Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2. 5/2004 LEGEA, maiatzaren 7koa, Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzekoa.

Arautegia

Inprimatu

5/2004 LEGEA, maiatzaren 7koa, Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 96
  • Hurrenkera-zk.: 2678
  • Xedapen-zk.: 5
  • Xedapen-data: 2004/05/07
  • Argitaratze-data: 2004/05/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak maiatzaren 7ko 5/2004 Legea, Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzekoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Mahatsaren eta ardoaren ekoizpena garrantzi handiko osagaia da egungo euskal nekazaritzako elikagaien arloan, ez ekonomiaren ikuspegitik bakarrik, baita gizartearen aldetik ere, mahastizaintzak eta ardogintzak gizarte-sektore askotan onarpen handia dutelako. Ardoari antzinatik eman zaion garrantziari esker arian-arian garatu dira denboran zehar mahasti-laborantza, ekoizpenaren kalitatea eta kopurua, ardoa egiteko industriaren eboluzio-maila eta industria horretan parte hartzen duten sektore guztiek lortutako prestakuntza-maila. Horrela lortu du egungo ekoizpen-sistemak eraginkorra izateaz gain nazioartean duen onarpen entzutetsua, milaka urteetako tradizioari lotuta baitator ardoa neurrian kontsumitzeko ohitura.

Euskal Autonomia Estatutuak, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaz onartuak, 10. artikuluko 9. paragrafoan Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio eskumen esklusiboa nekazaritzan, ekonomiaren antolaketa orokorraren arabera, eta artikulu bereko 27. paragrafoan zehazten du Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola eskumen esklusiboa jatorri-deiturei buruz Estatuarekin elkarlanean.

«Estatuarekin elkarlanean» esapideari Konstituzio Auzitegiak emandako interpretazioaren arabera, ez du eskumen erdibanako moduan interpretatu, ez eta Estatuarentzat gordetako koordinazio-eskumen bezala ere, zeren «eskumen esklusiboa elkarlanean izateak ez baitu esan nahi eskumen partzialen aldez aurreko bereizketarik egiten denik gero Estatuak hori koordinatzeko, baizik eta jarduera hori, beste izakiaren eskumenak ahalik eta gehien errazteko, alde bakarrak burutu behar duela gaiaren gaineko berariazko lankidetzako araubideaz baliatuta. Elkarlanean aritzeak esan nahi du elkarlanean diharduten izakietako batek egin dezakeena ez duela besteak egin behar, bataren eta bestearen jarduerak elkarren artean trukatzeko modukoak izan ez daitezen».

Autonomia Estatutua garatzerako, Euskadiko politika egituratu beharrak antolaketa politiko-administratibo berri bat sortu eta Euskadiko lurralde historikoen beren beregiko araubide juridikoen eta eskumenen errespetuaz ezkontzea ekarri zuen, eta hori izan zen Lurralde Historikoen Legea izenarekin ezagunagoa den Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen azken helburua. Lege horren arabera, lurralde historikoei dagokie mahastizaintzan eta ardogintzan erakunde nagusiek emandako arauak garatu eta betearaztea.

Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan orain darabilgun gaiaren gaineko eskumenen banaketa egin eta gero, gaiarekin zerikusia duten erakundeetako bakoitzari dagozkion eskumenak gauzatzeko erak argitu eta errazteko bideak ezartzea da lege honen asmoa.

Mahatsaren eta ardoaren ekoizpenaren etorkizuna kalitatearen ikuspegitik bideratu da, kalitatea bera ere egindako produktuen berezitasunean oinarritu behar dela kontuan hartuta. Ildo horretan, azpimarratzekoak dira legeak kalitatea babesteko jasotako neurriak, ez ardoa egitean bakarrik, baita mahatsaren jatorrian ere. Helburu horrekin ezarri ditu, bada, Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoen kudeaketa- eta kontrol-organoek bete behar dituzten betekizunak.

Mahastizaintzako eta ardogintzako arloa arautzeaz gain, arloarekin zerikusia duten sektore guztiek behar bezalako lehia leialaren baitan jarduteko joko-arauak ezartzea da legearen azken helburua, baita ardoa egin eta merkaturatzeko prozesu osoan kontsumitzailea babestea ere.

Legea bost titulutan egituratzen da: xedea eta aplikazio-eremua; mahasgintza; ardogintza; Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoak, eta zehatzeko araubidea, hurrenkeran.

Legearen xedea eta aplikazio-eremua ezartzen dira I. tituluan; eta bertan jasotzen dira, halaber, legearen edukian agertutako zenbait kontzeptu zehazteko zentzu orokorrez emandako definizio batzuk.

Mahasgintza arautzen da II. tituluan, eta bertan jasotzen da mahastiak landatzea, mahatsondo-klaseak eta mahatsondoaren laborantzaren gaineko arauak, bai eta bete behar diren uzta-aitorpenak eta mahastien erregistroak ere.

Ardogintza arautzen da III. tituluan. Amaierako produktuaren kalitatea bermatzeko, onartutako praktika eta tratamendu enologikoei buruzko arauak jasotzen dira. Produktuaren azken emaitzaren eta kontsumitzailearen segurtasunaren berme-tresna moduan produktu enologikoen zerrenda eratzen da, ardoa egiteko prozesuan erabili ahal izango diren produktu enologikoak jasotzen baitira bertan.

Era berean, III. tituluan jasotzen dira ekoizpenaren eta izakinen aitorpenak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan hasi eta Europar Batasuneko lurralde-eremu osora mahastizaintzako eta ardogintzako produkturen bat garraiatu nahiz garraiarazi dezaten pertsona fisikoek zein juridikoek eta pertsonen artean osatutako taldeek bete beharko dituzten agiriak, garraioan eramateko agiriak, alegia. Mahastizaintzako eta ardogintzako produktuak dituztenek produktu horien kontabilitate berezia eraman beharko dute erregistro-liburuetan, eta liburuetako idatziak eta garraioan eramateko agirietan agertzen diren zehaztasunak bat etorri behar dira.

Garrantzi berezia dute etiketei buruzko arauek, eta, zabalago hartuta, mahastizaintzako eta ardogintzako produktuen izendapen, aurkezpen-modu eta publizitateari buruzko arauek, kontsumitzaileen segurtasuna bermatze aldera ez dutelako iruzurrik sortu behar, ez eta hartzailea nahastu edo erratzera eraman ere, zeren arau horiek hausten dituzten produktuak ezin izango baitira salmentan jarri, ez merkatura atera, ez esportatu.

Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoak eta ardo horien babesa arautzen dira IV. tituluan, eta jabari publikoko ondasun izendatzen dira babestutako izen geografikoak. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoak arautzeko berariazko arauetan jaso beharreko gutxieneko edukia ere zehazten da, ardo horiek halakotzat aitortzeko prozedurarekin batera.

Titulu horrek arautzen ditu, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoen kudeaketa-organoak, eta jatorri-deiturako kasuetan eta jatorri-deitura kalifikatuen kasuetan organo horien izena kontseilu arautzaile izango da. Lege honek garrantzizko berrikuntza bat sartu du kudeaketa-organo horiei dagokienez, izan ere, zuzenbide publikoko korporazio moduan kalifikatu ditu, Administrazioko organo deskontzentratu izatetik funtzio publikoak betetzen dituzten erakunde bihurtzen dituelako; eta funtsean zuzenbide pribatua izango dute araubide. Premia baten eraginez egin da aldaketa hori, izan ere, mahastizaintzako eta ardogintzako arloa arautzeko garaian garrantzi gehiago eman nahi zaie kudeaketa-organoei arlo horretan, bertan ordezkaritza duten mahastizaintzako eta ardogintzako arloei ere ematen zaielako aldi berean. Hartara, Administrazioari gelditu zaizkion eginkizun bakarrak organo horien jarduteko modua eta lege honetan jasotako helburuetara egokitzen diren eta bertako betebeharrak betetzen dituzten ikuskatu eta babestea izango dira.

Mahastizaintzaren eta ardogintzaren arloetako arau-hausteei aplika dakiekeen zehatzeko araubidea arautzen da V. tituluan; arau-hausteak arin, larri eta oso larri moduan sailkatzen dira, eta arau-hauste horiei aplikatzeko zehapenak ere bertan ezartzen dira. Ikuskapen-lana errazteko, ikuskatzaileek ikuskaritza-lanetan dihardutenean, ikuskatuaren instalazioetara sartu ez ezik, industria, merkataritza eta kontabilitate arloetako agiriak ere ikuskatu egin ahal izango dituzte. Aldi berean, kudeaketa-organoei baimena ematen zaie organo bakoitzak zain ditzan bere kalitateko ardoen babesa ez duten mahats, muztio eta ardoen joan-etorriak, baldin eta bere eremu geografikoan egin, biltegiratu, botiletan sartu, merkaturatu edo eremu horretatik igarotzen badira.

  1. – Lege honen xedea mahastien eta ardoaren antolamendua da, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean.

  2. – Lege hau aplikatuko zaie Euskal Autonomia Erkidegoan landatu eta ardotarako mahatsa eta txertaken laborantzarako ekoizteko diren mahastiei. Era berean, lege honen aginduen arabera lotuko dira Erkidego honetan kokatutako instalazioetan ardoa egiteko prozesua, Erkidego honetatik bidalitako mahasgintzako eta ardogintzako produktuak, eta haien izendapena, izena eta aurkezpen-modua.

  3. – Lege honen aginduen arabera lotuko dira ardoen jatorria eta kalitatea babesteko sistema eta mahastizaintza eta ardogintza alorreko zehatzeko arautegia.

Gaiaren gaineko eskumenak dituzten administrazio publikoek ardo-kontsumoa eta mahastien babesa sustatzeko, zabaltzeko eta horien gaineko informazioa emateko kanpainak finantzatu ahal izango dituzte. Helburu horrekin, aipatutako kanpainak, osorik edo zati batean, funts publikoekin finantzatuta badaude, irizpide hauek bete beharko dituzte:

  1. Ardoa neurriz eta erantzukizunez kontsumitzeko gomendatzea.

  2. Ardoa elikagai natural denez, ardo-kontsumoak dietan sortzen dituen onuren gainean kontsumitzaileei informazioa ematea.

  3. Kontsumitzaileak hezi eta prestatzea.

  4. Aurreko artikuluan aipatutako ardoen gaineko ezagupena bultzatu eta zabaltzea, merkatu berrietara hedatzea lortzeko.

    Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak akordioak edo itunak izenpetu ahal izango ditu beste erakunde batzuekin, publikoekin nahiz pribatuekin, kanpaina horiek egiteko.

Lege honen ondorioetarako, zentzu honetan ulertu behar dira jarraian datozen kontzeptuak:

  1. Erauzketa: mahatsondoz landatutako lurretan dauden mahats-orpoak erabat ezabatzea.

  2. Landaketa: txertatuta edo txertatu gabe, mahatsondo-landareak edo mahatsondo-landare parteak behin betiko jartzea, mahatsa ekoizteko edo txertoetarako sorburuko mahatsondoen laborantzarako.

  3. Landaketa berria: 1493/1999 (EE) Erregelamenduko 3. artikuluan landaketa berrirako jasotako eskubideak baliatuz egindako mahatsondo-landaketa.

  4. Birlandaketa: 1493/1999 (EE) Erregelamenduko 4. artikuluan birlandaketarako jasotako eskubideak baliatuz egindako mahatsondo-landaketa.

  5. Gaintxertaketa: lehendik txertatutako mahatsondoari egindako txertoa.

  6. Hutsarteak betetzea: errotzeko arazoak izan dituztelako edo ezbehar fisikoak, biologikoak edo eguraldiak eragindakoak izan dituztelako, emankorrak ez diren mahats-orpoak ordeztea.

  7. Laborantzako azalera: mahats-orpoekin benetan hartutako laborantzaren azalerak eta horri dagokion kale eta pasabideen heineko azalerak osatutako azalera guztia.

  8. Ekoizlea: 1493/1999 (EE) Erregelamenduko 1. artikuluko 2. paragrafoan aipatutako mahastizaintzako eta ardogintzako produktuak egin ditzaten pertsona fisikoak zein juridikoak, eta pertsona horiek osatutako taldeak, kooperatiba-upategiak barne.

  9. Mahats-lursaila: urte berean mahatsondoz landatutako lurraren azalera jarraitua, edo mahatsondoak landatzeko egindako eskariari dagokion azalera jarraitua.

  10. Mahats-ustiategia: ekoizle berberaren mahats-lursail guztien multzoa.

  11. Ardoa: elikagai naturala, jotako edo jo gabeko mahats freskotik, edo mahats-muztiotik, hartzidura alkoholiko osoz edo zati batenaz lortutakoa soil-soilik.

  1. – Landaketa berrirako eskubidetzat hartzen dira ardotarako mahatsa ekoizteko diren mahatsondo-landareak behin betiko landatzeko baimena ematen dutenak, Euskal Autonomia Erkidegoari landaketa berriak egiteko izendatutako eskubideen banaketaren ondorio diren heinean.

    Landaketa berrirako eskubidetzat hartzen dira, halaber, kasu hauetan emandakoak:

    1. Mahastizaintzako saiakuntzakoak.

    2. Txertoetarako sorburuko mahatsondoen laborantzakoak.

    3. Lursailak bateratzeko neurrien baitan zein herri-onurakoa izateagatik egindako desjabetza-neurrien baitan landatzeko jarritako azalerak, 1227/2000 (EE) Erregelamenduko 3. artikuluko 1. paragrafoarekin bat etorriz.

  2. – Foru-aldundiek, erregelamenduz zehaztuko diren baldintzetan, landaketa berrirako eskubideak eman ditzakete, mahastizainaren familiaren kontsumorako baino ez diren mahastizaintzako eta ardogintzako produktuak ekoizteko zenbait azaleretarako, betiere salbuespenez eta eskubide horietatik etorritako mahastizaintzako eta ardogintzako produktuak aipatu familia-kontsumorako direla ziurtatuz.

  3. – Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saileko organo eskumendunari dagokio landaketa berrien eskubideak lurralde historikoen artean banatzea, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak eta lurralde historikoetako foru-organoei dagozkien sailetako foru-diputatuek osatuko duten batzordeak irizpena eman ondoren, betiere kontuan hartuta lurralde historiko bakoitzeko ardo-ekoizpenerako ahalmena, batetik, eta kalitateko ardo ezberdinak merkatuari egokitzearen irizpidea, bestetik.

  4. – Onuradunek baldintza hauek bete behar dituzte:

    1. Landaketa berria egiteko baimenaren xede diren lursailak eskubidea ematen duen lurraldean kokatuta egon behar dira.

    2. Baimen-eskatzaileak erregularizatuta eduki behar du bere mahasti osoa, indarrean dagoen mahastizaintzako araudiarekin bat etorriz.

    3. Baimen-eskatzaileak landaketa berrirako lursailen titular izan beharko du jabetza-eskubide baten ondorioz, edo baimena eskatzen duen landaketa berrirako lursailen erabilera- eta gozamen-eskubidea eduki.

    4. Direnak direlako foru-aldundiek ezarritako beste edozein eskakizun edo lehentasun-irizpide objetibo.

  5. – Landaketa berrirako eskubideak erabili, jaso dituen ekoizleak berak erabili beharko ditu, baimendutako azaleretan eta helburuetarako, eta mahasgintzaren jardueran gutxienez bost urtez aritzeko konpromisoa hartu; eskubideok azkenik, ezin besterenduzkoak izango dira aipatutako epean.

  6. – Landaketa berrirako eskubideak erabili, bestalde, ematen diren kanpainaren hurrengo bigarren kanpaina amaitu aurretik erabili behar dira. Aldi horretan erabiltzen ez diren landaketa berrirako eskubideei, 1493/1999 (EE) Erregelamenduko 3.1 artikuluan aipatzen direnez bestelakoei, 6.2 artikuluko b) idatz-zatian xedatutakoa aplikatuko zaie.

  1. – Birlandaketako eskubidetzat hartzen dira ardotarako mahatsa ekoizteko mahatsondo-landareak behin betiko landatzeko baimena ematen dutenak, ustiategi berean mahatsondo-landaketa bat erauzteagatik sortutako eskubideetan oinarrituta edo eskualdaketaz lortutako eskubideetan oinarrituta.

  2. – Birlandaketako eskubideen onuradunek 4.4. artikuluan zehaztutako baldintza guztiak bete behar dituzte.

  3. – Birlandaketako eskubideak erabili, aurrez aitortutako erauzketa egin zen kanpainaren hurrengo zortzigarren kanpaina amaitu aurretik erabili behar dira.

    Hala ere, eskualdaketaz lortutako eskubideen kasuan, eskualdaketa onartu zenetik hurrengo bigarren kanpaina amaitu aurretik erabili behar dira eskubideak, eta inola ere ezin da aurreko paragrafoan ezarritako epea gainditu.

  4. – Aldez aurreko birlandaketako eskubideak eman ahal izango zaizkie, azalera jakin batean landatzeko, azalera landatu ondorengo bigarren kanpaina amaitu aurretik erauzketa egiteko konpromisoa idatziz hartzen duten ekoizleei. Konpromiso idatzi horrekin batera bankuko abala aurkeztu behar zaio birlandatu beharreko lursaila kokatuta dagoen lurralde historikoko foru-aldundiari; abalaren zenbatekoa aipatutako foru-aldundiak zehaztuko du kasu bakoitzean, baina ezin da izan egingo den landaketa berriaren balioa baino txikiagoa, azaleraren balioa, landaketarena eta birlandaketaren eskubidearena barne direla kalkulatuta.

  5. – Birlandaketako eskubideak ematen direnean, aurrez erauzitako edo erauzteko den azaleraren pareko landutako eremurako eman ahal izango dira.

  6. – Ustiategi bereko lursailetan erauzketa egiteagatik sortutako eskubideetan oinarritutako birlandaketarako baimena ematea ustiategia kokatuta dagoen lurralde historikoko foru-aldundiari dagokio, baldin eta lursail biok lurralde historiko berean kokatuta badaude. Eta foru-aldundi horrek Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinarazi behar dio zeintzuk diren bere lurraldean kanpaina bakoitzean eskubide horiek jaso dituzten azalerak.

    Baldin eta lursailak, titular berarenak izan arren, lurralde historiko batean baino gehiagotan aurkitzen badira, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari dagokio baimenaren gaineko erabakia. Birlandatu beharreko lursaila kokatuta dagoen lurralde historikoko foru-aldundia izango da Nekazaritza eta Arrantza Sailean eskabideak kudeatzeko ardura izango duena. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak interesatuei eta dagozkien lurralde historikoei emango die hartutako erabakien berri.

    Baldin eta lursailak, titular berarenak izan arren, autonomia-erkidego batean baino gehiagotan aurkitzen badira, edo lursailen bat autonomia-erkidego baten lurraldea baino gehiago hartzen duen jatorri-deitura batean aurkitzen bada, indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak eman beharko du baimena, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bidez izapideak egin ondoren. Horretarako, birlandatu beharreko lursaila kokatuta dagoen lurralde historikoko foru-aldundiak kudeatuko ditu eskabideak, eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari aurkeztuko dizkio. Aipatutako sailak izapidetuko du baimena Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioan.

  7. – Birlandaketako eskubideak erabili, eman diren azalera eta helburuetarako soilik erabili ahal izango dira.

  1. – Mahastiak landatzeko eskubideen erreserba bat egingo du Euskal Autonomia Erkidegoak bere lurraldean, bere mahats-ekoizpenerako ahalmena errazago kudeatzeko eta ahalmen hori gal ez dadin.

    Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetako hiru lurralde-erreserbek osatuko dute Autonomia Erkidegoko erreserba hori.

  2. – Autonomia-erkidegoaren erreserban landaketa-eskubide hauek sartuko dira:

    1. Europar Batasunak gerora eman ditzan sorrera berriko landaketa-eskubideak.

    2. Landaketa berrirako eskubideak eman diren kanpainaren hurrengo bigarren kanpaina amaitu aurretik erabili gabeko eskubideak, 1493/1999 (EE) Erregelamenduko 3.1 artikuluan aipatutakoez bestelakoak.

    3. Erreserbatik etorritako landaketako eskubideak eman diren kanpainaren hurrengo bigarren kanpaina amaitu aurretik erabili gabeko eskubideak.

    4. Erauzketa egin den kanpainaren hurrengo zortzigarren kanpaina amaitu aurretik erabili gabeko birlandaketako eskubideak.

    5. Eskualdaketaz lortutako birlandaketako eskubideak, eskumenak dituen organoak onartu zituenean martxan zegoen kanpainaren hurrengo bi kanpainetan erabili ez badira.

    6. Indarrean dagoen arautegiaren arabera, hemen sar daitezkeen beste eskubide batzuk.

  3. – Landaketako eskubideen indarraldian gauzatu gabeko landaketako eskubideak, titularrari egotzi behar ez zaizkion arrazoiengatik izan bada, autonomia-erkidegoaren erreserban sartuko dira. Landaketako eskubidea gauzatzeko ezintasuna eragin zuen arrazoia amaitu eta gero, hasierako titularrari emango zaizkio eskubide horiek, inolako diru-ordainketarik eskatu gabe.

  4. – Nekazaritza eta Arrantza sailburuak eta lurralde historikoetako foru-organoei dagozkien sailetako foru-diputatuek osatuko duten batzordeak irizpena eman ondoren, eta kontuan hartuta, batetik, lurralde historiko bakoitzeko ardo-ekoizpenerako ahalmena eta, bestetik, kalitateko ardo ezberdinak merkatuari egokitzearen irizpidea, lurralde historikoen artean banatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko erreserban gordetako landaketako eskubideak. Lurralde historikoei dagokie aipatutako erreserbatik etorritako landaketako eskubideak esleitzea, besteak beste lehentasun-irizpide hauen arabera:

    1. Eskabidea aurkezteko unean gutxienez sei hilabeteko antzinatasunez Gizarte Segurantzako nekazaritzako erregimen berezian alta emanda dauden nekazari gazteak.

    2. Lehentasuneko nekazaritza-ustiategietako nekazari titularrak.

    3. Batez ere nekazari direnak.

      Landaketako eskubideak esleitzeko, mahastizaintzaren arloko prestakuntza eta jakituria egiaztatzea eskatu zaio eskatzaileei.

  5. – Ezin dira eskubide-eskatzaile izan une horretako kanpainan edo aurreko bost kanpainetan birlandaketako eskubideak eskualdatu dituztenak, edo mahastia behin betiko utzi izanagatik prima baten onuradun izan direnak.

  6. – Mahastizainei erreserbatik etorritako landaketako eskubideak ematen bazaizkie, ezin izango dira eskualdatu.

  1. – Birlandaketako eskubideak osorik edo zati batean eskualdatu ahal izango dira kasu hauetan:

    1. Eskubideak atxikita dituen lursailaren jabetza inter vivos zein mortis causa edozein negozio juridiko bitarteko dela eskualdatzen direnean.

    2. Ustiategi baten eskubideak beste bati eskualdatu eta eskuratzailearen lursaila kalitateko ardoen ekoizpenerako denean, «lurraldeko ardoa» izen tradizionala erabiltzeko eskubidea duten ardoetarako denean edo txertoetarako sorburuko mahatsondoen laborantzarako denean.

  2. – Birlandaketako eskubideak erabili, eman diren azalera eta helburuetarako soilik erabili ahal izango dira.

  3. – Ez da eskualdaketatzat hartuko titular beraren lursail biren arteko birlandaketako eskubideen lagapena.

  4. – Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko berean kokatutako lursailen artean egiten bada birlandaketako eskubideen eskualdaketa edo eskubide horien lagapena, lurralde horretako foru-aldundiari dagokio onarpena erabakitzea, eta berak jakinaraziko dio Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari zeintzuk diren kanpaina bakoitzean eskubide horiekin onartutako azalerak bere lurraldearen barruan.

  5. – Lurralde historiko batean baino gehiagotan kokatutako lursailen artean egiten bada birlandaketako eskubideen eskualdaketa edo eskubide horien lagapena, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari dagokio onarpena erabakitzea.

    Birlandatzeko den lursaila kokatuta dagoen lurralde historikoko foru-aldundia izango da Nekazaritza eta Arrantza Sailean eskabideak kudeatzeko ardura izango duena. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak emango die hartutako erabakien berri interesatuei eta dagozkien lurralde historikoei. Eskubideak eskualdatzearekin lurralde historikoen artean desorekak sortuko balira, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak ukatu egin ahal izango ditu eskualdaketa horiek.

  6. – Autonomia-erkidego batean baino gehiagotan kokatutako lursailen artean egiten bada birlandaketako eskubideen eskualdaketa edo eskubide horien lagapena, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari dagokio onarpena erabakitzea.

    Birlandatzeko den lursaila kokatuta dagoen lurralde historikoko foru-aldundia izango da Nekazaritza eta Arrantza Sailean eskabideak kudeatzeko ardura izango duena. Sail horrek erabaki-proposamen bat egingo du, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari igorriko dio.

  7. – Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean eta beste autonomia-erkidego bateko edo gehiagoko lurraldean kokatutako jatorri-deiturari eragiten badio eskubideak eskualdatzeak edo eskubide horiek lagatzeak, arau hauek bete beharko dira:

    1. Eskuratzailearen eta lagatzailearen lursailak Euskal Autonomia Erkidegokoak badira eta jatorri-deitura berean kokatuta badaude, artikulu honetako 4 eta 5. puntuetan xedatutakoa aplikatuko da.

    2. Aipatutako lursail horiek Euskal Autonomia Erkidegokoak eta jatorri-deitura berean sartuta dauden beste autonomia-erkidegoren batekoak badira, edo eskubideen gainean egin nahi den eskualdaketarekin jatorri-deituran eskubideak sartzen badira zein hortik eskubideak ateratzen badira, bai Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean egindako eragiketaren bidez, zein Euskal Autonomia Erkidegoan eta jatorri-deitura berean sartuta dauden beste autonomia-erkidegoren batean kokatutako lursailen titularren arteko eskubideen eskualdaketa denean, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeriori dagokio baimena ematea.

  8. – Euskal Autonomia Erkidegoko jatorrizko eskubideak beste autonomia-erkidego batzuei lagatzeko, autonomia-erkidego hartzaileek izapideak egin aurretik, nahitaezkoa da Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren onarpen-erabakia. Laga nahi diren eskubideen jatorriko lursaila kokatuta dagoen lurralde historikoko foru-aldundiak kudeatu behar du baimen-eskaria, bai eta indar loteslez horri buruzko txostena egin ere, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailean.

  9. – Birlandaketako eskubideak eskualdatzea eskatu ahal izateko, eskuratzaileek baldintza hauek bete behar dituzte:

    1. Eskuratzaileak erregularizatuta eduki behar du bere mahasti osoa, indarrean dagoen mahastizaintzako araudiarekin bat etorriz.

    2. Eskuratzaileak birlandaketako eskubideak aurrez eskualdatu gabeak izan behar dira, eta ezin dira izan mahastia behin betiko utzi izanagatik prima baten onuradun, ez une horretako kanpainan zehar ez aurreko bost kanpainetan ere.

    3. Birlandaketako eskubideekin egin beharreko landaketek kalitateko ardo bakoitza arautzeko berariazko araudia bete beharko dute.

  10. – Inolaz ere ezin izango da gehitu erauzitako edo erauztekoa den azalerari dagokion ekoizpen-ahalmena.

  1. – Erregularizatu gabeko egoeran dauden mahasti-sailek emandako mahatsetik lortutako produktuak, 1998ko irailaren 1aren aurretik landatuta badaude, destilategietarako baino ezin izango dira erabili, harik eta mahasti-sailak erregularizatzen ez diren artean. Lurralde historikoetako foru-aldundiei dagokie beren lurraldeetan landatutako mahasti-azalerak erregularizatzea, Europar Batasuneko arautegiarekin bat etorriz.

  2. – Igaro 1998ko irailaren 1az geroztik landatutako mahasti-azalerak erauzi egin beharko ditu lursailaren jabeak, nahiz eta legez kanpoko landaketaren arduradunari erauzketaren kostua erreklamatzeko eskubidea izan.

    Kasuan kasuko lurralde historikoko foru-aldundiak subsidiarioki betearazi ahal izango du erauzteko betebeharra, baldin eta jakinarazpena egiten denetik bi hilabeteko epean lursailaren titularrak erauzketa gauzatzen ez badu.

  3. – Aurreko kasu batean zein bestean, bidezko iritzi ditzaten zehapenak ezar ditzakete foru-aldundiek kontuan hartuta eragindako produkzioak merkatuan duen balioa.

  4. – Foru-aldundiek Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraziko diote artikulu honetan ezarritakoa baliatuz erauzitako azalerak.

  5. – Artikulu honetan araututako erauzketaren salbuespen moduan, Europar Batasuneko araudian jasotako salbuespenak ezarri ahal izango dira.

  1. – Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak, bai bere ekimenez, bai foru-aldundiek eskaturik, sailkatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean mahatsondo-klaseak kategoria hauetako batean:

    1. Ardotarako mahats-motak: gomendatuak, baimenduak eta gorde beharrekoak.

    2. Jateko mahats-motak eta norbanakoen kontsumokoak: gomendatuak eta baimenduak.

    3. Txertaka-motak: gomendatuak.

  2. – Mahatsondo-klase bat kategoria jakin batean sartzeko modua hauxe da:

    1. Mahatsondo-klase bat gomendatutakoen kategorian sartzeko, klase hori gutxienez bost urtez egon beharko da aurrez Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean baimendutakoen kategorian sartuta.

    2. Jateko mahats-klase bat edo ardotarako mahats-klase bat baimendutakoen kategorian sartzeko, klase hori gutxienez bi urtez egon beharko da aurrez aldameneko autonomia-erkidegoren baten sailkapenean kategoria horretan. Kasu horretan ez da beharrezkoa izango mahatsondo-klasearen kalitatearen gaineko ebaluazio-azterketa egitea, paragrafo honetako c) letran aurreikusita dagoena, alegia.

    3. Erabat berria den mahatsondo-klase bat sartzeko, aurrez aldameneko autonomia-erkidegoetan sailkatu gabekoa bada, kalitatearen ebaluazio-azterketa bat jaso beharko du, foru-aldundietako zerbitzu teknikoek egin beharko dutena, mahatsondo-klaseak laborantzarako duen gaitasunaren gaineko azterketen emaitzetan oinarrituta, eta amaitutako produktuen azterketa analitiko eta organoleptikoen emaitzetan ere oinarrituta. Azterketaren emaitzak gogobetetzeko gaitasuna frogatzen badu, baimendutakoen kategorian sartuko da mahatsondo-klase hori.

    4. Txertakako mahatsondo-klase bat gomendatutakoen artean sailkatzeko, laborantzarako duen gaitasunaren gaineko azterketa bat jaso beharko du, eta emaitzak gogobetetzeko moduak izan behar dira.

  3. – Gorde beharreko mahatsondo-klaseen artekoak dira, gomendatutakoak izan gabe eta baimendutakoak izan gabe, beren antzinatasunagatik, interesagatik eta bertara egokituta daudelako zaintzeko modukoak direnak.

Erabat debekatuta daude sailkapenean inskribatu gabeko mahatsondo-klaseak landatzea, horiekin hutsarteak betetzea, txertaketak in situ egitea eta gaintxertaketak egitea, baldin eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak aurrez onartutako zientzia-ikerketetan eta saiakuntzetan erabiltzeko mahatsondoak ez badira.

  1. – Lurralde historikoetako foru-aldundiak eta kalitateko ardoen kudeaketa-organoak dira, beren eskumenen eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan mahastizaintzako praktikak ezarri eta kontrolatzeko eskumenak dituztenak.

  2. – Lurralde historikoetako foru-aldundien eskumenekoa da mahatsondoei eragiten dizkieten izurriteen zaintza eta kontrola. Horretarako, aplikatu beharreko praktikak eta tratamenduak gomendatuko dizkiete mahastizainei. Mehatxua larria denean mahastizaintzarako, praktika eta tratamendu horiek nahitaez aplikatu beharra agindu dezakete, baita egoki iritzitako beste neurriak hartzera behartu ere.

  3. – Kalitateko ardoen kudeaketa-organoek, baita ardo horietako bakoitza arautzeko berariazko araudiak ere, ekoizpen-eremuan ureztaketa baimentzeko erak eta baldintzak ezarri ahal izango dituzte, baita aplikatzeko moduak ere, justifikatuta dagoen kasuetan, betiere kalitate-irizpideei lehentasuna emanez. Dagokion foru-aldundiari jakinaraziko dizkiote horren inguruan hartutako neurri guztiak eta foru-aldundiak, berriz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari emango dio horien berri.

  4. – Nekazaritza eta Arrantza Sailak, erakunde pribatu zein publikoekin elkarlanean, mahastizaintzaren arloko ikerkuntza-, garapen- eta berrikuntza-programak garatuko ditu.

  1. – Mahatsa ekoizten duten pertsona fisikoak zein juridikoak nahiz pertsona-taldeak dira uzta-aitorpena egitera behartuta daudenak, 1282/2001 (EE) Erregelamenduko 2. artikuluan jasotako salbuespenak aparte.

    Aitorpen hori norberaren ustiategia kokatuta dagoen lurralde historikoko foru-aldundiko organo eskumendunari aurkeztu behar zaio, urte bakoitzeko abenduaren 10aren aurretik, organo horiek ezarritako ereduekin bat etorriz, 1282/2001 (EE) Erregelamenduaren araberakoak izan behar dira eta. Eredu horiek Administrazioak berak emango ditu.

  2. – Hala ere, bikoizketarik izan ez dadin, horrelako aitorpenak aurkeztera behartuta daudenek kalitateko ardo jakin baten kudeaketa-organoak ezarritako uzta-aitorpena eginez bete ditzakete beren betebeharrak, baldin eta instalazioak dagozkion kalitateko ordoaren erregistroan inskribatuta badituzte eta kalitateko ardo horren kudeaketa-organoak bere lurraldeko foru-aldundiari egiaztatzen badio berak emandako ereduak eta jarraibideak bat datozela mahastizaintza eta ardogintzako arloko produktuen gaineko nahitaezko aitorpenei aplika dakizkiekeen xehedapenekin, 1282/2001 (EE) Erregelamenduan agindutakoaren arabera.

    Aitorpenak homologatzeko, dagokion foru-aldundiak berariazko ebazpena eman behar du.

  3. – Aitorpenak aurkezteko epea amaitu ondorengo egunetik zenbatuta, 15 eguneko epean foru-aldundiek Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari bidaliko dizkiote lortutako datuak, datuok batean bildu eta gero Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari jakinarazteko.

Euskal Autonomia Erkidegoko mahastien erregistroa lurralde historiko bakoitzeko mahastien erregistroekin osatuko da, eta denak bilduko dira datu-base bakar batean.

Lurralde historiko bakoitzeko mahastien erregistroa foru-aldundiek kudeatu eta eguneratuko dute, landatutako lursail bakoitzaren gaineko informazio hau bertan jasota: azalera eta kokapena, landatutako mahatsondo-klasea eta erabilitako txertaka, eta, kasua hala bada, baita kalitateko ardoren batean inskribatuta dagoen ere. Foru-aldundiek Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraziko diote beren mahastien erregistroaren edukian gertatutako edozein aldaketa.

Hurrengo 2005eko urtarrilaren 1etik aurrera, 1593/2000 (EE) Erregelamenduaren arabera, aipatutako erregelamenduan ezarritako oinarrien gainean garatuko den nekazaritzako lursailak identifikatzeko sistemarekin bat etorriz aipatuko dira mahasti-azalerak. Egun horretara arte katastroko erreferentziak erabili ahal izango dira lursailak grafikoetan identifikatu ahal izateko.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean ardoa egitea bakar-bakarrik ondoko instalazio hauetan izango da posible: Autonomia Erkidegoko erregistroetan behar bezala inskribatuta dauden instalazioetan, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Erregistroko instalazioetan.

  2. – Erregistro horretan inskribatuta egoteak ez du kentzen aginduzkoak diren beste erregistroetan inskribatuta egoteko betebeharra.

  3. – Nekazaritza eta Arrantza Sailak, erakunde pribatu zein publikoekin elkarlanean, ardogintzaren arloko ikerkuntza-, garapen- eta berrikuntza-programak garatuko ditu.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoan mahatsetik eratorrita egindako produktu guztiek bat etorri behar dute 1493/1999 (EE) Erregelamenduko I. eranskinean jasotako definizioekin.

  2. – Mahastizaintzako eta ardogintzako produktuak egiteko, Europar Batasunak onartutako praktika eta tratamendu enologikoak baino ezin izango dira erabili, 1493/1999 (EE) Erregelamenduko V. tituluan eta IV eta V. eranskinetan eta 1622/2000 (EE) Erregelamenduan jasotako eran.

  3. – Debekatuta dago berezko alkohol-graduak era artifizialean gehitzea. Salbuespen dira indarrean dagoen legediak erabakitzen dituen kasuetan eta baldintzetan. Erabaki hori, betiere salbuespen gisa, ardoaren kalitaterik handiena berma ahal izateko baldintzetan hartu beharko da eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren aldez aurreko baimena ezinbestekoa izango da.

  4. – Europar Batasuneko arautegiak agindutako moduan, debekatuta dago ardo beltzak ardo zuriekin nahastea.

  5. – Ardoa egin duten pertsona fisikoek zein juridikoek, eta pertsona horiek osatutako taldeek, ardoa egin ondoren gelditutako azpiproduktu guztiak destilatzeko eman beharko dituzte.

  6. – Azpiproduktu horietan gelditutako gutxieneko alkohol-kopurua Europar Batasuneko legedian eskatzen dena izan behar da.

  7. – Ezin izango dira zabaldu merkatura legeetan jasotako definizioen arabera egin ez diren produktuak, ez eta horiek ekoizteko, kontserbatzeko nahiz hazteko erabilitako praktikak eta tratamenduak onartu gabekoak badira.

  8. – Arau orokor moduan, debekatuta dago upategietan eta ardoa egin eta biltegiratzeko era guztietako tokietan sunstantzia enologikoak gorde eta edukitzea, baita ardotan zein mahatsetik ateratako gainerako produktuetan erabiltzeko modukoak diren beste edozein substantzia edo produktu ere, aldez aurretik horren berri eman ez bada eta hurrengo artikuluan jasotako produktu enologikoen zerrendan aurkitzen badira.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako instalazioetan ardoa egiteko prozesuan erabiltzeko diren produktuen berri Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saileko organo eskumendunari eman behar zaio, eta sail horretan zerrenda bat egingo da produktu enologikoak zenbaki banarekin identifikatuz.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoan enologian erabiltzeko produktuak merkaturatu nahi dituzten enpresek egiaztatu egin beharko diote goian aipatutako organoari bai produktuak berak eta bai produktuon etiketak bat datozela 1493/1999 (EE) Erregelamenduko I. tituluko xedapenekin, bereziki, ardoa egiteko prozesuan sartzen diren produktuei buruzko xedapenekin, baita 1622/2000 (EE) Erregelamenduko xedapenekin ere, horrek 1493/1999 (EE) Erregelamendua aplikatzeko zenbait xedapen finkatzeaz gain Europar Batasunerako praktika eta tratamendu enologikoei buruzko arau-kode bat sartzen du-eta.

  3. – Produktu enologikoen zerrendan, fabrikatzailearen izena eta egoitza jasotzeaz gain, merkaturatuko den produktuaren izena, osaera kualitatiboa eta kuantitatiboa, erabiltzeko modua eta fabrikatzaileak Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrean duen zenbakia agertu behar dira.

  4. – Produkturen bat jakinarazi ez bada, ezin izango da ez iragarri ez gomendatu produktu hori enologian erabiltzeko ez eta ardoak edo muztioak egitean erabiltzeko.

  1. – Ekoizpenaren aitorpena egitera behartuta daude, unean uneko kanpainako uzta dela eta, ardoa ekoitzi duten edo ardoa ez beste produkturen bat daukaten pertsona fisiko zein juridikoak edo pertsona horien elkarteak, baita ardoa egiteko kooperatiba-upategiak ere, araudiz ezarritako salbuespenekin.

    Aitorpena egin behar duen pertsona fisikoak nahiz juridikoak zerga-egoitza duen lurralde historikoko foru-aldundiko organo eskumendunari aurkeztu behar dio aitorpen hori, urte bakoitzeko abenduaren 10aren aurretik, ekoitzitako zein azaroaren 25ean dauzkan kopuruen gainean, organo horiek ezarritako ereduekin bat etorriz, 1282/2001 (EE) Erregelamenduaren araberakoak izan behar dira-eta. Eredu horiek Administrazioak berak emango ditu.

  2. – Izakinen aitorpena egitera behartuta daude ardoak zein muztioak dauzkaten pertsona fisikoak zein juridikoak, edo elkarrekin sortutako taldeak, baldin eta kontsumitzaile pribatuak edo txikizkariak ez badira.

    Aitorpena egin behar duen pertsona fisikoak nahiz juridikoak zerga-egoitza duen lurralde historikoko foru-aldundiko organo eskumendunari aurkeztu behar dio aitorpen hori, urte bakoitzeko hurrengo irailaren 10aren aurretik, uztailaren 31n eragile horiek bere eskuetan dituzten kopuruen gainean, organo horiek ezarritako ereduekin bat etorriz, 1282/2001 (EE) Erregelamenduaren araberakoak izan behar dira-eta. Eredu horiek Administrazioak berak emango ditu.

  3. – Foru-aldundiek egindako ereduetan eskatzen diren zehaztasunak jasota egon behar dira ekoizpenaren eta izakinen aitorpenetan.

  4. – Hala ere, bikoizketarik izan ez dadin, kalitateko ardoren baten erregistroan instalazioak inskribatuta dituztelako horrelako aitorpenak aurkeztera behartuta daudenek berei dagokien kudeaketa-organoak ekoizpenari eta izakinei buruz ezarritako aitorpenak eginez bete ditzakete beren betebeharrak, baldin eta organo horrek bere lurralde-eremuko foru-aldundiari egiaztatzen badio berak emandako ereduak eta jarraibideak bat datozela mahastizaintza eta ardogintzako arloko produktuen gaineko nahitaezko aitorpenei aplika dakizkiekeen xedapenekin, 1282/2001 (EE) Erregelamenduan agindutakoaren arabera.

    Aitorpenak homologatzeko, dagokion foru-aldundiak berariazko ebazpena eman behar du.

  5. – Aitorpenak aurkezteko epea amaitu ondorengo egunetik zenbatuta, 15 eguneko epean foru-aldundiek Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari bidaliko dizkiote lortutako datuak, datuok batean bildu eta gero Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari jakinarazteko.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoan hasi eta Europar Batasuneko lurralde eremurako den mahastizaintzako eta ardogintzako produkturen bat garraiatu nahiz garraiarazi dezaten pertsona fisikoek zein juridikoek eta pertsonen artean osatutako taldeek beren erantzukizunpean agiri bat bete beharko dute garraioarekin batera destino puntura iritsi arte eramateko, araudiz ezarritako ereduekin eta jarraibideekin bat etorriz; eta 884/2001 (EE) Erregelamenduko 3.1 artikuluan ezarritako oharrak jaso behar dituzte gutxienez eredu eta jarraibide horiek.

  2. – Aurreko paragrafoan jasotako betebeharraren salbuespenak 884/2001 (EE) Erregelamenduko 4. artikuluan ezarritakoak izango dira.

  3. – Mahastizaintzako eta ardogintzako produktuak bidaltzen dituenak, produktu horien garraioaren kontrola dela-eta, garraioan eramateko agirien kopiak bidaltzeko betebeharra izango du, araudiz ezarritako baldintzetan eta epeetan.

  4. – Garraioan eramateko agiriak bost urtean gorde beharko dira, egin diren egutegiko urtea amaitzen denetik kontatuta.

  1. – Beren lanbiderako edo merkataritza helburu dela, edozein arrazoi bitarteko hartuta, beren agindupean mahastizaintzako eta ardogintzako produkturen bat duten pertsona fisikoek zein juridikoek, eta pertsona horiek osatutako taldeek, produktu horien berariazko kontabilitatea eraman behar dute erregistro-liburuetan, beren instalazioetan lote bakoitzak izandako sarrera eta irteera guztiak eta bertan egindako manipulazioak jasota, 884/2001 (EE) Erregelamenduko II. tituluan xedatutakoarekin bat etorriz.

  2. – Erregistro-liburuak eramateko betebeharraren salbuespenak 884/2001 (EE) Erregelamenduko 11.2.b) artikuluan ezarritakoak izango dira.

  3. – Aipatutako erregelamenduarekin bat etorriz, erregistro-liburuen kopurua eta liburuon eduki zehatza araudiz ezarritakoak izango dira.

  4. – Enpresa bakoitzak eraman behar ditu bere erregistro-liburuak, produktuak aurkitzen diren tokian bertan. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak baimen hauek eman ditzake:

    1. Erregistro-liburuak enpresaren egoitzan bertan gorde ahal izango dira baldin eta produktuak enpresa horretako hainbat biltegitan banatuta badaude, udalerri berean nahiz aldameneko udalerriren batean, eta produktu horiek aurkitzen diren tokian beste agiri batzuen bidez kontrolatu ahal badira, une oro, produktu horien sarrerak, irteerak eta izakinak.

    2. Kanpaina bakoitzeko sarreren kopurua 500.000 litro baino gutxiagokoa bada, enpresa espezialdu baten esku utzi ahal izango dira erregistro-liburuak, baldin eta produktuak aurkitzen diren tokian beste agiri batzuen bidez kontrolatu ahal badira, une oro, produktu horien sarrerak, irteerak eta izakinak.

  5. – Urtean guztira 50.000 litro baino gehiagoko ekoizpenik lortzen ez duten ekoizleei Nekazaritza eta Arrantza Sailak baimena eman ahal izango die erregistro-liburuen ordez uztaren, ekoizpenaren zein izakinen aitorpenen atzeko aldean oharrak egiteko.

  6. – Instalazio berean titular bat baino gehiago badira eta nork bere aldetik mahastizaintzako eta ardogintzako produktuak egin, biltegian gorde edota merkaturatzen baditu, horietako bakoitzak bere erregistro-liburuk eramango ditu.

  7. – Erregistro-liburuetan jasotako sarreren eta irteeren idatzoharrak bat etorri behar dira hurrenez hurren jasotako eta bidalitako garraio-agirietan ageri diren datuekin. Jasotako produktuaren eta garraioan eramateko agirian agertzen diren zehaztasunen artean desadostasuna dagoenean, eta bien arteko aldeak, betiere, araudiz ezarritako gehieneko ehunekoa gainditzen badu, eta akats horiek izan arren produktua atzera botatzen ez bada, hartzaileak gorabehera horien berri eman behar dio Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari, ezarritako epeetan.

  8. – Edozein arrazoi dela ere, garraio-agiririk behar ez duten produktuen irteerak egunero idatziko dira liburuan, salbuespen horren arrazoiak adierazteko.

  9. – Produktua biltegian dagoen artean lurrunetan gertatutako galerak, baita manipulazioetan gertatutako ohiko galerak ere, «Irteerak» zutabean idatziko dira urte osoan gutxitutako kopurua aipatuta uzteko. Baldin eta galera horiek araudiz ezarritako gehieneko ehunekoa gainditzen badute edo produkturen bat manipulatzean nahiz garraiatzean istripuren bat gertatu eta produktu guztia edo zati bat galtzen bada, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari eman behar zaio horren berri, ezarritako epeetan.

  10. – Hala ere, bikoizketarik izan ez dadin, kalitateko ardoren baten erregistroan instalazioak inskribatuta dituztelako erregistroak eramatera behartuta daudenek berei dagokien kudeaketa-organoak produktuen izakinen eta mugimenduen gaineko aitorpenak, agiriak eta kontrol-fitxak betez bete ditzakete kalitateko ardoaren eremuan ekoitzitako muztioen eta ardoen gaineko kontabilitateko beren betebeharrak, baldin eta organo horrek Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saileko organo eskudunari egiaztatzen badio berak emandako ereduak eta jarraibideak bat datozela mahastizaintza eta ardogintzako arloko kontabilitateari eta erregistroei aplika dakizkiekeen xedapenekin, 884/2001 (EE) Erregelamenduko II. tituluan agindutakoaren arabera

  11. – Erregistro-liburuen kontuak urtean behin itxiko dira, uztailaren 31n, izakinen urteko inbentarioarekin batera.

    Abuztuaren 1ean sarrera moduan idatziko dira kontabilitateko izakinak. Idatzitakoak eta benetakoak bat ez badatoz, gertaera hori jasota utzi behar da, baita erregularizatzea ere.

  12. – Erregistro-liburuak, eta liburuotan jasotako eragiketei buruzko agiri guztiak, bost urtean gorde behar dira, bertan jasotako kontuak kitatzen diren egunetik aurrera.

  1. – Produktua 60 litroko edo gutxiagoko neurri izendatuko ontzietan banatzen denean, ontziak etiketak eraman behar ditu. Etiketa horiek 1493/1999 (EE) Erregelamenduko, 753/2002 (EE) Erregelamenduko eta aplikatzekoak diren gainerako arauetako xedapenen araberakoak izan behar dira. Berdin egin behar da 60 litro baino neurri gehiagoko ontzien kasuan ere, etiketarik jartzen bazaie.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean ekoitzitako ardoei dagokienez, aurreko paragrafoan etiketak jarri beharrari buruz esandakoaren gaineko salbuespen dira hauek:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko batean edo gehiagotan kokatutako enpresa bereko bi lokalen edo gehiagoren artean garraiatutako produktuak.

    2. Partida bakoitzean 30 litro edo gutxiagoko muztio-kopuruen eta ardo-kopuruen kasuak, salmentarako ez badira.

    3. Ekoizlearen familiaren, bazkideen zein bertako langileen kontsumorako muztio-kopurua eta ardo-kopurua.

      Kalifikatzeko jarri ez edo kalifikaziorik lortu ez duten kalitateko ardoen kasuan, puntu honetan aurreikusitako etiketen gaineko salbuespenez baliatu ahal izateko, aldez aurretik jakinarazi behar diote dagokion kontrol-organoari ekoizlearen familiaren, bazkideen zein bertako langileen hileko kontsumorako zenbat gordeko duten, baita b) letraren arabera zenbat irteera egiteko ustea duten babestu gabeko ardotan, txikizkako salmentaren bidez. Hileroko jakinarazpenean adieraziko da zeintzuk diren etiketarik gabe aterako diren ardoen biltegiak.

Mahastizaintzako eta ardogintzako produktuen izendapena eta aurkezpen-modua, baita horiei buruzko publizitate guztia ere, iruzurrerako biderik ematen ez dutenak izan behar dira, eta hartzaile diren pertsonei ez diete nahasterik sortu behar, eta ez dituzte erratzera eraman behar; batez ere puntu hauek zaindu behar dira:

  1. Produktu-mota.

  2. Produktuen ezaugarriak; eta, zehazki, izaera, osaera, alkohol-maila, kolorea, sorrera edo jatorria, kalitatea, mahatsondo-klasea, uzta-urtea eta ontzien neurri izendatua.

  3. Produktua egiten edo banatzen parte hartzen duten edo hartu duten pertsona fisikoen zein juridikoen nahiz pertsona-taldeen nortasuna eta kalitatea, batez ere botilaratzailearenak.

Produktuen izendapena edo aurkezpen-modua ez badatoz bat 1493/1999 (EE) Erregelamenduko, 753/2002 (EE) Erregelamenduko eta aplikatzekoak diren gainerako arauetako xedapenekin, produktu horiek ezin izango dira jarri ez salmentarako, ez merkatura ateratzeko, ez esportatzeko.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak produktu horiek salmentarako jarri, merkatura atera eta esportatzeko baimena eman lezake, baldin eta, indarrean dagoen legedian aurreikusitakoa betetzeko, produktu horien izendapena eta aurkezpen-modua aldatzen badira.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardotzat hartzen dira eskualde jakin batzuetan ekoitzitako ardoak, Europar Batasuneko arauen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik datorren mahatsarekin egindakoak badira, eta, lege honetan jasotako xedapenak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak betez, ardo horiek egin, ondu eta botilaratzea Autonomia Erkidego horretako lurraldean egiten bada.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardo guztiek arautzeko berariazko araudi bana eta kudeaketa-organo bana izan behar dituzte, hurrenez hurren lege honetako 27. artikuluarekin eta IV. tituluko III. kapituluarekin bat etorriz.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoei ematen zaien babesa lurraldeen, eskualdeen, herrien edo toki zehatzen izenak erabiltzera hedatzen da, ardoa ekoitzi, egin, ondu eta botilaratzea non egin den kontuan hartuta.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoei dagozkien izenak erabiltzea izen hori erabiltzeko eskubidea duten produktuetara dago mugatuta, betiere 30. artikuluaren arabera onartu diren kalitateko ardoen baitan, eta arautzeko berariazko arauekin bat etorriz.

  3. – Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio nagusiko organo eskudunen ahala da, kasu guztietan, Erkidego honetako herri, udalerri, alde, eskualde edo lurraldeekin osorik nahiz zati batean bat datozen edo berekiak diren izen geografikoen erabilera kudeaketa-organoen esku uzteko baimena ematea.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoekin lotuta daudelako babestuta dauden izen geografikoak jabari publikoko ondasun dira, eta ezin ditu inork bakarka bereganatu, eta ezin dira saldu, inorendu ez eta kargatu ere.

  2. – Babestutako izen geografikoen kudeaketaren erabilpena lege honen bidez, legea gara dezaten arauen bidez eta aplikatzekoak izan daitezen gainerako arauen bidez arautuko da.

  3. – Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion babestutako izen geografikoen erabilerari dagokionez, lege honetako 24. artikuluko 3. paragrafoan agindutakoa bete beharko da.

  4. – Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoek ezarritako baldintzak bete eta eskabidea egin dezan pertsona fisiko zein juridiko orok kudeaketa-organoko erregistroetan inskribatuta egoteko eta babestutako izenak erabiltzeko eskubidea izango du, zehapenen bat duenean izan ezik. Inskripzioa egin aurretik, dagokion kudeaketa-organoak berariaz onartu behar du inskripzioa.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoei emandako babesak hala babestutako produktuetan kalitateko ardoaren izena erabiltzeko eskubidea ematen du, baita ardoen jatorriari, sorrerari, izaerari zein funtsezko ezaugarriei buruz edozein abisu faltsu edo gezurrezko erabiltzeko debekua ezarri ere, bai ontzietan, enbalajeetan eta publizitatean zein ardo horiei buruzko agirietan.

  2. – Babesa aldi guztietara hedatzen da, honako hauetara: babestutako produktuen ekoizpena eta merkaturatzea, bai eta produktu horien aurkezpen-modua, publizitatea, etiketak eta agiri komertzialak ere.

  3. – Babestutako izen geografikoak aipatzen dituzten markak, merkataritza-izenak zein sozietate-izenak horretarako eskubidea duten ardoetan baino ezin izango dira erabili, Europar Batasuneko arauek mahastizaintzako eta ardogintzako produktuen izendapenari, deiturari, aurkezpen-moduari eta babesari buruz ezarritakoaren aurka jarri gabe.

  4. – Baldin eta marka, merkataritza-izen edo sozietate-izen bera erabiltzen bada jatorri deitura ezberdinetako edo eremu geografiko ezberdinetako edo babes-maila ezberdinetako ardoak merkaturatzeko, eragileek argi eta garbi ardoen etiketetan eta aurkezpen-moduan azaldu beharko dute horien jatorria, betiere ez dadin kontsumitzaileentzat nahasgarri gerta. Kudeaketa-organoak izango dira eskudun jatorri-deituraren babesa eta izen ona eta kontsumitzaileen defentsa ziurtatzeko.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardoak arautzeko berariazko araudia lege honetako 23.2 artikuluan aurreikusten da eta gutxienez ondorengo puntuak izan behar ditu kontuan:

    1. Babestutako produktuen definizioa.

    2. Ekoizpen-eremuaren mugapena.

    3. Ardoa ekoizteko egokiak diren mahatsondo-klaseak.

    4. Ardoa egiteko eremuaren mugapena.

    5. Mahastizaintzako praktikak.

    6. Gutxieneko berezko alkohol-maila.

    7. Hektareako onartutako gehieneko ekoizpena.

    8. Ardoa egiteko teknikak.

    9. Babestutako ardoen berezko ezaugarri eta nolakotasun organoleptiko eta enologikoak.

    10. Kudeaketa-organoak gutxienez eraman beharreko erregistroak.

    11. Babestutako produktuen kalitatea eta jatorria bermatzeko aitorpenak eta kontrolak.

    12. Kudeaketa-organoaren barne-jardunbidea.

    1. Arau-hauste eta zehapenetan aplikatu beharreko araubidea.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardo bakoitza arautzeko berariazko araudiak ondoko hauek utz ditzake ezarrita:

    1. Mahasti-sail berberak ezin duela ardoen jatorria eta kalitatea babesteko maila ezberdinetarako ardoak egiteko mahatsik eman. Izaera orokorreko betebehar honek kasu bakar batean izango du salbuespenik, baldin eta mahasti-sailak kalitatearen goreneko mailako eskakizunak betetzen baditu.

    2. Kalitateko ardoak merkatura zabaldu ahal izateko kalitateko ardoaren kudeaketa-organoan izena emanda duten upategietan bakarrik botilaratu beharko direla.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan kalitateko ardoren batentzat halako aitorpena nahi duten mahastizainek, ardogileek, zein beren arteko taldeek eta elkarteek, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari aurkeztu beharko diote eskabidea.

  2. – Mahastizainek beren ardoetarako babesa eskatzen dutenean ardo horiekin lanbidez, ekonomiaz eta lurraldez lotuta daudela egiaztatu beharko dute, delako eremu geografikoan mahastizain edo ardogile diren aldetik jarduten dutelako.

Goiko 28. artikuluan aipatutako eskabideari agiri hauek erantsi behar zaizkio gutxienez:

  1. Izenari dagokionez:

    • Izen geografikoaren zehaztasunaren frogagiria eta eremu geografiko zehatz horrekin duen loturaren frogagiria.

    • Izen horren gainean aurrez erregistratutako eskubiderik ez dagoela dioen egiaztagiria.

  2. Ardoei dagokienez:

    • Eremu geografikoaren mugapena, ezaugarri edafiko eta klimatiko bereziak adierazita, eta gizakiei eta naturari buruzko faktoreak ere aintzat hartuta.

    • Ardoa ekoizteko egokiak diren mahatsondo-klaseak.

    • Mahastizaintzako praktikak.

    • Ardoa egiteko teknikak eta eremuak.

    • Ardoen nondik norakoak.

    • Ardoak aurkezteko eta merkaturatzeko moduak.

    • Merkatu nagusiak. Beste xehetasun batzuk ardoen nabarmena erakutsi eta eskatutako babes-maila frogatzen dutenak.

  1. – Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuak izango du Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuaren barruko kalitateko ardoak halako aitortzeko eskumena, tokian tokiko foru-aldundiak edo foru-aldundiek aldeko txostena egin ondoren.

  2. – Aitorpena eman aurretik, proposatutako produktuaren kalitatearen eta trazabilitatearen berme-sistemaren kontrola egingo da. Hau da, aginduzko txosten bat egingo da aurreko artikuluan aipatutako eskabideari erantsi beharreko agirien edukien gaineko adostasuna sendesteko, proposatutako kontrol-sistema egokia eta nahikoa dela bermatzeko.

    Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak homologatuko ditu aipatutako txostena egiteko eskaintzen diren erakundeak, eskabidea egin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

    1. Nortasun juridiko berekia izan eta zuzenbide pribatuaren menpe egotea.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza izan eta bere jarduerak nagusiki Erkidego horretan egitea.

    3. Jarraian eta etenik gabe nahiko baliabide izatea, bai langile kualifikatu elebidunetan (euskaraz eta gaztelaniaz), bai administrazio-azpiegituretan, bere eginkizunak betetzeko.

    4. Euskadin nekazaritzako elikagaien kalitate-kontrolak egiten gutxienez bost urteko eskarmentua egiaztatzea, aldi horretan erakundeak bere egitura juridikoa aldatu badu ere, baldin eta aldi horretako benetako eskarmentua zuzenbidean onartutako edozein bide erabilita egiaztatu ahal bada.

    5. Euskadiko nekazaritzako elikagaien arloa ezagutu eta arlo horrekin koordinatzeko tresnak izatea.

    6. Entidad Nacional de Acreditación delakoaren egiaztagiria izatea, eskabidea egin duen erakundeak UNE-EN 45004 eta UNE-EN 45011 arauak betetzen dituela sendesten duena.

      Kalitateko ardoren bat halakotzat aitortzeko eskabidea egin duenak berak aukeratuko du aginduzko txostena egiteko egokien deritzon erakundea, homologazioa lortu duten erakundeen artetik.

  3. – Aitorpen hori emateko, eskatzaileek aurrez kasu horretako kalitateko ardoa arautzeko berariazko arau-egitasmo bat aurkeztu beharko dute, zehaztuko diren baldintzetan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuak onarpena eman diezaion.

  1. – Lege honetako 23.2 artikuluak ezarritakoari jarraituz, kudeaketa-organo batek kudeatuko du Euskal Autonomia Erkidegoan egindako kalitateko ardo bakoitza, eta salbuespen bakarra artikulu honetako 5. paragrafoan ezarritakoa izango da.

  2. – Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren eskumena izango da Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldearen baitakoak diren eta eskakizun guztiak betetzen dituzten kalitateko ardoen kudeaketa-organoei ezagutza ematea.

  3. – Kudeaketa-organoak zuzenbide publikoko korporazioen gisara eratuko dira. Beren araubide juridikoari dagokionez, zuzenbide pribatuaren pean arituko dira oro har; hala ere, haien eraketari, antolaketari eta hauteskunde-prozedurari dagozkien egintzak zuzenbide publikoak arautuko ditu, eta eginkizun publikoak betetzea dakarten ekintzak, aldiz, administrazio-zuzenbideak. Egintza horien kontra errekurtsoa jarri ahal izango da Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Sailean, eta hor amaituko da administrazio-bidea.

  4. – Kudeaketa-organoek berezko nortasun juridikoa dute, eta ekonomia-autonomia ere bai; orobat, beren eginkizunak betetzeko, jarduteko gaitasun osoa dute. Jarduteko behar dituzten langileak kontratatu ahal izango dituzte lan-araudipean, eta langile horiek ez dira hartuko, inolaz ere, administrazio publikoen langiletzat, nahiz eta azken horien bateraezintasun-araudia begiratu beharko duten haiek ere.

  5. – Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardo bat halakotzat aitortzeko eskatzen denean, ardo hori egiteko erabili diren mahats guztiak eskatzaileak berak ekoitzi baditu eta ardoa egin eta merkaturatu ere berak egin badu, ez da kudeaketa-organorik eratu beharko, jatorri-deituraren eta jatorri-deitura kalifikatuaren kasuetan izan ezik.

    Horrelakoetan, kalitateko ardoa halakotzat aitortzeko eskatu duenak berak hartu beharko ditu bere gain kudeaketa-organoaren eginkizun eta eginbeharrak.

  6. – Honako hauek arautuko dute kudeaketa-organoaren jarduera: lege honetan xedatutakoak, lege hau garatzen duten arauak, kalitateko ardo bakoitza arautzeko berariazko araudiak eta kudeaketa-organo bakoitzaren barne-araudiak.

  7. – Kudeaketa-organoan, mahasti eta upategien titularrek izango dute ordezkaritza, baldin eta kalitateko ardoa arautzeko berariazko araudiak ezarritako erregistroetan izena emanda badute. Halaber, zerikusia duten administrazio publikoetako ordezkariak ere joan ahal izango dira kudeaketa-organoen zuzendaritza-organoen bileretara, eta hitza izango dute, baina botoa emateko eskubiderik ez.

  8. – Kudeaketa-organoen antolamenduaren oinarrizko printzipioak hauek izango dira: irabaziak egiteko asmorik gabe jardutea, ordezkaritza demokratikoa izatea, kalitateko ardoaren inguruan lan egiten duten sektore guztien interes ekonomikoak ordezkatzea, bereziki sektore txikienenak, eta mahastizaintzako sektorearen eta ardogintzako sektorearen ordezkaritza parekatua izatea; beti ere, kudeaketa-organoetako ordezkaritzak interes guztien arteko oreka zaindu behar du.

  9. – Honela osatuko da kudeaketa-organoa:

    1. Kudeaketa-organoko burua, osoko bilkurako kide hautatuen bi hereneko gehiengo kualifikatuak hautatua. Kudeaketa-organoaren osoko bilkurak Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraziko dio kudeaketa-organoko buruaren hautaketaren emaitza, sailburuak haren izendapena egin dezan.

    2. Kudeaketa-organoko buruordea, organoburua hautatzeko era berean hautatua.

    3. Osoko bilkura.

      Osoko bilkura honela osatuko da: gehienez ere, 10 kidek ordezkatuko dituzte mahastizainak, dagokion erregistroan izena emandako mahastizainen artetik mahastizainek berek hautatuko dituzte, eta gehienez ere beste 10 kidek ordezkatuko dituzte ardogileak, dagokion erregistroan izena emandako ardogileen artetik ardogileek berek hautatuko dituzte. Kudeaketa-organo bakoitzaren barne-araudiak zehaztuko du zenbana kide izango dituzten bi arlo horiek eta, betiere, arlo bateko eta besteko ordezkarien arteko parekotasunarik eutsiko dio. Kide guztien ordezko bana izendatuko da, titularrak hautatzeko era berean hautatua. Kargu hautatu guztiak lau urterik behin berrituko dira, eta berrautatua izaterik ere izango da.

      Kudeaketa-organoko burua nahiz buruordea kideen artetik hautatzen badira, ordezkarien arteko parekotasunari eustearren ez ba beteko osoko bilkurako kide gisa haiei dagokien lekua; horrelakoetan, bestalde, kudeaketa-organoko buruak ez du kalitateko botorik izango.

      Inskribatutako enpresa baten ordezkari izateko hautatutako kideak, bere enpresa hori uzten badu, utzi egin beharko dio kide izateari, nahiz eta enpresa horren arlo berean jarraitu, eta haren ordezkoak hartuko du haren lekua.

  10. – Kalitateko ardoa arautzeko berariazko arauak zenbait kasutarako ezar ditzakeen gehiengo bereziez at, kudeaketa-organoaren osoko bilkurak, erabakiak hartzeko, bilkurara agertutako kideen artean botoa emateko eskubidea dutenen gehiengoa beharko du, eta erabakia baliozkoa izango bada, beharrezkoa izango da bilkuran kideen erdia eta bat gehiago izatea. Lehendakariak kalitateko botoa izango du.

  11. – Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio bere lurralde-eremuaren baitako kalitatezko ardoen kudeaketa-organoetako kideak hautatzeko eguna eta prozedura ezartzea. Hautatzeko prozedura hori erregelamendu bidez ezarriko da, eta dagozkien erregistroetan izena emanda duten guztiek botoa eman ahal izatea eta botoa zuzena eta isilpekoa izatea begiratuko beharko du prozedura horrek.

  12. – Kudeaketa-organoko buruari dagozkio, besteak beste, kudeaketa-organoa ordezkatzea, bileretarako deiak egitea eta bilerak zuzentzea; orobat, organoak haren esku uzten dituen eginkizunak zein Nekazaritza eta Arrantza Saileko erakunde gorenek haren gain uzten dituztenak.

    Kudeaketa-organoko burua ez dagoenean, buruordeak beteko du haren lekua.

  13. – Kudeaketa-organoek beren gobernu-organoen osaeraren berri zehatza emango diote Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari; eta osakera horretan geroago gertatzen diren aldaketen berri ere eman beharko diote.

  14. – Kudeaketa-organoek baliabide hauek izango dituzte beren esku:

    1. Kuotak, kalitateko ardo bakoitzaren berariazko arauak ezarritako erregistroetan izena ematen dutenek ordaindu beharrekoak.

    2. Administrazio publikoek eman ditzaketen dirulaguntzak.

    3. Beren ondarearen bidez lortutako errenta eta produktuak.

      65. artikuluan ezarritako zehapenengatik kobratutako zenbatekoak, zehapen horiei dagozkien espedienteak kudeaketa-organoak berak ireki, bideratu eta ebatzi baditu.

    1. Dohaintza, legatu, laguntza eta berenak izan ditzaketen bestelako baliabide batzuk.

      Administrazioak kudeaketa-organoen esku utz dezake haien eginkizunak betetzeko baliagarri izan dakizkiekeen ondasun eta zerbitzuen kudeaketa.

  15. – Kontseilu Arautzaile izena jatorri-deiturak eta jatorri-deitura kalifikatuak kudeatzen dituzten organoetarako erabiliko da.

  1. – Kudeaketa-organoen helburuak dira kalitateko ardoa eta kalitateko ardo horrek babestutako produktuak ordezkatu, aldeztu, bermatu eta sustatzea.

  2. – Kudeaketa-organoek, beren helburuak bete ahal izateko, eginkizun hauek izango dituzte, besteak beste:

    1. Kalitateko ardoen arloan administrazio publikoekiko kontsultarako eta lankidetzarako erakunde gisa aritzea.

    2. Kalitateko ardoa bultzatzea eta haren izen ona zaintzea.

    3. Mahastizainen eta upategien erregistroak kudeatzea.

    4. Dagozkien erregistroetan inskribatutako instalazioetan gertatzen diren produktuen sarrera-irteeren kontrola eta jarraipena egitea.

    5. Kalitateko ardoen babesa emateari begira mahatsaren, muztioen eta ardoen jatorria kalifikatu eta deskalifikatzea, egoki iritzitako azterketa fisiko-kimiko eta organoleptikoak egin ondoren, eta, hala balegokio, dagokion ziurtagiria ematea.

    6. Urte bakoitzeko uzta kalifikatzea.

    7. Babestutako ardoen jatorri-ziurtagiriak eta berme-zigiluak ematea.

    8. Babestutako ardoetarako erabil daitezkeen etiketen eta atzealdeko etiketen erabilera onartu eta zaintzea, kalitateko ardoei eragiten dieten heinean.

    9. Babestutako produktuen ekoizpen, jatorri, elaborazio eta merkaturatzea kontrolatzea.

    10. Kalitateko ardoa arautzeko berariazko araudiak ezarritako mugen barruan, kanpaina bakoitzerako alderdi hauek zehaztea: errendimenduak, ekoizteko edo eraldatzeko gehieneko kopuruak, eta prozesu horietan eragin dezakeen beste edozein alderdi.

    11. Ekoizpen-eremuan garapena iraunkorra izan dadin zaintzea.

    12. Babestutako produktuen ekoizpen, elaborazio eta merkaturatzearen gaineko estatistikak egitea, hala barruan erabiltzeko nola jendaurrean zabaldu eta ezagutzera emateko.

    1. Kalitateko ardoa arautzeko berariazko araudian kudeaketa-organoak finantzatzeko ezartzen diren nahitaezko kuotak kudeatzea.

    2. Organoaren aurrekontuak egitea, gero barne-araubideko estatutuetan zehaztutako eran onartu behar dira-eta.

    3. Mahastizainen eta upategien hauteskunde-erroldak egin eta eguneratuta edukitzea.

    4. Lege honetako 35. artikuluan aipatzen den ikuskatze- eta kontrol-organoa hautatzea; erakunde horren pean egongo dira kalitateko ardo horren inguruan dauden eragile guztiak.

    5. Zehatzeko ahalmena erabiltzea, lege honen eta berori garatuko duten arauen arabera.

    6. Kalitateko ardoarekin zerikusia duten arau-hauste ustezkoengatik egiten diren zehapen-espedienteen berri jakitea, kudeaketa-organoak berak hasi ez dituenean.

    7. Babestutako produktuak aldeztu, kontrolatu, sustatu eta banatzea xede duten enpresa publiko edo pribatu, merkataritzako sozietate eta fundazioetan parte hartzea.

  3. – Kudeaketa-organoek mahatsaren jatorria eta ekoizpen-, elaborazio-, ontze- eta merkaturatze-prozesuak bermatzeko behar diren neurriak hartuko dituzte.

  4. – Nolanahi ere, kudeaketa-organoek txostena egingo dute landaketa berrietarako edozein baimen eman aurretik, 25.4 artikuluan ezarritakoa gorabehera.

  5. – Kudeaketa-organoek debekatu ahal izango dute jatorri-deituraren barruan ekoitzi ez diren ardoak beren erregistroetan izen emandako upategietan ekoitzi, egin, biltegiratu, erabili edo botilatzea; hala ere, irizpide orokor horrekiko salbuespenak ezarri ahal izango dituzte prozesu benetako eta dokumentatuen kontrola zalantzarik gabe ziurtatu ahal izango denean.

  1. – Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak, bere organo eskudunen bitartez, egoki iritzitako ikustaldi eta ikuskatzeak egin ahal izango ditu.

  2. – Kudeaketa-organoei dagozkien betebeharrak ez betetzea larritzat edo ez larritzat joko da.

    Ez betetzea larria izango da berrerortzea edo errepikatzea gertatzen denean, edo asmo txarrez, nahita edo herri-interesa nabarmen oztopatuz egiten denean. Horrelakoetan, 30. artikuluan aipatutako kalifikazioa kenduko zaio kudeaketa-organoari, edo haren gobernu-organoen eginkizunak aldi baterako bertan behera utziko dira, hiru eta sei hilabete arteko aldirako, hain zuzen ere.

    Aurreko lerroaldean aipatu ez diren ez betetzeak ez larriak izango dira. Horrelakoetan, kudeaketa-organoari betebeharra betetzera hertsatuko zaio. Organo horrek ez badu zuzentzen hertsapenaren kausa, berriro ohartaraziko zaio. Hala eta guztiz ere, ez betetze horretan jarraitzen badu, kudeaketa-organoko gobernu-organoen eginkizunak bertan behera utzi ahal izango dira aldi baterako, gehienez hiru hilabetetarako. Hala, lehen ohartarazpenaren nola bigarrenaren ondoren, hilabeteko epea izango du kudeaketa-organoak oker eginak zuzentzeko.

  3. – Edonola ere, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak administrazio-espedientea egin beharko du beti, eta dagokion kudeaketa-organoari entzunaldia eskaini beharko dio nahitaez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Kalitateko Ardoen Kudeaketa Organoen Erregistroa sortuko da erregelamendu bidez, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren barruan. Erregistro horretan, hauteskunde-errolden datu eguneratuak eta kudeaketa-organoetako gobernu-organoen osaera jaso beharko dira, besteak beste.

Hala balegokio, erregistro horretan idatziko da Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitateko ardo bat halakotzat aitortzeko eskatzen duenaren izena ere, 31.5 artikuluan aipatzen den eskatzailearena, hain zuzen ere; erregelamendu bidez zehaztuko da hori egiteko modua.

  1. – Kalitateko ardoa arautzeko berariazko araudiak ezarriko du haren kontrol-sistema, kudeaketa-sistematik bereizia. Kontrol hori kukeaketa-organoaren baitako kontrol-erakunde batek zein kontrol-erakunde beregain batek egin ahal izango du, baldin eta dena delako erakunde horrek «Produktuen ziurtagiriak egiten jarduten duten erakundeen betebehar orokorrak» izeneko araua (UNE-EN 45011 edo ordezkatuko duena) betetzen duela egiaztatzen badu; edo ikuskaritza-erakunde batek, baldin eta erakunde horrek «Ikuskaritzan jarduten duten era bateko eta besteko erakundeen jarduteko irizpide orokorrak» izeneko araua (UNE-EN 45004 edo ordezkatuko duena) betetzen duela egiaztatzen badu.

  2. – Aurreko paragrafoan esandakoaz at, mahastizaintza eta ardogintza arloko aginte eskumendunek, nolanahi ere, egoki iritzitako kontrol osagarriak egin ahal izango dizkiete bai eragileei bai kontrol-organismo edo -organoei ere.

  1. – Lege honetan, Europar Batasuneko araudian edo harekin bat datorren Estatuko araudian ezarritakoa betetzen ez den guztietan mahastizaintza eta ardogintzaren arloetako arau-hauste administratiboa egiten da.

  2. – Arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

  1. – Mahastizaintza eta ardogintzaren arloetako arau-haustea dakarten egitateengatik, egitate horien erantzuleari baino ezingo zaio zehapenik ezarri.

    Arau-hausteen erantzule izango da lege honetako 36. artikuluan aipatzen diren ez betetzeak egiten dituen pertsona fisiko edo juridikoa nahiz ondasun-erkidegoa.

  2. – Ontziratutako produktuetan egiten diren arau-hausteetan, etiketan ageri den enpresa edo sozietatea izango da erantzule; berdin dio etiketan haren izena edo beste edozein adierazpen agertzea, dena delako enpresa edo sozietatea nor den ziur jakiteko modua ematen badu. Eta enpresa edo sozietate hori ez da erantzule izango arau-haustea dakarten egitateetan ez duela parte hartu frogatzen badu.

    Halaber, produktua egin, ekoitzi edo botilaratu duena ere, egindako arau-haustea ezagutzen zuela eta bere adostasuna eman zuela frogatzen bada, erantzule solidario izango da, etiketan agertu ez arren.

    Etiketak faltsifikatu egiten badira, faltsifikazio horren jakitun egonik produktuak merkaturatzen dituena erantzule izango da.

  3. – Ontziratu gabeko produktuetan edo etiketarik gabe ontziratutako produktuetan egiten diren arau-hausteetan, edo produktuaren etiketan enpresaren edo sozietatearen izenik ageri ez denean, une horretan produktua daukana, huraxe izango da erantzule, non eta ez den lehenagoko edukitzaile baten erantzukizuna ziurtasunez frogatzen.

  4. – Landaketarekin, birlandaketarekin, hutsarteak betetzearekin edo ureztaketekin zerikusia duten arau-hausteen erantzule ustiategiaren titularra izango da, edo ustiategiaren jabea, haren ordez.

  5. – Pertsona juridikoek –eta horien artean sartzen dira kalitateko ardoen kudeaketa-organoak eta ikuskaritza– edo kontrol-organo edo –organismoak eurak ere– egiten dituzten arau-hausteetan, haien administratzaile edo titularrak ordezko erantzule izango dira, baldin eta bete gabe utzitako beren ardurako eginbeharrak burutzen ez badituzte, beren menpekoek eginbehar horiek ez betetzea onartu badute edo arau-hauste horiek gertatzeko bidea ematen duten erabakiak hartu badituzte.

  6. – Ez betetzeak hainbaten artean egin badituzte, erantzukizun solidarioa izango dute guztiek.

  7. – Goian azaldutako arau-hauste administratibo horien erantzukizunak ez dira eragozpen izango erantzuleari arau-hausteak eragindako egoera lehengora dezan eskatu ahal izateko, ez eta arau-hausteak eragindako kalte eta galerak ordaintzeko eskatu ahal izateko ere.

  1. – Lege honetan aipatzen diren arau-hausteek eragindako administrazio-erantzukizuna eta egitate horiengatik eska daitezkeen zigor-arloko eta arlo zibileko erantzukizunak bereiz doaz.

    Egitate batengatik dagoeneko zehapena ezarri bada, ezingo da berriro zehapenik ezarri, subjektu, egitate eta arau-haustearen funtsa berberak badira.

  2. – Instrukzio-egileak uste badu, prozeduraren edozein unetan, esku artean dituen egitateak zigor-arloko arau-hausteak izan daitezkeela, Ministerio Fiskalari jakinaraziko dio, eta, aldi berean, aldez aurretik horretarako ebazpena emanez, interesatuari jakinaraziko dio zehapen-prozeduraren tramitazioa bertan behera utzi duela harik eta Ministerio Fiskalak jarduketak hasi edo jarraitzeko adierazten dion arte edo zigor-arloko epaitegiek behin betiko ebazpena ematen duten arte.

    Era berean, Administrazioak jakiten badu zigor-prozedura bat ari dela bideratzen bera ere aztertzen ari den egitate batzuen gainean, eta egitateak, subjektuak eta arau-haustearen funtsa berberak badira, egin dituen jarduketak jakinarazteko eskatuko dio Ministerio Fiskalari.

  3. – Zehapen-prozedura administratiboa bertan behera utzi arren, hartutako kautelazko neurriek indarrean jarrai dezakete, baldin eta zigor-prozesuan hartutakoekin bateragarri badira. Administrazioaren zehapen-prozedurako kautelazko helburuak lortzeko zigor-arloko kautela-neurriak aski izanez gero, ez dira bateragarriak izango.

  4. – Prozedura amaitzen duen epai irmoak edo ebazpenak irizten badio ez dela zigor-araurik hautsi, edo Ministerio Fiskalak esaten badu ez dela bidezko jarduketak hastea edo jarraitzea, Administrazioak berriro hasiko du zehapen-prozedura, zigor-jurisdikzioak frogatutzat jotako egitateak oinarri hartuta.

  1. – Foru-aldundietako nekazaritza arloan eskumenak dituzten saileei dagokie titulo honetako III. kapituluan jasotako mahastizaintza arloko arau-hausteen ikuskaritza, eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari, berriz, gainerako kasuetakoa, lege honek kalitateko ardoen kudeaketa-organoei aitortzen dizkien ikuskaritza-ahalmenez at.

  2. – Administrazio publikoetako ikuskatzaileak, beren kontrol- eta ikuskatze-eginkizunetan ari direla, agintaritzaren agente izango dira eta, hala direnez gero, beste edozein agintaritzaren laguntza eskatu ahal izango dute, baita segurtasun-indar eta -kidegoena ere.

    Kontrol- eta zaintza-zerbitzuetarako, kalitateko ardoen kontrol-organoetako ikuskatzaileek administrazio publikoetako ikuskatzaileen izaera eta eskuduntza berberak edukiko dituzte, agintaritzaren agenteei dagozkienak izan ezik.

  3. – Aurreko puntuan aipatutako ikuskatzaileek, ikuskatze-eginkizunetan ari direla, ikuskatzen dituzten enpresen ustiategi, instalazio eta lokaletara sartzea izango dute, hala balegokio, eta enpresa horien industria-, merkataritza- eta kontabilitate-dokumentaziorako irispidea ere bai, beharrezko irizten badiote. Beren jarduketa guztiak isilpean eduki beharrekoak izango dira, beti.

    Ikuskatze-zerbitzuek informazioa eskatzen dietenean, administrazio publikoek, administrazio publikoen partizipazioa duten enpresek, erakunde ofizialek, lanbide-erakundeek eta kontsumitzaileen erakundeek eman egin beharko dute.

  4. – Ikuskatzaileek zorrotz bete beharko dute beren lanbideko jardunaren bidez jakiten duten oro isilpean gordetzeko betebeharra. Betebehar hori bete ezean, dagokion zehapena ezarriko zaie, dagokion diziplina-erregelamenduko arauen arabera.

  5. – Kalitateko ardoen kudeaketa-organoek berariazko baimena dute kalitateko ardoen babesik gabeko mahats, muztio eta ardoen joan-etorriak zaintzeko, baldin eta produktu horiek kalitateko ardoen ekoizpen-guneetan egin, biltegiratu, botilan sartu edo merkaturatzen badira edo gune horietatik igarotzen badira; eginkizun horretan ari direla jakiten dituzten gorabeheren berri eman beharko diote Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari, bai eta eginkizun horretan egin dituzten akten kopiak helarazi ere; eta horrek guztiak ez dio ezertan eragingo zaintze-lan horretan eskudun diren erakundeen esku-hartzeari.

  1. – Ikuskatzaileek, egindako ikuskapen bakoitzeko, akta bat egingo dute, hiru aletan; eta aktan, interesatuaren datu pertsonalak eta ikuskatutako enpresaren datuak ez ezik, egiaztatutako egitateak ere jasoko dituzte, dagokiokeen zehapen-prozedurarako, arau-haustearen tipifikaziorako eta zehapenak mailakatzeko baliagarri izan daitezkeenak bereziki.

    Ikuskatzaileak eta ikuskatutako ustiategi, enpresa edo establezimenduaren titularrak sinatuko dute akta hori, edo, hala behar balitz, titular horren legezko ordezkariak edo arduradunak, eta horrelakorik bat ere izan ezean, edozein menpekok; akta horren kopietako bat horien esku geldituko da.

    Akta sinatzen duten bi alderdi horiek ikuskatzearen edo ikuskatutakoaren inguruko datuak jasoarazi ahal izango dituzte aktan, egoki iritzi hainbat.

    Lehen aipatutako pertsona horiek akta horretan parte hartzeari uko eginez gero, lekuko batek sinatuko du akta, ahal bada, eta horrek ez du kenduko uko egite horrek eragindako erantzukizuna eskatu ahal izatea. Ikuskatzaileak beti sinatuko du akta.

  2. – Ikuskatzaileak aktan jasotako egitateak benetakoak direla joko da, kontrakoa frogatu ezean.

Pertsona fisiko eta juridikoek eta ondasun-erkidegoek honako betebehar hauek edukiko dituzte, erakunde eskudunek edo ikuskatzaileek eskatuz gero:

  1. Hala ustiategi edo instalazioen nola produktu, zerbitzu zein ekoizpen- edo elaborazio-sistemen gaineko informazioa ematea, eta are ikuskatzaileei bertatik bertara ikuskatzen uztea ere.

  2. Egindako salerosketen eta produktuen mugimenduaren dokumentazioa erakustea, baita dokumentazio horretan jasotako beste edozein alderdi ere.

  3. Dokumentazio horren kopia ateratzen uztea.

  4. Mahastietatik eta egiten, banatzen edo merkaturatzen diren produktu edo salgaietatik laginak hartzen uztea.

  5. Oro har, ikuskapenak egiten uztea eta horretan laguntzea.

  1. – Ikuskapenean atzeman diren egitateek, lege honetan edo Europar Batasunaren araudian edo harekin bat datorren Estatuko araudian ezarritako arau-hausteekin ustez zerikusia duten horiek, edo horien pareko beste batzuek iraun ez dezaten edo berriro gerta ez daitezen, edo eragindako kalteek beren horretan jarrai ez dezaten edo beren eragina gutxitzearren, ikuskatzaileak, salbuespeneko kasuetan, kautelaz geldiarazi egin ditzake salgai, produktu, ontzi, etiketa eta abar. Dagokion aktan, hartutako kautelazko neurri horren xede eta arrazoiak idatzi beharko ditu.

  2. – Kautelazko neurri horrekin erabakitako geldiarazte horrek ezingo du iraun kasuan-kasuan behar den baino luzaroago. Hori dela-eta, ikuskatzaileek hartutako kautelazko neurriak zehapen-prozedura hasteko eskumena duen erakundeak berak berretsi, aldatu edo ezeztatu egin beharko ditu, gehienez ere 15 eguneko epearen barruan. Zehapen-prozedura hasteko erabakian ez bada ezer adierazten kautelazko neurrien gainean, indarrik gabe geldituko dira.

  1. – Ikuskatzaileak, komeni dela irizten badio, ikuskatutako produktuaren edo produktuen laginak hartzea erabaki dezake. Lagin horiengatik ez da ezer ordaindu beharko.

  2. – Hartutako lagin horien gainean akta egingo da, eta ikuskatze-aktak egiteko ezarritako eskakizun berberak bete beharko dira beste akta hori egiteko ere.

  3. – Laginek hiruna ale homogeneo izango dituzte. Egokitu, prezintatu, lakrez zigilatu eta etiketatu egingo dira; horrela, eta parte hartzen dutenen sinadura ale bakoitzean ipinita, lagin bakoitza bere edukiarekin ezagutzeko modua bermatuko da gordeta eduki behar diren artean. Ale horiek honela gordeko dira:

    1. Akta egiten den enpresa edo establezimenduaren titularra egile, biltegiratzaile edo botilaratzailea bada, edo etiketan ageri den pertsona- edo sozietate-izena berea bada, laginaren aleetako bat berak gordeko du, gordailuan, eta harekin batera aktaren kopia bat; ale hori utzi zaion bezala gorde beharko du, beharrezkoa balitz kontraesan-froga gisa erabiltzeko. Ale hori suntsitu, desagertu edo galdu egiten bada, asmo gaiztoarekin egin dela uste izango da, kontrakoa frogatzen ez bada. Lagineko beste bi aleak ikuskaritzak gordeko ditu, eta horietako bat hasierako azterketa egin behar duen laborategiari igorriko zaio.

    2. Ikuskatutako enpresa edo establezimendua ikertzekoa den produktuaren banatzaile soila baino ez bada, aktaren kopia bat gordeko du hark, eta lagineko hiru aleak ikuskaritzak eramango ditu; horietako bat egilearen, biltegiratzailearen, botilaratzailearen edo etiketan ageri den pertsona- edo sozietate-izenaren titular denaren esku utziko da, edo behar bezalako baimena duen aurreko horien ordezkariaren esku, badaezpada, kontraesan-frogarik edo egin behar bada. Eta beste ale bat hasierako azterketa egin behar duen laborategiari igorriko zaio.

  1. – Azterketa Administrazioaren baimena duten laborategi ofizialetan egingo da, edo indarrean dagoen araudiari jarraituz horrelako zereginetarako egiaztagiria lortu dutenetan; azterketarako, ofizialki onartutako metodoak erabiliko dira, edo, horrelakorik ezean, gomendatutakoak.

  2. – Bidali zaizkion lagina eta harekin batera doan dokumentazioa aztertuko ditu laborategiak, eta azterketa horren emaitzak lehenbailehen helaraziko ditu, eta, eskatzen bazaio, aztertutako laginaren kalifikazio-txosten tekniko bat ere bai.

  3. – Azterketaren emaitzaren ondorioa bada indarrean dagoen araudia hautsi egin dela, zehapen-prozedura hasiko da lege honetan jasota dagoen prozeduraren arabera.

  4. – Baldin eta zehapen-prozedura horren pean dagoenak ez badu azterketaren emaitza onartzen, bere eskubideari dagokiona frogatzeko edozein frogabide erabili ahal izateaz gain, kontraesan-azterketa bat egiteko ere eskatu ahal izango dio espedientearen instrukzio-egileari; bi era hauetako bat erabil daiteke kontraesan-azterketa hori egiteko:

    1. Aditu bat izenda dezake azterketa berriro egiteko, zehapen-prozedura hasi eta bost egun balioduneko epearen barruan; hasierako azterketa egin zen laborategi berean egingo da bigarren azterketa hori, orduan erabilitako teknika berak erabiliz eta azterketa haren ziurtagiria egin zuen teknikari beraren aurrean edo teknikari horrek izendatutako ordezkariaren aurrean. Horretarako, espedientearen instrukzio-egileak edo laborategiak berak azterketa hori egiteko eguna eta ordua jakinaraziko dizkio interesatuari.

    2. Instrukzio-egilearen aurrean egiazta dezake, zehapen-prozedura hasi eta zortzi egun balioduneko epearen barruan, dagokion lagineko alea laborategi ofizial edo baimen ofiziala duen batean aurkeztu duela, laborategi horrek izendatutako teknikari batek kontraesan-azterketa egin dezan; azterketa hori hasierako azterketan erabilitako teknika berberekin egingo da. Bigarren azterketa horren emaitza eta, hala balegokio, txosten tekniko osagarria espedientearen instrukzio-egileari igorriko zaizkio, zehapen-prozedura hasi eta hilabeteko epearen barruan, gehienez. Epe hori igaro eta artean ez bada ez azterketarik ez instrukzio-egileari egin beharreko jakinarazpenik egin, prozedurapeko horrek galdu egingo du bere eskubidea.

  5. – Hasierako azterketaren eta kontraesan-azterketaren emaitzak ez badatoz bat, erakunde eskudunak beste laborategi ofizial bat edo egiaztapen ofiziala duen bat izendatuko du, hirugarren lagina erabiliz eta aurreko azterketetako emaitzak aurrean izanik, azken azterketa erabakitzailea egin dezan.

  6. – Kontraesan-azterketa eskatu duenak ordainduko ditu haren gastuak. Hasierako azterketa eta azterketa erabakitzailearen gastuak zehapen-prozeduran erruduntzat jotakoak ordainduko ditu, salbu eta azterketa erabakitzailearen emaitzak hasierako azterketarenak zuzentzea dakarrenean, orduan Administrazioak ordaindu beharko baititu.

    Zehapen-prozedurapekoak ez baditu ordaintzen berak ordaindu beharrekoak diren azterketaren gastuak, betearazte-bidean ordainaraziko zaizkio, bide hori arautzen duen araudiaren arabera.

Mahastizaintzaren arloko arau-hausteak dira mahastien gaineko lege-xedapenen aurkako egintza eta ez egiteak, bereziki, mahastiak erauzte, landatze, birlandatze, birlandatzeko eskubideen eskualdatze, erregularizatze, berregituratze eta birmoldatzearen gaineko lege-xedapenen aurkakoak.

  1. – Mahastizaintzarekin zerikusia duten eskabideetan informazio okerra ematea.

  2. – Norberaren ustiategian mahatsondoak erauzi direnean eta horrek, indarrean dagoen araudiaren arabera, birlandatzeko eskubidea sor dezakeenean, erauzitako mahasti horren hedadura bereko eremuan mahastia baimenik gabe landatzea.

  3. – Ekoizpen-ahalmenaren arloan indarrean dagoen araudiak dirulaguntza publikoak emateko ezartzen dituen eskakizunak ez betetzea.

  4. – Landaketak egiteko baimenean ezarritako baldintzetakoren bat ez betetzea, ondoko lerroaldean aurreikusten dena alde batera utzita.

  5. – Sailkatu gabeko mahatsondo- edo txertaka-klaseak eta sailkatu gabeko mahatsondo-klaseak dituzten gaintxertaketak landatzea. Landaketaren osteko bigarren kanpaina amaitu baino lehen, aldez aurreko birlandaketako eskubidea eman zaion sailean mahatsondoak erauzteko obligazioa ez betetzea. Edo, baimenik gabe, mahatsondo edo txertaka berriak landatzea, baldin eta arau-hausleak, Administrazioak hala egiteko eskatu eta bi hilabeteko epea bete baino lehen, arau-haustea egin den saileko mahatsondoak erauzten baditu.

  6. – Hutsarteak betetzea lege honek ezarritako baldintzak bete gabe.

  7. – Mahatsondoa ureztatzea, hori egitea debekaturik dagoenean.

  1. – Laguntza eta dirulaguntza publikoak eskatzerakoan datu faltsuak ematea, eta mahastizaintzarekin zerikusia duten eskabideetan informazio faltsua ematea.

  2. – Sailkatu gabeko mahatsondo- edo txertaka-klaseak eta sailkatu gabeko mahatsondo-klaseak dituzten gaintxertaketak landatzea. Landaketa egin ondoko bigarren kanpaina amaitu aurretik, aldez aurreko birlandaketako eskubidea eman zaion sailean mahatsondoak erauzteko obligazioa ez betetzea erregularizatu ez diren mahastiak eta 1998ko irailaren 1az geroztik lan-datutako mahastiak. Edo, baimenik gabe, mahatsondo edo txertaka berriak landatzea, baldin eta arau-hausleak, Administrazioak hala egiteko eskatu eta bi hilabeteko epea bete baino lehen, arau-haustea egin den saileko mahatsondoak erauzten ez baditu.

  3. – Berregituratze- eta birmoldatze-planetan sartutako mahasti-azalerak ezarritako gutxieneko denboran lantzeko obligazioa ez betetzea.

  4. – Berregituratze- eta birmoldatze-planetan sartutako azaleren ekoizpen-ahalmena ez gehitzeko obligazioa ez betetzea.

  5. –Berregituratze- eta birmoldatze-planen betearazpenean aldaketak egitea Administrazioaren aldez aurreko baimenik gabe.

  6. –Landaketa berrirako eskubideak eman zitzaizkion pertsonak ez beste batek erabiltzea, edo eman diren azalera eta helburutarako ez beste azalera eta helburuetarako erabiltzea.

Arau-hauste oso larritzat joko da ardotarako ez diren mahatsondo-klaseekin gaintxertaketa egitea.

Ardogintzaren arloko arau-hausteak dira mahastizaintza eta ardogintzako produktuak ekoitzi, egin, biltegiratu, ondu eta merkaturatzearen inguruko lege-xedapenen aurkako egintzak eta ez egiteak.

  1. – Nahitaez egin beharreko destilazioetarako produktuak ez ematea, non eta ez den arau-hauste larritzat jotzen.

  2. – Lege honetan arautzen diren produktuak egin edo eraldatzeko zilegi diren tratamendu, praktika edo prozesuak ezarritakoaz bestera erabiltzea, betiere osasunerako arriskurik eragiten ez bada.

  1. – Nahitaez egin beharreko destilazioetarako produktuak ez ematea, indarrean dagoen legedian ezarritakoarekin bat etorriz.

  2. – Produktu enologikoak baimenik gabe eduki edo saltzea.

  3. – Lege honetan arautzen diren produktuak zilegi ez diren tratamendu, praktika edo prozesuen bitartez egitea edo eradaltzea, edo hemen ezarritakoa ez bezalako eran aplikatzea, betiere osasunerako arriskurik eragiten ez bada; orobat, produktu horiei gaiak gehitu edo kentzea, haien osaera aldaraziz eta iruzurra eraginez.

  4. – Kalitateko ardoak egin, ontziratu edo etiketatzen aritzea ardo horien erregistroetan inskribatu gabeko instalazioetan.

  5. – Produktuaren benetako ezaugarrien eta ekoizleak, egileak edo ontziratzaileak eskaintzen dituztenen artean iruzur eta aldeak egotea.

  6. – Ardo eta muztioak egiteko edo biltegiratzeko zilegi ez diren makina, instalazio edo produktuak edukitzea produktuak egiten edo ontziratzen dituzten industrien lokaletan, betiere osasunerako arriskua eragiten ez bada.

  1. – Lege honetan arautzen diren produktuak osasunerako arriskutsu diren tratamendu, praktika edo prozesuekin egitea, eraldatzea edo merkaturatzea.

  2. – Ardo eta muztioak egiteko edo biltegiratzeko zilegi ez diren makina, instalazio edo gaiak edukitzea produktuak egiten edo ontziratzen dituzten industrien lokaletan, horiek osasunerako arriskutsuak izanik.

  3. – Produktuak faltsifikatzea edo faltsifikatutako produktuak saltzea, betiere delitu edo falta ez bada.

Dokumentuen eta erregistroen arloko arau-hausteak dira aitorpen, agiri, erregistro, liburu-erregistro, idazpen, ziurtagiri, etiketatze eta gainerako dokumentuen inguruko betebeharren gaineko legezko xedapenen aurka egiten diren egintza eta ez egiteak.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Elikagaien Industrien Erregistroan izena emanda izatearen egiaztagiria aurkezteko betebeharra izanik, dena delako enpresak egiaztagiri hori ez aurkeztea.

  2. – Ikuskaritzako eginkizunetan kontrola egiteko erregistro-liburuak eta horrelakorik ez edukitzea, horretarako arrazoirik gabe.

  3. – Erregistro-liburuetan edo mahats, ardo edo muztioen gaineko aitorpenetan, edota jarraioan eramateko agirietan, datu okerrak edo hutsegiteak adieraztea, baldin eta idatziz jasotako kantitatearen eta benetakoaren arteko aldea benetakoaren ehuneko 15 baino handiagoa ez bada.

  4. – Erregistro-liburuak eguneratu gabe edukitzea, idatzi gabe utzi zen lehenengo idazpena egin beharrekoa zen egunetik hilabete baino gehiago igaro ez denean.

  5. – Mahats, ardo eta muztioen gaineko aitorpenak arauzko epetik kanpora aurkeztea.

  6. – Produktuen etiketan edo aurkezpenean nahitaez agertu behar duten zehaztasunetakoren bat ez agertzea, edo horiek arauz behar duten moduan ez adieraztea, hori arau-hauste larritzat jotzen ez bada.

  1. – Erregistro-libururik, mahatsen, ardoen eta muztioen gaineko aitorpenik edo garraioan eramateko agiririk ez edukitzea;, edota, horietan, aipatzen diren produktu edo salgaien ezaugarriekin zerikusirik duten hutsegite, oker eta ez egiteak egotea.

  2. – Erregistro-liburuetan, mahats, ardo edo muztioen gaineko aitorpenetan edo garraioan eramateko agirietan oker edo hutsegiteak adieraztea, baldin eta idatziz jasotako kantitatearen eta benetakoaren arteko aldea benetakoaren ehuneko 15 baino handiagoa bada.

  3. – Erregistro-liburuak eguneratu gabe edukitzea, idatzi gabe utzi zen lehenengo idazpena egin beharrekoa zen egunetik hilabete baino gehiago igaro denean.

  4. – Erregistro-liburuak eta garraioan eramateko agiriak gordetzeko betebeharra ez betetzea, liburuetan jasotako kontuak kitatzen direnetik bost urte igaro arte eta agiriak eman diren urtea amaitu arte, hurrenez hurren.

  5. – Etiketan sozietatearen izena ez jartzea, edo arauzkoak diren etiketak edo errotulazio ezabagaitza ez edukitzea, edo indarrean dauden xedapenek eskatutako betekizunak betetzen ez dituzten ontzi edo paketatzeak erabiltzea.

  6. – Produktuen etiketan, aurkezpen-moduan edo publizitatean produktu horiei ez dagozkien edo nahastea eragin dezaketen deitura, zehaztasun, kalifikazio, adierazpen edo ikurrak erabiltzea, non eta hori ez den arau-hauste oso larritzat jotzen.

  7. – Kautelazko neurrien bidez gerarazitako salgaiak erakunde eskudunaren baimenik gabe erabili edo zernahi eratara eskuratzea, osasunerako arriskurik eragin gabe.

  8. – Mahastizaintza eta ardogintzako produktuen erabilpen eta garraioan ustekabean gertatutako galerak Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari ezarritako epe eta baldintzetan ez jakinaraztea.

  9. – Kautelazko neurriengatik gerarazitako salgaiak eskumena duen erakundearen baimenik gabe lekuz aldatzea, betiere, ziguluak hausten ez badira eta salgaiak gerarazita utzi ziren instalazioetatik ateratzen ez badira.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Elikagaien Industrien Erregistroan izena emateko betebeharra izanik, enpresaren izena eman gabe edukitzea.

  2. – Kautelazko neurriengatik gerarazitako salgaiak erakunde eskudunaren baimenik gabe erabili, lekuz aldatu edo zernahi eratara eskuratzea, ziguluak hautsiz gero edo salgaiak interbenitu diren instalazioetatik ateraz gero.

  3. – Eskubiderik gabe, kalitateko ardo batek babestutako izenak aipatzen dituzten adierazpen, merkataritzako izen, marka, ikur edo ezaugarriak erabiltzea; orobat, horiek erabilita produktuen izaera, kalitate edo jatorriaren gainean nahastea eragin daitekeenean, babestutako izen, ikur edo ezaugarriekin duten fonetika edo grafiaren aldeko antzagatik, nahiz eta ondoan «motakoa», «erakoa», «-ren sailekoa», «-ren imitazioa», «-ren ordezkoa» edo gisako esapideak jarri.

  4. – Eskubiderik gabe, kalitateko ardoentzat diren «ondua», «erreserba» eta «erreserba handia» aipamenak erabiltzea.

  5. – Babestutako izenak erabiltzea, hori berariaz debekatua duten produktuetan.

  6. – Kalitateko ardoek berezkoak dituzten agiriak, etiketak, kontraetiketak, zigiluak eta ezaugarri gisako bestelako osagai batzuk bidegabe eduki, negoziatu edo erabiltzea, bai eta horiek faltsifikatzea ere.

Lankidetzan aritzeko, informazioa emateko, komunikatzeko eta deitutakoan agertzeko betebeharrak oztopatzearekin zerikusia duten arau-hausteak dira eragozpenak jarriz egiten direnak. Arau-hauste horiek arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke, hautsitako lankidetza-betebeharraren izaeraren arabera eta eragozteko egintza edo ez egite horren garrantzi eta ondorioen arabera.

Arau-hauste arinak dira informatzeko, komunikatzeko edo deitutakoan agertzeko betebeharretan atzeratze hutsak baino ez direnak.

Honako hauek dira arau hauste larriak: ikuskatze-eginkizunak oztopatu, atzeratu edo eragoztea, laginak hartzen ez uztea, ikuskatzearen eta administrazio-kontrolaren eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren informazio edo dokumentazioa emateari uko egitea edo horretan arrazoirik gabe atzeratzea, baita dokumentazio edo informazio faltsua ematea ere. Arau hauste horiek larriak izango dira, aurreko lerroaldean eta hurrengoan arau-hauste arin edo oso larritzat jotzen ez badira.

  1. – Ikuskatze-zerbitzuen jarduerari erabat uko egitea.

  2. – Ikuskatzaileak hertsatzea, mehatxatzea, iraintzea, haiengan mendeku hartzea, haiei erasotzea edo beste edozein modutan behartzea, betiere delitu edo falta ez bada.

Ikuskatze- edo kontrol-organoek egindako arau-hausteak dira ikuskatze-organoek edo ikuskatzaileek ikuskatze-eginkizunetan dihardutela egindakoak. Larriak edo oso larriak izan daitezke.

  1. – Ziurtagiri eta txostenak benetako egitateak aintzat hartu gabe egitea.

  2. – Ikuskatze- edo kontrol-organo edo erakunde horiek ikuskatze, saio edo probak era osatu gabean edo emaitza okerrak atereaz egitea, egitateak behar bezala egiaztatu ez dituztelako edo arau teknikoak gaizki aplikatu dituztelako.

Aurreko artikuluan tipifikatutako arau-hausteak oso larritzat joko dira, kalte oso larria eragiten dutenean edo pertsonentzako edo ingurumenerako arrisku oso larria eragiten dutenean.

Kalitateko ardoen kudeaketa-organoek arau-hauste oso larria egingo dute ikuskatzaileen eginkizunetan sartzen badira edo horien beregaintasuna eta aldaezintasuna oztopatzen badute.

  1. – Arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 2.000 euro arteko isunez zehatuko dira, eta hori baino zenbateko handiagoko isunak ere ezarri ahal izango dira, arau-haustearen gai izan diren salgaien, produktuen edo azalerek hartzen duten eremuaren baliora artekoak, hain zuzen ere. Mahastizaintzari berari dagokionez, 2. paragrafoaren bigarren lerroaldean aurreikusita bezala egingo da produktuen balioaren gaineko kalkulua.

  2. – Arau-hauste larriak 2.001 eta 30.000 euro bitarteko isunez zehatuko dira, eta hori baino zenbateko handiagoko isunak ere ezarri ahal izango dira. Kontuan hartu beharko da, isun handiagoak ipintzekotan, zein produktutan egin den arau-haustea eta produktu horrek arau-haustearen aurreko ekonomia-urtean izan duen salmenta-bolumena, salmenta-bolumen horren ehuneko 5 artekoak izan ahal izango baitira isun handiago horiek.

    Mahastizaintzaren beraren arloan egiten diren arau-hauste larriei dagokienez, arau-haustearekin zerikusia duen produkzioaren balioa halako bost artekoa izango da isuna. Isuna kalkulatzeko, biderketa honen arabera jokatuko da: arau-haustearekin zerikusia duen azalera dagoen eskualdean edo lurralde historikoan aurreko bost urteetan hektareako izan den urteko batez besteko produkzioa bider urteotan eskualde horretan eta lurralde historiko horretan izan den batez besteko prezio haztatua.

  3. – Arau-hauste oso larriak 30.001 eta 300.000 euro bitarteko isunez zehatuko dira, eta hori baino zenbateko handiagoko isunak ere ezarri ahal izango dira. Kontuan hartu beharko da, isun handiagoak ipintzekotan, zein produktutan egin den arau-haustea eta produktu horrek arau-haustearen aurreko ekonomia-urtean izan duen salmenta-bolumena, salmenta-bolumen horren ehuneko 10 artekoak izan ahal izango baitira isun handiago horiek.

  4. – Aurreko lerroaldean ezarritako zehapenen zenbatekoak kontsumoko prezioen indizearen arabera eguneratuko dira urtero; aurreko urteko zehapenaren zenbatekoari ezarriko zaio indize hori.

  5. – Zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko da artikulu honetako 1, 2 eta 3. paragrafoetan ezarritako zehapenen produktua.

  1. – Arau-hausteen mota bakoitzari dagozkion zehapenen artean zein ezarri behar den zehazteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

    1. Asmoa egon den edo axolagabekeria hutsa izan den.

    2. Administrazioak edo haren ikuskatze-erakundeek egindako eskaerak ez betetzea.

    3. Arau-haustea behin baino gehiagotan egitea. Hori gertatzen da prozedura berean arau-hauste edo irregularitate bat baino gehiago zehatzen direnean.

    4. Eragindako kalteen izaera, bereziki arau-hausteak kontsumitzaileen osasun edo interes ekonomikoei eta produktuen prezio, kontsumo eta izen onari eragin ahal izan dien kaltea.

    5. Berrerortzea gertatzea. Halakotzat jotzen da hiru urteko epearen barruan izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egin denean, eta hori ebazpen irmoaren bidez adierazi denean.

    6. Landatutako eremuaren hedadura edo arau-haustearen gai izan diren produktuen bolumena.

    7. Ekoizpen- edo salmenta-bolumena, eta araua hautsi duen enpresa mahastizaintza eta ardogintzako sektorean nola dagoen kokatuta.

    8. Arau-haustearen erantzuleak araua haustean egindako hutsegiteak zuzentzea zehapen-prozedura ebatzi baino lehen.

    9. Lege honetan tipifikatutako arau-hausteren bat osasunaren arloko arau-hausteekin batera gertatzea.

  2. – Irizpide horiek ezingo dira kontuan hartu arau-haustearen jokabidearen baitan sartuta badaude edo tipifikatutako arau-hauste administratiboaren beraren zati badira.

  3. – Zehatutako arau-haustearen egitateen ondorioz dirulaguntzak galtzen badira edo Europar Batasunak ematen dituen onurak kentzen badira, isunaren zenbatekoa gutxitu egin ahal izango da, galdutako edo kendutako onuren hein berean.

  4. – Zehapen-prozeduran emandako administrazio-ebazpenean azaldu egin beharko da zehapena mailakatzeko zein irizpide hartu diren kontuan artikulu honetan aipatu direnen artetik.

  5. – Edozein modutan ere, ezarri den zehapena mailakatzerakoan, ziurtatu egin beharko da arau-hausleari ez dakiola gerta onuragarriago araua haustea araua betetzea baino.

Arau-hausteak tipifikatzen dituzten arauetako bat baino gehiagoren arabera kalifikatu ahal badira egitateak, zehapen larriena ezartzen duen araua aplikatuko zaio arau-hausteari.

  1. – Arau-hauste larriak edo oso larriak egiten direnean, kaltea eragiten ez jarraitzeko, prozedura ebazteko eskumena duen erakundeak, egoki iritzitako zuzenketa-, segurtasun- edo kontrol-neurriak ez ezik, honako zehapen erantsi hauetako bat ere ezarri ahal izango du:

    1. Laguntzak, dirulaguntzak eta laguntza-programetatik eratorritako gainerako onurak kentzea; eta kentze horrek atzerako eraginkortasuna izango du, arau-haustea egin zen egunetik bertatik hasita.

    2. Laguntza berriak lortzeko aukerarik ez ematea, gehienez ere bost urtean.

    3. Arau-haustearekin zerikusia duten salgai, produktu, ontzi, etiketa eta abar konfiskatzea.

    4. Zehatutako enpresa aldi baterako ixtea, osoa edo haren zati bat, gehienez ere

  2. – Zehapen-prozedura ebazteko eskumena duen erakundeak beste neurri osagarri hauek ere hartu ahal izango ditu:

    1. Zehatutako arau-haustearekin zerikusia duten eta kautelazko neurria ezarri zaien salgai, produktu, ontzi, etiketa eta abarri eman behar zaien erabilera; suntsitzeko ere agin dezake, haiek erabiltzea edo kontsumitzea osasun publikorako arriskutsua bada. Emango zaien erabilerak edo suntsiketak eragindako gastuak arau-hausleak ordainduko ditu.

    2. Bidegabe jasotako laguntza eta dirulaguntzak itzultzea, osorik edo haien zati bat, haiek gutxitzea edo antzeko neurriak gauzatzea.

    3. Arau-hausleak mahastia erauzteko betebeharra betetzen ez badu, mahastia ordezko betearazpenez erauzteak eragindako gastuak Administrazioari ordaintzea, eta, orobat, salgaiak gerarazi, gordailuan utzi, konfiskatu, garraiatu eta suntsitzeak eragindako gastuak.

  1. – Arau-hauste oso larriak hiru urtetan preskribitzen dira; larriak bi urtetan eta arinak urtebetean.

  2. – Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zehapenak hiru urtetan preskribitzen dira; arau-hauste larriengatik ezarritakoak bi urtetan, eta arinengatik ezarritakoak urtebetean.

Honako arau hauek arautuko dute zehapen-prozedura: lege honetako beronetako arauek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko IX. tituluan jasotakoek –lege horri urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak eman zion aldaerakoek– eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenaren gaineko otsailaren 20ko 2/1998 Legean jasotakoek. Era berean, mahastizaintzaren arloari dagokionez, lurralde historikoetako prozedura-arauetan aurreikusitakoaren arabera erabiliko da zehapen-prozedura.

  1. – Arau-hausteak ezingo dira zehatu baldin eta aldez aurretik ez bada espedienterik egin administrazio-prozedura erkidearen eta lege honen arabera; horrek ez du kenduko, ordea, beste arlo batzuen arabera ere erantzukizuna eduki ahal izatea. Instrukzioa egiteko eskumenak eta ebazteko eskumenak ezin izango zaizkio erakunde berberari esleitu.

  2. – Zehapen-prozedura hasteko eskumena, bai eta prozedura hori bideratzekoa ere, kalitateko ardoaren kudeaketa-organoari dagokio, ustezko arau-hausleak kalitateko ardo horren erregistroetako batean izena emanda duenean. Bestelako kasuetan, foru-aldundietako nekazaritza arloan eskumenak dituzten sailei dagokie titulu honetako III. kapituluan jasotako mahastizaintza arloko arau-hausteen kasuan, eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailean horretarako eskumena duen erakundeari gainerako kasuetan.

    Ustezko arau-hausle horrek kalitateko ardoaren kudeaketa-organoaren erregistroetako batean ere ez badu izenik emanda, baina kalitateko ardoaren kudeaketa-organoak arau-hauste horren berri jakinez gero, jakinarazi egingo dio aurreko lerroaldean esandakoari jarraiki esleitutako organo eskumendunari.

  1. – Prozedura hasi eta bideratzeko eskumena duen erakundeak prozeduran eman daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko edo prozedura oztopatzen ez uzteko beharrezkoak diren kautelazko neurriak hartu ahal izango ditu, edozein unetan; erabaki arrazoitua eman beharko du horretarako.

  2. – Kautelazko neurriaren bidez agindutako geraraztearen aldia ezin izango da luzatu ezinbestekoa dena baino gehiago, esan nahi baita, kasu bakoitzean kautelazko neurrien bitartez lortu nahi diren helburuak betetzeko beharrezkoa den aldia baino gehiago.

  3. – Badago kautelazko neurriak kentzea edo aldatzea, hala prozedura bideratzen duen erakundearen kabuz nola interesatuaren eskariz; prozeduraren edozein unetan egin daiteke hori, prozeduraren instrukzio-egilearen probidentziaren bitartez.

  1. – Kudeaketa-organoek hasitako espedienteen ebazpena kudeaketa-organoak berak egingo du, zehapena 12.000 eurokoa baino txikiagoa denean. Kopuru hori baino handiagoa denean, titulo honetako III. kapituluan jasotako mahastizaintza arloko arau-hausteen kasuan foru-aldundietako nekazaritza arloan eskumenak dituzten saileei, eta, gainerakoetan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailean eskumena duen erakundeari igorriko dio bere ebazpen-proposamena, haiek ebatz dezaten.

    Bestalde, foru-aldundietako nekazaritza arloan eskumenak dituzten sailek eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak hasitako espedienteak beraiek ebatziko dituzte.

  2. – Prozedura hasi eta sei hilabeteko epearen barruan ez bada ebazpenik jakinarazi, iraungi egingo da prozedura, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako aldaeran) ezarritako eran eta lege horrek ezarritako ondorioekin.

Lege hau indarrean sartzerako baziren jatorri-deituren erregelamenduek indarrean jarraituko dute Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak lege honetako bigarren xedapen gehigarrian aipatzen den egokitzapena onartu artean.

Lege hau baino maila beherekoago xedapenak, lege honetan ezarritakoaren aurka doazen alderdi guztietan, indarrik gabe geldituko dira.

Lehenbizikoa.– Eusko Jaurlaritzak lege hau garatzeko behar adina xedapen eman ahal izango ditu; horrek ez die ezertan eragingo lurralde historikoek mahastizaintzaren gaineko arauak, erregelamenduak eta administrazio-zioak garatzeko dituzten eskumenei.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko maiatzaren 18a.

Lehendakaria,

Gaiarekin lotutako edukiak


Garrantzi juridikoko dokumentazioa (0)

Ez dago lotutako edukirik.
Euskadi, auzolana