Euskadi.eus
  • 174/2021 DEKRETUA, uztailaren 6koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, nahitaez desjabetzeko, honako proiektu hauek eragindako eskubide eta ondasunak okupatzea: Aiaran, Aiarako (Araba) Markijanako Hondakin Uren Araztegiaren Aurreproiektua, eta Laudion, Laudioko (Araba) Basaurbeko Hondakin Uren Araztegiaren Aurreproiektua. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

174/2021 DEKRETUA, uztailaren 6koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, nahitaez desjabetzeko, honako proiektu hauek eragindako eskubide eta ondasunak okupatzea: Aiaran, Aiarako (Araba) Markijanako Hondakin Uren Araztegiaren Aurreproiektua, eta Laudion, Laudioko (Araba) Basaurbeko Hondakin Uren Araztegiaren Aurreproiektua.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 138
  • Hurrenkera-zk.: 3987
  • Xedapen-zk.: 174
  • Xedapen-data: 2021/07/06
  • Argitaratze-data: 2021/07/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

2018ko maiatzaren 11n, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Uraren zuzendari nagusiak erabaki zuen teknikoki onartzea Aiarako (Araba) Markijanako Hondakin Uren Araztegiaren aurreproiektua eta Laudioko (Araba) Basaurbeko Hondakin Uren Araztegiaren aurreproiektua.

2021eko apirilaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak honako hau erabaki zuen: nahitaezko desjabetze-espedientea hastea Aiarako (Araba) Markijanako Hondakin Uren Araztegiko obrek eta Laudioko (Araba) Basaurbeko Hondakin Uren Araztegiko obrek eragindako ondasun eta eskubideak okupatzeko, betiere inplizituki ulertuta berekin dakarrela deklaratzea obrak onura publikokoak direla eta desjabetzea edo zortasunak ezartzea helburua duten lursailak eta eraikinak okupatu behar direla, Plan Hidrologiko Nazionalari buruzko uztailaren 5eko 10/2001 Legean eta Uren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, 91/271/EEE Zuzentaraua betetze aldera.

2021eko apirilaren 22an ere, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, 15 eguneko epean, prentsan eta 2021eko maiatzaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (92. zk.) eta Arabako Aldizkari Ofizialean (51. zk.). Aldi berean, Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak espedientean jasotako zerrendan zehaztuta eta banakatuta agertzen dira baita identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta hiru alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Nerbioi Garaiko eskualdea eurrez aztertu da azken hogeita hamar urteetan, helburu hau izanik: eskualdeko hiri- eta industria-isurpenen saneamenduaren eta arazketaren konponbide hoberena definitu ahal izatea, eta konponbidea ematea Nerbioi ibaiaren urak duen kalitate-arazoari. Nerbioi ibaiaren arroaren saneamenduaren eskema-gidatzailea hartzeko prozesuak hamabost urtez gorako eztabaida izan du, behin betiko erabakia hartu arte.

1994ko maiatzaren 31n, lankidetza akordioa sinatu zuten, obra hidraulikoen arloan, Herrilan, Garraio eta Ingurugiro Ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio eta Herrilan Sailak.

Aipatutako akordioari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoak honako konpromiso hau hartu zuen: behar ziren lursailak Ministerioaren eskura jartzea, Plan Hidrologiko Nazionalaren hainbat urtetarako programak 1994/2000ko denboraldirako jaso zituen lanak egiteko.

Zerga- eta administrazio-neurriei eta gizarte-neurriei buruzko abenduaren 30eko 42/1994 Legeak interes orokorrekotzat jo zituen Nerbioi Garaia saneatzeko eta arazteko obrak. Ondoren, jarduera hori Plan Hidrologiko Nazionalari buruzko uztailaren 5eko 10/2001 Legean jaso zen, hain zuzen lege horren II. eranskinean, Inbertsioen Zerrenda deiturikoan.

2018ko maiatzaren 11n, hainbat azterlan, plan, proiektu eta tramitazioren ondoren, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Uraren zuzendari nagusiak honako hauek teknikoki onartzea erabaki zuen: Nerbioi ibaiaren goi-arroaren saneamendurako kolektore-proiektua. Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrio udalerrietan (Araba eta Bizkaia), Aiarako (Araba) Markijanako Hondakin Uren Araztegiaren aurreproiektua eta Laudioko (Araba) Basaurbeko Hondakin Uren Araztegiaren aurreproiektua.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak 2018ko uztailaren 3an emandako Aginduaren bidez, nahitaezko desjabetze-espedienteari hasiera eman zitzaion Nerbioi ibaiaren goi-arroaren saneamendurako kolektore-proiektua. Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrio udalerrietan (Araba eta Bizkaia) proiektuak eragindako ondasun eta eskubideak okupatzeko.

Behin desjabetze-espediente hori izapidetuta, Ministerioaren esku jarri ziren kolektore horien lanak egiteko behar diren lursailak. Lan horiek 2020ko abuztuaz geroztik ari dira gauzatzen.

Beraz, Nerbioi Garaiko saneamendurako beharrezko diren jarduketak burutzeko, beharrezkoa da Markijanako (Aiara) eta Basaurbeko (Laudio) hondakin-uren araztegien eraikuntzari ekitea.

Ura-Uraren Euskal Agentziak ordainduko du desjabetze-jarduketaren kostu osoa. Lanen exekuzioa, ordea, Trantsizio Ekologikoaren Ministerioari dagokio.

Alde horretatik, Uraren Zuzendaritza Nagusiak bi kontratuak formalizatzeari buruzko honako iragarki hauek argitaratu zituen Estatuko Aldizkari Ofizialean: 2020ko abenduaren 14an, Basaurbeko (Laudio) hondakin-uren araztegia handitzeko obren proiektua idaztea eta obrak egitea batera kontratatzeari buruzkoa, eta 2021eko apirilaren 14an, Markijanako (Aiara) hondakin-uren araztegiaren proiektua idaztea eta obrak egitea batera kontratatzeari buruzkoa.

Eskubideak eta ondasunak urgentziaz okupatzeko adierazpena beharrezkotzat jotzen da espediente honetan aurreikusitako hondakin-uren bi araztegi horiek eraikitzeko; eta, horrela, hiriko hondakin-urak tratatzeari buruzko 91/271/EEE Zuzentarauak ezarritako epeak beteko dira. Zuzentarau horrek ezartzen du kide diren estatuek beharrezko neurriak hartuko dituztela, horrelako urak isuri aurretik behar bezala tratatzen direla bermatzeko; horrela isurketa desegokiak saihestuko dira Nerbioi Garaian.

Hondakin-uren bi araztegi horietako obrak gauzatzeak eragiten dituen ondasunen eta eskubideen urgentziazko okupazioari esker, Aiarako eskualdearen ingurumen-arazoei konponbidea emateko behar diren azpiegituren eraikuntzarekin jarraitu ahal izango da. Horrek Nerbioi ibaiaren egoera ekologiko egokia berreskuratzea ahalbidetuko du. Bertan, egun, beharrezko arazketarik gabe egiten dira 35.000 pertsonaz osatutako biztanleriaren isurketak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.

Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2021eko uztailaren 6ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 6an.

Lehendakaria,

IIGO URKULLU RENTERIA.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARA ARRIOLA LPEZ.