Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 31koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira paisaiaren ekintza-planak prestatzeko oinarri arautzaileak eta iragartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako eta Arabako udalerrien kontzejuentzako diru-laguntzak emateko deialdia.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 112
  • Hurrenkera-zk.: 2971
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/05/31
  • Argitaratze-data: 2017/06/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren helburua da paisaia lurralde-ordenamenduan sartzea: esplizituago egingo da paisaiaren dimentsioa, lurraldean eragina duen elementu gisa, eta barne hartuko dira lurraldean eragina duten eta Administrazio Publikoek euren eskumenak betez garatuko dituzten ekintzen koordinazioa ziurtatzeko behar diren irizpideak eta prozedurak. Paisaiaren ekintza-planak daude aipatu dekretuaren 3. artikuluan jasotzen diren paisaia babestu, kudeatu eta ordenatzeko tresnen artean, eta, 6. artikuluaren arabera, aldiz, kudeaketa-tresnak dira planok, eta paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko jardueren arloan egin beharreko ekintzak zehazten dituzte, paisaiaren katalogoetan eta paisaiaren zehaztapenetan oinarrituta.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzeko apirilaren 11ko 2/2017 Legeak, ikusirik aurreko ekitaldietako esperientzia baliagarria izan dela paisaia udal-ekintzaren arloetan barne hartzeko, berriz aurreikusi du paisaiaren balioa azpimarratzea lurraldea antolatzeko programaren helburuen artean. Hori lortzeko, lege horrek biltzen du, batetik, udalek, aurreko ekitaldietan jasotako diru-laguntzen esleipenaren emaitza gisa, jada aurkeztutako paisaiaren ekintza-planen jarraipena egitea, eta, bestetik, diru-laguntzen agindu berri bat izapidetzea, paisaia ezberdinen balioa azpimarratzea bilatuz eta paisaia horiek biztanleak izan ditzaten pertseberatuz. Horretarako, aurrekontu partida bat aurreikusten du, hain zuzen ere, «Diru-laguntzak udalei paisaiaren arloan jarduerak egin ditzaten, Paisaiaren Europako Hitzarmenaren arabera» izenekoa. Berrikuntza gisa, deialdi honek, esku hartzeko irizpideei dagokienez, gehiago eragiten du ordenatzeko beharra duten eremu hondatu eta degradatuetan, eta jarduketa posibleak zehazten ditu toki antropizatuetan, eta, bereziki, XX. mendeko bizitegi- eta industria-garapenetan.

Bestalde, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betez, 2016ko abenduaren 22an, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitzako sailburuak agindua eman zuen saileko 2016ko ekitaldiko Diru-laguntzen Plan Estrategikoa 2017an ere luzatzeko; bertan biltzen da diru-laguntzen lerro hau.

Azkenik, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren 13. artikuluaren b) hizkiaren arabera, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzari dagokio paisaiaren antolamendua eta babesa sustatzea, lurraldea antolatzeko tresnen alorrean. Horiek guztiak horrela eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza eta diru-laguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenekin bat, hau

Agindu honen xedea da paisaiaren ekintza-planak prestatzeko oinarri arautzaileak ezartzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako eta Arabako udalerrien kontzejuentzako diru-laguntzak emateko deialdia iragartzea. Lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira diru-laguntzok.

  1. Paisaia kudeatu eta ordenatzeko, esku hartzeko tresna gisa eratzen dira paisaiaren ekintza-planak. Haien jarduna lurralde-eremu jakin batera mugatu beharko dute, eta helburu eta lurralde-ekintza zehatzak izango dituzte.

  2. Paisaiaren ekintza-planek eduki hauek izango dituzte, gutxienez.

    1. Paisaiari dagozkion arazo eta gatazka zehatzak identifikatzea.

    2. Planaren esparru grafikoa mugatzea.

    3. Diagnostikoa. Paisaiaren eta paisaia-dinamiken analisia.

    4. Lortu nahi diren paisaia-kalitateko helburuak eta lortzea espero diren onurak (sozialak, kulturalak, paisaiari dagozkionak, eta abar).

    5. Jarduketa-programa. Markatutako helburu eta onurak bermatzeko behar diren ekintza espezifikoen deskripzio literarioa eta grafikoa. Jarduketen kronograma globala eta horien kostu balioetsia.

  3. Irizpide hauetakoren baten edo batzuen arabera esku hartu beharko dute paisaiaren ekintza-planek.

    1. Ordenatu behar direnak haien hondatze- edo degradazio-egoera dela eta:

      1. XX. mendeko bizitegi-garapenak (paisaia-irudia, fatxadak hobetzeko ordenantzak, urbanizazio-baldintzak, eraikitze-baldintzak, beste garapenekiko harremanak, moteltze-zonak...).

      2. XX. mendeko industria-garapenak (paisaia-irudia, fatxadak hobetzeko ordenantzak, urbanizazio-baldintzak, eraikitze-baldintzak, beste garapen batzuekiko harremanak, moteltze-zonak...).

      3. Hiria-landa trantsizioko hiri-periferiako lurraldeak, hiri-ertzetakoak, ibaietakoak, itsas-bazterrekoak (hiri-, ibai- eta itsas-fatxadak).

      4. Azpiegituren eraginpeko guneak (komunikazio-bideak, telekomunikazioak, antenak, parke eolikoak...).

    2. Babestu behar diren paisaia-balioak:

      1. Hiria-Natura. Paisaia arraro edo mehatxatu gisa duen berezitasun, hauskortasun edo adierazgarritasunagatik (hiri-silueta, mendien gailur-lerroa, begiratoki diskordanteak...).

      2. Ikusizkoa. Biztanleriarentzako ingurune oso ikusgarriak izateagatik (lurraldeko gune altuak, eszenaren atzeko planoak, begiratokiak, mugikortasuna eta intereseko espazioen interkonexioa...).

      3. Kultura. Gune funtzionalaren nortasuna era erabakigarrian osatzeagatik (sinboloak, irudi adierazgarriak, berariazko identitate-elementuak...).

  4. Nolanahi ere, eragile publiko nahiz pribatuen eta eraginpeko herritarren parte-hartzea ziurtatu beharko da paisaiaren ekintza-planak lantzeko prozesuan.

  1. Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak.

  2. Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Teknologiako zuzendariaren otsailaren 9ko Ebazpenak, zeinaren bidez onartu baitzen Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa.

  3. Honako egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz bide elektronikoa erabiliz izapidetzeko zehaztapenak: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/paisaiaren-ekintza-ppanak-prestatzeko-diru-laguntzak-2017/y22-izapide/eu

  4. Eskabidearen ondorengo izapideak helbide elektroniko honetan eginen dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

  1. Diru-laguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta Arabako udalerrien kontzejuek, baina eskabidea bakarra aurkeztu ahal izango du udal eta kontzeju bakoitzak, eta paisaiaren ekintza-plan bakarrari egin beharko diote erreferentzia; plan hori kanpoko ekipo batek prestatu ahal izango du osorik.

  2. Arabako udalen eta kontzejuen kasuan, paisaiaren ekintza-planen helburua ezin izango da berbera izan, eta, beraz, hori gertatuz gero, agindu honen 9. artikuluan aurreikusitako balorazioaren arabera puntuaziorik handiena lortu duen proiektua lagunduko da diruz.

  3. Ezin izango dira onuradun izan lehengo ekitaldietan diru-laguntza jaso duten erakunde onuradunak, salbu ez badiote berariaz uko egin.

  1. Agindu honetan araututako diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako mota bereko laguntzekin edo diru-laguntzekin lotuta abian jarritako izapidetzen ari den itzultze- edo zigor-prozedura oro.

  2. Agindu honetan araututako diru-laguntzak eskatzeko, erakunde eskatzaileek ezin izango dute izan diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat.

  3. Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. zenbakian jasotako gorabeheraren batean aurkitzen diren erakundeak. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. paragrafotik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.

Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratzeko zuzendariari dagokio agindu honen arabera emandako diru-laguntzak kudeatzea; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako printzipioei egokitu beharko zaizkie diru-laguntzok.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  2. Eskabideak baliabide elektronikoen bidez aurkeztuko dira euskadi-net-en egoitza elektronikoan https://www.euskadi.net/y22-izapide/es/x43kToolkitWar/form/fdp?procedureId=1029702&tipoPresentacion=1&language=eu

  3. Erakundeek euskaraz nahiz gaztelaniaz, nahi bezala, aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta agiriak. Era berean, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

  4. Agiri hauek erantsi beharko zaizkio eskabideari.

    1. Ekintza-planaren proiektua:

      Proiektuaren azalpen-memoria, eremuko arazoa zein den argiki adierazten duena eta proposamena 2.3 artikuluan zehaztutako irizpideetara egokitzen dela justifikatzen duena; irizpide horietako zeini eragiten zaion adieraziko da.

      Ekintza-planaren bidezko esku-hartzearekin lortu nahi diren paisaia-kalitateko onurei eta helburu orokorrei eta espezifikoei buruzko memoria, baita egin beharreko ekintza zehatzak eta lehentasunezkoak ere.

      Paisaia-planaren prestaketa-prozesuko parte-hartze metodologia eta generoa, udalerri-motari eta haren neurriari egokitua.

    2. Ekintza-plana idazteko egutegia.

    3. Ekintza-plana idazteko ordainsarien aurrekontua.

    4. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa betez, betebehar hauek egiaztatuko dira eskabidean, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

      Jakinaraztea beste edozein administrazio edo erakundek publikoa zein pribatua helburu berarako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu direla eta, hala badagokio, eskuratu direla.

      Erakunde eskatzaileak ez duela zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzen uzten ez dion legezko debekurik.

Aurkeztutako eskabidean, akats edo zehaztasun-ezak antzemanez gero, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta hamar eguneko epea emango horiek zuzentzeko. Halaber, ohartaraziko zaio, hala egiten ez badu, eskabideari uko egin diola ulertuko dela. Dena den, aldez aurretik dagokion ebazpena emango da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Elektronikoki jakinaraziko da akatsak zuzendu direla. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

Jakinarazpena egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duen unean. Jakinarazpena bidaltzen denetik hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat eman eta prozedurarekin jarraituko da, betiere ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen ez bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.

Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak aukera izango du jakinarazpenen abisuak bidaltzeko interesdunei, haiek eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

  1. Kide anitzeko balorazio-epaimahai bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta egiaztatzeko, honela osatuko dena:

    1. Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratzeko zuzendaria; lehendakari izango da.

    2. Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratzeko Zuzendaritzako Lurralde Antolamenduko eta Plangintzako zerbitzuburua.

    3. Zuzendaritza horretako arlo teknikoko arkitekto bat; idazkari jardungo du.

  2. Epaimahaiak bere proposamena igorriko du Lurralde Plangintzaren Sailburuordetzara honako esleipen-irizpide hauen arabera eskabide bakoitza aztertu eta egiaztatu eta gero, zeinek gehieneko puntuazio hau izango baitute:

    1. Aurkeztutako ekintza-plana 2.3 artikuluan ezarritako irizpideei egokitzea 6 puntu.

      Horretarako, lehentasuna izango dute aipatu artikuluan zehazten diren ordena berean:

      1) irizpidearentzat, gehienez 6 puntu.

      2) irizpidearentzat, gehienez 6 puntu.

      3) irizpidearentzat, 3 puntu.

      4) irizpidearentzat, 2 puntu.

      1) irizpidearentzat, gehienez 2 puntu.

      2) irizpidearentzat, gehienez 2 puntu.

      3) irizpidearentzat, gehienez 2 puntu.

    2. Ekintza Planaren eta ekintzen bidez lortu beharreko helburuak 2 puntu.

    3. Eragile publiko nahiz pribatuen eta herritarren parte-hartze prozesua diseinatzea 2 puntu.

  3. Aipatu proposamenak lehentasunak ezarriko ditu diruz lagundu nahi diren eskabideen artean, zehaztutako irizpideetarako aurreko atalean ezarritako puntuazioaren arabera ezarri ere. Honako hauek adierazko ditu: onuradun proposatutako udala edo kontzejua; diruz lagunduko den proiektua, eta proposatutako zenbatekoa aurrekontu-kreditua amaitu arte. Halaber, ezetsiko dituen eskabideen zerrenda eta ezesteko arrazoiak ere jasoko ditu.

  4. Ez dira diruz lagunduko balorazio orokorrean 5 puntu baino gutxiago jaso duten eskabideak.

  1. Balorazio-epaimahaiaren proposamena ikusirik, Lurralde Plangintzako sailburuordeak ebazpen bat eman eta jakinaraziko du hiru hileko epean, gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Balorazio-fasean erdietsitako puntuazioaren arabera esleituko ditu diru-laguntzak ebazpen horrek, puntuazio handienetik txikienera, harik eta aurrekontu-zuzkidura agortzen den arte; orduan, gainerako eskabideak ezetsiko ditu, eta diru-laguntza jasoko duen udala edo kontzejua, diruz lagundutako proiektuak eta emandako zenbatekoak zein diren adieraziko. Ezetsitako eskabideen kasuan, ukatze horren zergatiak ere adierazi beharko dira. Aipatu ebazpena, jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

  2. Ebazpen horren aurka, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitzako sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

  3. Gehieneko epea igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntza eskabidea ezetsi zaiela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:

  1. Emandako diru-laguntza onartzea. Horri dagokionez, laguntza onartzen dutela ulertuko da, baldin eta ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten, laguntza eman izanaren jakinarazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hamabost egunetan.

  2. Eman den xede horretarako erabiltzea diru-laguntza.

  3. Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei dagokienez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatutako informazioa ematea.

  4. Prestatutako paisaiaren ekintza-planak berariaz jakinarazi beharko du agirian berean diru-laguntza publikoak jaso dituela, eta jaso beharko du, halaber, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailak duela diruz lagundu; sail horren logo ofiziala agertu beharko da jarduerari atxikitako kartel eta testuetan, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoa betez.

    2.2 artikuluan aipatzen den diagnostiko-agiria aurkeztea, ezarritako eguna baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik diru-laguntza edo laguntza batzuk jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da, baldin eta diru-laguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira betiere.

Baldin eta ordainsarien behin betiko kostua txikiagoa bada laguntza ematean aurreikusitako aurrekontuan jasotakoa baino, proportzioan murriztuko da emandako diru-laguntzaren zenbatekoa, eta, orduan, diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriaren gainean aplikatuko da.

Baldin eta erakunde onuradunak ez badu emandako diru-laguntza eskatu zuen xederako erabiltzen, diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera burutzen ez badu, diru-laguntza finkaturiko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, edo, orokorrean, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, agindu honetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarrita dauden betebeharrak, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta, hala badagokio, jaso duen diru-kopurua itzuli beharko du, baita sortutako legezko interesak ere. Dirua itzultzeko, horretarako ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.

Paisaiaren ekintza-planak idazteko ordainsarien % 90 lagunduko da diruz, eta planeko 30.000 euro emango da gehienez, dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte, betiere. Baina BEZa edo bestelako zergak ez dira inolaz ere diruz lagunduko.

Agindu honen bidezko deialdiko diru-laguntzak bateratu daitezke beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako egindako deialdietako diru-laguntza edo laguntzekin eta bestelako sarrera edo baliabideekin, baldin eta laguntza horien xede den jarduerarako jasotzen diren laguntza guztiek gainfinantzaketarik eragiten ez badute, betiere. Holakorik gertatuz gero, gaindikinari dagokion zenbatekoa gutxituko zaio deialdi honetan emandako laguntzari.

Orotara, 300.000 euro bideratuko dira diru-laguntzak emateko, 17.0.1.05.12.0000.4.722.01.43130.004.F aurrekontu-partidaren kontura: horietatik 100.000 euro 2017. urteari dagozkio, eta 200.000 euro 2018. urteari.

  1. Udal eta kontzeju onuradunek justifikatu egin beharko dute jasotako diru-laguntza, ezartzen diren datak baino lehen, eta agiri hauek aurkeztuta honako egoitza elektroniko honetan: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

    1. 2017ko azaroaren 15a baino lehen:

      Diagnostiko-agiria, agindu honen 2.2. artikuluan aipatzen dena.

    2. 2018ko azaroaren 15a baino lehen.

      Paisaiaren ekintza-plana, agindu honen 2. artikuluan aipatzen dena.

      Ordaindutako ordainsarien egiaztagiriak.

  1. Bi zatitan ordainduko da kasu bakoitzean emandako diru-laguntza; honela:

    Lehenengo ordainketa, emandako diru-laguntzaren heren bat, 18.1.a) artikuluan adierazitako agiriak aurkeztean.

    Bigarren eta azken ordainketa, emandako diru-laguntzatik jasotzeko dagoen zenbatekoari dagokiona, diru-laguntza justifikatu ondoren; horretarako, 18.1.b) artikuluan aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, aginduaren jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 31.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.
Euskadi, auzolana