Euskadi.eus
  • 61/2022 EBAZPENA, uztailaren 12koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoan 2022an pertsona etxegabeei buruzko inkesta egiteko Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Euskal Estatistika Erakundearen arteko hitzarmena argitaratzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

61/2022 EBAZPENA, uztailaren 12koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoan 2022an pertsona etxegabeei buruzko inkesta egiteko Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Euskal Estatistika Erakundearen arteko hitzarmena argitaratzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 142
  • Hurrenkera-zk.: 3337
  • Xedapen-zk.: 61
  • Xedapen-data: 2022/07/12
  • Argitaratze-data: 2022/07/22

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Euskal Estatistika Erakundeak hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

Alde batetik, Juan Manuel Rodrguez Poo jauna, urriaren 22ko 1325/2018 Errege Dekretuaren bidez Estatistikako Institutu Nazionaleko presidente izendatua, institutu horren izenean eta hura ordezkatuz, Estatistikako Institutu Nazionaleko Estatutuaren 5.2 artikuluak emandako eskumenak baliatuz (estatutu hori maiatzaren 11ko 508/2001 Errege Dekretuaren bidez onartu zen), eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.2 artikuluari jarraikiz.

Eta bestetik, Josu Mirena Iradi Arrieta jauna, Euskal Estatistika Erakundeko zuzendari nagusia, abenduaren 31ko 419/2012 Dekretuaren bidez izendatua, organismo horren izenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak emandako eskumenak baliatuz eta Gobernu Kontseiluak 2022ko martxoaren 15ean egindako bilkuran emandako baimenarekin bat etorriz.

AZALTZEN DUTE:

Estatistikako Institutu Nazionala eta Euskal Estatistika Erakundea lankidetzan ari dira estatistikako zenbait lanetan, eta bi alderdiak gogobetetzen ditu horrek.

Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak interes komuna dute aurrera egiteko gizarte-bazterketa egoeren eta pertsona etxegabeen ezaugarrien ezagutzan, eta, beraz, komeni da Euskal Autonomia Erkidegoan errealitate hori ikertzeko jarduera publikoa koordinatzea, alferreko bikoizketak ekiditeko. Izan ere, estatuak eskumen osoa du estatu-asmoko estatistiken gainean, Konstituzioaren 149.1.31 artikuluaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du bere helburu eta eskumen propioetarako estatistiken gainean, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoz onartutako EAEko Autonomia Estatutuaren 10.37 artikuluaren arabera.

Aipatu helburuetarako, Pertsona etxegabeei buruzko 2022ko inkesta egingo da, zeina 2021-2024 aldirako Espainiako Estatistika Planean jasota baitago (plan hori abenduaren 15eko 1110/2020 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), bai eta Pertsona etxegabeei buruzko inkesta ere, zeina 2019-2022 aldirako EAEko Estatistika Planean jasota baitago (plan hori ekainaren 27ko 8/2019 Legearen bidez onetsi zen).

Hitzarmen honen bidez ikerketa bakarra egin nahi da Euskal Autonomia Erkidegoan, klausuletan zehaztutako akordioetan oinarrituz, halako moldez non, beharrezkoa den informazioa lortuta dagozkion estatistika planetan aurreikusitako helburuak betetzeko, estatistika eragiketen bikoizketak saihestuko diren, eta horrek, aldi berean, baliabide publikoak aurreztea ekarriko du.

Sektore Publikoko Erregimen Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak aurreikusten du bi administrazio publikok edo gehiagok hitzarmenak sinatzea, zeinek barnean har dezaketen bitartekoak, zerbitzuak eta baliabideak erabiltzea, eskumen propioak edo eskuordetuak baliatzeko.

Halaber, Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legearen 26.r) artikuluak jasotzen duenez, Estatistikako Institutu Nazionalari dagokio beste administrazio publiko batzuekin akordioak eta hitzarmenak egitea, administraziook esleituta dauzkaten estatistikei dagokienez. Orobat, lege-testu horren beraren 41.1 artikuluak dioenez, estatuko administrazioaren eta autonomia-erkidegoen estatistika-zerbitzuek eragiketa estatistikoak egiteko hitzarmenak egin ahal izango dituzte, baldin eta komenigarria bada eragiketa horiek gauzatzeko eta eraginkorrak izateko, edo bikoiztasunak eta gastuak saihesteko.

Aurreko guztiaren arabera, alderdiek Hitzarmen hau sinatzea adosten dute, honako klausula hauei jarraikiz:

KLAUSULAK

Lehenengoa. Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen helburua da Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Eustaten arteko lankidetza formalizatzea, Pertsona etxegabeei buruzko 2022ko inkesta egiteko Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan.

Pertsona etxegabeei doan, zenbateko txiki baten truke edo lanen bat egitearen truke ostatua eta otordu-zerbitzuak ematen dizkieten zentroen erabiltzaileei zuzenduta dago inkesta; hain zuzen, inkestaren helburua da horien profil soziodemografikoa, bizi-baldintzak eta ostatua izateko oztopoak zein diren jakitea.

Bigarrena. Metodologia eta galdetegia.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Pertsona etxegabeei buruzko 2022ko inkesta egiteko, Estatistikako Institutu Nazionalak, Eustatekin ados, emandako zehaztapen metodologikoei jarraituko zaie, estatistika horren emaitzak Estatu osorakoarekin bateragarriak izatea bermatzeko. Zehaztapen horien artean egongo dira Estatistikako Institutu Nazionalak amaierako fitxategirako aurreikusitako balioztatze-arauak.

Estatistikako Institutu Nazionalak eta Eustatek batera zehaztuko dute Euskal Autonomia Erkidegoan bisitatu beharreko zentroen lagina; nolanahi ere, Eustatek, egoki baderitzo, laginaren tamaina handitu ahal izango du bere beharrizan eta helburuen arabera. Lagina handitzeko kostua Eustatek berak ordainduko du.

Eustaten laginean zentro bakoitzean elkarrizketatu beharreko pertsonak hautatzeko, estatu osorako hautaketa-irizpide komunak aplikatuko dira.

Eduki aldetik estatu osorako berdinak diren galdetegiak erabiliko dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Eustatek beste galdera batzuk ere egin ditzake, egoki baderitzo. Galdetegiak euskaraz, arabieraz, frantsesez, ingelesez eta gaztelaniaz egingo dira, eta bi erakunde sinatzaileen logotipoak izango dituzte.

Eustatek estatistika sustatzeko gutuna bidaliko die ele bitan euskara/gaztelania, Estatistikako Institutu Nazionalaren Estatistika Produktuen zuzendari nagusiak eta Eustateko zuzendari nagusiak sinatuta, inkestan parte hartu behar duten zentro guztiei, Euskal Autonomia Erkidegoan erabiliko den eredua adierazita.

Hirugarrena. Datuen bilketa, grabaketa eta iragazketa.

Eustat arduratuko da galdetegiak jaso eta iragazteaz Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan. Euskal Autonomia Erkidegoan datuak biltzeko aldia estatu osorako ezarritako bera izango da. Epe hori 2022ko martxoaren 31 baino lehen amaituko da.

Datuak biltzeko, elkarrizketa pertsonala egingo da, ordenagailu eramangarrian galdeketa elektronikoa eginez (CAPI), eta, salbuespenetan, telefonoz biltzea (CATI) eta webaz biltzea (CAWI) ere baimenduko dira. Eustat arduratuko da galdetegiak biltzeko behar diren aplikazioak egiteaz, bai eta galdetegiak euskarara eta arabierara itzultzeaz ere; galdetegiak gainerako hizkuntza koofizialetara itzultzeaz, baita ingelesera eta frantsesera itzultzeaz ere, berriz, Estatistikako Institutu Nazionala arduratuko da.

Estatistikako Institutu Nazionalak Pertsona etxegabeei buruzko inkestaren proiektuaren zehaztapen metodologikoak eta beharrezkoak diren agiri teknikoak emango dizkio Eustati.

Bilketarekin batera, Eustatek galdetegien iragazketa egingo du -eskuz eta automatikoki- baita horien baliozkotzea ere, adostutako metodologia-arau eta -zehaztapenen arabera.

Eustatek, Estatistikako Institutu Nazionalarekin koordinatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan bildutako informazioa lehenengoz iragaziko du landa-lana amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan. Epe horren barruan, beraz, Eustatek fitxategi iragazia Estatistikako Institutu Nazionalari bidaliko dio, bi erakundeok aurretiaz adostutako erregistro-diseinuari jarraikiz. Fitxategi iragazi horrek barne hartuko du lagin osoa, lagin-handitzeak barne.

Laugarrena. Behin betiko fitxategia lortzea eta amaierako doikuntza.

Pertsona etxegabeei buruzko EAEko 2022ko inkestaren behin betiko fitxategia lortzeko, Estatistikako Institutu Nazionalak inkestaren lagin-diseinutik eratorritako formulak aplikatuz kalkulatu den erregistro bakoitzaren jasotze-faktorea igorriko dio Eustati, Eustatek hari fitxategia bidali ondorengo hiru hilabeteetan.

Eustatek 2022ko urriaren 31 baino lehen bidaliko dio Estatistikako Institutu Nazionalari azken fitxategi iragazia, Estatistikako Institutu Nazionalak eta Eustatek proposatutako eta adostutako irizpideen arabera, informazioa aztertu ondoren.

Estatistikako Institutu Nazionalak, fitxategia jasotzen duenetik hasita, 15 egun izango ditu Eustati jakinarazteko amaierako fitxategia onartzen duela, edo, aitzitik, inkoherentziak daudela. Estatistikako Institutu Nazionalak arrazoitu egin beharko du fitxategia ez onartzea, eta Eustatek, harekin ados, behin betiko fitxategia eratzeko erregistro-aldaketa beharrezkoak egingo ditu epe ezarriaren barruan.

Euskal Autonomia Erkidegoko lagin osoaren behin betiko fitxategia, ondorio guztietarako, inkestaren emaitza gisa jasoko da. Bereziki, azken fitxategi anonimizatuan sartuko da.

Bosgarrena. Informazioa zabaltzea.

Estatistikako Institutu Nazionalak eta Eustatek, zeinek bere helburu eta eskumenen eremuan, egoki deritzeten taulak eta emaitzak argitaratu ahalko dituzte, klausula honetako zehaztapenen arabera.

Estatistikako Institutu Nazionalaren behin betiko fitxategietan oinarrituta zabaltzen diren produktu guztietan honako hau adierazi behar da: Iturria: Estatistikako Institutu Nazionala, Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) lankidetzarekin, Euskal Autonomia Erkidegoan.

Era berean, Eustaten behin betiko fitxategietan oinarrituta zabaltzen diren produktu guztietan honako hau adierazi behar da: Iturria: Euskal Estatistika Erakundea (Eustat), Estatistikako Institutu Nazionalaren lankidetzarekin, Euskal Autonomia Erkidegoan.

Estatistikako Institutu Nazionalak ez du zabalduko Euskal Autonomia Erkidegoari buruzko informazio gehigarririk autonomia-erkidegoa baino lurralde-eremu txikiagoan, Estatuko inkestaren diseinuan ez delako probintzia-mailako edo maila txikiagoko adierazgarritasunik kontuan hartzen. Gainera, Estatistikako Institutu Nazionalak zabalpen estandar berdina egingo du Euskal Autonomia Erkidegoan nahiz gainerakoetan.

Eustatek, Euskal Autonomia Erkidegoaren helburu eta eskumenak egikaritzeko, autonomia-erkidegoa baino lurralde-eremu txikiagoan ezagutzera eman ahalko ditu estatistika-emaitzak, banakapen-maila errespetatuz, bai eta, betiere, estatistika-sekretuaren betebeharra ere.

Bi erakunde sinatzaileek adostuta zabalduko dituzte behin betiko emaitzak, aurrez erabaki duten datan. Aipatu datak epe nahikoa emango die bi erakundeei, aurretiazko jakinarazpen-betebeharrak bete ahal izan ditzaten, bakoitzaren argitalpen-egutegiaren arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoko datuak Espainiako testuinguruan jartzeko, Estatistikako Institutu Nazionalak Eustati Espainiako agregatu nagusien datuak emango dizkio, emaitzak zabaltzeko ezarritako data baino hiru lanegun lehenago.

Seigarrena. Jarraipen Batzordea.

Hitzarmenaren eta sinatzaileek hartutako konpromisoen betetze, jarraipen, ikuskaritza eta kontrolerako batzorde bat sortuko da, balizko interpretazio- eta betetze-arazoak ebatziko dituena.

Batzordean, hiruna ordezkari izango dituzte alderdiek, eta beharrezkoa denean bilduko dira.

Jarraipen Batzordea horrela osatuko da:

Estatistikako Institutu Nazionalaren aldetik:

Estatistika-produkzioaren kontroleko eta laginketako saileko titularra.

Estatistika Sozial Sektorialen Zuzendariordetzako titularra.

Estatistika Koordinazioaren eta Lan eta Prezioen Estatistiken Zuzendaritza Orokorreko Zuzendariordetza Orokor Atxikiko titularra.

Eustaten aldetik:

Estatistika-produkzio eta -analisiko Zuzendariordetzako titularra.

Estatistika Soziodemografikoen Arloko arduraduna.

Arlo Juridiko eta Administratiboko arduraduna.

Erabakiak aho batez hartuko dira.

Zazpigarrena. Sekretu estatistikoa.

Eustat eta Estatistikako Institutu Nazionala arduratuko dira informazio hori norbanakoen datuak behar bezala babesteko moduan erabiliko dela zaintzeaz. Hala, eragiketan parte hartzen duten pertsona guztiek sekretu estatistikoa gordetzeko betebeharra izango dute, eta, horretaz gainera, Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legea aplikatzearen ondoriozko murrizketak beteko dituzte. Era berean, konpromisoa hartzen dute administrazio publikoen artean informazioa trukatzeari buruz indarrean dagoen legeriatik eratorritako beste edozein eskakizun errespetatzeko, eta, bereziki, datu pertsonalak babesteari dagokionez, zorrotz betez Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko Lege Organikoan (3/2018, abenduaren 5ekoan) eta datu pertsonalak babesteari buruzko barne-ordenamenduko erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoa.

Zortzigarrena. Finantzaketa.

Estatistikako Institutu Nazionalak, 2022ko Gastuen Aurrekontuko 6. kapituluko 27.101.923C.640.08 aurrekontu-aplikazioaren kargura, berrogeita lau mila eta hirurogeita hemeretzi euro eta berrogeita hamazazpi zentimo (44.079,57) ordainduko dizkio Eustati, datuak bildu, grabatu eta iragaztearen kostua zenbatestearen ondorioz (aplikazio informatikoen garapena barne), behin Euskal Autonomia Erkidegoko inkestaren amaierako fitxategia erabat onartuta.

Bederatzigarrena. Hitzarmenaren indarraldia eta luzapena.

Hitzarmen hau alderdien adostasunarekin burutuko da, eta eraginkorra izango da formalizatzen denetik 5 egun balioduneko epean estatuko sektore publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denean; 2022ko abenduaren 31 arte egongo da indarrean. Halaber, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, formalizatzen denetik 10 egun balioduneko epean, hargatik eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ahal izatea. Ez da horren luzapenik espero.

Hamargarrena. Hitzarmena azkentzeko eta suntsiarazteko araubidea.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluarekin bat etorriz, hitzarmen hau sortu zen xedea bete delako edo suntsiarazteko arrazoiren bat izan delako azkenduko da.

Hauek izango dira hitzarmena azkentzeko arrazoiak:

Indarraldia amaitzea, hitzarmenaren luzapena adostu gabe.

Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.

Hitzarmena deusez deklaratzen duen erabaki judiziala ematea.

Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, hitzarmenean edo legeetan aurreikusita badago.

Hitzarmena suntsiarazten bada hitzarmenean bertan edo legean aurreikusitako edozein arrazoirengatik, Jarraipen Batzordeak ezarriko du zer epe dagoen hitzarmen honetatik eratorrita gauzatzen ari diren jarduketak amaitzeko, eta epe hori luzaezina izango da.

Hamaikagarrena. Ez-betetzea.

Alderdietako batek bere gain hartutako betebeharrak betetzen ez baditu, beste alderdiak errekerimendu bat helarazi ahal izango dio betebeharra bete ez duenari, 15 eguneko epean bete ditzan betegabetzat jotzen diren betebeharrak edo konpromisoak. Errekerimendu horren berri emango zaio hitzarmenaren Jarraipen Batzordeari. Epea igaro eta ez betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri duen alderdiak betebeharrak bete ez dituen alderdiari jakinaraziko dio hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak daudela, eta hitzarmena suntsituta dagoela ulertuko da.

Hamabigarrena. Aldaketa.

Hitzarmen hau aldatu ahal izango da alderdietako batek hala proposatuta eta biak ados jarrita. Horretarako, aldaketa-erabakia sinatu beharko dute, hitzarmena indarrean dagoen bitartean.

Hamahirugarrena. Izaera, araubide juridikoa eta jurisdikzioa.

Hitzarmen hau administrazio-hitzarmena da, eta Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikulutik 53. artikulura bitartekoak izango ditu arau.

Bestalde, hitzarmena indarrean dagoen bitartean, auzirik badago eta hitzarmenaren Jarraipen Batzordeak ezin izan badu hura ebatzi, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioaren mende jarriko da auzi hori, jurisdikzio-ordena hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen arabera.

Eta ados daudela adierazteko, inplikatutako alderdiek elektronikoki sinatu dute agiri hau, sinadura-oinean adierazitako egunean, eta azken sinatzailearen eguna eta tokia hartuko dira dokumentu hau formalizatzeko datatzat: Madrilen, 2022ko martxoaren 30ean.

Estatistikako Institutu Nazionaleko presidentea,

JUAN MANUEL RODRGUEZ POO.

Euskal Estatistika Erakundeko zuzendari nagusia,

JOSU IRADI ARRIETA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik