Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2022ko abenduaren 14koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2023. urtean emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko hiru bekatarako deialdia arautzen eta onartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko abenduaren 14koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2023. urtean emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko hiru bekatarako deialdia arautzen eta onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Emakumearen Euskal Erakundea; Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 248
  • Hurrenkera-zk.: 5752
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/12/14
  • Argitaratze-data: 2022/12/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea benetakoa eta eraginkorra Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen eremu guztietan. Ildo horretan, Emakunde da Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan emakume eta gizonen berdintasun-politika bultzatu, aholkatu, planifikatu eta ebaluatzen duen erakundea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen duenaren arabera. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3.i) artikuluan, erakunde horri esleitzen zaio jarduera-eremu guztietan egin beharreko politika taxutzeko azterlanak egin daitezen bereziki sustatzea.

Beka-modalitatearen bidez, deialdi honen bitartez, bi alderdi batu nahi dira: batetik, azterlanak egin daitezen sustatzeko eta horien gainean herritarrak sentsibilizatzeko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak dituen egitekoak, eta, bestetik, ikerlanak egin behar dituzten pertsonen trebakuntza. Izan ere, gizonen eta emakumeen benetako berdintasuna lortuko badugu, aztertu egin behar dugu zer genero-harreman eta -rol dauden gaur egun emakumeen eta gizonen artean arlo guztietan ageri diren ezberdintasunen oinarrian, eta abian jarri diren edo jarriko diren ekimenek emakumeengan eta gizonengan nola eragiten duten edo nola eragin dezaketen. Azterlan horiek garatu eta zabaltzea funtsezkoa da eztabaida publikorako eta erabaki politikoak hartzeko, are gehiago genero-ikuspegia politika guztietan txertatu nahi badugu. Politikak planifikatu, abiarazi eta ebaluatzeko erantzukizun politikoa eta teknikoa dutenen artean lan horiek hedatzea onuragarria da, ezin da ukatu. Izan ere, lan horretarako, eskura eduki behar dituzte tresna jakin batzuk, hain justu ere, generoari buruzko alderdiei ekiteko, alderdi horiek aztertzeko eta berdintasunerantz aurrerapausoak emateko neurriak proposatzeko beharrezkoak direnak; hala baieztatzen du Europako Kontseiluan sortutako mainstreaming delakoaren aditu-taldeak. Orobat, beka-modalitatearen bidezko sustapen-jarduerak onuradunen ibilbide profesionala eta prestakuntza garatzea ahalbidetzen du.

Aurrekoagatik, deialdi honetarako, erakunde honen iritziz egoki da aurreko ekitaldi bietan hasitako ildoarekin jarraitzea. Haietan, beken bitartez ikerlan batzuk egitea arautu zen, orain arte behar bezala ekin gabeko eremuetan ikertzea batez ere. Bekak beste laguntza mota bat bezala taxutu dira, eta ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta haren Erakunde Autonomoen eremuetan, deialdi mota horiei dagozkien araudia eta ezaugarriak aplikatuko zaizkie, oro har. Bekak norgehiagoka-prozeduraz esleituko dira, baremoak behar bezala ezarrita dituzten esleipen-irizpideei jarraituz. Azkenik, beka emateak inoiz ez du kontratu, lan edo estatutu bidezko loturarik ezarriko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin.

Ekitaldi honetan ere hiru beka mota daude, mota bakoitzari ikerlan desberdin bat dagokiola. 1. eta 3. beken helburua da bekadun izango direnak genero-harremanen testuinguruan agertzen ari diren ikerketa-gai eta -eremuetara bideratzea eta eremu horietan trebatzea sustatzea, eta gure gizartean balio-aldaketa bat gerta dadin laguntzea. Bestalde, 2. bekaren bidez, oso aitortua den premia bati erantzungo zaio, hots, askotariko bereizkeria jasaten duten edo jasateko arriskuan dauden emakumeen premiak aztertzen eta premia horiei erantzuten aurrera egiteko beharrari.

Bestalde, hautagaiak hautatzeko prozedurari eusten zaio, alegia: lehendabiziko hautaketa egiten da, eta ondoren elkarrizketa bat, hautaketa-prozedura egoki kudeatzeko egokitzat jotzen den hautagai-kopuru jakin batekin, eta balorazio-irizpide objektibo eta tasatuak erabiltzen dira.

Inguruabar horiek guztiak kontuan hartuta, deialdi honen helburua da beka bakoitzean definitutako ikasketa-eremuak dinamizatzea eta kalitatezko ikerketa-lanak egiten direla bermatzea, hori guztia emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzen laguntzeko, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen 2023ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusten den bezala (plan hori Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2022ko azaroaren 2ko Ebazpenaren bidez onartu zen).

Azkenik, esan beharra dago laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko dela Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan.

Horrenbestez, honako hau

Deialdi honen xedea hiru beka ematea da, 2023. urtean emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzen lagunduko duten ikerlanak egiteko.

  1. Beka-mota bakoitzaren edukia ikerketa-gai hauei buruzkoa izango da:

    1. motako beka: gizarteko eremu guztietan balio-aldaketa gauzatzen lagunduko duten eta gizartea berdintasunerantz eramango duten ekimenak eta proposamenak bilatzea, eta horretarako dauden faktoreak aztertzea.

    2. motako beka: egoerak eta desberdintasunak aztertzea askotariko bereizkeria jasateko arriskuan dauden emakumeen kolektiboan; bereziki, baliabide sozial eta ekonomikoez baliatzerakoan eta segurtasunean.

    3. motako beka: erabaki soziopolitikoak hartzeko eremuetan emakumeek duten sarbidea, parte-hartzea eta eragina aztertzea, eta ekimenak eta estrategiak bilatzea emakumeen ahalduntze politikoa, ekonomikoa eta soziala eta lidergoa mesedetzeko eta sistema patriarkala aldatzen edo gainditzen laguntzeko.

  2. Beka eskatzen duten pertsonek edo taldeek beka-mota baterako baino gehiagorako ikerketa-proiektuak aurkez ditzakete.

  3. Beka emateak ez du kontratu-, lan- edo estatutu-loturarik ezarriko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin, eta ez da EAEko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen bulegoetan gauzatuko.

  1. Deialdi honetako hiru beka mota horiek norgehiagokaren prozeduraren bidez ebatziko dira. Ondorio horietarako, norgehiagoka esango zaio honako prozedura honi: dirulaguntzak nori eman erabaki baino lehen, aurkeztu diren eskaerak alderatzea eskaeren artean lehentasunak ezartzeko, betiere deialdian aldez aurretik ezarri diren balorazio-irizpideak betez, eta, irizpide horiek aplikatuta balorazio altuena izan duten eskaerei esleitzea, erabilgarri dagoen kredituaren barruan deialdian ezarri den muga errespetatuz.

  2. Aurreko artikuluan adierazitako helburuak betetzen laguntzeko diru-hornidura Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko da. Hirurogeita bederatzi mila bederatziehun eta laurogeita hemeretzi (69.999,00) eurokoa izango da; haietatik, 23.333,00 euro 2023ko ordainketa-kredituei dagozkie, eta gainerakoa, 46.666,00 euro, 2024ko konpromiso-kredituei.

    Laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko agindua).

  1. Bekak jaso ditzaketen pertsona fisikoak edo pertsona fisikoen taldeak aurrez beste erakunde publiko edo pribaturen baten beka berdinik jaso gabeak izango dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte eta, horrez gain, haien ikerlanek betekizun hauek bete beharko dituzte:

    1. Ikerlanaren aztergai-eremua eta garapena Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

    2. Argitaratu beharreko ikerlana hizkera ez sexista baliatuz idatzi behar da.

  2. Eskaera egiten duten banakoak edo taldeak izaera bereko beka, dirulaguntza edo laguntzen esparruan itzulketa- edo zehapen-prozesuren batean sartuta badaude eta laguntzak esleitzen bazaizkie, itzulketa- edo zehapen-prozesua amaitu egin beharko da laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Era berean, ordaintzeko betebeharrak egunean dituztela egiaztatu arte ez da dirulaguntza ordainduko.

  3. Baldin eta hainbat eskatzailek ikerlan bakarra aurkezten badute, titularkide direnek euren arteko bat izendatu beharko dute Administrazioaren aurrean koordinatzaile eta ordezkari izan dadin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan ezarritako betebeharrei jarraikiz.

  1. Eskabideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Erregistro Orokorrean (Manuel Iradier kalea 36, Vitoria-Gasteiz), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatutako edozein bulegotan.

    Posta-bulegoen bidez aurkezten diren eskabideak gutun-azal irekian aurkeztu beharko dira, postetxeko funtzionarioek ziurtatu aurretik data eta zigilua jar diezaieten; bestela, dagokion bulego publikoan sartu den egunean aurkeztu dela ulertuko da.

  2. Halaber, interesdunek bide elektronikoak erabil ditzakete prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko. Eskabideak bide elektronikoz aurkezteko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartu behar da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0037809

    Interesdunek onartutako egiaztagiri elektroniko bat izan behar dute, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

    Eskaerak ordezkari baten bidez ere aurkeztu ahal izango dira elektronikoki; horretarako, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan eman beharko du izena: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

    Eskabidearen osteko izapideak bide elektronikoz egiteko, egoitza elektroniko hau erabili ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  3. Erabilitako izapidetzeari buruzko zehaztapenak (aurrez aurrekoak nahiz elektronikoak) eskuragarri daude Emakumearen Euskal Erakundearen webgunean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ere eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0037809

  4. Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko bideak aurrez aurrekoa edo elektronikoa ez dakar prozeduraren hurrengo izapideetan bide hori erabiltzeko beharra.

  5. Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurki ditzakete, nahi duten eran. Interesdunek hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  6. Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2023ko otsailaren 15ean amaituko.

  1. Pertsonek edo taldeek eskabidea aurkeztu behar dute, non honako erantzukizunpeko adierazpen hauek jasoko diren:

    Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapenik edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

    Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez duela eskatu edo ez duela jaso ebazpen honetan araututako bekaren helburu bera duen dirulaguntza, laguntza, beka, diru-sarrera edo baliabiderik, beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik.

    Erantzukizunpeko adierazpena, beste erakunde publiko edo pribaturen baten beka berdin edo antzekorik ez duela jaso adierazteko.

    Dirulaguntzak itzultzeari lotutako betebeharrak egunean dituztela azaltzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

    Irakurri dituztela bete beharreko jarraibideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren eranskinak, eta egiazkoak eta osoak direla eskabide honetako datu guztiak, bai eta aurkeztu dudan dokumentazio guztia ere, eta nire gain hartzen dudala dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

    Itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta daude (erantsi prozeduraren hasieraren kopia).

    Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordaintzeke dituzte (erantsi prozeduraren hasieraren kopia).

  2. Eskabidea sinatu behar da, eta, harekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

    Zer beka motatara aurkezten den, I. eranskinaren arabera eta sinatuta. Ikerketa zenbait lagunen artean egitekoa bada, argiro zehaztu beharko da bakoitzak zer eginkizun eta zeregin izango dituen prozesuan eta nor izango den ikertzaile nagusia edo arduraduna.

    Taldeko kideen erantzukizunpeko adierazpenak eta baimenak, behar bezala sinatuta, II. eranskinaren arabera, eskatzaileari buruz aurretiaz adierazitako modu berean.

    Ikerlanaren azalpen-memoria, behar bezala sinatuta, III. eranskinaren arabera.

    Pertsona bakoitzeko, curriculum-eredua, behar bezala sinatuta, IV. eranskinaren arabera.

    Igortzen diren dokumentuen zerrenda, V. eranskinaren arabera.

    Eskabidea eta III. eranskina pertsonek edo koordinatzaileek sinatuta aurkeztu beharko dira, eta II. eta IV. eranskinak taldea osatzen duen pertsonak edo pertsona-taldeak sinatu beharko ditu, banaka.

  3. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, kautotasuna egiaztatzeko.

  4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin bat etorriz (2006ko uztailaren 25eko BOE, 176. zk.), dirulaguntzarako eskabidea aurkezten denean eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Pertsona eskatzaileek berariaz egin diezaiokete uko onarpenari; horretarako, ziurtagiria aurkeztu behar da, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bekarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 6. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Horrez gain, eskatutakoa egin ezean, eskaera ezetsi egingo dela ohartarazten zaio eskatzaileari; eskaera ezesteko, aurretiaz ebazpena eman beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan agindutakoari jarraikiz.

Akatsen zuzenketa bide elektronikoz egin ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Nire karpeta atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  1. Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko kide hauek osatuko dute batzorde hori:

    Presidentea: Zurie Elordi Romero andrea, Emakundeko idazkari nagusia.

    Batzordekideak:

    Noem Alangua Elvira andrea, Azterlan, Dokumentazio eta Plangintza Arloko arduraduna.

    Izaskun Garaigordobil Garmendia andrea, Administrazio Arloko arduraduna.

    Mara de los Llanos Olivas Lagunilla andrea, Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko teknikaria.

    Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.

  2. Hautaketa-batzordeak gaian adituak diren pertsonen laguntza eta aholkularitza izan dezake.

  1. Hautaketa-batzordeak baloratuko ditu eskatzaileak edo taldeko kideek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko bekaren gaiaren inguruko ikerlanak egiteko dituzten jakintzak, prestakuntza eta esperientzia, baita zehaztasun eta adierazpenerako gaitasuna, bekaren langaian jarduteko dituzten ahalbideak, eta ikerlan-proposamenaren ikuspegia ere. Horretarako, beka-mota bakoitza emateko, Hautaketa-batzordeak balorazio-irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:

    1. Ikerlanaren kalitatea, oro har (70 puntu, gehienez):

    1. Ikerlanaren esparru teorikoaren planteamendua (20 puntu, gehienez).

    2. Ikerlana argia eta bideragarria izatea, egutegia eta metodologia barne (20 puntu, gehienez).

    3. Ikerlanerako arduraldia (20 puntu, gehienez).

    4. Berrikuntzak (10 puntu, gehienez).

    1. Pertsonaren edo taldearen ibilbide profesionala (20 puntu, gehienez):

      Lana egiten duten banakoek edo taldeetako kideek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean duten ibilbidea, esperientzia eta prestakuntza; bereziki, eskatutako bekaren ikerketa gaiari buruz dutena.

    2. Ikerlanak euskaraz egitea (10 puntu, gehienez).

  2. Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.

  3. Aurrez hautatutako hautagaiei elkarrizketa baterako deia egingo zaie, eta bertan beren proposamena azaldu ahal izango dute. Hautaketa-batzordeak gehienez hiru hautagai elkarrizketatuko ditu beka bakoitzeko, puntuazioaren arabera.

  4. Hautaketa-batzordearekiko elkarrizketan, eskatzaileak edo talde-lanaren koordinazioa bere gain hartzen duen pertsonak aurkeztutako memoria edo proposamena azaldu beharko du. Batzordeak galderak egin ahal izango ditu azaldutakoari buruz eta bekaren xedeari buruz.

  5. Hautaketa-batzordeak, egindako balorazioaren arabera, esleipen-proposamena egingo du. Proposamenean jasoko dira beka-mota bakoitzerako hautatutako pertsonak edo taldea, ordezko eskabideen zerrenda pertsona edo talde onuradun batek uko egiten dionerako, eta kanpoan utzitako eskabideen zerrenda, kanpoan uzteko arrazoia adierazita. Beka mota baterako edo guztietarako, deialdia bete gabe uztea ere proposa dezake, baldin eta banako edo talde hautagairik ez baldin badago edo proposamena azaldu eta defendatzerakoan behar bezainbateko kalitatezko ikerlanik ez badago.

  6. Deialdi honetako hiru beketakoren bat eman gabe utziz gero, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bekaren diru-zenbatekoaz baliatzeko proposa dezake, eta diru-zenbatekoa beste beka bati ematea, hain zuzen ere, beste mota bien artean gizarte-interes gehien sortzen duen bekari.

Deialdi honetan aurreikusitako bekak bateraezinak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako eman dituen edo eman ditzakeen beste beka, dirulaguntza edo laguntza batzuekin.

  1. Hautaketa-batzordearen esleipen-proposamena Erakundeko zuzendariari helaraziko zaio. Zuzendariak ebazpen adierazia emango du; bertan, emandako eta ukatutako bekak adieraziko ditu, eta, hala behar denean, deialdia bete gabe utzi dela adieraziko du. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie banako zein talde onuradunei, bide elektronikoz edo postaz. Emandako beken zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

    Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoa erabili bada, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren Nire karpeta atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  2. Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan banakoari edo taldeari ebazpenik jakinarazi ezean, bekaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. Jabetza intelektualaren eskubideari buruzko arauen esparruan eta indarreko legedian jasotakoaren arabera erabiliko dira egindako lanak.

  2. Ustiapen-eskubideak, borondatez eta doan, erakunde honi laga dakizkioke. Erreproduzitzeko, banatzeko, jendaurrean komunikatzeko eta eraldatzeko, eta, orobat, ekonomikoki ustiatu daitezkeen gainerakoak, hain justu ere, mugarik gabe ustiapen-eskubideak eta egungo hizkuntza eta prozedura ororen bitartez erabil daitezkeenak, deialdi honetan jabetza intelektualari buruz aplikatu daitekeen araudiaren arabera xedaezinak diren baldintzetara eta mugetara egokitu beharko dira.

Ebazpen honetan arautzen diren beken onuradunek pertsonak nahiz taldeak izan Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoa (2003ko azaroaren 18ko BOE, 276. zk.), eta, bereziki, honako hauek:

  1. Emandako beka onartu behar dute. Horrela, beka eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek pertsona nahiz talde bekari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, beka onartu egin dutela esan nahiko du.

  2. Beka zertarako eman den, helburu horretarako erabili behar dute, eta gutxienez hiru hilean behin, horretarako jarritako egutegiaren arabera, egindako lanaren eta lortutako emaitzen berri eman beharko diote Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari, oniritzia edo onespena jasotzeko.

  3. Emandako beka motarekin bat datorren ikerlana egin behar dute, euskaraz eta/edo gaztelaniaz. Beka idazterakoan hizkuntzaren erabilera ez-sexista erabiliko da.

  4. Egindako lanen argitalpen eta publizitate orotan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntza jaso dutela azaldu behar da. Horretarako, erakundearen marka erreproduzitu beharko da publizitate-euskarrian, parte-hartze mailaren arabera dagokion tamainan, kokalekuan eta ikuskeran, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuarekin bat etorriz. Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundean eska daiteke. Erakundearen logotipoa jarri beharko da bekaz lagundu den lanean, 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan ezarritakoa betez. Markari buruzko dokumentazioa esteka honetan ere eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/nortasun-gidaliburua

  5. Diruz lagundutako ikerlanen bi kopia azaleztatuak eman beharko zaizkio Erakundeari (dokumentazio-zentroan gordeko dira), eta beste kopia bat euskarri informatikoan. Lana behar bezala hedatuko da erakundeak herritarrak sentsibilizatzen laguntzeko eta bekadunen etorkizuneko garapen profesionala sustatzeko eta laguntzeko egokitzat jotzen dituen bide eta euskarrietan. Lanaren egileak beti aipatu behar dira eta erabat bete beharko da jabetza intelektualaren eskubidea arautzen duen araudia.

  6. Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. Betekizun nahitaez bete behar da deialdia ebazteko eta laguntzak emateko ebazpena ematen bada ordainketak egin ahal izateko. Alta elektronikoki izapidetu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/

  1. Bekak hamar hilabete iraungo du, deialdiaren ebazpena jakinarazten den unetik aurrera, eta ezingo da beka-aldia luzatu.

  2. Beka bakoitza 23.333 eurokoa izango da, eta hiru zatitan ordainduko da: lehenengoa, ebatzi bezain laster; bigarrena, 2024ko ekitaldian, une horretan eginda dagoen ikerlana baloratu ostean; eta hirugarrena, bekaren helburu den azterlana jaso eta baloratutakoan, ekitaldi berean.

  3. 15 eguneko epean beka onartzen ez bada, beka eskainiko zaio ordezkoen zerrendan dagoen hurrengoari, puntuen arabera sailkatuta.

  4. Beka hartu duen banakoak edo taldeak bekari uko egiten badio, galdu egingo ditu oinarri hauetan adierazitako eskubide guztiak eta hasiera emango zaio itzulketa prozedurari, jasotako diru kopurua eta berandutze-interesak itzultzeko. Bekari uko egiteko idazkia beka-aldia hasita dagoenean aurkezten bada, ez da beste esleipenik egingo.

  5. Beken zenbatekoa kopuru gordina denez, beken onuradunen konturako zerga-atxikipenen mende geratzen da.

Beka emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbateko guztia eta zenbateko horri dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horretaz gain, dagozkion gainerako ekintzak gauzatuko dira. Zehazkiago, dirua itzultzeko arrazoi izango dira azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 36. eta 37. artikuluetan hartutako ekintza eta egoerak.

Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio emandako beka itzultzeko. Dekretu horrek hau ezartzen du:

  1. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio pertsona edo talde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio, egokitzat jotako alegazioak egiteko.

  2. Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.

    Ebazpenean adierazten bada baldintzak ez direla bete, galdutzat joko da beka jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

  3. Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

  4. Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik dirulaguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea hamabi hilekoa izango da, gehienez ere.

Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak izeneko datuen tratamendurako sartuko dira, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz.

Helburua: dirulaguntzak ematea hala eskatzen duten pertsona edo erakundeei.

Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua).

Hartzaileak:

Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.

Interesdun legitimatuak.

Organo judizialak.

Kontuen Auzitegia edo autonomia-erkidegoko baliokidea.

Hala badagokio, pertsona fisiko onuradunen datuak EHAAn argitaratzetik eratorritakoak.

Eskubideak: Datu horien erabilera Institutuak Botere Publikoak baliatuz egindako eginkizun bat betetzeko sustatutako laguntzak kudeatzeko erabilera esklusibora mugatzen da. Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta Erregelamenduan aurreikusitako beste edozein eskubide baliatu ahal izango dute. Datuak babesteari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/babesa-datuak

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure webgunean kontsulta dezakezu: https://www.euskadi.eus/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/622

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz jaso gabe geratu diren prozedura-alderdi guztietarako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, berau garatzen duen Erregelamendua onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 14a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik