Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2023ko urtarrilaren 20koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Azazetako parke eolikoaren eta hari lotutako azpiegituren aurreproiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena. Aurreproiektua Aixeindar SAk sustatzen du Bernedo, Barrundia, Arraia-Maeztu, Alegra-Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliaga udalerrietan (Araba). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko urtarrilaren 20koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Azazetako parke eolikoaren eta hari lotutako azpiegituren aurreproiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena. Aurreproiektua Aixeindar SAk sustatzen du Bernedo, Barrundia, Arraia-Maeztu, Alegra-Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliaga udalerrietan (Araba).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 54
  • Hurrenkera-zk.: 1364
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/01/20
  • Argitaratze-data: 2023/03/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena

Testu legala

2021eko apirilaren 22an, Arabako Industria Administrazioaren Lurralde Ordezkaritzak jendaurrean jarri zuen Azazetako Parke Eolikoaren eta hari lotutako azpiegituren aurreproiektua, Aixeindar SAk sustatua Bernedo, Barrundia, Arraia-Maeztu, Alegra-Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliaga udalerrietan, bai eta dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa ere (IIA), Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan adierazitakoaren arabera, egoki iritzitako alegazioak aurkez zitezen. Izapide horri buruzko iragarkia 2021eko apirilaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 77. zenbakian argitaratu zen. Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, organo substantiboak egiaztatu zuen ez zela alegaziorik jaso.

Halaber, jendaurreko informazioaren izapidearen aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Arabako Industria Administrazioaren Lurralde Ordezkaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei. Emaitza espedientean jasoa dago.

2022ko urtarrilaren 24an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzaren eskaera jaso zen, Aixeindar SAk Bernedo, Barrundia, Arraia-Maeztu, Alegra-Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliaga udalerrietan sustatutako Azazetako parke eolikoaren eta hari lotutako azpiegituren aurreproiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko.

Espedienteko dokumentazioa berrikusi ondoren, 2022ko martxoaren 7an ingurumen-organoak errekerimendu bat bidali zion organo substantiboari aurkeztutako dokumentazioa zuzen zezan, eta jakinarazi zuen eten egin zela ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko epea, harik eta sustatzaileak bukatu gabe zituen azterlan osagarriak amaitu eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren testu bategina aurkeztu arte.

2022ko urriaren 25ean, organo substantiboak Azazetako Parke Eolikoaren Aurreproiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera osatu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan.

Dokumentazio hori aztertuta, egiaztatu da sustatzaileak aurreproiektuan aldaketarik egin ez badu ere, ingurumen-inpaktuaren azterketak informazio gehigarria sartu duela. Zehazki, azterlan osagarriak dituzten eranskinak sartu dira; besteak beste, paisaiari, basoko landarediari eta florari, abifaunari, saguzarrei, intsektu saproxilikoei, zaratari eta argi-eraginari buruzkoak.

Ingurumen-organoak eskatuta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 40.5 artikulua aplikatuz, Arabako Industria Administrazioaren Ordezkaritzak beste kontsulta bat egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, aipatutako informazioari buruz: ingurumen-inpaktuaren azterketaren testu bategina eta haren eranskinak, azterlan osagarriak dakartzatenak. Kontsultaren ondorioz, organo substantiboak txosten eta alegazio berriak sartu zituen espedientean 2022ko abendutik 2023ko urtarrilera bitartean.

Eskabideak, osatu ondoren, honako agiri hauek jasotzen ditu:

Azazetako parke eolikoaren aurreproiektua. Araba (Espainia). Aixeindar SA, 2020ko abendua. Eranskin gisa jasotzen ditu, besteak beste, Donemiliagako Azpiestazioaren 30/220 kV aurreproiektua (14. eranskina) eta Donemiliaga - Elgea 220 kV goi-tentsioko aireko linearen aurreproiektua (15. eranskina).

Azazetako parke eolikoaren proiektuaren eta hari lotutako azpiegituren ingurumen-inpaktuaren azterketa bategina. 2022ko urria.

Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitza (jendaurreko informazio-aldia, jasotako alegazioen zerrenda, alegazioen hitzez hitzeko kopia eta sustatzaileak alegazioei emandako erantzuna).

Eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidearen emaitza (kontsultatu diren administrazio publikoetako erakundeen zerrenda, jasotako txostenen hitzez hitzeko kopia eta sustatzaileak txosten horien ingurumen-edukiari buruz egindako gogoetak).

Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak 2022ko azaroan egindako kontsulta berriaren ondoren jasotako alegazioen eta txostenen emaitza (kontsultatu diren administrazio publikoetako erakundeen zerrenda eta jasotako txostenen hitzez hitzeko kopia).

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea, eta, aukerarik egokienak hautatzeari dagokionez, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia egitea, jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren planek eta proiektuek (publikoak zein pribatuak) ezinbestekoa izango dute ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Azazetako parke eolikoaren proiektua arau horren I.B eranskinaren 3. taldearen 3.3 epigrafean dago sartuta.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko ohiko prozedura baliokidetzat hartu behar dira.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Arabako Industria Administrazioaren Lurralde Ordezkaritzak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek eta interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiak kontuan hartzen dituela, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

Lehenengoa. Azazetako parke eolikoaren eta hari lotutako azpiegituren aurreproiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzea. Aurreproiektua Aixeindar SAk sustatzen du Bernedo, Barrundia, Arraia-Maeztu, Alegra-Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliaga udalerrietan (Araba).

Ingurumen-ebaluazio hau aipatutako proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean egina dago, eta honako jarduketa hauek biltzen ditu:

Azazetako parke eolikoa eta lurpeko husteko linea (30 kV-eko erdi-tentsioko lurpeko linea).

Donemiliaga 30/220 kV transformazio-azpiestazio elektrikoa.

Donemiliaga - Elgea 220 kV goi-tentsioko airetiko linea/transformazio-azpiestazio elektrikoa aireko husteko 220 kV-ko linea.

  1. Proiektuaren deskribapena eta kokapena.

  1. Sustatzailea eta organo substantiboa.

    Proiektuaren sustatzailea Aixeindar SA da.

    Organo substantiboa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritza da.

  2. Kokapena.

    Proiektatutako Azazeta parke eolikoak 40 MW-eko guztizko potentzia du instalatuta, eta lerrokatutako 8 aerosorgailu dauzka, Azazeta gainaren eta Galartza tontorraren artean dagoen gailur-lerroan, Bernedo eta Arraia-Maeztu udalerrietan. Entziako mendilerroaren eta Iturrietako mendien (ekialdean) eta Gasteizko mendien (mendebaldean) artean dagoen gailur-lerro luzean aurkitzen da. Erroten segidak 3.880 metroko luzera hartzen du Berdingaatik (975 m) eta Galartza tontorretik (1.036 m) Azazeta soilguneraino (946 m) 8 aerosorgailuak lotzen dituen sigi-sagako lerrokadurari jarraituz gero. Lerro zuzenean, lerrokadura nagusia 2.500 m pasatxokoa da.

    Aerosorgailuetatik hurbilen dagoen herria Izartza da (gaur egun hutsik), Z6.01 aerosorgailutik 1.000 m ingurura. Aerosorgailuetatik hurbilen dauden biztanleguneen artean, Azazeta aipatu behar da, Z6.07 aerosorgailutik lerro zuzenean 1.600 m ingurura baitago, mendilerroaren hegoaldeko aldean. Iparraldeko isurialdean, berriz, zenbait herri daude aerosorgailuen lerrokaduratik 2.000 m pasatxora lerro zuzenean: Egileta, Erentxun eta Ixona, 3.000 m pasatxora; Okina, Gauna, Adana Uribarri Jauregi eta Gereu biztanlegune txikiak aerosorgailuetatik 4.000 metro pasatxora. Gasteiz hiria parke eolikoaren ipar-mendebaldean dago, 10 km pasatxora.

    Donemiliagako transformazio-azpiestazio berria Iturrietako mendien oinean proiektatu da, Uribarri Jauregi (600 metrora) eta Gereu (350 metrora) herrien artean.

    Donemiliagako azpiestazioa Elgeakoarekin lotzen duen 200 kV-eko goi-tentsioko aireko lineari dagokionez, aireko trazadura planteatzen da, 9,1 km-ko luzerakoa eta 40 m-ko altuera duten 25 euskarriren bidez egina, Arabako Lautada hegoaldetik iparraldera zeharkatuko duena, soroen artean igaroz eta Txintxetru (500 m ingurura), Langarika (1.300 m), Ezkerekotxa (550 m), Gazeo (1.000 m) eta Heredia (350 m ingurura) herrietatik hurbil igaroz, Zuazolara iritsi arte. Han, lineak Aldaiako Mendien Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) ekialdeko mugan dauden lurrak zeharkatuko ditu airetik.

  3. Aztertutako aukerak.

    0 aukeraz gain (proiektua ez gauzatzea), bi aukera aztertu dira (1 eta 2), aerosorgailuak Azazetako mendatetik Okinako mendatearen ingurura doan gailur-lerroan bi kokapen posible proposatzen dituztenak. 1. aukerak aipatutako gailur-lerroaren mendebaldeko erdia hartzen du, eta 2. aukerak azkenik hautatu dena gailur-lerro horren ekialdeko erdia, Azazetako mendatetik Galartza mendiraino.

    Era berean, husteko linea elektrikoaren (goi-tentsioko aireko linea) trazadurarako bi aukera planteatzen dira, biak airekoak. 1. aukera edo mendebaldeko aukera, 9.265,50 metroko luzerakoa, Donemiliagako azpiestazioan hasi eta Elgeako transformazio-azpiestazio elektrikoan amaitzen da. Arabako Lautadako irla-hariztien KBEan (ES2110013) sartuta dagoen harizti batera hurbiltzen da haren trazadura. 2. aukerak edo ekialdeko aukerak, 9.109,33 metroko luzerakoak, 1. aukeraren hasiera eta amaiera bera ditu. Bi aukera horiek Aldaiako Mendiak KBEaren (ES 2110016) ekialdeko muga zeharkatzen dute.

    Aurreproiektuak (oinarrizko proiektuak) ez du alternatibarik planteatzen honako jarduketa hauetarako: parke eolikoko aerosorgailuen eta barne-sarbideen kokapena, erdi-tentsioko lurpeko linearen lurpeko trazadura aerosorgailuetatik Donemiliagako azpiestazio elektrikoraino eta aipatutako transformazio-azpiestazio elektrikoaren kokapena.

  4. Hautatutako aukeraren deskribapena.

    Oinarrizko proiektuaren arabera, 40 MW-eko potentzia instalatuko parke eoliko bat egingo da, 5.000 kW-eko potentzia unitarioa duten 8 aerosorgailuz osatua, Azazeta gainaren eta Galartza tontorraren artean dagoen gailur-lerroan kokatuak, itsas mailatik 915 m eta 1.035 m bitarteko kotetan, Bernedo eta Arraia-Maeztu udalerrietan. Parke eolikoak 7 aerosorgailuko lerrokadura nagusi bat du, Z6.01 eta Z6.07 arteko izendapena dutenak, eta beste aerosorgailu isolatu bat, lerrokadura nagusitik 725 m hegoaldera, Z6.08 deitua.

    Proiektuan sartzen dira, sarbideez eta barne-bideez gain, parkeari lotutako azpiegiturak ere. Eraikuntza berriko San Milln transformazio-azpiestazioraino eroango da parkeak sortutako elektrizitatea, 30 kV-eko eta 13.177 m-ko trazadura duten 2 eta 4 zirkuituko erdi-tentsioko lurpeko linea baten bidez. Azpiestazio horretatik abiatuta, goi-tentsioko aireko linea elektriko berri bat proiektatzen da, 220 kV-ekoa eta 9.109 m-ko luzerakoa, Elgeako azpiestazioarekin (lehendik zegoena) lotura egingo duena. Parkera lotutako azpiegitura horiek Barrundia, Alegra-Dulantzi, Iruraiz-Gauna, Arraia-Maeztu eta Donemiliaga udalerrietan daude.

    Parkearen ekoizpen garbia 109.876 MWh-koa da urtean, hau da, potentzia osoko 2.747 funtzionamendu-ordu baliokide.

    Parke eolikoak eta azpiestazio elektrikoak ukitutako azalera, guztira, 235.900 m2 ingurukoa da. Azalera horri gehitu behar zaio goi-tentsioko aireko linea elektrikoaren okupazioak eta zortasunak ukitutako 182.180 m2-ko azalera, gehi 74.683 m2-ko aldi baterako okupazioa. Aireko linea elektrikoaren zortasun-zerrendaren zati handi bat soroetan kokatzen da.

    Erdi-tentsioko lurpeko linearen 30 kV-eko lurpeko zirkuituak hartzen dituzten zangek A-132 errepidea zeharkatzen dute eta Donemiliagako azpiestazio elektriko berrirako bidea hartzen dute (Donemiliagako transformazio-azpiestazio elektrikoa, Donemiliaga udalerrian, Gereu herriaren inguruan). Elgeako azpiestaziora arteko ibilbidean, goi-tentsioko aireko lineak Iruraiz-Gauna, Donemiliaga eta Barrundia udalerriak zeharkatzen ditu. Halaber, gerta daiteke aerosorgailuen palen lurgainek eta plataformen bazterren batek Alegra-Dulantzi eta Iruraiz-Gauna udalerriak ere ukitzea.

    Laburbilduz, parke eolikoak honako osagai eta jarduketa hauek eskatzen ditu:

    Aerosorgailuak:

    Aurreproiektu-fasean hautatutako aerosorgailu-eredua SG 5.0 - 145 da. 107,5 m-ko abatz-altuera du, eta 145 m-ko diametroko errotorea. Beraz, aerosorgailu bakoitzaren altuera osoa 180 m-tan kalkulatzen da, eta, ekortze-eremua, 16.506 m2-tan. Biraketa-abiadura operatiboa 10,77 bira/min da.

    Gaingiroki, aerosorgailua muntatzeko, dorrearen zatiak ainguraketa-oinarrian muntatzen dira. Ondoren, dorrearen hainbat osagarri jartzen dira (eskailerak, plataformak, erorketen aurkako segurtasun-kablea, etab.), eta errotorea muntatzen da, lurrean bertan, palak abatzari lotuz. Azkenik, errotore osoa altxatzen da, 3 palekin. Pala bakoitza banaka muntatzeko aukera ere badago.

    Zimenduak eta muntatze-plataformak.

    Aerosorgailu bakoitzak oinarri zirkularreko hormigoi armatuzko zimendu bat egitea eskatzen du, 22,9 metroko beheko diametroa eta 6,0 metroko goiko diametroa izango dituena. Bigarren hori zimenduaren oinarritik 2,75 m ingurura egongo da. Zimenduak hondeaketa-lurrek estaliko dituzte.

    Gainera, aerosorgailu bakoitzak plataforma bat izango du erantsita, muntaketa-garabia bermatzeko eta beharrezko diren elementuak/ekipamenduak biltzeko. Plataforma horiek hiruki formakoak dira, eta 73 m x 42 m inguruko neurriak dituzte. Plataformaren barruan, 25 m x 18 m-ko laukizuzen bat izango da garabiaren berme-eremua, eta zoladura eduki beharra izango du. Plataformaren gainerakoaren akabera lur trinkotua da, indusketan hautatutako materialaz osatua.

    Gainera, aerosorgailu bakoitzaren ondoan, gune bat jarri behar da aerosorgailuaren materialak eta palak biltzeko eta garabi lagungarriak kokatzeko.

    Guztira, 8 aerosorgailuak muntatzeko plataformek eta materialetarako zelaiak 54.446 m2-ko azalera hartzen dutela kalkulatu da.

    Sarbideak eta barne-bideak.

    Azazeta Parke Eolikorako sarbidea A-132 errepideko 17,500 kilometroaren inguruan dagoen desbideratzetik egingo da, Azazeta mendate gainean. Puntu horretatik aurrera, lehendik zegoen bide batetik sartzen da. Ondoren, neurri handi batean, Ertzaintzak Berrozin (Bernedoko udalerria) dituen instalazioei zerbitzua ematen dien errepide- eta bide-sarea baliatzen da.

    Bai A-132 errepidearekiko lotunean, bai aerosorgailuetara iristeko bideetan, bideak egokitzeko jarduketak egitea planteatzen da garraio bereziak igaro ahal izateko. Gaur egun, ardatz nagusiaren zati bat asfaltatuta dago, baina beharrezkoa izango da bide hori okupatzea eta 5 edo 6 metroraino zabaltzea, garraio-kamioiak eta muntaketa-garabia hortik zehar igarotzeko. Gainerako bideetarako, 5 edo 6 metroko zabalerako bide-zorua diseinatzea aurreikusi da, iritsi nahi den kokapenaren arabera. Era berean, 4 itzulbide edo biraketa-eremu egingo dira, kamioiek norabidea aldatu ahal izan dezaten.

    Parkearen mantentze-lanetan palak edo gondoletako zati mekanikoak ordezteko, bitarteko horiek berak beharko dira. Beraz, diseinatutako zabalera berean mantendu beharko da bide-sarea, eta garabia bermatzeko zolatutako eremuak ere diseinatutako moduan mantendu beharko dira.

    Aurkeztutako oinarrizko proiektuaren arabera, parkerako sarbideek eta bertako barne-bideek 104.484 m2-ko azalerari eragingo diotela kalkulatu da.

    Erdi-tentsioko lurpeko linea elektrikoa.

    Erdi-tentsioko lurpeko lineak aerosorgailuek sortutako energia eroango du turbinen transformazio-zentroetatik Donemiliagako 30/220 kV azpiestaziora. Lurpetik joango da, 13.177 m inguruko luzerako ibilbidean, ahal den neurrian parkearen barne-bideekiko paraleloan, edo, bestela, lehendik zeuden bideekiko paraleloan.

    Zirkuitu elektrikoak hartuko dituzten zangek 1,1 m-ko sakonera minimoa eta 0,6 m-ko zabalera minimoa izango dute. Zangak irekitzeak 5 metroko zabalerako zerrenda bati eragingo diola kalkulatu da. Hala ere, oinarrizko proiektuaren memoriaren arabera, zangen sekzioak 6 m eta 9 m artekoak dira, hartzen duten zirkuitu kopuruaren arabera (1 eta 4 artean), eta gehienez ere 14 metrokoak dira, 4 zirkuituko hodiak hartzen dituzten bide azpiko zangen kasuan.

    Eraikuntza-fasearen ondoren, zangek eraldatutako lur zatia landareztatu egingo da, eta kontrol-kutxatiletako hormigoizko estalkiak baino ez dira ageriko. Nolanahi ere, landaretzarik gabeko eremu bat utzi beharko da azpiegituraren mantentze-lanetarako. Zuntz optikoaren sarea ere zirkuitu elektrikorako lurpeko zangetan joango da.

    Donemiliagako transformazio-azpiestazio elektrikoa.

    Donemiliagan, Gereu inguruan kokatutako azpiestazio berrian, tentsioa 30 kV-etik 220 kV-era igoko da transformadore berri baten bidez. Instalazioak kontrol- eta komunikazio-eraikin bat (128,64 m2), erdi-tentsioko bi gelaxka-eraikin (2 x 42,06 m2) eta lan-bulegoetarako eta biltegietarako eraikin bat (462,72 m2) izango ditu, guztiak solairu bakarrean, hormigoiz prefabrikatuak. Azpiestazioaren plataforma eraikitzeak 11.188 m2-ko azalerari eragiten dio.

    Goi-tentsioko aireko linea elektrikoa.

    Aurkeztutako oinarrizko proiektuaren dokumentuaren arabera, aireko trazadura bat planteatzen da parkean ekoitzitako energia elektrikoa husteko. 220 kV-eko linea bat da, goi-tentsioko aireko linea, Donemiliagako azpiestazioa eta Elgea transformazio-azpiestazioa lotzen ditu. Bigarrena Red Elctrica de Espaaren (REE) jabetzakoa da. Lineak zirkuitu sinpleko konfigurazioa izango du, fase bakoitzeko bi eroale dituena, eta guztira 9.109,33 metroko luzerakoa. Horietatik 90 m lurpean izango dira, eta gainerakoak airetik.

    Linea soroetatik igarotzen da batez ere. 25 euskarri ditu, eta zenbait ibai edo erreka gurutzatzea proiektatzen da: Arganzubi, Gereu, Etxebarri, Sasiturri, Sarri eta Zadorra.

    Egikaritze-epea.

    Parke eolikoa egikaritzeko epe osoa 9 hilabetekoa izango dela aurreikusten da. Azpiestazio elektrikoa egikaritzeko epe osoa 12 hilabetekoa da eta husteko linea elektrikoarena 6 hilabetekoa.

  5. Proiektuaren inguruneko ingurumen-elementu esanguratsuak.

    Parke eolikoko aerosorgailuen kokalekua hurbil dago EAEko Babestutako Naturaguneen Saretik, baina kanpoan. Hala ere, EAEko Naturagune Garrantzitsuen Katalogo Irekian sartutako gune baten (Gasteiz Ekialdeko Mendiak) parte da.

    Aerosorgailuen kokalekutik hurbilen dagoen naturagune babestua hau da: Gasteizko Mendi Garaiak (ES2110015) Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE). Horren lurrak 1.400 metro inguru mendebaldera daude hurbilen dagoen aerosorgailutik (Z06.01), eta haren babes-eremu periferikotik 1 km-ra. Izki eremu babestuak (ES2110019) hiru babes-figura ditu: Parke Naturala da, eta Natura 2000 Sareko naturagune babestua; horren barruan, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) da. Eremu babestu horretako lurrak kokaleku eolikotik hegoaldera daude, Z6.08 aerosorgailutik 1.500 m ingurura. Ekialdean, Entzia KBEa dago (ES2110022), parke eolikoa izango denetik 6 bat kilometrora.

    Gainera, aerosorgailuak kokatzen diren eremu guztia EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan definitutako Azpiegitura Berdearen parte da. Era berean, lotura-intereseko eremu gisa sailkatzen dute Arabako Lurralde Historikoko Ekologiaren eta Paisaiaren Konektibitatearen Estrategiak (Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza, 2005) eta EAEko Korridore Ekologikoen Sarearen Proposamenak (Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate Zuzendaritza, 2006).

    Bestalde, kokaleku eolikotik mendebalderako eremua Hegaztientzako Garrantzizko Eremu baten (SEO/BirdLiferen IBA zerrenda) parte da; zehazki, Izkiko eta Gasteizko Mendien 36. IBA eremuarena. Gainera, aerosorgailuak ezarriko diren eremu guztia abifaunaren babes-eremua da (Gasteizko Mendiak Azazeta sektorea), Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan ezarritakoa aplikatuz. Agindu horren bidez, arriskupean dauden espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta abifaunaren babes-eremuak non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira argitaratzen dira. Halaber, sai zuriarentzako gune kritikotzat jotzen da kokalekua, Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Plana onartzen duen maiatzaren 22ko 229/2015 Foru Aginduaren arabera. Izan ere, espezie horren habia bat 10 km baino gutxiagora dago parke eolikotik hurbilen dagoen eremutik.

    Erdi-tentsioko lurpeko husteko linearen trazadura Gasteizko mendien iparraldeko pagadi-masak zeharkatzen dituen bidezidorretik igarotzen da. Bestalde, goi-tentsioko aireko lineak, azken zatian 20. eta 23. euskarrien artean, Aldaiako Mendiak KBEa (ES2110016) zeharkatzen du; linea horren trazaduratik 1.000 m-ra, Arabako Lautadako Hariztiak KBEa (ES2110013) aurkitzen da.

    Proiektu osoa landa- eta baso-ingurune batean garatzen da. Lurzoruaren erabilera larreei eta txilardiei dagokie gailurrean non aerosorgailuak baitaude, eta, gainerakoan, baso naturalen eremu zabalei dagokie (pagadi azidofiloak iparraldera begira dauden hegaletan eta pagadi basofiloak eta erkameztiak hegoaldera begira daudenetan). Goi-tentsioko linea elektrikoak zeharkatzen dituen lurrak Arabako Lautadako soroak dira nagusiki, eta, han hemenka, lehenago aipatu diren biztanleguneak ageri dira.

  1. Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitza eta eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitza, laburbilduta.

    Ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da, alde batetik, 2021eko apirilaren 22an hasitako jendaurreko informazioaren izapidearen eta eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidearen emaitza, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Espedientean jasota daude sustatzaileak alegazioei erantzuteko aurkeztutako dokumentuak (2021eko azaroa), bai eta dokumentu bat ere, deskribatzen duena nola hartu diren kontuan eragindako administrazio publikoen txostenak (2022ko azaroaren 16a).

    Bestalde, I. eranskin horretan, halaber, aurkezten da eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei 2022ko azaroaren 4an eta 16an hurrenez hurren egindako kontsulten emaitzen laburpena. Kontsulten gaia sustatzaileak 2022ko urrian espedienteari erantsitako informazio berria zen (hau da, ingurumen-inpaktuaren azterketaren testu bategina eta haren eranskinak), aipatutako 21/2013 Legearen 40.5 artikuluaren arabera.

  2. Espedientearen analisi teknikoa.

    Espedientean dagoen informazioaren arabera IIAren testu bateginean jasotzen dena zein eragindako administrazio publikoek eta pertsona interesdunek egindako txostenetakoa barne, bai eta jendaurreko informazioaren izapidean jasotako alegazioetako informazioaren arabera ere, ebaluazioaren alderdi garrantzitsu hauek azpimarra daitezke laburbilduz:

  1. Aukerak hautatzeko ingurumen-azterketa.

    1. Aerosorgailuak kokatzeko aukerak.

    Aztertutako bi aukerek (1. eta 2.), aerosorgailuen eredu eta kopuru bera instalatzea planteatzen dute (8). Biek ala biek aztergai den gailur-lerroaren lehengai eoliko gehieneko eremuak bilatzen dituzte, makinak gunerik garaienetan banatuz eta ahalik eta ubera-efekturik txikienarekin, horrek optimizatu egiten baitu sorkuntza eolikoa. Esan bezala, bi aukera horiek gailur-lerro bera hartuko lukete, Azazetako mendatetik hasi eta Okinako mendatearen ingururaino. 1. alternatibak aipatu den gailur-lerroaren mendebaldeko erdia hartzen du, eta 2. alternatibak azkenik hautatu dena gailur-lerro horren ekialdeko erdia, Azazetako mendatetik Galartza mendiraino. IIAren aukerak analizatzean kontuan hartu diren inguruneari lotutako alderdiak honako hauek izan dira: zarata, lurzorua, landaredia, fauna, babestutako eta intereseko guneak, paisaia, kultura-ondarea eta lurzoruaren erabilerak.

    IIAk ondorioztatu du 2. aukera hautatzeko faktore erabakigarria hau dela: inpaktu txikiagoa izatea Gasteizko Mendiak ES2110015 KBE naturagune babestuan, Azazetako mendatetik iristeko erraza izatea eta landaredi naturalari gutxiago eragitea.

    2. Goi-tentsioko aireko linea elektrikoaren trazadura-aukerak.

    Bi aukera horien eragina antzekoa da. Berak dira trazaduraren hasiera eta amaiera (Aldaiako Mendiak KBEaren ekialdeko mugan). 2. aukera hautatu da, zeren Arabako Lautadako irla-hariztien KBEtik urrunago baitago.

  2. Hautatutako aukeraren inpaktu esanguratsuen tratamendua.

    Aztertutako dokumentazioaren eta kontsultatutako administrazio publikoek zein pertsona interesdunek bidalitako txostenen arabera, proiektuaren inpaktu garrantzitsuenak ingurunearen alderdiekin lotutako honako hauek dira:

    1. Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa.

    Obra-fasean, hautsa, partikulak eta gasak aireratuko dira lurrak mugitzearen eta landaredia kentzearen ondorioz, bai eta ibilgailuen eta makinen zirkulazioaren ondorioz ere. Sustatzailearen iritziz, eraikuntza-faseko airearen kalitate-galeraren inpaktua bateragarria edo ez-esanguratsua izango da; izan ere, obrak amaitu ondoren bertako baldintzak azkar lehengoratuko dira. Era berean, onargarritzat jotzen du kutsatzaile-ekoizpena, kontuan izanik eremu horrek duen gaitasuna atmosferako kutsatzaileak xurgatzeko eta barreiatzeko.

    Kalitate akustikoari dagokionez, aerosorgailuek ustiapen-fasean sortutako zarataren azterlan bat jasotzen du IIAk (testu bategina), hautatutako aerosorgailuaren ereduak (SG 5.0-145) sortutako immisio-mailetatik abiatuta. Azterlan horren emaitzek adierazten dutenez, parke eolikotik hurbilen dauden biziguneetatik (Azazeta, Egileta, Erentxun eta Ixona) hurbil dauden eremu guztietan, gaueko mailak (Ln), simulazio bidez lortuak, 45 dB (A)-tik Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzaren txostenean aipatzen den muga behera daude. IIAk ondorioztatu du parke eolikoak eragindako zaratak jarduketa aurreko hondoko zarata baino txikiagoak direla, eta, beraz, ez dutela eraginik azken horretan. Beraz, bete egiten dira aplikatu beharreko araudian (213/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa) ezarritako kalitate akustikoko helburuak.

    Equo Berdeak eta Mendiak Aske erakundeen alegazioek azpimarratzen dute horrelako instalazioek sortzen duten inpaktu akustikoa ingurune natural eta lasaietan.

    Ebazpen honen 4.2.2, 4.7 eta 5.6 apartatuetan, horri dagozkion babes- eta kontrol-neurriak hartu dira.

    2. Lurzorua, lurpea eta geodibertsitatea.

    Parke eolikoak eta azpiestazio elektrikoak eragindako azalera, guztira, 235.900 m2-koa izan da. Azalera horri gehitu behar zaio goi-tentsioko aireko linea elektrikoaren okupazioak eta zortasunak ukitutako 182.180 m2-ko azalera, gehi 74.683 m2-ko aldi baterako okupazioa. Aireko linea elektrikoaren zortasun-zerrendaren zati handi bat soroetan kokatzen da.

    Okupazio iraunkor nagusiak bideek (10,44 ha), eta muntaketa-plataformek (5,44 ha) eta zimenduek (0,37 ha) sortzen dituzte. Erdi-tentsioko lurpeko linearen zangak 6,2 ha-ko azalera hartuko du. Donemiliagako azpiestazioak 1,12 ha-ko azalerari eragingo dio.

    Sustatzaileak kalkulatutako lur-mugimendua, guztira, lur-erauzketako 196.714 m3 eta betelanetako 143.255 m3 dira. Horretan sartuta daude sarbideak, biraketa-eremuak, aerosorgailuen plataformak, zimenduak eta kanalizazio elektrikoetako zangak. Datu horien arabera, aurreproiektuak kalkulatu du landare-lurreko 51.506,50 m3-ko bolumena kenduko dela kaltetutako lur zatiak lehengoratzeko eta landareztatzeko erabiliko dena eta kudeatu beharreko lur eta arroken 53.500 m3-ko soberakina sortuko dela.

    Lurzorua okupatzeak eta eraldatzeak eragindako inpaktua arintzat ebaluatzen du IIAk, bai obra-fasean, bai jarduera ustiatzen den bitartean. Izan ere, ukitutako lurzoruak (aerosorgailu eta plataforma iraunkorrak, transformazio-azpiestazio elektrikoa, euskarriak eta bideen errodadura-banda) ez du hasierako baldintzetara itzultzerik modu naturalean, hau da, instalazioak eraitsi ondoren parke eolikoaren bizitza baliagarria amaitzen denean. Era berean, arintzat jotzen da obra-fasean higadura-efektuek eragindako arriskuen inpaktua, baina, neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren, inpaktu hori ez da nabarmentzat jotzen.

    San Romn, Trokoniz, Korres, Egino eta Auako administrazio-batzarren, Lautada landa-garapen elkartearen, Mendiak Askeren eta partikularren alegazioen arabera, proiektuak inpaktu handia izango du lurzoruan; izan ere, 23,59 ha-koa kalkulatzen den azalera zabal bat trinkotu eta higatu egingo da.

    Hauek dira, lurzoruari ahalik eta kalte gutxien eragiteko, IIAk obra-fasean jasotzen dituen neurri nagusiak: lehendik zeuden bideak aprobetxatzea lur-mugimenduak eta lurraren aldaketak ahalik eta gehien murrizteko; bilketak, makinak, instalazio osagarriak eta abar kokatzeko hautaketa arduratsua eginez, malda txikiko eremuetan kokatzea arrastatzeko eta ezegonkortasunak izateko arriskurik izan ez dadin; zona horiek behar bezala mugatzea eta seinaleztatzea trinkotuz eraldatutako lurzoru-azalera minimizatzeko, bai eta isurketa-arriskuak ere; albo batean kokatzea zortasun-bidea, konexio-zanga eta aerosorgailuen zimenduak parke eolikoa eraikitzeko ukitutako lurzoru-zerrenda ahalik eta gehien murrizteko; landare-lurra kentzea eta biltzea geroago inguruko paisaia eta landaretza lehengoratzeko lanetan erabiltzeko; horretarako egokitzen diren eremuetatik kanpo makinak mantentzeko eta konpontzeko debekatzea; ustekabeko kutsaduragatik kaltetutako lurzoruak kentzea eta kudeatzaile baimenduari garraiatzea; etab. Era berean, ebazpen honen 4.11 apartatuan neurri zuzentzaileak aurreikusten dira obrek eragindako eremuak lehengoratzeko.

    3. Hidrologia eta hidrogeologia.

    Ikuspegi hidrogeologikotik, proiektua Kapildui azpiunitatean dago, Urbasa Unitate Hidrogeologikoaren barruan. Azpiunitatearen barnealdean zein ertzetan dauden iturburu ugariren bidez drainatzen da akuiferoa; horietako bi erdi-tentsioko zangatik oso hurbil daude. Ez da aurkitu inbentarioan sartutako interes geologikoko beste puntu edo eremurik.

    Mendiak Aske elkarteak argudiatu du proiektuak kaltetu ditzakeela lehendik zeuden hornidura-iturburuak, alderdi hori ez dela behar bezala aztertu ingurumen-inpaktuaren azterketan eta nahitaezkoa zela horri buruzko azterketa hidrogeologiko bat egitea. Era berean, San Romn, Trokoniz, Korres, Egino eta Auako administrazio-batzarren, Lautada landa-garapen elkartearen eta alegatu duten pertsona fisikoen iritziz, proiektuak inpaktu larria izango du uretan eta akuiferoan.

    Ura / Uraren Euskal Agentziak espediente horri buruz egindako txostenaren arabera, iturburu horietako batzuk hornidurarako erabili izan diren arren, gaur egun Erentxun (Iruraiz-Gauna) bakarrik hornitzen da horietatik. Bestalde, aurreko paragrafoan aipatutako txostenaren arabera aerosorgailuak eta erdi-tentsioko lurpeko linearen zangak dauden eremua interes hidrogeologikoko eremua bada ere, eta, beraz, azpiko akuiferoaren kutsadurari begira oso urrakortasun handikoa, zimendatzeak 3-3,5 metroko sakonera izango du; hau da, oso txikia, eta ez du pentsatzeko biderik ematen lurrazaleko jariatzean, infiltrazioan eta akuiferoaren lurpeko fluxuetan aldaketak gertatuko direnik.

    Lurrazaleko hidrologiari dagokionez, aerosorgailuak goialdeetan dauden arren ibai-ibilguetatik eta beste ur-puntu batzuetatik urrun, sarbideak zein barne-bideak, erdi-tentsioko zanga eta goi-tentsioko linearen trazadura ur-puntuetatik hurbil igarotzen dira edo lurrazaleko uren ibilguak zeharkatzen dituzte:

    Z6.08 eta Z6.01-Z6.02 aerosorgailuetara iristeko bidea, 500 m inguruko tartean, Berrozi ibaitik oso gertu igarotzen da, eta, izen bereko biztanlegunearen inguruan, gurutzatu egiten du. Bide hori bera Pea del Fresnoko zingiraren ondotik igarotzen da, EAEko Hezeguneen Inbentarioan sartuta dagoena (B1A14 kodea), eta, beraz, EAEko Hezeguneen LPSko III. taldekoa dena.

    Erdi-tentsioko lurpeko linearen kanalizazio elektrikorako zangaren trazaduraren zati handi bat Santa Isabel errekaren ertzetatik igarotzen da, eta gutxienez bi puntutan zeharkatzen du, Giputzuriko Santa Isabel baselizatik gora eta behera. Kanalizazio horrek berak Alegra ibaiaren goi-ibarra osatzen duten bi erreka gurutzatzen ditu, Uribarri Jauregi inguruan, eta Adana edo Jauregiko ureztapen-putzua inguratzen du, Iruraiz-Gaunan. Putzu hori Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialeko III. multzoan sartuta dago (FA50 kodea).

    Goi-tentsioko aireko linea Arganzubi, Etxabarri eta Zadorra ibaien gainetik igarotzen da. Linea horren euskarrietako batzuk ur-ibilgu horietatik gertu daude, eta zaintza-eremuari eragiten diote. Hala eta guztiz ere, euskarri guztiak ibilguetatik 25 metrora baino gehiagora kokatuko dira, ibaiertzei ez eragiteko moduan.

    Alderdi horiei dagokienez, honako hauek dira sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotzen dituen neurriak: drainatze-sarearekin inolako interferentziarik ez izatea, edo, hala balitz, lurrazaleko uren fluxurako pasabideak gaitzea; kontrol zorrotza egitea makinak mantentzeko lanei, hormigoizko upelak hormigoi-instalazioan bertan garbitzeari eta hondakinak behar bezala kudeatzeari; lur-mugimenduak eskatzen dituzten obrak ahalik eta denbora laburrenean egitea, eta baldintza klimatologiko egokietan (prezipitaziorik gabe); eraldatutako eremuak azkar eta sakon landareztatzea. Ustiapen-faseari dagokionez, aipatutakoen antzeko neurriez gain, ingurumen-inpaktuaren azterketak transformazio-azpiestazio elektrikoan garbigune bat instalatzea planteatzen du, parke eolikoaren ustiapen-fasean sortutako hondakinak jasotzeko. Garbigune hori hesituta egongo da, teilatua eta aireztapena izango ditu eta lau paretetatik hirutan estalita egongo da. Lurzoru zolatu eta iragazgaitz baten gainean kokatuko da, gutxienez % 2ko malda izango duena, istripuz izandako isurketak bilketa-sistema batera joan daitezen, andel batera iritsi arte, kudeatzaile baimenduari eraman baino lehen.

    Baldintza horietan, IIAren arabera hidrologiaren gaineko inpaktua bateragarria edo ez-esanguratsua izango da.

    Bestalde, Uraren Euskal Agentziak eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak beren txostenetan adierazten dute parke eolikoaren eraikuntza-, funtzionamendu- eta eraispen-faseetan aurreikusitako jarduketak a priori bateragarriak izango direla sistema hidrikoarekin, betiere aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotako neurriak gauzatzen badira, bai eta jarduketa-eremuko ingurune hidrikoa babesteko beharrezkoak diren neurri guztiak ere bai lurrazaleko bai lurpeko, kutsadurarik edo degradaziorik ez izateko, eremu horretako dinamika hidrologikoa nabarmen aldatuko ez dela bermatzeko eta lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatea une oro ziurtatzeko.

    Sarbideei eta barneko bideei dagokienez, Uraren Euskal Agentziak beharrezkotzat jotzen du parkearen mendebaldeko muturrean dauden aerosorgailuetara (Z6.01, Z6.02 eta Z6.08) sartzeko alternatibak aztertzea, Berrozi errekaren ibilgua ez kaltetzeko. Horretarako, ibaitik urrunago dauden sarbideak planteatu beharko dira, eta, nolanahi ere, bidea (betelanak barne) errekarantz zabaltzea saihestu beharko da. Era berean, kontu handiz ibili beharko da EAEko Hezeguneen Inbentarioan dagoen Pea del Fresnoko zingiraren ondotik igarotzen den bide-zatian ere.

    Bestalde, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, 2022ko abenduan egindako txostenean, zehazten ditu jabari publiko hidraulikoari eragiten dioten jarduketen gidalerro teknikoak, hauei buruzkoak: pasabide- eta drainatze-obrak, ibilguak gurutzatzea eta, oro har, jabari publiko hidraulikoari eta haren zortasun- eta zaintza-eremuei eragiten dien edozein jarduera eta obra. Nolanahi ere, jarduketa horiek arroko erakundearen administrazio-baimena beharko dute, bai eta jabari publiko hidraulikoa kutsatu edo degradatu dezaketenek ere.

    Era berean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak adierazi du egikaritze-proiektuan zehaztu beharko dela zein gurutzaketa mota egingo den ibilguen gainean erdi-tentsioko lurpeko linearen bidez, eta, horien artean, hobe dela ibilgu azpiko gurutzaketak edo lehendik zeuden egiturei atxikitakoak egitea, betiere jabari publiko hidraulikoari kalterik eragiten ez bazaio. Bereziki, Berrozi erreka zeharkatzen duen pista berriaren kasuan, eraginak minimizatu beharko lirateke izen bereko biztanlegunetik gora.

    4. Batasunaren intereseko flora, landaredia eta habitatak.

    IIAk (testu bategina) dakarren azterlan botaniko espezifikoaren arabera, proiektuaren eragin-eremuan 37 landaredi mota identifikatu dira guztira EUNIS sailkapenaren arabera; horien artean, baso naturalak, txilardiak, larreak, belardiak, baso-landaketak, heskaiak, laboreak eta landaretza erruderala. Horrek erakusten du zer aberastasun botaniko duen lekuak. Landare-formazio horien guztien artean, nabarmendu behar dira jarraian aipatzen diren Batasunaren intereseko habitatak (BIH) eta eskualde-intereseko habitatak.

    Batasunaren intereseko habitatak:

    3150 Magnopotamion edo Hydrocharition landaredia duten laku eutrofiko naturalak: abeltzaintzan erabiltzeko putzu artifizial txiki bati da. Hasiera batean, proiektuak ez dio eragingo. Habitat mota horrek oso kontserbazio-interes handia du; izan ere, oso berezia da eta faunarentzat interes ekologiko estrategikoa du, batez ere ornogabe eta anfibioentzat, baita kiropteroentzat ere.

    4090 Txilardi oromediterraneo endemikoak, otaberarekin. Aztergai den eremuan nagusi diren sastrakadiak dira. Aerosorgailuen eta azpiegituren lehentasunezko kokalekua gailur-lerroko larre eta sastraketan dago, non txilardi horiek oso ondo ordezkatuta baitaude.

    6210 Larre mesofiloak Brachypodium pinnatum espeziearekin (Festuco-Brometalia) (*orkidea azpimarragarriak dituzten parajeak). Batez ere, aztergai den eremuko gailur-lerroetan, lepoetan eta zelaiguneetan hazten dira, abeltzaintza-erabilerarekin lotura duten alderdietan, eta, beraz, proiektuak eragingo die, batez ere aerosorgailuak ezartzen diren zonetan.

    6220* Gramineoen zona subestepikoak eta Thero-Brachypodietea-ren urterokoak. Goi-tentsioko aireko linearen lurpeko eroanbideak habitat horren azalera txiki bati eragingo dio. Habitatei buruzko Zuzentarauaren arabera, kontserbatzeko lehentasuna du.

    7140 Trantsizioko zohikaztegiak. Ur-iturburu txiki bat baino ez da identifikatu horrelako formazioak izateagatik kartografiatua izateko adinako garrantzia duena. Ez da aurreikusten proiektuak zuzenean eragingo dionik.

    9120 Pagadi azidofilo atlantikoak, Ilex- eta batzuetan Taxus-oihanpearekin (Quercion robori-petraeae edo Ilici-Fagenion). Baso horiek dira nagusi aztertutako eremuko mendi-oinen hegal laiotzetan, eta masa helduak eta oso ondo egituratuak dituzte, kontserbazio-interes handikoak. Gorosti-oin ugari ditu, eta, tarteka, hagin- eta ezpel-unada batzuk, baita hagin- eta ezpel-oin bakan batzuk ere. Horrek habitat horren kontserbazio-interesa areagotzen du. Batez ere, goi-tentsioko husteko aireko linea egikaritzeak eragingo dio.

    9240 Quercus faginea eta Quercus canariensis espezieetako harizti iberiarrak. Aztertutako eremuan hedadura zabala dute formazio hauek. Kontserbazio-interes handia dute. Formazio finikoloak dira, beren banaketaren ekialdeko mugan daudenak eta masa heldu eta ondo egituratuak dituztenak. Gainera, askotariko baso klimazikoak direnez, eremu horretako baso-estalkia aberasten dute. Eraginak pairatuko dituzte han-hemen aerosorgailu, pista eta husteko lineak direla kausa.

    Eskualde-intereseko habitatak:

    Hurriztiak. Baso-ertzeko egiturak eratzen dituzte eremu honetan, oso adierazgarriak baso- eta artzaintza-ezaugarriak dituztelako. Badute nolabaiteko interesa, aztertzen ari garen eremuko baso-estalkia aberasten baitute, nahiz eta oso komunitate pobretuak diren. Elikagune garrantzitsuak dira basa-ungulatuentzat, bai eta abaroan egoteko ere. Bideek eta ezpondek eragingo diote habitat horri.

    Elordi ez-atlantikoak. Basoen ertzetan aurkitzen ditugu eta abeltzaintza-belardiak kolonizatzen dituzte, lurzoru fresko eta garatuetan. Horrek abeltzaintzaren karga murrizten du. Baso klimazikoen aurreko faseari dagokio. Aurreko kasuan bezala, badute nolabaiteko kontserbazio-interesa, larreak eta sastrakak lehengoratzen diren etapak direlako, eta abifaunarentzat eta beste fauna-talde batzuentzat gune estrategikoak direlako. Bideek, ezpondek, plataformek eta zangak eragingo diote habitat horri.

    Ibaiertzekoak ez diren sahastiak, mendi-hegal hezeetakoak: oso urriak dira aztergai dugun eremuan, eta badute nolabaiteko interesa; izan ere, mendi-hegaletako gune azonaletan daude, ur-iturburu eta -jariatzeei lotuta, eta interes handikoak dira flora turfikolarentzat eta fauna-talde askorentzat.

    Bertako espezieen heskaiak: baso- eta zuhaixka-espezieen dibertsitate handia dute ezaugarri, eta badute belar-geruza egokia ere. Kontserbazio-interes handia dute sartuta dauden baso- eta artzain-paisaian. Batez ere erdi-tentsioko lurpeko linearen zangak eragingo die.

    Pagadi basofilo edo neutroa: aztergai dugun eremuko goiko zatietako baso bereizgarria da, eta ingurune geografiko horretako mendi-hegal eta haranen lursail zabalak hartzen ditu. Pagadi azidofiloen kontserbazio-interes maila bera du, eta horiei lotuta dago. Gorosti-oin ugari ditu, eta, tarteka, hagin-unada batzuk, baita hagin-oin bakan batzuk ere. Horrek habitat horren kontserbazio-interesa areagotzen du. Eragin nagusia bideek eta ezpondek egindakoa da.

    Flora babestua.

    Egindako prospekzio espezifikoen emaitzen arabera, proiektuaren eragin-eremuan Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan (EMEK) sartutako honako flora-espezie hauek identifikatu dira: hagina (Taxus baccata), gorostia (Ilex aquifolium), nartzisoa (Narcissus minor subsp. minor, Narcissus bulbocodium eta erratza (Ruscus aculeatus). Espezie horiek guztiak Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan (EMEK) sartuta daude, interes bereziko kategorian.

    Ezpel arruntaren (Buxus sempervirens) ale bat ere aurkitu da, tamaina handikoa, eta Quercus robur espeziearen multzo bat ere bai (Jauregui errekaren haranaren hondoan, Giputzuriko Santa Isabel ermitaren eta Errotaldeko urmaelaren artean; bertatik igaroko da erdi-tentsioko lurpeko linea). Nahiz eta espezie horiek ez dauden EMEKean jasota, kontserbazio-intereseko espezietzat jotzen dira.

    Orkideen azterketa espezifikoa.

    Habitatei buruzko Zuzentarauaren arabera, 6210* habitata (Brachypodium pinnatum duten larre mesofiloak) kontserbaziorako lehentasunezko habitat moduan hartzen da orkidea nabarmenak dauzkanean. Habitat hori lehentasunezkoa izan daitekeen zehazteko, IIAren testu bateginak azterlan espezifiko bat jasotzen du (5. eranskina) proiektuaren eragin-eremuko orkideei buruz. Lortutako emaitzek erakusten dutenez, Z6.01, Z60.02 eta Z60.08 aerosorgailuak ezarriko diren zonan orkideek ordezkaritza nabarmena dute, Orchidaceae familiari dagozkion 20 taxon inbentariatu baitira. Dena den, taxon horietako bat ere ez den arren EMEKean sartutako espezieena, espezie horietako batzuk arraroak edo urriak dira maila lokalean edo testuinguru geografiko honetan. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzak egindako txostenaren arabera, Galartza tontorraren inguruko habitat hori lehentasunezkoa da, eta ingurumen-organo honek bat egiten du ondorio horrekin (Habitatak interpretatzeko Europar Batasunaren eskuliburuaren arabera: Orkideentzako leku garrantzitsuak aintzat hartu behar dira, besteak beste, guneak orkidea-ordezkaritza nabarmena duenean (a) irizpidea). Bestalde, Europako Batzordearen 6210 habitataren Ekintza Planak (2019) lehentasunezkotzat jotzen du 6210 habitata, baldin eta orkidea-espezie ugari biltzen baditu, eta bereziki aipatzen ditu Ophrys, Orchis, Neotinea eta Serapias generoak. Berastegi eta Claveraren (2008) irizpidea aplikatuz, 6210* habitata lehentasunezkotzat hartzeko a) irizpidea betetzen da, 9 espezie baino gehiagoko dibertsitatea baitago. Arabako Natur Institutuak (ANI) ere 6210* habitataren lehentasunezko izaera azpimarratzen du bere alegazioan.

    IIAk (testu bategina) arintzat jotzen du landarediaren gaineko inpaktua, hartuko diren ingurumen-neurriak kontuan hartuta, bereziki lehengoratze-proiektua.

    Alderdi horien gainean garrantzitsuak dira Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailak egindako txostenak. 2022ko abenduaren 1ean eta 14an sartu ziren espedientean, hurrenez hurren.

    Txosten horietako lehenengoak jasotzen duenez, Batasunaren eta eskualdearen intereseko habitatak galtzeak eragindako inpaktua, gutxienez, larritzat hartu behar da.

    Proiektuaren ondorioz galduko litzatekeen baso autoktono helduen azalerak, aipatutako txostenaren arabera, kopuru hauek izango lituzke.

    Pagadi azidofiloari (BIH 9120) 1,69 ha-tan eragingo lioke.

    Pagadi basofiloari (EIH) 4,41 ha-tan eragingo lioke.

    Erkameztiari (BIH 9230) 1,6 ha-tan eragingo lioke.

    Horri eragin-azalera hauek gehitu behar zaizkio:

    Txilardi oromediterraneoari (BIH 4090) 3 ha-tan eragingo lioke.

    Larre lehor erdi naturalei eta kare-substratuen gaineko sastrakadi-faziesei (BIH 6210*) 1 ha-ko azaleran eragingo lieke.

    Guztira, beraz, kontserbazio-interes handiko 7,7 ha baso heldu galduko lirateke, eta hori oso inpaktu handitzat jotzen da. Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzaren erakundearen txostenaren arabera, sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotzen dituen neurriak ez dira nahikoak eragin hori zuzentzeko, eta, beraz, beharrezkotzat jotzen du konpentsazio-neurri handiak ezartzea. Ondorioz, eta aipatutako txostenaren arabera, IIAk dakarren lehengoratze-planak anbizio handiagoko planteamendu bat jaso beharko du, bertako baso helduaren 7,7 ha horien galera konpentsatzeko eta proiektuaren ingurunearen funtzionaltasun ekologikoa ahalbidetzeko. Konpentsazio Plan horren ezaugarri orokorrak aurrerago zehazten dira.

    Bai San Romn, Trokoniz, Korres, Egino eta Auako administrazio-batzarrek, bai Lautada landa-garapen elkarteak eta partikularrek, bai Mendiak Aske elkarteak eta Arabako Natur Institutuak (ANI) proiektuak landaredian duen inpaktu handia azpimarratu dute.

    Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Hirigintza Sailaren txostenak, bestalde, bat egiten du proiektuak eragingo duen baso autoktonoen galera handia nolabait arintzeko konpentsazio-neurriak ezartzeko beharrarekin. Bestalde, txosten horrek, baso naturalak eta flora-espezie mehatxatuen kokaguneak babestearekin lotutako zenbait prebentzio-neurriz gain, planteatzen du proiektuan bi aldaketa eginez gero nabarmen murriztuko liratekeela landarediaren gaineko inpaktuak, eta, ondorioz, aldaketa horiek eraikuntza-proiektura eraman behar direla. Hauek dira aipatutako aldaketak: ingurumen-inpaktuaren azterketaren (testu bategina) 5. eranskinean proposatzen direnak Z6.01 eta Z6.02 aerosorgailuen eta horiei lotutako plataformen kokapena 50 m eta 70 m artean mugitzea, hauskortasun txikiagoko lekuetara eta aerosorgailu horietarako sarbideen lotunearen trazadura aldatzea, orkideen eta arriskuan dauden beste flora-espezie batzuen aberastasunik handieneko eremuak saihesteko.

    Ebazpen honen 4.4 apartatuan, IIAn planteatutakoez gain, Batasunaren eta eskualdearen intereseko flora, landaredia eta habitatak babesteko neurri gehigarriak sartu dira, eta 4.13 apartatuan, berriz, proiektuak elementu horietan izango dituen ondorioak konpentsatzeko neurriak.

    5. Fauna.

    IIAk (testu bategina) faunari buruzko analisi batzuk jasotzen ditu, proiektuaren eragin-eremuan dauden taldeentzat zehaztuak, eta bereziki aztertzen ditu proposatzen diren lanekiko urrakortasunik handiena dutenak: abifauna eta kiropteroak. Abifaunari dagokionez, bereziki garrantzitsua da Azazetako parke eolikoaren (Araba) eta haren husteko linearen okupazio-inguruneko abifaunaren urteko jarraipen-txostena. 2022ko urria. IIAren (testu bategina) 9. eranskin gisa erantsia dago. Azterlan horrek urte osoko behaketa-ziklo bat hartzen du (2021eko irailetik 2022ko abuztura). Abifaunari eta kiropteroei buruz 2020-2021 aldian egindako urte osoko lehenengo azterlanaren hedapena da (zenbait administraziok eta pertsona interesdunek osatu gabekotzat jo zuten aurreko hori jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapidean). Laburbilduz, hauek dira bigarren azterlanaren ondorio nagusiak:

    Abifauna.

    Aerosorgailuen ezarpen-eremuari dagokionez, 46 paseriforme- eta antzeko hegazti-espezie aurkitu dira, tamaina ertain eta handiko 11 hegazti-espezie eta 3 gaueko hegazti-espezie.

    Goi-tentsioko husteko aireko linearen eremuan, 41 paseriforme- eta antzeko hegazti-espezie aurkitu dira, tamaina ertain eta handiko 15 hegazti-espezie, 6 gaueko hegazti-espezie eta 14 hegazti urtar espezie.

    Horietako hamasei Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan (EMEK) sartuta daude. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Galzorian daudenen kategorian (EN) miru gorria dago; urrakorren kategorian (VU) mirotz urdina, sai zuria eta mozolo arrunta; bakanen kategorian (RR) amiamoko zuria, mendebaldeko zingira-mirotza, euli-txori beltza, arrano txikia, zapelatz liztorjalea eta txilinporta txikia; eta interes bereziko kategorian (IE) gabirai arrunta, mirotz zuria, erroia, sai arrea, zata arrunta eta murgil handia.

    Espezie horiei buruzko daturik aipagarrienak honako hauek dira:

    Aerosorgailuen gunea.

    Miru gorria (EN) zortzi aldiz agertu zen parke eolikoan eta 23tan goi-tentsioko aireko linean; ale migratzaileak eta negutarrak nabarmendu ziren. Lotokirik hurbilenak Narbaizan daude, goi-tentsioko aireko linearen ipar-muturretik 4 km iparraldera, eta Erroeta eta Musitu artean, linearen hego-muturretik 3,5 km hego-ekialdera. Gainera, 12 km mendebaldera, Gardeegiko hiri-hondakinen zabortegia dago. Bertan, miru gorrien, sai arreen eta sai zurien lotoki misto bat sortzen da.

    Sai zuriak (VU) Azazeta ingurua erabiltzen du hegaldatzeko. Zentsuak egitean, 11 ale heldu hauteman dira Z6.01 eta Z6.02 aerosorgailuen palen altueran hegaldatzen, Z6.08tik gertu. Habiarik hurbilena Okinan dago, Z6.01 aerosorgailutik 5 km-ra, eta Arraia-Maeztukotik 10 km-ra.

    Sai arreak (IE) Azazetan ohikoa ez du kume-koloniarik parke eolikotik 10 km-ko erradioan, eta 6 kolonia daude Azazetatik 10-20 km-ra. Hala ere, 7 km ekialdera Erroitegiko janlekua eta labarrak daude; sai arreak bertara joaten dira elikatzera eta lo egitera. Landa-laneko bisitetan, espezie hori 6 eta 57 aldi artean detektatu da eguneko.

    Arrano beltza (VU), Bonelli arranoa (EN) eta ugatza (EN) ez ziren zentsuetan detektatu, baina GPS transmisoreekin egindako jarraipenen bidez egiaztatu da Azazeta eremua erabiltzen dutela hegaldatzeko eremu gisa, bai eta Erroitegiko janlekuaren ingurunea ere.

    Mirotz urdina (VU), mirotz zuria (IE) eta zingira-mirotza (RR) ez ziren parke eolikoaren eremuan detektatu, baina bai husteko linean, batez ere hegoaldean, habiak egiteko guneak baitaude han eta eremu hori sarri erabiltzen baitute.

    Tamaina handiko eta ertaineko espezieen dibertsitatea ertaina izan zen, txikiranzko joerarekin. Zortzi espezieek maiz erabili zuten parke eolikoaren eremua, eta bederatzik husteko linearen eremua.

    Hegaztien ugaritasuna handiagoa izan zen udazkenean (migrazioa) eta udan (ugalketa). Urtaro horretan erregistratu ziren dibertsitate-baliorik handienak. Oro har, neguan pobrea da hegazti-komunitatea. Eztei ondoko migrazioa nabarmena izan zen urriko bigarren hamabostaldian eta azaroko lehenengoan, eta bi espezie nabarmendu ziren: txonta arrunta eta birigarro txikia. Eztei aurreko migrazioa ez zen agerikoa izan, zentsu-egunetan behinik behin. Hala ere, ugaltzaileak heldu zirenean espezie kopurua hazi egin zen.

    Parke eolikoaren eremuan, espezie ohikoenak sai zuria, sai arrea, zapelatz arrunta, belatz gorria, belabeltza, erroia, gabirai arrunta eta miru gorria izan ziren. Erantsitako irudietan, oro har, irudikatzen dira tamaina ertain eta handiko hegaztien eta, oro har, Harraparientzako Sentikortasun Indize (HSI) altuena duten hiru espezieen (sai zuria, miru gorria eta sai arrea) erabilera ohikoeneko eremuak.

    Talka-arriskuari dagokionez, espezie guztientzako Espazio Urrakortasunaren Mapak (EUM) adierazten du Z6.01, Z6.02 eta Z6.08 aerosorgailuak sentikortasun-mailarik handieneko laukietan daudela, eta gainerako aerosorgailuak, berriz, sentikortasun oso handiko laukietan. Hegaldi gehienak Z6.08 aerosorgailuen inguruan izan ziren (guztizkoaren % 35), eta ondoren Z6.01 eta Z6.03 aerosorgailuen inguruan (% 13 eta % 12, hurrenez hurren).

    Harraparientzako Sentikortasun Indizearen (HSI) balioa batezbestekoaren gainetik duten espezieen (sai zuria, sai arrea eta miru erreala) urrakortasun-mapan, Z6.03, Z6.4 eta Z6.05 aerosorgailuak, sentikortasun oso handikoak izan beharrean, sentikortasun handikoak dira.

    Husteko linea:

    Husteko linearen inguruan, espezie ohikoenak honako hauek izan ziren: mirotz urdina, zingira-mirotza, zapelatz arrunta, belatz gorria, belabeltza, erroia, koartza hauskara, miru gorria eta etxeko usoak.

    Linea elektrikoan hegaldi gehienak linearen ipar- eta hego-muturretan gertatu ziren.

    Abifaunari dagokionez, hauek dira beste gai interesgarri batzuk:

    Aerosorgailuen ezarpen-eremua Hegaztientzako Garrantzizko Eremu baten barruan dago (IBA zerrenda); zehazki, 36. IBAn (Izkiko eta Gasteizko Mendiak). Parke eolikoaren eremuan, mendibalderen dagoen sektorean kokatutako sei aerosorgailuak (Z6.01, Z6.02, Z6.03, Z6.04, Z6.05 eta Z6.08) IBA horren barruan egongo lirateke.

    AFAren Ingurumen eta Hirigintza Sailaren txostenaren arabera, azpimarratzekoa da 4 arrano txiki habia daudela kokagunetik 5-7 km-ra, mirotz zuri habia bat 7 km-ra eta gabirai- eta aztore-habia bana parke eolikoaren 4 eta 5 kilometro arteko distantzian.

    Azkenik, esan behar da aerosorgailuak ezarriko diren eremua abifaunaren babes-eremua dela (Gasteizko Mendiak-Azazeta sektorea), Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan ezarritakoaren arabera. Agindu horren bidez, arriskupean dauden espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta abifaunaren babes-eremuak non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira argitaratzen dira. Hala ere, goi-tentsioko aireko linearen trazadura ez dago sartuta, aipatutako aginduan, abifauna babesteko izendatutako eremuen artean.

    Kiropteroak.

    Aurreko kasuan bezala, IIAk jasotzen ditu Azazeta parke eolikoa ezarriko den eremuan dauden kiroptero-populazioen urte osoko zikloaren (2021eko irailetik 2022ko irailera) azterlan espezifiko baten emaitzak, bai eta eguneroko jardueraren emaitzak ere ingurumen-faktoreekin lotura eginez. Azterlanaren esparruak aerosorgailuak ezarriko diren eremua hartzen du, bai eta horren inguruko 10 km-ko buffer bat ere, 36.500 hektareako azalera duena. IIAren arabera, bigarren azterlan horretan jarraitutako metodologiak oinarritzat hartu ditu Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkartearen (SECEMU) ezarritako betebeharrak (Gonzalez, 2013). Elkarte horrek 2021eko maiatzaren 31ko txostenean agerian utzi zituen 2020 eta 2021 artean kiropteroei buruz egindako lehen azterketaren zenbait akats (7. eranskina).

    Laburbilduz, hauek dira azterlan horren ondorio nagusiak:

    743 erregistro lortu dira laginketa jarraituko estazioan, Z6.04 posiziotik gertu dagoen dorre meteorologikoan. Urrakor gisa jotzen diren 3 espezie erregistratu dira: Miniopterus schreibersii, Nyctalus lasiopterus eta Nyctalus noctula. Hurrenez hurren, 6, 20 eta 295 erregistro izan dituzte, hau da, altueran erregistratutako hegaldien % 0,09, % 0,30 eta % 4,38. Era berean, egindako laginketetan Miniopterus schreibersii detektatu zen, baina espezie horren identifikatutako erregistroak oso urriak izan dira. Erregistro gehienak, 4.960, interes bereziko Nyctalus leisleri saguzar espezieari dagozkio; erregistroen % 73,5 hartzen ditu. Ondoren, Pipistrellus dator, interes berezikoa hori ere, 1.170 erregistro izan dituena, hau da, % 17,35.

    Aerosorgailuak ezarriko diren eremutik gertu, ez da hauteman ez kontzentrazio handirik, ez kiropteroen kontzentrazio potentzialeko gune handirik. Era berean, ez da aurkitu, proiektuaren ezarpen-eremutik gertu, neguko kontzentrazioak dituen babeslekurik. Ezagutzen den babeslekurik hurbilena Portillo de la Gesaleko leizea da, aerosorgailuen eremutik 7,7 km ingurura.

    Z6.05, Z6.06 eta Z6.07 posizioen artean egindako trantsektu bidezko laginketen emaitzen arabera, hegaldi kopururik handiena maiatzetik abuztura eta urritik azarora bitartean detektatu zen; hala ere, laginketak meteorologiak baldintzatu zituen. Bestalde, ikusi da Ertzaintzaren basera sartzeko bideko kale-argietako luminariek intsektu gehiago kontzentratzea eragiten duela tarte horretan.

    Kiropteroentzako potentzialtasunik handiena duten eremuak ingurunean zehar barreiatuta daude: eremu zuhaiztuenak; hurbilean oso ur-masa ugariak dituztenak; herriak; haitzuloak eta abar.

    Zona horretan a priori sentikorrena den espeziea Nyctalus leisleri da; izan ere, espazioa nabarmen gehiago erabiltzen du gainerako espezieek baino.

    Gau bakoitzeko hegaldi kopururik handienak uztailean izan dira, eta, ondoren, maiatzean eta abuztuan; hilabete horietan izan ohi da kiroptero-jarduerarik handiena. Jarduerarik handiena 22:00etatik 23:00etara izaten da, eta, gero, pixkanaka, behera egiten du jarduerak.

    Hegaldien ehuneko metatu handiena 14 C eta 20 C artean gertatzen da gutxi gorabehera. Ehunekorik altuena 16 C-tan izaten da, haize-abiadura 7 edo 8 m/s-tik beherakoa denean.

    Intsektu saproxilikoak.

    Arestian aipatutako taldeez gain, IIAk (testu bategina) Aldaiako Mendiak KBEko (ES2110016) goi-tentsioko aireko lineak eragindakoa intsektu saproxilikoen presentziari buruzko azterlan espezifiko bat dakar. Azterlanaren xede diren espezie saproxilikoen urtaroaren araberako jarduera-ziklo bat jasotzen du. Azterlan horren emaitzen arabera, eremu horretan, besteak beste, Habitatei buruzko Zuzentarauko hiru espezie daude, eta, beraz, lehentasunezko babesa behar dutenak: Osmoderma eremita, Cerambyx cerdo eta Lucanus cervus. Hiru espezie horiei lotutako habitat nagusia zuhaitz urtetsuak dira, zehazki erkametz urtetsuei, gehienak lepatuak, goi-tentsioko aireko lineak zeharkatutako azken zatian daudenak.

    Inbentarioan sartutako fauna gehiago. Anfibioak eta narrastiak eta beste espezie batzuk:

    Arabako Natur Institutuak jendaurreko informazioaren izapidean emandako txostenaren arabera, proiektuaren ingurunean badaude hezegune txikiak, kasu batzuetan aldi baterakoak, honako anfibio-espezie hauek hartzeko gai direnak: Arrabioa (Salamandra salamandra), apo arrunta (Bufo spinosus), uhandre palmatua (Lissitriton helveticus), ur-igel arrunta (Pelophylax perezi), baso-igel arrunta (Rana temporaria), txantxikua (Alytes obstetricans). Aipagarria da, txosten horren arabera, baso-igel jauzkari (Rana dalmatina) populazioak daudela proiektatutako erdi-tentsioko zangaren inguruan dagoen hezeguneetako batean; espezie urrakor gisa katalogatuta dago. Aipatutako txostenak ere nabarmentzen du aerosorgailuen kokalekuaren eremuan Satyrium pruni tximeletaren populazio bat dagoela EAEn oso banaketa mugatua duen espeziea.

    Proiektuak faunarengan eragindako inpaktu nagusiak.

    IIAren arabera (testu bategina), hauek dira proiektuaren eragin-eremuan dauden fauna-komunitateen gaineko inpakturik esanguratsuenak eta haien balorazioa:

    Zuzeneko eraginak: faunari enbarazu egitea eta banakoak galtzea: obra-fasean harrapatze-arriskuen eta habitatak galtzearen ondoriozko inpaktua. Inpaktu arintzat hartzen da, bai parke eolikoa eraikitzean, bai martxan dagoen bitartean, instalazioen presentziaren ondorioz galduko den habitata dela eta; horren barnean, faunarentzako hegaldatze-, ugalketa- eta elikatze-eremuak sartzen dira.

    Giza presentzia handitzearen ondoriozko inpaktuak: ez-adierazgarritzat jotzen dira, bai obretan, bai ustiapen-fasean; azken epe horretan ibilgailuen joan-etorrien hazkundea guztiz txikia izango da.

    Habitatak zatitzea eta biodibertsitatea galtzea: inpaktu arintzat jotzen da, bai obretan (habitata zuzenean suntsitzea, espezieei lurraldearen erabilera aldaraztea), bai parkearen ustiapen-fasean ere (populazioek habitatak aldi baterako uztea eta lekuz aldatzea), kontuan izanda habitaten ingurunea ez dela berez lehengoratuko, baizik eta prebentziozko neurriak eta neurri zuzentzaileak beharko dituela (Paisaia Lehengoratzeko eta Integratzeko Plana).

    Talken ondoriozko hegaztien eta kiropteroen heriotzak: IIAren arabera (testu bategina), eta arestian aipatutako abifaunaren eta kiroptero-faunaren jarraipenak egitean lortutako informazioa aintzat hartuta, sustatzaileak arintzat jotzen du kokaleku eolikoa izango denaren inpaktua, aurrerago zehazten diren prebentzio- eta zuzenketa-neurriak kontuan hartzen badira.

    Hesi-efektua eta konektibitate-galera. IIAk hesi-efektua aztertzen du, iragazkortasun-adierazle gisa aerosorgailuen arteko distantzia erabiliz (Azazeta parke eolikoaren kasuan, pala-punten arteko batez besteko distantzia minimoa 250 metrokoa da, eta distantzia minimoa 171 metrokoa). Izan ere, hesi-efektuak eragin handiagoa izan dezake hegazti planeatzaileengan, haien hegaldatzeko ohiturak aldaraztea ekar baitezake (IIAren arabera, kiropteroek parke eolikoaren ezarpen-eremuaren erabilera mugatua egiten dute, eta, beraz, haien gaineko inpaktua esanguratsua izango denik baztertu egiten da). IIAren arabera, hesi-efektua ez da esanguratsua izango ukitutako espezie gehienentzat, kontuan izanda parkeko aerosorgailuen artean planteatzen diren tarte minimoak eta 10 kilometroko erradioan aurreikusita dauden beste parke eoliko batzuekiko (Iturrietako mendiak) distantzia. Inpaktua arintzat jotzen da.

    Sustatzaileak proposatzen dituen neurri zuzentzaileek, funtsean, honako bi alderdi hauetan eragiten dute: obra-jardunbide egokietan eta langile espezializatuek astero eraikuntza-fasearen jarraipena egitean, horren bidez katalogatutako espezieen presentzia zehazteko eta espezie horiei ez eragiteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko. Ustiapen-faseko neurrien oinarria da abifaunaren eta kiropteroen jarraipen- eta zaintza-plan espezifiko bat ezartzea, benetako inpaktua zehaztu ahal izateko eta, horrela, talkek edo elektrokuzioek eragindako heriotzarik ez izateko neurri egokiak ezarri ahal izateko. Gainera, beste neurri batzuen artean, parkea martxan jarri aurretik Musituko janlekua lekualdatzea proposatzen du.

    Hegaztientzako talken aurkako neurriei dagokienez, planteatzen da, besteak beste, aerosorgailu guztietan 3DOBSERVER sistema automatikoak instalatzea, hegaztiak detektatzeko, eta, arriskuaren arabera, esku hartzen duen aerosorgailua gelditzeko gai direnak. Era berean, proposatzen da sarraskia berehala kentzea eta aireko linea elektrikoa txori-babesgarriekin seinaleztatzea.

    Kiropteroei dagokienez, IIAn proposatzen diren neurrien ardatza da eguneko eta urteko une jakin batzuetan aerosorgailuen funtzionamendua murriztea, haize- eta tenperatura-baldintza jakin batzuk gertatzen direnean (6 m/s-tik beherako abiadura eta 15 C-tik gorako tenperatura, hurrenez hurren). Era berean, planteatzen du LED motako argiak erabiltzea parke eolikotik gertu intsektuak erakartzeko ahalmen txikiagoa baitute, ahal den neurrian, edo, egoera jakin batzuetan, itzaltzea.

    Ekologistak Martxan, SeoBirflife eta ANI erakundeen alegazioek kritikotzat jo dute abifaunaren gaineko eragina; bereziki, babestutako espezieen gainekoa. Horren oinarria da badirela zenbait harrapari parke eolikoen jarduerarekiko urrakorrak direnak. Era berean, IIAren testu bateginaren 2021-2022 zikloko kiropteroei buruzko bigarren txostenaren (10. eranskina) emaitzak ikusita, bai Ekologistak Martxan Arabak bai ANIk ondorioztatu dute kiropteroen gaineko eragina kritikoa izango litzatekeela. Ez da erantzunik jaso 2021-2022ko urte osoko zikloaren bigarren azterlanaz SECEMUri egindako kontsultaren inguruan.

    Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailak egindako txostenek hurrenez hurren 2022ko abenduaren 1ean eta 14an espedientera gehituak parke eolikoaren ustiapen-aldian zaintza zorrozteko beharra adierazten dute (baita parke eolikoaren ustiapenaren lehenengo urtean eguneroko jarraipena egitekoa ere). Beharrezkoa izanez gero, programatzeko neurriak aurreikusi beharko dira ia berehala, urteko aldi jakin batzuetan edo eguneko une jakin batzuetan aerosorgailuren bat aldi baterako geldiarazteko, bai eta arrisku handiak sor ditzaketen baldintza klimatiko edo ingurumen-aldagai zehatzen aurrean jarduteko ere. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailaren txostenak, gainera, beste neurri batzuk ere gehitzen ditu, hala nola, kontrastea handitzea aerosorgailuen palak margotuz, goi-tentsioko linea elektrikoaren ibilbide osoan euskarrien arteko baoetan txori-babesgarriak jartzea, eta goi-tentsioko linea azken zatian lurperatzea eragina pairatu dezakeen Aldaiako mendietako KBEko eremuan, besteak beste. Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak, bestalde, adierazten du, arriskuan dauden espezieek talka eginez gero, parke eolikoari aplika dakiola Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikoaren Ministerioaren aerosorgailu gatazkatsuekin jarduteko protokoloa.

    Hala ere, bi txostenak ez datoz bat Musituko janlekua lekualdatu beharrari buruz. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzaren txostenak aldeko irizpena ematen dio janlekua parke eolikotik urrunago dagoen beste kokaleku alternatibo batera lekualdatzeko IIAren proposamenari, baina Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Saila, janlekuaren erakunde arduraduna, lekualdaketa horren aurka dago, uste baitu ez dela baliagarria lortu nahi diren ondorioetarako, eta janleku hori, gaur egun, funtsezkoa dela harrapariak eskualdez gaindi kontserbatzeko, bai eta horietako batzuen kasuan, hala nola ugatza, kontinente mailan kontserbatzeko ere. Arabako Natur Institutuak ere, 2023ko urtarrilaren 11ko alegazioan, neurri horren eragozpenak azaldu zituen.

    Txostenetan adierazitako neurriak eta basafaunari buruzko bestelako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai eta konpentsazio-neurrien proposamena ere, ebazpen honen 4.2, 4.5 eta 4.13 apartatuetan jaso dira. Azkenik, jasotako txostenak eta alegazioak ikusita, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ez da sartu Musituko janlekua lekualdatzeko neurria.

    Kiropteroei dagokienez, bi txostenak bat datoz; haien iritzian, beharrezkoa da aerosorgailuen funtzionamendua murrizteko neurriak ezartzea, IIAn (testu bategina) proposatutako baldintzak betetzen direnean. Neurri horiek ebazpen honen 4.5 apartatuan jaso dira.

    6. Eragina Natura 2000 Sarean eta interes naturaleko beste eremu batzuetan.

    Natura 2000 Sarean izango duen eraginari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketak azterlan bat dakar, Natura 2000 Sarean izango duen eraginari buruzkoa 15. eranskin gisa erantsi zaiona ingurumen-inpaktuaren azterketari (testu bategina). Sustatzailearen arabera, azterlan hori egiteko erreferentziatzat hartu dira MITECOk Natura 2000 Sarearen gaineko eraginak ebaluatzeko ezarritako gidalerroak eta irizpideak. Azterlan horrek, funtsean, proiektuak Aldaiako Mendiak ES2110016 KBEan izan ditzakeen zuzeneko eraginak hartzen ditu kontuan; izan ere, KBEaren ekialdeko mugan dauden lursailak zeharkatzen ditu goi-tentsioko aireko lineak. Azterlan horren ondorioa da linea elektrikoak dagokion espazioan izan dezakeen eragina bateragarria dela, oro har, eta proiektua bideragarria dela prebentziozko neurriak eta neurri zuzentzaileak aktibatuz gero eta Ingurumen Zaintzako Programa abian jarriz gero.

    Bestalde, IIAren (testu bategina) arabera, ustiapen-faseko inpaktua hegaztiek eta kiropteroek husteko linearekin izan ditzaketen talken ondorio izango da, eta, beraz, naturaguneetan bizi diren espezieei eragin diezaieke fase horrek. Inpaktu hori arintzat ebaluatu da, eta, beraz, espazio babestuen gaineko inpaktu globala arintzat jotzen da.

    Gainera, IIAk (testu bategina) Aranzadi Zientzia Elkartearen azterlan bat jasotzen du 13. eranskin gisa (2021eko azaroa), Aldaiako Mendiak ES2110016 KBEa zeharkatzen duen goi-tentsioko aireko linearen zatian dauden Batasunaren intereseko intsektu saproxilikoei buruzkoa. Besteak beste, Habitatei buruzko Zuzentarauko hiru espezie saproxiliko hauteman dira (Osmoderma eremita, Cerambyx cerdo eta Lucanus cervus), zuhaitz autoktonoen ale urtetsuekin lotuta. Espezie horiek KBE hori kudeatzeko funtsezko elementuak dira. Azterlanak zenbait neurri jasotzen ditu espezie horien habitatean kalterik ez egiteko. Besteak beste, ale urtetsuak (erkametzak) moztea eragoztea, eta, hala badagokio, adaburuak murrizteko aldizkako inausketak egitea.

    Udalek, administrazio-batzarrek, elkarte ekologistek eta pertsona fisikoek aurkeztutako alegazio gehienek larritzat jotzen dute parke eolikoak eta hari lotutako azpiegiturek Natura 2000 Sarean sortzen duten eragina. Parke eolikoaren kokapenean oinarritzen dira sarea osatzen duten guneetatik gertu baitago, eta honetan ere bai: gune babestu horietan kontserbatu beharreko elementuak direla bertan bizi diren mehatxatutako hegazti-espezieak eta kiropteroak, baita intsektu saproxilikoen habitatak ere proiektuaren eraginpean daudenak. Horrenbestez, ondorioztatzen dute proiektuak kalte egingo diola leku horien osotasunari.

    Natura 2000 Sarearen gaineko eraginei dagokienez, alderdi hori aintzat hartutzat jotzen du Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak 2022ko abenduaren 1ean egindako txostenak, hain zuzen, abifaunak aztergai den eremuan dituen mugimenduei buruzko urte osoko zikloaren bigarren azterlanean egindako analisien bidez eta horri buruz IIA bateratuak jasotzen dituen ondorioen bidez. Beraz, berresten ditu ebazpen honetan abifaunaren gaineko eraginei buruz azaldutako ondorioak.

    Natura 2000 Sareari dagokionez ere, AFAren Ingurumen eta Hirigintza Sailaren txostenaren arabera, Zuazolako azpiestazio elektrikoarekin lotu aurreko azken zatian Aldaiako Mendien KBEan eragina pairatu dezakeen eremuan goi-tentsioko linea lurperatzea oso kontuan hartu behar da, hori baita, egindako abifaunaren azterlanen arabera, gunerik ahulena.

    Natura 2000 Sareko lekuak planifikatzeko eta kudeatzeko eskumena duten organoen txostenetan ez da aipatzen proiektuaren inguruneko gune babestuen osotasunari kalterik egingo zaionik.

    Goi-tentsioko aireko linea lineak Aldaiako Mendiak ES2110016 KBEan izan dezakeen eraginari dagokionez, irizten zaio abifaunak talka egiteko eta elektrokutatzeko duen arriskua minimiza daitekeela ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutako neurrien eta ebazpen honen 4.5.9 eta 4.5.10 apartatuetan hartutako neurrien bidez. Bestalde, KBEa zeharkatzen duen goi-tentsioko aireko linearen trazaduran zuhaitz-masak ebakitzea ekidin daiteke, lehen aipatutako Aranzadi Zientzia Elkartearen Intsektu Saproxilikoen Azterketako neurriei jarraituz.

    Nolanahi dela ere, ahal dela, ez da ale urtetsu autoktonorik ebaki behar, ez goi-tentsioko aireko linearen eremuan, ez erdi-tentsioko lurpeko linearen ibilbidean. Neurri horiek guztiak ebazpen honen 4.4.8 eta 4.4.9 apartatuetan zehazten dira.

    Bestalde, zenbait toki-erakundek, elkartek eta pertsona fisikok alegatu dute proiektua honako agindu honek ukitzen duen eremuan kokatzen dela: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2010eko otsailaren 12ko Agindua, zeinaren bidez ekin baitzaio Gasteizko Mendien Natur Baliabideak Antolatzeko Plana landu eta onartzeko prozedurari. Horri dagokionez, adierazi behar da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2022ko apirilaren 13ko Aginduaren bidez amaitutzat eman zela Gasteizko Mendi Garaien eremuko Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana egiteko eta onartzeko prozedura.

    7. Paisaia.

    Arabako Lurralde Historikoko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren arabera, parke eolikoko aerosorgailuak aparteko gisa kalifikatutako paisaia batean daude (62. paisaia. Ayuda, Aiago eta Berron ibaien goi-ibarrak). Araba Erdialdeko LPPak ere paisaia-interes bereziko eremu batean kokatzen ditu aerosorgailuak, zati batean behintzat: Gasteizko Mendiak, Iturrietako Barga eta Entzia deiturikoan. LPP horren arabera, babes bisualeko ekintzak behar dituen eremua da, kalitate handikoa eta hauskorra delako.

    Goi-tentsioko aireko lineari dagokionez, trazaduraren azken zatiak aipatutako Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoko 40. zenbakiko Aldaiako mendiak Barrundia ibaia paisaia apartekoari eragingo lioke. Araba Erdialdeko LPPak ere paisaia-interes bereziko eremutzat hartzen du eremu hori, Aldaia eta Narbaizako Mendiak izenekoa. Era berean, LPP horren arabera, goi-tentsioko aireko lineak paisaia-interes bereziko beste eremu bat zeharkatuko luke tarte txiki batean, Arabako Lautadako Muinoak izenekoa.

    Paisaiaren kalitatea eta paisaiaren ikuspegitik sentikorrenak diren eremuak definitzen dituzten osagaien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: naturagune babestuen presentzia, landare-formazioen naturaltasuna eta berezitasuna (larreak gailurretan, baso naturalak), ondo integratutako landagune txikien presentzia, erliebearen forma bereziak, paisaiaren mugarriak eta puntu panoramikoak (San Vitor baselizaren begiratokia), paisaiari balioa ematen dioten kultura-ondarearen elementuak (San Vitor eta Santa Isabel baselizak), bai eta mendi-ibilbide aipagarriak, ibilbide berdeak eta bizikleta-bideak ere.

    IIAk (testu bategina) paisaia-integrazioari buruzko azterlan bat jasotzen du (2. eranskina, paisaiari buruzko azterlana), ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuarekin Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gainekoa bat etorriz egina. Azterlan horrek, inpaktua baloratzeko, ikuseremuak eta paisaia-simulazioak erabili ditu, eta behatzaile potentzialak hartu ditu kontuan, honelako lekuetatik begiratzen dutenak: biztanleguneetatik, komunikabideetatik, katalogatutako paisaietatik, babestutako naturaguneetatik, bai eta ibilbide berdeetatik, mendi-ibilbideetatik eta bizikleta-bideetatik ere.

    Analisi hori 180 eta 200 m arteko altuera duten aerosorgailuak hartuta egin da. Horren arabera, parke eolikoaren ikusgarritasunaren aldetik sentikorrenak diren lurraldeak parke horretatik 10 km baino gutxiagora daudenak dira. Azterlan horren arabera, gehien kaltetutako herriak aerosorgailuen eremutik 5 km baino gutxiagora daudenak izango lirateke: Adana, Aua, Azazeta, Berrozi, Egileta, Erentxun, Gauna, Ixona, Izartza, Trokoniz eta Uribarri Nagusia; guztira, 613 biztanle, hau da, parke eolikotik 10 km baino gutxiagora bizi diren biztanleen % 10. Alegra-Dulantzi da biztanleria handiena duen ukitutako herria (2.776 biztanle). 6 km baino gehiagora dago; beraz, azterlanaren arabera, inpaktu arineko eremuan. Eremu horrek, osotara, parke eolikotik 10 km baino gutxiagora bizi den biztanleriaren % 45-eko populazio-tamaina du. Inpaktu arineko eremu horretan 5.255 biztanle daude guztira.

    Paisaia-integrazioari buruzko azterlanaren arabera, Azazetako parke eolikoak paisaia-inpaktu larria izango du ustiapen-fasean. Beraz, neurri zuzentzaileak behar ditu; batez ere, azpiestazio elektrikoari, goi-tentsioko linea elektrikoari eta aerosorgailuei eragingo die. Neurri horietako bat da landare-hesiak jartzea (azpiestazioan); euskarrien kokapena doitzea, hain bistakoak izan ez daitezen; eta aerosorgailuen eremuko paisaia-balioak azaltzen dituzten panelak kokatzea. Era berean, ingurumena berreskuratzeko eta lehengoratzeko plan bat proposatzen du azterlanak, obretan sortutako paisaia-inpaktua murrizteko. Planean zehaztuko lirateke lanak eta jarduketak, lursailak, espezieak, mantentze-lanak eta kontserbazioa, aurrekontua eta abar.

    Bestalde, ingurumen-inpaktuaren azterketak argi-eraginari buruzko azterlan bat jasotzen du (testu bateginaren 12. eranskina). Horren bidez, aerosorgailuen baliza-argien argi-emisioek proiektuaren ingurunean izan dezaketen inpaktua baloratzen da, hegaztiak, kiropteroak eta ingurune horretako populazioa bereziki kontuan hartuta. Balizamendu-sistema eskakizun bat da aire-trafikoaren segurtasunerako, eta Aire Segurtasuneko Espainiako Agentziak (AESA) arautzen du. Egungo bibliografia analizatu ondoren, ikerketak baieztatzen du argiztapenak ez dirudiela faktore erabakigarria hegaztien eta kiropteroen hilkortasunean, eta, beraz, inpaktua bateragarritzat jotzen da. Biztanleriaren gaineko inpaktuari dagokionez, kontuan hartuta argi-kutsadurak eragindako inpaktua gaueko balizekin oso lotuta dagoela eta gauez giza jarduera guztiz baxua dela, inpaktuaz ohartzeko aukera gutxiago dago. Horiek horrela, kasu horretan ere inpaktua bateragarri jotzen da. Neurri posible gisa, gomendatzen da baimendutako fpm (bristadak minutuko) faktorerik txikiena duten argi estroboskopikoak eta keinukariak instalatzea.

    Azaldutakotik ondoriozta daitekeenez, ustiapen-fasean paisaiaren gaineko ondorioak distantzia handian hautemango dira, eta saihetsezinak izango dira aerosorgailuen tamaina dela eta, bai eta eremu bisualean kokatuta daudelako ere gutxienez mendilerroaren iparraldeko isurialderantz; horrek neurri zuzentzaile eraginkorrak aplikatzea eragozten du. Paisaiaren gaineko inpaktua iraunkorra eta konponezina izango da proiektuaren ustiapen-fase osoan, eta soilik zuzendu ahal izango da haren bizitza baliagarria amaitzen denean, aerosorgailuak eta horiei erantsitako azpiegitura guztiak desegin eta ukitutako lurrak naturalizatu ondoren.

    Alderdi horiei dagokienez, IIAk (testu bategina) aisialdiari eta turismoari buruzko azterlan bat jasotzen du 6. eranskin gisa. Arabako Ibilbide Berdeen Sarea eta beste bide tradizional batzuk sartu ditu analisian, baita proiektuak haietan izango duen eragina ere. Berrikuspen bibliografiko batetik abiatuta, eta proiektuaren esparruan garatzen diren naturan oinarritutako erabilera turistikoak analizatu ondoren, azterlanak ondorioztatzen du ez zaiela erabilera horiei nabarmen eragingo, eta, beraz, inpaktu bateragarria dela irizten dio.

    Aurkeztutako alegazio gehienak proiektuak paisaian duen inpaktuari dagozkio. Ekologistak Martxan Arabak eta ANIk kritikotzat jo dute. Aldi berean, Equo Berdeek, zenbait administrazio-batzarrek eta udalek, bai eta pertsona fisiko alegatzaileek ere, larritzat jo dute. Bestalde, udalak eta administrazio-batzarrak kezkatuta agertu dira proiektuak eskualdearen potentzial ekoturistikoan izan dezakeen inpaktuagatik.

    Ebazpen honen 4.13 apartatuan, inguruko udalerrietan hartu beharreko neurrien proposamen bat jasotzen da, giza presentziaren maiztasunean proiektuak ekar ditzakeen ondorioak konpentsatzeko.

    8. Ondasun materialak (Onura Publikoko Mendiak).

    Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak egindako txostenaren arabera, proiektuak Onura Publikoko Mendiei (OPM) eragingo die, eta iraunkorki okupatuko diren OPMen azalera 84.506 m2-koa izango dela kalkulatzen da. Gainera, aldi baterako okupazioa izango duten beste lursail batzuk ere izango dira. Txostenaren arabera, lursailen galera iraunkor horren eragina handia izango da. Nolanahi ere, martxoaren 26ko 11/2007 Foru Arauaren 26.3 artikuluaren arabera, Arabako Foru Aldundian mendien arloan eskumena duen sailak jakinarazten du, ingurumen-inpaktuaren adierazpena eman ondoren, ukitutako mendiak onura publikoko kalifikatzearekin bateragarritzat joko duela proiektua, hala badagokio.

    Laborantza-lurren okupazioak nekazaritzan duen inpaktuari dagokionez, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzaren aipatutako txostenaren arabera, Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren Nekazaritza nahiz Abeltzaintza eta Landazabalekoa kategoriaren barruan kalifikatutako lurzoruei dagokienez, eta Nekazaritzaren Sektoreko Eragina Ebaluatzeko Protokoloaren emaitza kontuan hartuta, parke eoliko proiektuaren ondoriozko inpaktua bateragarritzat jotzen da, proposatzen dituen neurri zuzentzaileak kontuan hartuta. Balio Estrategiko Handiko Lurzoruei dagokienez, goi-tentsioko aireko linearen zenbait euskarrik okupatuko dituztenez, txostenak adierazten du birkokatu egin beharko liratekeela euskarri horiek, lurzoru horiei eragin ez diezaieten, eta hobe dela, ahal den guztietan, lursailen mugetan edo horietatik kanpo kokatzea. Era berean, beharrezkotzat jotzen du eragindako zerbitzuak eta bideak (landa-bideak) berrezartzea.

    Txosten horri erantzunez, sustatzaileak, Administrazio publikoen txostenak IIA bateratuan nola hartu diren kontuan adierazten duen laburpena txostenean (2022ko azaroaren 21ean sartua espedientean), adierazten du proposamenak berriro aztertuko direla micrositting xehatuan, egikaritze-proiektuaren hurrengo fasean, betiere euskarrien arteko distantziak eta segurtasun-baldintzak betetzea ahalbidetzen badute. Nolanahi ere, luzera txikiko desbideratze puntualen proposamenak dira, eta uste da ez dutela funtsezko aldaketarik eragingo, ez eta aldaketa garrantzitsurik ekarriko ere, ingurumen-balorazioari dagokionez.

    9. Kultura-ondarea.

    Ingurumen-inpaktuaren azterketak (testu bategina) jasotzen du proiektuaren eragin-eremuan dagoen kultura-ondare arkeologikoaren diagnostikoa. Balizko arkeologia-gune hauek identifikatu dira ingurunean: Giputzuriko Santa Isabel herrixka eta tenplua, Villaverdeko Santa Maria tenplua, Villaverde herrixka eta Aiagoko herrixka. Obren ingurunean, beste balizko arkeologia-gune batzuk daude: San Joan Bataiatzailearen eliza (obretatik 140 metrora) eta Berroziko herrixka (30 metrora). Gainera, azterlanaren arabera, inpaktua izango du Arabako Foru Aldundiaren Elementu Txikien Inbentarioan jasotako elementu etnografiko batek, hain zuzen Giputzuriko Andre Mariaren baselizak, bai eta babesik ez duen elementu etnografiko berri batek ere, Azazetako terraza-sistema deritzonak, udalerri horren iparraldean. Azterketa arkeologikoaren arabera, identifikatutako balizko arkeologia-guneetan egin beharreko zundaketa egin ondoren (11. eranskina. Dokumentazio arkeologikoa), jatorrizko proiektua aldarazi dezakeen ebidentzia arkeologikorik ez da dokumentatu. Ondorioz, inpaktua bateragarritzat jotzen da obra-fasean, eta ez-esanguratsutzat ustiatze-fasean. Neurri zuzentzaile gisa, obren kontrol eta jarraipen arkeologikoa egitea planteatzen da, lurpean aztarnak ager daitezkeelako.

    Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenak eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailarenak egokitzat jotzen dituzte IIAko inbentarioa eta balorazioak, baldin eta aipatutako 11. eranskinean (dokumentazio arkeologikoa) adierazitako oharrak eta gomendioak aintzat hartzen eta badira eta horien arabera jokatzen bada, proiektuak uki litzakeen kultura-elementuak babesteko. Hau da, balizko arkeologia-guneen lurpean eragina izan lezakeen edozein lur-iraultzerekin batera, dagokion kontrol arkeologikoa egin beharko da.

    10. Biztanleak eta giza osasuna.

    Parke eolikoen funtzionamenduak eremu elektromagnetikoak sortzen ditu goi-tentsioko aireko linearen ingurune hurbilean. IIAk (testu bategina) eremu elektromagnetikoen analisi bat jasotzen du linea elektrikoaren eta azpiestazioaren proiektuetarako. Ondorioen arabera, instalazio horien ohiko funtzionamenduan zehar eremu elektriko eta elektromagnetikoak nazioarteko erakundeek (Erradiazio Ez Ionizatzailearen aurkako Babeserako Nazioarteko Batzordea), Europar Batasunak (herritarrek 0 Hz eta 300 GHz arteko eremu elektromagnetikoekiko esposizioa pairatzeari buruzko Europako Kontseiluaren Gomendioa, 1999/519/EE) eta eremu elektrikoei buruzko Estatuko araudiak gomendatutako eta/edo ezarritako mugak baino txikiagoak izango dira.

    IIAren arabera, funtzionamendu-baldintza txarrenetan (egin daitekeen karga maximoaren hipotesia), igorritako erradiazio-balioak gomendatutako muga-balioak baino askoz ere txikiagoak dira. Muga 100 ?T-koa da 50 Hz-ko sarearen eremu magnetikorako, irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera (1066/2001 Errege Dekretua, irailaren 28koa, jabari publiko irrati-elektrikoa babesteko baldintzak, emisio irrati-elektrikoetarako murrizketak eta emisio irrati-elektrikoetatik babesteko osasun-neurriak ezartzen dituena).

    Ondorioz, IIAren arabera, inpaktua ez-esanguratsua da, instalazioek indarrean dagoen araudia betetzen dutelako.

    11. Istripu larrien edo hondamendien arriskuaren aurrean proiektuak duen urrakortasunaren ondoriozko ingurumen-inpaktuak.

    IIAk (testu bategina) apartatu espezifiko bat jasotzen du, istripu larrien edo hondamendien arriskuaren aurrean proiektuak duen urrakortasunari buruzkoa (testu bateginaren 14. eranskina); hor aztertzen dira jatorri naturaleko fenomenoak edo giza jarduerak sortutako istripuak, proiektuak ingurumenean kalteak eragitea ekar dezaketenak.

    Aintzat hartutako arriskuak mota hauetan sailkatu dira: naturalak (suteak), geologikoak (kolapsoa eta irristatzeak), meteorologikoak (haizea, euria, muturreko tenperaturak, elurteak eta elur-jausiak), uholde-arriskua, arrisku sismikoak eta grabitatorioak, arrisku teknologikoak (salgai arriskutsuak garraiatzeagatiko arriskuak barne) eta arrisku antropikoak.

    Azterketa horren emaitzek ondorioztatzen dute aztertutako arrisku guztiak oso txikiak direla edo ez direla existitzen, eta, beraz, proiektuak arrisku horien aurrean duen urrakortasunaren balorazioa nulutzat edo oso baxutzat jotzen da kasu guztietan, salbu eta sute-arriskuari dagokionez, baxu gisa baloratzen baita. Ondorioz, azterlanak ondorioztatzen du ez dela aurreikusten proiektuak istripu larrien edo hondamendien arriskuen aurrean duen urrakortasunaren ondoriozko efekturik, ez horiek gertatzeko arriskuaren gainean, ez eta horiek gertatuz gero ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarri esanguratsuen gainean ere.

    Alderdi horiei dagokienez, espedientean jasota dago Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren txostena. Txosten horretan adierazten denez, parke eolikoaren proiektuari aplikatu beharreko autobabeserako EAEko araudia aplikatuz, autobabeserako plan bat egin beharko da jarduera hasi aurretik. Plan horretan, arriskuak identifikatzeari eta ebaluatzeari ekin beharko zaio, bai eta arriskuak prebenitzeko eta kontrolatzeko beharrezkoak diren ekintza eta neurriei eta larrialdietan hartu beharreko babes-neurriei eta bestelako jarduerei ere. Planean heldu behar zaie jarduerak berez dituen arriskuei nahiz jarduerari eragin diezaioketen kanpoko arriskuei: babes zibileko planetan aurreikusitako arriskuak eta hurbileko arrisku-jarduerak.

    Bestalde, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren txostenak, eranskin gisa, zuzendaritza horretako Meteorologia Zerbitzuaren txosten bat dakar, parke eolikoaren proiektuak Kapilduiko radar meteorologikoan izango duen eraginari buruzkoa. Txosten horren arabera, eta erakunde ofizialen gomendioekin bat etorriz, ez da gomendagarritzat jotzen aerosorgailuak jartzea parkearen proiektuan datozen distantzien arabera. Beraz, beharrezkoa da energiaren sektorearekin batera beste irtenbide batzuk bilatzea, meteorologia-larrialdien jarraipena egiteko eta erabakiak hartzeko kalitatezko meteorologia-behaketak edukitzeko. Beraz, parke eolikoak Kapilduiko radarraren detekzio-ahalmenean sortu ditzakeen interferentziek eragin negatiboa izan dezakete fenomeno meteorologiko kaltegarrien aurrean erantzun goiztiarra emateko gaitasunean, eta, azken batean, biztanleria zibilarentzako arriskuen prebentzioan.

    Txosten horri erantzunez, sustatzaileak, Administrazio publikoen txostenak IIA bateratuan nola hartu diren kontuan adierazten duen laburpena txostenean (2022ko azaroaren 21ean sartua espedientean), adierazten du arduradunekin elkarrizketak egin direla EAEko kostaldean radar berri bat instalatzeko hurrengo urratsak planifikatzeko, era horretan Kapilduiko radarraren iparraldean jasotzen den informazioa ordezteko eta funtzionaltasunik ez galtzeko. Horretarako, sustatzaileak jakinarazi du prestaketa-azterlanak hasiko direla eta konpentsazio-hitzarmen bat sinatuko dela radarraren kudeaketaz arduratzen den sailarekin.

    12. Metatzeak eta sinergiak. Inpaktu orokorra.

    IIAk (testu bategina), 16. eranskinean, metatze- eta sinergia-efektuen azterlan bat jasotzen du, 2020ko azaroan egina. Funtsean, identifikatzen diren proiektuko ekintzek ukituko duten ingurunearen alderdi bakoitzaren deskribapena eta analisi sintetikoa egiten ditu. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren testu bategina egin aurrekoa da apartatu hori egiteko erabili den oinarrizko informazioa. Sinergien azterketa honen ondorio gisa, sustatzaileak uste du proiektuak inpaktu orokor bateragarri-arina eragingo duela, eta, beraz, oro har bideragarria dela aktibatutako prebentziozko neurriak eta neurri zuzentzaileak aktibatzen badira eta Ingurumen Zaintzako Programa abian jartzen bada. Bestalde, IIAk (testu bategina) jasotzen duen inpaktu-matrizeak natura-inguruneko elementuen gaineko inpaktuen ezaugarriak zehazten eta baloratzen ditu, inpaktu bakoitzaren izaera metatzailea eta sinergikoa kontuan hartuta. IIAk (testu bategina) ondorioztatzen du aztertutako inpaktuen multzoa, proposatutako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak aplikatu ondoren, arintzat jotzen dela.

    Espedientean dauden txostenen analisitik abiatuta egin daitezkeen balorazioetako batzuk IIAn (testu bategina) jasotakoen desberdinak dira. Horrela, adibidez, Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak 2022ko abenduaren 1ean egindako txostenaren arabera, Batasunaren eta eskualdearen intereseko habitatak galtzearen inpaktua larritzat jo behar da gutxienez, eta prebentziozko neurriez eta neurri zuzentzaileez gain, konpentsazio-neurriak ere hartu behar dira. Bestalde, Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Hirigintza Sailak 2022ko abenduaren 14an egindako txostenaren arabera, proposatzen dituen babes- eta lehengoratze-neurriak hartuta ere, parke eolikoaren ekologia- eta paisaia-inpaktuak oso handiak izango dira.

    Administrazioei eta interesdunei emandako erantzun-txostenen emaitzetatik zein jendaurreko informazioaren izapidean aurkeztutakoetatik ondoriozta daiteke, kasu gehienetan, parke eolikoak eragindako inpaktuaren balorazio negatibo argia. Bai tokiko administrazio-erakunde gehienek aurkeztutako txostenak eta alegazioak, bai kontserbazio-erakundeek aurkeztutakoak (SEO BirdLife, GADEN, IAN, Ekologistak Martxan eta abar) bat datoz, eta diote aurkeztutako proiektuak ezin konponduzko galera dakarrela eragindako eremuaren naturaltasunean, ingurumen-balio handiak baititu: paisaia apartekoak; arriskuan dauden fauna-espezieak, batzuk galzorian daudenak edo urragarriak direnak, bai eta Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren I. eranskinean daudenak ere; eta Batasunaren intereseko habitatak, lehentasunezkoak barne. Era berean, eragina sortzen du kokagunetik gertu dauden Natura 2000 Sareko gune babestuen kudeaketarako funtsezko elementuetan, eta kokagunetik gertu dauden landaguneetako biztanleen bizi-kalitateari eta sozioekonomiari ere eragiten die.

    Adierazi den moduan, ez da aipatzen, eremu babestuak eta basafauna eta basaflora babesteko eta kudeatzeko arloan eskumena duten erakundeek egindako txostenetan, proiektu honen ondoriozko inpaktu kritikorik, ez eta Natura 2000 Sareko lekuen osotasunari eragindako kalterik ere.

    Nolanahi ere, parke eolikoaren inpaktu orokorra baloratzeko orduan, garatzen den esparru geografikoaren testuinguruan kokatu behar da Azazetako kokalekua. Zehazki, ingurumen- eta estetika- eta kultura-balio handiko gailur-lerro zabal baten erdialdean dago, Arabako Lautadaren hegoaldearen muga bisuala osatzen duena. Aerosorgailuen kokaleku zehatzak 2.800 m inguruko luzera hartzen du, Berdingaatik (975 m) eta Galartza tontorretik (1.036 m) Azazeta soilguneraino (946 m) uren banalerroari jarraituz gero. Eremu zehatz hori ez dator bat EAEko natura-ondarearen espazio babestuekin, azaroaren 25eko 9/2021 Legearen Euskadiko natura-ondarea kontserbatzeari buruzkoa 37. artikuluan definitzen diren eran, ezta haren inguruko babes-eremuekin ere, baina natura- eta paisaia-baliabide garrantzitsuak ditu, espedientean dagoen dokumentazioan agerian geratu den bezala.

    IIAn (testu bategina) zehazten diren proiektuaren eragin-eremuko balio esanguratsuak xehetasunez aztertuta ondorioztatzen denez, kokalekuaren mendebaldeko muturrean Z6.01, Z6.02 eta Z6.08 aerosorgailuak dauden eremuan bereziki sentikorrak diren ingurumen-ezaugarriak ageri dira. Horren arabera, eremu bat bereizi daiteke, zeina babesteak proiektuaren ingurumen-inpaktu txikiagoa ekarriko bailuke. Proiektuak eremu horretan aurreikusten dituen ekintzak eta IIAk jasotzen dituen azterlan xehatuak kontuan hartuta, ondorio hauek atera daitezke:

    Abifaunak talka-arriskuaren aurrean duen espazio-urrakortasunaren mapak (EUM) ingurumen-inpaktuaren azterketan (testu bategina) jasotakoa adierazten duenez, aipatutako hiru aerosorgailuen ezarpen-eremua sentikortasun-maila maximoa duten laukietan dago, eta, gainera, arriskurik handienean dauden espezieek sai zuria eta miru gorria gehien erabiltzen dituzten eremuetan (kernel funtzioaren bidez lortutako erabilera sarriko eremuak). Parke eolikoan, hegaldi gehienak Z6.08 aerosorgailuaren inguruan gertatu ziren (hegaldi guztien % 35). Hori da sai arreek gehien erabiltzen duten eremua, eta aerosorgailuekiko talkekiko oso sentikorra da espezie hori.

    Aerosorgailuen, bideen, itzulbideen eta erantsitako gainerako azpiegituren plataformak ezartzeak inpaktua eragingo luke orkideetan aberatsak diren larreetan ingurumen-inpaktuaren azterketari erantsitako botanika-azterlanaren (testu bateginaren 4. eta 5. eranskinak) arabera. Larre horiek esleitu dakizkioke Batasunaren intereseko 6210* Kare-substratuen gaineko larre lehor erdi-naturalak eta sastrakadi-faziesak (Festuco-Brometalia) habitatari, kontserbatzeko lehentasunezkoa dena Habitatei buruzko Zuzentarauari jarraituta, hain zuzen Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Hirigintza Sailak eta Arabako Natur Institutuak (ANI) beren txostenetan adierazi duten bezala. Halaber, Batasunaren intereseko habitat honi eragingo lioke: 4090 Txilardi oromediterraneo endemikoak, otaberarekin.

    Hiru aerosorgailu horiek eta Z6.03 aerosorgailua lotuko lituzkeen erdi-tentsioko linea elektrikoaren husteko zangak pagadi kaltzikola bat zeharkatzen du eskualdearen intereseko habitata, malda handi bat gainditu beharreko eremu batean. Beraz, lur-erauzketa eta -mugimendu handiak egin beharko lirateke zenbait zatitan, eta landaredi-mozketa eta sastraka-garbiketa. Horren ondorioz, natura-baliabide baliotsuak galduko lirateke.

    Hiru aerosorgailu horietarako sarbidea egokitzeak ekarriko luke Ertzaintzaren basearen eta Berrozi herrixkaren artean doan bidearen trazadura aldatzea, era horretan, bide horretan, aerosorgailuak Galartza tontorreraino garraiatzea ahalbidetzen duten kurbadura-erradioak lortzeko. Aurkeztutako aurreproiektuaren arabera, trazadura berria pagadian barneratzen da ibilbidearen zati batean, Berrozi erreka inguratu eta zeharkatzen du eta Pea del Fresnoko zingirara hurbiltzen da. Eremu horiek sentikorrak dira ingurumenaren aldetik, eta, Uraren Euskal Agentziak egindako txostenaren arabera, ibaitik eta aipatutako zingiratik urrunago dauden trazadura-aukerak planteatzera behartzen dute. Lekuaren ezaugarriak kontuan hartuta, sarrera-bidea ur-ibilguetatik aldentzeak are gehiago areagotu lezake trazadura dagoen hegaleko baso-masen gaineko eragina; izan ere, hegal hori kontserbazio-egoera onean dagoen pagadi kaltzikola batez estalia dago.

    Kokalekuaren mendebaldeko muturra da Euskal Autonomia Erkidegoko Natura 2000 Sareko eremu babestuetatik hurbilen dagoena; kasu honetan, Gasteizko Mendi Garaietako KBEra (ES2110015). Horren lurrak 1.400 metro inguru mendebaldera daude hurbilen dagoen aerosorgailutik (Z06.01), eta haren babes-eremu periferikotik 1 km-ra, baita Izki eremu babestutik (ES2110019) ere. Azken horrek hiru babes-figura ditu: Parke Naturala da, eta Natura 2000 Sareko naturagune babestua; horren barruan, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) da. Eremu babestu horretako lurrak kokaleku eolikotik hegoaldera daude, Z6.08 aerosorgailutik 1.500 m ingurura.

    Gainera, kokaleku eolikoaren mendebalderen dagoen sektore hori Hegaztientzako Garrantzizko Eremu baten barruan dago (IBA zerrenda); zehazki, 36. IBAn (Izkiko eta Gasteizko Mendiak).

    Beraz, arestian deskribatutako ondorio kaltegarrien metaketa kontuan hartuta, eta parke eolikoak Azazeta inguruan sortuko duen inpaktua minimizatze aldera, beharrezkotzat jotzen da Z6.01, Z6.02 eta Z6.08 aerosorgailuak proiektatutako kokalekuaren ekialdera lekualdatzea. Galartza tontorraren ingurua jarduketarik gabe gordetzeak proiektuaren ingurumen-inpaktua nabarmen murriztuko duela irizten zaio.

    Bigarrena. Baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.1 artikuluan xedatzen denaren arabera):

  1. Proiektuari ezarritako baldintzak, eta ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak.

  1. Baldintza orokorrak.

    1. Proiektua garatzeko baldintzak, baita babes- eta zuzenketa-neurriak ere, indarrean dagoen araudiarekin eta hurrengo apartatuetan adierazitakoarekin bat etorriko dira, eta, esandakoaren aurkakoa ez den orotan, Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaritza honetan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin.

    2. Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

    3. Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, aurreko apartatuan adierazitakoaren garrantzirik ez balute ere. Proiektuari egiten zaizkion aldaketak honako hauetan jasoko dira: babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumen-zaintzako programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian.

    4. Neurri horiek eta kontrolerako esleitutako langileak nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ebazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

    5. Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

  2. Aerosorgailuen eta erantsitako instalazioen kokapena.

    1. 3.2.12 apartatuan adierazitakoa kontuan hartuta lerrokaduraren mendebaldeko sektorean (Z6.01, Z6.02 eta Z6.08 aerosorgailuak) inpaktuak metatzeari buruz, beharrezkotzat jotzen da parke eolikoa eraiki aurretik hiru aerosorgailu horiek birkokatzea, ekialderago eramanez, Izartzako luberritzearen eta Azazetako mendatearen inguruaren artera, edo Ertzaintzaren basea Berroziko herrixkarekin lotzen duen errepidearen (bide berria deitzen dena) eta Comuneria parajearen artera, betiere Azazetako biztanlegunearekiko distantzia maximoa errespetatuz inoiz ez 1 km baino txikiagoa.

    Beraz, aerosorgailuen ezarpen-eremua, haien zabaltasun-eremua barne, poligono batek mugatzen du. Horren irudia geoEuskadi bisorerako esteka honetan ikus daiteke:

    https://www.geo.euskadi.eus/geobisorea?webmap=79c31f9c567242e6a24c4c02851d01ac

    Poligono horren koordenatuak hauek dira:

    (Ikus .PDF)

    Aerosorgailuen plataformak ezartzeko eremutik kanpo geratuko dira poligonoaren barrualdeko eremu ilunduak. Ikusten bada mapa eta ebazpen honen testua ez datozela bat, azken horrek izango du lehentasuna.

    2. Nolanahi ere, proiektua gauzatu aurretik, jarraian aipatzen diren azterlan osagarriak egin behar dira kokaleku berrien inguruan, lekualdaketa horrek izan ditzakeen inpaktuei aurrea hartzeko eta zuzentzeko.

    1. Eraikuntza-elementu guztien (plataformak, bideak, itzulbideak eta zangak) eragin-eremuan, azterlan botaniko xehatua, bertan dauden habitatak identifikatzeko, bai eta, hala badagokio, flora mehatxatuko edo interes bereziko populazioak ere.

    2. Abifaunaren azterlana, 2021-2022 urteko azterlanaren metodologia berarekin egin beharrekoa (9. eranskina). Helburua urrakortasun-mapa osatzea izango da, eta, edukia, honako hauek identifikatzeko errolda berriak: hegaldi-ereduak, espazioaren erabileraren maiztasuna eta espezieen sentikortasun-indizea.

    3. Kiropteroen jardueraren azterlana, MITECOren Parke eolikoetako kiropteroen hilkortasuna ebaluatzeko eta zuzentzeko gidalerroen arabera.

    4. Zarataren azterlana berrikustea, parke eolikoaren konfigurazio berriarekin.

      Azterlan horietan, Aerosorgailuen kokapen berrien nahiz horien sarbideen eta lotuneen eragina jaso dezakeen lurralde osoa sartu beharko da. Azterlan horiek behin ebazpen hau jakinarazita hasi beharko lirateke, laginketak eta landa-lana egiteko garairik egokienetan, eta, gutxienez, 2023ko martxoaren 1etik azaroaren 15era bitarteko denbora-tartea bete beharko lukete. Halaber, ondorioen apartatu bat jaso behar dute, parke eolikoak azterlan bakoitzaren xede diren elementu eta faktoreetan duen ingurumen-inpaktua baloratzeko. Azterlan horien emaitzak ikusita, eta obrak egiten hasi aurretik, ingurumen-organoak kokapen berriak baliozkotu beharko ditu, eta, hala badagokio, parke eolikoa egikaritzeko eta ustiatzeko faseetan hartu beharreko neurri gehigarriak zehaztu.

      Aurreko apartatuan ezarritakoa baztertu gabe, gainerako aerosorgailuen (Z6.03 - Z6.07) kokapena honako dokumentu honetan zehaztutakoa izango da: Aurreproiektua: Azazeta parke eolikoa. Araba (Espainia). Aixeindar SA 2020ko abendua. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak 2022ko urtarrilaren 24an helarazitakoa da, eta kokapenak aipatutako aurreproiektuaren planoen 2. dokumentuko IIES-TPY-ARK0100-0003_00c kodeko ezarpen-planoan geratu dira grafikoki adierazita, eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak sartze aldera egikaritze-proiektuan egin beharreko doikuntzak ditu. Era berean, aipatutako oinarrizko proiektuan proposatutako aerosorgailuaren modeloa hautatutako da, edo, hala badagokio, dokumentu horretan proposatutakoen tamaina txikiagoko edo antzeko beste bat.

      3. Donemiliagako 220/30 kV transformazio-azpiestazioaren kokapena dokumentu honetan zehaztutakoa izango da: Aurreproiektua. 2020ko urria. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak 2022ko urtarrilaren 24an helarazitakoa da. Kokapen hori grafikoki adierazita geratu da aipatutako aurreproiektuaren planoen dokumentuko 4-SSAN-P-00-UN-0001 kodeko kokapen-planoan. San Milln transformazio-azpiestazioa 220/30 kV. Araba. Euskal Autonomia Erkidegoa. Aixeindar SA IDOM.

      4. Parkeko erdi-tentsioko azpiegitura elektrikoari dagokionez, honako proiektu honetan proposatzen diren trazadura eta espezifikazioaren arabera garatuko da: Aurreproiektua: Azazeta parke eolikoa, arestian aipatua. Haren trazadura aurreproiektuaren planoen dokumentuko kanalizazio elektrikoen planoan geratu da grafikoki adierazita (IIES-TPY-AZA0614-0001 kodea).

      5. Bestalde, Donemiliagako Ebaketa Zentroaren eta Elgea transformazio-azpiestazioaren arteko 220 kV-eko linea elektrikoaren trazadura eta ezaugarriak, oro har, dokumentu honetan ezarritakoak izango dira: Aurreproiektua. 220 kV-eko goi-tentsioko aireko linea elektrikoa, irkuitu bakuna goi-tentsioko aireko linea Donemiliaga Elgea 220 kV. Araba. Euskal Autonomia Erkidegoa. Aixeindar SA 2020ko urria, zeina organo substantiboak helarazi baitzuen lehenago adierazi den egunean.

      6. Azpiegitura horiei dagozkien obrak, bai eta gainerako pistak eta parkerako sarbideak eraikitzeko obrak ere, ingurumen-inpaktuaren azterlanean (testu bategina) aurreikusitakoaren arabera egingo dira, eta aipatutako dokumentuetan eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan jasotako neurri zuzentzaileak aplikatuko dira.

  3. Airearen, lurzoruaren eta lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatea babesteko neurriak.

    1. URAk 2022ko abenduaren 28an espedienteari buruzko txostenean egindako proposamena kontuan hartuta, erdi-tentsioko linea ezartzeko ibilguak gurutzatu behar direnean, hodia ibilguaren azpitik kontrako ertzeraino kokatzeko zangak egin beharrean, zulo bideratu bat egingo da.

    2. Uren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera, jabari publiko hidraulikoan, zortasun-eremuetan (5 metro) eta zaintza-eremuetan (100 metro) egiten den jarduera orok, bai eta hondakin-urak lurrera edo ibilgu publikoetara isurtzeak ere, Arroko Erakundearen nahitaezko baimena beharko du, Uraren Euskal Agentziak izapidetu ondoren. Baimen horren esparruan aztertuko dira, zorrozki, egin beharreko obrak, eta, hala badagokio, dagozkion aginduak ezarriko.

    3. Aurrekoa betetzeko, neurri egokiak hartuko dira lurrazaleko zein lurpeko urei istripuz eragin diezaiekeen isurketarik eta lur-arrasterik ez izateko. Horretarako, obren zuinketa-fasean, eta, betiere, eremu horretako lur-mugimenduak hasi aurretik, obra-zuzendaritzak, 4.15 apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzaren ikuskaritzarekin, beharrezkoak diren neurri guztiak hartu beharko ditu obra-leku desberdinetatik datozen ur kutsatuak parkearen inguruneko lurrazaleko zein lurpeko uretara eta natura-interes handiko eremuetara irits ez daitezen. Neurri horiek diseinatzean, bereziki kontuan hartuko da hornidurarako erabilitako iturburuak daudela, Ura / Uraren Euskal Agentziak 2021eko ekainean espedienteari buruz egindako txostenean zehazten direnak.

    4. Aurreko puntuan adierazitako helburu berarekin, euria egiten duen egunetan ez da lur-mugimendurik egingo, makinak ez dira joan-etorrian ibiliko eta, oro har, ez da eremuko lurrazaleko uretara solido esekiak eramaten nabarmen lagun dezakeen edozein jarduera burutuko.

    5. Obren eraginez soildutako gainazalen landareztatze azkarra eta handia egingo da. Horrela, obra-leku bakoitzean lur-mugimenduak amaitu ahala, ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazten diren birmoldatze- eta landareztatze-lanak egingo dira.

    6. 5.2 puntuan zehaztutako uren kalitatearen zaintza-programaren bidez egiaztatzen bada lurrazaleko uretan edo iturburuetan solido eseki gehiago daudela, Obraren Zuzendaritzak eragin horiek neutralizatzeko beharrezko diren elementu gehigarriak ezarriko ditu, ebazpen honen 4.15 apartatuan adierazitako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren (dekantazio-putzuak, drainatze-zangak, iragazki geotestilak...), eta hala badagokio, kaltetutako baliabideak lehengoratzeko behar diren neurriak hartuko ditu.

    7. Obrako ibilgailuak mantentzeko eta erregaiz hornitzeko operazioak, bai eta tailerreko edozein jarduera ere, zola iragazgaitza eta isurketak jasotzeko sistema duen eremu batean egingo dira.

    8. Obrak dirauen bitartean, garbiketa-lanen kontrol zehatza egingo da ibilgailuak igaro ondoren, bai proiektuaren zuzeneko jarduera-eremuan eta eragindako ingurunean, bai iristeko bideetan eta, bereziki, biztanleguneen inguruetan. Beharrezkoa bada, obrek eragindako lursailetan ureztatze-sistema bat ezarriko da.

  4. Batasunaren eta eskualdearen intereseko flora, landaredia eta habitatak babesteko neurriak.

    Arabako mendiei buruzko Foru Arauan xedatzen dena gorabehera, eta, hala badagokio, eskumena duen Arabako Foru Aldundiko organoak ezartzen duena eragotzi gabe, honako neurri hauek ezarriko dira:

    1. Proiektuaren inguruneko habitaten eta baso naturalen garrantzi ekologikoa dela eta, arreta bereziz jokatu beharko da: erdi-tentsioko lurpeko linea hartuko duen zangaren trazadura doitu egin beharko da egikaritze-proiektuan, eta obrak egiten diren bitartean arreta handiz jokatu beharko da, aipatutako basoetan, Batasunaren intereseko habitatetan eta arriskuan dauden espezieetan zuzeneko edo zeharkako eraginak minimizatzeko. Horretarako, obren zuinketa-fasean eta lurrak mugitzeko fasean, floran eta landaredian aditua den norbaitek egon beharko du obran. Haren eginkizuna izango da gune baliotsuenen kokapenak identifikatzea eta seinaleztatzea, bai landan, bai xehetasunezko kartografian, parke eolikoa eraikitzeko lanek eremu horietan eraginik ez dutela bermatzeko bezain argi eta era osatuan. Seinaleztapen hori obra-zuzendaritzak onartu beharko du, 4.15 apartatuan aipatutako ingurumen-arloko aholkularitzaren txostena jaso ondoren. Fase horrek, halaber, Arabako Foru Aldundiko teknikarien aholkularitza eta gainbegiratzea izango du.

    2. Azazeta gainaren eta Donemiliagako azpiestazioaren arteko tartean, parkearen erdi-tentsioko lurpeko linea elektrikoa igaroko den trazaduran zehar dauden baso naturalen ale helduei ahalik eta kalte gutxien eragiteko, lehendik zeuden ateratze-pista eta -bidexka zaharren trazaduraren azpian lurperatuko da linea, era horretan bide horien plataforma, beharrik gabe, ez zabaltzeko. Horretarako, teknika erabilgarri onenak erabili beharko dira lurzoruaren okupazioa eta zuhaitz helduak moztea minimizatzeko, bereziki Donemiliaga eta Iruraiz-Gauna udalerriak zeharkatuz Giputzuriko Santa Isabel ermitarantz jaisten den pista zatian, betiere Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Aholkularitzaren eta/edo teknikarien gainbegiratuarekin.

    3. Era berean, obra oro har definitu eta gauzatu bitartean, eta, bereziki, erdi-tentsioko lurpeko linea elektrikoa instalatu eta sarbideak ireki bitartean, neurri egokiak hartuko dira ebakitzea behar-beharrezkoa ez den zuhaitzetan kalterik ez egiteko. Hala, tokian bertan, azpiegitura horien trazaduran aldaketak egitea aztertuko da, zuhaitzak kentzea saihesteko, eta, hala badagokio, behar diren babesak egingo dira obratik hurbilen dauden oinetan, makinek kolpeka ditzaten eragozteko. Bereziki kontuan hartuko dira Quercus robur espezieko ale helduak, multzoak edo basotxoak, bai eta gorosti (Ilex aquifolium) eta hagin (Taxus baccata) ale sakabanatuak ere. Ahal den neurrian, babes hori beste espezie mehatxatu batzuetara zabalduko da, hala nola Ruscus aculeatus edo Carlina acaulis espezieetara, besteak beste.

    4. Era berean, ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko irizpideen arabera proiektatuko dira aerosorgailuen zuinketa-faseko kokaleku zehatza, obrarako sarbideak, zangak, bideak, makinak edukitzeko guneak, obra-materialak biltegiratzeko nahiz landare-lurra aldi baterako metatzeko eremuak. Bereziki saihestuko dira zuzenean edo zeharka landarediari (baso naturalak) eta intereseko florari, ur-ibilguei, hezeguneei, iturriei, iturburuei, idoiei edo beste ur-puntu batzuei eragin diezaieketen kokalekuak. Horri dagokionez, aerosorgailuen posizioa behar adina doituko da egikaritze-proiektuan, era horretan aldameneko pagadian, Batasunaren intereseko habitatetan eta katalogatutako flora-populazioetan beharrezkoa ez den edozein kalte minimizatzeko, bai plataformak instalatzeagatik, bai egin beharreko zanga eta bide gehigarriengatik.

    5. Obrak hasi aurretik, aurreko alderdi horiek behar bezala zehaztuko dira xehetasunezko kartografian.

    6. Aurreko paragrafoetan aipatutako prospekzio- eta mugaketa-lan botanikoetan Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoko beste gune edo espezie interesgarri batzuk aurkitzen badira, tarte horretan geldiarazi egingo da obra, eta Arabako Foru Aldundiko organo eskudunari jakinaraziko zaio, behar diren ondorioetarako.

    7. Era berean, kontrolatuko da proiektua egiteko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan egiten direla obrak. Obretarako prestatutako pistetatik, bideetatik eta aparkalekuetatik kanpo, makinen eta ibilgailuen zirkulazioa ahalik eta txikiena izango da.

    8. ES2110016 Aldaiako Mendiak KBEko lurrekin bat egiten duen zatian goi-tentsioko aireko linea elektrikoak egin beharreko trazadurari dagokionez, oro har, Goi-tentsioko linea baten trazadurak Aldaiako Mendiak KBEan eragindako Batasunaren intereseko koleoptero saproxilikoak (azken txostena) dokumentuan jasotzen diren neurriak eta gomendioak gauzatu beharko dira. Dokumentu hori Aranzadi Zientzia Elkarteak 2022ko irailean egina da, eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren (testu bategina) 13. eranskin gisa txertatu zen. Organo substantiboak helarazi zuen 2022ko urriaren 25ean.

    9. Aurrekoaren ondorioz, osotasunean babestuko dira, linea elektrikoak ES2110016 Aldaiako Mendiak KBEarekin bat egiten duen tartean, eragindako lursailetan dauden erkametz urtetsuak; hain zuzen, 20., 21., 22. eta 23. euskarrien artekoak (aurreko puntuan aipatutako dokumentuan LAT3 eta LAT4 kodeekin identifikatutako lurzatiak). Osotasun horri eusteko arrazoizko beste teknikarik ez balego (euskarrien altuera handitzea edo beste batzuk), aleen inausketa partziala egingo da, linea elektrikoaren segurtasun-baldintzak bermatzeko behar-beharrezkoa den neurrian.

    10. Era berean, laborantza-lurren okupazioa minimizatuko da Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzaren 2021eko ekainaren 9ko txostenean adierazitakoaren arabera; horretarako, euskarriak lekuz aldatuko dira. Ahal den neurrian, lursailen arteko mugetara edo bideen elkargunetara.

  5. Fauna babesteko neurriak.

    Hala badagokio, bere eskumenen esparruan Arabako Foru Aldundian basa-faunaren kudeaketaren arloan eskumena duen organoak ezartzen duena gorabehera, eta inguru horretan bizi den edo ibiltzen den komunitate ornitologiko nahiz kiroptero-fauna sedentario eta/edo migratzailearen garrantzia kontuan hartuta, honako neurri hauek hartuko dira:

    1. 4.2.1 puntuan adierazi den moduan, parke eolikoaren mendebal-muturreko ingurumen-sentikortasun berezia kontuan hartuta, beharrezkotzat jotzen da Z6.01, Z6.02 eta Z6.08 posizioetako aerosorgailuak, gailur-lerroan, ekialderagoko kokapenetan birkokatzea. Besteak beste, abifaunak talka-arriskuaren aurrean duen espazio-urrakortasunaren mapak (EUM) ingurumen-inpaktuaren azterketan (testu bategina) jasoa adierazten duenez, eremu horretan dabiltzan hegazti-espezie guztien sentikortasun-maila maximoko laukietan daude hiru aerosorgailu horiek. Espezie horien artean aurkitzen dira desagertzeko arriskuan dagoen espezie bat (miru gorria) eta hainbat espezie urrakor (sai zuria, besteak beste), baita horrelako instalazioekiko oso sentikorrak diren beste espezie batzuk ere, hala nola sai arrea, interes berezikoa. Hiru kokapen horiek kentzeak edo lekualdatzeak ekarri beharko luke hegaztiek aerosorgailuekin talka egiteko arriskua murriztea, eta, horrez gain, eragin handiak saihestu beharko lituzke sektore horretako pagadi-masetan eta Batasunaren intereseko eta lehentasunezko habitatetan, bai eta Berrozi errekan ere, sarbideak eta zangak irekitzearen eta plataformak eta biraketa-eremuak eraikitzearen ondoriozkoak.

    Aipatutako hiru aerosorgailuak birkokatzeko proposamenean, baztertu egingo dira aurreko paragrafoan aipatutako hegazti-espezie mehatxatuenek eta sentikortasun oso handikoek talka egiteko arrisku maximoa adierazten duten koadroak. Halaber, baztertu egingo dira mehatxupean dauden (arriskuan dauden edo urrakorrak diren) espezieetako kiroptero-ugaritasun ertain edo handiko eremuetako kokapenak. Era berean, baztertu egingo dira Batasunaren lehentasunezko intereseko habitatei edo arriskuan dauden (arriskuan dauden edo urrakorrak diren) flora-espezieen populazioei zuzenean eta modu esanguratsuan eragiten dieten kokapenak.

    2. Aerosorgailu guztiek sistema automatikoak izango dituzte, detekzio, disuasio akustiko eta geldialdiko moduluekin. Sustatzaileak aztertu beharko du merkatuan eskuragarri dauden teknologia-sistemarik eraginkortasunenak instalatzeko aukera. Haien artean, bereizmen handiko kamera-multzoak dituzten ikusmen artifizial estereoskopikodunak aztertuko ditu, mugimenduan dauden paletara hurbiltzen diren hegaztiak tridimensionalki eta denbora errealean detektatzeko eta kokatzeko gai direnak eta haien ibilbidea erregistratzeko eta aurreikusteko ere bai, eta, horren arabera, disuasio- eta geldiarazte-ekintzak eragiten dituztenak.

    3. Parkea ezin izango da martxan jarri aukeratutako mekanismoa erabiltzeko moduan ez dagoen bitartean. Hautatutako sisteman edozein aldaketa egiteko, ebazpen honen 8. apartatuan aipatzen den jarraipen-batzordearen adostasuna beharko da.

    4. Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, zaintza intentsiboa egingo da, egon litezkeen sarraskiak detektatzeko, eta, hala badagokio, kentzeko, miru gorriek edo beste hegazti sarraskijale batzuek aerosorgailuekin talka egiteko arriskua areagotzen duten leku edo baldintzetan. Baldin eta parkean eta haren ingurunean identifikatzen badira animalia-hondakinak botatzeko guneak edo hegazti horiek erakar ditzaketen beste gune batzuk, haien hilkortasun-arriskua areagotu dezaketenak, beste eremu seguruago batzuk proposatu eta ahalbidetuko dira, adostu ondoren mehatxatutako faunaren kudeaketan eskumena duen administrazioarekin nahiz abeltzainekin edo botatzearen beste arduradunekin.

    5. Kiropteroek aerosorgailuekin talka egiteko arriskua minimizatze aldera, eta 2021-2022ko kiropteroen azterlanaren emaitzak ikusita, aerosorgailuak geldirik egongo dira urte bakoitzeko maiatzaren 1etik urriaren 31ra bitartean, eguzkia sartu baino 30 minutu lehenago hasi eta ilundu eta lau ordu igaro arte, baldin eta aldi berean 15 C-tik gorako tenperatura eta 7 m/s-tik beherako haize-abiadurak gertatzen badira.

    6. Parke eolikoa ustiatzen den bitartean egingo den Ingurumen Zaintzako Programaren emaitzen arabera aldatu ahal izango dira funtzionamendu-baldintza horiek. Horren arabera, ordutegia luzatu ahal izango da (eguzki-sartzea baino lehenagora aurreratuz), eta/edo azarora arte luzatu ahal izango da (espezie sedentarioen negu-tokietara mugituz hilabete horretan).

    7. Ertzaintzaren Berroziko basean gaur egun jarrita dauden argiak berraztertzeko eta horien ordez LED motako argiak jartzeko aukerari dagokionez intsektuak eta, ondorioz, kiropteroak erakartzeko ahalmen txikiagoa dutelako, sustatzaileak jarduketen proposamen zehatz bat aurkeztu beharko du parke eolikoa eraikitzeko obrak hasi aurretik, ingurumen-organoak onar dezan.

    8. Parke eolikoa aire-segurtasunerako seinaleztatzeari eta argiztatzeari dagokionez, faunan eta paisaian ahalik eta inpaktu txikiena eragiten duena aukeratu beharko da, eta, gauez, argi gorrikoa lehenetsiko da zurikoaren aurrean, salbu eta aire-nabigazioko segurtasunarekin lotutako eskakizun gaindiezinak agertzen badira. Ildo horretan, seinaleztapenaren eta argiztapenaren egokitzapena Aire Segurtasuneko Estatu Agentziaren (AESA) Turbinak eta parke eolikoak seinaleztatzeko eta argiztatzeko gidaren araberakoa ingurumen-inpaktuak minimizatzeko ezinbestekoak diren gutxienekoen arabera egin beharko da.

    9. Proiektuaren ustiapen-fase osoan, honako hauetan sartuta dauden hegazti- eta kiroptero-espezie giltzarrien hilkortasunaren jarraipena egingo da: Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoa (EMEK), Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoa eta Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrenda. Parkearen funtzionamenduko lehen bost urteetako jarraipenaren emaitzen arabera, eta 8. apartatuan aipatzen den jarraipen-batzordeak txostena egin ondoren, aurreko baldintzak berrikusi eta egokitu ahal izango dira, betiere espezie babestuen talkak eragindako hilkortasuna saihestera bideratuta badaude. Era berean, edozein unetan egiaztatzen bada aerosorgailuren batek hegazti edo kiroptero babestuen hilkortasun handia eragiten duela, ebazpen honen 2. eranskinean jasotako jarduera-protokoloari jarraituko zaio.

    10. Egiten den jarraipenaren emaitzen arabera, eta aipatutako arazoak sortzen dituzten aerosorgailuen aurrean jarduteko protokoloa modu eraginkorragoan aplikatzeko, parkearen bizitza baliagarri osoan gailu teknologiko berriekin saiakerak egingo dira, horien bidez inpaktu hori prebenitzeko eraginkortasuna hobetzeko. Lehenik eta behin, 4.5.1 apartatuan aipatutako ikusmen artifizial estereoskopikoko gailuak erabiliko dira, parke eolikora hurbiltzen diren hegaztiak tridimentsionalki eta denbora errealean detektatzeko eta kokatzeko gai direnak eta haien ibilbidea erregistratzeko eta aurreikusteko ere bai, eta, horren arabera, geldialdi- edo disuasio-ekintza eraginkorrak eragiten dituztenak.

    11. Linea elektrikoaren eragin-eremuan arriskuan dagoen abifaunaren presentzia handia kontuan hartuta, aireko linearen proiektuak jaso beharko ditu abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan Goi-tentsioko linea elektrikoetan abifauna talka eta elektrokuzioaren aurka babesteko neurriak ezartzen dituena adierazten dituen elektrokuzioaren eta talkaren aurkako prebentzio-neurriak. Husteko linea elektrikoaren euskarrietarako, hiruzulokako gurutzeta erabili beharrean, ganga erakoa edo antzerakoa erabiliko da.

    12. Kable elektriko guztietan, lurrerakoetan zein eroalekoetan, txori-babesgarriak instalatuko dira, eta, gutxienez lurrerako kableetan, gomendatzen da katadioptriko islatzaileak dituzten elementu birakariak erabiltzea. Seinaleen arteko distantzia 5 m-koa izango da. Linea elektrikoaren seinaleztapena 5 eguneko epean egingo da, hari eroaleak altxatu eta tenkatu ondoren. Neurri hauen mantentze-lanak lineari dagozkion mantentze- eta kontserbatze-lanen barruan sartuko dira.

    13. Urtero, ustiapen-fase osoan zehar, sustatzaileak, organo substantiboaren bitartez, parkean talka edo elektrokuzio bidez hildako hegazti eta kiropteroen urteko jarraipenaren emaitza helaraziko dio ingurumen-organoari. 8. apartatuan aipatzen den jarraipen-batzordeak konpentsazio-neurriak ezarri ahal izango ditu istripuak izandako espezie giltzarriei dagokienez, parkeak espezie babestuen populazioetan galera garbiak eragin ez ditzan epe ertain eta luzera.

    14. Obren eremuan sastrakak kendu aurretik, faunari zuzeneko kalterik ez eragite aldera, faunan aditua den teknikari kualifikatu batek lursailaren ikuskapen bisuala egingo du. Horrela, intereseko espezieen habiarik, arrautzarik edo txitarik, gordelekurik, idoirik, hezegune edo ur-punturik eta abar badagoen aztertuko du. Faunarentzat interesgarriak diren lekuak antzemanez gero, hartu beharreko neurriak hartuko dira, eta basafauna kudeatzeko eskumena duen administrazioari Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritza jakinaraziko zaio, hark adieraziko baitu zer neurri hartu behar diren.

  6. Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

    1. Jatorri eolikoko energia elektrikoa ekoizteko jarduera (soilik azpiestazioak eta potentzia-transformadoreak) lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago, 4/2015 Legearen I. eranskinaren arabera ekainaren 25eko 4/2015 Legea, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa; legen horren I. eranskina ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren arabera garatua dago. Ondorioz, aipatutako instalazioek nahitaez bete beharko dituzte Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta hura garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan horren inguruan jasotzen diren xedapenak.

    2. Bestalde, lurzorua kutsa dezakeen instalazio bat da Elgeako azpiestazioa, eta horrela jasota dago Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan (01013-00008 kodea). Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, aipatutako eremuan hondeaketa-lanak aurreikusten badira, lan horiek egin beharko dira eraikitze-arrazoiak direla-eta hondeaketa leku horretan baimentzen duen ebazpenean (nahitaezkoa) ezarritako baldintzetan.

    3. Hala ere, aurrekoa ezertan eragotzi gabe, lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada obrek dirauten bitartean, edo lurzorua kutsatzen duten substantzien zantzu argirik agertzen bada, kasu horietarako aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta lege hori garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan ezarritakoa beteko da.

  7. Zarataren eta eremu elektromagnetikoen eraginpean egotearen ondorioak gutxitzeko neurriak.

    1. Zarata sortzen den lekuan jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira egikaritze-fasean zehar; batez ere, biztanleguneen inguruan egiten diren lanetan, bai eta erabiltzen den makineriaren mantentze-lan orokorrak egiterakoan ere.

    2. Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta isurpen akustikoei dagokienez, erabilitako makinak lotu behar zaizkie kanpoaldean erabilitako makinen soinu-emisioei buruzko indarreko legediko xedapenei, eta, bereziki, haientzat aplikagarria denean, kanpoaldean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurumenean eragiten dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakoari.

    3. Zarata-foku berriek Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako jardueretara aplika daitezkeen muga-balioak bete beharko dituzte.

    4. Kalitate akustikoko helburuak bat etorriko dira urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezartzen denarekin.

    5. Sortutako zarata-mailen jarraipenetik ondorioztatzen bada biztanleguneren batean legez ezarritako zarata-atalaseetako bat gainditu dela, organo substantiboari eta eragindako udalari jakinaraziko zaie. Kasu horretan, zarataren jatorri den aerosorgailua edo aerosorgailuak prebentiboki geldiaraziko dira. Sustatzaileak zarataren kausak aztertuko ditu, egindako inpaktu akustikoari buruzko azterlana berrikusiko du, eta bi administrazioei prebentzio- eta arintze-neurri gehigarri batzuk proposatuko dizkie, aerosorgailuaren diseinuari edo funtzionamenduari eragingo diotenak. Sustatzaileak ekintza horiek egin arte ezin izango du aerosorgailua berrabiarazi, organo substantiboak berariaz jakinarazten dizkion baldintzetan. Gainera, inpaktu horren jarraipena areagotuko du eta ezarritako neurri aringarriak gauzatzen direla eta eraginkorrak direla ziurtatuko du. Ondoren, neurri gehigarriak ez direla eraginkorrak ikusten bada eta zaratek legez ezarritako atalaseak gainditzen jarraitzen badute, organo substantiboak lehendik hartutakoez gain beste prebentzio-neurri edo neurri aringarri batzuk zehaztuko ditu, eta, arazoak irauten badu, zarata sortzen duten aerosorgailuen funtzionamendua behin betiko eten, eta eraitsi egin beharko dira.

    6. Goi-tentsioko linea elektrikoaren obra zuinkatu aurretik, trazaduratik gertu dauden biztanleguneak eta eraikin isolatuak identifikatu beharko dira. Eraikinen bat topatzen bada, linearen trazadura lekualdatu egin beharko da biztanleguneetatik 200 metrora baino gehiagora, eta, erabilera sentikorreko eraikinetatik eta etxebizitza isolatuetatik, 100 metrora baino gehiagora. Lekualdatzea ez bada bideragarria, bermatu beharko da fluxu-dentsitatea edo indukzio magnetikoa 100 T-tik beherakoa dela, EBko Kontseiluaren gomendioaren arabera (EBAO, 1999ko uztailaren 13koa).

  8. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

    1. Proiektuaren gauzatze- eta ustiatze-faseetan zehar sortutako hondakinak Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

    2. Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

    3. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik.

    4. Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorrian bertan bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.

    5. Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuak eta hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira hondakindegira bidali beharreko hondakinak.

    6. Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera (parke eolikoaren aurreproiektua), parke eolikoa instalatzeko lanetan sortutako lur-mugimenduen balantzeak 53.459 3-ko soberakina ematen du, eta hori parke eolikoaren kokalekutik kanpo kudeatu beharko da. Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Hondeatutako material kutsagabe naturalak direnez, ukitutako lursaila morfologikoki lehengoratzeko erabiltzea baztertu ondoren betelanetara bota beharrean, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, urriaren 10eko APM/1007/2017 aginduan Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa xedatutakoa izango da aplikatzekoa.

    7. Nolanahi ere, proiektuan aurreikusi ez diren indusketa-soberakinen biltegiak eraiki behar badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren 26. artikuluan ezarritako baimen-araubidearen mende egongo dira. Hori dela eta, jardueraren sustatzaileak proiektu tekniko bat idatzi beharko du, aipatutako dekretuaren V. eranskinean agertzen den gutxieneko edukiarekin.

    8. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

    9. Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

    10. Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, eta indarreko araudiaren arabera.

    11. Apirilaren 8ko 7/2022 legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.

    12. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati entregatzen zaizkion arte, estalpean biltegiratuko dira, behar bezala etiketatutako ontzi estankoen barruan. Gainera, zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, beste kubo edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

    13. Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, ez dira inola ere efluente kontrolatu gabeak sortuko makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz.

  9. Kultura-ondarea babesteko neurriak.

    Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 legeak xedatzen duena gorabehera, eta, hala badagokio, Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak ezartzen duena eragotzi gabe, honako neurri hauek ezarriko dira:

    1. Sustatzaileak egindako ingurumen-inpaktuaren azterketan (testu bategina) zehazten diren kultura-ondarearen prebentzio- eta babes-neurriak gauzatuko dira, hau da, trazaduraren edozein lekutan lurra mugitzea edo makineria astuna ibiltzea eskatzen duten obren kontrol eta jarraipen arkeologikoak egingo dira.

    2. Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, eremu horretako lanak bertan behera utziko dira behin-behinean; berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kultura Departamentuari, eta hark erabakiko du zein neurri hartu behar diren.

    3. Edonola ere, proiektuaren eragin-eremuan kultura-ondarea zaintzearekin zerikusia duten jarduera guztiak Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak bere eskumenen esparruan ezartzen duenaren arabera egingo dira.

  10. Natura-inguruneko jolas- eta aisialdi-erabileretarako neurriak.

    1. Parke eolikoaren proiektuak Arabako Lurralde Historikoko Bizikleta Bideen eta Ibilbide Berdeen Arloko Lurralde Plan Sektorialean jasotako ibilbide berdeei eta bizikleta-bideei eragiten die, Vasco-Navarro Trenbide Zaharreko Bide Berdeari eta GR 25 - Arabako Lautadako bira mendi magalean ibilbideari batik bat. Gainera, linea elektrikoak Postaren Errege Bidea eta Donejakue Bidea gurutzatzen ditu. Ondorioz, eta adierazitako lehen bi elementuei dagokienez, nahitaez bete beharko da Arabako Lurralde Historikoko Ibilbide Berdeei buruzko 1/2012 Foru Arauan ezarritakoa, eta, beraz, nahitaezko baimena eskatu eta izapidetu beharko da Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailean, eta organo kudeatzaile eskuduna den horrek dagozkion neurriak eta baldintzak ezarriko ditu.

    2. Parke eolikoaren obrak egiten diren bitartean, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira abeltzainen eta ohiko erabiltzaileen sarbidea errazteko, bai eta ibilbide berdeetara eta mendiko bidezidorretara jendea oro har sartzea eta horiek erabiltzea errazteko ere. Obrari pertsonen segurtasuna bermatzeko beharrezkoa den seinaleztapena egokituko zaio, eta pasaguneak eta ordezko bideak jarriko dira, obrak egitean herritar arruntek espazioa erabiltzen jarrai dezaten.

  11. Paisaia lehengoratzeko eta obrak integratzeko neurri zuzentzaileak.

    1. Lanek erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, baita lehengoratze-planean agertu ez arren obren ondorioz kaltetu direnak ere. Ingurumen-lehengoratzean sartuko dira lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landareztatzea ere.

    2. Lur-mugimenduak dauden bitartean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, ukitutako eremuak lehengoratzea eta landareztatzea errazte aldera.

    3. Eragindako eremu guztiak lehengoratzeko neurriak (aerosorgailuetarako sarbide nagusia, operatiboak izateari uzten dioten gaur egungo pisten eta sarbideen zatiak, barne-bideak, aerosorgailuen lerrokatzea, husteko linea elektrikoa eraikitzeak kaltetutako azalerak) obrekin batera egikarituko dira, eta, horrela, obrek aurrera egin ahala, ingurumen-inpaktuaren azterketen adierazitako birmoldatze- eta landareztatze-lanak egingo dira. Lehengoratuko diren azalerek ureztatze-sistema bat izan beharko dute, gutxienez landareztatzearen lehenengo faseetan.

    4. Parke eolikoaren bizitza baliagarri osoan zehar, zenbait mantentze-lan egin beharko dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak birlandatu, horretarako beharra ikusten denean. Ez da pestizidarik, herbizidarik edo antzekorik erabiliko landaredia tratatzeko.

    5. Aurreko paragrafoetan adierazitako betebeharrak betetze aldera, parke eolikoa egikaritzeko proiektuak ingurumena lehengoratzeko eta paisaia integratzeko proiektu bat izan beharko du, obren eragina jasoko duten azalera guztietarako, baina obren eraginari buruzko azken txostena kontuan hartuta. Hain zuzen, txosten horretan, proiektua egikaritzean ezabatutako edo ukitutako baso naturalen eta habitaten azaleren benetako datuak emango dira. Proiektu horrek hirugarrenek egikaritzeko adinako xehetasun-maila izan beharko du, eta benetan ukitutako azalerak lehengoratzeko jarduketa guztiak jasoko ditu.

    6. Obra kontratatzeko baldintza-agiriak zein aurrekontuek barne hartu beharko dituzte proposatutako landareztatze- eta paisaiaren lehengoratze-jarduketak behar bezala betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak.

    7. Proiektu horren ezaugarri orokorrak Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Hirigintza Sailak emandako txostenean (2022ko abenduaren 14an sartua espedientean) zehaztutakoak izango dira.

  12. Garbiketa eta obra bukatzea.

    Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako batere hondakinik gabe utzi beharko da. Eraispenetan, enkofratuak kentzean, eta, oro har, garbitze-lanetan sortutako hondakinak lanen eremutik kenduko dira eta baimendutako zabortegi batera eramango.

  13. Neurri konpentsatzaileak.

    1. Kontuan hartuta Azazetako parke eolikoaren proiektuak ukituko dituen baso naturalen azalera handia, eta IIAn aurreikusitako lehengoratze-neurriak eragindako azalerak landareztatzea barne ez direla nahikoa galera hori arintzeko, eta, bestalde, adierazitako funtzio horiek berreskuratzeko denbora asko behar izateaz gain aipatutako helburua lortzeko ziurgabetasun handia dagoela, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen arabera, aurrez aipatutako zuzenketa-neurriak aplikatuta ere, proiektua gauzatzeak ekar dezake Batasunaren eta eskualdearen intereseko habitatak galtzea, eta, ondorioz, natura-interes handiko fauna-populazioak kaltetzea.

    Aurrekoaren ildotik, eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak espedienteari buruz emandako txostenarekin bat etorriz (2022ko abenduaren 1ean sartu zen espedientean), parke eolikoko obrak eraikitzeko proiektua abian jarri aurretik, sustatzaileak konpentsazio-plan bat gehitu beharko dio aurreko puntuan aipatutako lehengoratze-proiektuari, honako zehaztapen hauekin bat etorri beharko duena:

    1. Ezabatutako natura-ondarearen pareko konpentsazioak ezarriko ditu, dela baso autoktonoa lehengoratuz (deuseztatua/lehengoratua proportzioa: 1/2), dela inguruko baso autoktonoak hobetzeko jarduketak eginez haien balio ekologikoa sendotzeko edo espezieak berreskuratzeko proiektuetan inbertituz hala nola Bonelli arranoaren eta ugatzaren Arabako Lurralde Historikoko populazioa indartzeko programak eginez (hazkuntza-instalazioak hobetzea, GPS emisoreak erostea eta/edo elikadura-puntu osagarriak instalatzea), baita irtenbide mistoak emanez ere. Konpentsazio horiek, ahal den neurrian, proiektutik hurbil dauden eremuetan garatuko dira, lurralde-konektagarritasun ekologikoa hobetzen lagundu dezaten.

    2. Aipatutako txostenean proposatutakoaz gain, konpentsazioak proposatuko dira, abifauna sedentario eta migratzailean elektrokuzio-arriskuak minimizatzeko, proiektuaren inguruko eremuetan dauden linea elektrikoetan, hau da, Olarizu eta Anto gisa (geoEuskadi datu-atarian jasotako informazioaren arabera) identifikatutako Gasteizko Mendiak-Azazetako sektoreko 13,2 kV-eko linea elektrikoetan. Izan ere, ez datoz bat abuztuaren 29ko Errege Dekretuaren goi-tentsioko linea elektrikoetan abifauna talkatik eta elektrokuziotik babesteko neurriak ezartzen dituena preskripzio teknikoekin.

      2. 3.2.11 apartatuan adierazitako moduan, eta sustatzaileak administrazio publikoaren txostenei emandako erantzunean azaldutakoaren arabera (2022ko azaroaren 21eko txostena), parke eolikoak Kapilduiko radarrean sortzen duen kaltea konpentsatzeko neurria jasoko du Konpentsazio Planak. Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren adostasuna beharko du.

      3. Bestalde, proiektuak, parke eolikoaren ustiapen-fasean, inpaktu nabarmena eragingo du paisaian, batez ere parketik hurbilen dauden biztanleguneetan. Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren txostenek eta proiektuak ukitutako zenbait udalek eta administrazio-batzarrek emandako txostenek kezka agertu dute proiektuak inpaktu negatiboa izan dezakeelako udalerri eta biztanlegune horien naturan oinarritutako turismoaren potentzialean.

      Ondorio horiek direla-eta, proiektuak paisaian dituen inpaktuak konpentsatzeko neurriak hartzea komeni den aztertuko du sustatzaileak. Neurriak Bernedo, Barrundia, Arraia-Maeztu, Alegra-Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako udalerri eta administrazio-batzarretara hedatuko dira, aipatutako udalerrietako toki-administrazioen eta Arabako Foru Aldundiaren adostasunarekin. Jarduketen artean honako hauek sar litezke:

      Bidezidorrak eta begiratokiak egokitzea.

      Paisaia interpretatzeko eta balioesteko jarduketak.

      Paisaia-balio handiko elementu naturalak lehengoratzea.

      Paisaia-balioa duten kultura-ondareko elementuak lehengoratzea.

      Abeltzaintzako azpiegiturak eta paisaiarekin bat ez datozen beste elementu artifizial batzuk paisaian eta ingurumenean integratzea.

      Araba Erdialdeko Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoan zehazten diren paisaiaren helburuak lortzeko beste neurri batzuk, nekazaritza eta abeltzaintzako paisaiei, ondare- eta kultura-baliabideei, nortasun-baliabide sinbolikoei eta paisaia naturalei dagokienez.

      Konpentsazio-neurri guztiak sustatzaileak landu beharreko konpentsazio-plan batean txertatuko dira. Plan hori 8. apartatuko jarraipen-batzordeak baliozkotu beharko du, proiektua egikaritzen hasi aurretik, parke eolikoa eraikitzearekin batera abian jar dadin.

  14. Jarduera etetea.

    Aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketak (testu bategina) parke eolikoko instalazio guztiak eraisteko proiektu bat barne hartzen du, haien bizitza baliagarriaren ondoren. Honako hauei eragiten die: aerosorgailuak, barneko bideak eta arekak, lurpeko kableak, zangak lehengoratzea, dorre meteorologikoa, azpiestazio elektrikoa, husteko linearen euskarriak, kableak kentzea, etab. Halaber, aurreikusten du okupatutako lurzorua lehengoratzea eta haren izaeraren arabera sortutako hondakinak kudeatzea. Eraisteko proiektu horrek proiektua egikaritzeko aurreikusitako aurrekontua barne hartzen du.

    Jarduera uzten den garaian aplikagarria den berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetan babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko dira. Hain zuzen, ebazpen honetan egikaritze- eta ustiapen-faseetarako ezarri direnen antzeko neurriak aplikatuko dira; batez ere, erliebea jatorriko egoerara berroneratzeari dagozkionak, eta lurzoruaren eta landaretzaren lehengoratzeari, uren kalitatea babesteari eta hondakinen kudeaketari buruzkoak.

    Bestalde, lehen aipatu bezala, jatorri eolikoko energia elektrikoa ekoizteko jarduera (soilik azpiestazioak eta potentzia-transformadoreak) lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera. Ildo horretatik, lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasi beharko du sustatzaileak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31. artikuluan xedatu bezala, eta kontuan hartu beharko ditu abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) 23. artikuluan ezarritako zehaztapenak.

  15. Ingurumen-aholkularitza.

    Obra amaitu arte eta berme-aldian, eta, bereziki, obren zuinketa eta lur-mugimenduak egiteko fasean, Obra Zuzendaritzak ingurumen-aholkularitza bat izan beharko du, ebazpen honetako babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatzeko eta ikuskatzeko gaitasuna duena. Era berean, ondare historiko-artistikoaren kontserbazioan espezializatutako langileak eduki beharko ditu. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

  16. Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

    Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

    1. Obraren okupazio-mugen kontrola.

    2. Arriskuan dauden flora- eta fauna-espezieen, Batasunaren eta eskualdearen intereseko habitaten eta Natura 2000 Sareko Aldaiako Mendiak KBEko (ES2110016) espazioaren gaineko eraginen kontrola.

    3. Hondakinak botatzea eta erregai- eta olio-isurketen eta lurrak arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.

    4. Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

    5. Proiektuaren eraginpeko biztanleguneetan bizi direnei zarata eta hautsarekin enbarazurik ez eragitea.

      1. Ingurumen Zaintzako Programa.

        Obra kontratatzeko baldintza-agirian sartuko da Ingurumen Zaintzako Programa, eta dagokion aurrekontua izango du, ez soilik behin-behinean obra-harrera egin arte, baizik eta obraren berme-aldian eta parke eolikoaren funtzionamenduan zehar ere bai. Aldi horietan, ingurumen-inpaktuaren azterketak (testu bategina) aintzat hartu beharreko alderdiei buruzko atalean proposatzen duenari jarraituko zaio zaintza egiteko, ezertan eragotzi gabe zaintza horren emaitzak ikusita egin beharreko egokitzapenak. Nolanahi dela ere, jarraian zehazten diren kontrolak gehitu beharko dira.

      1. Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

        Egiaztatuko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela, aurreikusitako azalera baino eremu handiagoa hartu gabe.

      2. Uren kalitatearen kontrola.

        Uren arloan eskumena duen organoak erabakitzen duena gorabehera, obrak egiten diren bitartean honako kontrol hauek egingo dira:

        1. Obrek lurrazaleko ur-ibilguetan eta lurpeko uretan izango dituzten eraginak zehazte aldera, jarduketa aurreko egoera zehaztuko da, gutxienez, honako ur-puntu hauetan: Uraren Euskal Agentziak espedientearekin lotuta 2021eko ekainean eman duen txostenean (organo substantiboak 2022ko urtarrilaren 24an espedienteari erantsia) hargune gisa grafiatuta agertzen direnak.

          Gutxienez parametro hauek zehaztu beharko dira: solido esekiak, pH-a, eroankortasuna, eta olioak eta koipeak.

        2. Obra-fasean, lur-mugimenduetatik datozen hondakin-uren balizko isurketak kontrolatuko dira. Denbora horretan, eta aurreko epigrafean adierazitako puntu berberetan, laginketak egingo dira astero, obrak aipatutako ur-puntuen eragin-eremuan egiten ari direnean, eta jarduketa aurreko egoeran ezarritako parametroak zehaztuko dira.

      3. Obrak egitean, Batasunaren eta eskualdearen intereseko florari, faunari, landarediari eta habitatei eragindako eraginak kontrolatzea.

        Ebazpen honen 4.4 puntuko neurriekin bat etorriz, Ingurumen Aholkularitzak eta Arabako Foru Aldundiko teknikariek gainbegiratuta, obran bertan jarraipena egingo da, era horretan flora eta fauna mehatxatuan zein proiektuaren eraginpeko eremuan dauden Batasunaren eta eskualdearen intereseko landare-komunitateetan obrek eragindako ondorioak arintze aldera aurreikusitako neurriak gauzatu daitezen eta eraginkorrak izan daitezen.

      4. Parke eolikoaren funtzionamendu-fasean faunaren gaineko eraginak kontrolatzea.

        1. Obren fasea hasten denetik, eta parke eolikoaren bizitza baliagarri osoan zehar, faunaren jarraipena egiteko kanpainak egingo ditu urtero sustatzaileak, arreta berezia eskainiz Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendan, Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan eta EMEKen agertzen diren espezie mehatxatuei. Lehenengo bost urteetan, landa-lanak eta prospekzioak egingo dira aerosorgailuen ezarpen-eremuan, faunaren urteko azterketako (abifauna eta kiropteroak) laginketa-metodo, -teknika eta -intentsitate berberekin, eta egindako urteko azterketaren xehetasun-maila berarekin, populazioak nahiz haien espazioaren erabilera-ezaugarriak zehazteko (bereziki, hegaztiak aerosorgailuetatik igarotzea eta haien arteko igarobideak). Azterketa-eremua parke eolikoaren azken konfiguraziora egokituko da, Z6.01, Z6.02 eta Z6.08 aerosorgailuak birkokatu ondoren.

        2. Funtzionamenduko seigarren urtetik aurrera, sustatzaileak jarraipenaren aldizkakotasuna egokitzeko eskatu ahal izango du, aplikatutako arintze-neurriek aurreko urteetan izandako eraginkortasunaren arabera. Urteko kanpaina bakoitzean, jarduketa aurreko egoerarekin alderatuta, konparatuko da ea proiektuak espezie bakoitzaren ugaritasuna eta ale kopurua murriztu dituen, bai eta aztergai den eremuan espezie horien portaeran eta espazioaren erabileran aldaketak gertatu diren ere. Jarraipena moldagarria izango da. Lortutako emaitzak zein, orientabideak emango ditu neurri aringarri osagarri eraginkorragoen beharrari buruz nahiz hondar-inpaktua konpentsatzeko neurrien beharrari buruz. Urteko kanpaina bakoitzari dagokion txostena egingo da, eta organo substantiboaren bidez ingurumen-organoari helaraziko zaio. Sustatzaileak programa zehatz bat egingo du jarraipenaren metodologia azaltzeko, eta aipatutako batzordearen adostasuna izan beharko du proiektua gauzatu aurretik.

        3. Urte osoko kanpainak egingo dira aerosorgailuekiko eta husteko aireko linea elektriko osoarekiko talka-hilkortasunaren jarraipena egiteko. Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak espedienteari buruz egindako txostenaren arabera, jarraipen hori egunerokoa izango da parke eolikoa ustiatzen den lehenengo urtean, eta horren emaitzek programazio-neurriak berehala hartzeko balio beharko dute, urte osoko emaitzei itxaron gabe. Ondoren, funtzionamenduko lehenengo bost urteetan, hamabost egunean behin prospekzioak egingo dira tokian bertan. Seigarren urtetik aurrera eta bizitza baliagarri osoan zehar, jarraipenaren intentsitatea pixkanaka txikitu ahal izango da, sustatzaileak aplikatzen dituen arintze-neurrien eraginkortasunaren arabera.

        4. Jarraipen-jarduera horiei erantzuteko, sustatzaileak programa espezifiko bat egingo du abifaunaren eta kiropteroen hilkortasunaren jarraipena egiteko. Programa horren metodologiak oinarritzat izango du 2021eko ekaineko Parke eolikoen ingurumen-inpaktuaren azterketen edukia dokumentuko 2.6 apartatua, Ingurumen-zaintzako programaren diseinua, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzarena.

        Saguzarren kasuan, eguneratu egingo da aurreko paragrafoan aipatutako dokumentuan adierazten den metodologia, eskuragarri dagoen honako dokumentu honen azken bertsiora egokitzeko (2021eko azarokoa): Parke eolikoetako kiropteroen hilkortasuna ebaluatzeko eta zuzentzeko gidalerroen proposamena, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikoaren Ministerioaren (MITECO) Lurreko eta Itsasoko Biodibertsitaterako Zuzendariordetza Nagusiak argitaratua.

        Sustatzaileari jakinaraziko zaizkio EAEko ingurumen-organoak egiten dituen jarraipen-protokoloen etorkizuneko eguneratzeak, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web-orrian argitaratuko dira.

        5. Aurrekoan oinarrituta, jarraipenaren baldintza espezifikoak zehaztuko ditu jarraipen-programak, hala nola bisiten maiztasuna eta ordutegia, harrapakaritzaren eta detektagarritasunaren zuzenketa-faktoreak, ikuskapen-bandak, txostenak egitea, eta abar, eta 8. apartatuko jarraipen-batzordeak baliozkotu beharko du. Benetan eragindako hilkortasunaren zenbatespena kalkulatzeko, gorpuen iraute-tasak eta detektagarritasun-tasak aplikatuko dira. Ezbeharren bat gertatuz gero, hondakinei dagokien espeziea zehaztuko da, eta berehala jakinaraziko zaie ingurumen-organo horri eta Arabako Foru Aldundiko basafauna eta basaflora kudeatzeko eskumena duen organoari.

        6. Aipatutako baldintzen arabera egin beharreko hilkortasunaren jarraipena, bai eta portaerarena eta espazioaren erabilerarena ere, sustatzailearekin zerikusirik ez duen enpresa batek egin behar ditu, gaitasun tekniko nahikoa lanbide-kualifikazioei buruzko arauen arabera duten pertsonen bidez. Aipatutako dokumentu horien egileak eta sustatzailea izango dira horien edukiaren eta informazioaren fidagarritasunaren erantzule solidarioak, Administraziotik modu frogagarrian jasotako datuei dagokienez izan ezik. Egiten diren azterlan eta txosten guztietan, egileen identitatea, lanbide arautua eta sinadura agertu beharko dira.

        7. Ingurumen-inpaktuaren azterketan ageri den abifaunaren eta kiropteroen azterketaren emaitzak, bai eta aurreko paragrafoetan ezarri diren espazioaren jarraipen- eta erabilera-ekintzen emaitzak ere, oinarri gisa erabiliko dira aerosorgailuen banakako funtzionamendu-erregimenaren egutegi bat ezartzeko. Egutegi hori egokitu egingo da identifikatutako espezie giltzarrien erregistratutako portaeraren eta erabileraren arabera, eta urtero berrikusiko da. Egutegi horrek finkatuko du aerosorgailuek, banaka hartuta, zer aldi eta egoeratan egokitu beharko duten beren funtzionamendua aldi baterako geldialdia barne aurreikusitako arrisku-egoeren aurrean talka egiteko probabilitatea murrizteko, hala nola migrazio-mugimenduak, tokiko ohiko mugimenduak, baldintza meteorologiko txarrak, jarduera-aldia, elikagaien eskuragarritasuna eta ehizaki-ugaritasuna eta abar. Egutegia urtero eguneratuko eta hobetuko da, Ingurumen Zaintzako Programaren populazioen portaerari eta erabilerari buruzko zein hilkortasunari buruzko jarraipenen informazioarekin, bai eta detekzio- eta kontrol-sistema automatikoekin lortutako datuekin ere.

        8. Bost urtean behin, urteko jarraipen-txostenak ondorioen laburpen bat izango du, aurreko urteko txostenen emaitzetan oinarritua, gutxienez alderdi hauek izango dituena:

        1. Urteko jarraipenen emaitzen eta haien eraginkortasunaren aldakortasuna eta bilakaera interpretatuko eta justifikatuko ditu (jarraipen-ekipoetako edo lan-ohituretako aldaketak; ezarritako hobekuntzak; baldintza meteorologikoak; eta beste faktore batzuk, emaitzetan eragina izan ahal dutenak).

        2. Bost urteko txosten horietako lehenengoan, analizatuko dira abifaunaren eta kiropteroen espazio-erabilerari buruzko jarraipen-kanpainen emaitzak (apartatu honen hasieran aipatutakoak).

        3. Laburpen bat, basafaunaren babesean eskumena duten administrazioetatik jasotako datu eskuragarriekin, honako hauei buruz: EMEKeko espezieen populazioen jarraipena eta egoera, haien lurraldeen eta babeslekuen bilakaera, eta, hala badagokio, parke eolikoaren eragin-eremuan habia egiten duten bikoteen ugalketa-tasak.

        4. Datuak talken aurkako sistema automatikoen alarmek eragindako geldialdi-erregimenari buruz, eta sistema horien eraginkortasunaren ebaluazioa.

          9. Halaber, Ingurumen Zaintzako Programak mekanismo azkar eta arina ezarri beharko du ganadua hiltzen den kasuetan sarraskia detektatu eta kentzeko, eta parke eolikoaren eragin-esparrutik ateratzeko.

      5. Kultur ondarearen gaineko eraginen kontrola.

        Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 legeak xedatzen duena gorabehera, eta, hala badagokio, Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak ezartzen duena eragotzi gabe, lanak kontrol zorrotzaren eta ikuskapen arkeologikoaren pean egingo dira, ingurumen-inpaktuaren azterketan (testu bategina) proposatzen denarekin bat etorrita.

      6. Zarataren kontrola.

        1. Parke eolikoaren funtzionamendua hasi ondoren, zarata-kontrolak egingo dira. Horretarako, funtzionamenduko lehen urtean eta hiru hilean behin, zarata-neurketak egingo dira sustatzaileak aurkeztutako zarata-azterlaneko 2022ko urtarrilaren 24an aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketari (testu bategina) 3. eranskin gisa erantsia puntu berberetan, hau da, parke eolikotik hurbilen dauden etxebizitzetatik gertu dauden eremuetan: Azazeta, Egileta, Erentxun eta Ixona.

        2. Ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako kalitate-helburuak betetzen ez badira, zarata-mailak murrizteko neurri osagarriak planteatu beharko dira, 4.7.5 puntuan adierazitakoaren arabera.

        3. Neurtzeko metodoak eta erreferentzia-balioak Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta hura garatzeko araudian xedatutakoari atxiki beharko zaizkie, baita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan xedatutakoari ere.

      7. Lehengoratzearen eta konpentsazio-neurrien arrakastaren kontrola.

        Parke eolikoaren funtzionamenduko lehenengo bost urteetan, urteko kontrolak egingo dira: Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Planean zein Konpentsazio Planean jasotako lehengoratze- eta konpentsazio-neurrien xede diren lursailen bilakaeraz (hurrenez hurren, 4.11.5 eta 4.13 paragrafoetan adieraziak), bai eta ereiteen, landaketen eta baso-tratamenduen arrakastari buruz ere. Ingurumen Zaintzako Programak ondoren egin beharreko kontrolen maiztasuna zehaztuko du. Gutxienez bat bost urtean behin egin beharko dira, eta ezarritako landare-formazioak sendotzen direla ziurtatu arte luzatuko dira. Jarraipen horren emaitzak urteko txostenetan txertatuko dira, bai eta eraitsi ondorengo azken txostenean ere.

      8. Gorabeheren erregistroa.

        Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena ere. Erregistro horrek eskuragarri egon beharko du organo substantiboak ikuskatzeko, bai eta, hala badagokio, ingurumen-organoak ere.

        Proiektua egikaritzean aldaketak egin badira, xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu beharko dira aipatutako aldaketak. Halaber, hondeaketa-soberakinen norako zehatza dokumentatuko da.

      9. Ingurumen Zaintzako Programaren dokumentu bategina.

        Ingurumen Zaintzako Programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak. Bertan jaso beharko ditu ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatzen diren betebeharrak, bai eta ingurumen-inpaktuaren azterketa formulatzen duen ebazpenean ezartzen direnak ere, barne hartuta habitaten eta espezieen kontserbazio-egoeraren bilakaeraren kontrolak, txosten honetan proposatuak.

        Programa horretan, kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira; horrez gain, laginak hartzeko eta azterketa egiteko metodologia, kontrol-puntuen kokapenari buruzko kartografia xehatua, haien maiztasuna eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak ere jasoko dira.

      10. Ingurumen Zaintzako Programaren emaitzak bidaltzea.

        Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatu eta lehengoratze-lanen berme-aldia amaitutakoan bidaliko da txosten hori.

        Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten horretan emaitzen analisia jasoko da, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.

        Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

      1. Neurriak eta Ingurumen Zaintzako Programa aldatzea.

        Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango da, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta eta organo substantiboaren bidez, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta egingo da, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

      2. Sustatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa.

      1. Ebazpen honen aurreko apartatuetan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, organo substantiboak jarraian aipatzen diren agiriak bidali beharko dizkio ingurumen-organo honi, jarraipen-batzordeak baloratu ditzan, eta, ondoren, ingurumen-organoak onar ditzan:

        1. Proiektua egikaritu aurretik, parke eolikoaren azken konfigurazioa jasotzen duen mapa bat, ebazpen honen 4.2.1 apartatuko neurriaren xede diren hiru aerosorgailuak birkokatu ondoren. Mapa horretan aerosorgailu eta lotutako azpiegitura guztien posizioak jasoko dira (plataformak, bideak, biraketa-eremuak, zangak, husteko lineak, euskarriak, etab.). Era berean, 4.2.2 apartatuan aipatutako azterlan osagarriak aurkeztuko dira, eta, hala badagokio, kokapen berriei buruzko babes- eta zuzenketa-neurri berriak proposatuko dira.

        2. Obrak hasi baino lehen, ebazpen honetako 5.9 apartatuan aurreikusitako Ingurumen Zaintzako Programako dokumentu bategina.

        3. Obrak hasi aurretik, obrek kaltetu ditzaketela aurreikusten diren lursail guztien Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektua, ebazpen honen 4.11.5 apartatuan eta hurrengoetan jasotzen diren xehetasunekin.

        4. Obrak hasi aurretik, Konpentsazio Plana, ebazpen honen 4.13 apartatuan adierazitako zehaztapenekin.

        5. Ebazpen honen 5.4.7 apartatuaren arabera, parke eolikoaren funtzionamenduko lehenengo urtearen ondorengo lehen hilabetean, aerosorgailuen urte osoko funtzionamendu-proposamena jasotzen duen dokumentu bat aurkeztuko da. Haren oinarria ebazpen honen 5.4 apartatuan jasotzen diren kontroletan lortutako emaitzak izango dira. Hurrengo urteetan, aerosorgailu horien urteko funtzionamendu-proposamena parke eolikoaren urteko jarraipen-txostenetan txertatuko da; txosten horiek urtero martxoaren 1etik 15era bitartean aurkeztu beharrekoak dira.

      2. Era berean, jarraian aipatzen diren agiriak bidali beharko zaizkio ingurumen-organo honi, organo substantiboaren bidez:

        1. Lanak amaitutakoan, lanak egitean izandako gorabeheren erregistroa, bai eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena ere, ebazpen honetako 5.8 apartatuan aurreikusten denari jarraituta.

        2. Obrak amaitu ondoren, ebazpen honen 5.10 apartatuan ezarritako Ingurumen Zaintzako Programaren emaitzei buruzko dokumentua.

        3. Lehengoratzearen berme-aldiaren amaieran, ebazpen honen 5.10 apartatuan ezarritako Ingurumen Zaintzako Programaren emaitzei buruzko dokumentua.

        4. Obrak amaitu eta gehienez ere bi hilabeteko epean, lur-mugimenduen balantze xehatua, eta, hala badagokio, indusketako soberakinak proiektuarekin zuzenean lotu gabeko eraikuntza-erabileretarako kudeatzen direlako egiaztapena, bai eta ebazpen honen 4.8 apartatuan adierazten den hondakinen ingurumen-jarraipenaren txosten xehakatua ere.

        5. Urtero, jarduera hasten denetik hasita, Ingurumen Zaintzako Programaren emaitzei buruzko dokumentua, ebazpen honetako 5. apartatuan aurreikusita dagoena.

        6. Bost urtetik behin, jarraipen-txostena, ebazpen honetako 5.4.7 apartatuan adierazten diren zehaztapenak dituena.

      1. Parke eolikoaren jarraipen-batzordea.

        Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.2.g) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta ingurumen-ebaluazioaren eta natura-ondarearen babesaren arloko araudiak EAEko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-organoen artean esleitutako eskumenen banaketa kontuan hartuta, Azazetako parke eolikoaren jarraipen-batzordea sortu da, helburu hauekin: ebazpen honen xede den proiektuaren egikaritzea eta funtzionamendua gainbegiratzea, bai eta Ingurumen Zaintzako Programaren emaitzak analizatzea ere, eta, hala badagokio, emaitza horiek ikusita, organo substantiboari babes- eta zuzenketa-neurri osagarriak hartzeko proposatzea.

      1. Batzordeak izaera teknikoa izango du, eta honako erakunde hauetako kide bana izango du: Industria Administrazioaren Lurralde Ordezkaritza (organo substantiboa), Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza (ingurumen-organoa), Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza (basafaunaren eta basafloraren espazioak eta espezieak babesteko eta planifikatzeko eskumena duen organoa), guztiak Eusko Jaurlaritzakoak, eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritza (eremu babestuak eta basafauna eta basaflora kudeatzeko eskumena duen organoa).

      2. Sustatzaileak ebazpen honetan eskatutako agiriak bidaliko dizkio ingurumen-organoari, betiere organo substantiboaren bidez, eta, ingurumen-organoak, jarraipen-batzordeko gainerako kideei, apartatu honetako lehenengo paragrafoan adierazten diren eginkizunak betetzeko behar den informazio guztia helaraziko die.

      3. Lehenengo urtean, batzordea sei hilean behin bilduko da proiektua egikaritzen hasten denetik zenbatzen hasita, eta, urtero, parke eolikoa abian jartzen denetik zenbatzen hasita. Aldi berean, sustatzaileak parke eolikoaren urteko jarraipen-txostenak emango ditu. Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak egingo ditu dagozkion deialdiak.

        Hirugarrena. Lau urteko epea jartzen da proiektua gauzatzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta proiektua gauzatzen hasi ez bada, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio indarraldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.5 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin.

        Laugarrena. Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari, organo substantiboaren bitartez, zer egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

        Bosgarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Arabako Industria Administrazioaren Ordezkaritzari eta Aixeindar SA sustatzaileari.

        Seigarrena. Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

        Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 20a.

        Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

        JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Jendaurreko informazioaren eta eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitza:

(Ikus .PDF)

Jendaurreko informazio-aldian eta kontsulta-aldian, kontsultei erantzuteko 48 txosten jaso dira, administrazio-batzarren 6 alegazio (proiektuak zuzenean eragiten ez dielako kontsultatu ez zirenak), talde politiko baten 1 eta 3.236 partikularren sinadura duten zenbait alegazio.

Aerosorgailu gatazkatsuekiko protokoloa.

2019ko uztailaren 8an Biodibertsitatearen eta Natura Ingurunearen Zuzendariordetza Nagusia zenak parke eolikoetako aerosorgailu gatazkatsuak geldiarazteko planteatutakoaren arabera egin da protokolo hau.

Jarraipenak erakusten badu aerosorgailuren batek Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendan sartuta dauden hegaztien edo kiropteroen heriotza eragiten duela talken ondorioz, sustatzaileak jarduteko protokolo honen arabera jardungo du:

  1. Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendako zerrendako edo espezie mehatxatuen estatu mailako eta erkidego mailako katalogoan galzoriko espezie edo espezie urrakor gisa sailkatuta dagoen espezieren batekin talka eragiten duten aerosorgailuak.

  1. Aurreko bost urteetan aerosorgailu berak espezie mehatxatu berarekin talkarik izan ez badu: talka detektatu bezain laster, sustatzaileak aerosorgailuaren funtzionamendua kautelaz geldiaraziko du, eta horren berri emango die organo substantiboari eta biodibertsitatearen arloko organo autonomiko eskudunari. Sustatzaileak ahalik eta lasterren aztertuko ditu kausak, talka-arriskua berraztertuko du, eta bi organoei neurri aringarri gehigarriak proposatuko dizkie, diseinuaren edo funtzionamenduaren arloetan, bai eta zenbait konpentsazio-neurri ere, arriskuan dagoen espeziearen populazioari eragindako galeragatik. Sustatzaileak ekintza horiek egin ondoren baino ez du berrabiarazten ahalko aerosorgailuaren funtzionamendua, eta, organo substantiboak, biodibertsitatearen arloan eskumena duen organoak proposatuta, espresuki jakinarazten dizkion baldintza eta neurri gehigarriekin, eta inoiz ez hiru hilabete iragan baino lehen. Halaber, aerosorgailuak eragindako hilkortasunaren jarraipena areagotuko du sustatzaileak, bai eta ezarritako neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien betetzearen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.

  2. Aurreko bost urteetan aerosorgailu berak beste talka bat izan badu espezie mehatxatu berarekin: talka detektatu bezain laster, sustatzaileak aerosorgailuaren kautelazko geldialdia egingo du, eta horren berri emanen die organo substantiboari eta biodibertsitatearen arloko organo autonomiko eskudunari. Sustatzaileak xehero aztertuko du, urte osoko ziklo batean, aerosorgailuaren inguruan eragindako espeziearen populazioa (kontuan hartu beharreko gutxieneko distantziak, 1. taularen arabera), espeziearen migrazio-iragateak barne; talka-arriskuaren analisia berrikusiko du; ebaluazio berri bat egingo du espeziearen gaineko eraginari buruz (iraungitze-faktorea tokiko eskalan, hustubide-efektua...); eta biodibertsitatearen arloko organo substantiboari eta organo eskudunari prebentzio-neurri gehigarri batzuk proposatuko dizkie, istripu gehiagoren arriskua saihesteko (hala nola funtzionamendua etetea migrazio-iragateetan, espeziearen presentzia-garaietan eta jarduera-ordutegietan edo bestelako arrisku-egoeretan, edo aerosorgailua eraistea), bai eta espezie mehatxatu horren populazioari egindako kalte berria konpentsatzeko neurri batzuk ere. Sustatzaileak ekintza horiek egin ondoren baino ez du berrabiarazten ahalko aerosorgailuaren funtzionamendua, eta, organo substantiboak, biodibertsitatearen arloan eskumena duen organo autonomikoak proposatuta, espresuki jakinarazten dizkion baldintza eta neurri gehigarriekin. Halaber, aerosorgailuak eragindako hilkortasunaren jarraipena areagotuko du sustatzaileak, bai eta ezarritako neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien betetzearen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.

  3. Aurreko bost urteetan aerosorgailu beraren eta espezie mehatxatu beraren arteko bi talka edo gehiago gertatu badira: talka detektatu bezain laster, sustatzaileak horren berri emango die organo substantiboari eta biodibertsitatearen arloko organo autonomiko eskudunari; eta espezie mehatxatuaren populazioari egindako kalte berria konpentsatzeko neurriak proposatuko dizkie. Gainera, aerosorgailu horren funtzionamendua behin betiko geldituko du eta lehenbailehen eraitsi beharko du, salbu eta organo substantiboak, biodibertsitatearen arloko organo eskudunak proposatuta, salbuespenez eta espresuki baimena ematen badu funtzionatzen jarraitzeko, istripu gehiagorik gertatu ezin den baldintza berrietan.

  1. Mehatxatuta ez dauden Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendako espezieekin talka egiten duten aerosorgailuak:

  1. Urtero, jarraipenean ikusten bada aerosorgailuek talkagatiko heriotzak eragin dituztela Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendan mehatxupean sailkatuta ez dauden espezieetan, sustatzaileak kasu bakoitzaren kausak aztertuko ditu, aerosorgailu bakoitzak talka egiteko duen arriskua berrikusiko du, eta organo substantiboari eta biodibertsitatean eskumena duenari neurri aringarri gehigarriak proposatuko dizkie, diseinuaren eta funtzionamenduaren arloetan, bai eta kaltetutako espezie babestuen populazioei eragindako galerak konpentsatzeko neurriak ere. Tartean diren aerosorgailuen funtzionamenduak, aurrerantzean, organo substantiboak zehaztuko dituen baldintza berriei biodibertsitatean eskumena duen autonomikoak proposatuak jarraituko die. Halaber, aerosorgailu horietako bakoitzak eragindako hilkortasunaren jarraipena areagotuko du sustatzaileak, bai eta ezarritako neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien gauzatzearen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.

  2. Urteren batean aerosorgailuren batek 2. taulan adierazten den hilkortasun zenbatetsiko atalaseren bat gainditzen badu (Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendan mehatxupean sailkatuta ez dauden espezieetako banakoak), arriskutsutzat joko da. Sustatzaileak funtzionamendua kautelaz geldiaraziko du, eta horren berri eta urteko heriotza-tasaren analisiaren emaitza emango die organo substantiboari eta biodibertsitatearen arloko organo autonomiko eskudunari. Une horretatik aurrera, aerosorgailu arriskutsua geldirik dagoela, sustatzaileak xehero aztertuko ditu, urte osoko ziklo batean, aerosorgailu horren inguruko espezie babestuen populazioak (1. taulan adierazitako distantzien arabera), migrazio-iragateak barne; aerosorgailu horren talka-arriskuaren analisia berrikusiko du; ebaluazio berri bat egingo du espeziearen gainean aerosorgailuak duen eraginari buruz (populazioen iraungitze-faktorea tokiko eskalan, hustubide-efektua...); eta istripu berriak izateko arriskua nabarmen murrizten edo guztiz ezabatzen duten neurri aringarri gehigarri batzuk proposatuko dizkie organo substantiboari eta biodibertsitatean eskuduna denari (funtzionamendua etetea migrazio-iragateetan, espeziearen presentzia-garaietan eta jarduera-ordutegietan edo bestelako arrisku-egoeretan, besteak beste). Aurreko jarduketa guztiak egin ondoren, aerosorgailua berriz martxan jarri ahal izateko, organo substantiboak horretarako espresuki emandako baimena beharko du, eta biodibertsitatearen arloan eskumena duen organoak proposatutako baldintza berriak bete beharko ditu. Halaber, urtebeteko hurrengo bost aldietan, sustatzaileak areagotu egingo du aerosorgailu arriskutsu horiek eragindako hilkortasunaren jarraipena, bai eta ezarritako neurri arintzaile gehigarrien betetzearen eta haien eraginkortasunaren jarraipena ere.

  3. Aurreko apartatuan adierazitako aerosorgailu arriskutsu baten jarraipen bereziko bost urteko epean egiaztatzen bada berdin jarraitzen duela, hau da, Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendan mehatxupean sailkatuta ez dauden espezieetan talkagatiko heriotzak eragiten jarraitzen duela, eta aurreko apartatuan adierazitako atalaseak gainditzen baditu berriz urteren batean, nahiz eta aringarri gehigarriak hartuak izan, sustatzaileak organo substantiboari eta biodibertsitatean eskuduna den organoari jakinaraziko die, aerosorgailua behin betiko gelditu, eta eraitsi egingo du, salbu eta organo substantiboak (biodibertsitatearen arloko organo eskudunak proposatuta) salbuespenez eta espresuki baimena ematen badu funtzionatzen jarrai dezan, istripu gehiagorik gertatu ezin den baldintza berrietan.

  1. taula. Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendako populazioen azterlanetan kontuan hartu beharreko distantzia minimoak

    (Ikus .PDF)

  2. taula. Aerosorgailu bat arriskutsutzat jotzea eragiten duten Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendako espezieetako (mehatxatu gabekoak) aleen talken kopurua urteko

    (Ikus .PDF)