankidetza-hitzarmenak sinatzeko ereduarekin bat eginez sinatu badira, eta hitzarmen honetan eta beronen eranskinetan jasotzen diren klausulak ezeztatzen ez dituen guztian ezarri ahalko dira (Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetako zuzendariaren apirilaren 12ko 50/2017 Ebazpenaren bidez argitaratu zen eredu hori, informazioaren, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren esparruan zerbitzuak elkarri emateko).

        Eta aurreko guztia frogatzeko, alderdiek hitzarmen hau sinatzen dute.

        HITZARMENAREN I. ERANSKINA

        FORU ALDUNDIAK TOKI-ERAKUNDEEI BIGARREN KLAUSULAKO ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOKO OINARRIZKO IRTENBIDEETARA SARBIDEA EMATEKO PROTOKOLOA

        Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko Toki Erakundeei buruzko Legearen 19.4 artikuluaren arabera, Foru Aldundiak eskudunak dira, toki-araubidearen oinarrizko araudian eta foru-araudian bertan jasotzen diren baldintzetan, beren lurralde historikoko udalerriei laguntza teknikoa emateko.

        Bigarrena. Foru Aldundiak hau ahalbidetuko du bere lurraldeko toki-erakundeek hitzarmena sinatzen dutenean:

      1. Estatuko Administrazio Orokorrarekin administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbideak elkarri emateko 2017ko martxoaren 24an sinatutako lankidetza, bigarren klausulako 1. zenbakian ezarritakoari jarraituz. Horretarako, irtenbide teknologiko bakoitza eskuratzeko eta erabiltzeko betebeharrak betetzeko konpromisoa hartuko du haren toki-ordezkariak, eta, bere eskumenen eremuan, bertan ezartzen direnak onartu beharko ditu.

      2. administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbideak elkarri emateko laguntza, hitzarmen honen bigarren klausulako 2. zenbakiarekin bat eginez. Horretarako, toki-erakundeak Administrazio Elektronikoaren Zerbitzuen Katalogoan daudenen artean eskatu duen irtenbide teknologiko bakoitza eskuratzeko eta erabiltzeko betebeharrak betetzeko konpromisoa hartuko du toki-ordezkariak. Hauek dira aipatutako katalogoan jasotzen diren irtenbideak:

        Administrazio Elektronikoaren Zerbitzuen Katalogoko irtenbide teknologikoak (eskatzen direnak markatuko dira):

        EAEko Administrazio Publikoen komunikazio-sarea.

        Identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoko baliabideak kudeatzeko zerbitzuak.

        EAEko Administrazioen Segurtasunerako eta Elkarreragingarritasunerako Nodoa (NISAE).

        Ordainketa-pasabidea.

        HITZARMENAREN II. ERANSKINA

        ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOKO ZERBITZUEN KATALOGOA

        1. Euskal Administrazio Publikoen Komunikazio-Sarea.

          Xedea.

          Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek batera lan egin dute euskal administrazio publikoen komunikazio-sarea, Euskalsarea, sortu eta garatzeko.

          Foru Aldundi bakoitzaren eta Eusko Jaurlaritzaren lau sare korporatiboak interkonektatzea ahalbidetzen duten azpiegitura teknologikoek osatzen dute Euskalsarea.

          Euskalsareak SARA sarearen ereduari jarraitzen dio. Interkonexio-mekanismoa lau erakundeen nodoen artean eratutako sare batean oinarritzen da, operadore bikoitzarekin kontratatutako sare pribatuko zerbitzuak erabiliz, komunikazioak etengabe eskuragarri daudela bermatzeko adina erredundantzia ahalbidetzeko.

          Euskalsareak bi norabidetan hedatzeko asmoa du: batetik, sare horren bidez ematen diren zerbitzuen kopurua handituz eta, bestetik, erabiltzen duten erakunde publikoen kopurua areagotuz; azken horiek beti egingo dute lau erakundeetako baten bidez, erakundeok biltzeko funtzioak beteko baitituzte.

          Aplikazio-eremua.

          Akordio honek Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien sare korporatiboei eragiten die. Erakunde bakoitzak sareen nodoen arteko estekak sortzea, aldatzea eta ezabatzea proposatu ahalko du eta, ezarriz gero (bideratze-taulen bidez), gainerakoei jakinaraziko die, erakunde bakoitzean dagozkion kontratu teknikoen bidez.

          Administrazio bakoitzak berari lotutako zuzenbide publikoko erakundeen esku jartzen du Euskalsarerako konexioa. Horrela, lurralde bakoitzeko udalen eta haiei lotutako erakundeen sare korporatiboak sarean sartuko dira dagokien Foru Aldundiak ematen dituen zerbitzuen bidez.

          Bestalde, Eusko Jaurlaritzak JASO komunikazio-sarea dauka. Sare horrek euskarria ematen die Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) administrazio instituzionaleko erakundeen sare guztien interkonexioari eta Euskalsarera konektatzen du. JASO sarea sare hauetara heltzen da:

          Eusko Jaurlaritzaren Administrazio Sare Korporatiboa.

          Osasun-sarea (Osakidetza).

          Hezkuntza-sarea.

          Justizia-sarea.

          Polizia-sarea (Segurtasun Saila).

          EAEko sektore publikoaren menpeko erakundeak.

          Euskalsarea komunikazio-sarearen ezaugarri teknikoak.

          Arkitektura berdinen arteko sarea da; haren nodoak Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza bakoitzean daude eta Eusko Jaurlaritzako teknikariek administratzen dituzte. Onartutako protokolo bakarraren arabera (TCP/IP), nodo bakoitza beste guztiekin konektatzen da. Sareari erredundantzia eta eskuragarritasun handia emateko, nodo bakoitzak 2 operadore desberdinez hornitutako estekak ditu, nodo guztietan telekomunikazio-operadoreen nahasketa egon dadin.

          Sareko komunikazio guztiak muturretik muturrera zifratuta daude. Horretarako, komunikazio-ekipamenduek hardwarea (zifratze-txartelak) daukate sareko trafikoaren enkriptatzea inplementatzeko; horrela, Euskalsarean konfidentzialtasuna ziurtatzen da, indarrean dauden lege-arauen arabera, bereziki datu pertsonalak babesteari buruzkoak kontuan hartuz.

          Erakunde bakoitza da berari loturiko erakundeek Euskalsarea erabiltzen duten moduaren erantzulea. Lau erakundeetako bakoitzak dagokion suebakiaz babestuta edukiko ditu sarerako estekak.

          Helbide-itzulpena (NAT) duen helbideratze-barruti pribatu bat erabiltzen da. Erakunde bakoitzak helbideratze-barruti bat dauka bere menpeko erakundeen artean banatzeko; SARA sarean Euskal Administrazio bakoitzari (Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza) esleitutakoarekin bat dator.

          Alderdien betebeharrak.

          Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak betebehar hauek hartzen dituzte gain:

          Euskalsareari gehitzen zaizkion zerbitzuak konfiguratzea, mantentzea eta kudeatzea.

          Estekak haren sare korporatiboaren barruan badabiltzala bermatzea.

          Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak beraien menpeko erakunde publikoak bilduko dituzte eta haien segurtasunaren erantzuleak izango dira; hain zuzen, Foru Aldundia bai aldundikoez bai lurraldeko udaletakoez arduratuko da. Horretarako, egokiak diren konektibitate- eta hedapen-lanak egingo dituzte.

          Euskarri-zerbitzu bat edukitzea menpeko erakunde publiko guztiei sarerako sarbidea bermatzeko eta sor daitezkeen gorabeherak kudeatzeko, Euskalsarea asteko 7 egunetan eta eguneko 24 orduetan abian egon dadin.

          Erakunde bakoitza da bere sare korporatiboaren barruko segurtasunaren erantzulea eta, beraz, behar diren perimetro-segurtasuneko mekanismoak (suebakiak, proxyak eta abar) ezarriko ditu.

          Sarerako sarbidea ematen duten komunikazio-ekipamenduek, routerrek, era bakanduan daude Euskalsarera konektatuta, eta Eusko Jaurlaritzari egokituko zaio horiek administratzea.

          Eusko Jaurlaritza arduratuko da Euskalsare guztiari SARArako sarbidea emateaz eta euskal administrazio publiko guztiei ahalbidetuko die administrazio publikoen komunikazio sareko (SARA) zerbitzuak eskuratzea.

          Erakunde bakoitzean gaikuntza tekniko nahikoa duten kontaktuak izendatzea sarea kudeatzeko, antolatzeko eta garatzeko lanak egin ditzaten.

        2. Identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoko baliabideak kudeatzeko zerbitzuak.

          Xedea.

          Eranskin honen helburua honako hauek arautzea da: identifikazio-baliabide elektronikoen kudeaketa osoa eta EAEko Administrazioak eta Foru Aldundiek erabilitako autentifikazio- eta sinadura-zerbitzuak emateko modua, modu nuklearrean garatu behar baitira, administrazio-izapideetan behar den adina segurtasuna bermatze aldera. Horretarako, Ziurtapen eta Zerbitzu Enpresa-Empresa de Certificación y Servicios, Izenpe S.A.k, konfiantzazko zerbitzu-emaileak administrazioen esku jartzen ditu administrazioek eskatzen dituzten identifikazio-baliabide digitalak jaulkitzeko eta kudeatzeko behar diren azpiegitura teknologikoak eta prozedurak.

          Izenperen funtsezko helburua da erakundeen zerbitzura jartzea beharrezko baliabideak, herritarrei eta enpresei elkarrekin eta administrazioekin erlazionatzeko bidea emango dietenak, zerbitzu publikoak osotasuna, konfidentzialtasuna, nahitaezko onarpena eta benetakotasuna bermatuz balia ditzaten. Identifikazio elektronikoa ezinbesteko elementua izango da zerbitzu horiek ezartzean. Beraz, Izenpe izango da horiek garatzeaz, kudeatzeaz eta mantentzeaz arduratuko den erakundea.

          Kudeaketa oso hori lotzeko, zenbait produktu, zerbitzu eta plataforma teknologikoren sinergia erabiltzen da, batera eta elkar zerbitzu-maila bermatzen baitute:

          (Ikus .PDF)

          eIDAS gako itunduak, herritarren eta profesional publikoen identifikazio elektronikorako eta sinadurarako baliabide gisa.

          Deskribapena.

          Zerbitzu elektronikoek behar bezala funtzionatzeko ezinbestekoak dira identifikazioa eta sinadura elektronikoa; beraz, administrazioek eta euskal sektore publikoak identifikaziorako eta sinadurarako behar diren baliabideak izan behar dituzte, erabiltzaileek erabateko segurtasun eta bermeekin erabil ditzaten.

          Horretarako, gako-sistema integratu bat, eIDAS, garatu da. Identifikazio eta sinadura elektronikoko baliabideak jaulkitzean datza, herritarrei eta administrazioko eta euskal sektore publikoko langileei Administrazioarekin azkar eta erraz elektronikoki izapidetzea ahalbidetzeko.

          Gainera, identifikazio- eta sinadura-baliabide berri horiek indarrean dagoen arauketa betetzen dute:

          Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 910/2014 Araudia (EB), 2014ko uztailaren 23koa, barne-merkatuko transakzio elektronikoetarako identifikazio elektronikoari eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa eta 1999/93/CE Zuzentaraua (eIDAS araudia) eta hori ezartzeko egintzak indargabetzen dituena.

          EIDAS gako-sistema integratua mekanismo hauetaz osatuta dago:

          Herritarrentzakoak (B@k eta B@kQ).

          Administrazioko eta euskal sektore publikoko profesionalentzakoak (Giltz@ Profesionala).

          B@k pertsona fisikoak identifikatzeko baliabidea da, autentifikazio eta sinadurarako, eta osagai hauek dauzka:

          Erreferentzia-zenbaki bat: erabiltzailearen NAN edo AIZrekin bat dator.

          Autentifikazio-faktore bat: pasahitza edo ezar daitekeen beste bat (OTP, faktore biometrikoak...).

          Eta kalifikatu gabeko ziurtagiri bat, gordailu zentralizatu batean eman dena eta sinatzeko erabiliko dena.

          B@kQ pertsona fisikoak maila altuagoa da identifikatzeko baliabide gisa, autentifikazio eta sinadurarako, eta honako hauek konbinatzen ditu:

          Erreferentzia-zenbakia: NANa edo AIZ.

          Bi autentifikazio-faktore, honako hauez osatuak:

          koordenatu-jokoa, 16 karakterez eta haiei dagozkien erantzuteko 16 digituez osatua.

          Pasahitz bat.

          Edo ezar daitekeen beste bat (OTP, faktore biometrikoak...).

          Eta sinadura elektronikoko ziurtagiri kalifikatu bat, gordailu zentralizatu batean gordeta dagoena eta sinatzeko erabiliko dena.

          Bai B@k bai B@kQ beren erabilera guztietarako edo batzuetarako osatu ahal dira gailu mugikor batera edo posta elektronikoko kontu batera bidalitako kode batez edo eskuragarri egon daitezkeen beste identifikazio-faktore batzuez.

          Eranskin honetan jasotako identifikazio eta sinadura elektronikoko bi mekanismoak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrentzat, kopuru eta erabilera mugagabeetan.

          Giltz@ Profesionala administrazioetako eta euskal sektore publikoko enplegatuentzako identifikazio-baliabidea da, autentifikazio eta sinadurarako, eta honako hauek konbinatzen ditu:

          Erreferentzia-zenbakia: NANa edo AIZ.

          Bi autentifikazio-faktore, honako hauez osatuak:

          OTP (one time password) bat, posta elektronikoz edo mugikorrera SMS bidez bidalia.

          Pasahitz bat.

          Edo ezar daitezkeen beste batzuk.

          Eta sinadura elektronikoko ziurtagiri kalifikatu bat, gordailu zentralizatu batean dagoena eta sinatzeko erabiliko dena.

          Euskal Autonomia Erkidegoko edozein administrazio izan ahalko da B@k, B@kQ eta Giltz@ Profesionala emateko erregistro-entitatea. Horretarako, pertsona fisiko erabiltzailearen aurrean, honako jarduera hauek bete beharko ditu:

          Bere identitatea egiaztatu.

          Beharrezko identitate datuak eta kontakturako datuak jaso.

          Datu biometrikoak jaso, autentikaziorako faktore gisa, behar denean.

          B@k, B@kQ eta Giltz@ Profesionala jaulkitzeko dagozkien sinadura jaso eskabide orrietan.

          Aldeen betebeharrak.

          Kasuak kasu adierazten den hedaduraz, alde sinatzaileek betebehar hauek izango dituzte:

          Erregistro-erakundearen zereginak egitea, Izenperen ziurtapen-jardunbideen deklarazioan ezarritakoari jarraituz. Deklarazioa www.izenpe.eus/dpc helbidean dago argitaratuta.

          Bere jardunean oinarri hartzea eraginkortasunaren, kalitatearen, segurtasunaren eta gardentasunaren printzipioak.

          Izenperen hornitzaileen segurtasun-politika betetzea: Izenperen hornitzaileen segurtasun-politika. www.izenpe.eus helbidean argitaratuta dago.

          Izenperi bidaltzea B@k, B@kQ eta Giltz@ Profesionala igortzeko eskaera, eskatzaileak eta operadoreak sinatutakoa.

          Izenpek luzatutako identifikazio-bitartekoen eskatzaileei jarraibide zehatzak ematea nortasun digitalaren prozesua sortu eta amaitzeko.

          Kasuak kasu adierazten den hedaduraz, Izenpek betebehar hauek izango ditu:

          Alde sinatzaileei jakinaraztea erregistro-erakundearen zereginak nola egin, eta haren esanetara egotea sor litekeen edozein arazotarako.

          Ondorio horietarako, beharrezko prestakuntza emango die nortasun digitalak sortu eta egiaztatzeko zereginez arduratutako langileei.

          Aldeen esku jartzea beharrezko softwarea erabiltzaileak erregistratu eta identifikatzeko zereginak gauzatzeko.

          Aldeen erantzukizuna.

          Alde sinatzaileen erantzukizunak izango dira:

          Izenperen hornitzaileen segurtasun-politikan zehaztutakoa betetzea. www.izenpe.eus helbidean argitaratuta dago.

          Zerbitzua egoki erabiltzea, hitzarmen honetan zehaztutakoaren arabera.

          Izenperen aurrean, hitzarmen honetan zehaztutako betebeharrak ez betetzearen ondorioz eragiten dituen kalteak direla eta.

          Izenpek erantzukizun hauek izango ditu:

          Hemen zehaztutakoa egoki betetzeaz erantzungo du.

          Hitzarmen honen ondoriozko bere betebeharrak ez betetzearen ondorioz eragiten dituen kalteen erantzulea izango da.

          Zehazki, konfiantzazko zerbitzuen egile gisa, bere jardueraren eraginez edozein pertsonari eragiten dizkion kalte-galerei erantzungo die, baldin eta hitzarmen honek edo konfiantzazko zerbitzuen alorrean aplikatzekoa den legeriak ezartzen dizkion betebeharrak betetzen ez baditu edo arduragabekeriaz jarduten badu.

          Giltz@ identitateak kudeatzeko plataforma.

          Deskribapena.

          Giltz@ identifikazio eta autentifikazio elektronikoen konplexutasuna administrazio publikoek ematen dituzten zerbitzu elektroniko zehatzetatik bakantzea ahalbidetzen duen plataforma da.

          Irtenbide hori sortzeko arrazoia da esperientziaren arabera ez dagoela segurtasun gorena ematen duen eta, aldi berean, testuinguru guztietan erraz erabil daitekeen autentifikazio-mekanismo ezin hoberik. Autentifikazio-mekanismo egokia ez xedatzea herritarrek zerbitzua onartzeko traba izan daiteke eta kostuak handitzea ekar dezake.

          Giltz@ identitate-federazioko plataforma da, administrazioei herritarrentzako eskaintza errazten dien autentifikazio-mekanismoen konbinazioan oinarritua, segurtasunaren, kostuen eta erabiltzeko erraztasunaren arteko erlazio onena erabiltzeko kasu bakoitzean. Identifikazio-mekanismo bakoitzak segurtasun-faktore desberdinak erabiltzen ditu behar diren kritikotasunaren edo segurtasun-mailaren arabera. Plataformak badauden eta erabaki adina identitate federatzea ahalbidetzen du eta sendotasun handiagoa ematen die behar duten kasuetan, identifikazio paralelo berririk sortu behar izan gabe. Irtenbide horrek ezaugarri hauek hartzen ditu barne:

          Herritarrek zerbitzu publikoetarako duten sarbide elektronikoa erraztu eta bateratzen du.

          Identitatearen hornitzaile eta agente bitartekari gisa jarduten du, hirugarren identitate-hornitzaileen arteko federazioa ahalbidetuz, eta eIDAS araudiaren arabera mailatan sailkatzeko euskarria ematen du.

          Aplikazioen arteko autentifikazio bakarra eta onartutako arrisku-mailaren araberako errefortzua errazten ditu.

          Autentifikazio moldagarriko politikak ezartzeko bidea ematen du.

          Identitate-hornitzaile gisa, sistemak identitateei loturiko gako publikoko atributuak (PKI) modu egiaztatuan kudeatzea eta, beraz, sinadura-hornitzaile gisa jardutea ahalbidetzen du.

          Zehaztapen teknikoak.

          Plataformaren funtzionamendua: identifikazioa eta autentifikazioa.

          Identifikazioari eta autentifikazioari dagokienez, Giltz@k identitate elektronikoen federazio-sistema baten filosofia du eta zenbait agente biltzen ditu:

          Administrazio elektronikoko zerbitzuen hornitzaileak (SP): administrazio elektronikoko zerbitzuak eman eta plataforma herritarrak identifikatu eta autentifikatzeko erabiltzen dituzten erakundeak.

          Identifikazio- eta autentifikazio-zerbitzuen hornitzaileak (IdP): herritarrak identifikatzeko eta autentifikatzeko mekanismoak ematen dituzten erakundeak, beste erakunde batzuek baliabide arrunt gisa erabil ditzaten.

          Identifikazio-pasarela edo -kudeatzailea: sistema bitartekaria, zerbitzu-hornitzaileei identifikazio-mekanismoetarako sarbidea ahalbidetzen diena.

          Identitate-federazio hori inplementatzeko eta behar den elkarreragingarritasuna lortzeko, Giltz@ konfiantzazko zerbitzu-plataformak identitate-federazioko oraingo estandarrak (OAuth, OpenID Connect eta SAML) erabiltzen ditu, baita sinadura elektronikokoak ere (ETSI *AdES). Horrela, plataformak segurtasunari eta identitateari buruzko informazio guztia eta domeinuen arteko trukea kudeatzen ditu.

          Giltz@ IdP (identifikazio- eta autentifikazio-zerbitzuen hornitzaile) gisa jarduten du euskal administrazio publikoetarako zehaztu diren eIDAS gako itunduei dagokienez: B@k gakoak, B@kQ gakoak eta Giltz@ Profesionala.

          Arestiko identifikazio-mekanismoez gain, Giltz@k beste identifikazio-sistema gehigarri batzuk ditu:

          Zain plataforma, ziurtagiri elektroniko kalifikatuen bidezko identifikazioa kudeatzeko.

          G@koa plataforma, g@kopin eta g@kosinadura mekanismoez identifikatu eta sinatzea ahalbidetzen duena eta estatuko elkarreragingarritasun-nodo gisa jarduten duena, identitate elektronikoen mugaz haraindiko ezagutza erraztuz, STORK plataformarekiko (etorkizunean identitate elektronikoak ezagutzeko sistema eraikitzeko erreferentzia izango den Europako elkarreragingarritasun-plataforma) konexioari esker.

          Plataformaren funtzionamendua: ziurtagiri zentralizatuen bidezko sinadura.

          Giltz@ plataformak sinadura elektronikoko zerbitzuetarako sarbidea ere ahalbidetzen du, zehatz-mehatz, dokumentu elektronikoak eIDAS erreferentziako gakoei (B@k, B@KQ eta Giltz@Profesionala) lotutako ziurtagiri elektroniko pertsonal zentralizatuen bidez sinatzeko zerbitzuetarako sarbidea.

          Gordailu zentralizatu batean gordeta dagoen ziurtagiri batez gauzatutako sinadura elektronikoko prozesu orotan, gako hori bere titularrak baino ezin eskuratuko duela bermatu beharko da, eta, beraz, hura erabiltzeko, lehenago herritarra gutxienez 2 autentifikazio-faktoreren bidez autentifikatu beharko da, sinadura aurreratua erabiltzen bada, eta autentifikazio-faktore 1en bidez, oinarrizko sinadura baliatuz gero.

          Ikuskagarritasuna.

          Giltz@ sistemak egiten diren eskaera guztiak erregistratuko ditu, beti eskaera egiten duen erakundea eta eskaera horren unea identifikatuz, baita egindako eragiketa eta sistemak emandako erantzuna ere. Eskaera horiek ikuskatu ahalko dira, sistemaren eragiketan esku hartzen duten erakundeek dauzkaten auditoretza-elementuen bitartez.

          Giltz@ sistemak ez ditu biltegiratzen autentifikazio-eskaerei emandako erantzunetan sartzen diren datu pertsonalak, eta ziurtagirietan sartutako datu pertsonalak tratatzeko arduradun baino ez dihardu; ez, ordea, datu horien arduradun. Aplikazio erabiltzaileak izan beharko du bere aplikazioek tratatzen dituzten datu pertsonalak DBEB edo parekoaren aurrean aitortzeko arduraduna.

          Sartu eta erabiltzeko modua.

          SP desberdinen sarbide-eskaerak plataforma horretarako Izenpe euskarri-zerbitzuaren bidez egingo dira.

          IdP berriak administrazio elektronikoko batzordeak proposatuta sartuko dira.

          Zain sinadura-zerbitzuen plataforma.

          Deskribapena.

          Zain sinadura elektronikoko prozesuak kudeatzeko web zerbitzuen plataforma da, gako publikoko azpiegituran oinarritua. Funtzionaltasun hauek dauzka:

          Ziurtagirietan oinarritutako sinadura elektronikoko estandarrak onartzen ditu.

          Sinaduren interpretazio semantikoa egiten du.

          Web zerbitzuetan oinarritutako aplikazioekin integratzeko aukera ematen du.

          Ziurtapen-agintaritza publiko askoren fidagarritasuna kudeatzen du.

          Log erregistro zentralizatua egiten du.

          Denboran zehar sinadurak egiaztatzeko behar diren froga elektronikoak sortzen ditu.

          Zehaztapen teknikoak.

          Zainen ezaugarriak.

          Zain plataforma «ez-intrusiboa» da, dauden arkitektura, aplikazio eta irtenbideekiko integrazioa litekeenik errazena izatea ahalbidetzen duena, hau da, ez du ez aldaketarik ez eraginik sortzen dauden sistemetan eta aplikazioetan egindako esfortzuetan.

          Honako hauek dira haren ezaugarri nagusiak:

          Administrazio publikoek erabiltzen dituzten web zerbitzuetan oinarritzen da.

          Ziurtapen-agintaritza, politika, ziurtagiri, sinadura eta formatu askotarako balidazio-plataforma da. Beraz, horren bidez herritarrek hainbat balidazio-ziurtagiri eta -agintaritza erabil ditzakete administrazio publikoekiko harreman telematikoan.

          Segurtasuna ematen die sinadura elektronikoei, denbora-zigiluko eta sinadurak bizitza luzeko formatuetara eguneratzeko funtzioen bidez.

          Sinadura elektronikoaren arloan Europan indarrean dagoen legeria betez Europako ziurtapen-zerbitzuen hornitzaileek ematen dituzten ziurtagiri elektroniko onartuez balidatzea ahalbidetzen du.

          Sinadura elektronikoa administrazio elektronikoko atarietan integratzea errazten du, Idazki bezeroaren bidez (sistema eragile eta nabigatzaile askotarako prestatutako osagaia).

          Ziurtagiri-gordailu zentralizatu gisa jarduten du, hau da, aplikazioek urrunetik erabil ditzakete, bakoitzak bere gordailua eduki behar izan gabe. Horrela gakoen erabilera ikuskatua hobeto kontrolatzen da eta PKIren hedapena, mantentzea eta erabilera errazten dira. Modu horretan, administrazio publikoek errazago dute dokumentuak zigilatzea.

          Segurtasun- eta sendotasun-bermerik handienak ematen ditu eta honako hauek bermatzen ditu funtzionamenduan:

          Errendimendu ezin hobea.

          Eskuragarritasun handia.

          Elkarreragingarritasuna.

          Eramangarritasuna.

          Ikuskagarritasuna.

          Zainek egiten diren eskaera guztiak erregistratzen ditu, aplikazioa (ziurtagiri elektronikoaren bidez), eskaeraren unea eta egin den prozesua beti identifikatuz. Eskaerak Izenperen auditoretza-elementuen bidez ikuskatu ahal izango dira, transakzioen «nahitaezko onarpena» gertatzen ez dela ziurtatzeko, esate baterako.

          Zainek ez ditu biltegiratzen balidazio- edo sinadura-eskaeretan sartzen diren dokumentuak, eta ziurtagirietan sartutako datu pertsonalak tratatzeko arduradun baino ez dihardu; ez, ordea, datu horien arduradun. Aplikazio erabiltzaileak izan beharko du bere aplikazioek tratatzen dituzten datu pertsonalak DBEB edo parekoaren aurrean aitortzeko arduraduna.

          Barne hartzen dituen zerbitzuak.

          ZAIN plataformak honako zerbitzu hauek eskaintzen ditu:

          Sinadura eta ziurtagiri elektronikoak balidatzea balidazio-agintaritza (VA) baten bidez.

          Sinaduren interpretazio semantikoa egitea.

          Denbora-zigilua denbora-zigiluko agintaritzaren edo TSAren bidez (Armadaren Errege Institutu eta Behatokiarekin sinkronizatuta).

          Sinadurak sortzea plataforman gordetako ziurtagirien araberako estandarretan oinarrituz.

          Zainek EAEko eta hiru Foru Aldundietako administrazioaren menpeko organo eta erakundeen aplikazio oro gaitzen du, plataformak onartzen dituen ziurtagiri digitalen artean, autentifikazio- eta sinadura-prozesuetan ziurtagiri digitalak eta sinadura elektronikoak balidatzeko.

          Plataforman sartzeko eta hori erabiltzeko modua.

          Zain plataformaren zerbitzuetan Euskalsarearen bidez baino ezin da sartu. Sarea dagokion atalean deskribatu da.

          Sarbide-eskaerak plataforma horretarako Izenpe euskarri-zerbitzuaren bidez egingo dira.

          Erakunde eta pertsona erabiltzaileentzako laguntza-zerbitzuak.

          Deskribatutako zerbitzu eta tresna guztiek erakunde eta pertsona erabiltzaileentzako laguntza- eta arreta-zerbitzua daukate. Izenpek emango du, maila desberdinetan:

          Erakunde erabiltzaileentzako laguntza- eta arreta-zerbitzu horrek honako maila hauek dauzka:

          Erabiltzaile partikularrentzako lehen maila: herritarrentzako arreta- eta laguntza-zerbitzuak eskura dituzten identifikazio elektronikoko baliabideak eta administrazioekin kanal elektronikoaren bidez erlazionatzeko eta izapidetzeko kudeatzen diren autentifikazio- eta sinadura-tresnak erabiltzean.

          Erakunde erabiltzaileentzako lehen maila: arreta, laguntza eta gorabeheren konponketa administrazio eta erakunde publikoek identifikatzeko, sinatzeko baliabideak eta e-administrazioko zerbitzuak emateko beste osagai batzuk kudeatzeko tresnak eta zerbitzuak erabiltzean.

          Bigarren maila: zerbitzuaz kanpoko agenteei, hala nola erakundeei, arreta emateko, zerbitzua eskaintzen duten erakundeetako erabiltzaileentzako beste zerbitzu batzuk, baita konplexutasun tekniko handiagoa duten eta lehen mailako taldeek konpondu ezin dituzten gorabehera funtzionalak ere.

          Maila gehigarriak: kanpaina, zerbitzu eta erakundeen beharren arabera, arreta espezifiko eta espezializatuko maila gehigarri edo osagarriak ezarriko dira.

          Deskribatutako mailek garatutako laguntza- eta arreta-zerbitzuak funtzio hauek dauzka:

          Eskaerak ezartzen diren sarrera-kanalen bitartez (telefonoa, webgunea edo posta elektronikoa) jasotzea.

          Gorabeherak eta eskaerak erregistratzea eta motaren eta konpontzeko lehentasunaren arabera sailkatzea.

          Gorabeherak eta eskaerak ebaluatzea, ikertzea eta diagnostikatzea, baita konpontzeko eta etengabe hobetzeko prozedurak sortzea ere.

          Eskala funtzional edo hierarkikoetan banatzea, erantzukizun- eta gaitasun-mailen arabera, kasu esanguratsuenen jarraipena egiteko, horiek bistaratzeko eta eragina txikiagotze aldera behar diren ekintzak ahalbidetzen dituzten erabakiak zuzenki hartzea.

          Gorabeheren eta eskaeren jarraipena egitea haiek itxi eta egiaztatu arte, erabiltzaileei beren gorabeheren edo eskaeren egoera eta aurrerapen-maila jakinaraziz.

          Lehen laguntza-mailarako kontaktu-datuak eta arreta-ordutegiak www.izenpe.eus atarian daude argitaratuta.

          Zerbitzuaren kalitatea eta auditoretza.

          Zerbitzuaren kalitatea neurtzeko, zerbitzu-mailei buruzko parametroak aztertuko eta kontrolatuko dira etengabe. Horrela, kontuan hartuko dira bai zerbitzuaren berezko parametroak eta komunikazio eta zerbitzu osagarrienak bai erabiltzaileentzako laguntzari dagozkionak, kontsultak eta gorabeherak kudeatu eta konpontzeko.

          Zerbitzu-mailako akordioak.

          Izenpek argitaratuko ditu zerrendatutako zerbitzu eta azpiegitura bakoitzari dagozkion zerbitzu-mailako akordioak.

        3. Euskadiko administrazioen segurtasunerako eta elkarreragintasunerako nodoa (NISAE).

          Deskribapen orokorra.

          Deskribapena.

          NISAE Euskadiko administrazio publikoen arteko datu-bitartekaritzarako plataforma da. Horren bidez, euskal administrazio publikoek paperezko ziurtagirien ordezko datuak eman diezazkiokete elkarri eta truke bera egin dezakete Estatuko gainerako administrazioekin, Estatuko Administrazio Orokorrarekin, batik bat.

          39/2015 Legearen ondorioz sortu zen; izan ere, hau ezartzen du 28. artikuluko 2. zenbakian:

          Interesdunak ez daude beharturik administrazioren batek eginak diren dokumentuen kopiak ekartzera, nahiz dokumentu horiek prozeduran aurkeztea nahitaezkoa izan nahiz aukerakoa izan, betiere interesdunak adostasuna adierazi badio dokumentu horiek kontsultatzeari edo ateratzeari. Kontsultatzea edo ateratzea interesdunek baimendua delako presuntzioa egingo da, ez badute prozeduran kontrakotasun espresua adierazi edo aplikatzekoa den lege bereziak ez badu agintzen adostasun espresua adierazi beharra dagoela.

          Hau da, interesdunaren kontrakotasunik ezean, administrazio publikoek elektronikoki eskuratu beharko dituzte dokumentuak, beren sare korporatiboen bitartez edo datu-bitartekaritzarako plataformei edo hartarako prestatutako beste sistema elektronikoren bati kontsulta eginez.

          Horrela, herritarrek beste administrazio batek landu duen datu edo agiririk ez aurkezteko duten eskubidea errespetatzen da.

          Jotzen da interesdunak kontsulta egiteko baimena eman duela, ez badu prozeduran kontrakotasun espresua adierazi edo aplikatzekoa den lege bereziak ez badu agintzen adostasun espresua adierazi beharra dagoela.

          Gainera, Administrazioak elektronikoki eskuratu behar ditu dokumentuak, bere sare korporatiboen bitartez edo datu-bitartekaritzarako plataformei edo hartarako prestatutako beste sistema elektronikoren bati kontsulta eginez.

          Administrazio arteko plataforma hori Euskadiko Administrazio Orokorraren eta hiru Foru Aldundien arteko elkarlanean sortu da, beren sozietate informatikoen bitartez, eta Izenperi agindu zaio kudeaketa.

          Barne hartzen dituen zerbitzuak.

          NISAE Euskadiko administrazio publikoen datu-bitartekaritzarako plataformak zerbitzu hauek eskaintzen ditu:

          Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren datu-trukerako plataformarekiko konexioa.

          Elkarreragingarritasun-zerbitzuen karta.

          Erabiltzaileen kudeaketa.

          Baimenen kudeaketa.

          Elkarreragingarritasun-zerbitzuen kudeaketa.

          Eskuzko bitartekaritzarako bezeroa.

          Auditoretzak.

          Jarduerari eta erabilerari buruzko txostenak.

          Lagatzaile eta lagapen-hartzaileentzako arreta zalantzak argitzeko eta gorabeherak konpontzeko.

          Lagatzaile eta lagapen-hartzaileentzako laguntza teknikoa datu-trukerako zerbitzuak gaitzeko.

          Sistemen eta aplikazioen garapena eta mantentzea.

          Zerbitzu-kartak zerbitzu jakin bat emateko administrazio publikoen artean datuak trukatzeak dakartzan ondorioak nahiz hura izapidetzeko baldintzak, eragina izateko epea eta interesdunak ezagutu behar duen beste edozein informazio jasoko ditu eta sartzen diren bitartekaritza bidezko zerbitzu berriekin eguneratuko da.

          Bai nodoak ematen dituen zerbitzuei buruzko informazio garrantzitsua bai sartzeko eta erabiltzeko baldintzak www.nisae.izenpe.eus atarian argitaratuta eta etengabe eguneratuta egongo dira.

          Antolaketa-eredua.

          Diagrama honetan antolaketa-eredua erakusten da eta, ondoren, erakunde bakoitzaren rola bi kategoriatan banatzen da:

          NISAEn elkarreragingarritasun-nodo gisa berariazko rola duten agenteak: Igorlea eta errekeritzailea.

          Lagatzaile eta lagapen-hartzaileen rol orokorra duten erakundeak.

          Gainera, erakunde horietako batzuek bi rolak betetzen dituzte.

          (Ikus .PDF)

          Betebehar orokorrak, espezifikoak eta funtzioak.

          NISAEren erakunde erabiltzaileen betebehar orokorrak.

          Bitartekaritzarako plataforma kudeatzen duen erakundearekin (NISAE) hitzartzea lotutako zerbitzuen errendimendu- eta monitorizazio-probak egitea, eskuragarri daudela bermatzeko.

          Irtenbideak zuzenki erabiltzea, baimenduta daudenerako baino erabili gabe.

          Zerbitzuek dituzten elementu aktiboak kudeatzea eta mantentzea eta zerbitzuok emateari eragiten dioten gorabeheren berri ematea bitartekaritzarako plataforma (NISAE) kudeatzen duen erakundeari.

          Irtenbideen jarraitutasuna bermatzeko behar diren laguntza-zerbitzuak mantentzea, eta irtenbide bakoitzari dagozkion arduradunen nahiz laguntza-zentroetako kontaktu operatiboak bitartekaritzarako plataforma (NISAE) kudeatzen duen erakundeari eman eta han eguneratzea.

          Bitartekaritzarako (NISAE) kudeatzen duen erakundearekin elkarlanean aritzea gorabeherak hautemateko, diagnostikatzeko eta konpontzeko, hala badagokio gorabeherak konpontzeko denbora murriztea bermatzen duten ekintzak eginez.

          Hitzarmen honetan sartutako irtenbide teknologikoen sistema erabiltzaileak eta aplikazioak administratzeko prozesuak bateratzeko ezarritako prozedurei jarraitzea.

          Hitzarmen honetan jasotako irtenbide elektronikoei lotutako informazioa eta sistemak behar bezala babesteko behar diren segurtasun-neurriak hartu eta betetzea, erabakitzen den segurtasun komuneko politikari jarraikiz.

          Toki-erakundeekin edo haien menpeko zuzenbide publikoko erakundeekin sinatu diren akordioen berri ematea bitartekaritzarako plataforma (NISAE) kudeatzen duen erakundeari, hitzarmen honetan sartutako irtenbide teknologiko bakoitzaren funtzionaltasunak eskuratzea ahalbidetzeko.

          Hala xedatzen duten irtenbide teknologikoetarako, zerbitzuak emateko behar den informazio legal, administratibo eta teknikoa nahiz herritarrek ezagutu behar duten beste edozein informazio deskribatzen duten agiriak eguneratzen laguntzea; kasuan kasuko irtenbide teknologikoaren «Zerbitzu Gutuna» deituko zaie.

          NISAEren koordinazio operatiboa.

          Izenpe, ziurtapen-zerbitzuak emateko konfiantzazko erakunde gisa, non EJIE, CCASA, IZFE eta Lantik informatika-zerbitzuen sozietate publikoek parte hartzen duten, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien berezko baliabidetzat jotzen da. Erakunde hori bihurtuko da Euskadiko Administrazioen Segurtasunerako eta Elkarreragintasunerako Nodoa eta funtzio eta erantzukizun hauek hartuko ditu:

          Elkarreragingarritasunerako nodo gisa, NISAE bitartekaritzarako plataformaren bidez, informazioa igorleen eta errekeritzaileen artean trukatzeko ohiko funtzionaltasunak eskaintzen ditu.

          Lagapen-hartzaileak eta errekeritzaileak kudeatzea lagatzaile bakoitzak ezartzen dituen baldintzen arabera.

          Herritarren inolako informaziorik ez gordetzea datu-trukeen ondorioz.

          Dagozkion mekanismoen bidez trukatzen den informazioaren konfidentzialtasuna eta osotasuna ziurtatzea.

          Sistema 24 x 7 funtzionamenduan edukitzea.

          Erakundeei laguntza ematea eta komunikazio eta gorabehera guztiak kudeatzea, errekeritzaileekin eta igorleekin elkarlanean.

          Erabiltzaile eta integratzaileentzako arreta-zentroa edukitzea, sistemaren inguruko gorabehera guztiak bideratzeko, eta haren kontaktu-datuei buruzko informazioa ematea.

          Plataformako jarduerari eta erabilerari buruzko txostenak egitea, kontuan hartuz erakundeek egindako kontsultak eta haiei egindakoak.

          Sistemak garatzea eta mantentzea eta datuen segurtasuna eta pribatutasuna araudi aplikagarriaren arabera bermatzea.

          Auditoretza-lanetan laguntzea igorleak edo lagatzaileak eskatzen duen guztietan; horrelako kasuetan, trazabilitaterako eta estatistiketarako hitzartutako datuak gordeko dira, datuok behar denean aztertu ahal izango dira eta sisteman egindako eragiketen sekuentzia berregin ahal izango da.

          Web atari informatiboan (www.nisae.izenpe.eus) plataformari buruzko dokumentazio guztia jartzea, besteak beste:

          Erakundeek dauzkaten datu-elkarreragingarritasuneko zerbitzuen katalogoa, honako hauek barne hartzen dituena: zerbitzu horiek eskuratzeko protokoloak, erabil daitezkeen kontsulta-metodoak, informazio tekniko jakingarria eta errekeritzaile bakoitzak eskatzen duen informazioa.

          NISAE plataformako elkarreragingarritasun-zerbitzuak eta gainerako modulua erabiltzeko bete beharreko inprimakirako sarbidea.

          Erabiltzaileen eta integratzaileen arretarako zentrorako sarbidea.

          Gorabeherei buruzko informazioa.

          NISAEk ematen duen zerbitzuaren inguruko berriak.

          Igorlea eta errekeritzailea.

          Hauek dira igorle eta errekeritzaileen funtzioak eta erantzukizunak:

          Baimenen kudeaketa.

          Elkarreragingarritasun-zerbitzuen kudeaketa.

          Auditoretzak.

          Lagatzaileentzako eta lagapen-hartzaileentzako arreta zalantzak argitzeko eta gorabeherak konpontzeko.

          Jarduerari eta erabilerari buruzko txostenak.

          Lagatzaileentzako eta lagapen-hartzaileentzako laguntza teknikoa datuak trukatzeko zerbitzuak gaitzeko.

          Sistemen eta aplikazioen garapena eta mantentzea.

          Lehen bost funtzioak NISAE-Izenperen esku utzi ahalko dira guztiz edo hein batean.

          EJIE.

          EJIEk, Eusko Jaurlaritzaren berezko baliabide gisa, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Administrazio Instituzionaleko erakunde guztien igorle eta errekeritzailearen rola gain hartuko du. Hortaz, igorle eta errekeritzaile gisa dituzten funtzio eta erantzukizun guztiak hartuko ditu.

          CCASA, IZFE, Lantik Biscaytik.

          CCASA, IZFE, Lantik Biscaytik, hurrenez hurren Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Aldundien berezko baliabide gisa, dagokien Foru Aldundiaren, haren menpeko erakunde eta organismo guztien eta dagokien lurralde historikoko udal eta toki-administrazio guztien igorle eta errekeritzailearen rola hartuko dute gain, lurralde historikoko hiriburuarena eta haren menpeko erakundeena izan ezik. Hortaz, igorle eta errekeritzaile gisa dituzten funtzio eta erantzukizun guztiak hartuko dituzte.

          Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalak.

          Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek edo, eskuordetuz gero, informatika-zerbitzuak ematen dituzten haien erakundeek, kasuan kasuko udalaren eta haren menpeko erakundeen igorle eta errekeritzailearen rola hartuko dute gain. Hortaz, igorle eta errekeritzaile gisa dituzten funtzio eta erantzukizun guztiak hartuko dituzte.

          Lagatzaileak eta lagapen-hartzaileak.

          NISAEk ahalbidetuko du euskal administrazio publiko guztiak beren datuen lagatzaileak eta EAEko eta Estatuko beste administrazio batzuen datuen lagapen-hartzaileak izatea.

          Lagatzaile gisa, edozein administraziok:

          Truke-zerbitzuetan eskuragarri dauden datuak trukatzeko beren zerbitzuen katalogo edo erregistrorako informazioa utziko du beste erakunde batzuen esku, kontsulta dezaten.

          Zerbitzuak eskuratzeko baimenei dagokienez:

          Eskaintzen dituzten datuak trukatzeko zerbitzuak eskuratzeko protokoloak eta baldintzak, baimentzen diren metodoak eta errekeritzaile bakoitzak jakin behar duen informazioa ezarriko ditu.

          Eskaera bat baztertzen edo ukatzen denean, justifikatu egingo du.

          Auditoretza-politika zehaztuko du eta aldizkako auditoretzak egingo ditu bere datuen kontsultei buruzko sistemaren erabileraren inguruan.

          Zeregin horiek igorlearen edo elkarreragingarritasunerako nodoaren esku utzi ahalko ditu.

          Lagapen-hartzaile gisa, edozein administraziok:

          Lagatzaileak baimendutako izapideei eta prozedurei buruzko informazioa eskatuko du, administrazio-prozedura baten esparruan.

          Datuak eskuratzeko lagatzaileak ezarritako baldintzak beteko ditu.

          Interesdunari baimena eskatuko dio, lege batek horretatik salbuetsi ezean, eta sistematik jasotako erantzuna adieraziko du kasuan kasuko espedientearen eremuan.

          Kontsulta bakoitzean lortutako informazioa kasu bakoitzean egokia den xederako erabiliko du. Gainera, kontsulta bera behar adina aldiz eta kontsulta dagokion izapideak eskatzen duen bakoitzean egingo du eta ez-betetzeen ondorioz sor daitekeen erantzukizuna gain hartuko du berariaz.

          Auditoretza-lanetan lagunduko du hori eskatzen zaionean, lagatzaileari kontsultak kontrolatzeko behar diren informazioa edo agiriak emanez.

          Ez dio eskatuko lagatzaileari informazioa hitzarmenean, eranskinetan edo alderdiek ituntzen dituzten aldaketetan ezarritakoez bestelako bideak erabiliz bidaltzeko.

          Ez die eskatuko interesdunei lagatzaileak emandako ziurtapenak edo agiriak aurkezteko. Aitzitik, informazio hori hitzarmen honetan ezarritako sistemaren bidez transmititzeko eskatuko dio lagatzaileari, non eta ez den ezinezkoa, arrazoi teknikoengatik edo antolamenduagatik, lagatzaileak informazio hori ematea.

          Baldintza teknikoak eta funtzionalak.

          Informazioa elkarreragingarritasun-eskema nazionalean, hori garatzeko arauetan eta, batez ere, datu-bitartekaritzako Protokoloen Elkarreragingarritasunaren Arau Teknikoan (2012ko uztailaren 26ko BOE) ezarritako baldintza tekniko eta funtzionalen arabera emango da.

          Zehaztapen teknikoak.

          Administrazioen arteko datu-bitartekaritzarako plataformaren ezaugarriak.

          Datu-bitartekaritzarako nodoa zerbitzu horizontala da eta hainbat administrazio integratzea ahalbidetzen du, bai beste administrazio publiko batzuei datuak emateko, bai beste batzuen datuak kontsultatzeko, era seguruan.

          Datu-bitartekaritzarako plataforman sartzeko modua.

          Nodoaren zerbitzuetan Euskalsarearen bidez baino ezin da sartu. Sarea dagokion eranskinean deskribatu da.

          Segurtasunari buruzko zehaztapenak.

          Trukatzen den informazioa kritikoa denez gero, datuen segurtasuna, konfidentzialtasuna eta babesa erabat bermatzeko, zehaztapen hauek beteko dira:

          Autentifikazioa: zerbitzuan sartzen diren erabiltzaileen identifikazioa, UIT X.509 gomendioaren 3. bertsioa edo haren gainekoak betetzen dituen indarreko ziurtagiri elektroniko onartuaren bidez edo indarreko legean jasotako beste identifikazio-sistema batzuen bidez.

          Baimenen kudeaketa: enplegatu publikoei eta aplikazioei baino ez zaie sarbidea emango, eta gaituak izan diren kontsultak egiteko baino ez.

          Sinadura elektronikoa: eskaera guztiak ziurtagiri elektronikoarekin (X509 v3) sinatuko dira (XMLDSig).

          Trazabilitatea: sistemak egiten diren kontsulta guztiak erregistratuko ditu, beti enplegatu publikoa edo aplikazioa (ziurtagiri elektronikoaren bitartez), kontsultaren unea (denbora-zigilua) eta haiek egin diren xedea identifikatuz. Erregistratutako datuen osotasuna bermatzen du sistemak, sinadura elektronikoa erabiliz.

          Konfidentzialtasuna: sistemak trukatutako datuen konfidentzialtasuna bermatuko du. Erakundeen artean egiten diren komunikazio guztietarako https protokoloa (SSL) erabiltzen da eta, gainera, Euskalsareak, zati nagusian, datuak zifratzeko neurri gehigarriak ematen ditu.

          Osotasuna: egiten diren kontsulta guztiak nahiz itzultzen diren erantzunak elektronikoki sinatuko dira trukatutako datuen osotasuna zein esku hartzen duten alderdien identitatea eta kontsultaren nahitaezko onarpena bermatzeko.

          Denbora-zigilua: datu-bitartekaritzarako plataforman erregistratutako jardueren eta gertaeren data eta denbora ziurtatzeko, denbora-marka bat erabiliko da edo, hala badagokio, Izenperen TSA denbora-zigiluko konfiantzazko zerbitzu kalifikatua.

          Ikuskagarritasuna: eskaera guztiak eta dagozkien erantzunak sisteman erregistratzen dira, dagozkien sinadura elektronikoekin eta denbora-zigiluekin. Eskaera guztiak identifikatzaile bakar batekin identifikatzen dira. Gerora berreskuratzea ahalbidetzen du identifikatzaile horrek, erreklamazioak edo zerbitzuaren auditoretzak egonez gero.

          Auditoretza: datu-bitartekaritzarako plataformak auditoretza-modulu bat izango du. Modulu horretan, egiten diren datuen kontsulta guztiak, testuinguruari buruz lotutako informazioa, eskatzailearen identitatea, kontsultaren data eta xedea eta kontsultak berak eragindako gertaera garrantzitsuak geratuko dira erregistratuta. Erregistratutako informazioaren osotasuna eta nahitaezko onarpena bermatuko dira, sinadura elektroniko eta denbora-zigiluko tekniken bidez. Halaber, neurri teknikoak ezarriko dira eraginkortasun teknikoa edo segurtasuna direla-eta linean gordetzen ez den informazioa eskuragarri izatea eta berreskuratu ahal izatea bermatzeko. Behar diren baimena eta egiaztapena dituzten langileak bakarrik sartu ahalko dira plataformaren auditoretzaren funtzionaltasunetan.

          Informazioaren kalitatea: datuen kalitatea haiek zaintzen dituen erakundearen erantzukizuna izango da.

          Administrazio ordezkaria: erabiltzaileen kudeaketa (altak/bajak/aldaketak) errazteko, erakunde bakoitzak kudeaketa horretaz arduratzen den administratzaile bat edukitzea onartzen du sistemak.

          Segurtasun komuneko politika: informazioa eta eskainitako bitartekaritza-zerbitzuak behar bezala babesteko behar diren segurtasun-neurriak zehazteko, aplikazioen segurtasun-, normalizazio- eta kontserbazio-irizpideak betetzeari buruzko araudi eguneratua kontuan hartuko da, baita urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretutik (administrazio elektronikoaren esparruan segurtasun-eskema nazionala arautzen duenetik) aplikagarriak direnak ere.

          Arriskuen azterketa eta kudeaketa, ahal dela hedapen handiko metodologiak erabiliz, hala nola Administrazio Elektronikoaren Kontseilu Nagusiaren Informazio Sistemen Arriskuak Aztertzeko eta Kudeatzeko Metodologia (Magerit).

          Datu pertsonalak babesteari buruzko araudia betetzea, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoan (abenduaren 13ko 15/1999) eta hura garatzeko araudian xedatutakoarekin bat etorriz.

          Eskuragarritasuneko zehaztapenak.

          Datu-bitartekaritzarako plataforma asteko 7 egunetan eta eguneko 24 orduetan eskuragarri egotea sustatuko da. Erakunde lagatzaileek eskuragarritasun berbera izan beharko dute beren sistema edo plataformetan.

          Zerbitzu berriak sartzea.

          Hitzarmen honi atxikitako administrazioek bitartekaritza bidezko datu-multzo berriak sartu ahalko dituzte, zerbitzu-kartaren eguneratzea sustatuz eta Izenperi bitartekaritza bidezko zerbitzu berriak jakinaraziz, zerbitzu-karta eguneratu dezan.

          Zerbitzu-mailako akordioak.

          Zerbitzu-mailako akordioak NISAEren atarian (www.nisae.izenpe.eus) argitaratuko dira eta etengabe eguneratuko dira.

          Laguntza-zerbitzuak.

          NISAEk datu-bitartekaritzako zerbitzuen erakunde erabiltzaileentzako laguntza- eta arreta-zerbitzu bat izango du.

          Zerbitzu horrek arreta ematea, laguntzea eta EAEko administrazioen eta sektore publikoaren eremuko datu-bitartekaritza kudeatzean gertatzen diren gorabehera funtzionalak zein teknikoak konpontzea hartzen du barne.

          Kontaktu-datuak, arreta-ordutegiak eta zerikusia duten beste alderdi batzuk www.nisae.izenpe.eus atarian argitaratuta daude.

          Datuen transmisioa.

          Datuak transmitituko dira EAEko administrazio orokorraren, Foru Aldundien eta toki-erakundeen menpeko organoek eta erakundeek kudeatzen dituzten administrazio-prozeduretan interesatuta dauden pertsonen datuak egiaztatzeko eta kontsultatzeko. Hartara, zorrozki beteko da beti indarrean dagoen arau-esparrua eta, bereziki, datu pertsonalak babesteari buruzkoa. Ildo horretan, trukatzen diren datu pertsonalak egokiak eta bidezkoak izango dira eta ez dira gehiegizkoak izango lortu diren eremu eta xede zehatz, esplizitu eta legitimoei dagokienez, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoaren 4. artikuluak xedatzen duen moduan.

          Datuak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (39/2015) 28. artikuluan ezarritakoaren arabera kontsultatuko dira.

        4. Ordainketa pasabidea.

          Xedea.

          Eranskin honen xedea da toki-erakundeek, haiei lotutako edo haien menpeko erakunde publikoek finantza-erakundeekiko elkarreragingarritasun-zerbitzua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak garatu duena, erabiltzeko dituzten baldintzak eta betebeharrak arautzea.

          Nolanahi ere, zerbitzua indarreko arau-esparrua eta, bereziki, datu pertsonalen babesari buruzkoa errespetatuz erabiliko da beti.

          Irismena.

          1. Toki-erakundearen eta hari lotutako edo haren menpeko erakunde publikoen menpeko organo eta erakundeen edozein aplikazio informatiko gaitzen da finantza-erakundeekiko elkarreragingarritasun-zerbitzua erabiltzeko.

          2. Toki-erakundeak eta hari lotutako edo haren menpeko erakunde publikoek honako hauetan erabili ahalko dute finantza-erakundeekiko elkarreragingarritasun-zerbitzua:

            1. Herritarrentzat edo enpresentzat den eta ordainketa elektronikoa eskatzen duen edozein zerbitzu elektroniko.

            1. Aurrez aurreko arretako leihatilak, ordainketa edozein zerbitzutan txertatzeko.

            1. Finantza-erakundeek emandako kontu-zenbakien titulartasun-ziurtapenen lorpena.

              Gainera, haien ardura izango da zerbitzua beren aplikazio informatikoetan abian jartzea, eguneratzea eta mantentzea.

          3. Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute elkarri jakinarazteko zerbitzuaren bateragarritasunari eragin diezaiokeen edozein informatizazio-neurri.

          4. Euskal Autonomia Erkidegoak autokudeaketa-tresna bat emango die toki-erakundeari eta hari lotutako edo haren menpeko erakunde publikoei. Horri esker, hau egin ahalko dute:

            1. Ordainketa elektronikoa txertatzen duten zerbitzuak beren kabuz kudeatu.

            1. Ordainketa elektronikoko sistemaren erabilerari buruzko estatistikak lortu.

            1. Ordainketa elektroniko baten egoeraren jarraipena egin, egon daitezkeen gorabeherak konpontzeko helburuarekin.

            1. Finantza-erakundeei kontu-zenbakien titulartasuneko ziurtapenak sortatan eskatzea.

            1. Autokudeaketa-aplikazioan sar daitezkeen erabiltzaileak administratzea.

              Zerbitzu-emailearen betebeharrak.

              Euskal Autonomia Erkidegoak, finantza-erakundeekiko elkarreragingarritasun-zerbitzua ematen duenez, betebehar hauek hartzen ditu gain:

              1. Zerbitzuaren funtzionamendu ona zaintzea.

              2. Proba-ingurune bat izatea, zerbitzuan hobeto integratzeko.

              3. Behar diren mekanismoak gaitzea toki-erakunde erabiltzaileak honako hauek egin ahal izan ditzan:

                1. Bere aplikazioak zerbitzuarekin integratu.

                1. Herritarrei informazioa eta arreta eta erakundeei beharrezko laguntza eman.

                  Zerbitzuen erakunde erabiltzailearen betebeharrak.

                  Toki-erakundeak eta hari lotutako edo haren menpeko erakunde publikoek, Euskal Autonomia Erkidegoko finantza-erakundeekiko elkarreragingarritasun-zerbitzuaren erabiltzaileak direnez, betebehar hauek hartzen dituzte gain:

                  1. Herritarrei finantza-erakundeekiko elkarreragingarritasun-zerbitzua erabiltzeko behar diren baliabide guztiak ematea.

                  2. Ordainketa elektronikoa zein zerbitzutan egin ahal den jakinaraztea.

                  3. Herritarrei informazioa eta arreta ematea eta finantza-erakundeekiko elkarreragingarritasun-zerbitzua antolatzeko elkarlanean aritzea.

                    Ezaugarri teknikoak eta zerbitzu-maila.

                    Atal honetan zehazten diren ezaugarri teknikoak eta zerbitzu-maila izango dituzte eranskin honen xede diren zerbitzuek.

                    Zerbitzuaren eskuragarritasuna.

                    Finantza-erakundeekiko elkarreragingarritasun-zerbitzua asteko 7 egunetan eta eguneko 24 orduetan egongo da eskuragarri.

                    Zerbitzurako sarbidea.

                    Finantza-erakundeekiko elkarreragingarritasun-zerbitzuak sarbide-interfaze hauek dauzka:

                    (Ikus .PDF)

                    Segurtasun-, konfidentzialtasun- eta auditoretza-betekizunak.

                    Elkarreragingarritasun-komunikazio guztiak zifratu egingo dira (HTTPS).

                    Finantza-erakundeekiko elkarreragingarritasun-zerbitzuak ez du inoiz kontuko edo banku-txarteleko zenbakirik erabiltzen edo gordetzen; izan ere, ordainketa egiten duen pertsonak edo enpresak finantza-erakundearen beraren webgunean sartzen ditu datuok, inoiz ez Euskal Autonomia Erkidegoko sistemetan, eta datu horiek ez dira inoiz sistemen artean transferitzen.

                    Laguntza eta gorabeheren konponketa.

                    Zerbitzua erabiltzen duen toki-erakundeak eta hari lotutako edo haren menpeko erakunde publikoek konpromisoa hartzen dute ordainketa elektronikoa txertatzen duten administrazio elektronikoaren zerbitzuen azken erabiltzaileei gorabeheretarako arreta-zerbitzuak emateko. Horretarako, finantza-erakundeekiko elkarreragingarritasun-sistemek autokudeaketa-mekanismoak eskaintzen dizkiote toki-erakundeari edo administrazio instituzionaleko erakundeari, gorabeheretarako arreta-zerbitzu horiek emateko.

                    Eusko Jaurlaritzak bigarren mailako arreta-zerbitzu bat eskainiko die toki-erakundeari eta hari lotutako edo haren menpeko erakunde publikoei, finantza-erakundeekiko elkarreragingarritasun-zerbitzua erabiltzean sor daitezkeen arazoak konpontzeko. Zerbitzu hori kanal elektroniko eta telefonikoen bidez emango da, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 18:00etara.

                    Hala ere, plataforma asteko egun guztietako ordu guztietan erabilgarri egotea bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak gorabeheretan laguntzeko 24 x 7 zerbitzu bat prestatzeko konpromisoa hartzen du, finantza-erakundeekiko elkarreragingarritasun-zerbitzuaren funtzionamendu onari eragiten dioten arazoak konpontzeko.

Euskadi, auzolana