Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2. 202/200 DEKRETUA, urriaren 17koa, laguntza behar duten adinekoentzako eguneko ze...

Arautegia

Inprimatu

202/200 DEKRETUA, urriaren 17koa, laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 214
  • Hurrenkera-zk.: 4907
  • Xedapen-zk.: 202
  • Xedapen-data: 2000/10/17
  • Argitaratze-data: 2000/11/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Adinekoen kolektiboa erabat heterogeneoa da: kolektibo horretako pertsonek behar desberdinak dituzte, eta, ondorioz, erantzunak ere desberdinak izango dira kasuaren arabera.

Asko dira antzemandako eta aurreikusitako beharrak, eta ikusi denez, asko ugaritu dira eta, gainera, gero eta konplexuagoak dira. Hori dela eta, euskal herri-administrazioek bere gain hartu beharko dute gerontologiaren alorrean egiten dituzten eskuhartzeak hobetzeko nahia: erabilgarri dauden baliabideak eraginkorrago erabiliko dituzte, zerbitzu-eskaintza handia, era askotakoa eta kalitatezkoa egingo dute, eta baliabide eta beharrak bat datozela bermatuko dute.

Bestalde, egiaztatu da ia adineko gehienek beren ohiko etxebizitzan bizitzen jarraitu nahi dutela. Horrekin bat, adinekoa bere ohiko ingurunean mantentzera laguntzen duten zerbitzu, baliabide edo prestazioetara bideratutako eskuhartzeen alde egin zuen Euskadiko Plan Gerontologiakoak, zeina Eusko Legebiltzarreko Lan eta Osasun Batzordeak onartu baitzuen 1994ko maiatzaren 12an. Azken baten, komunitatean burutzen diren ekintzen edo komunitateko eskuhartzeen egitekorik behinenaren alde egin zuen, eta egin ere dituen helburuak lortzeko, hala nola, adinekoen eguneroko bizimoduaren normalizazioa, gizarteratzea eta berea duten ingurunean segitzea.

Adinekoa bere ohiko ingurunean mantentzeko bideratzen diren baliabideen artean eguneko zentro deiturikoak ditugu. Zentro horiek komunitate-izaera duten beste gizarte-zerbitzu batzuekin batera lan egin beharko dute (etxerik etxeko laguntza, teleasistentzia, egoitzetako aldi baterako egonaldiak, ea.). Izan ere, horrela jokatuta, zerbitzuen sare bat eratuko da, eta osasun arlokoekin osatuta eta koordinatuta, adinekoak etenik gabe laguntzeko edo zaintzeko zerbitzu bat.

Beraz, laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroak pertsona jakin batzuen beharrei erantzuteko sortzen dira, honako hauei erantzuteko, hain zuzen: egoitza batean sartzeko beharra izan gabe, ohiko bizilekuan behar bezala eman ezin diren berariazko zainketak behar dituztenei. Zentro horien bidez, gainera, adinekoaren familiari ere laguntzen zaio, familiako kideek lan eta gizarte arloko bizitzarekin jarrai dezaten ahalbidetzen baita.

Laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroak gizarte-baliabide nahiko berriak dira, eta gure ingurunean oraintxe ari dira ezartzen; hala ere, benetan oso eraginkorrak direla ikusi da, baina orain arte ez da gai horri buruzko berariazko legeriarik egon EAEn. Horretxegatik prestatu da dekretu hau. Izan ere, laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroek bete behar izango dituzten baldintza tekniko eta funtzionalak zehaztu nahi ditu dekretuak, hartara zentroen erabiltzaileen eskubideak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

Horri dagokionez, I. eranskinean kalitate-baldintza material eta funtzionalak ezartzen dira, eta bereziki garrantzitsu iritzi zaio erabiltzaile bakoitzarentzat dagoen espazio fisikoari edo azalerari eta zentro horietan kalitatezko atentzioa bermatzeari. Zentroetarako baimena jasotzeko, baldintza horiek bete beharko dituzte bai titularitate publikopeko eguneko zentroek bai titularitate pribatupekoek. Gainera, II. eranskinean ezarrita daude titularitate pribatupeko eguneko zentroak homologatzeko irizpideak, ezinbestekoa izango baita homologazioa Herri-Administrazioarekin ituna egiteko.

Gizarte Zerbitzuei buruzko ekainaren 18ko 5/1996 Legearen 9.2 eta 10.3 artikuluek arauzko garapenerako eta gizarte zerbitzuak antolatzeko eskumenak ematen dizkiote Eusko Jaurlaritzari. Hala ere, erabilitako araudia dela eta (Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen parte hartzen duten erakunde, zerbitzu eta zentroei buruzko administrazio-jarduketak arautzen dituen dekretua-arlokako dekretuak), baimen, erregistro, homologazio eta ikuskaketari buruzko administrazio-egintzak bestela arautuko dira: martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuaz, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautzekoaz.

Dekretu honek, halaber, ezartzen du laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroen jarduera arautuko duten printzipio orokorrak, eta erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak zehazten ditu.

Xedapen iragankorrek, bestalde, dekretu hau indarrean sartzean funtzionamenduan dauden adinekoentzako eguneko zentroei aplikatuko zaien araubide iragankorra arautzen dute.

Horrela, lehenengo xedapen iragankorrean urtebeteko epea aurreikusi da, xedapen hau indarrean sartzen denetik aurrera, aipatutako eguneko zentroen titularrek nahitaezko funtzionamendu-baimena eska dezaten. Baimen hori emateko, beti ere, I. eranskinean aipatzen diren baldintza material eta funtzionalak beteta eduki beharko dituzte. Horrez gain, kasu jakin batzuetan —kasua neurtu ondoren betiere— erakunde horiei gehienez ere bost urteko behin-behineko baimena emateko aukera jasotzen da.

Bigarren xedapen iragankorrak, berriz, erakunde horiek itunduta edo diruz lagunduta dauden kasuetarako, urtebeteko epea jarri du, dekretu hau indarrean sartzen denetik aurrera, homologazioa eska dezaten, beti ere, II. eranskinean ezarritako baldintzak bete ondoren. Azkenik, lehenengo xedapen iragankorreko 2. paragrafoaren arabera emandako behin-behineko baimena duten erakundeentzat, gehienez ere hiru urteko behin-behineko homologazioa aurreikusi da.

Ondorioz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, interesatuta dauden organo aholkulariei entzunda, Aholku-Batzorde Juridikoaren irizpenaren arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2000ko urriaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. – Dekretu honen xedea da laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroak arautzea Euskal Autonomia Erkidegoan.

  2. – Dekretu honen ondorioetarako, laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroa hau izango da: izena edo titularitatea edozein duela ere, eguneroko zereginetarako laguntza behar duten 60 urtetik gorako bost pertsonari edo gehiagori, egunez eta banan banan, atentzio-programa bat eskaintzen dien establezimendua; beste pertsona batzuei ere eskain diezaieke atentzio hori, hain zuzen ere, gorabehera pertsonal edo sozialengatik aipatutako kolektibo horrekin parekatu daitezkeenei. Atentzio hori propio jarritako espazio eta instalazioetan eman beharko du, eta duen helbururako prestatutako langileak eta programak eduki beharko ditu.

  3. – Beren beregi kentzen dira dekretu honen aplikazio-eremutik erretiratuen etxeak eta klubak, bai eta egoitzetan eguneko erregimena eskaintzen duten zerbitzuak ere.

  4. – Laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentro guztiek indarrean den legedia bete beharko dute osasun, arkitektura, hirigintza, lan eta segurtasun eta higienearen alorretan.

  1. – Zentroren baten arreta behar duten adinekoek talde hauetakoren batekoak izan beharko dute:

    1. Senideekin bizi diren 60 urtetik gorakoak, baldin eta kausa fisiko edo psikikoengatik egunerokoak egiteko zailtasun gradu ertaina edo handia badute.

    2. Senideekin edo bakarrik bizi diren 60 urtetik gorako pertsonak, baldin eta eguneroko lanetarako (oinarrizkoetarako zein gauzak erabiltzeko) ezgaitasun arina badute, eta okerrera egiteko arriskuan badaude dela adinagatik dela babes sozial faltagatik edo gaixotasunagatik.

  2. – Orohar, ez dute eguneko zentroan sartzerik izango ez atentzio intentsiboa behar duten adinekoek, ez jokabidean nahasmendua dutenek, elkarbizitzan arazo larriak sortu, edo gainerako erabiltzaileak arriskuan jar ditzaketen pertsonak dira eta.

  1. – Helburu orokorra: laguntza behar duten adinekoen eta senitartekoen bizi-baldintzak egokiak izan daitezen laguntzea, eta alderdi biei ahalik eta autonomia eta bizi-kalitate handiena ematea.

  2. – Berariazko helburuak:

    1. Laguntza behar duen adinekoak bere ohiko ingurunean segi dezala laguntzea.

    2. Erabiltzaileen beharrei erantzutea, ahalik eta autonomia handiena lortzeko behar diren programak garatuz.

    3. Erabiltzaileen senideei laguntza eta aholkuak ematea, adinekoak beren ingurunean bizitzen jarrai dezaten, eta zainketa lanak egiteko behar den jokabideari buruzko informazioa ematea.

  1. – Laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroak administrazio-ekintza hauei loturik daude:

    1. Administrazio-baimena, titularitate pribatupekoak direnentzat:

      • Sortu, eraiki edo instalatzeko jardueretarako eta abian jartzeko.

      • Hasierako egitura funtzional edo egiturari dagokionez, aldaketak egiteko.

      • Lekuz aldatzeko.

    2. Baimena eman zuen administrazioko agintaritzari jakinaraztea,

      • Zerbitzua emateari uzteko.

      • Titularitatea aldatzeko.

    3. Erregistroa, titularitate pribatu edo publikopekoa izan.

    4. Homologazioa, behar denean, titularitate pribatupekoentzat.

    5. Ikuskaritza, titularitate publiko edo pribatupekoa izan.

  2. – Administrazio-ekintza hauek martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuan ezarritakoaz arautuko dira, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautzekoaz.

Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legean ezarritakoarekin bat, laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroen jarduera printzipio orokor hauek arautuko dute:

  1. – Autonomia printzipioa: erabiltzaileen autonomia sustatu beharko da, halako moldez non zerbitzuak ez dion beste laguntzarik emango, adinekoak duen menpekotasun fisiko edo psikikoak eskatzen duena baino.

  2. – Parte hartzeko printzipioa: erabiltzaileak eguneko zentroan bete betean integratzeko, zentroko ekintzetan eta funtzionamendu orokorrean parte hartu dezaten sustatu beharko da.

  3. – Integrazio printzipioa: eguneko zentroaren asistentziari buruzko filosofiarekin bat, erabiltzaileak beren ohiko komunitatean mantentzera joko da.

  4. – Globaltasun printzipioa: osoko atentzioa eskaini beharko da, osasun eta ongizatearen alorretan ahalik eta mailarik handiena lortzeko.

  5. – Banan banako atentzioaren printzipioa: eguneko zentroko langileek banan banako arreta eman beharko dute, erabiltzaile bakoitzak dituen beharren arabera.

  6. – Profesionalizazio printzipioa: eguneko zentroko langile guztiek duten maila profesionalaren araberako kualifikazio teknikoa eduki beharko dute. Hala ere, gizarte-boluntarioen lan osagarria aitortzen da, eta ez da bazter utziko.

Laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroko erabiltzaileek eskubide hauek izango dituzte:

  1. – Zentroetara joateko eta asistentzia jasotzeko, inolako bereizketarik egiteke sexua, arraza, erlijioa, ideologia edo beste edozein baldintza edo gorabehera pertsonal edo sozial dela-eta.

  2. – Erabiltzaile diren aldetik, beren eraginpekoak edo interesekoak diren edozein gairi buruzko informazioa eta aholkua jasotzeko.

  3. – Behar duten arreta jasotzeko, zuzentasunez, errespetuz eta ulermenez, banan banan eta bakoitzari dagokion moduan.

  4. – Beren intimitatekoak diren datu pertsonalak konfidentzialtasunez tratatzeko.

  5. – Intimitatea errespetatzeko. Besteak beste, gernu-ihesaren arazoei tratamendu egokia emango zaie, erabiltzaileak bainatzen ari direla intimitatea bermatuko zaie eta pertsonarteko harremanak edukitzeko askatasuna edukiko dute.

  6. – Zentroko zuzendaritzari proposamenak edo erreklamazioak aurkezteko, zerbitzuei funtzionamenduari buruz edo horiek hobetzeari buruz, eta eskatutakoaren gainean erantzuna jasotzeko.

  7. – Zerbitzuak erabiltzeari uzteko edo zentroan jarraitzeari borondatez uko egiteko.

  8. – Eskubide horiei buruz edo eskubideak erabiltzeko dauden bideei buruz informazioa jasotzeko, hizkera errazaz.

Laguntza behar duten adinekoek betebehar hauek izango dituzte:

  1. – Zentroaren erabilera-arauak ezagutu eta bete beharko dituzte. Arauok zentroaren barne-araubideko erregelamenduan ezarriko dira.

  2. – Elkarrenganako errespetuz, tolerantziaz eta lankidetzaz jokatzea, ahalik eta elkarbizitzarik onena lortzeko.

Administrazio eskudunak baimena emateko, titularitate pribatupeko eguneko zentroek dekretu honen I. eranskinean aipatzen diren baldintza material eta funtzionalak bete beharko dituzte. Baldintza horiek titularitate publikoa dutenek ere bete beharko dituzte.

Laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroek, titularitate pribatupekoek, homologazioa jaso nahi badute, dekretu honen II. eranskinean ezartzen diren irizpideak bete beharko dituzte.

  1. – Dekretu hau indarrean sartzen denean indarrean dauden eguneko zentroen titularrek nahitaezko funtzionamendu-baimena eskatu beharko diote administrazio eskudunari, urtebeteko epean aipatu egunetik aurrera. Hori baino lehen, dena den, dekretu honen I. eranskinean ezarritako baldintza material eta funtzionalak bete beharko dira.

    Ordura arte, eta eskabidea ebazten den artean, laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroek beren ohiko funtzionamenduarekin jarraituko dute.

    Baldin eta urtebeteko epea igaro ondoren laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroek lehen aipatu diren baldintza tekniko eta funtzionalak ez badituzte bete, edota, beteta ere, nahitaezko funtzionamendu-baimena eskatu ez badute, administrazio eskudunak eguneko zerbitzuak ematen dituen zentroa itxi egingo du, martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuak 16.1 artikuluan esaten duenarekin bat, eta alde biko espedientea instruitu, eta interesatuari entzun ondoren (Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautzen du dekretu horrek).

  2. – Eraikuntzako edo bestelako arrazoi teknikoren bategatik laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroek ez badituzte betetzen dekretu honetan ezarritako baldintza materialak edo funtzionalak, administrazio eskudunak bost urteko behin-behineko baimena eman ahalko die; betiere, ikuskaritzako txostenean ikusten bada akatsok ez diotela eragiten osasun edo segurtasunaren alorrari, eta ondorioz, erabiltzaileen bizi-kalitateari ondorio txarrik ekartzen ez badiote.

    Bost urteko epea pasatuta, laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroen titularrek dekretu honen I. eranskinean ezarritako baldintza materialak eta funtzionalak ez badituzte bete, edota beteta ere, nahitaezko funtzionamendu-baimena eskatu ez badute, administrazio eskudunak eguneko zerbitzuak ematen dituen zentroa itxi egingo du, martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuak 16.1 artikuluan esaten duenarekin bat, eta emandako behin-behineko baimena ezeztatzeko prozedura instruitu ondoren, dekretu horren 15. artikuluan agindutako moduan (Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautzen du dekretu horrek).

  1. – Dekretu hau indarrean sartzen denean edozein euskal administrazio publikorekin itunduta dauden edota haiengandik diru-laguntzak jasotzen dituzten eguneko zentroen titularrek nahitaezko homologazioa eskatu beharko die administrazio eskudunari —dekretu honen lehenengo xedapen iragankorreko 1. paragrafoan aipatzen dira zentro horiek—. Homologazioa eskatzeko urtebeteko epea izango dute, egun horretatik aurrera zenbatuta, betiere dekretu honen II. eranskinean ezartzen diren irizpideak beteta dituztela.

    Ordura arte, eskabidea ebazten den artean, daukaten itun edo diru-laguntzen araubideaz jarraituko dute.

    Urtebete igarota, laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroen titularrek homologatzeko eskatzen diren baldintzak bete gabe badituzte, edo beteta ere, homologazioa eskatu gabe badute, administrazio eskudunak deuseztatu egingo du zentroak duen itun edo diru-laguntzen araubidea, martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuaren 37. artikuluan ezarritakoarekin bat.

  2. – Laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroen titularrek, baldin eta dekretu honen lehenengo xedapen iragankorraren 2. paragrafoaren arabera behin-behineko baimena baldin badute, gehienez ere hiru hilabete izango dituzte II. eranskinean ezarritako homologazio-irizpideetara egokitzeko. Epe horretan behin-behingoz homologatu ahalko ditu administrazioak.

    Hiru urte horiek igaro ostean behin betiko homologaziorako jarritako irizpideak bete gabe badituzte, edo beteta ere, homologazioa eskatzen ez badute, administrazio eskudunak deuseztatu egingo du behin-behineko homologazioa, martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuaren 37. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ahalmena ematen zaio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko behar diren beste xedapen emateko.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko urriaren 17an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.

Oro har, laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentro guztiek, titularitate publikoa nahiz pribatua izan, baldintza material eta funtzional hauek bete beharko dituzte:

  1. – Kokapena:

    Eguneko zentroa horretarako soilik jarritako etxe batean koka daiteke, edo bestela, gizarte-zerbitzuen beste baliabide baten menpean; bertan, ekintza jakin batzuk burutzen ditu erabiltzaileek.

    Edonola ere, lekua ez da bakartua izango, osasungarria izango da, ez da zaratatsua izango, ez eta arriskutsua ere erabiltzaileen osasunerako; eta inguruak ondo argiztatuak izan beharko ditu. Lorategiak edo kanpoko gune zabalak izan beharko ditu, paseatzeko modukoak, edo plaza nahiz lorategi publikoetara erraz iristeko modukoak, behintzat.

    Zentroa beste baliabide baten barruan badago (zaharren egoitza edo etxe batean, ea.), zentroak espazio leku zehatz eta jakin bat hartuko du, dekretu honetan agintzen denaren arabera. Izan ere, erabiltzailea leku zehatz horrekin identifikatuko da, eta une oro, erlazio jakin bat egongo da azalera, jarduera eta erabiltzaile kopuruaren artean.

  2. – Banaketa espaziala:

  1. – Alderdi orokorrak:

    1. Kanpotik eguneko zentrora iristeko alderdiak garraio egokituaren araberakoak eta gurpil-aulkian dauden erabiltzaileen araberakoak izango dira, hau da, arrapalak jarriko dira, laguntza teknikoak, sartzeko malguki bat markesina bat duela, ...ea.

    2. Zentroko leku guztiak erabiltzaileen egoerara eta egin behar dituzten programetara egokituko dira. Zentroa moduluka banatuko da, erabiltzaileen kopuru eta profilaren arabera.

    3. Laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroek irisgarritasunari buruz Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean den araudian ezarritakoa bete beharko dute.

  2. – Oinarrizko guneen garapen teknikoa.

    1.– Harrera gunea eta jantzitegia:

    Jantziak gordetzeko leku bat egongo da; bertan armairuak jarriko dira, apalak eta pertxetarako barrak dituztela.

    2.– Gune nagusia:

    Zentroaren gune nagusia gutxienez bi zati bereizitan banatuko da: bata ekintzetarako eta bestea atsedenerako.

    Bi alderdi horiek zuzenean komunikatuta egon beharko dute, hau da, ez da ezelako arkitektura-oztoporik egongo bien artean ez eta kanpora joateko ere, eta gutxienez 4,5 metro karratuko gutxieneko azalera erabilgarria eduki beharko dute plaza bakoitzeko.

    Gainera, azaldutako alderdi biek ezaugarri hauxe izango dute: funtzio anitzekoak izango dira.

    3.– Erabiltzaileentzako bainuak eta komunak.

    1. Bainu geriatrikoa:

      • Gutxieneko ratioa: bainu geriatriko bat 20 erabiltzaileko edo frakzioko.

      • Gutxieneko azalera erabilgarria, banakakoa: 8 metro karratu.

      • Gurpil-aulkiak eta garabi geriatrikoak sartzeko modukoa.

      • Gutxienez, hauek eduki beharko ditu: dutxa edo bainu geriatrikoa, komuna eta konketa, hankarik gabekoak, aginte bakarreko kanilak dituztela.

        Bainu-ontzia jartzen bada, gutxieneko azalera erabilgarria 15 metro karratukoa izango da.

        Dutxa jartzen bada, ez du ezelako arkitektura-oztoporik eduki beharko, telefono erako kanilak izango ditu eta hustubide sifonikoa, xurgapen handikoa. Azken baten, "ad hoc" aulkien bidez, gurpil-aulkiaren beharra duten erabiltzaileen higienea egiteko modukoa izan beharko da.

        Elementu guztiak gurpil-aulki baten daudenek erabiltzeko modukoak izango dira, arkitektura-oztoporik gabekoak. Laguntza teknikoak jarriko dira hori lortzeko.

      • Zoru ez irristakorra.

      • Erraz garbitzeko moduko zoru eta parametro bertikalak.

      • Deiak egiteko txirrinak.

      • Konketaren gainean ispilu bat, parametro bertikalarekiko inklinazio erregulagarria duena.

      • Atea kanpotik desblokeatzeko sarraila bat izan beharko dute.

    2. Garbigela:

      • Bainu-gela geriatrikoez gain, hamabost erabiltzaileko edo frakzioko garbigela bat egongo da, komun eta konketa bat dituela.

      • Gutxieneko azalera erabilgarria, banakakoa: 3,5 metro karratu.

      • Hankarik gabeko komun eta konketak, aginte bakarreko kanilak dituztela.

      • Elementu guztiak gurpil-aulki baten daudenek erabiltzeko modukoak izango dira, arkitektura-oztoporik gabekoak. Laguntza teknikoak jarriko dira horretarako.

      • Zoru ez irristakorra.

      • Erraz garbitzeko moduko zoru eta parametro bertikalak.

      • Deiak egiteko txirrinak.

      • Atea kanpotik desblokeatzeko sarraila bat izan beharko dute.

        4.– Jarduera profesionaletarako alderdia.

        Erabilera askotarako bulego bat egongo da (erabiltzaileak eta senitartekoak hartzeko, sendaketetarako, kontsulta medikoetarako, botikinerako, e.a.), eta konketa bat eta erabiltzaileak aztertzeko ohatila bat izango ditu.

        5.– Jantokia:

        Gutxieneko azalera: 2 metro karratu erabiltzaileko, jantokia denok batera erabiltzen denean neurtuta. Gehienez bi txanda jarriko dira.

        Sukalde-zerbitzua bertakoa edo kontratatutakoa izan daiteke.

        Sukalde-instalaziorik ez badago, leku bat office-rako utziko da: gutxieneko azalera bat izango du, elikagaiak behar bezala manipulatzen uzten duena, bai eta prestazio eta zerbitzu osagarriak ere.

        6.– Orohar, kontuan hartzekoa izango da gizarte-zerbitzuen beste baliabide batzuei (zaharren egoitza, etxe, ea.) loturik dauden eguneko zentroek harekin batera erabili ahalko dituztela leku hauek guztiak edo batzuk: jantokia, bulegoa eta harrera, betiere beste gizarte-zerbitzuak baldin baditu.

  3. – Instalazioak:

  1. – Suaren aurkako instalazioa:

    Laguntza behar duten adinduentzako eguneko zentro guztiek gutxieneko instalazio hauek eduki beharko dituzte:

    • Seinaleztapena.

    • Larrialdietarako argiak.

    • Su-itzalgailu mugikorren dotazioa.

    • Detektatzeko eta alarmarako instalazioa.

      Hori guztiori NBE-CPI.96 Arauko estandarren arabera; arau hori osorik aplikatu beharko da beharrezkoa denean.

      Establezimenduko zuzendaritzak antolatuko eta bere gain hartuko ditu suaren aurkako segurtasun-sistemen mantenimendua, bai aurrea hartzeari dagokionez, bai detektatu, itzali eta zentroa husteari dagokionez. Horrez gain, egindako ikuskaketen erregistroaren ardura izango du.

      Gainera, edozein larrialditarako arauak egongo dira, argi eta garbi azalduta, zentroko langile guztiek jakin beharrekoak, bai suari aurrea hartzeari dagokionez, bai detektatzeri, suaren aurrean izan beharreko jokaerari eta lokala husteari dagokienez.

  2. – Instalazio elektrikoa.

    Instalazio elektriko egokia eduki beharko du, erabiltzaileentzako babes bereziak dituela. Entxufe guztiek estalkia eduki beharko dute.

    Bereziki, garbiketa-gelek hau eduki beharko dute:

    • Txirrina, kontrol-postu bati lotuta, deia nondik datorren jakiteko prestatuta.

  3. – Berokuntza.

    Berokuntza-instalazioa egongo da, segurtasun-neurri egokiak dituela. Giroko tenperaturaren arabera beharrezkoa denean jarriko da, erabiltzaileei eta langileei erosotasuna emateko.

  4. – Argiztapena eta aireztapena.

    Eguneko zentro guztiek argiztapen eta aireztapen naturala eduki beharko dute gune nagusian eta jantokian; gainerako lekuetan artifiziala izan daiteke.

  5. – Altzariak:

    Seguruak eta erosoak izango dira. Mahaiak gurpil-aulkian egoteko modukoak izango dira. Aulkiak sendoak izango dira, oinarri onekoak eta garbitzeko modukoak.

    Material osagarria sendoa izango da, egitura arriskutsurik gabekoa, ertzak biribilduta egongo dira edo, bestela, babesgailua jarriko zaie.

  6. – Dekorazioa:

    Narriadura kognitibo larria duten adinekoentzako eguneko zentro bereziek erabiltzaileen denbora-espazioko orientazioa eta memoria indartuko dute, eta horretarako dekorazio egokia izango dute (hau da, ordulariak, egutegiak, errotuluak ea.). Gainera, kolore leunak jarriko dira zoru eta hormetan, eta atentzio-guneak (mahaiak, iragarkien-taulak, ea.), behar den kontrastea egiteko koloreaz. Pertsona horientzako arriskutsuak izan daitezkeen objektu dekoratzaile txikiak saihetsi egingo dira, eta oro har, instalazioen segurtasun pasiboa landuko da bereziki.

  7. – Igogailuak:

    Eguneko zentroan, guztia edo zatiren bat, beheko solairutik gora badago, igogailua eduki beharko du, gurpil-aulkientzat egokia.

  8. – Telefonoa:

    Solairu bakoitzean telefono publiko bat jarri beharko da gutxienez, kanpora deitzeko konektatuta.

  1. – Erregelamendua, administrazioa eta ekonomia:

  1. – Barne-araubideko erregelamendua.

    Erregelamendu bat eduki beharko dute, eta behar den moduan jakinarazi eta zabaldu beharko da. Honako hauek adieraziko ditu:

    • Eguneko zentroak dituen helburuak.

    • Edukiera (plaza kopurua).

    • Erabiltzaileen eta langileen eskubideak eta betebeharrak.

    • Barne-funtzionamendurako arauak.

    • Erabiltzaileek edo horien legezko ordezkariek era demokratikoan parte hartzeko bideak.

    • Erreklamazioak eta kexak egiteko prozedura.

    • Zentroak ematen dituen zerbitzuen ezaugarriak.

      Erregelamenduaren kopia bat eman beharko zaie erabiltzaileei edo horien legezko ordezkariei, eguneko zentrora sartu aurretik egiten den bisitan.

  2. – Administrazio-araubidea.

    1. Kontratuan, egonaldiaren oinarrizko baldintzak eta bereziak jaso beharko dira, idatziz; besteak beste, puntu hauek jasoko dira:

      • Onarpen, baja eta ausentzietako sistema.

      • Prezioak: egonaldiaren eta eskaintzen diren zerbitzuen kostua.

      • Eskaintzen diren zerbitzuen prezioak kobratzeko sistema.

        Erabiltzaileek edo ordezkariek adostasuna eman beharko diote agiri horri.

    2. Sarrera-espedienteaz gain, pertsona bakoitzaren fitxategi bat egongo da, eta hor, etenik gabe, erabiltzailean datuak jasoko dira, hain zuzen ere, administrazio, gizarte eta osasunaren arlokoak. Aurreko puntuan adierazitako agiriaren kopia sartuko da hor.

    3. Nahitaez, iradokizunen ontzi bat eta erreklamazioen liburu bat egongo dira, eta kexen eta hartutako neurrien erregistroa behar bezala egitea bermatuko da.

    4. Administrazio eskudunari ondoko gaien berri emateko obligazioa izango du zentroak, administrazioak erabaki dezan aldizkatasunaz:

      • Erabiltzaileen zerrenda eguneratua.

      • Hala eskatuz gero, estatistika-datuak, gizarte zerbitzuak hobeto planifikatu eta programatzeko.

  3. – Ekonomia:

    1. Kontabilitate-araubidea: eguneko zentroko administrazioa legez dagokion kontabilitate-araubidera egokituko da.

    2. Prezioen araubidea: prezioen tarifak ezarriko dira, zehaztuz zein indarraldi izango duten nahiz tarifa horietan zein zerbitzu edo zerbitzu-multzo sartzen diren. Laguntza behar duten adinekoen eguneko zentroak, titularitate pribatupekoak badira, funtzionamendu-baimena bermatzen duen agiria agerian jarri beharko dute, ondo ikusteko moduan, eta, horretaz gain, administrazio eskudunari jakinarazitako prezioen tarifak.

      1. – Prestazioak:

        Adierazten den izaeraz, prestazio hauek ezartzen dira:

      1. – Nahitaezkoak:

        1. Banan banako oinarrizko atentzioa.

          Adinekoak, autonomiarik ez duelako, bete ezin dituen beharrei erantzuteko laguntza emango da.

          Laguntza horretan sartuko da jardueren eguneroko plangintza, gaitasun pertsonalak garatzera bideratutakoa. Halaber, erabiltzaileengan antzematen diren aldaketak ikusi eta horien berri jasoko da, eta erabiltzaileak gainbegiratu eta zaindu egingo dira, asaldu mentalak edo kognitiboak dituztenak bereziki. Horretarako, intzidentzien liburu bat prestatuko da, zenbakituta eta eguna eta zigilua jarrita.

        2. Eguneroko jardueretarako berregokitzea.

        3. Gizarte eta kultura dinamizazioa:

          Programa soziokultural bat prestatuko da, jendearen partaidetza garatzeko ekintzez osatua. Aisia aktiboa eta parte hartzeko metodologia bat bultzatuko dira, ezinbestekoak dira-eta adinekoak komunitatean integratzeko eta mantentzeko.

        4. Sukalde-zerbitzua:

          Erabiltzaileei nutrizio egokia eman beharko zaie, eta behar diren jarraibide dietetikoak jarri beharko dira.

          Eguneko zentroaren funtzionamendu-ordutegian egiten diren otorduak erabiltzaileek dituzten behar berezietara egokitu beharko dira kantitate, kalitate eta barietateari dagokienez. Dena den, gutxienez bi menu aukeratu ahalko dituzte erabiltzaileek.

          Zerbitzu hauek eskainiko ditu:

          • Gosaria, bazkaria eta askaria, erabiltzaile bakoitzak zentroa zein ordutan erabiltzen duen kontuan hartuta.

          • Elikagaien kontrol dietetikoa eta kalorikoa.

          • Behar denean, dieta bereziak, patologia bakoitzerako propio egindakoak prestatu beharko dira. Espezialista baten zuzendaritza eta ikuskaritzapean egingo da hori, eta berak jarriko ditu jarraibide dietetikoak.

          • Elikagaien manipulazio eta higienearekin loturako alderdiak gainikustea.

        5. Familia atenditzea:

          Eguneko zentroak erabiltzailearen familia atendituko du, eta hau emango dio:

          • Sartzerakoan, informazio orokorra: irekitzeko ordutegiak, funtzionamenduaren egutegia, zerbitzuen azalpen orokorra, dohainik ematen diren prestazioak, ordaindu beharrekoak, ea.

          • Adinekoa atenditzeko banan banako plana garatzeari buruzko informazioa.

          • Erabiltzailearen familiari babesa eta motibazioa ematea.

            Azaldutako prestazio guztiak diziplina anitzeko ikuspegi batetik prestatuko dira, eta horrek, Atentzioko Banan-Banako Plan bat eskatuko du.

            Plan hori adinekoa zentroan sartzerakoan egingo da, erabiltzaile bakoitzaren beharrak kontuan hartuta. Zentroko profesional guztiek hartuko dute parte, eta dagokion erregistroan jasoko da. Planak gai hauek jasoko ditu:

          • Adinekoaren defizit edo ezgaitasunen balorazioa.

          • Erabiltzaile bakoitzari detektatutako defizit edo ezgaitasunak gutxitzeko edo konpentsatzeko ekintzak diseinatu eta gauzatzea.

          • Adinekoak asaldura fisiko edo psikikorik edukiz gero, asaldura horren garapenaren kontrola eta segimendua, bai eta asalduraren ondorioz sor daitekeen menpekotasunarena ere.

          • Jarritako tratamendu medikoaren segimendua, behar denean.

          • Erabiltzaile eta senitartekoekiko elkarrizketak, behar diren baliabideak koordinatzeko.

          • Ebaluazio bat egingo da, sei hilean behin gutxienez.

      2. – Aukerakoak:

        Aurreko puntuan aipatu diren nahitaezkoez gain, eguneko zentroaren titularrak hainbat prestazio eskaini ahalko ditu erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzeko. Edozein kasutan ere, bai eskaintza bai eta prestazioon erabilera ere, borondatezkoak izango dira.

        Besteak beste, hauek izan daitezke:

        1. Garraioa:

          Ibilgailu egokitu bat erabiltzea zentroaren eta zentrora joateko zailtasunak dituzten erabiltzaileak dauden lekuaren artean joan-etorriak egiteko. Dena den, aldez aurretik egiaztatu egingo da familiartekoak ezin duela egin bere baliabideez edo garraio publiko egokitu baten bidez.

        2. Erizaintza zerbitzua.

        3. Zerbitzu medikoa.

        4. Gizarte-laguntzako zerbitzua.

        5. Podologia.

        6. Ikuzketa zerbitzua.

        7. Ile-apaindegi zerbitzua.

        8. Asteburu eta jaiegunetako atentzioa.

          Adierazitako aldian, gutxienez, oinarrizko atentzioa eta mantenua emango die familiartekoek euren etxean edo beste baliabide batzuen bidez zaindu ezin dituzten adinekoei, laguntza behar dutenei alegia.

        9. Beste prestazio batzuk: kafetegia, liburutegia, dendak, ea.

          1. – Atentzio araubidea.

            Eguneko zentroan erabilgarri dauden baliabideak erabiltzeko beharra zenbaterainokoa den kontuan hartuta, bi araubide bereizten dira erabiltzaileak atenditzeko:

            1. Osoko atentzioa: eranskin honetako 5. zehaztapen teknikoaren 1. idatz-zatian aipatutako nahitaezko zerbitzu guztiak erabili ahalko ditu erabiltzaileak, eta nahi duen denbora guztian egon daiteke bertan zentroa zabalik den artean.

            2. Atentzio partziala: nahitaezko zerbitzuak emateko ezarritako ordutegiaren arabera, eta kontuan hartuta erabiltzailea eguneko zein zatitan (goizean edo arratsaldean) joaten den, erabiltzaileak zerbitzu horien zati bat erabili ahalko du.

              Kasu bietan, zentroak eskaintzen dituen aukerako prestazio edo zerbitzuak erabili ahalko ditu.

          2. – Jendea hartzeko ordutegia.

            Oro har, astegunetan, goizeko zortzietatik iluntzeko zortzietara izango da, egunean sei orduz gutxienez.

            Halaber, eguneko zentroaren sarrera eta irteera ordutegiak zehazteko, kontuan hartuko dira garraio-bidea, bidea egiteko behar den denbora (aldakorra —hirian edo landa-ingurunean egiten den—, atenditutako jendeak behar duen laguntzaren gradua, ea.), eta egin beharreko bidaia kopurua (erabiltzaileen kopuruaren arabera, garraio-mota, ea.).

            Eguneko zentroa erabiltzeko aukerak ahalik eta malguenak izateko eta zentroak duen ekintzarako ahalmena handitzeko, ordutegi osoz egunero ematen den atentzioaz gain, beste aukera hauek egongo dira erabiltzaileen beharretara egokituta:

            • Ez egunerokoa: astean egun batzuetan soilik.

            • Orduka: eguneko ordu batzuetan joaten da —ez ordutegi osoaz— ekintza edo programa bat edo batzuk burutzeko. Gainera, zentrora orduka joateko aukeraz gain, egunero edo beste aldizkatasun batez egin daiteke.

          3. – Langileak:

            1. Eguneko zentroak, eskaintzen dituen zerbitzuak emateko —nahitaezkoak zein aukerakoak— langile egokiak eduki beharko ditu, bai kopuruari bai kualifikazio profesionalari dagokionez. Profesionalizazio printzipioarekin bat, langile guztiek titulazio akademiko ofiziala edukiko dute, edo bestela, titulurik behar ez den kasuetan, maila profesionala eta esperientzia egiaztatu beharko dute.

            2. Pertsona batek hainbat prestazio eman dezake; betiere behar den kualifikazioa eduki beharko du, eta prestazioak emateko ordutegia bateragarria izan beharko da.

            3. Zuzeneko atentzioko langileen tasa edo ratioa.

              Eguneko zentroaren erabiltzaileen behar asistentzialak betetzeko behar diren langileak kalkulatzeko, honako hauek joko dira zuzeneko atentzioko langiletzat: zaintzaileak, pertsonal sanitarioak, ekintzetako monitoreak eta gizarte-laneko langileak. Boluntarioak nahiz ikasleak ez dira inoiz ere zuzeneko atentzioko langiletzat joko ratioa kalkulatzeko.

              Zuzeneko atentzioko langileen eta erabiltzaileen arteko gutxieneko tasa edo ratioa hau izango da:

              • Zuzeneko atentzioko langileen 1/6, dekretu honen 2. artikuluko a) idatz-zatian azaldutako erabiltzaileei dagokienez (zuzeneko atentzioko profesional 1, 6 erabiltzaileko).

              • Zuzeneko atentzioko langileen 1/9, dekretu honen 2. artikuluko b) idatz-zatian azaldutako erabiltzaileei dagokienez (zuzeneko atentzioko profesional 1, 9 erabiltzaileko).

              • Zuzeneko atentzioko langileen 1/5, dementzia diagnostikatu zaien adinduei dagokienez (zuzeneko atentzioko profesional 1, 5 erabiltzaileko).

                Baldin eta eguneko zentro batean atentzio-ratio desberdinak dagozkien erabiltzaileak elkartzen badira, administrazio eskudunak gutxieneko langile kopurua zehaztuko du, talde bakoitzari dagokion adinduen proportzioa kontuan hartuta.

          4. – Programazioa:

            Urteko programa bat ezarriko da, hainbat ekintza, desberdinak eta antolatuak, jasoko dituena. Ekintza horiek Parte Hartzeko Pan Orokorraren baitakoak izango dira. Helburuak, egutegia, gauzatzeko teknikak eta metodoak eta ebaluazio-sistemak zehaztuko dira, eranskin honetako 5. zehaztapen teknikoan deskribatutako prestazioak bermatzeko.

            Horretaz gain, eguneko zentroek honako hauek eduki beharko dituzte:

            • Zuzeneko eta banan banako atentzio-programa. Erabiltzaile bakoitzari erreferentziako langile bat izendatuko zaio.

            • Langilearen jarduketa-protokoloak.

            • Aldizkako batzarrak: hilero gutxienez.

            • Zuzen jokatzeko eskuliburua, bertakoa edo kanpokoa, langileen eskuragarri.

Nahitaezko baimenean jasotzeko baldintza material eta funtzionalak betetzeaz gain, laguntza behar duten adinekoentzako eguneko zentroek, titularitate pribatupekoak badira eta homologazioa eskatzen badute borondatez, irizpide hauetara egokitu beharko dira kalitate, eraginkortasun eta kostu ekonomiko eta sozialari dagokienez:

  1. – Administrazio eskudunak plangintza eta programazioaren alorrean ezartzen dituen helburu eta jarduteko ildoetara egokitu beharko dituzte helburuak, eta behar bada, parte hartzeko plan orokorra, programak eta ekintzak.

  2. – Administrazio eskudunak ikuskaritza egitekoen gainean proposatzen dituen iradokizunak bete beharko dituzte.

  3. – Administrazio eskudunari aurkeztu beharko diote ebaluatzeko plan propio bat, prestakuntzakoa, edo bestela, gehienez urtebeteko epean ezarriko duen konpromisoa. Horri egiten zaion segimenduaren berri eman beharko zaio administrazio eskudunari, urtero.

  4. – Langileak etengabe prestatzeko programa.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.
Euskadi, auzolana