Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2. 8/2019 LEGEA, ekainaren 27koa, 2019-2022 Euskal Estatistika Planari buruzkoa.

Arautegia

Inprimatu

8/2019 LEGEA, ekainaren 27koa, 2019-2022 Euskal Estatistika Planari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 129
  • Hurrenkera-zk.: 3346
  • Xedapen-zk.: 8
  • Xedapen-data: 2019/06/27
  • Argitaratze-data: 2019/07/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ekonomia; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Eusko Legebiltzarrak 8/2019 Legea, ekainaren 27koa, 2019-2022 Euskal Estatistika Planari buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.37 artikuluaren arabera, «Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du honako gai hauetan: (...) 37. Euskal Herriko Estatistika bere helburu eta eskumenetarako».

Artikulu hori aplikatuz, Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legea (apirilaren 23ko 4/1986 Legea) onartu zuen. Lege horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-jarduera arautu zen, bai eta jarduera horretan jardungo zuen erakundea eratu ere. Lege hori, beraz, ezinbesteko abiapuntua izan da.

Dena den, estatistika-jardueraren erregulazioa ez da arau horretara mugatzen, aurreikusita baitago estatistika-jarduera Euskal Estatistika Planak antolatuko duela. Plan horretan, indarrean dagoela egingo diren estatistikak eta antzeko beste jarduera batzuk jasoko dira, baina, horretarako, lege bidez onartu beharra dago plana. Plan horrek markatzen du jarduera-esparruaren goiko erpina, gero urteko estatistika-planek garatuko dutena.

Aurreko zazpi planak 1989-1992, 1993-1996, 1997-2000, 2001-2004, 2005-2008, 2010-2012 eta 2014-2017 aldietakoak urteko estatistika-programen bidez garatu ziren, eta zehaztu zuten aldi bakoitzean zer estatistika egingo ziren, nork egingo zituen eta zein baldintza teknikorekin egingo ziren. Azken planaren indarraldia amaitu denez, Eusko Legebiltzarrak plan berria onartu behar du.

Premisa horiek aintzat hartuta, 2019-2022 aldirako Euskal Estatistika Plana onartuko da lege honen bidez. Bost urte horietan zehar Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-erakundeak egingo dituen estatistikak eta antzeko jarduerak ezartzen dira planean. Bost urteko lehendabiziko plana da hau, eta helburu du estatistika-jarduera legegintzaldietatik bereiztea. Izan ere, azken bi planetan, legegintzaldiek baldintzatu dute plana martxan jartzea.

Ondorioz, legearen artikuluetan definituta daude hura kokatzeko eta mugatzeko koordenatu materiala eta denborazkoa.

Legearen esparru materiala, 1. artikuluan zehaztuta ageri dena, estatistikak eta antzeko jarduerak egitean datza. Horiek guztiak zerrendatuta daude testu artikulatuaren eranskinean, legearen arau-balio berberarekin.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legean (apirilaren 23ko 4/1986 Legean) 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, planak indarrean dela egingo diren estatistikak eta antzeko jarduerak bilduko ditu. 2019-2022 Euskal Estatistika Planak ez du horien aipamen soila egiten; aitzitik, eragiketa bakoitzaren ezaugarri nagusiak ere azaltzen ditu, uste baita horien ezaugarriak beharrezkoak direla, hobeto defini daitezen. Eta horrekin ez da deuseztatzen urteko estatistika-programen eraginkortasuna, eragiketa bakoitzerako behar diren zehaztapenak ematen baitituzte programa horiek. Gainera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean (otsailaren 18ko 4/2005 Legean) 16. artikuluak agindutakoari jarraituz estatistiken eta azterketen egokitzapenaz ari dela, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-erakundeak sistematikoki sartuko du sexuaren aldagaia Euskal Estatistika Planaren barruan egiten diren estatistika-eragiketetan, eta genero-ikuspegia txertatuko du bildutako informazioaren ustiapenean eta analisian.

Eranskinean, beraz, eragiketak banan-banan aipatzeaz gain, bakoitzaren ezaugarriak ere azaltzen dira. Hona hemen eragiketen ezaugarriak:

  1. Helburu orokorrak, urteko estatistika-programetan garatzen direnak.

  2. Erakunde arduraduna (egilea eta, hala badagokio, kontratatzailea). Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legean (apirilaren 23ko 4/1986 Legean) II. tituluko III. kapituluan aipatutako eskumena dauka. Eskumen hori Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-erakundearen esparruko organo eta enteei bakarrik ematen zaie, legearen 35. artikuluan zehaztutakoei, alegia.

  3. Beste erakunde parte-hartzaile batzuk. Elkarrekin parte hartzeko aukera dute, bai eragiketa osoan zehar, bai eragiketaren faseren batean.

  4. Gaia. Ikerketarekin lotutako jardueraren esparru generikoa mugatu behar da. Hauek dira gaiak:

    1. Demografia eta gizarte-ohiturak

    2. Hizkuntzak

    3. Osasungintza eta osasuna

    4. Hezkuntza

    5. Lan-merkatua eta lan-kostuak

    6. Gizarte-babesa eta gizarte-zerbitzuak

    7. Kultura, aisia eta kirolak

    8. Justizia eta segurtasuna

    9. Ingurumena

    10. Lehen sektorea

    11. Industria eta energia

    12. Eraikuntza eta etxebizitza

    13. Zerbitzu-sektorea

    14. Merkataritza eta automobil-zerbitzuak

    15. Herri-administrazioa

    16. Finantzak eta aseguruak

    17. Kontu ekonomikoak

    18. Prezioak

    19. Gizarte-ekonomia

    20. Estatistika-azpiegitura

    21. Estatistika-garapena

    22. Informazioaren gizartea eta I+G+B

    23. Beste batzuk.

  5. Egoera. Jakin behar da estatistika-eragiketari lehendik heldu zaion; hots, aurreko aldietan egin izan den, ala lehendabizikoz egiten den.

  6. Emaitzak zenbatean behin zabalduko diren. Herritarrei adierazten zaie zenbatean behin izango dituzten eskuragarri emaitzak, alde batera utzita zer-nolako maiztasunarekin lan egiten den.

  7. Eragiketa mota. Estatistika zein motatakoa den azaltzen da; batez ere, informazio-bilketarik ote dakarren berekin (direktorioa, zentsua, laginketa bidezko inkesta), abiapuntu izan diren informazioei bestelako xehetasunik gehitzen zaien (bilketa, sintesia), edo tresna osagarriren bat ba ote den, normalizazioa, metodologia hobetzea edo estatistika garatzea dakarrena.

    1. artikuluan, urteko estatistika-programen garapena eta exekuzioa ezartzen da, eta aurreikuspen bat egiten da, behar bezala arrazoituta dauden etorkizuneko beharretara egokitzeari buruz.

    2. artikuluan, estatistika-jardueraren araubide juridikoa erregulatzen da, Europako Estatistiken Jardunbide Egokiei buruzko Kodeko printzipioetan eta Estatistika Ekoizpenaren Europako eskema nagusian oinarritutako estatistika-eragiketen kalitatea bermatuz.

    3. artikuluan ezartzen denez, entitateek, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek obligazioa dute eskatzen zaien informazioa emateko, plan honetan arautzen diren estatistikak gauzatze aldera. Informazio horren barruan sartzen dira «datu pertsonalen kategoria bereziak», 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluak aipatzen dituenak (Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena). Ildo horretatik, azpimarratu beharra dago zer-nolako giza baliabideak, neurri teknikoak eta antolamendu-neurriak dituen euskal estatistika-erakundeak, bermatzeko errespetatzen direla datu pertsonalen tratamendua gidatuko duten printzipio arau-emaileak.

      Bestalde, ezin da ahaztu Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legea (apirilaren 23ko 4/1986 Legea) estatistiken ekoizpena administrazioko datuen bidez egitearen aldekoa dela; administrazio publikoan erabiltzen diren prozedurak berritzeko egindako ahaleginak ahalik eta errentagarrien bihurtu nahi ditu, kudeaketa- eta estatistika-xedeetarako aldi berean erabil daitezen eta, horrela, ahal den neurrian ekidin nahi du bi aldiz eskatzea informazioa herritarrei, enpresei eta beste ente batzuei.

      Azken xedapenetatik lehenengoan, bost aldaketa egin dira Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legean (apirilaren 23ko 4/1986 Legean) lau artikulutan: 10. artikulua datu pertsonalen babesari buruzko araudira eta Estatistika Programaren Batzordeak 2005eko otsailaren 24an onartutako Europako Estatistiken Jardunbide Egokien Kodeko printzipioetara egokitu da, administrazio-erregistroetako datuak eskuratzeari, erabiltzeari eta integratzeari dagokienez, helburu izanik informatzaileei karga murriztea, hori ez baitzegoen behar adina araututa 4/1986 Legearen 10. artikuluaren 3. apartatuan. Berregituratu egin dira 20., 29. eta 33. artikuluak, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologietara (IKT) egokitu.

      Azkenik, lege honetako azken xedapenetatik bigarrena, hirugarrena eta laugarrena planaren bigarren koordenatuari buruzkoak dira; hots, denboraren koordenatuari buruzkoak. Ezartzen da 2022ko abenduaren 31n amaituko dela planaren indarraldia; hau da, aurrekontu-ekitaldien amaieran. Orobat ezarri da plana luzatu egingo dela, baldin eta ez bada beste bat onartu haren indarraldia amaitzerakoan.

  1. 2019-2022 Euskal Estatistika Plana onartzen da.

  2. Esandako plana Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-jarduera 2019-2022 aldirako arautzen duen tresna da, eta, behar izanez gero, luzatu egingo da.

  3. Planean, lege honetako eranskinean zehazten diren estatistikak eta antzeko jarduerak jasoko dira.

  1. 2019-2022 Euskal Estatistika Plan hau urteko estatistika-programen bidez garatu eta exekutatuko da.

  2. Urteko estatistika-programetan zehaztu eta definituko dira estatistika-eragiketa horien ezaugarriak, aurrekontu-zuzkiduren esparruan.

  3. Salbuespenez, urteko estatistika-programek plan honetako eranskinean jasotako ezaugarrietako batzuk aldatu ahal izango dituzte, baina horretarako, aurrez, aldeko txostena egin beharko du Euskal Estatistika Batzordeak. Aldaketa horrek arrazoitua izan beharko du, eta ez die eragingo eragiketaren izaerari eta helburuei.

  1. Planaren ondoriozko estatistika-jarduna Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legean (apirilaren 23ko 4/1986 Legean) 2. artikuluan ezarritako araudiak eta lege honek gidatuko dute.

  2. Plana garatzeko eta exekutatzeko onartzen diren urteko estatistika-programak Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legearen (apirilaren 23ko 4/1986 Legearen) 2. artikuluaren 1. paragrafoko erregelamenduzko xedapenen parte izango dira.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-jardueraren funtsa izango da, batetik, Europako Estatistika Sistemaren Batzordeak onartutako Europako Estatistiken Jardunbide Egokien Kodean oinarritutako kalitate-irizpideei jarraituko diela, eta, bestetik, estatistika-eragiketa bakoitzaren proiektu teknikoak Europako Estatistika Sisteman definitutako Estatistika Ekoizpenaren eskema orokorrean oinarrituko direla.

  4. Publikoak izango dira beti aurreko artikuluan ezarritakoaren araberako estatistika ofizialei eta Gobernuko sailetako estatistika-organoek egindako estatistikei dagozkien emaitzak, eta berriz erabili ahal izateko formatu batean argitaratu behar dira.

  5. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoa betez, plan honetan aurreikusitako estatistikek genero-ikuspegia txertatuko dute bildutako informazioa ustiatzeko eta analizatzeko etapetan.

  1. Nahitaez bete behar dira 2019-2022 Euskal Estatistika Planean jasotzen diren estatistikak. Obligazio horrek datu pertsonalen babesaren alorrean indarrean dagoen eta aplikagarri den araudia errespetatu beharko du.

  2. Dena den, estatistika-erakundeari emandako datuak estatistika-sekretuaren eraginpean egongo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legean (apirilaren 23ko 4/1986 Legean) 19. artikulutik 23.era ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legean (apirilaren 23ko 4/1986 Legean) egindako aldaketak.

1. 10. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Hurrengo apartatuetan ezarritakoaren arabera zehazten diren norbanakoek edo entitateek 9. artikuluan aipatzen den informazioa emateko obligazioa daukate, halakorik eskatzen bazaie.

  2. Estatistika bakoitzaren erregulazioak zehaztuko du zer pertsona edo entitate dauden behartuta informazioa ematera, edozein dela ere haien izaera fisikoa edo juridikoa, publikoa edo pribatua, eta naziotasuna, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan badute edo izan badute beren bizilekua edo egoitza, edo hor kokatuta badaude.

  3. Informazio hori baldin badator familia-intimitaterako eta intimitate pertsonalerako eskubideari buruz dagokion unean indarrean den araudiak babestutako datuetatik, honako lege-testu hauetara egokitu beharko dira: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena, eta gainerako araudi aplikagarria. Nolanahi ere, datu horiek eskatuko dira beti interes orokorreko arrazoiengatik, estatistika-eragiketen helburuei dagokienez proportzionaltasun-irizpideekin, eta lortutako informazioen anonimotasuna gordetzeko beharrezkoak diren bermeekin.

  4. Informatzaileen erantzun-karga murrizteko, Euskal Estatistika Erakundeak eta maila operatiboan estatistika-erakundeko kide diren gainerakoek eskubidea izango dute administrazio-erregistro eta -fitxategi guztietan dauden datuak eskatzeko eta horiek atzerapenik gabe eta doan eskuratzeko, baita identifikatutako datu pertsonalak ere. Eskubidea izango dute, halaber, datu horiek erabiltzeko eta estatistiketan sartzeko, lege honen lehen tituluko II. kapituluan araututako estatistika-jardunaren esparruan estatistikak garatzeko, egiteko eta zabaltzeko beharrezkoa den heinean.

    Halaber, Estatuko Administrazio orokorraren eta bere sektore publiko instituzionalaren organo eta enteek eskatutako administrazio-datuak bidali beharko dituzte, baita identifikatutako datu pertsonalak ere, estatistika-plan eta -programetako estatistika-eragiketak garatzeko eskatzen direnean.

    Euskal Estatistika Erakundeari eta maila operatiboan estatistika-erakundeko kide diren gainerakoei estatistikak egiteko eskuragarri jarri zaizkien administrazio-erregistro eta -fitxategiek metadatuak izango dituzte.

    Euskal Estatistika Erakundeak, maila operatiboan estatistika-erakundeko kide diren gainerakoek eta administrazio-erregistro eta -fitxategien titularrek horretarako beharrezkoak diren kooperazio-mekanismoak sortu beharko dituzte.

  5. Dagokion estatistika-eragiketaren erregulazioan ezarritakoarekin bat etorriz, informatzailetzat jotzen diren entitate publiko eta pribatuei baimena ematen zaie estatistika-eragiketen organo hartzaileei interesdunei buruzko datu pertsonalak lagatzeko, haien baimenik gabe, soil-soilik estatistika-eragiketak egiteko helburuz.

  1. Aldatu egiten da 20. artikuluaren 3. apartatua. Honela geratzen da idatzita:

    1. Nolanahi ere, ez dute estatistika-sekretuaren betebeharraren babesik izango fitxategi-direktorioek; hau da, ez dira babespekoak izango establezimendu, enpresa, ustiategi edo bestelako enteen enumerazioak eta bakoitzaren kokalekua, izena, jarduera, helbide elektroniko korporatiboa, telefono korporatiboa eta sailkapenak egiteko tamaina- adierazlea.

  2. Aldatu egiten da 29. artikuluaren 1. apartatuaren a) letra. Honela geratzen da idatzita:

    1. Euskal Estatistika Planean eta urteko estatistika programetan sartutako estatistikei dagokienez:

      Estatistika-jarduera zuzentzea eta koordinatzea.

      Eragiketa bakoitzaren proiektu teknikoa onartzea.

      Lortzen diren estatistika-emaitzak argitaratzea eta zabaltzea, gutxienez, Euskal Estatistika Erakundearen web zerbitzarian, eta, beste organo edo enteren batek parte hartuz gero, hori esplizituki jasotzea.

      Emaitzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu direla iragartzea.

  3. Aldatu egiten da 29. artikuluaren 1. apartatuaren c) letra. Honela geratzen da idatzita:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari ofiziala izatea estatistikaren arloan, eta EAEko estatistika-erakundea osatzen duten guztien eta estatuko, eskualdeko edo, hala badagokio, nazioarteko estatistika-erakundeen arteko harremanak bideratzea. Horretarako, txosten bat egin beharko du, nahitaez, beste administrazio batzuekin estatistikaren inguruan akordio edo hitzarmen bat sinatu aurretik.

  4. Aldatu egiten da 33. artikuluaren 2. apartatuaren e) letra. Honela geratzen da idatzita:

    1. Beren eskumeneko estatistika-emaitza ofizialak beren webguneetan argitaratzea eta zabaltzea, Euskal Estatistika Erakundeari aurrez horien edukiaren berri emanda.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Planaren indarraldia.

    2019-2022 aldirako Euskal Estatistika Plana indarrean jartzen denetik 2022ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Luzapena.

    Planaren indarraldia amaitzen denerako beste Euskal Estatistika Planik onartu ez bada, plan hau automatikoki luzatuko da harik eta beste plan bat indarrean jarri arte, aurrez ezarritako epeak edo aldiak direla medio kanpoan utzi behar diren estatistika-jardunen kasuan izan ezik.

    AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA. Indarrean jartzea.

    Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    (Ikus .PDF)

    Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 2a.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.
Euskadi, auzolana