- AGINDUA, 2022ko azaroaren 2koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, arte eszenikoen eta musikalen azpiegiturak modernizatzeko eta modu iraunkorrean kudeatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egiten duena (Europar Batasunak finantzatutako Next Generation EU Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, 2022. urteari dagokiona). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2022ko azaroaren 2koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, arte eszenikoen eta musikalen azpiegiturak modernizatzeko eta modu iraunkorrean kudeatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egiten duena (Europar Batasunak finantzatutako Next Generation EU Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan, 2022. urteari dagokiona).
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 217
- Hurrenkera-zk.: 4910
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2022/11/02
- Argitaratze-data: 2022/11/14
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
COVID-19aren pandemiak, osasun-krisiaz gain, krisi ekonomiko handia eragin du mundu osoan, jarduera-sektore zabalak gelditzearen edo moteltzearen ondorioz; horien artean, zalantzarik gabe, kultura-jarduera dago, oro har, eta, bereziki, zuzeneko jarduerena: arte eszenikoak eta musika, batez ere.
Era berean, ikuspegi orokor batetik, Europar Batasunak adierazten du, aurreko ekonomia- eta finantza-krisian bezala, ekonomia eta finantza-sistemak eta gizarte-babeseko sistema indartsu, iraunkor eta erresilienteak garatzeak lagunduko diela estatu kideei eraginkortasun handiagoz erantzuten, eta modu bidezko eta inklusiboan horrelako egoeretatik azkarrago berreskuratzen. Testuinguru horretan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduak, 2021eko otsailaren 12koak, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duenak, Europan garrantzia duten esparru politikoei buruzko neurriak babestea aurreikusten du. Neurri horiek sei zutabetan egituratuta daude, eta horien artean daude, besteak beste, trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala eta hazkunde-eredu adimendun, jasangarri eta integratzaile bat, honako hauek barne hartzen dituena: kohesio ekonomikoa, enplegua, produktibitatea, lehiakortasuna, ikerketa, garapena eta berrikuntza.
Mekanismo horren helburuei lagunduko dietela bermatzeko, Europak adierazi du berreskuratze- eta erresilientzia-planek inbertsio publikoko erreformak eta proiektuak gauzatzeko neurriak jaso behar dituztela, herrialde bakoitzaren erronkekin eta lehentasunekin koherenteak eta bateragarriak diren neurrien bidez. Helburu horiek lortzeko, Batasunak mekanismo bat diseinatu du, eta haren helburu espezifikoa da estatu kideei finantza-laguntza ematea, «NEXT Generation EU» izeneko funtsen bidez. Funts horiek aparteko aukera ematen dute errekuperazio-plan espezifikoak hedatzeko eta pandemiak inbertsioan eta jarduera ekonomikoan duen eraginari aurre egiteko. Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren esparruan funtsak eskuratu ahal izateko, estatu kideek berreskuratze- eta erresilientzia-plan bat aurkeztu behar zuten, eta, Espainiako Estatuaren kasuan, Europako Batzordeak 2021eko ekainaren 16an onartu zuen.
Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana zeharkako lau ardatzen inguruan egituratzen da: trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala, genero-berdintasuna eta gizarte- eta lurralde-kohesioa. Eta lau ardatz horiek, era berean, hamar palanka-politikatan eta hogeita hamar osagaitan zehazten dira, erreforma eta inbertsioen programa 2023 epemugarekin artikulatzen dutenak. Osagai bakoitzak erronka edo helburu zehatz batean jartzen du arreta, eta helburu horiek lortzen laguntzen duten erreformak eta inbertsioak biltzen ditu. Horietan guztietan, tarteko jomugak eta mugarriak, espero diren emaitzak, onuradunen kopurua eta elementu bakoitzaren kostu zehatza identifikatzen dira.
2021eko uztailaren 13an, Ministro Kontseiluaren bileran, Kultura eta Kirol ministroak proposatuta, Kultura Ministerioaren kontura autonomia-erkidegoek eta Ceuta eta Melilla hiriek kudeatutako kredituak banatzeko irizpideak eta lurralde-banaketaren proposamena baimentzen dituen Erabakia onartu zen, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 24. osagaiari dagokionez (kultura-industria birbalorizatzea). Horrela, 2021eko irailaren 9an, Kulturaren Konferentzia Sektorialaren esparruan, EAEk bat egin zuen «Next Generation» kredituak banatzeko proposamena eta kreditu horiek banatzeko irizpideak baimentzen dituen akordioarekin.
Azkenik, irailaren 29ko HFP/1030/2021 Agindua, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema taxutzen duena, eta irailaren 29ko HFP/1031/2021 Agindua, Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Erakundeek Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren osagaien neurrien mugarri eta helburuen betetze-mailaren jarraipena egiteko eta aurrekontuak eta kontabilitatea gauzatzeko eman beharreko informazioaren prozedura eta formatua ezartzen dituena, dira SEM laguntzei dagokienez Estatuko legegintzako corpusa osatzen dutenak.
Azpiegitura eszenikoak eta musikalak modernizatzeko eta modu jasangarrian kudeatzeko proiektua 24. osagaiaren barruan sartzen da («kultura-industriaren birbalorizazioa»), bereziki lurraldean zehar kultura dinamizatzeari buruzko 2. inbertsioaren barruan. Hori, aldi berean, C24.I2.P2.S1 azpiproiektuan banatzen da, eta, 2021eko uztailaren 6ko Europar Batasuneko Kontseiluaren Betearazpen Erabakian, Espainiako leheneratze- eta erresilientzia-planaren ebaluazioa onartzeari buruzkoan, ezarritakoarekin bat etorriz, Espainiako lurraldean gutxienez 200 azpiegitura eraldatzea eta modernizatzea du helburu, 2023ko laugarren hiruhilekora arte (355 zenbakiko CID helburua).
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, 2020-2024 gobernu-programan, Europan partekatutako jarraibide politikoak ere jasotzen ditu, legegintzaldiko estrategia osoa markatzen duten lau ardatzetan kokatuz: oparotasuna (enplegua eta suspertze ekonomikoa); pertsonak (osasuna, hezkuntza, zerbitzu publikoak, berdintasuna, gizarte- eta kultura-politikak, bizikidetza eta giza eskubideak); planeta (trantsizio energetiko eta klimatiko bidezkoa) eta autogobernua (autogobernu hobea). Era berean, konpromisoa hartu du aktiboki lan egiteko, euskal partaidetza ahalik eta handiena izan dadin Europako programa eta proiektuetan, bereziki Next Generation EUn, politika horiek garatzen laguntzeko.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte- eta kultura-jarduerei buruzko eginkizunak, bai eta haien zabalkundea ere, Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez esleitzen zaizkio eginkizun horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari.
Horrela, aipatutako administrazio-eremuek formulatutako testuinguruaren eta helburu orokorren barruan, bai eta Next Generation UE 2021 funtsak zuzenean kudeatzeko Espainiako Estatuarekin lortutako akordioen barruan ere, 2021eko abenduaren 29an, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko abenduaren 7ko Agindua argitaratu zen EHAAn, zeinaren bidez arautzen eta deitzen baita 2021eko musika-arteen eta -azpiegituren modernizazio eta kudeaketa jasangarrirako dirulaguntzak ematea. Deialdi honen bidez 8 modernizazio-proiektu babestu dira, eta 2022an amaitu beharko dira.
Beraz, iaz hartutako konpromisoekin bat etorriz, deialdi hau 2021ekoaren jarraipena da eta haren helburuei eusten die; hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan, arte eszenikoen eta musikaren azpiegiturak modernizatzeko eta modu iraunkorrean kudeatzeko proiektuak bultzatzea, trantsizio ekologikoaren, trantsizio teknologiko-digitalaren eta kudeaketaren hobekuntzaren ikuspegitik. Hori guztia Europar Batasunak egindako irizpide, jarraibide eta araudien esparruan. Azken batean, helburua da Euskadiko kultura-industrien lehiakortasuna indartzea, eta kultura-ekoizpenaren eskaintza hainbat modutan elkarri lotzea eta haietaz gozatzea erraztea, gero eta erakargarriagoa izan dadin euskal gizartearentzat berarentzat, eta, aldi berean, lehiakorragoa nazioartean.
Era berean, agindu hau sartuta dago Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartua) eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko otsailaren 16ko Aginduaren bidez onartutako 2022ko Dirulaguntzen Urteko Planean (biak ere sailaren webgunean argitaratuak). Esteka honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/201-planeta-saila-euskalsaila-plana/202saila-plana/
Ondorioz, honako hau
Agindu honen esparruan emango diren laguntzen helburua da arte eszenikoen edo musikaren lanbide-jarduera garatzen den azpiegituren modernizazio eta kudeaketa jasangarrira bideratutako inbertsio-proiektuak finantzatzea, 5.2 artikuluan zehazten den bezala.
Diruz lagunduko diren proiektuek ekipamendua erosteko eta/edo honako ardatz edo helburu hauetara bideratutako jarduerak garatzeko inbertsioak jaso beharko dituzte:
Ingurumen-eraldaketa.
Eraldaketa digitala.
Kudeaketa hobetzea.
Erreferentzia gisa, deialdi honen I. eranskinean aipatutako hiru ardatzen barruko proiektuak garatzeko egin daitezkeen inbertsioen zerrenda gehitu da.
Dirulaguntza C24.I2.P2.S1 azpiproiektuan sartuta dago, hau da, Europar Batasuna Next Generation EU-k finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 24. osagaian sartuta dagoen «Arte eszeniko eta musikalen azpiegituren modernizazioa eta kudeaketa jasangarria».
Oinarri arautzaile hauen babesean emandako dirulaguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak (aurrerantzean, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamendua) ezarritako Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatuko dira. Europako funtsekin finantzatu daitezkeen dirulaguntza horiek izapidetzeari eta emateari aplikatuko zaie abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuan aurreikusitakoa (36/2020 Errege Lege Dekretua, Herri Administrazioa modernizatzeko eta Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onartzen dituena), aplikatzekoa den gainerako araudiari kalterik egin gabe.
Deialdiari egotz dakiokeen gehieneko zenbatekoa 711.527,20 eurokoa izango da; 2023ko ekitaldiari dagokio.
Deialdia egin duen administrazioko enplegatu publikoek eta Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren kargura finantzatutako funtsen onuradun diren erakundeko langileek Etika eta Jokabide Kodean jasotakoa (II. eranskina) bete beharko dute, 22., 9.3. eta 17.2 artikuluetan arautzen den bezala.
Horri dagokionez, III. eranskinean identifikatutako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, iruzur-zantzu bat izango litzateke.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira izaera pribatua duten eta egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona juridikoak, baldin eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean honako baldintza hauek betetzen badituzte:
Arte eszenikoen eta musikaren ekoizpen edo programazio profesionalaren eremuetan ohiko jarduera garatzea.
Diruz laguntzea nahi den proiektuak xede duen azpiegituraren jabetzaren titulartasuna egiaztatzea, edo, halakorik ezean, gune horietan garatutako jardueren kudeaketarena.
Eskabidea aurkezten den unean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari dagokion epigrafean alta emanda egotea eta jarduera eszeniko edo musikalen garapenarekin bat datorren xede edo helburu soziala izatea.
Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaz gain, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai dirulaguntza ematen denean, bai ordaintzen denean.
Dirulaguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du deialdi hau kudeatzen duen organoak, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginarekin bat etorriz.
Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.
Erakunde onuradunen ardura izango da proiektua garatzea eta gastua gauzatzea, aurkeztutako aurrekontuaren arabera.
Erakunde onuradun bakoitzak pertsona bat izendatu beharko du proiektua eta elkarrizketa koordinatzeko, deialdi honen ondorioetarako.
Honako hauek ezin izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso:
Izaera publikoko erakundeak eta, nolanahi ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 7.4 artikuluan definitutako Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeak.
Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duen pertsona edo erakunde eskatzailea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat duena, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.
Berdintasun-plana indarrean ez daukaten enpresak, baldin eta Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta badaude, ez eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.5 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (1997ko azaroaren 11ko Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina).
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako gainerako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.
Berreskuratzeko agindu baten menpe dauden erakundeak, Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.
Krisian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetako definizioari jarraikiz (EBAO C249, 2014ko uztailaren 31koa).
2021ean arte eszenikoen eta musikalen azpiegiturak modernizatzeko eta modu iraunkorrean kudeatzeko dirulaguntzen deialdian onuradun izan diren erakundeak.
Kontseiluak c24.i1) neurrirako Espainiako SSEParen (Council implementing decision CID) ebaluazioa onartzeari buruz hartutako betearazpen-erabakian aurreikusitakoaren arabera, ingurumen-legeria nazionala eta dagokion EBkoa betetzen duten jarduerak egiten dituzten pertsonak edo erakundeak baino ezin izango dira dirulaguntza hauen onuradun izan. Berariaz baztertzen dira jarduera hauetakoren bat egiten dutenak:
Erregai fosilekin lotutako jarduerak, haien ondorengo erabilera barne.
EBko isurketa-eskubideen salerosketa-erregimenaren esparruko jarduerak, berotegi-efektuko gasen isuriak dagozkien erreferentzia-parametroen azpitik egongo ez direla aurreikusten bada.
Hondakinen zabortegiekin eta erraustegiekin lotutako jarduerak.
Epe luzera hondakinak ezabatzeak ingurumenari kalte egin diezaiokeen jarduerak.
Proiektuetan aurreikusitako jarduerak agindu honen 1. artikuluan adierazitako helburuetara egokitu beharko dira, eta 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era arte garatu beharko dira. Beraz, diruz lagundu daitezkeen gastuak aldi horretan egindakoak izango dira.
Inbertsio-proiektuen xede diren azpiegiturek honako hauek bete beharko dituzte:
Dirulaguntzen xede diren azpiegiturek zehatz identifikatuta egon behar dute, kokapenari eta izenari dagokienez, eta honako eremu hauetako batean edo gehiagotan jarduera izatea egiaztatu behar da:
1. Zuzeneko arteen erakusketa: antzokiak, auditoriumak, zirku-karpak eta musika-aretoak.
2. Entsegu eta ekoizpen eszenikoa: antzerkia, dantza, zirkua eta diziplina anitzak.
3. Musika-entsegua eta/edo musika-ekoizpena.
Proiektuaren xede den espazioaren urteko jarduera-egunen 45etik gorako erabilera profesionala egiaztatzea, aipatutako kategorietako batean. Ondorio horietarako, 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitarteko aldia hartuko da erreferentziatzat.
Deialdi honetatik kanpo geratzen dira beste jarduera batzuetarako soilik erabiltzen diren guneak eta, nolanahi ere, artikulu honen 2.b) apartatuan aipatutako erabilera-betekizuna egiaztatzerik ez dutenak.
Inbertsio-proiektu guztiek honako ohar hauen araberako aurrekontua izan beharko dute:
Aurrekontua orekatua izan beharko da aurreikusitako gastuen eta diru-sarreren artean, eta horien artean deialdi honetan eskatutako zenbatekoa sartu beharko da.
Gastuen atalean, proiektua garatzeko behar diren elementu edo ekintzen kostua banakatuko da. Deialdi honen 7. artikuluan diruz lagundu daitezkeen gastuak ezartzen dira.
Aurreikuspen-gastuek ezin izango dute inolaz ere merkatuaren balioa gainditu, eta artikulu honen lehenengo puntuan adierazitako denbora-epearen barruan gauzatu beharko dira.
Diru-sarreren atalean:
1. Proiektua garatzeko aurreikusitako diru-sarrera guztien jatorria banakatuko da.
2. Eskatutako laguntzak ezingo du gainditu gastuen aurrekontu osoaren % 80, ezta 6.2 artikuluan aurreikusitako gehieneko dirulaguntza ere. Beraz, proiektuaren % 20, gutxienez, funts propioekin beste ekarpen publiko edo pribatu batzuekin finantzatu behar da, edozelan ere Europar Batasuneko bestelako egitura-funtsekin izan ezik kanpo direlarik.
3. Deialdi honetan eskatutako laguntzarekin zerikusirik ez duten ekarpen publiko edo pribatuak gauzatan egin ahal izango dira, salbuespen gisa, baldin eta ekarpen hori egin duen erakundearen ziurtagiria aurkezten bada. Ziurtagiri horretan, emandako ondasun eta zerbitzuen izaera eta merkatuko prezioen araberako balorazio ekonomikoa zehaztuko dira. Ez dira gauzazko ekarpentzat hartuko erakunde onuradunak berak edo talde bereko edozein enpresak egiten dituenak.
4. Laguntza honetatik kanpoko finantzaketa-zatia beste laguntza edo babes batzuk jasotzeko aukeraren estimazioan oinarritzen bada, horiek ez lortzeak ez du salbuetsiko proiektua eskabidea egiteko unean aurreikusitako baldintzetan garatzeko betebeharretik.
Proiektuek ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa (DNSH printzipioa) eta Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean etiketatze berde eta digitalerako ezarritako baldintzak errespetatu beharko dituzte. (IV. eranskina).
Kultura-industriaren birbalorizazioari buruzko C24 osagairako, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean jasotakoaren arabera, etiketatze berde eta digitaleko koefiziente hauek esleitu dira: % 0 eta % 29,5, hurrenez hurren.
Deialdi honen kontura ematen diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, 14. artikuluan ezarritako balorazio- eta esleipen-prozedura eta -irizpideen araberako lehentasun-hurrenkera ezartzeko, deialdiari esleitutako kredituak agortu arte, hala badagokio:
Proiektu bati gehienez ere 150.000 euroko dirulaguntza emango zaio.
Deialdi honen bidez diruz lagundu ahal izango dira 5.1 artikuluan ezarritako egikaritze-epean proiektuaren garapenarekin zuzenean lotutako gastuak, betiere hurrengo ataletan adierazten diren tipologien eta mugen arabera.
Inbertsio errealen gastuak.
Inbertsio-gastuak kostuaren % 100eraino lagundu ahal izango dira diruz, BEZa kenduta (artikulu honen b.5 puntuan aurreikusitakoa izan ezik) eta, nolanahi ere, 5.4.d.2 eta 6.2 artikuluetan adierazitako mugen arabera beti.
Izaera adierazgarriarekin eta ez mugatzailearekin, eta kontabilitate-plan orokorra onartzen duen azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuaren arabera, gastuen tipologia horri dagokionez, honako hauek sartzen dira:
1. Ibilgetu ukiezinak:
Jabetza industriala eta teknologia-transferentziak.
Aplikazio informatikoak.
2. Ibilgetu materialak:
Proiektuaren xede diren azpiegituren egokitzapen arkitektonikorako obrak.
Instalazio teknikoak.
Makinak.
Tresneria.
Bulegoko ekipoak.
Informazioa prozesatzeko ekipoak.
Mugekin diruz lagun daitezkeen gastuak.
Proiektuaren gastu-aurrekontuak honako gastu-tipologia hau jaso ahal izango du, betiere egin beharreko inbertsioarekin zuzeneko lotura badute eta, finantzaketari dagokionez, kasu bakoitzean adierazten diren mugak edo bazterketak errespetatzen badira. Nolanahi ere, diru-sarreren atalean berariaz adierazi beharko da finantzaketa osoaren jatorria (deialdiaren 5.4.d.1 artikuluan adierazten den bezala):
1. Inbertsioari lotutako aholkularitza-gastuak. Deialdi honen bidez, kostuaren % 20ra arteko dirulaguntzak baino ezin izango dira eman.
2. Proiektuaren publizitate, komunikazio eta zabalkunde komertzialeko gastuak. Deialdi honen bidez, kostuaren % 10eraino baino ezin izango da diruz lagundu.
3. Erakundearen beraren langile-gastuak, proiektuarekin lotutako zeregin zehatzei dagokienez: deialdi honen bidez, kostuaren % 15eraino baino ezin izango da diruz lagundu.
4. Ekipoak alokatzea: erosteko aukera barne hartzen duen finantza-errentamenduko kontratua bada eta aukera hori exekutatzen bada soilik, eta enpresaren aktiboaren zati bihurtzen bada, proiektua gauzatzeko epearen barruan.
5. BEZaren zenbatekoa: kenkaria legez bidezkoa ez dela egiaztatzen duten erakundeen kasuan bakarrik.
Oro har kanpoan utzitako gastuen tipologia.
Oro har kanpoan utzitako gastuak ezin izango dira deialdi honetako laguntzen bidez finantzatu, eta inola ere ez dira proiektuaren gastu-aurrekontuan jaso beharko; honako hauek, zehazki:
Lokalen alokairua.
Ekipoak alokatzea, aurreko ataleko b.4 puntuan aurreikusitakoa izan ezik.
Azpiegituraren funtzionamendu-gastu arruntak (telefonoa, energia elektrikoa, posta-komunikazioak, mezularitza, gestoria, eta abar).
Azpiegiturak mantentzeko inbertsio-gastuak.
BEZ kengarriaren zenbatekoa, aurreko paragrafoko b.5 puntuan aurreikusitakoa izan ezik.
Ibilgailuak erostea.
Finantza- eta amortizazio-gastuak.
Tributuak.
Azpikontratazioa: erakunde onuradunek hirugarrenekin hitzartu ahal izango dute diruz lagundutako jarduera gauzatzea, % 100eraino, azpikontratu guztien prezioak batuz, DLOren 29.2 artikuluan ezarritakoaren arabera. Aldez aurretik baimena eman beharko da eta kontratua idatziz egin beharko da, azpikontratazioa dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20tik gorakoa bada eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, DLOren 29.3 artikuluan adierazten den bezala. Ez da azpikontrataziotzat hartuko onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.
Organo emaileak gorde egin beharko ditu balizko kontratisten eta azpikontratisten identifikazio-datuak, funtsen azken jasotzaile gisa, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan ezarritakoaren arabera. Era berean, kontratistak edo azpikontratistak egonez gero, erakunde onuradunek, une egokian, HEZINak aurkeztu beharko dituzte.
Nolanahi ere, dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31. artikuluan aurreikusitakoa bete beharko dute onuradunek. Horretarako, diruz lagundu daitezkeen gastuak diruz lagundutako jarduerarako behar-beharrezkoak direla egiaztatu beharko dute, gastu horiek merkatuaren balioarekin bat datozela eta, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokor horren 31.3 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean egonez gero, aurreikuspen horiek beteko dituztela.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, apartatu honetan adierazitako helbidearen bidez.
Eskabide-inprimakia, izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenekin batera, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207402
Eskabide elektronikoaren ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikatzeko eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/egiaztagiri-elektronikoak
Izapidetze elektronikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistroan aldez aurretik inskribatutako ordezkariaren bidez egin ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta harekin batera doazen egiaztagiriak. Era berean, eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Gehienez ere eskabide bat aurkeztu ahal izango da titular bakoitzeko. Titular berak eskaera bat baino gehiago egiten badu, aurkeztutako lehen eskaera ebaluatuko da, erregistro-dataren arabera, eta gainerakoak baztertutzat joko dira.
Erakunde eskatzaileari buruzko dokumentazioa.
Erakunde eskatzaileek honako dokumentazio hau egiaztatu edo aurkeztu beharko dute, beren profilaren arabera:
Identifikazioa eta erregistroa:
Administrazio honi dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeek eskabidean adierazi beharko dute zer erregistrotan dauden inskribatuta, eta ez da beharrezkoa izango inskripzio hori egiaztatzea.
Administrazio hau ez den beste erregistro batean inskribatutako erakundeek erakundearen legezko eraketa egiaztatu beharko dute, izaera juridikoaren arabera, baita ordezkariaren nortasuna ere, eta ordezkaritza-ahalorde nahikoa justifikatu beharko dute, honako hauen bidez:
Eraketa-eskritura eta estatutuak, eta dagozkien erregistro publikoetan inskribatuta daudela egiaztatzen duen agiria.
Identifikazio fiskaleko zenbakia egiaztatzeko txartela.
Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna egiaztatzea, bai eta hark duen ordezkaritza-ahalordea egiaztatzea ere.
EJZn alta ematea, 4.1.c) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Lokalaren titulartasuna eta/edo jardueraren kudeaketa egiaztatzea:
Proiektuaren xede den azpiegituraren erakunde jabeak: jabetza-eskritura.
Bestela, erakunde titularrak sinatutako agiria aurkeztu beharko dute, eskatzaileari programazioa kudeatzeko eta eskaeraren xede den proiektua gauzatzeko emandako gaitasunari buruzkoa.
Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, eskatzaileen baimenik behar izan gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginarekin bat etorriz. Egiaztapen hori dirulaguntza ematen den unean eta dagozkion ordainketak egiten diren unean egingo da.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, pertsona edo erakunde interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen agiriak ez aurkezteko. Legerian ezarritakoari jarraikiz, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, betiere pertsona edo erakunde interesdunak horren aurka egiten ez badu.
Eskabidearen xede den proiektuari buruzko dokumentazioa:
Proiektuaren memoria, eduki hauekin:
Helburuak, aurreikusitako jarduketak eta garapen-kronograma.
Proiektuaren xede den espazioan garatutako kultura-jardueraren profila eta ibilbidea. 2021eko eta 2022ko jardueren xehetasunak.
Formularioak (eredu normalizatuak, euskadi.eus helbidean):
1 formularioa : Erakunde eskatzaileari buruzko datuak: egitura, jarduera-profila deialdi honi dagokionez eta urteko aurrekontua. Proiektuaren sintesia eta datu orokorrak.
2 formularioa: Proiektuaren gastu eta sarreren aurrekontu banakatua.
Bidezkoa den edo aurkeztu nahi den dokumentazio gehigarria (teknikoa, grafikoa, ikus-entzunezkoa...).
Hala badagokio, eranskin gehigarria, eskabidearen xede den proiektuarekin zerikusia duten hitzarmen, akordio, lankidetza edo babesletzei buruzko dokumentazioarekin.
Europar Batasunaren Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko dokumentazio gehigarria.
Aurreko apartatuetan zerrendatutako agiriez gain, erakunde eskatzaileek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte (eranskinetako eredu normalizatuak, euskadi.eus helbidean):
Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko -PR TR- jarduerak gauzatzeko konpromisoaren adierazpena (IV. eranskina).
Interes Gatazkarik ez dagoela adierazten duen adierazpena (V. eranskina).
Iruzurraren aurkako Neurrien Plana, dirulaguntza eman duen administrazioak 2022ko apirilaren 13ko EHAAn (74. zk.) argitaratua, baldintzarik gabe eta inolako erreserbarik gabe onartzeko adierazpena, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren apirilaren 6ko 40/2022 Ebazpenari jarraikiz (VI. eranskina).
Inplikatutako administrazio publikoen artean datuak lagatzea eta tratatzea onartzen duen adierazpena, funtsen erabilera ikuskatu eta kontrolatzeko, indarrean dagoen araudiaren arabera (VII. eranskina).
Europako Batzordearen, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoaren (OLAF), Europako Kontuen Auzitegiaren, Europako Fiskaltzaren eta agintari nazional eskudunen sarbiderako berariazko baimena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren (aurrerantzean, Finantza Erregelamendua) 129. artikuluko 1. paragrafoan aitortzen zaizkien eskubideak baliatzeko; hori guztia Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren arabera (VIII. eranskina).
Horri dagokionez, ohartarazi behar da erakunde onuradunen datuak Titulartasun Errealen Erregistroan sartuko direla. Erregistro horretara gai horretan eskumena duten administrazioak sartu ahal izango dira, eta informazioa Europako Funtsen sistemari laga ahal izango zaio.
Honako betebehar hauek betetzen direla egiaztatuko da eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez:
Edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik, helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, jaso direla jakinaraztea.
Erakunde eskatzaileak ez izatea ezarrita laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera sexuagatiko bereizkeriagatiko debekuak barne.
Erakunde eskatzailea ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako gainerako debekuetako batean ere.
Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela adieraztea.
Adieraztea bete egiten direla azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 artikuluan ezarritako baldintzak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako otsailaren 18ko 4/2005 Legea bigarren aldiz aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenak emandako idazketan.
Ez egotea sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozeduretan.
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea. Era berean, zuzendaritza horrek diruz lagundutako proiektuen kontrola eta jarraipena egingo du, eta, horretarako, egoki iritzitako ikuskapenak egin ahal izango ditu, behar bezala gauzatzen direla bermatze aldera.
Organo kudeatzaileak egoki iritzitako egiaztapen guztiak egingo ditu prozedura osoan iruzurrik ez dagoela bermatzeko. Hala, beste jarduketa batzuen artean, kudeatzaileek interes-gatazkarik ezaren adierazpena sinatuko dute (HEZI); ebaluazioa, inpaktua eta arrisku-probabilitatea egingo dituzte (interes-gatazken testa), eta adierazleen katalogoaren egiaztapen-zerrenda egingo dute, iruzurrik dagoen zehazteko (22. artikulua eta III. eranskina - Bandera gorriak).
Eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen diren agirietatik baten bat falta dela edo aurkeztutakoetan forma-akatsak daudela ikusiz gero, do eskabidea baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzen dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, bere eskubideari uko egin diola ulertuko dela.
Pertsona juridikoek eskabidea aurrez aurre aurkezten badute, administrazio publikoek interesdunari eskatuko diote zuzen dezala, modu elektronikoan aurkeztuta. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskabidea aurkezteko datatzat.
Zuzenketa-fasea amaitu ondoren, organo kudeatzaileak aurkeztutako eskabideak eta dokumentuak aztertuko ditu, 3. artikuluan ezarritako deialdiaren baldintza orokorrak betetzen direla egiaztatuko du kasuan-kasuan, eta Balorazio Batzordearen esku jarriko du aurkeztutako eskabideen zerrenda, onartzeko irizpideak betetzen direla adierazita, bai eta baloratu beharreko proiektuei dagozkien agiriak ere.
Proiektuen ebaluazioa Balorazio Batzorde batek egingo du. Batzorde hori honako kide hauek osatuko dute:
Lehendakaria: Kultura Sustatzeko zuzendaria.
Batzordekideak: musikan eta arte eszenikoetan, teknologia digitaletan, ekonomia zirkularrean edota kudeaketa aurreratuan jarduten duten hiru eta bost profesional artean.
Batzordeko idazkaritza-lanak Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari batek egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.
Balorazio Batzordearen osaeran emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bilatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez, batzordea eratu aurretik, edozein interesdunek errefusatzeko eskubidea erabil dezan, legez ezarritako kasu eta baldintzetan.
Honako hauek izango dira Balorazio Batzordearen eginkizunak:
Proiektuek deialdiaren xedea eta 5. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituzten egiaztatzea, eta aurkeztutako proiektuak 14. artikuluan araututako irizpideen arabera alderatzea.
Kulturako sailburuordeari balorazio-txostena helaraztea, eduki hau izango duena:
1. Baloratutako proiektuen zerrenda eta balorazio-irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa, diruz lagunduko diren erakundeak eta proiektuak identifikatuta, eta proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa.
2. Ukatutako pertsona, erakunde eta proiektuen zerrenda eta haiek baztertzeko arrazoiak, onartu ez diren erakunde eta proiektuak eta ez onartzeko arrazoiak zehaztuta.
Balorazio Batzordeak egoki iritzitako txosten eta iritziak eskatu ahal izango ditu esleituta dituen eginkizunak betetzeko. Halaber, beharrezkotzat joz gero, organo kudeatzailearen bitartez, egoki iritzitako argibide guztiak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei.
Balorazio Batzordearen funtzionamendua Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoentzat ezarritako araubidearen araberakoa izango da.
Aurkeztutako inbertsio-proiektuak honako bi atal hauetan jasotako bi irizpideen arabera baloratuko dira:
atala. Proiektua deialdiaren 1. artikuluan aurreikusitako helburuetara egokitzea (70 puntu, gehienez); zehazki:
1. Proiektuen kalitatea (gehienez 50 puntu), honako hauen arabera:
1.1. Azpiegituraren abiapuntuarekiko ahalmen eraldatzailea (gehienez 15 puntu), baremo honen arabera:
oso txikia (gehienez 5 puntu): oso oinarrizkoak diren jarduerak, egungo egoeran eragin txikia dutenak;
ertaina (5 puntu baino gehiago eta 10eraino): jarduera egonkorrak, egungo egoeran eragin nabaria dutenak;
handia (10 puntu baino gehiago eta 15eraino): egungo egoerarekiko erabateko eraldaketa dakarten jarduketa integralak.
1.2. Proiektuaren anbizioa (gehienez 15 puntu), honako hauen arabera:
teknologia berriak eskuratzea (5 puntu);
kudeaketa-eredu berriak ezartzea (5 puntu);
hainbat erakunde eta azpiegituraren arteko lankidetza eraginkorra sarean (gehienez 5 puntu: 2 azpiegitura, 3 puntu, eta puntu bat gehiago gehigarri bakoitzeko).
Horretarako, lankidetza horren oinarri diren tresna zehatzei buruzko erreferentziak aurkeztu beharko dira.
1.3. Proiektuaren berrikuntza, aurreikusitako helburuei dagokienez (gehienez 10 puntu).
Eraginaren arabera hartuko da kontuan: Euskadin (gehienez 5 puntu), Espainiako Estatuan (gehienez 7 puntu) eta Europan (gehienez 10 puntu).
1.4. Proiektuaren plana: jardueren diseinua, plangintza eta kronograma (gehienez 10 puntu).
2. Proiektuaren xede den espazioan garatzen den kultura-jarduera profesionalaren balorazioa (20 puntu), honako hauen arabera:
2.1. Ibilbidea eta eragin orokorra dagokion kultura-sektorean eta kokatuta dagoen ingurune geografikoan (gehienez 10 puntu).
2.2. 2021 eta 2022 bitartean egindako jardueraren balorazioa (gehienez 10 puntu).
atala. Proiektuaren planteamendu ekonomikoa eta bideragarritasuna (30 puntu, gehienez).
1. Deialdiaren helburuetara egokitzea, aurkeztutako aurrekontuaren gauzatzearen xehetasun-maila eta plangintza (gehienez 15 puntu).
2. Erakundeak proiektatutako jarduera garatzeko eta finkatzeko duen antolaketa-gaitasuna (gehienez 5 puntu).
3. Erakundearen inbertsio-ahalegina aurrekontuarekiko (gehienez 5 puntu).
4. Autofinantzaketa-maila (gehienez 5 puntu).
Baztertu egingo dira atal bakoitzean balorazio-baremoan gutxienez % 50eko puntuazioa lortzen ez duten proiektuak, eta ezingo dira hautaketan sartu, ezta bien batura osoan puntuazioaren % 60ra iristen ez direnak ere.
Esleitu beharreko dirulaguntzen kalkulua.
Eman beharreko dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko, prozedura honi jarraituko zaio:
Hobekien puntuatutako proiektuari eskatutako zenbatekoaren % 100 emango zaio, eta ondoren sailkatutakoei, aipatutako erreferentziekiko proportzionalak diren zenbatekoak; kopuru horiek inoiz ez dira izango eskatutako zenbatekoaren % 80 baino txikiagoak.
Hala badagokio, kalkulu hori egin ondoren aplikatu beharreko ehunekoa baino kopuru txikiagoa ateratzen bada, kopuru hori proportzionalki birbanatuko da diruz lagundutako proiektuen artean, betiere 5.4.d.2) eta 6.2 artikuluetan aurreikusitako mugak errespetatuz.
Balorazio Batzordeak egindako txostena ikusita, Kulturako sailburuordeak deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpena emango du.
Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei. Jakinarazpen hori gorabehera, ebazpen horien edukia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Lehenengo egin den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat. Ebazpena bide elektronikoz jakinaraziko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/micarpeta
Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko 8.1 artikuluan aurreikusitako epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
Lehenengo paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Erakundea izapidetzen ari den itzulketa-prozeduraren batean baldin badago, prozedura hori amaitzearen baldintzapean geratuko da dirulaguntza ematea, eta, itzulketa-prozedura amaitu ondoren, entitatea itzultzera behartuta baldin badago, dirulaguntza emateko baldintza izango da obligazioa duen erakundeak zorra borondatezko aldian ordaintzea, atzeratzea edo bermatzea, edo itzulketa-ebazpenaren aurka egiteagatik etetea erabakitzea. Kasu horietatik kanpo, erakundeak ezin izango du erakunde onuradun izan, baldin eta ez baditu egunean dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriz.
1. 5.4 artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako helburu bererako eman ditzakeen beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, Europar Batasuneko beste egitura-funts batzuk izan ezik, betiere gainfinantzaketarik sortzen ez bada.
Beste erakunde batzuek emandako laguntzengatik gainfinantzaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
Betebehar orokorrak.
Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdian aurkeztutako baldintzen arabera.
4.1.a) artikuluan aipatutako jarduerei dagozkien lanbide- eta lan-arloko betebeharrak eta araudiak betetzea.
Helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntzarik lortuz gero estatuko edo nazioarteko edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik, horren berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen zertarakoa fiskalizatzeko edo kudeatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz aipatzea eta artikulu honetako 2.f apartatuan adierazitako komunikazio-betebeharrak betetzea.
Deialdi honen kontura emandako dirulaguntzekin finantzatutako esku-hartzeen xede diren ondasunak helburu jakin baterako erabiltzea, hau da, erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, bost urterako, eta gainerako ondasunen kasuan, bi urterako. Inskribatu daitezkeen ondasunen kasuan, inguruabar hori eskritura publikoan jaso beharko da, emandako dirulaguntza adierazita, eta inguruabar hori erregistroan inskribatzeko eskatu beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.4 artikuluko b) letran eskatzen den moduan.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak.
Finantzaketaren jatorria dela eta, administrazio emakida-emaileak nahiz gainerako agintari nazional eta europarrek ezar ditzaketen betebehar guztiak betetzea, eta, bereziki, hurrengo apartatuan jasotako betebehar espezifikoak.
Onuradunen betebehar espezifikoak, Europar Batasuneko Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoa finantzatzeari dagokionez.
Erakunde onuradunek, gainera, Europar Batasuneko Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismotik datozen funtsen finantzaketari buruzko betebehar hauek (Estatukoak eta Europakoak) bete beharko dituzte:
DNSH Do Not Significant Harm Printzipioa (ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa) erabat betetzen dela bermatzea, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia lanean, Espainiako berreskuratze- eta erresilientzia-planaren ebaluazioa onartzeari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakian (Council Implementing Decision CID) aurreikusitakoaren arabera, baita irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 5. artikuluan ere. Agindu horren bidez, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana eta hura garatzeko araudia kudeatzeko sistema eratzen da, proiektuen diseinuaren eta gauzatzearen fase guztietan eta jarduera bakoitzerako banaka.
Interes-gatazkarik, iruzurrik eta ustelkeriarik ez dagoela bermatzea, bai eta dirulaguntza ematen duen administrazioak onartutako Iruzurraren aurkako Neurrien Plana baldintzarik gabe eta inolako erreserbarik gabe onartzea ere. Plan horren xedapenak oso-osorik bete beharko dira, bai eta autonomia-erkidegoko, estatuko eta Europako araudia ere, iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitu, antzeman eta zuzentzeari dagokionez; era berean, Europar Batasunaren finantza-interesei buruz egiten dituzten erabakiei jarraitu beharko zaie.
Europako Batzordeak, Iruzurraren Kontrolerako Europako Bulegoak (OLAF), Europako Kontuen Auzitegiak eta Europako Fiskaltzak ezarritako kontrolak onartzea. Horretarako, organo horiei emango zaie dirulaguntzari buruz eskatutako informazio guztia, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 22.2.e) artikuluan xedatutakoa betez.
Europako Batzordeari, Iruzurraren aurkako Kontrolerako Europako Bulegoari (OLAF), Kontuen Auzitegiari eta, hala dagokionean, Europako Fiskaltzari baimena ematea Finantza Erregelamenduko 129. artikuluko 1. paragrafoan aitortzen zaizkien eskubideak egikaritzeko, eta ordaindutako funtsen azken jasotzaile guztiak behartzea berreskuratze- eta erresilientzia-planeko erreformak eta inbertsio-proiektuak aplikatzeko neurrietarako, edo erakunde guztiei edo gainerako erakundeei dagozkien inbertsio-proiektuetarako.
Jasotako funtsak aplikatzearen egiaztagiriak zaindu eta gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egin ahal izan daitezen, bost urteko epean, edo, finantzaketaren zenbatekoa 60.000 eurokoa edo txikiagoa bada, hiru urteko epean, Finantza Erregelamenduaren 132. artikuluan eta Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 22.2.f) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluan ezarritako komunikazio-betebeharrak betetzea. Bereziki, inbertsioak garatzen dituzten jarduerei buruzko informazio- eta komunikazio-neurrietan (informazio-kartelak, plakak, argitalpen inprimatu eta elektronikoak, ikus-entzunezko materiala, web-orriak, prentsako iragarkiak eta txertaketak, ziurtagiriak, etab.), honako logo hauek sartu beharko dira:
Europar Batasunaren ikurra;
Batasunaren ikurrarekin batera, «Europar Batasunak (Next Generation EU) finantzatua» testua sartuko da.
Kontuan hartuko dira 821/2014 Betearazpen Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako arau grafikoak eta kolore normalizatuak.
Beraien identifikazio-datuak datu-base bakarrean sartzea, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan eta Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana kudeatzeko sistema eratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8. artikuluan adierazitakoaren arabera.
Emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:
Lehenengo ordainketa aurreratua, diruz lagundutako zenbatekoaren % 75, dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren eta 17.1.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren ordainduko da.
Gainerako % 25a 2024ko urtarrilaren 31 baino lehen ordainduko da, betiere, proiektuaren justifikazioa hurrengo artikuluan aurreikusitako baldintzetan onartu ostean.
Pertsona edo erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu, ez da inolako ordainketarik egingo, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 34.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Era berean, erakundeak izapidetzen ari den itzulketa-prozedura bat badu, prozedura horren amaieraren baldintzapean geratuko da ordainketa, eta, itzulketa-prozedura amaituta, erakundeak itzultzeko betebeharra badu, ordainketa egin ahal izango da soilik baldin eta nahitaezko erakundeak zorra borondatezko epean ordaintzen badu, edo atzeratu eta bermatzen badu, edo dagokion itzulketa-ebazpena aurkaratzen denean etetea erabakitzen bada. Kasu horietatik kanpo, erakundeak erakunde onuradun izateko debekua izango luke, ez dituelako egunean dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketarako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehen xedapen gehigarriaren ildotik.
Erakunde onuradunak bere banku-datuak aurkeztu edo eguneratu beharko ditu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/altaterceros
Ematen diren laguntzen azken justifikazioa Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan egingo da, jarduerak gauzatzeko epea amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan, betiere 2023ko azaroaren 30a baino lehen.
Halaber, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak finantzatutako proiektuarengatik dagokion informazioa eskatuko die interesdunei funtsen jatorriagatik egin beharreko jarraipena betetzeko. Higiezinetan egindako inbertsioak baldin badira, jarraipen horiek gauzatzeko, kasuan kasuko higiezina bisitatu ahal izango da, finantzatutako obren benetako aurrerapena egiaztatzearren.
Laguntzen erakunde onuradunek proiektuaren gastu guztiak justifikatu beharko dituzte, ez bakarrik jasotako laguntzari dagokion zatia.
Erakunde onuradun guztiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
Jardueraren amaierako memoria: diruz lagundutako proiektuan aurreikusitako jarduketen exekuzioari buruzko txostena eta hura gauzatu dela egiaztatzen duten materialak edo elementuak. Era berean, deialdi honetako 1. artikuluan aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruzko ebaluazioa aurkeztu beharko da. Memoriak proiektuaren garapenean gertatutako edozein aldaketa jaso beharko du.
Funtsezko edozein aldaketa, hura hasi aurretik eskatu eta baimendu beharko da, proiektua amaitu baino hilabete lehenago gutxienez. Kasu horretan, justifikazio-memoriarekin batera baimentzeko ebazpena erantsi beharko da. Aldaketa horien ondorioz, ebazpen-organoak emandako laguntza berrikusi ahal izango da, eta, hala badagokio, ordaindu beharreko azken zenbatekoa egokitu.
Memoria ekonomikoa, erakundearen legezko ordezkariak datatua eta sinatua, euskadi.eus webgunea agertzen den ereduari jarraituz. Memoria horrek honako hauek jasoko ditu:
1. Diruz lagundutako proiektuari dagozkion gastuen eta diru-sarreren balantzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
2. Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten agiri guztien zerrenda, bai eta proiektua gauzatzeko diru-sarrerena ere. Gastu bakoitzeko, hartzekoduna, dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data zehaztu beharko dira.
Proiektuaren garapenean izandako gastuak justifikatzen dituzten egiaztagiriak eta fakturak.
2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluko sei ingurumen-helburuak betetzeari ziurtagiriak; hauek dira ingurumen-helburuok:
1. Klima-aldaketa leuntzea.
2. Klima-aldaketara egokitzea.
3. Baliabide hibridoen eta itsas baliabideen erabilera iraunkorra eta babesa.
4. Ekonomia zirkularra, hondakinen prebentzioa eta birziklapena barne.
5. Atmosferaren, uraren edo lurzoruaren kutsadura prebenitzea eta kontrolatzea.
6. Biodibertsitatea eta ekosistemak babestea eta lehengoratzea.
Horri dagokionez, diruz lagundutako proiektuaren tipologiaren eta irismenaren arabera, «DNSH printzipioa» betetzeari buruzko proba espezifikoak aurkeztu beharko dira («Kalte nabarmenik ez eragiteko» printzipioaren aplikazioari buruzko gida teknikoaren II. eranskina, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren arabera (2021/C 58/01): https://www.boe.es/buscar/doc.php? id = DOUE-Z-2021-70014).
Dokumentu grafiko edo sustapen-elementu grafikoak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Next Europa funtsen babesa berariaz aipatzen dutenak, 17.2.f) artikuluan zehazten den bezala.
Laguntza 60.000 eurotik beherakoa bada, justifikazio-kontu sinplifikatuaren modalitateari buruzko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 75. artikuluan aurreikusitako moduan justifikatuko da; nolanahi ere, aurreko paragrafoko d) letran aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte, agindu honen 8.2 artikuluan adierazitako helbide elektronikoan sartuta. Horretarako zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, artikulu berean adierazitako helbidean.
Era berean, artikulu honen 1. paragrafoan adierazitako helbururako, hiru hilean behin, proiektuen jarraipena egiteko dokumentazio nahikoa eskatuko da, honelaxe:
Proiektua gauzatzeari, neurriak ezartzeari eta mugarriak eta helburuak lortzeari buruzko informazioa.
Kostu errealak zenbatetsiarekiko izan ditzakeen desbideratzeei buruzko informazioa, inbertsio osoari dagokionez eta hura osatzen duten neurrietako bakoitzeko.
Bereziki, funtsen erabilera ikuskatu eta kontrolatzeko, administrazio emaileek datu-kategoria harmonizatuak eskatuko dituzte formatu elektronikoan, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzko Erregelamenduaren 22.2 d) artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz.
Dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira betiere dirulaguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko edo pribatuk aldi berean beste dirulaguntza edo laguntza batzuk ematen baditu. Horretarako, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko.
Honako hauek izango dira ez-betetzeak:
Jasotako dirulaguntza osoa edo haren zati bat agindu honetan aurreikusitakoez bestelako jardueretarako erabiltzea.
Agindu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazitako zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.
DNSH printzipioa edo klima-etiketatzea ez betetzea.
Nahitaez bete beharreko beste edozein ez betetzea, dirulaguntzei buruzko xedapenetan oro har hala ezarrita egoteagatik.
Ez-betetze partzialen kasuan, itzuli beharreko zenbatekoa finkatzeko, proportzionaltasun-printzipioa aplikatuko da, eta aintzat hartuko da ez-betetze hori nabarmen hurbiltzea erabat betetzera eta onuradunek argi eta garbi egiaztatzea beren konpromisoak betetzera bideratutako jarduna.
Horrelako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Balizko onuradunak hautatzeko prozesuan edo baldintzak betetzen direla egiaztatzeko prozesuetan parte hartzen duten pertsonek deklaratuko dute ezagutzen eta onartzen dituztela, osorik eta inolako erreserbarik gabe, 2022ko martxoaren 29ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiaren bidez onartutako «Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana gauzatzeko exijitutako iruzurraren aurkako betekizunak, interes-gatazkak, finantzaketa bikoitzak eta estatuari eta ingurumenari egindako kalte ez-esanguratsuko laguntzak betetzeko neurrien planaren baldintzak».
Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, aipatutako iruzurraren aurkako neurrien plana ezagutu eta onartzera behartuta egongo dira dirulaguntza emateko eskumena duen organoaren arduraduna, dirulaguntzaren oinarriak eta/edo deialdia idazten dituzten langileak, bai eta eskabideak ebaluatzen dituzten adituak eta batzordeko kideak ere, jarduera horietan Administrazioari laguntzen eta aholkatzen dioten erakunde pribatuetako pertsona fisiko guztiak barne.
Aurreko apartatuetan sartutako pertsonek Interes Gatazkarik Ezaren Adierazpena (IGEA) beteko dute, Finantza Erregelamenduaren 61.3 artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta (V. eranskina).
Interes-gatazka eragin dezakeen arrazoiren bat duten agintariek eta langileek ez dute esku hartuko eragindako prozeduretan. Interes-gatazka egon daitekeela uste denean, ukitutako pertsonak idatziz jakinaraziko dio egoera hierarkian gorago dagoenari, eta kasuan kasuko zerbitzu juridikoek txosten bat egingo dute, kasuan kasuko erabakia hartzeko.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, bere kabuz edo EJIGrekin lankidetzan (III. maila), interes-gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko neurri egokiei buruzko auditoretza espezifikoak egin ahal izango ditu.
Interes-gatazka bat hautematen denean, kasu bakoitzean aplikatzekoak diren legezko arauen eta barne-erregelamenduen araberako neurriak hartuko dira. Era berean, edonola ere, interes-gatazkako egoera argitaratu beharko da, gardentasun-printzipioa betetzeko.
Zure datu pertsonalak tratatu eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Kultura- eta sormen-arloko laguntzak eta dirulaguntzak.
Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba.
Telefonoa: 945 01 80 00
Webgunea: https://www.euskadi.eus
Helburua: kultura- eta sormen-sektoreko dirulaguntzak eta laguntza ekonomikoak kudeatzea.
Legitimazioa: interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak gauzatzearen alde egindako misio bat betetzeko beharrezko tratamendua.
Hartzaileak: gai horretan eskumena duten administrazioak.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehatua web orri honetan kontsultatu dezakezu: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/eu/transparencia/024300-capa2-es.shtml
Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?Uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (www.boe.es/buscar/doc.php? ID = BOE-A-2018-16673).
Laguntza-araubide hau Europako Batzordeak [Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamendua] ezarritako minimis arauari lotuta dago, eta, beraz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak beharrezko mekanismoak ezarriko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntza-araubidearen erakunde onuradunek minimis laguntzen kontzeptuan 200.000 eurotik gorako zenbatekorik jaso ez dezaten bermatzeko, uneko ekitaldi fiskala eta aurreko bi ekitaldi fiskalak kontuan hartuta.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako laguntzen ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotearen mende dago.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko azaroaren 2a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen xede diren inbertsioek eraikina edo azpiegitura hobetzeko izan behar dute, eta haren eredua, eraldaketa digitalari, ingurumenari edo kudeaketa-ereduari dagokienez. Jarraian zerrendatzen dira, adibide gisa, eremu horietan inbertsio espezifikoak behar dituzten jarduerak:
Eraikinen modernizazioa, eraikinen eraginkortasun energetikoari buruzko 2018/844 (EB) Zuzentarauan jasotako jarraibideen arabera.
Eraikinak klima-aldaketara egokitzea, irtenbide posibleak erabiliz, eraikinaren tipologiaren arabera, hala nola landare-estalkiak, toldoak, itzaltze-eremuak, eta abar. Ur-aparatuak instalatuz gero, Europar Batasunean dagoen produktu-etiketa eramango dute.
Ingurumena eta energia kudeatzeko sistemak ezartzea, edo, hala badagokio, aurretik ezarritako kudeaketa-sistemak berritzea edo eguneratzea, zehazki, honako hauek:
ISO 14001 arauan oinarritutako ingurumen-kudeaketako sistema, dagoeneko ezarrita dagoen ISO 9001ean;
ISO 14001 arauan oinarritutako ingurumen-kudeaketako sistema;
EMAS Erregelamenduan oinarritutako ingurumen-kudeaketako sistema;
Ekoscan 2004 Arauan oinarritutako ingurumen-kudeaketako sistema;
UNE-EN ISO 50001 Energia Kudeatzeko Sistema.
Produktu eta zerbitzuetan eduki digital kulturalak sortzeko eta hedatzeko jarduerak, Interneteko eduki digital kulturalen legezko eskaintzaren kalitatea handituz eta herritarrek haietarako duten sarbidea hobetuz.
Espazioaren kudeaketa digitala, sorkuntza, ekoizpena, merkaturatzea, administrazioa, marketina eta antzeko prozesuak barne.
Elektronika, Informazio eta Komunikazioen Teknologiak (EIKTak) sartzea.
Sareko audio- eta komunikazio-sistema digitalak modernizatzea; argiztapen digitaleko sistemak; bideo digitaleko sistemak; makineria eszenikoaren kudeaketa digitaleko sistemak.
Eszena- eta musika-esparruetako kudeaketa artistikoko eta ikuskizunen produkzioko tresnak eta sistema digitalak modernizatzea.
Eraginkortasun eta egonkortasun energetikoko sistemak ezartzea; hondakinak murrizteko eta birziklatzeko sistemak.
Publikoarekin komunikatzeko sistemak modernizatzea, teknologia berrien bidez.
Arte eszenikoen eta musikalen azpiegiturak dinamizatzeko, egituratzeko eta nazioartekotzeko jardunak; besteak beste, Euskadiren irudia kultura- eta sormen-identitateetan erreferente gisa indartzen laguntzeko, Interneti eta teknologia berriei lotutako aplikazioen bidez.
Azpiegituren modernizazioa, berrikuntza eta garapena eta kudeaketa.
Zein Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko enplegatu publikoek, zein onuradunek eta/edo dirulaguntza-programa honen onuradun izan den enpresak enplegatutako langileek, zein dirulaguntza gauzatzeko enpresak azpikontrata ditzakeen langileek (deialdiaren oinarriek horretarako aukera ematen badute) honako konpromiso hauek dituzte: herritarrei zerbitzatzea, interes orokorrak defendatzea eta esleitu zaizkien zereginak arduraz gauzatzea. Horretarako, Konstituzioa eta gainerako ordenamendu juridikoa aintzat hartu eta errespetatu beharko dituzte.
Honako hauek dira haien jarduna arautzen duten printzipioak:
Konstituzioa eta antolamendu juridikoa osatzen duten gainerako arauak errespetatuko dituzte.
Herritarren interes orokorrak betetzea izango dute xede eta inpartzialtasuna eta guztiontzako interesa lortzea helburu duten jarraibide objektiboak izango dituzte oinarri, printzipio horren aurkakoak izan daitezkeen jokabide guztiak erabat alde batera utzita, pertsonalak, familiartekoak, korporaziokoak nahiz bezeroei dagozkienak izan.
Enplegatu publikoen kasuan, zerbitzuak ematen dituzten Administrazioarekin edo, onuradunaren kasuan, hautatuko proiektua gauzatuko duten Administrazioarekin leialtasuna eta fede ona erakutsiko dute, bai eta nagusiekin, lankideekin eta herritarrekin ere.
Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak errespetuko dituzte, eta saihestu egingo dituzte era guztietako bereizkeriak: jaiotza, arraza edo etnia, generoa, sexua edo orientazio sexuala, erlijioa edo sinesmenak, iritzia, desgaitasuna, adina edo bestelako egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozialak direla-eta sor litezkeenak.
Abstenitu egingo dira interes pertsonala duten gaietan; baita jardun pribatu eta gainerako interes pribatu guztietan ere, enplegatu publikoen kasuan, betetzen ari diren lanpostu publikoarekin eta, onuradunen kasuan, proiektuaren xedea betetzearekin interes-gatazka sortzeko arriskua izan badezakete.
Ez dute bereganatuko betebehar ekonomikorik edo ezingo dute esku hartu finantza-eragiketetan, ez dute bereganatuko ondare-betebeharrik edo ezingo dute esku hartu negozio juridikoetan pertsona fisikoekin edo juridikoekin, baldin eta bereganatze horrek interes-gatazka eragin badezake bere lanpostu publikoa betetzearekin, enplegatu publikoen kasuan, edo proiektua gauzatzearekin, onuradunaren kasuan.
Ez dute pertsona fisiko nahiz juridikoengandik mesede-traturik onartuko, ezta bidezko arrazoirik gabeko pribilegioa edo abantaila dakarren egoerarik ere.
Jarduketa guztietan eraginkortasun-, ekonomia eta efizientzia-irizpideen arabera jardungo dute, eta agintaritza publikoaren helburuak betetzean interes orokorra izango dute xede.
Ez dute eragin negatiborik izango, tartean justifikatutako arrazoirik izan gabe, administrazio-izapideak edo -prozedurak ebaztean, ez eta, hirugarrenen interesen aurka, interes partikularren aldeko pribilegioa dakartenetan ere.
Dagozkien edo agintzen zaizkien zereginak arduraz gauzatuko dituzte, ezartzen diren epeak errespetatuta.
Enplegatu publikoaren kasuan, zerbitzu publikoko arduraldiaren eta, onuradunaren kasuan, proiektuaren helburua betetzearen printzipioari jarraituko diote, eta saihestu egingo dituzte, hala interes publikoaren aurkako jokabideak, nola zerbitzu publikoen jardunean zaindu beharreko neutraltasuna kolokan jar dezaketen jokabide guztiak.
Sekretupean gordeko dituzte sailkatuta dauden gaiak edo legez zabalkundea debekatuta dutenak, eta behar besteko zuhurtasunez jokatuko dute beren kargua edo dirulaguntza honen xedea betetzea dela-eta dakizkiten gaietan; eta eskuratu duten informazio hori ezin izango dute erabili ez beren mesederako ez hirugarren batzuen mesederako, ezta interes publikoaren kalterako ere.
Enplegatu publikoei dagokienez, printzipio horiek administrazio publikoen zerbitzura diharduten funtzionarioen eta langile lan-kontratudunen estatutu-araubidea arautzen duten legezko testuetan jasota daude. Hauetan: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina, zeina urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen; eta 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.
Horrez gain, goi-kargudunei dagokienez, haien ekintzek -publiko zein pribatuek- bat etorri beharko dute gobernu onaren balio, printzipio eta estandarrekin. Horrek berekin dakar, aurreko paragrafoetan jasotako printzipioak betetzeaz gain, ustelkeria, iruzur, arbitrariotasun, gaitasunik ez, xahukeria, eta eraginkortasun nahiz efizientzia ez eta antzekorik ez egotea, bai eta erabakiak hartzeko eta politikak ezartzeko prozesuak parte-hartze demokratikoan, gardentasunean, kontu-ematean eta legeekiko errespetuan oinarritzea ere.
Azken batean, goi-kargudunen jarduketa guztietan eredugarritasuna eta erakundeen irudia babestea lortu nahi da, herritarrek erakundeetan duten konfiantza sendotzeko bide gisa. Etengabeko hobekuntzan inplikatzea eta ahalegina eskatzen duen bikaintasuna lortu nahi da, herritarren eskakizunak guztiz betetzeko erabaki publikoetan eta hornitzen eta ematen diren zerbitzu publikoetan. Modu eraginkorrean jardun behar da, erakundean eta erakundearentzat lan egiten duten pertsonen helburuekin bat egiteko.
Erakundeen kalitatea hobetzeak izan behar du xede, politikaren eta kudeaketaren arteko lankidetza kooperatibo estuaren bidez. Horretarako, ezinbestekoa da estrategiak, helburuak eta baliabideek behar bezala hedatzea goi-zuzendaritza exekutiboaren eta zuzendaritzako nahiz bitarteko mailen artean, bai eta Administrazioan zein Administrazioarentzat lan egiten duten gainerako pertsonen artean ere, besteak beste, dirulaguntza honen helburua betetzean. Horiek horrela, proiektuak eta informazioa partekatu beharko dira, konfiantzarako eta talde-lanerako espiritua garatu beharko da, eta Gobernu Programa garatzeko ideiak eta ekintza bultzatu beharko dira, interes orokorreko beharrak asetzearren.
Bandera gorriak balizko iruzurraren adierazle dira; horrek ez du esan nahi, ordea, bandera gorri bat egoteak iruzurra dagoela adierazten duenik, baizik eta jarduera-eremu batek aparteko arreta eskatzen duela, balizko iruzurra dagoela baztertu edo egiaztatzeko.
Iruzurra dirulaguntzetan.
Ustelkeria, eroskeria eta legez kanpoko komisioak.
Iruzurraren adierazleak:
Gizarte-harreman estua izatea Balorazio Batzordeko kide baten eta laguntzaren eskatzaile edo onuradun baten artean.
Administrazio emakida-emaileko enplegatuaren ondasuna azalpenik gabe edo bat-batean handitzea.
Eskatzaileak edo onuradunak eroskeriak ordaintzeko ospea izatea sektorean.
Administrazio emakida-emaileko enplegatuak uko egitea dirulaguntzen emakidarekin zerikusirik ez duen lanpostu batera igotzeari.
Administrazio emakida-emaileko enplegatuak ez aurkeztea edo ez betetzea interes-gatazkarik ez izateari buruzko adierazpena.
Interes-gatazkak.
Iruzurraren adierazleak:
Eskatzaileak edo onuradunak azaldu gabeko edo ohiz kanpoko faboritismoa izatea.
Administrazio emakida-emaileko enplegatuak uko egitea dirulaguntzen emakidarekin zerikusirik ez duen lanpostu batera igotzeari.
Administrazio emakida-emaileko enplegatuak ez aurkeztea edo ez betetzea interes-gatazkarik ez izateari buruzko adierazpena.
Administrazio emakida-emaileko enplegatuak negozio bat zuzentzea edo deialdian lehiatu dezakeen erakunde batean senitartekoak izatea.
Administrazio emakida-emaileko enplegatuak edo goi-kargudun batek behin eta berriz eskatzea, beharrezkoa izan gabe, deialdiaren dokumentazioa idazteko kanpoko erakunde batera jotzeko.
Zehaztapen itunduak.
Iruzurraren adierazleak:
Deialdian eskatzaile batek edo oso eskatzaile gutxik parte hartzea.
Sektoreko pertsona edo erakundeek erreklamazioak aurkeztea.
Zehaztapenak aurreko antzeko deialdietakoak baino zorrotzagoak edo nabarmenki orokorragoak izatea.
Zehaztapenak ohikoak edo oso arrazoizkoak ez izatea.
Onuradun batek emakida ugari jasotzea.
Administrazio emakida-emaileko enplegatuaren eta eskatzaile batzuen artean harreman edo kontaktu pertsonalak izatea proiektuak ebaluatzeko prozesuan.
Datuak filtratzea.
Iruzurraren adierazleak:
Emakida-prozedurak gutxi kontrolatzea (adibidez, epeak ez aplikatzea).
Eskaerak epez kanpo onartzea.
Administrazio emakida-emaileko enplegatuaren eta eskatzaile batzuen artean harreman edo kontaktu pertsonalak izatea dirulaguntzak eskatzeko fasean.
Administrazio emakida-emaileko enplegatuak informazioa behin eta berriro eskatzea, ohi ez bezala, prozedura izapidetzearen arduradun izan gabe.
Aurkeztutako proiektuak manipulatzea.
Iruzurraren adierazleak:
Sektoreko pertsona edo erakundeek erreklamazioak aurkeztea.
Emakida-prozedurak gutxi kontrolatzea (adibidez, epeak ez aplikatzea).
Jasotako eskaerak, dokumentu ofizialak edo harrera-ziurtagiriak aldatu izanaren zantzua egotea.
Akatsak zituzten eskaerak bidegabe baliogabetzea, nahiz eta horiek zuzentzeko eska zitekeen.
Eskatzaileak arrazoi eztabaidagarriengatik baztertzea.
Balorazio Batzordeko kideek beharrezkoa den ezagutzarik ez izatea eta, horren ondorioz, harengan pertsona bakar batek eragina izatea.
Gainfinantzaketa eta gehigarritasun-printzipioa ez betetzea.
Iruzurraren adierazleak:
Laguntzaren beste finantzaketa batzuekiko bateraezintasuna ez definitzea.
Hirugarren iturrietatik jasotako finantzaketaren dokumentazio-euskarririk ez izatea.
Onuradunak gastuak ez kontrolatzea, diruz lagundutako jarduerari egotzi ahal zaizkion gastuak eta sarrerak identifikatzeko.
Gainfinantzaketa eragin dezakeen eragiketen lagundutako finantzaketa egotea.
Proiektu bera finantzatzen laguntzen duten pertsonak edo erakundeak egotea, horren berri eman gabe.
Hirugarren iturrien finantzaketa ez izatea finalista, eta finantzaketa hori banatzeko irizpiderik ez egotea.
Onuradunak ez kontrolatzea proiektuari esleitutako mugarriak edo helburuak.
Kostuak bidegabe egoztea.
Iruzurraren adierazleak:
Lan-kargak gehiegi edo ohiz kanpo egoztea, edo proiektuaren garapenarekin bat ez etortzea.
Lan-fitxetan aldaketa nabariak egotea edo lan-fitxak ezin egiaztatzea.
Material-kostu berak proiektu bati baino gehiagori egoztea.
Zeharkako kostuak zuzenekoak balira bezala egoztea.
Prezioak desegoki finkatzea.
Iruzurraren adierazleak:
Onuradunak ez aurkeztea kostuen egiaztagiriak, haiek aurkezteari uko egitea edo berandu aurkeztea.
Onuradunak dokumentazio desegokia edo osatugabea aurkeztea.
Prezioak ezartzeari buruzko informazioa zaharkitua egotea.
Prezioak altuak izatea antzeko proiektuen prezioekin edo sektoreko batez besteko prezioekin alderatuta.
Proiektuaren zehaztapenak ez betetzea.
Iruzurraren adierazleak:
Proben eta ikuskapenen emaitzak eta proiektuaren zehaztapenen emaitzak bat ez etortzea.
Proben edo ikuskapenen ziurtagiririk ez izatea.
Kalitatea eta emaitzak txarrak izatea, eta erreklamazio ugari egotea.
Ez eskuratzea diruz lagundutako proiektua gauzatzeko beharrezkoa dena.
Faktura faltsuak, puztuak edo bikoiztuak.
Iruzurraren adierazleak:
Eskaeretan dokumentu faltsuak aurkeztea.
Zenbateko bera, faktura-zenbaki bera eta data bera dituzten faktura bat baino gehiago egotea.
Kateko azpikontratazioak egitea, deialdiaren oinarrietan aurreikusitako gehieneko ehunekoa gainditzen dutenak.
Paradisu fiskaletan inskribatuta dauden enpresei edo eskudirutan ordaintzea.
Diruz lagundu daitezkeen gastu gisa sartutako ondasun edo zerbitzuen egoeraren berri ezin ematea edo sinesgarria ez izatea.
Lehia mugatzea.
Iruzurraren adierazleak:
Deialdiaren oinarriak ez zabaltzea, eta ez betetzea legez eskatutako publizitate- eta gardentasun-printzipioak.
Onuradunek bete behar dituzten baldintzak argi ez adieraztea edo haiek anbiguoak izatea, eta, ondorioz, burutik kentzea deialdira aurkezteko asmoa edo onuradun jakin bat nahita hautatzea.
Epean aurkeztutako eskaerak baztertzea edo epez kanpo aurkeztutakoak onartzea.
Oinarri arautzaileak argitaratzean ez sartzea eskaerak baloratzeko baremoak.
Auditoretza-aztarna galtzea.
Iruzurraren adierazleak:
Auditoretza-aztarna bermatzeko aukera emango duen eragiketaren dokumentazioa desegokia izatea.
Deialdiaren oinarrietan ez adieraztea nola dokumentatu daitezkeen diruz lagundu daitezkeen gastuak, ez eta nola kalkula daitezkeen kostuak ere.
Faltsututako dokumentuak hautematea.
Dokumentuen formatua.
Iruzurraren adierazleak:
Fakturak eta gutunak enpresaren logotiporik gabe egotea.
Fakturak ezarritako inprimakiak ez bezalako paperetan inprimatzea.
Ageriko desberdintasunak egotea dokumentuaren letra motan, tamainan, egituran eta kolorean.
Ezabatutako edo zirriborratutako zifrak egotea, baimendutako pertsonen sinadurarik gabeko baliogabetzeak.
Baimendutako pertsonen sinadurarik gabe zenbatekoak edo dokumentu bateko elementuak eskuz idaztea, behar bezala justifikatu gabe.
Letrarik ez egotea edo gehiegi egotea; testuaren lerroetan jarraitutasunik ez egotea.
Zigilu ofizialetan ezohiko koloreak edo ertz biziegiak egotea, ordenagailu-inprimagailu bat erabili dela adieraz dezaketenak.
Pertsonen sinadurak guztiz berdinak (formatuan eta tamainan) egotea hainbat dokumentutan, ordenagailuz egindako faltsifikazioa dela iradokitzen dutenak.
Dokumentuen edukia.
Iruzurraren adierazleak:
Ezohiko datak, zenbatekoak, oharrak, telefono-zenbakiak eta kalkuluak egotea.
Kontrol sekuentzialetan erregistrorik ez izatea.
Faktura edo elektronikoki egindako hartzekoen orri batean kalkulu okerrak egotea (adibidez, eragiketekin baturarekin bat ez datozen guztizko zenbatekoak).
Faktura batean ez egotea nahitaezkoa den elementuren bat: data, identifikazio fiskaleko zenbakia edo faktura-zenbakia.
Zenbait dokumentutan zigilu batek eta sinadura pertsonal batek posizio bera izatea (horrek iradoki baitezake irudi bat erabili dela).
Kontratistaren harremanetarako daturik ez izatea.
Fakturetan eta salgaien emate-oharretan serie-zenbakirik ez egotea.
Ondasunen edo zerbitzuen deskribapena zehaztugabea izatea.
Banku-kontuko zenbakietan ezberdintasunak eta anomaliak egotea.
Dokumentuen inguruabarrak.
Iruzurraren adierazleak:
Onuradunaren helbidea eta administrazio emakida-emaileko enplegatuarena helbide bera izatea.
Onuradunaren helbidea enpresak helbideratzen dituen erakunde batean egotea.
Fakturak edo salmenta-zerrendak enpresa-jardueren erregistroan inskribatu gabeko erakundeek jaulkitzea.
Informazioa ezohiko atzerapenez aurkeztea.
Onuradunak jatorrizko dokumentuak ez aurkeztea.
Dokumentuan jasotako datuak bisualki bat ez etortzea onuradunak emandako antzeko dokumentu batekin.
Sozietateen erregistro publiko eskuragarrietan erregistratuta ez dagoen edo baliabide publikoetan aurkitu ezin den enpresa bat aipatzea.
Fakturak sortu berri den enpresa batek eginak izatea.
Sozietatearen posta elektronikoko helbideek atzerriko Interneteko zerbitzari batean jaulkitzen dute faktura.
Dokumentazioaren eta eskuragarri dagoen informazioaren arteko koherentzia eza.
Iruzurraren adierazleak:
Inkoherentzia egotea erakundeak berak jaulkitako fakturen daten eta zenbakiaren artean.
Fakturak kontabilitatean erregistratu gabekoak izatea.
Fakturak bat ez etortzea aurrekontuekin, prezioari, kantitateari eta kalitateari, produktu-motari eta/edo egindako obraren deskribapenari dagokienez.
Gutuna/kontratua/dokumentua enpresaren ordezkari gisa diharduen pertsona batek sinatzea, nahiz eta ez duten izendatu enpresen erregistro nazionalean.
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Aldatutakoa: AGINDUA, 2022ko abenduaren 14koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2022ko azaroaren 2ko Agindua aldatzen duena. Agindu horren bidez, arte eszenikoen eta musikalen azpiegiturak modernizatzeko eta modu jasangarrian kudeatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egin eta dirulaguntzak arautzen dira (Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientziaren Planaren esparruan, Next Generation EU, 2022rako).
- Ikus: EBAZPENA, 2022ko azaroaren 15ekoa, Kultura sailburuordearena, arte eszenikoen eta musikalen azpiegiturak modernizatzeko eta modu jasangarrian kudeatzeko dirulaguntzak emateko Balorazio Batzordearen kideak izendatzen dituena eta Batzordearen osaera argitaratzen duena.