Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

3/2022 LEGEA, maiatzaren 12koa, Euskal Sektore Publikoarena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 97
  • Hurrenkera-zk.: 2159
  • Xedapen-zk.: 3
  • Xedapen-data: 2022/05/12
  • Argitaratze-data: 2022/05/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonoma; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak 3/2022 Legea, maiatzaren 12koa, Euskal Sektore Publikoarena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Lege honek sektore publikoaren behar guztiak sartu nahi ditu, erreferentziazko testu bat izan dezagun koherentzia emateko Euskal Autonomia Erkidegoko egitura publikoaren antolaketari eta funtzionamenduari eta egitura publiko horrek Autonomia Erkidego honetako eremu instituzionaletan jarduten duten sektore publikoen multzoarekin duen loturari.

Helburua ez da dauden arau guztiak testu bakar batean kodifikatzea. Aitzitik, erreferentziazko lege baten aldeko hautu sistematikoa egin da, euskal sektore publikoaren antolaketa ezartzen duten arauen multzoa antolatzeko. Horren bidez, gai berari buruz dagoen legeria zabalak eragiten dituen disfuntzioak murriztu nahi dira eta administrazio-kultura berri bat sortzen lagundu nahi da, zeina oinarrituko baita, besteak beste, efikazian, efizientzian eta jasangarritasunean, antolaketan eta gobernantzan, gardentasunean eta herritarrek gai publikoetan parte-hartzean.

Lege berri hau bat dator Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10. artikuluko 2., 6. eta 24. apartatuetan jasotzen diren eskumen esklusiboekin, zeinek arautzen baitituzte bai autogobernu-instituzioen antolaketa, araubidea eta funtzionamendua bai zuzenbide substantiboaren espezialitateetatik eta Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko antolaketatik eratortzen diren administrazio-prozedurak, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren beraren sektore publikoa, betiere Autonomia Estatutuko beste arau batzuek eragiten ez dioten neurrian.

  1. tituluak legearen helburua, xedeak eta aplikazio-eremua zehazten ditu, oro har; funtsean Autonomia Erkidegoko sektore publikoari begira egiten du hori, baina ahaztu gabe legearen helburuen artean dagoela euskal administrazio publiko guztiek eta haien inguru instituzional eta instrumental atxikiek osatzen duten multzoak sektore publikoarekin izan behar duen eta duen lotura argia jorratzea.

    Beraz, sektore publiko autonomikoaz gain kontuan hartzen ditu foru eta toki mailako sektore publikoak eta, behar denean, baita estatu mailakoa ere. Alde batetik, behar bezala neurtu ahal izateko publikoa den guztiaren sorrera eta eraldaketaren prozesua; bestetik, publikoa denaren efikazia eta efizientziaren ezinbesteko ebaluazioa egiteko, eta, azkenik, euskal sektore publiko osoa arrazionalizatu eta dimentsionatzeko erabakiak hartu ahal izateko.

  2. tituluak zorrotz arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren antolaketa. Lehenik eta behin, entitate motak definitzen ditu eta entitate horien sailkapena egiten du, orain indargabetzen den sailkapenak bere horretan jarraitu baitu Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeak arautu zuenetik. Ondoren, hainbat kontzeptu eta prozesu eguneratzen ditu, horren beharra dago-eta; esate baterako, administrazio independentea delakoa definitzen du, baita gure egitura organiko eta funtzional guztiak egituratzea ahalbidetzen duten prozesuak ere. Eta, azkenik, horiek guztiak era logikoan sartzen ditu gure sektore publikoaren araubide juridikoarentzat egokientzat jotzen den lege-garapena osatzen duten arauetan. Bi helburu hauekin egiten da hori dena: gure eskumenak erabili ahal izatea eta zenbait elementu tekniko zehaztea administrazioen arteko elkarlana eta koordinazioa ahalbidetzeko.

  3. tituluak zehatzago garatzen ditu sektore publikoa pertsonifikatzen duten figura juridikoak. Kasuak definitzen ditu, berrikuntza-asmo bakarrarekin: eskumenen ikuspegitik zehaztu daitekeen molde bakoitzaren ezaugarriak eta elementuak behar bezala zehaztea; izan ere ezin baita figura berririk definitu, ez eta indarrean dagoen legeria orokorrean existitzen diren figuren funtsezko elementurik aldatu ere.

    Era berean, antolakunde mota edo pertsonifikazio juridiko bakoitza sortu, eraldatu eta azkentzeko prozesuak arautzen ditu, kontuan hartuta tasatuak izaten direla prozesu gehienak eta justifikazio tekniko zorrotza eta prozedura arin eta eraginkorrak behar izaten dituztela hargatik eragotzi gabe haiei guztiei kontrol politikoa egiteko elementuak ezartzeko aukera, beti ebaluazio-prozesu onekin batera joan behar dutela, zeinak, gainera, administrazio-jardunbidean ezarri eta alditan banatu behar diren.

  4. titulua arduratzen da, hain zuzen ere, sektore publikoaren antolamendua eta eraldaketa ezartzeaz, Euskal Autonomia Erkidegoko instantzia komunen ikuspegi zorrotzetik abiatuz. Antolaketari buruz une bakoitzean hartzen den erabakiaren arabera zer jarduera egin daitekeen adierazten du, alde batera utzi gabe edo kontuan hartuta maila instituzional komunari dagokion ikuskera hori beharrezkoa dela eta ez dela nahastu behar beste maila instituzional batzuetan erabakiak hartzeko erabiltzen diren arauekin. Bukatzeko, beste arau batzuk aipatzen ditu: Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak bere sektore publikoa osatzen duten entitate guzti-guztiekin izan behar dituen harremanetan aplikatu beharreko arauak.

  5. tituluak sektore publikoaren funtzionamenduari buruzko arauak biltzen ditu, ikuspegi klasiko batetik, zeinak efikaziaren eta efizientziaren parametro nagusien mende jartzen baititu ondoko prozedura nagusi hauen helburu eta arauak: kudeaketaren ebaluazioa; herritarrei emandako atentzioa eta haien parte-hartzea, administrazio elektronikoa delakoaren erreminten bidez, eta gure administrazio-prozesuetan zeresan berezia duen eta erabat presente dagoen hizkuntzen gaia arautzea.

    Esan bezala, ikuspegi klasikoa da; eta, hain zuzen ere ikuspegi hori egonkorra delako, gainontzeko euskal administrazioen eremuan aplikatu nahi da, jarduteko printzipio komunei eta herritarrek euskal botere publikoekiko harremanetan dituzten eskubide eta eginbehar orokorrei dagokienez, hargatik eragotzi gabe etorkizuneko euskal gobernantzaren definizioaren konpromiso politikoa taxutuko duten helburu eta arau jakinek kontuan hartzea, Eusko Legebiltzarrak berak hura eskatu duelako, lege honen hurbilekoak diren beste lege-arau batzuk.

  1. Lege honen xedea da euskal sektore publikoa, zeinean sartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa, osatzen duten elementuak xedatzea, bai eta haren dimentsionamenduari eta eraldaketari aplikatu behar zaizkien jardun-printzipio komunak xedatzea ere.

  2. Halaber, lege honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren antolaketa eta funtzionamendua arautzea, bai eta haren dimentsionamenduari eta eraldaketari, eta herritarrekiko harremanetarako zerbitzu publiko gisa duen funtzionamenduari aplikatu behar zaizkien arau eta printzipioak ezartzea ere.

Antolaketari dagokionez, lege honek xede hauek lortu nahi ditu:

  1. Arau eta irizpideak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren egituratze organiko eta funtzionala garatzeko.

  2. Definitzea Administrazio orokorrarenaz besteko pertsonifikazio juridiko publiko edo pribatuko zer entitatek osatzen duten euskal sektore publikoa; arautzea zer betekizun bete behar diren entitateok eratzeko edo lehendik ere egon dauden beste entitate batzuetan parte hartzeko, baita entitateok azkentzeko edo haietan parte hartzeari uzteko bete behar direnak ere, eta ezartzea zer erlazio-mekanismo izan behar duten mende dauden eta atxiki diren administrazioarekin.

  3. Definitzea zer betekizun eta arrazoik justifikatzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek beste entitate batzuetan parte hartzea, zeinak, lege honetan ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ez baitira sektore publikoko kide egiten parte hartze haren ondorioz.

  4. Irizpideak ezartzea, batetik, aztertzeko ea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan efizientzia-gabeziarik, gainjartzerik eta bikoiztasunik badagoen beste sektore publikoekin eta, bereziki, gainerako euskal sektore publikoarekin eta Estatuko sektore publikoarekin, eta, bestetik, hala badagokio, balizko eraginkortasun-gabezia, gainjartze eta bikoiztasun haiei erantzuteko proposamenak egiteko. Halakoetan, Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten sektore publiko osoaren koherentzia hobetzeko antolaketarik eta funtzionamendurik egokiena bermatzeko baldintzak sortuko dira.

1. I. tituluaren II. kapituluaren printzipioak euskal sektore publiko osoan aplikatzekoak dira lege honetan ezarritakoren arabera.

  1. Lege honen gainerako edukiak, batez ere antolaketari buruzkoak, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen dutenei aplikatzekoak dira, eta euskal sektore publikoko beste subjektu batzuei ere aplikatuko zaizkie lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera eta bakoitzaren arau instituzionalaren arabera.

  2. Lege honetan dauden antolaketa hutseko xedapenak honako hauei aplikatuko zaizkie, kasu bakoitzean ezartzen den moduan:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari.

    2. Organismo autonomo, zuzenbide pribatuko ente publiko, sozietate publiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei.

    3. Aurreko letretan aipaturikoak, zuzenean edo zeharka, partaide nagusiak diren ente, sozietate edo pertsona juridikoei.

    4. Gainerako entitate publikoei, hala xedaturik egonez gero haiek sortzeko arauan edo lege honetan bertan.

  1. Lege honetan, euskal sektore publikoa izenez ezagutzen den multzoa aintzatesten da, eta euskal sektore publikotzat jotzen da euskal administrazio publiko guztietako sektore publikoen multzoa. Honako hauek sartzen dira multzo horretan: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra, lurralde historikoetako foru-administrazioak eta toki-administrazioak, baita haien guztien administrazio instituzionala eta haien mende eta atxikita dauden gainerako ente instrumentalak ere.

  2. Honako hauek ere euskal sektore publikoan sartzen dira: atxikimendu-erregimenik ez duten nortasun juridiko independenteko ente publikoak, hala nola Lan Harremanen Kontseilua eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea, eta haien sorrera-arauan berariaz sektore publikotzat jotzen diren beste erakunde guztiak, bai eta Euskal Herriko Unibertsitatea ere.

  3. Euskal sektore publikokoak dira, halaber, zeinahi ere den haien izaera juridikoa eta pertsonifikazioa, baldintza hau betetzen duten entitateak: euskal sektore publikoko sektore publiko batekoa izateko lege-baldintzak bete ez, baina sektore publiko horiek entitatean duten posizio multzoa hain da handia, non, multzo osoa haietako bakar bati esleituko balitzaio, nahikoa izango litzatekeen entitate hori dagokion sektore publikoan sartzeko.

  4. Nolanahi ere, euskal sektore publikoaren barruan daude honako ezaugarrietako bat daukaten entitate guztiak:

    1. Entitateko lehendakaritza edo kide bakarreko ordezkaritza-organo gorena betetzen duenak kargu politikoren bat izatea aurreko zeregin horren ondorioz.

    2. Artikulu honetan aipatzen diren instituzio, organo edo entitateek izendatzea, zuzenean, entitateko lehendakaria edo kide bakarreko ordezkaritza-organo gorena.

    3. Administratzaile bakarraren sistema edukita, artikulu honetan aipatzen diren instituzio, organo edo entitateek izendatzea hura.

    4. Kide anitzeko gobernu- edo administrazio-organoa edukita, artikulu honetan aipatzen diren instituzio, organo edo entitateek izendatzea kide horietako gehienak.

    5. Entitatearen kapital edo ondarearen zati handiena artikulu honetan aipatzen diren instituzio, organo eta entitateen aurrekontuetatik etortzea eta beraiek izatea entitateari kapital edo ondarearen zati hura ematen diotenak.

      Daukaten forma eta izaera juridikoaren arabera dagokien araubide juridikoaren mende daude entitate horiek, bai eta sektore publikokoak diren aldetik aplikatzekoak zaizkien arauen mende ere.

  5. Artikulu honetan definitzen den egoeran dauden entitate guztiek egon beharko dute lege honetan aipatzen diren gaiek osatutako legezkotasun-blokearen mende, zeina entitatean parte hartzen duten administrazio publikoek eransten baitiote, halako moldez, non entitatearen sortze-arauak, estatutuek edo antolaketa- eta funtzionamendu-arauek eta haren partaide diren administrazioek ezarritako hitzarmenak xedatutako terminoetan beteko duten.

  1. Eremu instituzional bakoitzaren antolaketa eta funtzionamendua zuzentzen duten printzipioez gainera, euskal sektore publikoko subjektu guztiek jardun behar dute printzipio orokor hauen arabera ere:

    1. Zerbitzu-printzipioa. Horren arabera, euskal sektore publikoko administrazio, organismo edo entitate guztien xedea da objektibotasunez zerbitzatzea guztien ona eta interes orokorrak, eta, funtzioak betetzean, zerbitzu hobeak ematea herritarrei.

    2. Legezkotasun-printzipioa. Printzipio horrek agintzen du nola jardun behar duten sektore publikoko administrazio publiko eta entitateek eta, bereziki, nola bete behar dituzten ordenamendu juridikoak ezartzen duen eskumen-banaketaren arabera gomendatzen zaizkien funtzioak.

    3. Koherentzia-printzipioa. Horren arabera, euskal administrazio publikoek sistema publiko oso bat sustatzen dute, alferreko bikoiztasunak eta errepikapenak saihestuko dituena sektore publikoak antolatzean eta haietan jardutean.

    4. Elkartasun, efizientzia, aurrekontu-egonkortasun, finantza-jasangarritasun eta kudeaketa gardenaren printzipioa. Bereziki, pertsonalari dagokionez, lan-kontratuduna barne direlarik, menderatuko dira aurrekontu-arauek eta aurrekontu orokorren urteko xedapenek ezarritako mugetara.

    5. Leialtasun instituzionalaren printzipioa. Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten gainerako erakunde publikoekiko exijentzia ezin saihestuzkoa, herritarren interes orokorrari objektibotasunez eta efikaziaz eta efizientziaz zerbitzatzeko.

  2. Administrazioen arteko elkarlanaren printzipioa aplikatuz, eginbehar hauek dituzte administrazio publikoek:

    1. Beste administrazioen eskumen-erabilera legitimoa errespetatzea.

    2. Eskumen propioak erabiltzean, inplikatuta dauden interes publiko guztiak neurtzea eta, zehazki, kudeaketa beste administrazioen esku duten interesak neurtzea.

    3. Beste administrazioei ematea eskumen propioak erabiltzeko jardueretan behar duten informazioa edo herritarrek gairen bati buruzko informazio osoa eskuratzeko behar dutena.

    4. Norberaren eremuan laguntza eman beharko diete gainerako administrazioei, administrazio hauen eskumenak modu efikazean baliatzeko eskatzen dutenean.

    5. Elkarlanean aritzeko eginbeharretik eratortzen diren betebeharrak betetzea, baita arauz ezartzen diren beste obligazioak ere.

  3. Kasu hauetan bakarrik ukatu ahal izango da eskatzen den laguntza eta lankidetza: laguntza edo lankidetza eskatzen zaion erakunde edo organismoak gaitasunik ez duenean bere arautegi espezifikoaren arabera laguntza edo lankidetza hori emateko, nahiko bitartekorik ez duenean, laguntza edo lankidetza emanez gero kalte larria eragiten zaienean zaintzeko agindu zaizkien interesei edo bete beharreko funtzioak betetzeari, edo eskatzen den informazioa konfidentziala edo erreserbatua denean. Laguntza ukatuz gero, zergatik ukatzen den jakinarazi beharko zaio administrazio eskatzaileari.

  1. Euskal sektore publikoko subjektuek printzipio espezifiko hauek ere bete beharko dituzte:

    1. Administrazioaren nortasun juridikoaren batasunari lehentasuna emateko printzipioa. Horren arabera, kasu honetan bakarrik sortuko dira nortasun juridiko propioa duten entitateak: Administrazio orokorreko administrazio-organo eta administrazio-zerbitzuen bidez ezin denean lortu bete beharreko interes orokorra edo eman beharreko zerbitzua. Kasu horretan, entitatea sortzeko arauak ezintasunaren arrazoiak azaldu beharko ditu.

    2. Subsidiariotasun-printzipioa. Horren arabera, entitateak eratzeko, lehentasun-hurrenkera honi jarraituko zaio: lehenik, organismo autonomoak; bigarren, zuzenbide pribatuko ente publikoak, eta, soilik besterik ezean, entitate pribatuak. Organismo, ente eta entitate horiek sortzeko arauek behar bezala justifikatu beharko dituzte egindako hautuaren arrazoiak.

    3. Instrumentaltasun-printzipioa, berariaz esleituta dauzkaten xede eta helburuei dagokienez.

  2. Euskal administrazio publikoek eta euskal sektore publikoa osatzen duten entitateek kasu honetan bakarrik eratuko dituzte beste entitate batzuk edo parte hartuko dute lehendik dauden beste entitate batzuetan: interes orokorra ezin denean efikaziaz eta efizientziaz bete euskal sektore publikoak momentuan dituen giza baliabideekin, baliabide materialekin eta antolaketako baliabideekin. Nolanahi ere, inoiz ez da gizarte- eta ingurumen-jasangarritasunaren helburua konprometituko. Organismo, ente eta entitate horiek sortzeko arauek justifikatu egin beharko dituzte ezintasun horren zergatiak, eta adierazleak eta irizpideak ezarri beharko dituzte kontrolatze aldera ea egokia den organismo, ente eta entitate haiek jarraitzea eta haien sorrera eragin zuten helburuen emaitzak.

  3. Administrazioko organoek edo sektore publikoko entitateek betetzen dituzten zereginak aurrerantzean beteko dituzten entitateak sortzeko, derrigor berrantolatu beharko dira bitartekoak eta, horretarako, eskumen edo funtzio haietarako erabiltzen ziren baliabideak murriztu, ezabatu edo transferitu beharko dira. Kasu horretan, haren berri eman beharko zaie Funtzio Publikoaren Mahaiari eta eragindako organoetako enpresa-batzordeei.

  4. Ordura arte Administrazioko beste organo batzuek edo sektore publikoan dauden beste entitate batzuek egindako funtzioak hartzen dituzten entitateak sortzean, behar bezalako solasaldia bideratu beharko da euskal sektore publikoko langileak ordezkatzen dituzten zentral sindikalekin.

  5. Entitate sortu berriek, bestalde, jarduteko edo funtzionatzeko behar duten forma juridikorik egokiena hartuko dute, lege honetan entitate bakoitzarentzat arautzen diren printzipioen arabera.

  1. Euskal Sektore Publikoa Arrazionalizatzeko eta Dimentsionatzeko Instituzioarteko Batzordea sortzen da.

  2. Eusko Jaurlaritzan administrazio publikoaren arloko eskumena duen sailburua izango da batzordeburua. Batzordekideak, berriz, adituak izango dira eta Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak izendatuko dituzte, erregelamenduz ezartzen den moduan.

  3. Honako hauek izango dira batzordearen funtzioak, zeinak txostenetan jorratuko baitira eta Euskal Autonomia Erkidegoan diren maila instituzionaletako gobernuei igorriko baitzaizkie:

    1. Aztertzea ea efizientzia-gabezia, gainjartze eta bikoiztasunik dagoen sektore publikoen artean bereziki euskal sektore publiko osoarekin eta Estatuko sektore publikoarekin eta, baldin badago, jarduera-proposamenak egitea halakoak konpontzeko.

    2. Azterlanak eta proposamenak egitea administrazioen arteko elkarlana, lankidetza eta koordinazioari buruz.

    3. Azterlanak eta proposamenak egitea administrazio publikoen eta horiek osatzen dituzten sektore publikoen antolaketa eta funtzionamenduari buruz.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra da lurralde-entitate bakarra gainontzeko entitateak mendean eta atxikiak dituena. Entitateok, bestalde, lege honetan ezarritako sailkapenaren arabera dagokien pertsonifikazio juridikoa hartu beharko dute.

  2. Hurrengo ente instituzional mota hauek daude Administrazio instituzionalaren barruan; denek erabil ditzakete ahal publikoak:

    1. Organismo autonomoak.

    2. Zuzenbide pribatuko ente publikoak.

  1. Honako hauek osatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa: Autonomia Erkidegoko Administrazio orokor eta instituzionalaren barruan dauden entitateek eta haien sektore publikoko ente instrumentalek. Hauek dira azken horiek:

    1. Sozietate publikoak.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioak.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoak.

  2. Entitate horiek denek nortasun juridiko propioa izango dute, gainerako entitateek dutenaz bestelakoa.

  1. Salbuespen gisa, erabakitze-funtzioak sortu ahal izango dira, eta funtzio horiek esleitu ahal izango zaizkie kide bakarreko organoei, kide anitzeko organoei, organismo autonomoei, zuzenbide pribatuko ente publikoei edo partzuergoei. Aipatutako entitate horiek Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren barruko administrazio independentetzat joko dira, beraien zereginak betetzeko independentzia edo autonomia berezia behar dutenean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokor edo instituzionalarekiko edo, hala badagokio, hura osatzen duten entitateekiko.

  2. Administrazio-agintaritza independenteek enpresa- edo merkataritza-interesak alde batera utzita beteko dituzte beren jarduerak eta xedeak. Funtzionamendu- eta jarduera-eredua demokrazian eta parte-hartzean oinarritua izango da.

  3. Horrelako kasuetan, sortze-arauak lege-mailakoa izan beharko du eta eduki hau bildu beharko du nahitaez:

    1. Azalpena: zergatik behar den, eta zer independentzia funtzional edo autonomia ematen zaion. Halaber, ziurtatu beharko da esleitutako funtzioak ez daudela bikoiztuta.

    2. Nola osatzen diren erabakitze-funtzioak betetzeko hartu beharreko erabakiak hartzeaz arduratzen diren organoak eta zer irizpide erabiltzen den organo horiek izendatzeko. Horretarako, bermatu egin beharko da organo horietako kideak independenteak eta adituak direla eta funtzioak betetzeko lanbide-gaitasuna zein kaudimen teknikoa dutela; era berean, bermatu beharko da haien bateraezintasunen eta ordezkotzen araubidea, eta gutxienez bi urtean ez direla kargutik mugituko.

    3. Zer erabakitze-funtzio agintzen zaien, eta nola hartzen diren erabakitze-funtzioak jasotzen dituzten erabakiak, kolegialtasunaren edo espezialitate teknikoaren printzipioaren arabera.

  4. Artikulu honek aipatzen dituen organoetako kideak, bestalde, legeek xedatutako abstenitze-, errekusatze- edo ezgaitasun-arrazoien mende egongo dira, eta ezartzen zaizkien diziplina- eta etika-araubideak bete beharko dituzte.

  5. Administrazio independenteko organo edo entitate horiek berregituratzeko eta azkentzeko, haien sortze-araua aldatzen edo indargabetzen duen lege-mailako arau bat beharko da.

  1. Administrazio orokor eta instituzionala printzipio hauen arabera antolatzen da:

    1. Hierarkia, zuzendaritza-lanak betetzeko; eta deskontzentrazio funtzionala, hala badagokio, kudeaketa- edo betearazte-jarduerak egiteko.

    2. Ekonomia eta baliabideak egoki esleitzea helburu instituzionalak betetzeko; ahal dela, eskala-ekonomiak baliatuz.

    3. Antolaketa sinple eta argia.

    4. Subsidiariotasuna betearaztean eta egituraren egokigarritasuna.

    5. Gardentasuna kudeaketaren kontrol zuzen eta egokia gauzatu ahal izateko.

  2. Printzipio hauetara egokitzen da jarduera: legezkotasuna, objektibotasuna, gardentasuna, publikotasuna, efikazia eta efizientzia. Printzipio horiek betetzeko berme modura, organoen arteko koordinazioa sustatu eta gauzatuko da eta, betiere, lurralde historikoetako eta toki-administrazioetako organoekiko koordinazioa bermatuko da eta haiekin elkarlanean aritzea bultzatuko da.

  3. Artikulu honetan jasotzen diren printzipioak honako irizpide hauetan gauzatzen dira, eta antolatzeko diseinuari aplikatuko zaizkio:

    1. Antolaketak zerbitzu publikoa bideratzea izango du helburu bakarra, baliabideak herritarrak gogobetetzera eta administrazio barruko koordinazioa eta administrazioen arteko koordinazioa bultzatzera orientatuz.

    2. Ahaleginak egingo dira gizartearen eskariei erantzuteko, genero-ikuspegia sartuz, modu aktiboan entzunez, antolaketa ingurune aldakorrera egokituz, eskakizun berriei aurrea hartuz eta efikazia- eta efizientzia-helburuak betez.

    3. Egiturak lautuko dira, baliorik eransten ez duten eta burokrazia gehitzen duten maila hierarkikoak ezabatuz, eta prozesukako kudeaketara, helburuen plangintzara eta emaitzen kontrolera bideratutako antolaketa-egitura dinamikoak osatuz.

    4. Eduki zabaleko funtzio-arloak zein diren zehaztuko da, kontuan hartuz kudeatu beharreko gaiaren identitatea eta berezkotasuna, lan-fluxua, eremua, helburua eta xede-publikoa, eta barne- eta kanpo-informazioaren fluxuak optimizatzen dituzten eta elkarlana sustatzen duten zerbitzu eta tresna korporatiboak erabiliz.

    5. Zuzendaritza-molde berriak sustatuko dira, partaidetza, konfiantza eta autonomia arduratsuko barne-espazioak sortuz, helburuak eta emaitzak lortzearekin konprometitua, eta ateak zabalduko dizkiena herritarren parte-hartzeari, herritarrek hitza izan dezaten politika eta zerbitzu publikoen plangintza eta ebaluazioan, eta ekintza publikoaren kontu emateari.

    6. Administrazioko giza baliabideak erabiltzeko modua optimizatuko da saihesteko baliabide propioekin egin daitezkeen jarduera eta zerbitzuak eta funtsezko funtzio publikoak kanporatzea.

    7. Euskararen erabilera normalizatuko da administrazio-jarduera guztietan, eta euskaraz jardun ahal izateko baliabide guztiak bermatuko dira.

    8. Antzeko funtzioak betetzeko egitura homogeneoak eratuko dira, izan antolaketa-unitate horizontalak, izan lurraldeko antolaketa-unitateak. Horretarako, instituzioaren zerbitzuak eta tresnak erabiliko dira.

    9. Funtzio hauetaz arduratzeko egitura komunak definituko dira: ebaluazioa, ekonomia- eta administrazio-kudeaketa, antolaketa, kudeaketaren kontrola, laguntza juridikoa, giza baliabideak, baliabide orokorrak, teknologia-garapena, informazio-sistemak, estatistika, telekomunikazioak, euskara, berdintasuna, kalitatea eta sareko lanaren sustapena.

    10. Herritarrei erantzuteko zerbitzu integralak ematera bideratuko da lurralde-antolaketa; zerbitzuok, gainera, gai izan beharko dute sailarteko programak kudeatzeko.

    11. Mugak jarriko zaizkio antolaketa-egitura autonomoak sortzeari, eta lege honek zehazten dituen egoeretan bakarrik sortuko dira.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra, funtzioen arabera sailetan banatuta eta hierarkiaren arabera antolatutako organoek osatuta, nortasun juridiko bakarraz ari da bere xedeak betetzeko, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 53. artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

  2. Bere instituzioen egoitzaz gainera, lurraldeetan deszentralizatuta ere gauzatu dezake bere jarduera Administrazio orokorrak, hala nola bere organo periferikoen bidez lurralde-ordezkaritzetan edo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoetako bulegoen bidez eta, bere eskumenen esparruan, Euskadik kanpoan dituen ordezkaritzen bidez.

  1. Honako hauek dira goi-organoak:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak.

    2. Sailburuordetzak, antolaketa-unitate gisa: zenbait zuzendaritza biltzen dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sail guztietan eta arduradun bakarra dute. Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko dekretuan ezarritako funtzioak betetzen ditu arduradun horrek, baita sailaren titularrak eskuordetutako gainerako guztiak ere.

    3. Lehendakaritzako edo Lehendakariordetzako idazkaritza nagusiak, lehendakariak haientzat eta haien eremuan ezartzen duen antolaketa eta funtzionaltasunarekin.

  2. Lehendakariak izendatzen ditu sailburuak, eta hark kentzen ditu kargutik. Karguaz jabetzen diren egunean hasten dute zerbitzu-harremana Euskal Autonomia Erkidegoarekin, eta Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legean aurreikusten diren egoeretan uzten dute kargua.

  3. Gobernu Kontseiluak, dekretu bidez, izendatuko ditu sailburuordeak eta, hala dagokionean, idazkari nagusiak, sail bakoitzeko sailburuak proposatuta.

  4. Honako hauek joko dira Euskal Autonomia Erkidegoko goi-karguduntzat:

    1. Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 29. artikuluari jarraituz, sailetan sailburuorde- edo zuzendari-karguak betetzen dituztenak.

    2. Lehendakaritzako edo Lehendakariordetzako idazkari nagusiak.

    3. Euskadik kanpoan dituen ordezkariak.

    4. Organismo autonomoetako eta zuzenbide pribatuko ente publikoetako lehendakariak eta zuzendari nagusiak.

    5. Entea sortzeko legean edo ente instrumentala mendeko den sailaren egitura-dekretuan goi-karguduntzat ezartzen direnak.

  5. Goi-kargudunek araubide juridiko espezifikoa izango dute. Haien zerbitzu-harremana izendapen-dekretuarekin hasiko da eta kargugabetzearekin edo dimisioarekin amaituko da, zeinek eragina izango baitute dagokien dekretua argitaratzen den egunetik aurrera.

  1. Aurreko artikuluan xedatutakoa alde batera utzi gabe, honako hauek joko dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zuzendaritza-organotzat:

    1. Sailetako zuzendaritzak. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailetako antolaketa-unitateak dira, eta izaera bereko zerbitzu eta funtzioak hartzen dituzte barruan.

    2. Euskadik kanpoan dituen ordezkaritzak.

    3. Administrazio orokorreko eta ente instituzionaletako zuzendaritza nagusiak, arloko zuzendaritzak, dibisioko zuzendaritzak edo beste izen bateko zuzendaritzak, baldin eta organoa sortzeko arauan esanbidez jotzen badira zuzendaritza-organotzat edota espresuki zuzendaritzako kidetzat jotzen bada organo horretako titularra.

  2. Era berean, sektore publikoko zuzendaritza-organotzat joko dira honako hauek, nahiz eta Administrazio orokor eta instituzionalekoak ez izan:

    1. Sozietate publikoetako zuzendaritza nagusiak.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioetako eta partzuergoetako lehendakaritzak eta zuzendaritzak.

  3. Betiere printzipio hauek bete beharko dira zuzendaritza-organoen jardunetan:

    1. Erantzukizun profesionala, pertsonala eta zuzenekoa.

    2. Kudeaketa-lanak goragoko organo eskudunak edo zuzendaritza-organo eskudunak kontrolatu eta ebaluatzea.

  1. Administrazio orokorreko sail bakoitzak administrazio-jarduerako arlo bat edo gehiago ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuaren barruan; arlo horiek, gainera, funtzionalki homogeneoak dira.

  2. Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. artikuluak xedatutakoari jarraituz sortu, aldatu, elkartu eta ezabatuko dira sailak, eta artikulu horri jarraituz zehaztuko dira sailaren eskumenek administrazio-jarduerako zein funtzio edo arlo hartzen duten. Lehendakariak onetsitako dekretu baten bidez zehaztuko da zein irizpideren arabera antolatuko diren sail bakoitzaren egitura organiko eta funtzionala.

  3. Sailak antolatzeko modu horrek ez du oztopatzen lehendakariak atxiki ditzakeen administrazio-jarduera batzuk existitzea. Kasua hori balitz, bere gain hartuko lituzke Jaurlaritzaren Legearen 26. eta 61. artikuluetan aipaturiko eskumenak, zeinak, lege horren 39.4 artikuluan xedatutakoari jarraituz, Lehendakaritzako sailburuari edo idazkari nagusiei edo zuzendariei eskuordetzea izango lukeen.

  1. Administrazio orokorreko sailetako egitura organikoa eta funtzionala lehendakariaren dekretuz ezartzen dira, sail bakoitzaren titularrak proposatuta, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluan xedatutakoaren arabera. Lehendakariari egiten zaion proposamenak, bestalde, aurreko artikuluan aipatutako dekretuan ezartzen diren irizpideak bete beharko ditu; bestela, berariaz eskatu beharko da irizpideok aldatzeko.

  2. Sailen egitura organiko eta funtzionalari buruzko dekretuek definitzen dute zer mendekotasun-hierarkia duten sailen egiturako organoek, eta nola banatzen diren jarduera-arloak.

  3. Sail eta organismo autonomoek zuzendariordetzak eduki ditzakete administrazio-jarduerako sektore bat kudeatzeko, betiere zerbitzu-ematearen edo kudeaketa-lanen bideragarritasuna justifikatzen bada. Hierarkikoki zuzendariordetza horien mende egongo dira atxikitzen zaizkien zerbitzu-burutzak.

  4. Era berean, organo periferikoak sortu ahal izango dira. Antolaketa- eta funtzionamendu-irizpideek justifikatuko dute organo horiek sortzea; hala ere, organo periferikoa atxikitzen den lurraldean inoiz ezingo da administrazio-egiturarik bikoiztu edo mantendu lurraldeko beste administrazio batzuek lehendik betetzen zituzten funtzio berak betetzeko. Dena dela, organo periferikoak sortu ahal izango dira organo zentralen mendean, sail bati egotzitako arlo batek edo gehiagok eskatzen dutenean herritarrei modu hurbilagoan erantzutea. Azkenik, lurralde-bulegoak ere egon daitezke sailetako gaiak kudeatzeko.

  5. Egitura organikoari eta funtzionalari buruzko dekretuek, zuzendariordetzak zerrendatzeaz gain, sortzen diren lurralde-bulego eta lurralde-ordezkaritzak zerrendatuko dituzte, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren barruan egonik sailari atxikita dauden entitateak ere. Era berean, ezinbestean identifikatuko dira sailaren egituraren barruan operatibo egongo diren kide anitzeko organoak ere.

Eskumen funtzionala Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik kanpo betetzen duten organoak sortu ahal izango dira, baldin eta beharrezkoa bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eskumen propioak garatzeko eta, bereziki, nazioartean Euskal Autonomia Erkidegoa arlo guztietan sustatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoa mundura zabaltzeko eta euskal kultura sustatzeko. Euskadik kanpoan dituen ordezkariak kanpo-harremanen arloko eskumenak dituen sailari atxikiko zaizkio.

  1. Oinarrizko legeriaren arabera sor daitezkeen kide anitzeko organoez gain, kide anitzeko organoak sortu ahal izango dira aholkularitza- edo partaidetza-funtzioak betetzeko, betiere instituzioarteko koordinazio- eta elkarlan-mekanismoak edo era horretako mekanismo publiko-pribatuak ez badira eraginkorrak. Kide anitzeko organo horiek proposamen-, aholku-, jarraipen- edo kontrol-funtzioak izango dituzte.

  2. Administrazio aholku-emailea bi modutara egituratu ahal izango da: administrazio aktiboari dagokionez autonomia organiko eta funtzionala duten organo espezifikoen bidez edo administrazio aktiboak laguntza juridikoa emateko dauzkan zerbitzuen bidez.

    Halakoetan, zerbitzu horiek ezingo dute mendekotasun hierarkikorik izan, ez organikoa ez funtzionala, kontsultagai diren xedapenak landu edo egintzak burutu dituzten organoekin, eta ezingo dute organo haietatik jaso ezein jarraibide, gidalerro edo oharpenik. Gainera, berme horiek betetze aldera, modu kolegiatuan jardungo dute.

  3. Aholkularitza- edo partaidetza-funtzioak betetzeko kide anitzeko organo baten sortze-arauak eduki hau izango du gutxienez:

    1. Azalpena: zergatik behar den. Esleitutako funtzioak ez daudela bikoiztuta ziurtatu beharko da.

    2. Zer xede eta helburu dituen.

    3. Nola integratzen den Administrazioan, edo zer hierarkia-mendekotasun duen.

    4. Zein den bere osaera eta zer irizpide erabiltzen den lehendakaritzako titularra eta gainerako kideak izendatzeko.

    5. Zer proposamen-, aholku-, jarraipen eta kontrol-funtzio gomendatzen zaizkion, eta zer beste funtzio egozten zaizkion.

    6. Hala badagokio, zer kreditu jartzen zaion funtzionatzeko.

  4. Betiere, salbu kontrakoa justifikatzen denean kide anitzeko organoa sortzeko araua izapidetzeko espedientean, kide anitzeko organoa atxikitzen den Administrazio orokorreko sail edo sailetako edo entitateko giza baliabide eta baliabide materialen bidez egingo dira organoaren administrazio- eta kudeaketa-lanak.

  5. Urtero, kudeaketa-memoria idatzi beharko da, eta publikoki emango dira horren kontuak. Administrazio orokor eta instituzionalaren barruan sortutako kide anitzeko organo guztiei aplikatuko zaie arau hau, nahiz artikulu honek arautzen dituenei nahiz oinarrizko legea zuzenean aplikatuta arautzen direnei. Organoak jarduerarik ez badu, ea berriro formulatu behar den ala azkendu egin behar den erabaki beharko da.

  6. Kide anitzeko edozein organoren osaeran Administrazio orokorreko sail batzuetako edo Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateetako kideak badaude, dekretu bidez eman beharko da organoak sortzeko araua. Bestela, organoa zein sailetan sortzen den, sail hartako titularraren agindu bidez sortuko da.

  7. Kide anitzeko organoak sortzen direnean, sorreraren publikotasun aktiboa egin beharko da. Gainera, kide anitzeko organoaren sorrerak organo horri eskumenak esleitzen badizkio beste organo batzuek erabaki beharreko kontuen gaineko nahitaezko txostenak egiteko edo beste organo batzuen jardueraren gaineko jarraipen- eta kontrol-lanak egiteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da sortze hori.

  8. Aurreko arau horiek aplikatu beharko zaizkie organismo autonomoetako kide anitzeko organoei, zuzenbide pribatuko ente publikoetakoei eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko partzuergoetakoei.

  1. Herritarrek eta elkarteek parte hartzeko eta arau bidez zehaztutako gaiei buruz eta prozeduraren bidez erabaki ahal izateko gune egonkorrak ezarriko dira Administrazio orokorreko sailetan eta Administrazio instituzionaleko entitateetako barne-antolaketan, eztabaidak eta proposamenak egin ditzaten politika publiko bati buruz, elkarren arteko erlazioa duten politika publiko batzuei buruz edo ezaugarri sozial edo pertsonal komunak dituen populazio-sektore baten gaineko politika publiko batzuei buruz. Gune horien bidez, herritarrek eta elkarteek jarduera publikoaren kudeaketan parte hartzea eta kudeaketa horren erantzunkide izatea ere bilatuko da.

  2. Herritar eta elkarteek parte hartzeko gune egonkorrek herritarren presentzia, beren neurri egokia, eztabaiden kalitatea eta eztabaidetako aniztasun soziala bideratuko dituzte, eta oinarritzat hartuko dute elkarrenganako konfiantza, zeina funtsatzen baita gardentasunean eta gobernantza onean, balio publikoa sortzeko.

  3. Herritarrak informatu, parte hartu eta zuzenean erabaki ahal izateko beharrezkoak eta baliagarriak ikusten diren guneak sortuko ditu Administrazio orokorrak.

  4. Herritarrek eta elkarteek parte hartzeko gune egonkorrek errespetatu egin beharko dute euskal gizartearen ideologia-, gizarte-, ekonomia- eta kultura-pluraltasuna.

  1. Legeak ezartzen duenaren arabera sortu, aldatu eta ezabatu behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta haren organismo autonomoetako organoak.

  2. Organotzat joko dira hirugarrenentzat ondorio juridikoak dituzten funtzioak esleituta dauzkaten edo nahitaezko jarduera bat egin behar duten administrazio-unitateak.

  3. Hargatik eragotzi gabe lege honek Administrazio orokorraren egitura organiko eta funtzionalari buruz ezartzen duena, ente bakoitzak zehaztu behar du, nork bere eskumenen eremuan, zer administrazio-unitatek osatzen duten enteen antolaketari dagozkion espezialitateen araberako administrazio-organoak.

  4. Edozein administrazio-organo sortzeko, gutxienez betekizun hauek bete beharko dira:

    1. Dagokion administrazio publikoan nola integratuko den eta zeinen mende egongo den zehaztu behar da.

    2. Haren funtzioak eta eskumenak mugatu behar dira.

    3. Abian jartzeko eta funtzionatzeko beharko dituen kredituak jarri behar dira.

  5. Ezin izango da sortu lehendik dagoen organoren bat bikoiztea dakarren organo berririk aldi berean ez bazaie eskumena kentzen edo behar bezala murrizten lehendik zeuden organoei. Hori hala izan dadin, organo berri bat sortzeko, aurrena egiaztatu egin beharko da euskal sektore publikoan ez dagoela beste organo bat lurralde edo herri berean zeregin berbera betetzen duena.

  6. Administrazio publiko bereko administrazio-organoen arteko komunikazioa zuzenean bitarteko elektronikoen bidez egingo da, hori ezinezkoa denean izan ezik. Ezinezkoa bada, papera edo posta arrunta erabiliko da edo, bestela, beste modu baliokideren bat.

  1. Egitura organikoak antolatzeko oinarrizko elementuak dira administrazio-unitateak. Funtzio eta jarduera batzuk bilduta, produktu edo zerbitzu jakin bat eskaintzen dute eta, emaitza gisa, ekarpen integratua egiten diote kanpoko edo barruko hartzaile bati. Zeregin homogeneoak izateagatik funtzionalki lotuta dauden eta organikoki burutza berak batzen dituen lanpostu edo plantillako dotazioez osatzen dira unitateak. Administrazio-unitate konplexuak ere egon daitezke, zeinek bi unitate txiki edo gehiago biltzen dituzten.

  2. Administrazio-unitateetako burutzak arduratzen dira unitatearen funtzionamendu egokiaz eta unitateari esleitutako eginkizunak ondo egiteaz.

  3. Administrazio-unitateak lanpostu-zerrenden bidez ezartzen dira berariaz duten araubidearen arabera onartzen dira zerrenda horiek, eta organo jakin batean txertatzen.

  1. Ez dago ordenamendu juridikoak esleitutako eskumenari uko egiterik. Esleitua duen administrazio-organoak egikaritu behar du eskumena, lege honetan araututako egoeretan izan ezik.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari esleitzen zaizkion eskumenak zehatzak eta tasatuak izango dira. Zehaztugabetasunik badago, dagokionaren aurrean kexa adierazi ondoren, gaiaren arabera erabakiko da zein saili dagokion. Irizpide horren arabera ezin bazaio sail jakin bati egotzi, Lehendakaritzaren eskumena izango da.

  3. Sail batek esleituak dituen eskumenen zereginak administrazio-organo jakin bati egotziko zaizkio derrigorrez, dagozkion argibide guztiak emanaz.

  4. Kudeaketa-gomendioak, sinadura eskuordetzeak edo ordezkotzak ez dute aldatzen eskumenaren titularra; aldatzen dituzte, ordea, kasu bakoitzean eskumena egikaritzeko aurreikusita dauden elementuak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko organoen eskumen propioen titulartasuna eta egikaritzea deskontzentratu ahal izango dira hierarkikoki mendekoak diren beste organo batzuetan, hala zentraletan nola periferikoetan, lege honetan ezarritako printzipioen arabera, salbu kontrakoa ezartzen duen xedapenen bat dagoenean.

  2. Eskumenen deskontzentrazioa eta deskontzentrazio hori errebokatzea egitura organiko eta funtzionalaren dekretuari erreferentzia eginez bilduko dira, eta bertan onartuko dira, beste lege berezi batzuek ezartzen dutena eragotzi gabe.

  3. Deskontzentrazioa gertatzen den kasuetan, eskumena garatzeko ezinbestekoak diren diru-iturriak zehaztuko dira dekretuan.

  1. Goi-organoek eta zuzendaritza-organoek administrazio-jarduera bultzatu eta gidatuko dute jarraibide, zirkular eta zerbitzuko aginduen bidez.

  2. Xedapen batek eskatzen duenean edo herritarrek edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko gainerako organoek ezagutzea komenigarritzat jotzen denean, jarraibide, zirkular eta zerbitzuko aginduak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea agindu dezake sailaren titularrak, hargatik eragotzi gabe haiek egoitza elektronikoaren bidez ere zabaltzea.

  3. Jarraibide, gidalerro, zirkular eta zerbitzuko aginduak ez betetzeak ez dio eragiten, izatez, Administrazioko organoen jarduketen balioari. Hala ere, diziplina-erantzukizunak eska daitezke.

  1. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko organoen titulartasuneko eskumenen egikaritzea eskuordetu ahal izango zaie Administrazioko beste organo batzuei, nahiz eta organo horiek hierarkikoki mendekoak ez izan. Salbuespen gisa, eta eskumen horiek bestela egikaritzeko ezintasunean oinarrituta, Euskal Autonomia Erkidegoko euskal sektore publikoaren barruan dauden beste ente instituzionaletako organoei ere eskuordetu dakieke.

  2. Organo eskuordetzailearen eta eskuordetza hartu duen organoaren artean harreman hierarkikorik ez badago eta biak sail berekoak badira, goragoko organo komun batek onartu beharko du aldez aurretik. Eskuordetzailea eta eskuordetzaduna sail berekoak ez badira, organo eskuordetzailea dagoen sailaren titularrak eta organo eskuordetzaduna dagoen sailaren titularrak onartu beharko dute.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko organo batek eskumenen egikaritzea eskuordetzen dionean Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko edozein ente instituzionalen organoren bati, eskuordetza aldez aurretik onartu beharko dute organo eskuordetzailea zein organo eskuordetzaduna mendean duten organoek, horrelakorik badago, salbu eta organo eskuordetzailea denean entitate instrumentala atxikitzen duen sailaren titularra, nahikoa izango baita, kasu horretan, hark onartzea.

  4. Lehendakariari, Gobernu Kontseiluari eta sailburuei esleitutako eskumenak eskuordetzeko, Jaurlaritzaren Legeak xedatutakoaren arabera eraenduko da, betiere lege honetan xedatutakoa hargatik eragotzi gabe.

  5. Prozedura bat ebazteko eskumena eskuordetzeko, ez da eragozpen izango hura erregulatzen duen arauak nahitaezko izapide modura aurreikustea irizpen edo txosten bat eman behar dela. Hala ere, ezin izango da gai jakin bat ebazteko eskumena eskuordetu, baldin eta gai horri buruzko nahitaezko irizpen edo txostenik eman bada dagokion prozeduran.

  6. Eskumenen eskuordetzea eta eskuordetzearen errebokatzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira, eta informazio horrek beti egon beharko du irisgarri sail eta organo eskuordetzailearen eta eskuordetzadunaren web-orrietan.

  7. Eskuordetzaz baliatuz ematen diren administrazio-egintzek eta -ebazpenek espresuki adierazi beharko dute eskuordetzaz ematen direla; argitalpen ofizialaren zenbakia eta data aipatu beharko dute. Eta organo eskuordetzaileak emandakotzat joko dira.

  8. Inoiz ezin izango dira eskuordetu honako hauek:

    1. Konstituzio- edo estatutu-organoekiko harremanei buruzko gaiak.

    2. Gobernu Kontseiluak onartu beharreko ebazpen-proposamenak diren egintzak.

    3. Xedapen orokorrak emateko eskumena.

    4. Egintza deusezak ofizioz berrikusteko eskumena eta egintza deuseztagarriak kaltegarritzat jotzeko eskumena.

    5. Kargak ezartzeko edo kalterako diren egintzak errebokatzeko eskumena.

    6. Errekurtsoak ebaztea errekurritu diren egintzak idatzi dituzten administrazio-organoetan.

    7. Lege-mailako arauek ezin eskuordetuzkotzat jotzen dituzten gaiak.

    8. Eskuordetzaz baliatuz egikaritzen diren eskumenak, salbu lege batek berariaz onartzen dituenean.

  9. Organo eskuordetzaileak edozein unetan erreboka dezake eskuordetza.

  10. Kide anitzeko organoen eskumenak eskuordetzeko, non organoak quorum berezia behar baitu eskumen horiek modu arruntean egikaritzeko, nahitaezkoa izango da, beti, organoak quorum berezi hura beteta eskuordetzea.

  11. Eskuordetze hori urtebete baino gehiago luzatuz gero, deskontzentratu egin beharko da.

  12. Organo eskuordetzadunak bere funtzioak egikaritzeko oinarrizko finantzaketa bermatua izango du Autonomia Erkidegoko Administrazio orokor eskuordetzailearen aldetik.

  1. Administrazio-organoetako titularrek haien eskumeneko administrazio-ebazpenak eta administrazio-egintzak sinatzea eskuordetu ahal izango diete mendean dituzten administrazio-organoetako titularrei eskuordetze hori arautzen duen araubide juridiko orokorrari jarraituz.

  2. Gainerako organoetako titularrek, berriz, organo horien mende dauden administrazio-unitateei eskuordetu ahal izango diete sinadura, goragoko nagusiaren baimenarekin.

  3. Sinadura eskuordetzeak ez du argitaratzera behartzen.

  4. Sinadura eskuordetzeak ez du aldatuko organo eskuordetzailearen eskumena eta, eskuordetzea baliozkoa izateko, ez da beharrezkoa izango argitaratzea; baina, eskuordetzaz sinatzen diren ebazpen eta jardueretan, adierazi egin beharko da norena den eskumena.

  5. Zehatzeko ebazpenak ezin izango dira eskuordetzaz sinatu.

  1. Ordezkoak hartu ahal izango dira goi-kargudunen zereginak aldi batez betetzeko baldin eta haien lanpostuak hutsik badaude, goi-kargudunak absente edo gaixo badaude, eragozpen pertsonalen bat badute edo aitatasun- edo amatasun-baimena badaukate. Sailaren egitura organikoari buruzko dekretuak ezarriko du ordezkapenak egiteko modua.

  2. Goi-kargudun izan gabe administrazio-organoetako titular diren pertsonen ordezkotza oinarrizko legeriak ezartzen dituen arau orokorren arabera eraenduko da.

  1. Intzidentzia tekniko, ekonomiko, sozial, juridiko edo lurralde-mailakorik baldin badago, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokor eta instituzionaleko organoek abokatu ahal izango dute gai batez arduratzeko eskumena, nahiz eta normalean edo eskuordetzaz haien mendeko administrazio-organoen zeregina izan gai hori ebaztea.

  2. Eskumenen egikaritza hierarkian mendeko ez diren organoen artean eskuordetzen denean, organo eskuordetzaileak bakarrik erabaki ahal izango du abokazioa.

  3. Abokazioa erabaki motibatuaren bidez egingo da. Abokazioa egikaritzean, berariaz aipatuko da erabaki motibatu hura, eta haren berri eman beharko zaie prozedurako interesdunei ere, baldin badago, azken ebazpena egin baino lehen. Salbu eta abokazioa sailburu batek erabakia denean, abokazioaren berri eman beharko zaio organo abokatzailearen nagusi hierarkikoari ere.

  4. Ezin da abokazioa egiteko akordioaren kontrako errekurtsorik jarri; hala ere, abokazioaren balizko ilegaltasuna baliatu ahal izango da, hala balitz, prozeduraren ebazpenaren kontra jarritako errekurtsoan.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko organoek edo haren mendeko entitate instituzionalek administrazio edo entitate bereko beste organo batzuei gomenda diezazkiekete beren eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzukoak, baldin eta efikaziari begira komeni bada edo baliabide egokirik ez badaukate jarduera horiek gauzatzeko.

  2. Kudeaketa-gomendioak ez dakar eskumenaren titulartasuna lagatzea, ezta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea ere. Kudeaketa-gomendioetan, organo gomendatzaileak hartu beharko ditu gomendatu den jarduera material zehatzari oinarri ematen dioten edo hura barne hartzen duten egintza edo ebazpen juridiko guztiak.

  3. Sailaren titularrak eman beharko du baimena kudeaketa-lanak sail bereko beste organo batzuei gomendatzeko. Kudeaketa-lanak beste sail bateko organoei edo haren mendeko organoei gomendatzeko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da.

  4. Kudeaketa-gomendio intrasubjektiboa formalizatzeko, baimentze-ebazpena eman beharko da eta, kudeaketa-gomendioa baimendu ondoren, dagokien organoek akordioak sinatu beharko dituzte. Horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da kudeaketa-gomendioa, eduki honekin gutxienez:

    1. Gomendatzen den jarduera edo jarduerak.

    2. Zein diren gomendatu den kudeaketaren izaera eta nondik norakoak.

    3. Noiz arte egongo den indarrean eta zer egoeratan aurreratu edo luzatuko den kudeaketa-gomendioaren amaiera.

      Kudeaketa-gomendioaren indarraldia luzatzea erabakiz gero, luzapenak ere argitaratu beharko dira paragrafo honetan deskribatutako moduan.

  5. Organo parte-hartzaileen web-orrietan argitaratu beharko da kudeaketa-gomendioa, iraunkortasunez eta irisgarri, haren berri emateko.

  1. Kudeaketa bateratuko zentroak administrazio-organoak dira, eta hain zuzen ere honetarako era daitezke: izapidetzeko konplexuak diren edo eragin ekonomiko edo sozial handia duten prozesuak modu bateratuan kudeatzeko. Banaketa administratibo funtzionala gainditzen dute, eta zerbitzu publikoen hartzaileen eta erabiltzaileen premietara egokitzea ahalbidetzen dute, kontaktu-gune bakar baten bidez pertsona horiek lehenbailehen artatzeko aukera eskainiz, erantzuteko epe laburrago batez.

  2. Artikulu honen ondorioetarako, hau jotzen da prozesutzat: herritarrei erantzuteko edo zerbitzuak emateko beharrezkoak diren eta elkarrekin erlazionatuta dauden administrazio-izapideen sekuentzia ordenatua, zeinetan, araudi erregulatzailearekin bat etorriz, parte hartu behar baitute sail bateko edo batzuetako administrazio-organoek edo -unitateek.

  3. Gobernu Kontseiluaren dekretuz sortuko dira kudeaketa bateratuko zentroak, eta dekretu horietan zehaztuko da zein den zentroen antolaketa eta zeintzuk diren prozesuan parte hartu behar duten organo eta unitateen jarduerak koordinatu eta bizkortuko dituzten funtzionamendu-arauak.

  4. Funtzio hauek guztiak edo batzuk bete behar dituzte prozesuen kudeaketa bateratuko zentroek:

    1. Aplikatu beharreko araudiaren arabera egin behar diren izapideei buruzko informazioa ematea herritarrei.

    2. Erregistro-funtzioa.

    3. Espedienteen jarraipena egitea, eta interesdunei adieraztea izapideak zer egoeratan dauden.

    4. Administrazio elektronikoa, Interneten edo sare sozialetan egotea.

    5. Kontratazio publikoa.

  5. Dagokion elkarlanerako hitzarmenaren bidez, beste administrazio publiko bati dagozkion zereginak egin ditzakete kudeaketa bateratuko zentroek, baina titulartasuna behin ere aldatu gabe.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokor eta instituzionalak administrazio publikoek elkarlanean jarduteko duten eginbeharraren arabera jarduten du, baita lankidetzaren eta instituzioen arteko leialtasunaren printzipioen arabera ere, eta, xede horretarako, legeek elkarlan, koordinazio eta lankidetzarako xedatzen dituzten tresna eta teknikak erabiltzen ditu.

  1. Administrazio Orokor eta Instituzionalak, sektore publikoko erakundeek, foru-organoek, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek eta beste administrazioek interes komuneko gaiak dituztenean esku artean, lankidetza ekonomiko, tekniko eta administratiboan arituko dira. Horretarako, partzuergo, jarduera-plan bateratu, eskuordetza, kudeaketa-gomendio edo administrazio-hitzarmenak erabiliko dituzte, lege honek eta aplikatu beharreko gainerako legeek aurreikusten duten modu eta baldintzetan. Lankidetza-akordioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako dira.

  2. Lankidetzaren printzipioa gauzatzeko, egokienak iruditzen zaizkien teknikak erabil ditzakete administrazio interesdunek. Honako hauek, esate baterako:

    1. Lankidetza-organoetan parte hartzea, zenbait administrazio publikoren eskumenekoak diren gaiei buruz eztabaidatzeko eta, beharko balitz, neurriak erabakitzeko.

    2. Beste administrazio publikoen organo aholku-emaileetan parte hartzea.

    3. Administrazio publiko batek beste administrazio baten mendeko edo beste administrazio bati lotutako entitate edo organismo publikoetan parte hartzea.

    4. Beste administrazio publiko batzuei uztea baliabide material edo ekonomikoak, edo langileak.

    5. Gai jakin bat erregulatzen duen arautegia modu koordinatuan aplikatzeko, administrazioen arteko lankidetzan jardutea.

    6. Nahitaezkoak ez diren txostenak egitea, administrazio bakoitzak bere irizpideak azal ditzan berari dagozkion eskumenetan eragina duten proposamen edo jarduerei buruz.

    7. Ondareari buruzko legerian ondare-arlorako xedaturiko lankidetza-jarduerak, barne direla titulartasun-aldaketak eta ondasun-lagapenak.

  3. Formalizatzen diren lankidetza-hitzarmen eta -akordioetan alderdi sinatzaileen betekizunak eta konpromisoak ezarriko dira.

  4. Administrazioak parte hartzen duen lankidetza-organoen eta sinatzen diren hitzarmenen erregistro elektronikoa egingo da eta beti eguneratuta egongo da.

  1. Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak elkarlanerako hitzarmenak sinatu ahal izango ditu gainerako administrazio publikoekin, nork bere eskumen-esparruan jokatuz. Hala ere, Gobernu Kontseiluak baimendu edo onartu beharko ditu.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio instituzionaleko entitateek ere sinatu ahal izango dituzte artikulu honetan aipatzen diren elkarlanerako hitzarmenak beste administrazio publikoekin. Halakoetan, entitateei dagokien araubide juridikoaren arabera jokatu beharko dute. Hitzarmena sinatzeko arrazoien eta hitzarmenean ezartzen diren ebaluazio-adierazleen eta -irizpideen publikotasun aktiboa egin beharko da beti.

  3. Protokolo orokorra esango zaio hitzarmenari bere helburua hauetakoren bat denean: orientazio-jarraibideak ezartzea administrazio publiko bakoitzak jakiteko nola jokatu behar duen guztientzat interesgarriak diren gaietan edo esparru orokorra eta metodologia finkatzea eskumen-arlo partekatu batean edo bataren eta bestearen intereseko gai batean lankidetzan jarduteko.

  4. Hitzarmen-agiriek honako hauek zehaztu beharko dituzte, hala dagokionean:

    1. Zer organok sinatzen duten hitzarmena, eta zein gaitasun juridikoz diharduen alderdi bakoitzak.

    2. Zein den administrazio bakoitzaren eskumena.

    3. Nola finantzatzen den hitzarmena.

    4. Zer jarduketa adostu diren.

    5. Organizazio pertsonifikaturik behar den ala ez hitzarmena kudeatzeko.

    6. Zein den hitzarmenaren indarraldia, eta aukerarik badagoen hura luzatzeko; aukerarik badago, zein den hitzarmena luzatzeko araubidea.

    7. Hitzarmena azkentzea indarraldiaren amaiera ez den arrazoi bat dela kausa eta, azkenduz gero, indarrean dauden jarduketak ebazteko modua.

  5. Hitzarmen horietan, hitzarmena zaintzeko eta kontrolatzeko organo mistoak sortu ahal izango dira elkarlanerako hitzarmenak interpretatzerakoan eta betetzerakoan azal daitezkeen arazoak ebazteko.

  6. Indarrean dagoen hitzarmenen erregistroan eta hitzarmenetan parte hartzen duten organoen web-orrietan argitaratuko dira elkarlanerako hitzarmenak, iraunkortasunez eta irisgarri, horien berri emateko.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak jarduera-plan bateratuak itundu ahal izango ditu beste administrazio batzuekin administrazio-sektore jakin batean interes berak daudenean.

  2. Jarduera-plan bateratuek urteko programen bidez finkatuko dute administrazio bakoitzak zer egin behar duen planean proposatutako xedeak betetzeko, zer konpromiso bereganatzen duen, zer baliabide erabiliko duen eta nola egin behar diren planaren segimendua, ebaluazioa eta aldaketa.

  3. Jarduera-plan bateratuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar dira, plan horiek ituntzen dituzten administrazioetako organo eskudunek onartu eta gero.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren esparruan, hitzarmen bidez formalizatuko dira jarduera-plan bateratuak.

  5. Jarduera-plan bateratuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta jarduera-plan bateratuetan parte hartzen duten organoen web-orrietan argitaratu behar dira planak hitzartzen dituzten administrazioetako organo eskudunek onartu eta gero.

  1. Efikazia dela-eta edo lanak hobeto kudeatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta hari lotutako edo haren mendeko ente instituzionalek funtzioak eskuordetu ahal izango dizkiete foru-aldundiei eta toki-erakundeei beren eskumeneko obrak egiteko eta zerbitzuak eta, oro har, jarduerak betetzeko, hargatik eragotzi gabe Lurralde Historikoen gaineko Legearen 13. artikuluak eta toki-araubideari buruzko legeriak ezartzen duena.

  2. Eskuordetza hitzarmen bidez egingo da, zeinean zehaztuko baitira, nahitaez azaldu behar diren beste gai batzuen artean, Administrazio orokor eskuordetzaileak edo Administrazio instituzionaleko entitate eskuordetzaileak beretzat gordetzen dituen zuzentze- eta fiskalizazio-ahalmenak eta eskuordetza hartzen duen entitatearen berariazko onarpena.

  3. Artikulu honetan aipatzen den eskumen-eskuordetza eta haren errebokatzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira eta, gainera, eskumenak eskuordetzen dituen sailaren web-orrian ere jarri beharko dira.

  1. Jaurlaritzaren Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak eta Autonomia Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira Lurraldeetako Foruzko Ihardutze Erakundeen Arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak ezartzen dutena ezarrita ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, helburuak hobeto betetzeko, funtzioak eskuordetu ahal izango dizkie Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko beste ente bati edo interes ekonomiko eta profesionalak ordezkatzen dituzten zuzenbide publikoko korporazioei, alde batera utzi gabe elkarlanean jarduteko beste teknika batzuk.

  2. Artikulu honetan adierazten den eskuordetzeak ez du berekin ekarriko ahal publikoen erabilera. Eskuordetzea, bestalde, hitzarmen espezifiko bidez egin behar da, eta Gobernu Kontseiluak baimendu behar du hitzarmen hori.

  3. Eskuordetzeak jasoko du funtzioak zer araubide juridikorekin bete behar dituen entitate hartzaileak, eta berariaz aipatuko du Administrazio orokorrak nola zuzenduko dituen eskuordetutako eskumenetatik beretzat gordetzen dituen funtzioak.

  4. Hitzartutako eskuordetzeaz baliatuz entitateak ematen dituen ebazpenek ez dute administrazio-bidea amaituko, eta aukera emango dute gora jotzeko errekurtsoa jartzeko gaiaren arabera dagokion sailburuari.

  5. Eskumenak eskuordetzea eta eskuordetzearen errebokatzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira, eta informazio horrek beti egon beharko du irisgarri eskumenak eskuordetzen dituen sailaren edo organoaren web-orrian.

  1. Administrazio desberdinetako eta entitate publikoetako organoen artean ere egin ahal izango dira kudeaketa-gomendioak, baldin eta egoera hauetakoren bat suertatzen bada:

    1. Organoak dohainik egitea berari gomendatutako jarduera.

    2. Gomendatu den jarduera garatuko duen entitatea jo ahal izatea, administrazio-teknika hori erabiltzean, entitate gomendatzailearen baliabide propiotzat edo zerbitzu teknikotzat.

    3. Kudeaketa-gomendioak ez izatea, bere xede, zio edo juridikoki garrantzitsua izan daitekeen beste arrazoi baten ondorioz, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen mendeko kontratuen izaera.

  2. Kudeaketa-gomendio intersubjektiboa administrazioen arteko elkarlanerako hitzarmenen bidez antolatuko da; hitzarmenek Gobernu Kontseiluaren aldez aurreko onarpena beharko dute eta, balioduna izateko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da dagokion gutxieneko edukia, hargatik eragotzi gabe hitzarmena sinatu duten organoen web-orrietan ere argitaratzea. Nolanahi ere, baldin eta gomendioa garatu behar duen organoa atxiki duen entitatea organo gomendatzailea atxiki duen entitatearen bitarteko propiotzat edo zerbitzu teknikotzat jotzen bada, entitatea atxiki duen sailaren ebazpen bidez gauzatuko da.

  3. Kudeaketa-gomendioa formalizatzen duen hitzarmenak zehaztuko du haren araubide-juridikoa, berariaz aipatuz kudeaketa-gomendioak barnean hartzen duen jarduketa edo jarduketak, gomendatutako kudeaketaren indarraldia, izaera eta irismena, eta gomendioa hartzen duen organoak edo entitateak eta, hala dagokionean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak beren gain hartzen dituzten betebeharrak.

  1. Organismo autonomoak dira: esleitzen zaizkien funtzio eta zerbitzu publikoak modu deszentralizatuan, zuzenbide administratiboa betez, egiten dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko ente instituzionalak, izaera publikoa eta Administrazio orokorretik berezitako nortasun juridikoa dutenak.

  2. Organismo autonomoek autonomia daukate ematen zaizkien funtzio eta zerbitzuak kudeatzeko; administrazio-ahalak ere erabil ditzakete, desjabetzekoak izan ezik. Baimentzen zaizkien diru-sarrera propioak dauzkate, bai eta aurrekontu orokorretan esleitzen zaizkienak ere.

  1. Zuzenbide pribatuko ente publikoak dira: zerbitzu publikoak emateko edo kudeatzeko edo kontraprestazioren bat eska dezaketen interes publikoko ondasunak ekoizteko gomendioa duten Euskal Autonomia Erkidegoko izaera publikoko ente instituzionalak. Administrazio-ahalak erabil ditzakete desjabetzekoak izan ezik sortze-arauan halakorik gomendatzen bazaie. Ahalak enteko zer organori ematen zaizkion adierazi beharko du entearen sortze-arauak.

  2. Zuzenbide pribatuko ente publikoak zuzenbide pribatuan oinarritzen dira jarduteko eta hirugarrenekin harremanak izateko. Administrazio-zuzenbidean oinarritzen dira, berriz, administrazio-ahalak betetzeko, barne-funtzionamendurako eta beren organoen borondatea gauzatzeko, gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen arloko betebeharretarako, baita lege honetan edo aplikatu behar zaizkien beste lege guztietan ezartzen zaizkien gaietarako ere.

  3. Zuzenbide pribatuko ente publikoek Administrazio orokorretik berezitako nortasun juridiko publikoa dute. Beren jarduera gauzatuz lortzen dituzten diru-sarrera propioak dituzte eta aurrekontu orokorretan esleitzen zaizkienak. Bestalde, autonomiaz kudeatzen dituzte egozten zaizkien zereginak, enpresa-kudeaketaren eta helburukako kudeaketaren irizpideak erabiliz, guztion onari eta interes orokorrari begira, gizarte- eta ingurumen-jasangarritasunaren printzipioei jarraituz, eta betiere lege honetan ezarritakoa betez.

  4. Zuzenbide pribatuko ente publikoei esleitzen zaizkien administrazio-ahalak egikaritzeari dagokionez, haien estatutuetan ahal haiek egikaritzea propio izendatu organoek bakarrik egikaritu ditzakete. Hala ere, lege honen ondorioetarako, administrazio-mailari dagokionez ez dira parekoak zuzenbide pribatuko ente publikoetako organoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko organoak, haien estatutuetan ondorio jakin batzuetarako ezartzen diren salbuespen-kasuetan izan ezik.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren parte-hartzea jarduera ekonomikoan, ondasunak sortuz edo zerbitzuak emanez eta haiek merkatuan eskainiz ekimen pribatuaren antzeko moduetan, kapital-sozietateak eratuz edo haietan parte hartuz antolatuko da.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sozietateak dira: kapital-sozietateak, zeinetan partaidetzaren gehiengoa baitute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, haren Administrazio instituzionaleko enteek edo haren beste ente instrumentalek, bai zuzenbide pribatukoek bai zuzenbide publikokoek. Sozietate bateko partaidetzaren gehiengoa duten ebazteko, kontuan hartuko dira, guztira, aipatu diren entitateen titulartasuneko kapitala ordezkatzen duten akzio edo partaidetza guztiak.

  3. Aurrekoa hargatik eragotzi gabe, lege honetako xedapenak aplikatuko zaizkie sozietate publiko izan ez baina egoera hauetakoren batean dauden sozietateei:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokor eta instituzionalak edo lege honen bidez arautzen diren haren sektore publikoko gainontzeko entitateek izatea sozietateko boto-eskubide gehienak, zuzenean edo izaera publikoko beste bazkide batzuekin lortutako akordioei esker.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokor eta instituzionalak edo lege honen bidez arautzen diren gainontzeko entitateek izatea sozietatearen gobernu-organoetako kide gehienak izendatzeko edo kentzeko eskubidea, bai zuzenean bai izaera publikoko beste bazkide batzuekin lortutako akordioei esker.

  4. Ezohikoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak edo haren sektore publikoko edozein entek kapital-sozietateak eratzea edo haietan parte hartzea. Kapital-sozietateak eratzeko edo haietan parte hartzeko, honako hauek arrazoitu beharko dira, besteak beste: arrazoi estrategiko erabakigarriak daudela sozietateak jarduten duen sektore ekonomikoarentzat edo sozietate hori bidea dela herritarrek ondasun eta zerbitzuak berdintasunez eskuratzea bermatzeko zenbait arrazoiren ondorioz ekimen pribatuaren eskaintza nahikoa edo egokia ez denean.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sozietateak batez ere sozietate anonimo modura eratu beharko dira, eta beti haiek sortzea baimentzen duen araua onartzearekin batera eratuko dira. Gainerako administrazio publikoetan gardentasuna erregulatzen duten arau berberen mende egongo dira sozietate horiek ere.

  6. Lege honek ezarritakoa hargatik eragotzi gabe, sozietate publikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren berezko gaiei dagokienez, berariaz aplikatu behar zaizkien Ogasun Nagusiaren gaiei buruzko xedapenen arabera eraenduko dira, baita, xedapen horiekiko kontraesanik ez dagoenean, ordenamendu juridiko pribatuaren arabera ere. Inoiz ezingo dute eduki aginpide publikoaz baliatzeko ahalmenik.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta haren Administrazio instituzionaleko entitateek fundazioak eratu ahal izango dituzte edo haietan fundatzaile moduan sartu ahal izango dira ekimen pribatuarekiko elkarlana sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumen-eremuko interes orokorreko jardueretan. Aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak ezingo du fundazio batean parte hartu, pertsona fisiko edo izaera pribatuko pertsona juridikoek, inongo sektore publikokoak ez direnek, ez badute parte hartzen edo kolaboratzen fundazio horretan fundazioaren zuzkidurari gehitutako ekarpen ekonomiko baten bidez.

  2. Artikulu honek erreferentzia egiten dien fundazioek entitate fundatzaileen eskumen-eremuarekin lotutako jarduerak besterik ezin dute egin. Gainera, haien xedeak lortzen lagundu beharko dute, baina haien eskumen propioak beren gain hartu gabe, kontrakoa dioen berariazko lege-aurreikuspenen bat dagoenean izan ezik. Gainerako administrazio publikoetan gardentasuna erregulatzen duten arau berberen menpe egongo dira fundazio horiek ere.

  3. Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikokoak izango dira baldin eta sektore horri badagokio fundazioko gobernu-organoko kiderik gehienak izendatzea, eta, horrez gain, egoera hauetakoren bat gertatzen bada:

    1. Zuzkiduraren balioaren ehuneko berrogeita hamar baino gehiago Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak jarritakoa izatea.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak jartzen dituen ondasun eta eskubideak fundazio-ondarearen balioaren ehuneko berrogeita hamar baino gehiago izatea modu iraunkorrean.

      Fundazio batean ezingo dira egoera horiek gertatu ez bada bermatu Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak duela fundazioaren gobernu-organoetako kiderik gehienak izendatzeko eskubidea.

  4. Aurreko apartatuko b) letran aipatzen den iraunkortasuna zehazteko, ekitaldi bateko inbentario baten emaitzak erakusten duenean ezen jatorri publikoko fundazio-ondarearen portzentajea ondare osoaren ehuneko berrogeita hamarra baino txikiagoa dela, fundazioaren gobernu-organoan sektore publikoak dituen ordezkariek horren berri eman beharko diete Administrazio orokorreko fundazioaren atxikipen-organoari eta ogasun-gaiez arduratzen den sailari, sektore publikotik kanpo geratu dadin fundazio hori lege honetan ezarritako prozedurari jarraikiz.

    Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikokoa ez den fundazio baten ekitaldi bateko inbentarioak adierazten duenean fundazio-ondarearen jatorriaren ehuneko berrogeita hamar baino gehiago dela Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoarena, orduan, fundazioa sektore publikoan sartzeko eta artikulu hau betetzen dela bermatzeko, sektore publikoak fundazioaren gobernu-organoan dituen ordezkariek, baldin baditu, edo, ordezkaririk ez badu, babesletzak horren berri eman beharko diote ogasun-gaiez arduratzen den sailari.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra edo haren Administrazio instituzionaleko entitateak dagoeneko eratuta dauden fundazioen gobernu-organoetan sartu ahal izango dira, fundazioak sektore publikoan sartu barik, fundazioekin elkarlanean aritzeko bideak eraikitzea bada gobernu-organoetan sartzearen helburua. Nolanahi ere, subjektu publikoek ezingo dute gehiengoa osatu fundazioen patronatuetan.

  6. Sektore publikoak kasu bakarrean jardun ahal izango du fundazioen bidez: lortu nahi den xedea eta interes orokorra ezin direnean bermatu lege honetan ezarritako tipologiako beste pertsonifikazio juridikoen bitartez.

  7. Lege honek ezarritakoa hargatik eragotzi gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren berezko gaiei dagokienez, berariaz aplikatu behar zaizkien Ogasun Nagusiaren gaiei buruzko xedapenen arabera eraenduko dira, baita, xedapen horiekiko kontraesanik ez dagoenean, fundazioei buruzko araudiaren eta, orokorrean, ordenamendu juridiko pribatuaren arabera ere. Inoiz ezingo dute ahal publikoak erabiltzeko ahalmenik izan, eta haien xedea inoiz ez da izango nahitaezko zerbitzu publikoak ematea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak eratutako partzuergoak edo sektore publikoaren partaidetza duten partzuergoak dira: nortasun juridiko propioko zuzenbide publikoko entitateak, parte-hartze pribatuarekin edo ez, haien guztien intereseko jarduerak garatzen dituztenak haien eskumenen eremuan, eta administrazio publikoen araubide juridikoko edo toki-araubideko legerian xedaturiko xede eta betekizunak betetzen dituztenak.

  2. Eusko Jaurlaritzak erabaki ahal izango du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak edo haren sektore publikoko entitateek partzuergoak eratzea beste administrazio publiko eta zuzenbide publikoko entitate eta korporazio batzuekin batera, interes komunak lantzeko; baita irabazteko asmorik gabeko entitate pribatuekin ere, baldin eta administrazio publikoen interesekin bat datozen interes publikoko xedeak lortu nahi badituzte. Era berean, Eusko Jaurlaritzak erabaki ahal izango du Administrazio orokorrak edo haren organismo publikoek parte hartzea lehendik sortuta dauden partzuergoetan baldin eta interes publikoko xede berberak badituzte eta baldin eta partaideek sorrerarako exijitzen diren betekizunak betetzen badituzte.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari indarrean dagoen legeriaren arabera atxikita dauden partzuergoei aplikatu behar zaien araubide juridikoa hargatik eragotzi gabe, honako baldintzaren bat betetzen duten partzuergoak bakarrik joko dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren barruko partzuergotzat:

    1. Sektore publikoak izendatzea partzuergoaren gobernu-organoko kide gehienak.

    2. Sektore publikoak jarritako ondasunak izatea inbentariatutako ondare-balioaren gehiengoa edo partzuergoari gomendatu zaion jarduera garatzen den edo zerbitzua ematen den azpiegitura materialaren gehiena.

    3. Partzuergoa eratu edo bertan parte hartu aurreko lankidetza-agirian, sektore publikoak onartuta izatea gehienbat berak finantzatuko duela partzuergoa.

  4. Partzuergoren batean aurreko zenbakiko b) edo c) letretan xedatutako egoerak gertatzen badira, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak bermatuta izan beharko du partzuergoaren gobernu-organoko kide gehienak izendatzeko eskubidea.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak partzuergoak eratuko ditu edo haietan parte hartuko du artikulu honetako 2 puntuan aipatutako eragileekin lankidetzan jarduteko zerbitzuak emateko helburu bakarrarekin, baldin eta bataren eta besteen helburuak betetzeko ez badago sinatzerik administrazio-antolakunde edo administrazio-egitura berriak ez sortzea eragiten duen elkarlanerako hitzarmenik. Nolanahi ere, administrazio partzuer guztiek ekarpen ekonomikoak gauzak zein diru-ekarpenak egin beharko dituzte sektore publikoak partzuergo bat eratzeko edo partzuergo batean parte hartzeko.

  6. Partzuergorik eratu aurretik edo partzuergoren batean parte hartu aurretik, interesa duten administrazio guztiek baita parte hartzen duten partikularrek ere, halakorik badago hitzarmen bat sinatu beharko dute, non finkatuko baita zein izango den administrazioen arteko elkarlanaren xedea eta finantzazio-araubidea, eta zenbat ordezkari izango dituen administrazio bakoitzak partzuergoaren gobernu-organoan.

  7. Partzuergoak administrazio-zuzenbidearen arabera gobernatzen dira eta haien sortze-arauan gomendatzen zaizkien administrazio-ahaletan, zeinek hitzarmenaren helburuan baitute jatorria, jardun ahal izango dute. Sortze-arauan zehaztuko da, gainera, zein organo den administrazio-ahala betetzearen arduradun.

  8. Partzuergo bateko kide den Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokor eta instituzionala edo haren sektore publikoko gainerako entitateak partzuergotik bereizi daitezke edozein unetan, betiere ez badago jarrita datarik partzuergoaren iraupenari bukaera emateko. Partzuergo batek iraupen jakin bat badu, epe hori bukatu baino lehen bereizi ahal izango dira baldin eta partzuergoko kideren batek ez badu betetzen estatutuek ezarritako betebeharren bat, eta, batez ere, ez-betetze horren ondorioz partzuergoa sortzeko zeuden helburuak betetzea eragozten bada. Euskal Autonomia Erkidego Administrazio orokor eta instituzionalak edo haren sektore publikoko entitateek Eusko Jaurlaritzaren aldez aurreko akordioa beharko dute parte hartzen duten partzuergotik bereizteko.

  9. Aplikatu behar zaien araubide juridikoa hargatik eragotzi gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari atxikitzen zaizkien partzuergoek bete beharko dituzte atxikitu zaion administrazioak gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen gainean bete behar duen legeriatik eratorritako betebehar berberak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra ez, beste entitate batzuk eratzeko, Eusko Legebiltzarraren lege bat edo Eusko Jaurlaritzaren dekretu bat onartu beharko da, hurrengo artikuluetan entitate mota bakoitzerako ezartzen denaren arabera. Lege edo dekretu hori, bestalde, batera izapidetu beharko dute, kasu bakoitzean, Administrazio orokorrean ogasun-gaien eskumenak dituen sailak eta entitatearentzat aurreikusten den Administrazio orokorreko atxikipen-sailak.

  2. Lege-proiektua edo dekretu-proiektua izapidetzeko prozeduran, derrigorrez egiaztatu beharko dira honako hauek:

    1. Entitate bat eratu behar dela lortu nahi diren xede publikoak lortzeko.

    2. Ente berria ondo egokitzen dela Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren antolaketa instituzionalera, bermatuz ez dagoela errepikatze organiko edo funtzionalik eta, baldin badago, neurriak hartu direla aurretik badiren entitate horiek berregituratu edo azkentzeko.

    3. Lege honetan pertsonifikazio juridikoetarako ezartzen den tipologiatik entitate berrirako aukeratzen den forma egokia dela entitate berriak bete behar dituen funtzioetarako edo jarduerarako, eta bat datorrela lege honek forma horri ezartzen dizkion irizpideekin.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak zer prozedura eta teknika erabiliko dituen entitate berria kontrolatzeko.

    5. Entitate berriaren ekonomia- eta finantza-bideragarritasuna.

  3. Artikulu honetan aipatzen diren enteak sortu eta eratzeko, hasierako jarduera-plan bat eduki behar da lehenik eta behin, eta gutxienez alderdi hauek bildu behar ditu plan horrek:

    1. Entearen helburuaren edo xedearen adierazpen zehatza: organismo publiko berri bat sortzea justifikatzeko arrazoiak zehaztu behar dira eta organismo horrek izango dituen helburuak adierazi. Bestalde, helburu horiek nahikoak eta egokiak direla justifikatu behar da, bai eta helburuak neurtzeko adierazleak eta haiek lortzeko egingo den urte anitzeko programazio estrategikoa ere. Horretarako erabiliko diren bitarteko ekonomikoak eta langileak ere adierazi beharko dira, eta, langileei dagokienez, zehaztu egin beharko da lanpostuak nola beteko diren, langileak nondik ekarriko diren, kostuak zenbatekoak diren, zein diren ordainsariak eta kalte-ordainak, eta organismoaren jarduera zer denbora-esparrutan garatzea aurreikusten den. Era berean, betetze-mailari lotutako ondorioak ere adierazi beharko dira.

    2. Memoria bat, egiaztatzen duena komenigarria eta egokia dela organoa sortzea, haren zereginak bete ditzakeen beste organorik ez dagoelako. Memoria horretan, gainera, egiaztatu behar da organo berria sortuta ez dela bikoiztasunik gertatzen lehendik dagoen beste edozein organo edo entitatek egiten duen jarduerarekin.

    3. Proposatzen diren forma juridikoa eta antolaketa-forma, baztertu diren gainerako antolaketa-forma juridiko alternatiboen balorazio-azterketa eta proposatzen den antolaketa-forma juridikoak Autonomia Erkidegoaren antolaketan duen eraginaren analisia.

    4. Aukeratu den antolaketa-egituraren zergatikoak, zehaztuz gobernu- edo zuzendaritza-organoak eta haren funtzionamendurako behar diren giza baliabideen aurreikuspena.

    5. Plan estrategikoa, non zehaztuko baitira helburu zehatzak eta jarduera-ildoak.

    6. Funtzionatzeko beharko diren giza baliabideen aurreikuspena, funtzio publikoaren arloko eskumena duen sailaren titularraren txosten loteslearekin.

    7. Funtzionatzeko beharko diren informazio-teknologien arloko baliabideen aurreikuspenak.

    8. Ekonomia- eta finantza-azterketa, justifikatzen duena aurreikusi den hasierako zuzkidura nahikoa dela jarduerari ekiteko eta, halaber, justifikatzen duena etorkizuneko konpromisoak daudela jarduerak, gutxienez eta oro har, bost urtez jarraitzea bermatzeko. Azterketak, gainera, berariazko erreferentzia egin beharko die gastu eta inbertsioen iturriei eta zuzkidurak Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan izango duen eraginari.

  4. Aurreko apartatuetan aipatutako hasierako jarduera-planak eta ekonomia- eta finantza-azterketak beharrezko izango dute ogasun- eta aurrekontu-gaietako eskumena duen sailaren titularraren nahitaezko txostena. Sailaren titularrak, bestalde, txosten osagarriak eskatu ahal izango ditu.

  5. Gobernu Kontseiluari dagokio hasierako jarduera-plana, entearen ekonomia- eta finantza-azterketa eta lehenengo ekitaldirako aurrekontua onartzeko erabakia hartzea, erakundea atxikiko den sailaren titularraren proposamena jaso ondoren. Aldi berean hartu behar dira erabaki hori eta organismo publikoa sortzeko arauaren proiektua onartzeko edo gainerako enteak sortzea baimentzeko erabakia.

  6. Jarduera-plana eta urteko planak, bai eta haien aldaketak ere, publiko egingo dira dagokion organismo publikoaren web-orrian.

  1. Lege bidez eratuko dira organismo autonomoak eta zuzenbide pribatuko ente publikoak.

  2. Entitateak eratzeko prozedura orokorrak ezarritakoa bete ondoren, gutxieneko eduki hau bildu beharko du dagokion entitatea eratzeko lege-proiektuak:

    1. Zelan pertsonifikatzen den entitatea, zein izaera juridiko duen eta Administrazio orokorreko zein saili atxikitzen zaion.

    2. Entitatearen izena eta egoitza.

    3. Zer xede edo interes orokorrerako sortzen den, eta zer funtzio gomendatzen zaizkion; beren-beregi adierazi beharko da zer administrazio-ahal bete ditzakeen.

    4. Entitatearen gobernu-organoak eta, baldin badago, kontsulta-funtzioak gomendatuak dituzten organoak, organoak kide bakarrekoak ala anitzekoak diren, nola osatzen diren, zer prozeduraren bidez izendatzen diren organoetako kideak, eta nola banatzen diren funtzioak organoen artean.

    5. Zertan oinarritzen den entitatearen egitura organiko eta administratiboa, eta zeintzuk diren zuzendaritzako postuak. Zehaztu egin beharko da zer funtzio gomendatzen zaien postu horiei, eta zein balio juridiko daukaten haien egintza eta ebazpenek; era berean, adierazi beharko da egintza eta ebazpen horietatik zeintzuek buru ematen dioten administrazio-bideari.

    6. Zer araubide juridiko zehatz aplikatu behar zaion ekonomia eta finantzen araubidearekin eta giza baliabideekin lotutako gaietan.

    7. Zer langile eta ondare atxikitzen zaion entitateari, eta zer baliabide ekonomiko dituen funtzioak betetzeko.

    8. Zein den entitatea azkentzeko eta likidatzeko prozedura.

  3. Entitatea eratzeko legearen ondoren, entitatearen estatutuak edo antolaketa- eta funtzionamendu-araua onartzen duen dekretuaren proiektua izapidetu beharko da. Entitatearen estatutuek xede bakarra izango dute: aurreko apartatuan aipatutako edukiak eta eratze-legean xedatutako gainontzekoak garatzea, entitatearen antolaketa eta funtzionamenduari dagokionez.

  4. Eratze-legeak aurreikusiz gero entitateak gobernu- edo kontsulta-organoren bat izan behar duela eta organo horrek kide anitzekoa izan behar duela, estatutuen aurreproiektua informazio eta kontsultapean jarriko da organo horrek lehenengo batzarra egiten duenean, Gobernu Kontseiluak onartu baino lehenago.

  5. Aurreko apartatuetan xedatutakoa hargatik eragotzi gabe, Eusko Jaurlaritzak emandako dekretu bidez berregituratu daitezke entitateak, organismo autonomoak edo zuzenbide pribatuko ente publikoak, betiere eratze-legean ezarritako izaera eta legezko xedeak aldatu gabe. Eratze-legeak espresuki adieraziko du aukera hori.

  6. Entitateak lege bidez azkentzea hargatik eragotzi gabe, Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez ere azkendu ahal izango dira, haiek sortzerakoan jarritako xedeak bete direla egiaztatzen bada edo legean mugatutako eta espresuki aurreikusitako beste edozein arrazoi tarteko bada.

  1. Sozietate publikoak eratzeko, Jaurlaritzak dekretuz onartu beharko du haiek sortzea eta Administrazio orokorrak edo Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateren batek partaidetzak eskuratzea.

  2. Baimentze-dekretuak bildu beharko ditu kasuan kasuko sozietate mota eratzeko borondatea egiteko merkataritza-legeriak xedatzen dituen baldintzak. Era berean, Euskadiko ondareari buruzko arautegiak xedatzen dituen baldintzak ere bildu beharko ditu eta, arautegiarekin kontraesanean ez dagoen guztian, honako hauek ere zehaztu beharko ditu:

    1. Entitatearen izena, sozietate-forma eta egoitza.

    2. Entitatea eratzean, bazkide bakarra edo elkartzen diren partaideak existitzea eta identifikatzea.

    3. Entitatearen helburu soziala.

    4. Entitatearen kapital soziala. Adierazi beharko da zenbat partaidetza dauden, zer balio duten eta sektore publikoko zer organo edo entitateri dagokion bazkide-eskubideez baliatzea.

    5. Administrazio orokorreko zer saili atxikitzen zaion sozietatea.

    6. Sozietatearen gobernu-organoak, administrazio-sistema eta zuzendaritza-postuak. Nolanahi ere, lege honen aurreikuspenak bete beharko dituzte.

    7. Helburu soziala lortzeko esleitzen zaizkion ondasunak eta eskubideak.

    8. Zer araubide juridiko zehatz aplikatu behar zaion ekonomia eta finantzen araubidearekin eta giza baliabideekin lotutako gaietan.

    9. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zer organo edo entitatek duen ahalmena eratze-egintzak gauzatzeko eta baimentze-dekretua betearazteko sozietate mota bakoitza arautzen duen legeriaren arabera.

  3. Prestatzeko prozeduran, aldi berean izapidetuko dira sozietatea baimentzeko dekretu-proiektua eta haren estatutu-proiektua. Estatutu-proiektuak, berriz, merkataritza-legeriaren arabera dagokion edukia izango du, eta legeria horren arabera onartu eta formalizatuko da.

  4. Jaurlaritzaren baimena beharko dute sozietatea eratu ondoren proposatu eta artikulu honetako 2 zenbakian ezarritako edukiren bati eragiten dioten sozietate-aldaketek.

  5. Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da artikulu honek aipatzen dituen merkataritza-sozietateak sail edo entitate interesdunak eskatu, lehendabizi, eta ogasun-arloko eskumena duen sailak proposatuta, gero aldatzeko, bat egiteko, zatitzeko edo desegiteko, eta betiere merkataritza-legeriaren arabera hartu behar diren akordio sozialak hartu baino lehen. Sozietatea deseginez gero, Gobernu Kontseiluak erabakiko du, hala badagokio, zer egin behar den sozietatearen hartzekoarekin. Merkataritza-sozietate publikoen estatutuetan espresuki adierazi behar da Gobernu Kontseiluaren aldez aurreko baimena behar dela aldatu, bat egin, zatitu eta desegiteko.

  6. Nolanahi ere, eratze-eskrituran egiten diren aldaketek eragin handia badute hasierako jarduera-planari dagozkion alderdietan, jarduera-plan berri bat egin beharko da.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko organo batek edo haren sektore publikoko entitate batek egin behar du merkataritza-sozietate publikoen likidazioa.

  8. Aplikatu behar zaien araubide juridikoa hargatik eragotzi gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari atxikitzen zaizkien merkataritza-sozietate publikoek bete beharko dituzte atxikitu zaion administrazioak gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen gainean bete behar duen legeriatik eratorritako betebehar berberak.

  1. Jaurlaritzaren baimena beharko da lege honetan ezarritako baldintzen arabera Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan sartuko den fundazio bat eratzeko; baimen hori, dekretu bidez emango da.

  2. Fundazioei buruzko legeriak zer ezartzen duen fundazio-borondatea baliozkoa izan dadin, horixe beteko du baimentze-dekretuak. Bestalde, legeria horretan ezartzen diren edukiak izan beharko ditu eratze-eskritura publikoan jasotzeko.

  3. Eduki horietaz gain, honako hauek zehaztuko ditu:

    1. Administrazio orokorreko zer saili atxikitzen zaion fundazioa.

    2. Zer araubide juridiko zehatz aplikatu behar zaion ekonomia eta finantzen araubidearekin eta giza baliabideekin lotutako gaietan.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zer organo edo entitatek duen ahalmena eratze-egintzak gauzatzeko eta baimentze-dekretua betearazteko fundazioen gaineko legeriaren arabera.

  4. Prestatzeko prozeduran, aldi berean izapidetuko dira fundazioa baimentzeko dekretu-proiektua eta haren estatutu-proiektua. Estatutu-proiektuak, berriz, fundazioen gaineko legeriaren arabera dagokion edukia izango du, eta legeria horren arabera onartu eta formalizatuko da.

  5. Jaurlaritzaren baimena beharko dute fundazioa eratu ondoren proposatu eta artikulu honetan ezarritako edukiren bati eragiten dioten sozietate-aldaketek.

  6. Fundazioa azkenduz gero, Gobernu Kontseiluak erabakiko du zer egin behar den fundazioaren hartzekoarekin. Ondasunak administrazioari bueltatzea erabaki dezake edo interes publikoko beste obra batzuetarako erabiltzea, betiere fundazioei buruzko legeriak ezartzen duen eran.

  7. Aplikatu behar zaien araubide juridikoa hargatik eragotzi gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari atxikitzen zaizkien fundazio publikoek bete beharko dituzte atxikitu zaion administrazioak gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen gainean bete behar duen legeriatik eratorritako betebehar berberak.

  1. Jaurlaritzaren baimena beharko da, zeina dekretu bidez emango baita, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko edozein organok edo sektore publikoko beste entitate batek hitzarmen bat sinatu baino lehen, baldin eta, hitzarmenaren ondorioz, administrazio partzuer bat, sektore publikoan sartuko dena lege honetan xedatutakoaren arabera, eratzeko betebeharra sortzen bada.

  2. Jaurlaritzaren baimena izateko, hitzarmenaren proiektuak administrazio partzuerraren araudia jaso beharko du, non lege honetan ezarritako gutxieneko edukia azalduko den.

  3. Era berean, hitzarmenak adieraziko du zer beste administraziok parte hartuko duen partzuergoan, zeintzuk diren horien hasierako ekarpenak eta zer konpromiso ekonomiko eta finantzario hartzen duten partzuergoa eratu osterako, eta administrazio bakoitzak zenbat ordezkari izango dituen partzuergoaren gobernu-organoan.

  4. Hitzarmena baimentzeko prozeduran, partzuergoaren gobernu-organoari behin betiko onar dezan proposatuko zaion estatutuen proiektua edo antolaketa- eta funtzionamendu-arauaren proiektua ere izapidetuko da. Partzuergo bakoitzaren estatutuek ezarriko dute zein administrazio publikori atxikitzen zaion, lege honetan xedatutakoaren araberako araubide juridiko, funtzional eta finantzarioa, eta, gutxienez, beste alderdi hauek:

    1. Partzuergoaren egoitza, helburua, xedeak eta funtzioak.

    2. Partzuergoko parte-hartzaileak nor diren eta kide bakoitzak zer ekarpen egiten duen. Horri dagokienez, estatutuek zenbait klausula ezarri beharko dituzte partzuergoaren jarduera mugatzeko entitate partzuerrek finantzaketa-konpromisoak edo bestelako konpromisoak ez betetzekotan, eta zenbait formula ezarri beharko dituzte entitate partzuerrek konprometitutako zenbatekoak aurrekontuetako jarduerak egin aurretik bermatzeko.

    3. Gobernu- eta administrazio-organoak, eta haien osaera eta funtzionamendua. Espresuki adierazi beharko da zein den erabakiak hartzeko araubidea. Botoa emateko edo erabakietan parte hartzeko eskubidea aldi batez eteteko klausulak sartu ahal izango dira, partzuergoko administrazioek edo entitateek partzuergoarekin dituzten betebeharrak batez ere partzuergoaren jarduerak finantzatzeko konpromisoekin lotura dutenak ez dituztela betetzen agerian geratzen denerako.

    4. Desegiteko arrazoiak.

  5. Sinatutako hitzarmena, estatutuak eta egiten diren aldaketak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

  6. Aurreikusitako administrazioren batek hitzarmena sinatuko ez balu edo hitzarmenaren funtsezko osagaiak aldatuko balira, beste baimen bat eskatu beharko luke, partzuergoaren azken osaerari buruz eta bereganatzen diren konpromisoen behin betiko banaketari buruz, hitzarmena sinatzeko baimena duen Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organoak edo entitateak.

  7. Partzuergoa desegiteak hura likidatzea eta azkentzea eragiten du. Partzuergoa sortzeko xedeak betetzea hura desegiteko arrazoia izango da beti.

  8. Partzuergoa desegiteko erabakia hartzerakoan, partzuergoaren gobernu-organo gorenak likidatzaile bat izendatuko du, zeina partzuergoa atxikita dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoari lotuta dagoen edo haren mendeko den organo edo entitate bat izango baita.

  9. Enplegatu publikoari entitate edo organo likidatzaileko kide gisa dagokion erantzukizuna zuzenean bere gain hartuko du enplegatu publiko hori izendatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateak. Eta, ondare-erantzukizunaren arloko administrazio-legeetan aurreikusitakoaren arabera dolo, erru edo zabarkeria larriak daudenean, entitate horrek ofizioz exijitu ahal izango dio dagokion erantzukizuna enplegatu publikoari.

  10. Partzuergoko kide bakoitzari zer likidazio-kuota dagokion kalkulatuko du likidatzaileak estatutuetan ezarrita dagoenaren arabera. Estatutuetan ez badago aurreikusita hori nola egin behar den, likidazioa egin ondorengo ondare garbitik ateratzen den saldoan kide bakoitzari dagokion partaidetzaren arabera kalkulatuko da kuota, kontuan hartuta estatutuetan ezarrita dagoena izango dela banaketa egiteko irizpidea.

  11. Estatutuetan ez badago aurreikuspenik, honako hauek hartuko dira kontuan: partzuergoko kide bakoitzak partzuergoko ondare-funtsari egindako ekarpenen ehunekoa eta urte bakoitzean emandako finantziazioa. Partzuergoko kideren batek ekarpenik ez badu egin egitera behartuta ez dagoelako, hauxe izango da banaketa egiteko irizpidea: partzuergoko kide izan den bitartean diru-sarreretatik jasotako partaidetza.

  12. Partzuergoak erabakiko du likidazio-kuota nola eta zer baldintzarekin ordaindu behar den, kuota hori positiboa izanez gero.

  13. Partzuergoko entitateek erabaki dezakete juridikoki egokia den beste entitate bati lagatzea aktibo eta pasibo guztiak. Estatutuek ezartzen duten gehiengoa beharko da horretarako edo, estatutuetan hori aurreikusita ez badago, denen adostasuna. Likidatzen den partzuergoaren jarduerak jarraitzeko eta haren xedeak betetzeko egingo da lagapena.

  14. Sortzen den entitateak bete beharko ditu atxikitu zaion administrazioak gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen gainean bete behar duen legeriatik eratorritako betebehar berberak.

Arau hauen arabera eraenduko dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateak, entitate mota bakoitzari aplikatu beharreko berezitasunekin: lege hau, entitate bakoitzari bere izaera juridikoaren arabera aplikatu beharreko arauak eta Euskal Autonomia Erkidegoko ogasun nagusia eta enplegu publikoa biltzen dituen legezkotasun-blokea osatzen duen arau-multzoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan integratuta dauden entitateen araudi erregulatzaileak haren web-orrian egon beharko du, iraunkortasunez eta irisgarri, informazioa emate aldera.

  1. Jadanik eratuta dagoen baina sektore publikokoa ez den beste entitateren batean parte hartuz gero Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitate batek, beste entitate hura sektore publikoan sartuko da, baldin eta parte-hartzearen ondorioz sortzen den egoera ekonomikoa edo juridikoa halakoa bada, non, entitatea eratzeko momentuan gertatu izan balitz egoera hori, entitatea, lege honetan xedatutakoari jarraituz, sektore publikoan sartzea eragingo baitzukeen.

  2. Aurreko zenbakian azaltzen den egoeran, Jaurlaritzaren baimena beharko da entitatean parte hartzeko. Baimen hori dekretuz emango da.

  3. Lege honek zer ezartzen duen entitate berriak eratu edo baimentzeko, horixe bera bete beharko dute hala baimentze-dekretua izapidetzeko prozedurak nola dekretuaren edukiek, kasuan kasuko pertsonifikazioaren arabera.

  4. Nolanahi ere, prozedura horretan, auditoretza bat egingo da entitatearen egoera ekonomiko eta juridikoari buruz eta haren funtzionamendu eta antolaketari buruz.

  5. Baimentze-dekretuak ezarriko du entitateak zer epetan egin behar dituen estatutuetako, egitura organikoko eta bestelako egokitzapen eta aldaketak sektore publikoan sartu ahal izateko. Entitatea atxikita geratzen den Administrazio orokorreko organoak eman beharko dio egokitzapen horien berri ogasun-gaiez arduratzen den sailari.

  6. Estatutuek, antolaketa- eta funtzionamendu- arauek eta administrazio partaideek lortzen duten hitzarmenak, bestalde, zehaztuko dute zer arauk erregulatzen duten ekonomia-finantzen araubide publikoa eta erakunde horretan parte hartzen duten administrazio publikoetatik sortzen den enplegu publikoa. Hori bete beharko dute artikulu honetan azaltzen den egoeran dauden erakunde guztiek.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan sartuta ez dauden entitateak finantzatzeko entitate horien kapitalean edo ondarean parte hartu gabe eta sektore publiko horren aurrekontuetatik datozen laguntza, dirulaguntza edo edozein motatako diru-ematearen bidez, modu espres eta berezian arrazoitu beharko da hiru egoera hauek gertatzen direnean:

    1. Prozedura publiko baten deialdirik egin gabe finantzatzea, dela Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretako esleipen izendun baten bidez, dela Jaurlaritzaren zuzeneko emakida baten bidez.

    2. Entitatearen diru-sarreren aurrekontuaren ehuneko berrogeita hamar baino gehiago izatea ematen den zenbatekoa.

    3. Entitate berberak aurreko bi ekitaldi kontsekutiboetan ere jasotzea laguntza, dirulaguntza edo bestelako diru-emateren bat aurreko egoerak errepikatzen direlarik.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan esleipen izendun gisa sartuta dauden laguntza edo dirulaguntzen kasuan, haiek emateko arrazoiak eta haien xedeak benetan betetzen diren ebaluatzeko irizpideak eta adierazleak sartuko dira aurrekontu orokorren memorian eta Jaurlaritzaren zuzeneko emakiden erabakian eta espedientean.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan sartuta dauden entitateei haien sorrera edo haietan parte-hartzea eragin zuten helburu eta xedeen betetze-mailaren ebaluazioa egin behar zaie, bai eta haien jardueran erabilitako baliabideen eta izandako lorpenen arteko harremanaren ebaluazioa ere, lege honek sektore publikoa osatzen duten subjektu gisa jarduteko ezartzen dituen printzipio orokorrak eta entitate berriak sortzeko edo existitzen direnetan parte hartzeko aplikatu behar diren printzipioak aplikatuz.

  2. Efikazia ekonomikoaren eta efizientziaren ebaluazioa, hasiera batean, entitatearen helburu eta xedeen betetze-maila kontrastatzera bideratuko da, erabiltzen dituen baliabideen, kostuaren eta etekinaren arteko erlazioaren eta erabilitako baliabideen optimizazioaren arabera. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak gauzatuko du ebaluazioa, bere arautegi espezifikoarekin bat etorriz.

  3. Ebaluazio pluralisten tekniken bidez eta arauz ezartzen denaren arabera ebaluatuko dira efikazia materiala eta sektore publikoko entitateen jardueraren efikazia jarduera horrek jomuga duen eremuan eta oro har herritarrengan duen eraginari dagokionez. Nolanahi ere, herritarrek kanpo-zerbitzuen prestazioari buruz duten iritzia erantsiko zaio ebaluazioari.

  1. Jarraibide hauen arabera egiaztatuko da entitate bakoitzaren efikazia materialaren eta jardueraren ebaluazioa:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitate bakoitzak urtero ebaluazio-dokumentu bat egin behar du, eta hor sartu beharko du aurreko artikuluan adierazitako alderdiei buruzko informazioa, bai aurreko ekitaldiari dagokiona eta bai indarrean dagoen ekitaldirako zenbatespen duena. Zenbatespenak, gainera, entitatearen jarduera-eremukoak diren eta entitatearen jardueran garrantzia izango duten hobekuntza, berrikuntza eta egoera espezifikoei egingo die erreferentzia.

    2. Entitatean betearazpeneko edo zuzendaritzako goi-mailako funtzioak dituen pertsonak edo organoak balidatuko du ebaluazio-dokumentua.

    3. Ebaluazio-dokumentua atxikipen-sailari igorriko zaio, eta hark egiaztatuko du ea bat datorren bere mendeko entitateen efikaziarentzat ezarri dituen orientabide orokorrekin. Era berean, administrazio publikoaren arloko eskumena duen sailari igorriko dio jasotako informazio guztiarekin sektore publikoaren ebaluazio-txosten orokor bat egin dezan.

    4. Ebaluazio-txosten orokorra Gobernu Kontseiluari helaraziko zaio, onartu dezan eta, beharko balitz, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren antolaketa eta egiturari buruzko erabakiak har ditzan, lege honetan xedatutakoaren arabera.

    5. Gobernu Kontseiluak onartu ondoren, Legebiltzarrera bidaliko da ebaluazio-txostena, jakinaren gainean egon dadin.

  2. Eusko Jaurlaritzak, modu orokorrean edo espezifikoan, aurreko artikuluan aipatutako printzipioak eta orientabideak garatu ahal izango ditu, eta horien arabera egingo du ebaluazioa, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateen efikazia kontrastatzeko alderdiak zabalduz edo zehaztuz. Era berean, bere sektore publikoaren efikazia hobeto eta egokiago ezagutzea bermatzen duten metodoak, prozedurak edo adierazleak ezarri ahal izango ditu. Metodo, prozedura eta adierazle horiek orokorrak izan daitezke, hau da, entitate guztiei zuzenduta daudenak, edo espezifikoak, izaera juridiko, neurri, jarduera-eremu edo bestelako alderdi garrantzitsuen araberakoak.

  3. Administrazio orokorrak sustatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek erabiltzea atxikipen-sailari eta ebaluazio-txosten orokorra egin behar duen sailari Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren jardueraren etengabeko jarraipena egitea ahalbidetuko dieten baliabideak.

  1. Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren antolaketa eta egitura zainduko ditu haren entitateei gomendatzen zaizkien xede publikoetara behar bezala egokitu daitezen, eta sektore publikoaren antolaketa berregituratuko du hala eskatzen dutenean lege honetan ezarritako printzipioak betetzeak eta efikaziaren eta efizientziaren ebaluazioen emaitzek zein baterako ebaluazioaren emaitzek, edo hala eskatzen dutenean sektore publikoko subjektuen jardueraren gainean lege honek ezarritako printzipio orokorrak aplikatzeak eta entitate berriak sortzeko edo existitzen diren entitateetan parte hartzeko aplikatu behar diren printzipioak aplikatzeak, sektore publikoaren antolaketa eta egitura sinplifikatze aldera.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateei egindako funtzio-esleipena berrantolatzea ekartzen duten arau-aldaketek exijituko dute sektore publikoaren beraren antolaketa ere berregituratzea.

  3. Tipologia edo pertsonifikazio juridiko bereko entitateak berregituratzean, tipologia edo pertsonifikazio horretako entitate guztiak sortzeko ezarritako prozedura eta baldintzak bete beharko dira.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen pertsonifikazioa eta izaera juridikoa desberdinak direnean, honako arau hauek bete beharko dira haiek berregituratzeko:

    1. Administrazio instituzionaleko entitateak eta ente instrumentalak biltzen badira, aipatutako lehenengo entitateari dagokion pertsonifikazio juridikoa jarri beharko zaio sortzen den entitate berriari.

    2. Administrazio instituzionaleko entitateen arteko edo ente instrumentalen arteko berregituratzea bada, entitate mota bakoitzarentzat lege honek ezarri dituen xede eta helburuak betetzen dituena aukeratuko da.

  1. Entitate bateko partaidetza kentzeko edo murrizteko erabakiak Jaurlaritzaren baimena beharko du baldin eta entitatea sektore publikotik kanpo geratzea eragiten badu erabaki horrek. Baimena dekretu bidez emango du Jaurlaritzak, eta dekretu hori izapidetzeko erabiliko den prozedura entitateak azkentzeko ezarrita dagoen berbera izango da. Dekretuak, bestalde, hartutako erabakiaren ondorio zehatzak arautuko ditu.

  2. Izaera juridiko pribatuko entitateak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikotik kanpo geratzeak ez du nahitaez ekarriko entitate hura azkentzea, zeina aplikatu behar zaion legeriaren arabera eraenduko baita.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak bere baitan sartuta ez dagoen entitate batean duen partaidetza kentzea baimentzen duen dekretuak zehaztuko ditu kentze hura egiteko prozedura eta ondorioak, bai eta, hala badagokio, parte-hartzea justifikatzen zuen xede publikoari eusteko ordezkoa ere.

  1. Lege bidez egingo da Administrazio instituzionaleko entitate baten azkentzea, eta dekretu bidez, sektore publikoko ente instrumentalena, aplikatu beharreko legeriak ezartzen dituen prozedura eta baldintzen arabera. Lege horretan, neurriak arautuko dira langileen araubideaz eta entitatearen ondareaz, eskubide eta betebeharren jarraipenaz eta haren ekonomia eta finantzak likidatzeko betekizunez.

  2. Lege edo dekretu hori prestatzeko espedientean, azaldu beharko da zeintzuk diren entitatea azkentzeko arrazoi zehatzak, eta aztertu beharko da zelan eragingo dion Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko osoari, sektore horrek azkenean izango dituen antolaketa eta egituraren arrazionalizazioari eta koherentziari dagokionez; betiere, bat etorriz sektore publikoa osatzen duten subjektu gisa jarduteko ezartzen zaizkien printzipio orokorrekin eta entitate berriak sortzeko edo existitzen direnetan parte hartzeko aplikatu behar diren printzipioekin, zeinak lege honetan ezartzen diren.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateak azkentzeko, subrogazio-printzipioak eraenduko du. Hau da, azkendutako entitateak garatzen zituen funtzio publikoetan subrogatu beharko da entitatea atxikita zegoen saila.

  1. Lege honetan entitateak eratzeko ezarri den prozedurari jarraituz, Administrazio orokorrak sozietate bat eratu ahal izango du osoki publiko den kapitalaz, sozietate horretan biltzeko Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuko 114. artikuluan aurreikusten den akzio-partaidetzen kudeaketa.

  2. Entitate horrek, akzioak kudeatzeaz gain, beste zerbitzu batzuk ere eman ahal izango ditu, Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren partaidetzen titular diren entitateentzat komun izango direnak; horretarako, funtzio horiek berariaz esleitu beharko zaizkio sortze-arauan.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen erregistroa sortzen da. Bertan, nahitaez inskribatuko dira honako hauek:

    1. Sektore publikoko entitate bakoitzaren eraketa. Halaber, sektore publikoan dagoeneko badauden entitateak ere inskribatuko dira, erregelamenduz ezartzen den epean.

    2. Lege honetan arautzen dena betez, partaidetzaren ondorioz sektore publikokoak izatera pasatzen diren entitateak.

    3. Sektore publikoko entitateen azkentzeak eta lege honen arabera partaidetza murriztu edo kentzearen ondorioz gertatzen diren sektore publikotik kanpo geratzeak.

    4. Entitateen egituran, antolaketan eta gobernu-organoen osaeran izaten diren gorabehera, alterazio edo aldaketa guztiak.

  2. Era berean, kasu bakoitzean jaso beharko da zer pertsona fisikok parte hartzen duten entitatearen gobernu- eta administrazio-organoetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin edo sektore publikoko beste edozein entitaterekin dituzten harremanen ondorioz.

  3. Erregistroa publikoa eta informatiboa izango da eta administrazio publikoko gaien eskumenak dituen Administrazio orokorreko sailari atxikiko zaio, zeinak haren funtzionamendurako baliabide materialak eta pertsonalak jarriko dituen.

  4. Erregelamenduz ezarriko da zer eduki izango duten haren erregistro-idazpenek, antolaketak eta sarbideak, bai eta nola koordinatuko den ere gainerako administrazio-erregistroekin.

  5. Erregistroan inskribatuta dauden Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek erregistroari jakinaraziko dizkiote, erregelamenduz ezartzen den moduan, beren egituran, antolaketan eta gobernu-organoen osaeran eta beste entitate publiko eta pribatuetako partaidetzan gertatzen diren gorabeherak, alterazioak edo aldaketak.

  6. Pertsona orok, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean edo Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko edozein entitatetan bere funtzioak betetzean, bere izendapenaren edo inskripzioaren berri eman beharko dio erregistroari edozein entitatetako gobernu- edo administrazio-organoan parte hartzeko dei egiten zaion lehen aldian. Datu horiek jasota ez daudenean, deitu egin den pertsonak eskatu beharko du inskripzioak erregularizatzeko.

  7. Artikulu honetan xedatutakoak ez ditu hargatik eragozten Kontrol Ekonomiko Bulegoari Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren mendeko enteen inbentarioari buruzko informazioa mantentzeko eta argitaratzeko esleituriko eskumenak, aurrekontu-egonkortasunaren gaineko araudiaren esparruan. Horretaz gain, aipatutako informazioan jasoko dira entitateak Autonomia Erkidegoko sektore publikoan sartzea eragiten ez duten partaidetzak eta partaidetza horietan gertatzen diren funtsezko aldaketak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateak beti Administrazio orokorreko sail bati atxikiko zaizkio, sortze-arauak ezarriko duen saileko organo jakin baten bidez. Entitatearen zuzendaritza estrategikoa organo horren gain egongo da, eta organo horren bidez gauzatuko dira entitatearen emaitzen ebaluazioa egiteko eta haren efikazia eta efizientzia kontrolatzeko prozedurak aplikatzeko izan beharreko harremanak.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateek gidalerro hauek bete behar dituzte beren xedeak betetzeko eta jarduerak gauzatzeko lanean ari direnean:

    1. Eusko Jaurlaritzak plangintzarako eta politika orokorrerako ematen dituen gidalerroak.

    2. Atxikita dauden sailak ezartzen dituen gidalerroak, lege honen arabera sailaren esku baitago entitatearen goi-zuzendaritza eta ikuskapena.

    3. Ogasun orokorraren eta enplegu publikoaren arloko eskumena duten Administrazio orokorreko organoetatik datozen gidalerroak, entitateei aplikatu beharrekoak diren alderdietan.

  3. Administrazio orokorraren eta sektore publikoko entitateen arteko harreman ekonomikoak programa-kontratu edo finantzaketarako esparru egonkorren bidez arautu ahal izango dira. Kontratu eta esparru horietan, honako hauek adieraziko dira, gutxienez:

    1. Erakundearen helburuak.

    2. Helburuen kostu zenbatetsia.

    3. Administrazioak jarritako finantzaketa.

    4. Finantzaketa horren eta helburuak betetzearen arteko lotura.

  1. Dagokion legeria orokorrean ezarritako administrazio-errekurtsoak jarri ahal izango zaizkie organismo autonomoen eta partzuergoen egintza eta ebazpenei. Berdin gertutako da zuzenbide pribatuko ente publikoek emandako egintza eta ebazpenekin ere administrazio-zuzenbidearen mende jardun dutenean.

  2. Aurreko zenbakian aipatutako entitate horietako gobernu-organo gorenari dagokio gai zibiletan eta lan-arloko gaietan jarritako aurretiazko erreklamazioak ebaztea eta berak edo entitatearen mendeko organoek emandako egintzak ofizioz berrikustea.

  3. Gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten izaera juridiko pribatuko entitateek dirulaguntzetarako deialdien oinarriak onartzeko hartzen dituzten behin betiko erabakien aurka, bai eta aurrekontu publikoetatik datozen edo jatorria haietan daukaten laguntzak, dirulaguntzak edo kontraprestaziorik gabeko bestelako diru-emateak egiteko hartzen dituzten behin betiko erabakien aurka ere. Laguntza erregulatzen duen arauak edo programak identifikatuko du entitateko organoaren zein erabaki edo ebazpenen aurka jar daitekeen gora jotzeko errekurtsoa, eta errekurtso hori jartzeko aukera eskaini beharko zaie interesdunei erabaki edo ebazpenaren jakinarazpenean administrazio-prozedura arautzen duen legeriak ezartzen duen eran.

  4. Halaber, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten izaera juridiko pribatuko entitateek ordenamendu juridiko-administratiboko lege bati jarraikiz, zeinak entitateok bere aplikazio-eremuan sartzen dituen, hartzen dituzten erabakien aurka, non eta legean bertan ez den kasurako beste errekurtso administratiboren bat xedatzen.

  5. Aurreko bi apartatuetan aurreikusitako kasuetan, izaera juridiko pribatuko entitatea atxikita dagoen Administrazio orokorreko sailaren titularrari eman ahal izango zaio, izaera juridiko pribatuko entitatearen eraketa-arauaren bidez, entitatearen behin betiko erabakien aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoak ebazteko ahalmena zein entitatearen egintzak ofizioz berrikusteko ahalmena.

  6. Artikulu honetako xedapenek ez dute eragozten Justiziara jotzea, hala dagokionean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren bidez edo dagokion beste edozein figura juridikoren bidez.

  1. Lege honek adierazitako jarraibide eta gidalerroen derrigortasuna hargatik eragotzi gabe, Administrazio orokorrak egingo du bere sektore publikoa osatzen duten entitateen kontrol eraginkorra, entitateen gobernu-organoetan dauzkan ordezkarien bidez.

  2. Entitateetako gobernu-organoetan Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren ordezkari izateko izendatzen diren kideek interes orokorra eta entitatea eratzea edo bertako partaide izatea justifikatu zuen xede publikoa defendatzen dute.

  3. Administrazio orokorreko zerbitzu juridiko zentralek idazkaritza-lanak egin ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateetako kide anitzeko gobernu-organoetan eta entitate horiei lege-aholkularitza eman ahal izango diete, entitateak eratzeko eta antolatzeko arauarengatik edo entitatearen forma edo izaera juridikoa direla-eta aplikatu beharreko legeriarengatik zeregin horiek beharrezkoak baldin badira.

  1. Enplegatu publikoari administrazio-kontseilu edo organo likidatzaile bateko kide gisa dagokion erantzukizuna zuzenean bere gain hartuko du kide hura izendatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak, enplegatu publikoak ere erantzukizuna izan dezakeela alde batera utzi gabe.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ofizioz erantzukizuna eskatu ahal izango dio administrazio-kontseiluko kide izendatu duen enplegatu publikoari hark, dolo, erru edo zabarkeria larriak direla-eta, Administrazioaren ondasun eta eskubideetan eragindako kalte eta galerengatik, ondare-erantzukizunaren gaineko lege administratiboetan xedatutakoaren arabera.

  1. Gobernu Kontseiluak merkataritza-sozietate publikoen eraketa baimentzeko hartzen duen erabakian ezarriko da sozietate horiek Autonomia Erkidegoko Administrazioko zer saili atxikita egongo diren tutoretza funtzionalari dagokionez, betiere hargatik eragotzi gabe ogasun eta administrazio publikoko gaietan eskumena duten sailek egiten duten kontrola. Ez da berariazko erabakirik beharko Euskal Autonomia Erkidegoko ondare-legerian aurreikusitako moduan egiten diren enpresa- ondarearen berregituraketa-prozesuen ondorioz gertatzen diren atxikipen-aldaketak egiteko.

  2. Merkataritza-sozietate publikoa atxikita dagoen eta haren tutoretza funtzionala egiten duen sailak kontrolatuko du atxikia duen merkataritza-sozietate publikoaren efikazia, efizientzia eta gizarte- eta ingurumen-jasangarritasuna, betiere hargatik eragotzi gabe ogasun-arloko eskumena duen sailaren eskudantziak. Tutoretza zuzena egiten duen sailaren titularrari, edo tutoretza egiten duen entitatea atxikita dagoen sailaren titularrari, dagokio Eusko Legebiltzarrari arlo horretako jardueren berri emateko ardura.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak herritarren zerbitzuari begira jardungo du. Funtzionatzeko printzipio gidari hori betetzeko, printzipio hauek aplikatu beharko ditu, administrazio publiko guztiei aplikatu behar zaien arautegiko printzipioez gain:

  1. Legitimitate demokratikoa: bere izateko arrazoia herritarrak dira eta, horregatik, herritarren beharrizanak antzeman, erantzun eta gogobetetzera bideratzen du bere jarduera publikoa. Interes orokorra bilatu beharko du beti eta gizarteari zerbitzua emateko borondatea izango du ezaugarri.

  2. Jasangarritasuna: jasangarritasunean oinarrituz, gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-aurrerapena lortzera bideratu beharko du bere jarduna.

  3. Aurrea hartzea: ahal duen heinean, herritarren arazoei eta eskaerei aurrea hartu behar die, bai politikak diseinatzean eta bai herritarren beharrei erantzutean.

  4. Hizkuntza-normalkuntza: euskararen erabileraren normalkuntza bultzatuko du administrazio-jardueran.

  5. Politika eta zerbitzuen programazioa, plangintza, kontrola eta ebaluazioa: tresna egoki eta nahikoak sortuko ditu bermatze aldera programaziorako, politiken plangintzarako eta emaitzen ebaluazio eta kontrolerako prozesuak modu ordenatuan egingo direla eta, horien guztien ondoren, herritarrei guztiaren berri emango zaiela.

  6. Kudeaketarekiko ardura: bere politika eta zerbitzuen emaitzak ebaluatuko ditu, kudeaketaren kalitatea bermatzen duten adierazle objektibo neurgarrien arabera.

  7. Koherentzia: etengabe, benetan eta egonkortasunez emango ditu zerbitzuak, herritarrek ezagutzen eta onartzen dituzten egoerak beharrik gabe apurtu edo aldatu gabe.

  8. Parte-hartzea eta elkarlana: bere politikak diseinatzean eta bere zerbitzuak kudeatzean, herritarrei bermatu egingo die gai publikoetan, indibidualki nahiz kolektiboki, parte hartzeko, elkarlanean aritzeko eta inplikatzeko aukera, txertatuz genero-berdintasunaren ikuspegia eta, oro har, pertsonen edo kolektiboen heterogeneotasuna kontuan hartzen duen ikuspuntu inklusiboa.

  9. Gardentasuna: gardentasunez jardungo du, halako moduz, non herritarrek ezagutzea izango duten hartu diren erabakiei eta erabakion erantzuleei buruzko informazio garrantzitsua, bai eta erabakion deliberazio-prozesuei eta zerbitzuen antolaketari buruzkoa ere.

  10. Publikotasun aktiboa: etengabe eman eta zabaldu behar du, objektiboki, bere jarduerari buruz duen informazio guztia, eguneratua eta egiazkoa.

  11. Soiltasuna eta ulergarritasuna: izapideen konplexutasuna gutxituko du, eta arau eta prozedura argi eta errazak edukitzeko bidea emango du herritar guztiak Administraziora iristea ahalbidetzen duen hizkera ulergarria erabiliz.

  12. Berrikuntza publikoa: mekanismo eta prozedura berritzaileak bultzatuko ditu, batez ere teknologia berriak erabiliz eta bere funtzionamendua eta egitura etengabe beharrizan berrietara egokituz.

  1. Etengabeko hobekuntza: etengabe ebaluatzeko prozesuak erabiliko ditu, gabeziak antzeman eta konpontzeko eta, horrela, herritarrei zerbitzu efizienteak emateko.

  2. Efikazia: bere bitartekoak modu optimoan kudeatu behar ditu bilatzen diren xede publikoak zuzenean betetzeko.

  1. Ekonomia eta bizkortasuna: xede publikoak kostu ekonomiko zentzuzkoenarekin eta ahalik eta lasterren lortzeko moduan jokatu behar du, erantzuteko denborak progresiboki murriztuz; hori hala izan dadila begiratuko du.

  2. Arauen kalitatea: araugintzan, honako printzipio hauen arabera jokatuko du: beharra, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, eskuragarritasuna, sinpletasuna eta efizientzia.

  3. Bere kudeaketan erantzukizuna izatea: Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak berariaz hartu behar ditu bere gain herritarren aurrean dituen betebeharrak, eta bere erabaki eta jardueraren ondoriozko erantzukizunak ere bere gain hartu behar ditu.

  4. Irisgarritasuna: begiratuko du bere bulegoetan, bere politiken diseinuan eta bere jarduketa guztietan irisgarritasun unibertsala gauzatu dadin.

  5. Neutraltasun teknologikoa: bere funtzionamenduan, kode irekiko softwarea erabiltzearen eta sustatzearen alde egingo du, eta teknologiaren eta informatikaren arloan, estandar irekiak eta neutralak erabiltzearen alde. Orobat, aplikazio edo garapen informatikoak kontratatzean, soluzio ireki, bateragarri eta berrerabilgarri horien alde egingo du.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoarekiko harremanetan, lege honek ezarritako eskubide eta betebeharrak dituzte herritarrek, Estatuaren oinarrizko legeriak eta Europar Batasunaren legeriak aitortzen dizkieten eskubide eta eginbeharrez gain.

  2. Aurreko apartatuan adierazitako moduan eta aurreko artikuluan bildutako printzipioen ondorioz, herritarrek administrazio onerako eskubidea dute.

  3. Lege honen ondorioetarako, honako hauek sartzen dira administrazio onerako eskubidearen barruan:

    1. Herritarren auziak inpartzialtasunez, bidezkotasunez eta arrazoizko epe baten barruan tratatuak izateko eskubidea, eta, atzerapen saihetsezinen bat gertatuz gero, horren arrazoiak jakitekoa.

    2. Gai publikoetan parte hartzeko eskubidea, lege honek ezartzen duen baldintzetan.

    3. Herritarrei eragiten dien edozein neurri indibiduali dagokionez, aurretiazko entzunaldirako eskubidea, administrazio-prozedura erkidearen arauek ezarritakoarekin bat etorriz.

    4. Egiazko eta kalitatezko informazio publikoa izateko eskubidea, Administrazio publikoaren artxibo eta erregistroetarako irispidea barne, legeak ezarritako baldintzetan, bai eta herritarrari eragiten dion espedienterako irispidea ere, betiere errespetatuz konfidentzialtasunaren, datu pertsonalak babestearen eta lanbideko eta merkataritzako sekretuaren interes legitimoak.

    5. Erabaki publikoak arrazoituak, bereziki herritarraren interesei eragiten dietenak, arrazoituak izateko eskubidea, prozedura-legeetan aurreikusten den eran.

    6. Administrazioak edo haren ente instituzional edo instrumentalek haien jardunean eragindako kalteen konponketarako eskubidea, Administrazioaren ondare-erantzukizunaren arloko indarreko legeek xedatutakoaren arabera.

    7. Herritarrek euskal sektore publikoa osatzen duten subjektuekin dauzkaten harremanetan euskaraz jarduteko eskubidea bermatuko da, eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuko dira hartarako.

    8. Legeek herritarrei Administrazio publikoarekiko harremanetarako aitortzen dizkieten eskubideen defentsarako eskubidea, dagozkion errekurtsoen bidez.

    9. Administrazio publikoaren izapideak eta prozedurak sinpleak izateko eskubidea eta prozedurei aplikatu beharreko arauetan exijitzen ez diren dokumentuak edo dagoeneko Administrazio publikoaren eskuetan daudenak ez aurkezteko eskubidea.

    10. Kalitatezko zerbitzu publikoak berdintasun-baldintzetan eskuratzeko eskubidea. Zerbitzu horiek atentzio egokia bermatuko dute eta, horrez gain, etenik egin gabe eta etengabe ebaluatzeko moduan emango dira.

    11. Eskaerak, iradokizunak, esker-emateak edo kexak Administrazioak jarritako bide, bitarteko edo tresnen bidez eta, hala badagokio, eskatzeko eskubidearen erregulazio organikoaren arabera egiteko eskubidea.

    12. Zerbitzua zein agintaritza edo langileren erantzukizunpean ematen den jakiteko eskubidea.

    1. Administrazio publikoek emandako zerbitzuei dagokienez herritarrek zein eskubide eta eginbehar dauzkaten jakiteko eskubidea, eta eskubideak benetan erabiltzeko eta zerbitzu publiko horiek behar bezala jasotzeko aholkularitza eta, behar izanez gero, laguntza ere jasotzeko eskubidea, hargatik eragotzi gabe enpresa edo pertsona partikularrek, modu profesionalean, gai horri buruz eman dezaketen aholkularitza.

  4. Eskubide horiek obligazioak ezartzen dizkiete Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitate guztiei. Alabaina, eskubide horiek ez dira aplikagarriak herritarrek zuzenbide pribatuko harremanak dituztenean izaera horretako entitateekin, zuzenbide pribatuko harreman horiekin bateraezinak diren eskubideak direnean.

  5. Aurreko artikuluan bildutako printzipioen ondorioz, eginbehar hauek dituzte herritarrek:

    1. Administrazioko langileekin eta eraikin publikoetan une bakoitzean dauden gainontzeko erabiltzaileekin errespetuzko jarrera izateko eginbeharra.

    2. Instalazio, espazio eta ekipamendu publikoak zaintzeko eginbeharra.

    3. Administrazioko langileekin elkarlanean jarduteko jarrera izateko eginbeharra. Hortaz, kasu bakoitza behar bezala ebazteko behar diren identifikazio-datuak edo dena delako gaiari buruzko edukia ematerakoan, egiazko datuak, zehatzak, argiak eta irakurterrazak emango dituzte.

    4. Eskaerak, iradokizunak, kexak edo esker-emateak egiteko Administrazioak jartzen dituen bide, bitarteko eta tresnak behar bezala erabiltzeko eta halakoetan behar diren harremanetarako datu guztiak emateko eginbeharra.

    5. Administrazioarekin izandako komunikazio eta harreman bidez lortzen den informazioa behar bezala erabiltzeko eginbeharra eta, bereziki, legitimoki eskuratzen den administrazio-informazioaren exijentzia juridikoak errespetatzeko eginbeharra, informazioaren erabileran desbideratu gabe, batez ere datu pertsonalen eta jabetza intelektual eta industrialaren babesari dagokionez.

    6. Informazioa biltzea eskatzen duten izapide eta gestioetan, hura biltzeko behar diren dokumentuak eta baimenak Administrazioari emateko eginbeharra, dokumentazioa osatzeko errekerimenduak eragiten duen administrazio-karga arintzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak bere antolaketaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko osoaren efikazia eta efizientzia bultzatuko du, gizartearentzat balio publikoa sortzen laguntzen duten kudeaketa publiko aurreratuko sistemen ezarpena orokortuz. Horretarako:

  1. Plangintza estrategiko eta operatiboak egin beharko dira. Plangintza horiek argi eta garbi adierazi behar dituzte erronka dakarten baina lorgarriak diren helburuak, eta jarraipenerako eta ebaluaziorako adierazleak eduki beharko dituzte, arduradun politiko eta teknikoek erabakiak egintzekin eta datuekin hartu ahal izateko.

  2. Zerbitzuek herritarrei eta hartzailetzat dituzten pertsona eta erakundeei behar bezala erantzuteko, zehaztu egin beharko da zerbitzu horiek nola garatuko eta kudeatuko diren prozesuen bidez. Horretarako, herritarrek zer beharrizan duten eta zer espero duten ohikotasunez identifikatu behar da, haien kexa eta iradokizunei erantzun behar zaie, haien eskaerei erantzun egokia eman behar zaie, haien ikuspegia sartu behar da eskainitako politika eta zerbitzuen hobekuntzan, eta haien parte-hartze aktiborako mekanismoak bultzatu behar dira.

  3. Enplegatu publikoei kudeaketan parte hartzeko adorea ematen dieten tresnak ezarri beharko dira, haien konpromisoa indartzeko baldintzak sortuz eta liderren jokabidea eta gaitasunak zehaztuz.

  4. Erronka publiko berriei erantzun eta proposamen berritzaileekin aurre egiten laguntzeko truke- eta ikaskuntza-testuinguruak sortu beharko dira, antolakundeko pertsonen zein kanpoko beste talde interesgarrietako pertsonen sormena gehituz, zeinek erraztuko baitute berrikuntza etengabea eta sistematikoa izatea.

  5. Agente anitzeko kontzertaziorako bideak jarri beharko dira, agenteen artean herritarrak ere sartuz. Aliantzak sortzen eta ekimen publikoa eta pribatua inplikatzen lagundu behar du horrek, gure gizartearen beharrizan eta arazo konplexuei erantzuteko eta oraingo eta etorkizuneko belaunaldientzat aukerak sortzeko daukagun gaitasuna handitzeko.

  6. Mekanismoak jarri beharko dira emaitzak ebaluatzeko eta emaitza esanguratsuenak modu eskuragarrian argitaratzeko eta, horretaz gain, herritarrek emaitza horietaz duten pertzepzioa sartzeko aurreikuspena egin beharko da.

  1. Antolaketa-unitateen jarduera ebaluatuko da kudeaketa publiko aurreratuko sistemen ezarpen-maila ezagutzeko eta, bereziki, zehaztutako politika publikoekin zenbateraino lerrokatzen diren jakiteko eta herritarrek eta zerbitzuen beste erabiltzaile posibleek unitate horien jarduerarekiko eta kudeaketarekiko duten gogobetetasun-maila zein den ezagutzeko.

  2. Unitateen jarduera baloratzea eta hobetu daitezkeen alorrak antzematea izango da ebaluazioaren helburua, unitateak hurrengo hobetze-planetan konprometitu ahal izan daitezen.

  3. Ebaluazioa egiteko, unitateen arteko konparazioa ahalbidetzen duten eta haien bilakaera errazten duten ereduak erabiliko dira.

  4. Gardentasuna eta etengabeko hobekuntza lortzeko, herritarrei zuzeneko zerbitzu eta prestazioak ematen dizkieten administrazio-unitateek zerbitzu-mailako konpromisoak landu eta argitaratuko dituzte, eta horietan bilduko dituzte politika jakinen edo horien hedapenaren arabera erabiltzaile-talde jakinei dagozkien eskubide guztiak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten instituzio eta enteek bitarteko elektronikoen erabilera ezarriko dute zerbitzuak emateko, komunikazioetarako eta herritarrekin dauzkaten harremanetarako, bai eta barne-komunikazioetarako eta beste administrazio publiko edo instituzioekin dituzten komunikazioetarako ere.

    Ondorengo artikuluan aipatzen diren printzipioak eta herritarrak zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoz iristeko oinarrizko arauak errespetatuko dituzte aipatutako organismo eta enteek beren jarduera elektronikoetan.

    Printzipio horien eraginkortasuna eta herritarren eskubideekiko errespetua bermatzeko, administrazio elektronikoaren funtzionamendua kontrolatzen duten bitartekoak jarriko dira.

  2. Administrazio elektronikoaren ezarpenari buruzko txosten bat egingo du, urtero, zerbitzu publikoen antolaketa eta kalitatearen inguruko eskumena duen sailak, eta erabiltzaileek egindako kexa eta iradokizunen analisia bilduko du txosten horrek, beste gai batzuen artean. Txostena Eusko Jaurlaritzara bidaliko da, hark aztertu eta ondoren Eusko Legebiltzarrera igortzeko.

Administrazio elektronikoa, oro har, hurbiltasuna, gardentasuna, bizkortasuna eta efizientzia lortzeko tresna eta bidea da. Administrazio elektronikoak ez du baztertuko ohiko administrazioaren egitura- eta zerbitzu-moldea. Administrazio elektronikoaren oinarria izango da herritarren eskakizunei erantzutea eta funtzionamendu egokia bermatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren jardueretan eta herritarrekiko nahiz beste administrazioekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko, ordenamendu juridikoak ezartzen dituen mugak bete beharko dira, hango printzipio orokorrei uneoro men eginez, eta, bestalde, herritarrek aitortuak dituzten eskubideen erabilera osoa errespetatu beharko da eta printzipio hauei jarraitu beharko zaie:

  1. Berdintasun-printzipioa, bitarteko elektronikoak erabiltzeak ez diezaien inolako murrizketarik edo diskriminaziorik eragin Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoarekin harremana izateko bitarteko ez-elektronikoak hautatzen dituzten herritarrei, ezertan galarazi gabe bitarteko elektronikoen erabilera sustatzeko neurriak.

  2. Informaziora eta zerbitzuetara bitarteko elektronikoen bidez iritsi ahal izateko printzipioa, arlo honetan indarrean dagoen legeriak xedatutakoaren arabera. Horretarako erabiltzen diren sistemek bide eman behar dute informazioa eta zerbitzuak modu seguruan eta ulergarrian eskuratzeko. Bereziki irisgarritasun unibertsala bermatu behar dute, bai eta euskarri, kanal eta ingurune guztietarako diseinatuta egotea ere, hain zuzen ere pertsona guztiek izan dezaten beren eskubideak berdintasunez egikaritzeko modua. Hortaz, kolektibo guztiak informaziora eta zerbitzuetara bitarteko elektronikoen bidez iristeko behar diren baliabideak jarriko dira, erabiltzaileak horrelako tresnen erabileran trebatzeko prestakuntzaren sustapena barne.

  3. Legezkotasun-printzipioa, herritarrek berme juridiko guztiak izan ditzaten Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoarekin dauzkaten harreman elektronikoetan.

  4. Lankidetza-printzipioa, bitarteko elektronikoak erabiltzean gainerako administrazio publikoekin eta, batez ere, euskal foru- eta toki-entitateekin, lortze aldera bai haietako bakoitzak egokituriko sistema eta soluzioen arteko elkarreraginkortasuna bai, hala badagokio, herritarrentzako zerbitzuak elkarrekin ematea.

  5. Segurtasun-printzipioa, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak bitarteko elektronikoak ezarri eta erabiltzeko orduan, halako moldez, non exijituko baita, gutxienez, bitarteko ez-elektronikoen erabilerarako eskatzen den berme- eta segurtasun-maila bera.

  6. Proportzionaltasun-printzipioa, zeinaren arabera soilik eskatuko baitira erabiltzen diren izapide edo jardueren izaera eta ezaugarrien araberako bermeak eta segurtasun-neurriak. Horrez gain, izapide edo jardueraren xedea betetzeko guztiz beharrezkoak diren datuak baino ez zaizkie eskatuko herritarrei.

  7. Sinplifikazio-printzipioa. Bitarteko elektronikoak aplikatzean, sinpleak izango dira izapideak eta prozedurak.

  8. Komunikazio elektronikoen teknika eta sistemak aurrerapenera moldatzearen eta neutraltasun teknologikoaren printzipioa, bermatuz, batetik, herritarren eta Administrazioaren independentzia aukera teknologiko, aplikazio edo sistemak hautatzeko eta, bestetik, askatasuna merkatu librean azaltzen diren aurrerapen teknikoak garatu eta ezartzeko. Hori dela-eta, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak estandar irekiak erabiliko ditu, edota, hala dagokionean eta horien osagarri, herritarren artean zabalduen daudenak.

  9. Informazio publikoa eta software publikoa berrerabiltzeko printzipioa, Administrazio publikoak horiek eskueran jarrita, beste agente batzuek tresna, produktu edo zerbitzu berriak sortzea izan dezaten.

  10. Erantzukizun- eta kalitate-printzipioa, bitarteko elektronikoen bidez emandako informazio eta zerbitzuen egiazkotasunari dagokionez.

  11. Prozeduren gardentasun eta publikotasunaren printzipioa. Bitarteko elektronikoak erabiliz, aginte publikoen jarduna ahalik eta gehien hedatzea, ahalik eta publikoen bihurtzea eta ahalik eta gardenena izatea lortu behar da.

  12. Datu pertsonalak babesteko printzipioa. Administrazio elektronikoaren erabilera eta garapenaren ondorioz sortutako datu pertsonalen fitxategi guztiek bete behar dute datu pertsonalak babesteari buruzko legeria.

  1. Doakotasun-printzipioa. Administrazio elektronikoak ez die inolako gainkosturik eragingo erabiltzaileei.

  1. Herritar guztiek eskubidea dute Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateekin izan behar dituzten harremanak bitarteko elektronikoz bideratzeko, bai Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 13. artikuluan xedatutako eskubideak baliatzeko, bai eta informazioa eskuratzeko, kontsultak edo alegazioak egiteko, eskabideak eta uziak aurkezteko, norberaren adostasuna adierazteko, ordainketak egiteko, transakzioak egiteko eta Administrazioaren ebazpenen eta egintzen aurka jotzeko ere.

  2. Bereziki eskubide hauek izengo dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoarekin izaten dituzten harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeari dagokionez:

    1. Une bakoitzean harremanetarako erabilgarri dauden kanalen artetik nahi dutena aukeratzeko eskubidea.

    2. Berdintasunerako eskubidea, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren zerbitzuetara bitarteko elektronikoz iristeko orduan. Herritar guztien hizkuntza-eskubideak errespetatuz, baliabide elektronikoen erabilerak euskaraz jardun ahal izatea bermatuko du.

    3. Identifikazio elektronikorako behar diren bitartekoak eskuratzeko eskubidea: pertsona fisikoek nortasun-agiri nazionalaren sinadura elektronikoko sistemak erabili ahal izango dituzte edozein izapide elektroniko egiteko.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren eremuan onartuta dauden sinadura elektronikoko beste sistema batzuk erabiltzeko eskubidea.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren fitxategi, sistema edo aplikazioetan jasotako datuen segurtasun eta konfidentzialtasunerako bermea edukitzeko eskubidea.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoarekiko harremanetarako nahi duten aplikazioa edo sistema aukeratzeko eskubidea, betiere estandar irekiak erabiltzen badituzte edo, bestela, herritarren artean zabalduen daudenak. Administrazioak, nolanahi ere, aplikazioen malgutasuna eta bateragarritasuna bilatuko du.

    7. Administrazio publikoen esku dauden datu eta dokumentuak ez aurkezteko eskubidea, indarrean dagoen arautegiaren arabera administrazio publikoek aukera baitaukate datu eta dokumentuak horiek gordeak dituen administraziotan eskuratzeko.

    8. Norberaren intereseko prozeduren izapidetze-egoera bitarteko elektronikoen bidez ezagutzeko eskubidea, arautegiak baimentzen duenean.

    9. Norberaren intereseko prozeduretako dokumentu elektronikoen kopia bat izateko eskubidea, edozein espediente osatzen duten dokumentu elektronikoak euskarri elektronikoan gordetze aldera.

  3. Gainera, zerbitzu-jarduera baterako irispidea izateko eta zerbitzu horretan jarduteko prozeduretan, interesdun guztiek eskubidea dute izapideak leihatila bakarraren bidez egiteko, bide elektronikoz eta urrunetik. Horrez gain, eskubidea dute ondoren aipatzen den informazioa, zeinak argia eta zalantzarik gabea izan beharko duen, bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko:

    1. Zerbitzu-emaileei aplikatu behar zaizkien betekizunak, batez ere zerbitzu-jardueretarako irispidea izateko eta horietan jarduteko behar diren prozedura eta izapideei buruzkoak.

    2. Zerbitzu-jarduerekin zerikusia duten arloetan eskumena duten agintarien datuak, bai eta zerbitzu-emaileek eta -hartzaileek asistentzia edo laguntza jasotzeko erabil ditzaketen elkarte eta antolakunde ez-eskudunen datuak ere.

    3. Zerbitzu-jarduerak ematen dituztenei buruzko erregistro eta datu-base publikoetara iristeko bitartekoak eta baldintzak.

    4. Zerbitzu-ematean izandako gorabeheren konponketarako erreklamazioak eta errekurtsoak jartzeko bideak.

  4. Bitarteko elektronikoen erabileran, arau hauek ezarritakoa bete beharko da: herritarrek zerbitzu publikoetarako irispide elektronikoa izateari buruz aplikatu behar den oinarrizko legeria, lege hau, eta honekin bat datorren edo hau garatzen duen gainontzeko euskal araudia.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten instituzio eta enteei dagokie administrazio elektronikoaren eredua garatzea beren araubide juridikoak ezartzen dituen lotura- eta mendekotasun-harremanekin bat etorriz.

  2. Administrazio elektronikoaren eredua garatzeko, jarduera hauek gauzatu beharko dira:

    1. Definitzea herritarrekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoarekin izan beharreko harremanetan bitarteko elektronikoen erabilera sustatzeko estrategiak.

    2. Diseinatu, ezarri eta garatzea ondoko hauek errazteko behar diren aplikazio, prozedura eta tresnak: herritarren eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateen arteko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzea, beste aplikazio batzuekiko elkarreragingarritasuna eta aplikazio, prozedura eta tresna horiek berrerabiltzea.

    3. Herritarrekin izan beharreko harremanetan bitarteko elektronikoen erabilera sustatzea.

    4. Administrazio publikoen komunikazio-sare elektronikoak sustatu, finkatu eta bultzatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten instituzioek eta enteek bermatu eta bateragarri egingo dute bitarteko elektronikoen erabilera herritarrek eta enpresek administrazio-jardueran eta xedapen orokorren prestaketako informazio publikoaren izapideetan duten parte-hartzea bideratzeko, euskal sektore publikoaren gardentasun, herritarren parte hartzea eta gobernu onari buruzko gure lege propioak xedatzen duenaren arabera.

Era berean, herritarrekin eta enpresekin interakzioan aritzea ahalbidetzen duten mekanismo elektronikoak sortu eta erabiltzea bultzatu behar dute, sortzen diren gaietan herritarrek eta enpresek duten iritzia ezagutzeko eta instituzioek eta enteek garatzen dituzten jardueretan iritzi hura txertatzeko.

Lege honetan erakunde eta enteek herritarrekin harremanetarako dituzten aukera eta betebeharrak gauzatzeko ezinbesteko baliabideak izango dira bitarteko elektronikoak. Herritarren iritzia jaso ez ezik, zenbait gairen aurrean erabakiak zuzenean hartzera bideratu ahalko dira baliabide hauek ere.

  1. Administrazio-izapideak sinplifikatzeko eta herritarrek administrazio publikoen eskuetan dauden datu eta dokumentuak ez aurkezteko duten eskubidea bermatzeko, ez da interesdunen adostasunik eskatuko, administrazio publikoak beren eskumenen barruan beren berezko funtzioak betetzean, baldin eta:

    1. Eskatzen duten informazioa betekizuntzat azaltzen bada administrazio-prozedura erregulatzen duen arauan.

    2. Administrazio-prozedura interesdunaren eskariz hasten bada, orduan interesdunaren eskaera egongo baita.

    3. Informazio hori eskuragarri badago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean edo administrazioen arteko elkarreragingarritasunerako zerbitzuetan.

    4. Babes berezia behar duten datu pertsonalei buruzko informazioa ez bada.

  2. Administrazio-prozedurak erregulatzeko arauetan aurreikusten den kasuetan, elektronikoki aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren edo aldez aurreko jakinarazpenen bidez justifikatu ahal izango da baldintzak betetzen direla. Dagokion legeriak kasu bakoitzerako ezartzen dituen ondorioak izango dituzte erantzukizunpeko adierazpen eta aldez aurreko jakinarazpen horiek.

  3. Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legearen 8. artikuluan xedatzen den jendaurrean jartzearen izapidea argitaratzeko, informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren ohar-taula elektronikoan argitaratuko da, dagokion arautegian ezarritako ohiko beste bideak erabiltzeaz gain. Era berean, kanal hori erabiliko da hala xedatua duten gainontzeko prozeduretako informazio-ematearen edo jendaurrean jartzearen izapideetan ere.

  4. Prozedura bateko interesdunak ezezagunak direnean, jakinarazpena egiteko lekua edo modua ezagutzen ez denean edo jakinarazteko ahalegina egin arren ez denean lortzen jakinaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren ohar-taula elektronikoaren bidez egingo da jakinarazpena, eta, horrez gain, kasuan kasuko prozedurari aplikatu beharreko arautegian ezartzen diren ohiko bitartekoen bidez.

  5. Hautaketa-prozedura edo edozein motatako norgehiagoka-prozedura baten egintzak direnean, hargatik eragotzi gabe kontratatzailearen profilean edo dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren ohar-taula elektronikoa erabiliko da, zeina prozeduraren deialdietan jakinaraziko den.

  6. Laguntzen eta dirulaguntzen arau erregulatzaileek ezarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren ohar-taula elektronikoan argitaratu behar direla laguntza eta dirulaguntzak emateko ebazpenak eta ebazpenen aldaketak.

  1. Administrazio elektronikoa bultzatze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak sustatuko du Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako eta toki-entitateetako administrazioko kasuan kasuko entitateekin jarduteko elkarlan-hitzarmenak eta bestelako lankidetza-tresnak egitea.

    Gainera, bultzatuko du hitzarmen eta lankidetza-tresna horiek egitea Europar Batasun, Estatuko Administrazio, autonomia-erkidego eta haien toki-entitateetako entitateekin edo arloan eskudun den nazioarteko edozein organismorekin ere.

  2. Administrazio Elektronikorako Aholku Batzordea sortuko da arauz. Kide anitzeko organoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean administrazio elektronikoaren arloko eskumena duen sailaren mende egongo da eta hura izango da arlo honetan euskal administrazio publikoen lankidetza eta parte-hartzerako organo teknikoa.

  3. Aholku-batzordeak zeregin hauek izango ditu:

    1. Administrazio publikoek lanean eta herritarrekiko harreman elektronikoetan erabiltzen dituzten sistemen eta aplikazioen bateragarritasuna eta elkarreragingarritasuna lortzen ahalegintzea.

    2. Administrazio elektronikoaren garapena eta software publikoaren berrerabilera bultzatzeko jarduera-plan eta -programa bateratuak prestatzea.

    3. Administrazio arteko lankidetzarako tresnak garatzea, zeinek herritarrei lagunduko dieten euskal administrazio publikoek Interneten argitaraturiko informazioa bilatzen, nabigazioa edo edukiak aurkitzea erraztuko duten, eta eduki jakin batzuk argitaratzearen abisu-zerbitzuetan izen-emate bateratua egiteko aukera eskainiko duten, esate baterako, euskal administrazio publikoen webetako edukiak katalogatzeko eredu bateratuak garatzea.

    4. Euskal administrazio publiko guztietako informazio publikora iristeko eskubidea egikaritzeko leihatila bakarra garatzen lagunduko duten ereduak diseinatzea.

    5. Administrazio publikoen arteko lankidetza-tresnak garatzea herritarrei administrazio-informazio argi, eguneratu eta okerrik gabea emateko.

  4. Batzordea sortzeko erregelamenduak ezarriko du batzordearen osaera, haren izaera eta garrantzi handia kontuan hartuz. Landu beharreko gaiengatik interesgarritzat joz gero, kasu bakoitzean komeni diren antolakunde, korporazio eta eragile sozialak gonbidatu ahal izango dira aholku-batzordearen deliberazioetan parte hartzera.

Komunikabideekin, organismo publikoekin eta, oro har, enpresekin hitzarmenak sinatzea bultzatuko da, horiek terminal informatiko publikoak instalatzeko espazioak jar ditzaten edo herritarrek hitzarmeneko entitateen terminal, hari gabeko sare eta konexioak erabil ditzaten. Administrazio elektronikoa herritarrentzat irisgarriagoa izatea da horren guztiaren helburua; alegia, herritarrek gailu berezirik eskuratu behar ez izatea eta Administrazioaren egoitzetara joan behar ez izatea.

  1. Lege honen ondorioetarako, hauxe da herritarrekiko interakzioa: harremanetarako espazio eraikitzaile bat sortzeko antolatzen diren prozesu eta bitartekoen multzoa, herritarrei beren eskubideak erabiltzea, beren betebeharrak betetzea eta informaziora iristea ahalbidetzen diena, eta oinarrizkoa dena, alde batetik, gai publikoetan informatuta dauden eta gai horietan parte hartzen duten, aktiboak diren eta erantzukizuna partekatzen duten herritarrak lortzeko eta, bestetik, herritarrentzat irekiagoa eta irisgarriagoa den eta kudeaketa gardenagoa duen administrazio bat erdiesteko.

  2. Herritarrekiko interakzioa gauzatzeko, teknologia, antolaketa, informazio eta langilez osatutako kanal anitzeko sistema bat erabiltzen da. Sistema horren helburua komunikazioa hobetzea da aurrez aurreko kanalen, telefono bidezko kanalen eta kanal telematikoen bidez eta Interneten oinarritzen diren bitartekoak erabiliz.

  3. Honako hauek dira herritarrekiko interakzioaren jarduerarekin lortu nahi diren xedeak: Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak kudeatzen dituen politika publikoei eta eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko informazioa eta orientazioa ematea, administrazio-izapideak egiteko erraztasunak ematea herritarrei eta herritarren parte-hartze eta elkarlanerako prozesuen ezarpena bultzatzea.

  4. Informazioaren eta zerbitzu publikoen espezializazioaren eta irisgarritasunerako eta integratzeko bideragarritasunaren arabera, bi maila ezartzen dira herritarrekiko interakzioan:

    1. Interakzio-maila orokorra: oinarrizko informazio, orientazio eta laguntza eskainiko du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko edozein organotako zerbitzu publikoen politika edo izapideei buruz.

    2. Interakzio-maila espezializatua: informazio, orientazio eta laguntza espezializatua, hau da, ezagutza-maila espezializatua eskatzen duena, eskainiko du organismo arduradun bakoitzaren eskumen-arloko zerbitzu espezifikoen politika edo izapideei buruz.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean administrazio publikoaren arloko eskumena duen sailak, bera arduratzen baita herritarrekiko interakzioaz, zeregin hauek izango ditu:

    1. Herritarrekiko interakziorako kanal anitzeko sistema diseinatzea eta ezartzea.

      Sistema horrek eredu bat izango du oinarri, non teknikoki definituko diren herritarrekiko interakziorako formak eta hartarako erabiliko diren komunikazio-tresnak; kudeaketa-sistema, herritarrekiko interakzio-prozesuen funtzionamendua eta norabidea deskribatuko dituena alderdi teknikoari eta funtzionalari eta antolaketari begira, eta azken buruko interakzio-prozesuak gauzatzeko interakzio-kanalak aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa eta telematikoa.

    2. Zerbitzu bakoitzari dagokion atentzio-maila orokorra eta espezializatua zehaztea, gai bakoitzean eskumena duten sailekin elkarlanean.

    3. Interakzio-maila orokorra zuzenean kudeatzea, sail eta organo sektorial bakoitzak emandako informazioan oinarrituta, arreta-bulego fisikoen, telefono bidezko komunikazioen eta Interneten oinarritutako bitartekoen bidez.

    4. Kexa, iradokizun eta eskertzeen sistemarako irispidea kudeatzea; interakzio-maila orokorrekoei erantzutea eta gainerakoak organo eskudunetara bidaltzea, eta erantzunen epeen eta kalitatearen jarraipena eta kontrola egiteko sistemak jartzea.

    5. Informazio eta zerbitzu publikoak edozein modalitate, kanal eta interakzio-mailetan aurkezterakoan homogeneotasuna ziurtatzeko irizpide eta estandarrak lantzea eta argitaratzea.

    6. Herritarrekiko interakziorako kanal anitzeko sistema osatzen duten kanal eta tresna guztiak koordinatzea eta elkarri lotzea, zerbitzu osoak eta kalitatezkoak emateko eta, bereziki, informazioa zatikatzea edo informazioen arteko kontraesanak ekiditeko, eta herritarrei bermatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoarekin komunikatzeko nahi duten bidea aukeratzeko eskubidea. Halaber, lege honetan aipatzen den gobernu irekiaren plataforma koordinatzeaz arduratzea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak euskara eta gaztelania direnez, bi horiek dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zerbitzu-, harreman- eta lan-hizkuntzak, aplikatu behar den arautegiak ezartzen duen eran. Sektore publiko guztiak errespetatuko ditu herritarren hizkuntza-eskubideak, harremanetarako herritar bakoitzak erabili nahi duen hizkuntzaren erabilera bermatuz.

  2. Euskararen erabileraren normalizaziorako legeriarekin bat etorriz, zeinak herritarren hizkuntza-eskubideak aitortzen dituen, hartu beharreko neurriak hartuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko subjektuek euskararen erabilera posible izatea berma dadin, bai administrazioen artean eta administrazio beraren barruan, bai sektore publikoko langileen artean eta bai herritarrei ematen zaizkien zerbitzuetan. Herritarrek euskal sektore publikoa osatzen duten erakunde eta enteekin harreman guztia euskaraz izateko eskubidea bermatuko da.

  3. Kapitulu honetan ezarritakoa ez da eragozpen izango beste hizkuntza batzuk erabili ahal izateko edo zerbitzuak beste hizkuntza batzuetan eman ahal izateko Euskadin bizi diren herritarrentzako atentziorik onenak hala eskatzen duenean eta aurrekontuek eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko langileen hizkuntza-ezagutzak hartarako bidea ematen dutenean.

  4. Artikulu honetan ezarritakoa gauzatzeko, botere publikoek neurriak hartuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko langileek progresiboki hizkuntza-gaitasuna lor dezaten.

  1. Aurreko artikuluko lehenengo apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan, lehentasunik ezarri gabe, idatzi ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren barruan egiten diren dokumentu eta komunikazio guztiak, eta ez da beharrezkoa izango beste hizkuntza ofizialkidera itzultzea, barruko egintzak, administrazio barruko harremanak edo Autonomia Erkidegoko administrazioen edo ente publikoen arteko harremanak direnean.

  2. Baina, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren esku-hartzea duen egintza orok bai eta administrazio-jakinarazpen eta -adierazpenek ere nahitaez bi hizkuntza ofizialetan idatzita egon beharko dute herritarrentzat badira, salbu eta interesdun pribatuek berariaz aukeratzen badute bietako bat erabiltzea. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten ente edo entitateetatik datorren ebazpen ofizial orok bi hizkuntza ofizialetan idatzita egon beharko du publikotasun ofiziala egiteko.

  3. Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikotik datorren xedapen arau-emaile eta orokor orok euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egon behar du, eta euskarazko eta gaztelaniazko testuak, biak, izango dira ofizialak eta benetakoak. Horretarako, bi hizkuntza-bertsioen zehaztasuna eta baliokidetasuna bermatuko dira segurtasun juridikoaren oinarrizko elementu gisa.

  1. Pertsona batek baino gehiagok parte hartzen duten espediente edo prozeduretan, alderdi parte-hartzaileek adostasunez erabakitzen duten hizkuntza ofiziala erabiliko dute botere publikoek.

  2. Ados jartzen ez badira, espediente edo prozedura bultzatu duen pertsonak aukeratzen duen hizkuntza ofiziala erabiliko da. Hala ere, Administrazioak antolatu ahalko ditu behar diren mekanismoak prozeduran parte hartzen duten gainerako pertsonek beren hizkuntza-eskubideak baliatu ditzaten, betiere Administrazio publikoarekiko duten harremanetan subjektu aktibo bihurtzen duten zama edo obligaziorik dakarzkioten betebeharrik edo baldintzarik jarri gabe.

  1. Idatzita dauden hizkuntza ofizialean inskribatuko dira dokumentuak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren mendeko erregistro publikoetan. Ofiziala ez den hizkuntza batean idatzita dauden dokumentuak hizkuntza ofizial batera edo bestera egindako itzulpenarekin erregistratu beharko dira, arauz ezartzen den eran.

  2. Dokumentuak erakutsi eta egiaztatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetarako itzulpena bermatuko da.

  3. Nolanahi ere, artxibategi eta erregistroetan Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak erabiltzeko aukera bermatuko da.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako foru-sektore publikoari eta Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioei aplikatzea.

    Lege honetako I. tituluko II. kapituluan, 11., 63., 64., 68. eta 69. artikuluetan, eta V. tituluko IV. kapituluan xedatutakoak aplikatuko zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako foru-sektore publikoari eta Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioei, haien antolaketa, araubide eta funtzionamendu instituzionaleko arauek xedatzen dutenaren arabera.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Lege hau Eusko Legebiltzarrari eta haren mendeko enteei aplikatzea.

    Lege honetan jasotako antolaketa- eta funtzionamendu-printzipioak zein lege honek herritarrek botere publikoekiko harremanetan dituzten eskubide eta eginbehar komunei buruz xedatzen dituen gainerako manuak aplikatzearen ondorioetarako, administrazio-zuzenbidearekin lotuta dauden jarduerei dagokienez, euskal sektore publikoaren partetzat jotzen dira Eusko Legebiltzarra eta haren mendeko enteak, Arartekoa eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia, alegia.

Lege hau indarrean sartzean jadanik Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan dauden baina lege honetan xedatutako betebehar edo baldintzaren bat betetzen ez duten fundazioek urtebeteko epea izango dute lege honetara egokitzeko edo, bestela, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikokoak izateari uzteko izapideak egiten hasteko.

Indargabetuta geratzen dira Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen III. titulua, Erakunde mailako antolaketa, eta xedapen gehigarri bakarra, Euskal Autonomia Erkidegoko arlo publikoaren parte-hartzea duten erakundeak, bai eta lege honi kontra egiten dion maila bereko edo beheragoko beste edozein arau ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina aldatzea.

Bat. Aldatu egiten da maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren 61. artikulua, eta honela idatzita egongo da aurrerantzean:

  1. Aurrekontu-gaietan eskumena duen sailak agiri hauek prestatu eta bidaliko dizkio Jaurlaritzari, aurreko artikuluaren 1. paragrafoan aipatutakoei erantsita:

    1. Euskadiko ekonomiaren egoerari buruzko txostena.

    2. Aurrekontu orokorraren azalpen-memoria, zeinak jaso eta zehaztuko baititu hala indarrean dagoen aurrekontuarekiko aldaketak aldaketarik adierazgarrienak azpimarratuz nola haietako bakoitzaren edukia, bai eta aurrekontu orokorraren lege-proiektuko gainerako neurriena ere.

    3. Autonomia Erkidegoko sektore publikoko aurrekontu bateratua.

    4. Indarrean dauden aurrekontuak zenbateraino gauzatu diren adierazten duen txostena, ahal den eguneratuena, eta behin ere ez ekainaren 30a baino lehenagokoa. Txostenak bereziki zehaztu beharko ditu hurrengo urtean gauzatzen jarraituko diren programak eta ekitaldiaren azkenean zer neurritan gauzatuta egongo diren aztertzen duen aurreikuspena, bertan lege honetako 72. artikuluan arautzen diren eta gauzatu gabe dauden programen aipamena egingo dela.

    5. Aurreko urteko aurrekontu orokorraren likidazioa eta, horrekin batera, aurrekontu hori zenbateraino gauzatu den adierazten duen memoria. Memoria horretan, ekitaldi horretan burututako programen azterketa berezia egingo da.

    6. Jaurlaritzak egoki iritzitako beste edozein informazio.

  2. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren partaidetza duten entitateen zerrenda sartu beharko da informazio gisa.

Bi. Bosgarren xedapen gehigarria eransten zaio maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginari, eta honela idatzita egongo da aurrerantzean:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikokoak izan gabe sektore publiko horretako entitateren bati atxikita dauden partzuergoen aurrekontuak Euskadiko aurrekontu orokorrekin batera egongo dira, informazio gisa, aurrekontu-gaietako eskumena duen sailak ezartzen duen eran. Era berean, aurrekontu horien likidazioa ere aurrekontu orokorren likidazioarekin batera egongo da, informazio gisa.

  2. Eusko Jaurlaritzak, aurrekontu-gaietako eskumena duen sailak proposatuta, zehazten duen aurrekontu-araubidea aplikatu beharko zaie aurreko paragrafoan aipaturiko partzuergoei.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bategina aldatzea.

Urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bateginari hirugarren xedapen gehigarria eransten zaio, honela idatzirik:

Hirugarrena. Atxikitako partzuergoei aplikatu beharreko araubidea.

Eusko Jaurlaritzak zehaztuko du zer kontabilitate- eta kontrol-araubide aplikatu behar zaien sektore publiko parte ez diren arren Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateren bati atxikita dauden partzuergoei, gai horietan eskumena duen sailak proposaturik.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Lege hau indarrean sartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 13a.

Lehendakaria,

IIGO URKULLU RENTERIA.