Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2023ko urtarrilaren 10ekoa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Flandria, Gales eta Korsikako Europako eskualde estrategikoekin 2023an lankidetza teknikoan aritzeko proiektuetarako laguntzak emateko. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko urtarrilaren 10ekoa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Flandria, Gales eta Korsikako Europako eskualde estrategikoekin 2023an lankidetza teknikoan aritzeko proiektuetarako laguntzak emateko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 12
  • Hurrenkera-zk.: 283
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/01/10
  • Argitaratze-data: 2023/01/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonoma; Garraio eta herri lanak; Hezkuntza; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia; Instituzional

Testu legala

Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuak Bazkide Estrategikoen Sareko kanpoko eskualdeekin lankidetza teknikoan aritzeko proiektuei laguntzak ematea arautzen du (2019ko apirilaren 1eko EHAA, 63. zk.).

Aipatutako dekretuaren 6. artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da deialdia egitea kanpoko eskualde estrategiko batekin edo gehiagorekin 2023an lankidetza-proiektuak egiteko laguntzak emateko; Lehendakaritzako 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan daude sartuta laguntza horiek.

Flandria, Gales eta Korsika Europako eskualde estrategikoak dira, eta Euskadik elkar ulertzeko memoranduma edo asmoen adierazpena sinatu du haiekin, dekretuan jasota dagoen bezala. Deialdi hau da, hain zuzen, bi komunitateen onerako proiektuak eta ekintzak koordinatu eta gauzatzeko lankidetzaren zehaztapen bat, zeina aipatutako memorandumean eta asmoen adierazpenean jasota baitago.

Hori dela eta, honako hau

Ebazpen honen xedea da deialdia egitea Flandria, Gales eta Korsikako Europako eskualde estrategikoetako pertsona juridikoekin egiten diren aldebiko jarduera- eta lankidetza-proiektuak 2023an finantzatzeko laguntzak emateko, honako hauetan jasotako gaiei buruz:

  1. Euskadik eta Flandriak 2021eko azaroaren 15ean sinatutako asmo-adierazpena:

    Ikerketa, garapena eta berrikuntza (industria eta teknologia, osasuna, gizarte-politikak, genero-berdintasuna, sektore publikoaren kudeaketa, azpiegiturak eta garraioa).

    Lan-merkatua eta ekonomia-politika (lanbide-heziketa, produktibitate- eta lehiakortasun-politikak).

    Ingurumena (klima-aldaketa, uren, materialen eta hondakinen tratamendua, eta ingurumenarekin eta energia berriztagarriekin bateragarriak diren teknologiak).

    Osasuna (batez ere, zainketa kronikoak).

    Kultura- eta sormen-sektoreak.

    Gizarte kulturaniztuna eta tolerantea bultzatzea (bakea eraikitzea eta giza eskubideak errespetatzea).

    Europako eskualdeen papera indartuko duten ekimenak eta aliantzak.

  2. Euskadik eta Galesek 2018ko uztailaren 12an sinatutako elkar ulertzeko memoranduma (bi gobernuek 2021eko uztailaren 12an sinatutako erabakiaren bidez luzatua):

    Mugikortasuna eta garraioak (batez ere, trenbide-azpiegiturak eta -zerbitzuak).

    Ingurumena eta klima-aldaketa.

    Teknologia, berrikuntza eta lehiakortasuna.

    Itsas energiak.

    Nekazaritzako elikagaien industria.

    Hezkuntza eta prestakuntza.

    Zerga-estrategia eta -politika, zerga-administrazioaren politika, aurrekontu-kudeaketa eta gizarte-zerbitzuak.

    Osasuna eta gizarte-laguntzako zerbitzuak, balioetan eta zahartze aktibo eta osasungarrian oinarritutako arreta medikoa.

    Negozio-aukerak.

    Gizarte kulturaniztuna eta tolerantea bultzatzea (batez ere, hizkuntza-politikaren eta kultura-sektorearen sustapenaren arloan).

  3. Euskadik eta Korsikak 2021eko apirilaren 13an sinatutako elkar ulertzeko memoranduma:

    Euskararen eta korsikeraren hizkuntza-normalizaziorako politikak.

    Kanpoan bizi den diasporarekin edo kolektibitatearekin harremanak eta loturak izateko politikak.

    Lankidetza garatzea Europako gaien esparruan.

    Beste lankidetza batzuk interes komuneko eremuetan, hala nola kulturan, turismoan, politika ekonomikoan edo ingurumenean.

Kreditua, guztira, 40.000 euro da, Flandria, Gales eta Korsikako Europako eskualde estrategikoekin 2023an lankidetza teknikoko proiektuak egiten laguntzeko; diru-kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ordainduko da.

  1. Eskatzaile bakoitzak proiektu bakarra garatzeko laguntza jaso ahalko du, aurkeztu daitezkeen eskabideen kopuruan mugarik jartzen ez bada ere.

  2. Proiektu bakoitzeko jaso daitekeen dirulaguntzaren zenbateko osoa ezin da izan 5.000 eurotik gorakoa.

  3. Laguntzak ematea arautzen duen martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren 15. artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntzen gehieneko zenbatekoa ezingo da izan erakunde eskatzailearentzat proiektuak duen kostuaren % 50 baino gehiago, eta honela ordainduko da:

    Lehenengo ordainketan, dirulaguntzaren % 40 emango da, dirulaguntza onartzen dela sinatu ondoren.

    Bigarren ordainketa, gainerako % 60a, proiektua bukatu eta gastu guztiak justifikatu ondoren egingo da; betiere, 2023ko azaroaren 30a baino lehen.

Kontzeptu hauetarako jaso daiteke dirulaguntza:

  1. Diruz lagundu daitezkeen proiektuak direla-eta Flandria, Gales eta Korsikako Europako eskualde estrategikoetara joan behar duten Euskal Autonomia Erkidegoko pertsonen bidaia- eta egonaldi-gastuak:

    Proiektu bakoitzeko garraio-gastuak: hegazkin-txartelen edo beste edozein garraiobideren kostu erreala; gehienez ere, 1.000 euro.

    Proiektu bakoitzeko ostatu- eta otordu-gastuak: 180 euro egunean, 7 egunetan gehienez.

  2. Aldebiko proiektuak egikaritzeko, sustatzeko eta hedatzeko gastuak, proiektu bakoitzeko jaso daitekeen dirulaguntzaren zenbateko osoa egin arte hau da, 5.000 euro, deialdi honen 3.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuan eskatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek telematikoki egingo dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/servicios/1089605, hor eskuragarri baitaude kanal elektronikoaren bidez izapidetzeko zehaztapenak, ereduak eta formularioak.

  2. Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Nire karpeta atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  3. Eskabideak aurkezteko epea hilabete izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

  1. Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, laguntzen organo kudeatzaileak kasu honetan, Europako Gaien Zuzendaritzak hamar eguneko epea emango dio eskatzaileari agiri osagarriak bidaltzeko.

  2. Epe hori igaro eta gero (jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita) eskatutako agiriak aurkeztu ez baditu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, betiere aurrez ebazpena emanda Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Dirulaguntza-eskaerak martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren 11.2 artikuluan aipatzen den ebaluazio-batzordeak aztertu eta ebaluatuko ditu, zeinak kide hauek izango baititu:

Batzordeburua: Concepcin Quintana Aguirre, Kanpo Harremanetarako zuzendaria.

Bokala: Eloisa Susaeta Azcoitia, Europako Gaien Zuzendaritzako goi-mailako teknikaria.

Idazkaria: Ibon Mendibelzua Madariaga, Europako Gaien Zuzendaritzako goi-mailako teknikaria.

Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoak dira ebaluazio-irizpideak.

Dirulaguntza-deialdia egin den urte naturalean hasi beharko da proiektua, 2023. urtean, eta urte bereko azaroaren 30a baino lehen burutuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Arau hauek ezarritakoaren mende daude ebazpen honek aipatzen dituen laguntzak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; eta Bazkide Estrategikoen Sareko kanpoko eskualdeekin lankidetza teknikoan aritzeko proiektuei laguntzak ematea arautzen duen martxoaren 26ko 47/2019 Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta egun horren hurrengotik aurrera izango ditu ondorioak. Denek jakin dezaten, www.euskadi.eus helbidean ere argitaratuko da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 10a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARA NGELES ELORZA ZUBIRA.