Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2. 196/2019 DEKRETUA, abenduaren 17koa, zeinaren bidez onartzen baita Eusko Jaurlar...

Arautegia

Inprimatu

196/2019 DEKRETUA, abenduaren 17koa, zeinaren bidez onartzen baita Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Lurralde Historikoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordearen 2019ko abenduaren 5eko Akordioa, errepideen arloko eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila; Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila; Ogasun eta Ekonomia Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 242
  • Hurrenkera-zk.: 5828
  • Xedapen-zk.: 196
  • Xedapen-data: 2019/12/17
  • Argitaratze-data: 2019/12/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Garraio eta herri lanak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordeak 2019ko apirilaren 16an adostutako akordioaren bidez, errepideen arloko eginkizun eta zerbitzu gehiago eskualdatu zitzaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari. Apirilaren 30eko 71/2019 Dekretuaren eta apirilaren 26ko 314/2019 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen akordio hori.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu zen Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.34 artikuluan dago ezarrita ezen, bide eta errepideen arloan, lurralde historikoetako foru-aldundiek oso-osorik gordeko dituztela gaur egun dituzten lege-araubidea eta eskumenak edo, hala badagokio, Estatutuaren 3. artikuluaren arabera berreskuratzeko dauzkatenak, Konstituzioaren 148.1.5 artikuluan adierazitako eskumenez gain.

Autonomia-erkidego osorako erakundeen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko erlazioei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, 7.a.8 artikuluaren bidez, lurralde historikoei esleitzen die eskumen esklusiboa, bakoitzari bere lurraldean, errepideak eta bideak planifikatzeko, proiektatzeko, eraikitzeko, kontserbatzeko, aldatzeko, erabiltzeko eta ustiatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-sarean behar den koordinazioa bermatze aldera, erakunde erkideek onartutako plan orokorra jarri beharko da indarrean.

Apirilaren 26ko 314/2019Errege Dekretuaren bidez, Autonomia Estatutuaren aurreikuspenak egikaritzeko, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordeak zehaztu zituen eginkizunak eta zerbitzuak, esaterako, AP-68 autobideak lurralde honetan zeharkatzen duen zatiaren titulartasuna (Bilbo-Zaragoza).

Esandakoa kontuan hartuta, Bitariko Batzordeak azaroaren 25eko 27/1983 Legearen lehen xedapen iragankorraren arabera ezarrita Autonomia-erkidego osorako erakundeen eta Arabako Lurralde Historikoaren arteko zerbitzuak emateko arauak onartzen dituen ekainaren 19ko 194/1984 Dekretuan xedatutakoaren arabera jardun du errepideen arloan eskualdatu behar diren eginkizunak eta zerbitzuak zehazten, eta, horretarako, behar den akordioa adostu du.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko abenduaren 17ko bilkuran onartu ondoren, hau

Vitoria-Gasteizen, 2019ko abenduaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

ABENDUAREN 17KO 196/2019 DEKRETUAREN ERANSKINA

EUSKO JAURLARITZAREN ETA ARABAKO LURRALDE HISTORIKOAREN ARTEKO TRANSFERENTZIEN BITARIKO BATZORDEAREN AKORDIOA, ERREPIDEEN ARLOKO EGINKIZUNAK ETA ZERBITZUAK ESKUALDATZEARI BURUZKOA. BATZORDE HORREN OSOKOAK ADOSTU ZUEN AKORDIO HORI 2019KO ABENDUAREN 5EKO BILKURAN

Begoña Pérez de Eulate González andreak, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Lurralde Historikoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordeko idazkariak, hau

ZIURTATZEN DU:

Transferentzien Bitariko Batzordearen 2019ko abenduaren 5eko Osokoan, errepideen arloko eginkizunak eta zerbitzuak autonomia-erkidego osorako erakundeen eskuetatik Arabako Lurralde Historikoaren eskuetara aldatzea hitzartu zen, hauekin bat:

  1. Arabako Lurralde Historikoaren eskumenak.

    Autonomia-erkidego osorako erakundeen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko erlazioei buruzko 27/1983 Legearen 7.a.8. artikuluak xedatutako eskumen-arauen babespean adostu da akordio hau, bai eta Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.34 artikuluan xedatutakoarekin eta aplikagarri diren gainerako arauekin bat ere.

  2. Arabako Lurralde Historikoak aurrerantzean bere gain izango dituen ondareak eta eginkizunak.

    1. Arabako Lurralde Historikoaren esku geratzen da 1. zerrendan zehaztutako AP-68 Bilbao-Zaragoza autobidearen zatiaren titulartasuna (zeinaren ibilbidea Arabako Lurralde Historikotik pasatzen baita), eginkizunak eta zerbitzuak ere, akordio honetan zehazten den moduan.

      Azaroaren 25eko 27/1983 Legean xedatutakoarekin bat, Arabako Lurralde Historikoak eginkizun horiek beteko ditu eta, horretarako, indarrean jarriko ditu erakunde erkideek onartzen duten errepideen plan orokorrean ezartzen diren arau teknikoak; halaber, egingo ditu plan horretako aurreikuspenak, helburuak, lehentasunak eta hobekuntzak, gutxienez.

      Horretaz gain, oro har, Estatuak errepideen eraikuntzaren eta kontserbazioaren arloan ezartzen dituen arau teknikoak ere beteko ditu Arabako Lurralde Historikoak, nazioarteko hitzarmen, akordio edo gomendioak betetzeko xedez, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 20.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.

    2. Eskualdatutako autopista-zatiaren eskualdatzeak errespetatu egingo du ukitutako emakidari aplikatu beharreko araubide juridikoa, Transferentzien Bitariko Batzordeak egin eta apirilaren 26ko 314/2019 Errege Dekretuaren bidez onartutako akordioaren B apartatuan ezarritako esparruarekin bat.

      Emakidari dagokionez, Arabako Lurralde Historikoko foru-organoek, Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkaritzan, Batzorde Teknikoan hartuko dute parte, zeina adierazita baitago apirilaren 30eko 71/2019 Dekretuaren eta apirilaren 26ko 314/2019 Errege Dekretuaren bidez onartutako Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordearen Akordioaren B.5. paragrafoan; halaber, subrogatu egingo dira, Arabako Lurralde Historikorako, Eusko Jaurlaritzak akordio horretan bereganatzen duen jarreran.

      Arabako foru-organoak eta Estatuko Administrazio Orokorrak koordinazio eta lankidetza egokia izango dute, eta aurreko paragrafoetan aipatutako batzorde teknikoan konpondu ahal izango dituzte desadostasunak.

      Akordio honen eraginkortasun-egunetik hilabetera, eman eta hartuko dira eskualdatutako zerbitzuen dokumentazioa eta espedienteak, bai eta behar diren aktak sinatu ere.

  3. Eskualdatzearen eraginpeko aurrekontu-kredituak.

    2019ko ekitaldian, errepideen arloan eskualdatzen diren eginkizun eta zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegorako izango duten urteko kostu osoa eranskineko 2. zerrendan dago adierazita.

  4. Eskualdatzearen eraginkortasun-data.

    Akordio honen xede diren eginkizun eta zerbitzuen eskualdaketak 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera izango du eragina.

    1. zerrenda:

      Arabako Lurralde Historikoari eskualdatutako ondasunen zerrenda

      AP-68 (Bilbao-Zaragoza) autobidea

      55,214 kilometroko bide-zatia, autobidea Arabako eta Bizkaiako lurralde historikoen arteko mugatik, 22+383 kilometro-puntuan, eta Burgos probintziaren mugara, 77+597 kilometro-puntuan.

    2. zerrenda:

      2019ko ekitaldian, lurralde historikoei eskualdatu beharreko errepideen arloko eginkizun eta zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegorako izango duten urteko kostu osoa

      (Ikus .PDF)

      Balorazio hau behin-behinekoa da, apirilaren 30eko 71/2019 Dekretuaren eta apirilaren 26ko 314/2019 Errege Dekretuaren bidez onartutako Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Bitariko Batzordearen Akordioaren B apartatuaren 5. puntuan adierazitako batzorde teknikoaren akordioa onetsi arte.

      Batzorde Teknikoak adostutako akordioak Euskal Herrirako sortzen dituen ondorio ekonomikoak erakunde komunei edo lurralde historikoei egotziko zaizkie, momentu horretan indarrean dagoen metodologia aplikatuta, baliabideak banatzeko eta ekarpenak zehazteko.

Euskadi, auzolana