Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2022ko abenduaren 26koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Abanto y Cirvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) meatzaritza-museoari dagokion Abra Industrialeko plan partzialaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko abenduaren 26koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Abanto y Cirvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) meatzaritza-museoari dagokion Abra Industrialeko plan partzialaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 12
  • Hurrenkera-zk.: 286
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/12/26
  • Argitaratze-data: 2023/01/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Abanto y Cirvana-Abanto Zierbenako Udalak, 2022ko urriaren 24an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari honako plan honen gainean: Abanto y Cirvana-Abanto Zierbena (Bizkaia) meatzaritza-museoari dagokion Abra Industrialeko plan partzialaren aldaketa puntuala. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko azaroaren 14an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Abanto y Cirvana-Abanto Zierbenako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok izan zezan ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egiteko aukera.

Erantzuteko legezko epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Abanto y Cirvana-Abanto Zierbenako meatzaritza-museoari dagokion Abra Industrialeko plan partzialaren aldaketa puntuala (aurrerantzean, Plana); izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikaturako prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Abanto y Cirvana-Abanto Zierbenako meatzaritza-museoari dagokion Abra Industrialeko plan partzialaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren xedea da Abra Industrial sektorearen indarreko Plan Partzialak ezarritako antolamendua aldatzea, Gallartako meatzaritza-museoa handitu ahal izateko.

    Abanto y Cirvana-Abanto Zierbena eta Ortuella udalerrietako industria- eta zerbitzu-sektorearen Plan Partziala, Abra Industrial SAk sustatua, 1999ko otsailaren 23ko 3. Foru Aginduaren bidez onartu zen behin betiko. Abanto y Cirvana-Abanto Zierbenako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasotako araudi berrienaren arabera (BAO, 187 zk., 2010/09/28), Plan Partzialak industria- eta zerbitzu-erabilerarako lur-eremu zabal bat antolatzen du, guztira 798.543 m2-ko azalerarekin (sistema orokorrak barne). Abra Industrial sektorea garatuta dago, haren urbanizazio nagusia egikarituta dago, eta orube asko dagoeneko eraikinek okupatzen dituzte.

    Planaren xede den eremua tokiko espazio libreetako E.L.L.5c izeneko lurzatira mugatzen da; 5.033 m2-ko azalera du, eta mugakide da E.P.L.2a tokiko ekipamendu publikoko lurzatiarekin (2.043 m2), zeinak meatzaritza-museoaren egungo instalazio nagusiak hartzen baititu. Planak E.L.L.5c lurzatiaren erabilera aldatzea proposatzen du, tokiko espazio libreetatik ekipamenduko sistema lokalera, aipatutako museoa handitu ahal izateko, bi lurzatiak Sistema Lokaleko Ekipamendu Publikoko lurzati bakar batean integratuz (E.P.L.2a). Horrez gain, museoko eraikinen lerrokadurak berraztertzen dira.

    Plan Partzialak adierazten du guztira 76.713 m2 erabiltzen direla gaur egun espazio libreen eta berdeguneen tokiko sistemetarako, hau da, sektorearen azaleraren % 11,51, Sistema Orokorrak kenduta; beraz, E.L.L.5c lurzatiko 5.033 m2 komunitate-ekipamendu bihurtzeak ez dakar espazio libreetarako eta berdeguneetarako azalera osoa nabarmen murriztea.

    Bidalitako dokumentazioaren arabera, aldaketa horrek ez dakar Abanto y Cirvana-Abanto Zierbenako HAPOn ezarritakoaren egiturazko aldaketarik, zuzkidura publikoaren izaera mantentzen baita, eta ez dakar, halaber, irabazizko eraikigarritasuna handitzea, Plan Partzialean definitutako tokiko sistemei soilik eragiten baitie. Nolanahi ere, E.P.L.2a lurzati berri definituaren multzorako, 2.830 m2-ko okupazioa eta 5.000 m2-ko eraikigarritasuna baimentzen dira; egun, aldiz, E.P.L.2a lurzatirako indarrean dagoen plangintzan 817 m2 eta 1.451 m2 daude baimenduta, hurrenez hurren.

    Alternatibei dagokienez, 0 alternatiba edo ez esku hartzea aztertzen da, eta kontuan hartuta lortu nahi den helburua eta ingurunearen urbanizazio- eta finkatze-maila, garapen-alternatiba bat aurkezten da. Baztertu egiten da 0 alternatiba, meatzaritza-museoa haztea eragozten baitu, bai eta gaur egun eskuragarri dauden baliabideekin bat datorren zerbitzua eskaintzeko aukera ere. 1. alternatiba da lehen deskribatutako irtenbidea.

  2. Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mendean jarri behar den ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: Planaren antolamendu-eremua industria-erabilera globaleko hiri-lurzoru finkatu bat da, Abanto y Cirvana-Abanto Zierbenako Gallartako gunearen hegoaldean kokatua. 5.033 m2-ko azalera du, eta alboko sistema lokaleko ekipamendu publikoko lurzatiarekin integratuko da. Guztira, 7.076 m2-ko azalera izango du. Aldaketa horrek ez dakar udalerriko HAPOn ezarritakoaren egiturazko aldaketarik, zuzkidura publikoaren izaera mantentzen baita, eta ez dakar, halaber, irabazizko eraikigarritasuna handitzea, Plan Partzialean definitutako tokiko sistemei soilik eragiten baitie. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

      3. Plana egokia ote den ingurumen-arloan bereziki garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana egikaritzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afektazio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduketak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, lurzoru kutsatuei, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina pairatu dezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren xede den eremua E.L.L.5c (5.033 m2) lurzatia da, E.P.L.2a lurzatian integratuta dagoena, eta guztira 7.076 m2-ko azalera du. Aldez aurretik esku hartu den eta ingurumen-balio esanguratsurik ez duen industria-lurzorua da, Gallartako gunearen hegoaldean kokatua. Meatzaritza-museoa hartzen duen lurzatia urbanizatuta dago, bai eta eremuaren ingurua ere, eta E.L.5c lurzatia zenbait egiturek okupatzen dute partzialki, eta eremuaren gainerakoa landaredidun espazio libreetara bideratzen da.

      Eremutik gertu, PV-140 Bodovalleko barnealdeko meategia eta ebaketa interes geologikoko lekua dago. Interes geologikoko lekutik 85 metrora dago, baina haren eragin-eremuaren barruan.

      Planaren xede den eremuan ez dago naturagune babesturik. Halaber, ez dago jasota beste katalogo batzuetan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, ezta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko guneen zerrendan ere), eta ez dago ez ibilgurik ez hezegunerik.

      Museoa handitzeko asmoa dagoen eremuko landaredia oso aldatuta dago. Eremu horretan, belar-landareak, sastrakak (sasiak, saukoak eta otadiak), fruta-arbola gazteak daude, eta baratze-gune bat. Espezie inbaditzaileak identifikatu dira, hala nola, Cortaderia selloana. Ez dago mehatxatutako flora-espezierik.

      Museoaren eremuaren barruan, zenbait elementu daude, eta hasiera eman zaio horiek deklaratzeari (Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2016ko urtarrilaren 18ko Ebazpena, Abanto Zierbenan (Bizkaia) dagoen Gallartako Bodovalle meategia monumentu-multzo izendapenaz sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera ematen diona eta espedientea jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen duena) kultura-ondasun gisa kalifikatzeko xedez, monumentu-multzo kategoriarekin: Gallartako hiltegi zaharra eta bi meatze-etxe. Meatze-etxeetako bat birgaitu dute, eta bestea birgaitzeko planak daude, zeina kontserbazio-egoera txarrean baitago. Planaren eremuaren inguruetan, halaber, Gallartako hilerria eta Concha meategia daude, eta proposatutako jarduerek ez dute eraginik horietan.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du uholde-arriskurik. Hala ere, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun ertaina eta handia du, eta Hegoaldeko Antiklinorioko lurpeko ur-masaren interes hidrogeologikoko eremu batean kokatzen da partzialki.

      Lur-zerrenda bat, Planaren eremuaren ekialdeko mugaren paraleloan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati batean sartzen da. Lurzati industriala da, eta 48083-00038 kodea du.

      Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera (aurrerantzean, IDE), Abra Industrial industrialdearen eremu osoa urbanizatu zenean kudeatu behar izan ziren E.P.L.2a (Gallartako meatzaritza-museoa) eta E.L.L.5c (Planaren xedea) lurzatiak, eta eremu hori deklaratuta, berreskuratuta eta salbuetsita dago. Hala ere, ez da aurkeztu kasu hori egiaztatzen duen informazio kontrastaturik.

      Arrisku teknologikoen artean, adierazi behar da udalerria SEVESO enpresen istripu-hipotesien eragin-bandaren alerta-eremuan dagoela. Zehazki, Petronor enpresarena, eremutik 4.000 m baino gehiagora dagoena.

      IDEak egoera akustikoa aztertzen du, eta zarata-foku nagusitzat identifikatzen ditu inguruko errepideetan ibilgailuak ibiltzearen ondoriozkoak eta industria-jarduera. Bizkaiko errepideen foru-sareko zarata-mapen arabera, eremua azterlan horretan jasotako errepideen zortasun akustikotik kanpo dago; beraz, IDEren ondorioa da eremuan ez dagoela 70 dB(A)-tik gorako zarata-mailarik.

      Deskribatutakoa kontuan hartuta, Plana garatzearen ondorio posibleak museoko instalazioak handitzeko egin behar diren lur-mugimenduekin lotuta daude nagusiki. Ekintza horien ondorioz, landaredia kenduko da, emisio atmosferikoak egingo dira, hondakinak sortuko dira, makinen joan-etorriak, isurketak, zaratak eta abar izango dira, eta horrek eragina izan dezake lurrazaleko uretan (kasu honetan, zeharkako afekzioak gerta daitezke, euri-urak biltzeko sistemen bidez), nahiz lurpekoetan, eta lurzoruetan, isurketengatik. Beste inpaktu posible batzuk emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrei eragindako eragozpenekin lotutakoak dira.

      Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lursailean egindako esku-hartzeari jarraipen berezia egin beharko zaio, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak behar bezala kudea daitezen.

      Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenaren arabera, ez da aurreikusten kultura-ondareari erasango zaionik.

      Era berean, Planaren eremua Bodovalleko barnealdeko meategia eta ebaketa interes geologikoko lekuaren eragin-eremuan kokatzeari dagokionez, eremuan egiten diren jarduketak, meatzaritza-museoaren jarduerarekin lotuta, bateragarriak dira babes-figura horrekin.

      Proposatzen diren jarduketak eta horien ondoriozko eraginak mugatuak direnez, uste da eragin horiek txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango direla, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

      Zaratari dagokionez, ez da aurreikusten ingurumen-eragin nabarmenik eremuaren kalitate akustikoan, proposatzen diren jarduketen ondorioz, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua betez garatzen badira, eta, bereziki, barneko espazioetarako kalitate akustikoaren helburuak betetzeari dagokionez (hezkuntza- edo kultura-erabilera).

      Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez, besteak beste, indarrean dagoen araudia betez egiten badira, betiere.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Abanto y Cirvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) meatzaritza-museoari dagokion Abra Industrialeko plan partzialari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Indarrean dauden arauen arabera, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera ezarriko dira babes- eta zuzenketa-neurriak. Besteak beste, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak egiteko:

      Kultura-ondarea babesteko neurriak:

      Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu behar diren.

      Identifikatutako arriskuekin lotutako neurriak:

      Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lursailean egindako esku hartzeari jarraipen berezia egin beharko zaio, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak behar bezala kudea daitezen. Ondorioz, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa beteko da. Hortaz, bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan xedatutakoarekin, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, aipatutako 4/2015 Legeak araututako prozeduraren arabera.

      Bat etorriz ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.3 artikuluan xedatutakoarekin, 48083 00038 lurzatirako lurzoruaren kalitatearen deklarazio bat badago lehendik, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari kontsulta egin beharko zaio, ebazpen arrazoitu baten bidez deklarazioaren baliozkotasunari buruzko irizpena eman dezan eta, hala badagokio, balio horri eusteko baldintzak ezar ditzan.

      Egoera akustikoari dagokionez, lehendik dauden eraikinak handitzean, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31. artikuluan ezarritako barneko espazioko kalitatearen helburu-balioak bete beharko dira.

      Beste prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaile batzuk:

      Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak.

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak hartuko ditu barnean, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

      Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

      Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

      Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.

      Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

      Abanto y Cirvana-Abanto Zierbenako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentziozko neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako kalteak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ahal dela, iragazgaiztu gabeko eremuetan ez da egingo makineria mantentzeko lanik.

      Obretako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatutakoa) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Obrak egunez egingo dira.

      Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

      Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana, edo beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

      Espazio libreen tratamendua: espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Espezie autoktonoak erabiliko dira, hariztiaren eta baso mistoaren ezaugarriak lehenetsita.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

      Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Abanto y Cirvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) meatzaritza-museoari dagokion Abra Industrialeko plan partzialaren aldaketa puntualaren barruko aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Abanto y Cirvana-Abanto Zierbenako Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Abanto y Cirvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) meatzaritza-museoari dagokion Abra Industrialeko plan partzialaren aldaketa puntuala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, non eta ez zaion ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarriko den moduan.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 26a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik