Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Arautegia

Inprimatu

213/2007DEKRETUA, azaroaren 27koa, Eusko Jaurlaritzako sailetan, organismo autonomoetan eta erakunde publikoetan berdintasun-politikak bultzatu eta koordinatzeko ardura duten unitate administratiboak arautzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 241
  • Hurrenkera-zk.: 7079
  • Xedapen-zk.: 213
  • Xedapen-data: 2007/11/27
  • Argitaratze-data: 2007/12/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 11. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bere egiturak egokitu behar ditu sail bakoitzean, gutxienez, unitate administratibo bat egoteko. Unitate administratibo horiek bultzatu eta koordinatuko dira eta beraien artean elkarlanean jardungo dute saileko zuzendaritza eta arloekin eta sailari atxikitako organismo autonomo, erakunde publiko eta organoekin, aipatutako Legeak agindutakoa eta Eusko Jaurlaritzak emakume eta gizonen berdintasunerako legegintzaldi bakoitzean onartutako planak xedatutakoa betetzeko xedez. Hala, 4/2005 Legeak agintzen duenez, unitateek jarrera organiko eta harreman funtzional egokia izan behar dute, eta baita behar besteko aurrekontu-hornidura ere, beren helburuak betetzeko. Ildo beretik, arau-garapenak zehaztuko ditu unitateen eginkizunak eta, Eusko Jaurlaritzako sailez gain, zein organismo autonomikok eta erakunde publikok eduki behar dituzten unitateak erabakiko du.

Bestalde, Legearen 17.3. artikuluaren arabera, emakume eta gizonen berdintasunaren inguruko programak diseinatu eta bultzatu eta aholkularitza teknikoa emateko eginkizuna duten lanpostuak beteko dituen pertsonal teknikoaren esperientzia eta berariazko gaitasuna bermatzea euskal administrazio publikoei dagokie. Hortaz, gaiaren inguruko ezagutzari dagozkion eskakizunak ezarriko dituzte lanpostu horiek betetzeko.

Ondorioz, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legeak agindutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako sailetan berdintasun-politikak bultzatu eta koordinatzeko ardura izango duten unitate administratiboak arautzeari ekin zaio, haien eginkizunak finkatuz, haien pertsonalak izan beharreko gaitasuna zehaztuz eta zein organismo autonomok eta erakunde publikok edukiko dituzten unitateak erabakiz.

Helburu horrekin, Lehendakaritzak hala proposatuta,Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenarekin bat eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko azaroaren 27an eztabaidatu eta erabaki ondoren, hauxe

Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzean zuzendaritza, arlo, organismo autonomo eta erakunde publikoekin elkarlanean jarduteko helburua duten unitate administratiboak bultzatu, koordinatu eta arautzea da Dekretu honen helburua, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak eta Eusko Jaurlaritzak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako legegintzaldi bakoitzean onartutako Planak agindutakoa betetzeko xedez.

  1. artikuluan aipatutako unitate administratiboen eginkizunak honako hauek dira:

    1. 4/2005 Legearen 15.2. artikuluan aurreikusitako berdintasunerako planak edo programak proposatzea.

    2. Sailaren jarduera-eremuan ekintza positiboko berariazko neurriak diseinatu eta bultzatzea.

    3. Dagokion sailaren edo jarduera-eremuaren arau, politika, programa eta ekintzetan genero-ikuspegia txertatzea.

    4. Saileko pertsonalari eta, hala dagokionean, sailari atxikitako organismo autonomo, erakunde publiko eta organoetako pertsonalari emakume eta gizonen berdintasunaren alorreko aholkua ematea, batez ere generoaren araberako inpaktuaren aldez aurreko ebaluazioa egin behar duenari eta desberdintasunak desagertzeko eta berdintasuna sustatzeko 4/2005 Legearen 19. eta hurrengo artikuluetan aurreikusitako neurriak txertatzeko ardura duenari.

    5. Emakume eta gizonen berdintasunaren printzipioaren aplikazioari buruzko aholkua ematea Sailaren ardurapeko sektoreari, eta gai horrekin zerikusia duten gainerako erakunde eta entitateekin elkarlanean jardun eta jarduerak sustatzea.

    6. Saileko pertsonalak eta, hala dagokionean, sailari atxikitako organismo autonomo, erakunde publiko eta organoetako pertsonalak emakume eta gizonen berdintasunaren inguruan behar duen prestakuntzari buruzko diagnostikoak egitea, pertsonalaren gaineko eskumena duten saileko organoekin eta organo orokorrekin elkarlanean. Era berean, eskumena duten organoei kasu bakoitzean beharrezkoa den prestakuntza-mota proposatzea, prestakuntza hori jasotzeko irizpideak eta lehentasunak aintzat hartuta.

    7. Berdintasun-politiken garapenaren jarraipena egitea sailean eta, hala dagokionean, sailari atxikitako organismo autonomo, erakunde publiko eta organoetan. Jarraipenaren emaitzen arabera, dauden oztopoak eta desberdintasunak desagertzeko eta emakume eta gizonen berdintasuna sustatzeko neurri egokiak proposatuko dira.

    8. Diskriminazio anizkoitza jasaten duten emakumeek oinarrizko eskubide sozialak erabiltzea bermatzeko helburua duten neurriak bultzatu eta proposatzea, sailaren jarduera-eremuan.

    9. Saileko organo eskudunari eta, hala dagokionean, sailari atxikitako organismo autonomo edo erakunde publikoko organo eskudunari beren antolakundeen esparruan egon litezkeen balizko diskriminazio-egoerak antzematen, prebenitzen eta desagertzen laguntzea.

    10. Emakume eta gizonen berdintasunaren alorrean eskumena duten erakunde, organo eta unitateekin harreman teknikoak izatea eta berdintasun-politiken koordinazio teknikoa egiteko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxikitako organoetan parte hartzea.

    11. Bere jarduera-eremuaren barruan agindu lekiokeen beste edozein.

  1. – Sail bakoitzeko unitateez gain, ondorengo organismo autonomo eta erakunde publiko hauetan ere berdintasun-politikak bultzatu eta koordinatzeko ardura izango duten unitate administratiboak egongo dira:

    • Eustat-Euskal Estatistika Erakundean.

    • IVAP-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean.

    • HABE- Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundean.

    • Euskal Autonomia Erkidegoko Ertzain Akademian.

    • Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundean.

    • EITB- Euskal Irrati Telebistan.

    • Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan.

    • ETS- Euskal Trenbide Sarean.

  2. – Aurreko paragrafoan aipatutako organismo autonomo eta erakunde publikoetako unitateek 2. artikuluan aurreikusitako eginkizunak bete behar dituzte, organismo eta erakunde horien jarduera-eremuari dagokionez. Gainerako organismo autonomo eta erakunde publikoen kasuan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundean izan ezik, atxikita dauden sailetako unitateek hartuko dituzte eginkizun horiek beren gain.

  1. – 4/2005 Legearen 17.3. artikuluak eta Hirugarren Xedapen Gehigarriko bigarren atalak jasotakoaren arabera, Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitako eginkizunak betetzeko ardura duten unitateetako pertsonal teknikoak emakume eta gizonen berdintasunaren alorreko esperientzia edo/eta berariazko trebakuntza duela bermatu behar dute lanpostu-zerrendek.

  2. – Helburu horrekin, sailek eta eragindako gainerako organismo autonomo eta erakunde publikoek lanpostu-zerrendak egokitzeko espedienteari ekin behar diote. Espediente horri Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen txostena erantsi behar diote, lanpostuak beteko dituen pertsonalaren gaitasunari buruz Erakundeak bere iritzia eman dezan.

Sail bakoitzaren edo, hala dagokionean, organo autonomo edo erakunde publikoen egitura organiko eta funtzionala erregulatzen duten arauek zehaztuko dute Dekretu honek xede dituen unitateen mendekotasun organiko eta funtzionala. Nolanahi ere, ahal dela, eginkizun horizontalak edo zeharkakoak betetzen dituzten organoetan kokatuko dira unitateak.

  1. – Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak, egon dauden lanpostuak aztertu eta gero, zilegizkoak diren egokitzapenak proposatuko ditu, dekretu honetako 2. artikuluan aurreikusitako eginkizunak betetzeko. Dekretu honek indarra hartzen duenetik aurrera hiru hileko epean, sailek eta erakunde autonomoek, egun erabilgarri dauden baliabideak aintzat hartuz, lanpostuen zerrendan edo monografietan bidezkoak diren aldaketak egingo dituzte, dekretu honek egotzitako erantzukizunei aurre egite aldera.

  2. – Salbuespen modura, dekretu honetako 2. artikuluan aurreikusitako erantzukizunak betetzeko baliabide erabilgarriak gutxi direla Funtzio Publikoaren aurrean egiaztatu ondoren, beste bide bat hartu ahal izango da, hain zuzen ere, EAEko aurrekontu orokorren legeek pertsonal dotazio berriak sortzeko ezarritakoarekin bat etorriz.

  3. – Bidezkotzat jotako neurriak hartuko dituzte 3. artikuluan aipatzen diren erakunde publikoetako organoek, euren lanpostuak hiru hileko epean egokitu eta egun erabilgarri dauden baliabideekin dekretu honek egozten dituen erantzukizunak burutzeko.

Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2007ko azaroaren 27an.

Lehendakaria,

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.
Euskadi, auzolana