Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2. AGINDUA, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako ...

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2020ko ekainaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzkoa, Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu eta gero.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 120
  • Hurrenkera-zk.: 2421
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/06/18
  • Argitaratze-data: 2020/06/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Osasun eta kontsumoa; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Herrizaingoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren bidez, luzatu egin da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratu zen alarma-egoera (463/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko); bada, 555/2020 Errege Dekretuaren 5. artikuluak hau ezartzen du: COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako aparteko neurriak arintzeko planean Ministro Kontseiluak 2020ko apirilaren 28ko bileran onartua aurreikusitako fase guztiak gainditzen badira, indarrik gabe geratuko dira kasuan kasuko probintzia, uharte edo lurralde-unitateetan alarma-egoera deklaratzearen ondoriozko neurriak.

Bestalde, manu beraren 6.2 artikuluak ezartzen duenez, autonomia-erkidegoek erabaki ahal izango dute, 5. artikuluaren ondorioetarako eta osasun- eta epidemiologia-irizpideen arabera, 3. fasea gainditzea euren erkidegoko probintzia, uharte eta lurralde-unitateetan, eta, beraz, horiek «normaltasun berrian» sartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoa 3. fasean sartu zen ekainaren 8ko 00:00etan, agindu honen laugarren artikuluaren bosgarren puntuan xedatutakoaren arabera: SND/507/2020 Agindua, ekainaren 6koa, zeinaren bidez zenbait agindu aldatzen baitira nazio mailako murrizketa batzuk malgutzeko eta Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 2. eta 3. faseetara zer lurralde-unitate pasatuko diren ezartzeko.

Ordutik hona, maiatzaren 30eko SND/458/2020 Aginduak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan indarren dagoen murrizketa-araubidea SND/458/2020 Agindua, zeinaren bidez alarma-egoera deklaratu ondoren ezarri ziren estatu-mailako zenbait murrizketa malgutzen baitira, normaltasun berrirako trantsiziorako planaren 3. fasea aplikatuz, geroago agindu horren testuan sartu ziren aldaketekin eta Lehendakariaren ekainaren 7ko 13/2020 Dekretuan aurreikusitako zehaztapen eta salbuespenekin 13/2020 Dekretua, zeinaren bidez trantsizio-prozesuaren 3. fasea kudeatu eta aplikatzeko arauak ezartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

Goian aipatutako ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren 6.2 artikuluan jasotako gaikuntza erabiliz, Lehendakariak eman du 14/2020 Dekretua, ekainaren 18koa, zeinaren bidez deklaratzen baita COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako aparteko neurriak arintzeko planaren 3. fasea gainditu dela, eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoa normaltasun berrian sartu dela, 2020ko ekainaren 19ko 00:00etatik aurrerako ondorioekin.

  1. fasea gainditzeak eta, ondorioz, alarma-egoeraren indarraldia amaitzeak esan nahi du Euskadin ondoriorik gabe geratzen direla azken horren esparruan hartutako neurri murriztaile guztiak. Horrela ezartzen du ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren 5. artikuluak. Baina, aldi berean, horrek berekin dakar euskal lurraldean erabat aplikatu behar direla errege lege-dekretu honetan jasotako xedapenak: 21/2020 Errege Lege Dekretua, ekainaren 9koa, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurriena.

    Hala ere, manu horrek ez du agortzen 3. fasea gainditu duten lurraldeetan aplikatu beharreko araubidea. Aitzitik, horren artikuluek «osasun-administrazio eskuduna», «hezkuntza-administrazioak» eta, behin eta berriz, «administrazio eskudunak» gaitzen dituzte prebentzio-neurri gehigarriak ezartzeko esku-hartze administratiboko hainbat eremutako jarduerei eta establezimenduei dagokienez. Hori dela eta, beharrezkoa da xedapen autonomiko bat ematea, arau-eremu hori estaliko duena, «administrazio eskuduna» Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra den arlo guztietan.

    Bestalde, errege lege-dekretu horren 3.2 artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoei dagokie, beren eskumenen esparruan, dekretuan ezarritako neurriak behar bezala betetzen direla zaintzea, ikuskatzea eta kontrolatzea. Ondorioz, beharrezkoa da, halaber, Euskadiko administrazio autonomikoak eginkizun horiek betetzeko egingo dituen jarduerak babestu eta aginduko dituzten arauak ematea.

    Horregatik, agindu honen xedea da COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriak ezartzea, normaltasun berrirako trantsiziorako planaren 3. fasea gainditu eta gero eta COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratu zuen alarma-egoera amaitu ostean, osasun-krisialdi hori behin betiko amaitzen den arte.

    Nolanahi ere, beharrezkoa da zuhurtasun-, segurtasun- eta zorroztasun-printzipioak betetzen segitzea prebentzio- eta autobabes-neurrietan, eta herritarrei laguntza eskatzen zaie orain ere, bakoitzak arduraz jokatzea delako bermerik onenetakoa kutsatzeen bidez birusa ez zabaltzeko.

    Une honetan lehentasuna da kasu positiboak goiz detektatzea eta eraginkortasunez eta berehala bakartzea eta haiekin egon direnak identifikatzea.

    Horrenbestez, egoeraren bilakaera ikusita, eta epidemia kontrolatu beharra kontuan hartuta, Osasuneko sailburuak, osasun-arloko agintaritza baliatuz, eta apirilaren 25eko 14/1986 Legearen 26.1 eta 29.3 artikuluetan, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluan eta adierazitako gainerako arauetan xedatutakoarekin bat etorriz, hau

Lehenengoa. Xedea.

Agindu honen xedea da COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriak ezartzea, normaltasun berrirako trantsiziorako planaren 3. fasea gainditu eta gero.

Bigarrena. Aplikazio-eremua eta irismena.

Agindu honetan aurreikusitako neurriak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan aplikatuko dira. Eranskinean jaso dira neurri horiek.

Beste administrazio publiko batzuen eskumenak eta, eskumen horiek baliatzean, haiek hartzen dituzten neurriak errespetatu behar dira, eta errespetu horren barruan ulertzen dira neurri horiek.

Hirugarrena. Neurriak betetzen direla kontrolatzea eta zehapen-araubidea.

Udaletako, foru-aldundietako eta autonomia-erkidegoko ikuskaritza-zerbitzuak arduratuko dira, beren eskumenen esparruan, agindu honetan jasotako neurriak betetzen direla zaintzeaz.

Ez-betetzeak honako hauetan jasotakoaren arabera zehatuko dira: COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren VII. kapitulua; Osasun Publikoari buruzko Lege Orokorraren (urriaren 4ko 33/2011 Legea) VI. titulua; eta, hala badagokio, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 35. artikulutik 39. artikulura.

Laugarrena. Segurtasun-plan espezifikoak, antolamendu-protokoloak eta gidak.

Agindu honen eranskinean aurreikusitako neurriak osatzeko, segurtasun-plan espezifikoak, antolamendu-protokoloak eta gidak ezarri ahal izango dira, jarduera-sektore bakoitzari egokituta eta administrazio eskudunek onartuta.

Bosgarrena. Neurrien jarraipena eta aplikazioa.

Agindu honen eranskinean aurreikusitako prebentzio-neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, epidemiologia- eta osasun-egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako sailetako titularrek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, beharrezkotzat jotzen dituzten xedapenak eman ahal izango dituzte, agindu honen bidez hartutako neurrien edukia zabaltzeko, murrizteko edo aldatzeko.

Halaber, Osasun Saileko titularrak, osasungintzako agintaritza den aldetik, agindu hau aplikatzeko behar diren neurriak hartu ahal izango ditu, eta, aplikatu beharreko araudiaren arabera eta osasun-egoeraren bilakaera ikusita, agindu honetan aurreikusitakoez gain beharrezkoak diren neurri osagarri guztiak ezarri ahal izango ditu.

Seigarrena. Indarrean jartzea.

Agindu hau 2020ko ekainaren 19ko 00:00etan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 18a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.

  1. Betebehar orokorrak.

  1. Kautela- eta babes-betebeharrak.

    Herritar guztiek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte COVID-19aren gaixotasuna hedatzeko arriskurik ez sortzeko, bai eta norberak arrisku horiekiko duen esposizioa saihesteko ere. Kautela- eta babes-betebehar hori edozein jardueraren titularrei eskatuko zaie.

    Era berean, osasun-agintariek COVID-19aren prebentziorako ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatu beharko dira.

  2. Pertsonen arteko segurtasun-distantzia.

    COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuak ezarri duen pertsonen arteko segurtasun-distantziari, gutxienez 1,5 metrokoari, eusteko neurria bete beharko da edo, bestela, babes fisikorako neurri alternatiboak, higiene-maskara egokiak eta arnas-etiketa erabili beharko dira. Maskara erabiltzeko betebeharra eskatzekoa izango da, ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren 6.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

  1. Higiene- eta prebentzio-neurri orokorrak.

  1. Jarduera guztietan eskatuko diren higiene- eta prebentzio-neurriak.

    Oro har, ezartzen diren berariazko arau edo protokoloei kalterik egin gabe, higiene- eta prebentzio-neurri hauek aplikatuko zaizkie establezimendu, negozio-lokal, erabilera publikoko instalazio eta espazio eta jarduera publiko guztiei:

  1. Jarduera ekonomikoaren titularrak edo, hala badagokio, zentro, instalazio, erabilera publikoko espazio eta erakundeen zuzendariak edo arduradunak ziurtatu beharko du garbiketa- eta desinfekzio-neurri egokiak hartzen direla agindu honetan aipatzen diren establezimendu, lokal, instalazio edo espazioen ezaugarrietarako eta erabilera-intentsitaterako. 2. Txartelarekin edo gailuen arteko kontaktu fisikorik eragiten ez duten beste bitarteko batzuekin ordaintzea sustatuko da, bai eta horretarako behar diren ekipoak garbitzea eta desinfektatzea ere.

  1. Edukiera mugatzea eta prebentzio-neurri espezifikoak ezartzea sektoreka.

  1. Edukiera kontrolatzearen arloko neurriak.

  1. Establezimenduek, instalazioek eta lokalek gehieneko edukiera adierazi beharko dute jendaurrean, eta edukiera horretan langileak ere jasoko dira. Haien barruan edukiera eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatzen direla ziurtatu beharko dute, eta edukiera zenbatzeko eta kontrolatzeko prozedurak ezarri beharko dituzte, inoiz ere gainditu ez dadin. 2. Pertsonen zirkulazioa antolatzeko eta espazioak banatzeko orduan, pertsonen arteko segurtasun-distantziari eusteko ahalegina egin beharko da. Ahal den neurrian, ibilbideak ezarriko dira bezeroen eta erabiltzaileen zirkulazioa zuzentzeko eta gune jakin batzuetan, bai barrualdeetan bai kanpoko aldeetan, pertsonen pilaketak eta haien arteko kontaktua saihesteko. Bi ate edo gehiago daudenean, sarrerarako eta irteerarako erabilera desberdina ezartzen saiatuko da, pilaketak sortzeko arriskua murrizteko.

  2. Beilak eta ehorzketak.

  1. Beilak mota guztietako instalazioetan, publikoetan zein pribatuetan, egin ahal izango dira, behar bezala gaituta badaude, eta gehienez ere 65 pertsona egon ahalko dira une bakoitzean aire zabaleko espazioetan, edo 30 pertsona, berriz, espazio itxietan, bizikideak izan zein ez izan. 2. Hildakoaren ehorzketarako edo agurrerako segizioan gehienez ere 75 pertsonak parte hartu ahal izango dute, bai eta, hala badagokio, hildakoa agurtzeko hileta-errituak egiteko dagokion konfesioko kultu-ministroak edo antzeko pertsonak ere.

  1. Kultu-lekuak.

  1. Kultu-aretoetara joaten direnek ez dute hartuko lekuaren edukieraren % 75 baino gehiago. Kulturako erabiltzen den espazioko ikusteko moduko toki batean erakutsi beharko da gehieneko edukiera. 2. Dagokion udal-agintaritzak onartu beharko du eraikinen kanpoaldea edo bide publikoa kultu-ekitaldiak egiteko erabiltzea, eta beharrezkoak diren neurriak ezarri beharko dira pertsonen arteko segurtasun-distantziei eusteko, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira, maskara erabiliz.

  1. Ezkontza-zeremoniak eta beste ospakizun erlijioso edo zibil batzuk.

  1. Zeremonia edo ospakizun horiek kultu-lekuetan egiten badira, edukiera-arauak eta higiene- eta prebentzio-neurriak aplikatu beharko dira agindu honetan berariaz jasotako erlijio-kultuko ekitaldiak egiteko. 2. Zeremoniaren ondoren ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetan egin daitezkeen ospakizunak establezimendu horietan zerbitzua emateko aurreikusitako baldintzei eta edukierari egokituko zaizkie.

  1. Merkataritza-establezimendu eta -lokalak, txikizkakoak eta jendeari irekitako zerbitzu profesionaletako jardueretakoak, azoka txikiak eta merkataritza-parkeak.

  1. Txikizkako merkataritza-establezimendu eta -lokalek eta jendeari irekitako zerbitzu profesionaletako jardueretakoek, bai eta merkataritza-guneek edo -parkeek ere, edukiera-mugarik gabe ireki ahal izango dute, baldin eta pertsonen arteko 1,5 metroko distantziari eutsiko zaiola bermatzen bada, eta espazio komunetan eta jolas-guneetan, halakorik balego, edukieraren % 60 errespetatuko da. 2. Beren jarduera bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentaren gisan jarduten duten azoken kasuan azoka txiki gisa ezagutzen direnak, ezingo dira jarri ohiko edo baimendutako postuen % 60 baino gehiago, eta bezeroen joan-etorria mugatuko da, halako moduz non pertsonen arteko segurtasun-distantziari eutsiko baitzaio. 3. Gaitutako azalera handitu edo jarduera hori garatzeko egun gehiago gaitu ahal izango dituzte udalek, muga hori konpentsatzeko. 4. Lehentasunezko zerbitzua emango zaie 65 urtetik gorakoei.

  1. Irakaskuntza-jarduera euskaltegietan, akademietan, autoeskoletan, arautu gabeko irakaskuntzako eskoletan eta prestakuntza-zentro eta antzekoetan, publikoetan zein pribatuetan.

  1. COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluaren aplikazio-eremuan sartzen ez diren euskaltegi, akademia, autoeskola, eskola eta arautu gabeko prestakuntza-zentroetan egiten den jarduera, halakoak dagokien erregistroan inskribatuta baitaude, presentziala izan ahalko da, baldin eta pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia errespetatzen bada eta gehienez ere 25 pertsonaren mugara bitarte. 2. Ibilgailuak erabiliz gero, maskara erabili beharko dute irakasleek, ikasleek eta ibilgailuko gainerako bidaiariek.

  1. Enplegurako Lanbide Heziketa irakasten duten zentro eta erakundeetan, autonomia-erkidegoko administrazioak kudeatu edo finantzatutako prestakuntza-jarduera jakin bat berriz hastea.

    Funtzio Publikoko Sailburuordetzaren eta, kasua bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ebazpen baten bidez hala erabakitzen denean hasiko dira berriz enplegatu publikoentzako eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuko prestakuntza-zentro eta -erakundeetan garatzen diren eta Administrazio autonomikoak kudeatzen eta/edo finantzatzen dituen enplegurako lanbide-heziketako prestakuntza-ekintza presentzialak (teleprestakuntza-modalitatearen zati presentziala barne). Aipatutako ebazpen horretan, prestakuntza-ekintzak eskaintzen dituzten erakunde publiko eta pribatuek bete beharreko laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak ezarriko dira.

    Helburu horrekin, prestakuntza-erakundeek, prestakuntza-jarduera presentziala berriz hasi aurretik, kontingentzia plan bat egin beharko dute, beren ikastetxeetan COVID-19aren eraginpean egoteko arriskua murrizteko. Plan horrek dagokion prebentzio-zerbitzuarekin koordinatuta egon beharko du, eta osasun-agintaritzak ezartzen dituen jarraibideak jasoko ditu.

    Nolanahi ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatutako prestakuntza-jarduera presentzialera mailaz maila itzuli ahal izango da, honako arau hauetan ezarritako moduan: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabakia (2020ko apirilaren 30eko bilkuran hartu zuen erabaki hori, eta haren bidez ezohiko neurriak onartu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketaren arloan COVID-19aren eraginari aurre egiteko; 2020ko maiatzaren 8ko EHAAn argitaratu zen, Lanbideko zuzendari nagusiaren 2020ko apirilaren 30eko Ebazpenaren bidez) edo etorkizunean eman daitezken erabakiak (osasun-agintaritza eskudunak ezarritako jarraibideak eta eranskin honetako 1. eta 2. paragrafoetan xedatutakoa betez).

    Helburu horrekin, prestakuntza-erakundeek, prestakuntza-jarduera presentziala berriz hasi aurretik, kontingentzia plan bat egin beharko dute, beren ikastetxeetan COVID-19aren eraginpean egoteko arriskua murrizteko. Plan horrek dagokion prebentzio-zerbitzuarekin koordinatuta egon beharko du, eta osasun-agintaritzak ezartzen dituen jarraibideak jasoko ditu.

  2. Ostalaritzako establezimenduak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak eta elkarte gastronomikoak.

    Edukieraren muga kentzen da, baldin eta bermatzen bada 1,5 metroko distantzia fisikoa dagoela mahaien artean edo, hala badagokio, mahai-multzoen artean.

    Barrura sartzea eta barran zerbitzua ematea baimentzen da, bezeroen edo bezero-taldeen artean 1,5 metroko distantzia fisikoa gordez gero.

    Koktelak eta buffetak egitea baimentzen da, gehienez ere 25 pertsonako taldeetan.

  3. Hoteletako eta turismo-ostatuetako gune komunak.

  1. Hoteletako eta turismo-ostatuetako eremu komunak pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantentzea bermatzeko moduan okupatuko dira. 2. Koktelak eta buffetak egitea baimentzen da, gehienez ere 25 pertsonako taldeetan. 3. Animazio-jarduerak edo talde-eskolak gehienez ere 25 lagunentzako edukierarekin diseinatu eta planifikatu beharko dira. 4. Hoteletako eta turismo-ostatuetako kirol-instalazioen kasuan, hala nola igerilekuen edo gimnasioen kasuan, horietarako berariaz ezarritako neurriak aplikatuko dira.

  1. Liburutegiak.

  1. Liburutegiek, titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan, honako jarduera hauetarako emango dituzte zerbitzuak: obrak mailegatzeko eta itzultzeko, aretoan irakurtzeko, kontsultatzeko eta erabiltzaileek obrak zuzenean eskuratzeko aukera ematen duen mailegua egiteko, ikasteko aretoak irekitzeko, bibliografia- eta liburutegi-informazioa emateko eta liburutegien arteko maileguak egiteko, bai eta liburutegi-zerbitzuari dagozkion gainerako ohiko jarduerak egiteko ere. Aretoen okupazioak ezin izango du baimendutako ahalmenaren % 60 gainditu. Liburutegietan kultura-jarduerak egiteko ere aplikatuko da okupazio-muga hori. Erabiltzaileek itzultzen dituzten materialek, gutxienez, astebete bereizita egon beharko dute. 2. Liburutegietako erabilera publikorako baliabide teknologikoak erabili ahal izango dira, bai eta sarbide publikoko online katalogoak, liburutegiko fitxetako katalogoak edo argitalpen elektronikoak ere.

  1. Artxiboak.

  1. Artxiboek modu presentzialean edo bide telematikoz emango dituzte zerbitzuak, langile teknikariek erantzun beharreko eskaeraren edo eskariaren bidez. Jarduera presentzialak egin ahal izango dira artxiboetan baimendutako edukieraren % 60 gainditu gabe. 2. Erabiltzaileek eta ikertzaileek erabili ahal izango dituzte artxiboetako herritarren erabilerarako gailu teknologikoak. Pertsona horiek, dena den, beren ekipoak eta baliabide pertsonalak wi-fi sarearekin konektatuta erabili ahal izango dituzte kontsulta-aretoetan edo horretarako gaitzen diren tokietan dauden bitartean.

  1. Museoak, erakusketa-aretoak, monumentuak eta bestelako kultura-ekipamenduak.

  1. Titulartasun publiko edo pribatuko museoek eta erakusketa-aretoek bisitak eta kultura-jarduerak egin ahal izango dituzte, betiere areto eta espazio publiko bakoitzean baimendutako edukieraren % 60 gainditu gabe. Gehieneko edukiera hori espazio berean hainbat pertsona biltzen diren ekitaldietan ere aplikatuko da, hala nola hitzaldietan, tailerretan, kontzertuetan eta, oro har, programa publikoetan. 2. Baimena ematen da haurrentzako edo behar bereziak dituztenentzako hezkuntza-programei berrekiteko, euskal hezkuntza-sisteman aisialdiko jardueretarako edo ikasturtea berriz hasteko jardueretarako ezartzen diren baldintza berberetan. 3. Museo-instalazioetan, ezinbestekoa denean, pantaila interaktiboak erabili ahal izango dira. Erakunde antolatzaileek babes- eta higiene-materialak jarri beharko dituzte erabiltzaileen eskura, erabiltzeko, edo, bestela, erabilera bakoitzaren ondoren garbi uztea bermatzeko.

  1. Zinema-aretoak, antzokiak, karpa-zirkuak, auditorioak, biltzar-jauregiak eta jendaurreko ikuskizunetarako eta kultura- eta jolas-jardueretarako establezimenduak eta antzeko espazioak.

    Areto edo espazio bakoitzean baimendutako edukieraren % 60ko gehienekoarekin egin ahal izango dira jarduerak.

    Apartatu honetan jasotakoa bilera profesionaletan, jabeen erkidegoen batzarretan eta antzeko ekitaldietan ere aplikatuko da.

  2. Kultura-ikuskizunak publikoarekin egin ahal izango dira gehienez ere % 60ko edukiera duten kirol-gune itxietan edo bestelako eraikinetan.

    13 eta 3.14 puntuetan aurreikusitako leku eta jarduera guztietan errespetatu beharko da pertsonen arteko 1,5 metroko gutxieneko distantzia fisikoa; halakorik ezean, maskara nahitaez erabili beharko da (bizikidetza-unitateetan izan ezik, horiek elkarren ondoko eserlekuetan eseri ahal izango baitira). Ikus-entzuleak eserita egon beharko dira eta aurrez aulkia esleitzea eskatuko da; talde artistikoaren kasuan, ikuskizunean zehar interpreteen arteko interakzioa baimenduko da.

  3. Aire zabaleko kultura-jarduerak eta -ikuskizunak.

  1. Aire zabaleko kultura-jarduerak eta -ikuskizunak egitea baimentzen da, baimendutako edukieraren % 60ko gehieneko edukiera baimenduarekin, gehienez ere 1.000 pertsonara arte. Pertsonen arteko 1,5 metroko gutxieneko distantzia fisikoa errespetatu beharko da; halakorik ezean, maskara nahitaez erabili beharko da (bizikidetza-unitateetan izan ezik, horiek elkarren ondoko eserlekuetan eseri ahal izango baitira); ikus-entzuleak eserita egon beharko dira, eta aurrez esleitutako eserlekua beharko da. Artista-taldeei dagokienez, ikuskizunak irauten duen bitartean baimenduta egongo da interpreteen arteko interakzioa. 2. Baimena ematen da espazio irekietan erromeriak, musika- edo dantza-erakustaldiak eta «desfile» gisako ikuskizun ibiltariak egiteko, edo jendeak bide publikoan lagundutakoak. Kasu horietan, aldez aurretik espazioa edo ibilbidea mugatuko da: gehienez ere 1.000 pertsona egongo dira espazio edo ibilbide bakoitzeko. Bertaratzen diren edo parte hartzen duten pertsonen artean 1,5 metroko distantzia fisikoa mantentzeko ahalegina egingo da, eta maskara nahitaez erabili beharko da.

  1. Jarduera fisikoa eta kirol-instalazioak.

  1. Federatu gabeko kirol-jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta gehienez 30 pertsonako taldeetan, aldi berean. 2. Kirol-instalazioetan, igerilekuak barnean direla, baimendutakoaren % 60 izango da gehieneko edukiera. Aldagelak eta dutxak erabili ahal izango dira, babes-arauak betez eta pertsonen artean 1,5 metroko gutxieneko distantzia utziz. 3. Baimena ematen da kirol-modalitate federatu guztietan jarduten hasteko. Jardute hori pixkanaka gauzatu beharko da, talde txikietan, asteak pasa ahala entrenamenduan normaltasunera iristeko. Ahal den guztietan, banakako entrenamenduak edo gutxieneko segurtasun-distantzia mantentzea ahalbidetzen dutenak lehenetsiko dira.

  1. Lehiaketak, kirol-ekitaldi eta -ikuskizunak, eta publikoa bertaratzea:

  1. Antolatzaileek baimena eskatu beharko diete erakunde eskudunei, lehiaketa garatzeko protokolo bat erantsita, higiene- eta urruntze-neurri guztien eta osasun-agintariek ezarritako beste edozein arauren jarraipena bermatzeko. 2. Kirol-lehiaketak, -ekitaldiak eta -ikuskizunak egin daitezke publikoarekin eta gune itxietan, baimendutakoaren % 60ko gehieneko edukierarekin eta gehienez ere 600 pertsonara arte. Pertsonen arteko 1,5 metroko gutxieneko distantzia fisikoa errespetatu beharko da; halakorik ezean, maskara nahitaez erabili beharko da (bizikidetza-unitateetan izan ezik, horiek elkarren ondoko eserlekuetan eseri ahal izango baitira); ikus-entzuleak eserita egon beharko dira, eta aurrez esleitutako eserlekua beharko da. 3. Kirol-lehiaketak, -ekitaldiak eta -ikuskizunak egin daitezke publikoa aire zabalean dela, baimendutakoaren % 60ko gehieneko edukierarekin eta gehienez ere 1.000 pertsonara arte. Pertsonen arteko 1,5 metroko gutxieneko distantzia fisikoa errespetatu beharko da; halakorik ezean, maskara nahitaez erabili beharko da (bizikidetza-unitateetan izan ezik, horiek elkarren ondoko eserlekuetan eseri ahal izango baitira); ikus-entzuleak eserita egon beharko dira, eta aurrez esleitutako eserlekua beharko da. 4. Aire zabaleko kirol-lehiaketetan, hala nola arraunean, atletismoan, errepideko txirrindularitzan, automobil-rallyetan eta antzekoetan, aldez aurretik mugatuko da ekitaldia zein espaziotan edo ibilbidetan egingo den, eta gehienez ere 1.000 pertsona izango dira espazio edo ibilbide bakoitzeko. Bertaratzen diren edo parte hartzen duten pertsonen artean 1,5 metroko distantzia fisikoa mantentzeko ahalegina egingo da, eta maskara nahitaez erabili beharko da.

  1. Igerilekuak.

  1. Aire zabaleko edo estalitako igerilekuetan, kirol- edo jolas-erabilerarako direnean, edukieraren % 60ko muga errespetatu beharko da, bai sarbideari dagokionez, bai kirol- edo jolas-jardueretan zehar. Muga horietatik salbuetsita daude erabilera pribatuko familia bakarreko igerilekuak. 2. Igerilekuak erabiltzean, segurtasun- eta babes-neurri egokiak mantentzen saiatuko da, batez ere erabiltzaileen arteko segurtasun-distantzia. 3. Igerilekuetako egonlekuetan, espazioen banaketa bat ezarriko da lurzoruko seinaleen edo antzeko marken bidez, elkarrekin bizi ez diren erabiltzaileek pertsonen arteko segurtasun-distantzia bete dezaten.

  1. Ehiza-jarduera.

    Baimenduta daude ehiza-jardueraren modalitate guztiak, betiere pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatzen bada edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatzen badira, maskara erabiliz.

  2. Ibaiko eta itsasoko arrantza, kirol-arrantza eta jolas-arrantza.

    Baimenduta daude ibaiko eta itsasoko arrantza, kirol-arrantza eta jolas-arrantza, modalitate guztietan, betiere pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatzen bada edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatzen badira, maskara erabiliz.

  3. Turismo aktiboa eta naturakoa, interpretazio-zentroak eta antzekoak.

    Jarduera horiek naturagune guztietan egin ahal izango dira, baita naturagune babestuen sarea osatzen dutenetan ere, bakoitzaren plangintza-tresnek xedatzen dutenarekin bat etorriz.

    Naturagune babestuen arloko eskumena duen agintaritzak neurri murriztaileak hartu ahal izango ditu naturagune babestuetara iristeko, jende-pilaketak sortzeko arriskua egon daitekeela uste denean.

    Gidaria duten jarduerak 30 pertsonara arteko taldeetan egingo dira, betiere pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatzen bada edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatzen badira, maskara erabiliz.

  4. Haur eta gazteei zuzendutako aisialdiko jarduerak egitea.

    Haur eta gazteentzako aisialdiko jarduerak egin ahal izango dira, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren ekainaren 10eko Aginduan ezarritakoaren arabera.

  5. Hondartzen erabilera.

    Foru-aldundiek eta udalek mugak ezarri ahal izango dituzte hondartzetarako sarbidean eta edukieran, erabiltzaileek pertsonen arteko segurtasun-distantzia betetzen dutela bermatze aldera. Horretarako, mugak ezarri ahal izango dituzte hondartzetan egoteko denboretan, bai eta aparkalekuetarako sarbideetan ere, hondartzen edukiera kontrolatzea errazteko.

  6. Aisialdi-zentro turistikoak eta akuarioak.

  1. Aisialdi-zentro turistikoek eta akuarioek beren jarduera gauzatu ahal izango dute, baldin eta horien guztizko edukiera % 60ra mugatzen bada. 2. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira, maskara erabiliz. 3. Taldeen bisitak gehienez 30 pertsonakoak izango dira, monitorea edo gidaria barne, eta jarduera egiten den bitartean pertsonen arteko segurtasun-distantzia lortzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira, maskara erabiliz.

  1. Aire zabaleko erabilera publikoko parkeak eta kirol-eremuak.

    Haur-parkeak, kirol-eremuak, skate pistak edo aire zabaleko erabilera publikoko antzeko espazioak jendearentzat irekita egon ahal izango dira, baldin eta horietan gehieneko edukiera errespetatzen bada: barrutiaren azaleraren espazio konputagarriko 4 metro koadro bakoitzeko pertsona bat.

    Udalei dagokie espazioa antolatzea eta garbitasun- eta higiene-baldintzak bermatzea.

  2. Diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak.

    Diskoteka-lokalen eta gaueko aisialdiko establezimenduen jarduerak egin ahal izango dira, edukieraren % 60rekin, dantza-pistarik gabe eta halakoen ordez mahaiak jarriz.

  3. Zezen-plazen, -esparruen eta -instalazioen jarduera.

  1. Aire zabaleko zezen-plaza, -esparru eta -instalazio guztiek ohiko ikuskizunetarako, ikuskizun orokorretarako edo bestelakoetarako beren zezen-jarduera egin ahal izango dute, baldin eta aurrez esleitutako eserlekuak badituzte eta baimendutako edukieraren % 60 gainditzen ez badute; nolanahi ere, gehienez ere 1.000 pertsona izango dira, eta esparruan modu homogeneoan banatuko dira. Inola ere ezin izango da prestakuntza-jarduerarik edo jarduera osagarririk egin jarduera horiekin lotura zuzenik ez duten pertsonekin. 2. Jarduerak irauten duen bitartean pertsonen arteko segurtasun-distantziari eusteko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, eta nahitaezkoa izango da babes fisikorako neurri alternatiboak baliatzea, maskara erabiliz, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia bermatu ezin den igarotze-guneetan. 3. Jendaurrean egiten diren zezen-ikuskizunetan, parte-hartzaileek edo ikusleek pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantendu beharko dute. Ezinezkoa den kasuetan, maskara erabili beharko da. 4. Ezarritako higiene- eta prebentzio-neurriak oro har betetzeaz gain, ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuren bat ematen bada, zerbitzu hori eman beharko da ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetan zerbitzua emateko ezarritako baldintzetan aurreikusitakoaren arabera.

  1. Joko eta apustuetarako establezimenduak eta lokalak.

  1. Kasinoek, diru-joko eta ausazko joko kolektiboko establezimenduek, joko-aretoek, bingo-aretoek, jolas-aretoek, zozketek eta tonbolek, apustuetarako lokal espezifikoek eta joko eta apustuetako jolas-jardueren antzeko beste lokal eta instalazio batzuek, jokoaren arloko araudi sektorialak ezarritakoaren arabera, beren jarduera egin ahal izango dute, betiere edukieraren % 60 gainditzen ez badute. 2. Beren instalazioetan pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantziari eusteko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edozein kasutan, makinak edo beste edozein joko-gailu edo joko-mota erabiltzen dutenean, jarduerak egiten diren lokal eta establezimenduetan. Pertsonen arteko distantzia segurtatu ezin den igarotze-eremuetan, maskara erabili beharko da nahitaez. 3. Ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuren bat ematen bada, zerbitzu hori ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetan zerbitzua emateko ezarritako baldintzetara egokituko da.

  1. Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduei buruzko neurri espezifikoak.

  1. Detekzio goiztiarrerako, fokuak kontrolatzeko eta zaintza epidemiologikorako neurriak.

    Kontuan hartuta COVID-19a nahitaez eta premiaz deklaratu beharreko gaixotasuna dela, abenduaren 28ko 2210/1995 Errege Dekretuan (zaintza epidemiologikoko sare nazionala sortzen duena) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Zaintza Epidemiologikoko Sistema sortzen duen 312/1996 Dekretuan eta haren eranskinetan (2016ko urtarrilaren 21eko Aginduaren bidez aldatuak) aurreikusitakoaren ondoreetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitario eta soziosanitario guztiek, titulartasun publikokoek zein pribatukoek, honako hauek egin beharko dituzte:

    1. COVID-19ko kasu guztiak, baieztatuak zein susmatutakoak, jakinarazi beharko dizkiote Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, nahitaez deklaratu beharreko gaixotasunak deklaratzeko ezarritako prozeduraren bidez, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Zaintza Epidemiologikoko Sistema sortzen duen 312/1996 Dekretuan eta haren eranskinetan xedatutakoarekin bat etorriz; eranskin horiek Osasuneko sailburuaren 2016ko urtarrilaren 21eko Aginduaren bidez aldatu ziren. b) Hildakoren bat izan dela jakin eta heriotza horren arrazoia COVID-19a izan daitekeenean, hori jakinarazi beharko diote Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.

      Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari helaraziko dizkio jakinarazpen horiek, pazienteen historia klinikoan txerta ditzan, transmitigarriak izateko arriskua duten kasuak baitira.

  2. Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetan segurtasuna bermatzeko antolamendu-neurriak.

  1. Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduek, edozein dela ere haien titulartasuna, antolamendu-, prebentzio- eta higiene-neurriak hartu beharko dituzte beren langileentzat, erabiltzaileentzat eta, arrazoia edozein dela ere, haiekin harreman fisikoa duen beste edozein pertsonarentzat, eta, bereziki, eta gutxieneko izaerarekin, honako hauei buruzko neurriak: pertsonen arteko segurtasun-distantzia, erabilera publikoko leku itxietan maskarak erabiltzea, edukiera, eskuen eta arnasbideen higienea, bisitak antolatzea, lekuak partzelatzea, aretoak eta ibilbideen diseinua, garbiketa- eta desinfekzio-protokoloak, bai eta agintari eskudunek ezartzen duten beste edozein neurri ere. 2. Araudi horrek zentro bakoitzaren egoera eta jarduera berezia hartuko ditu kontuan.

  1. Gizarte-zerbitzuetako zentroak, zerbitzuak eta establezimenduak.

  1. Administrazio eskudunek ziurtatu beharko dute egoitza-izaerako gizarte-zerbitzuetako zentroen eta eguneko zentroen titularrek bete egiten dituztela instalazioak desinfektatu eta egokitzeko eta prebentziorako administrazio horiek ezartzen dituzten arauak. Bereziki, zainduko dute beren ohiko jarduera kutsatze-arriskuak une oro prebenitzeko aukera ematen duten baldintzetan garatzen dela. 2. Koordinazioa bermatuko da osasun-sistemako eta gizarte-sistemako agintari eskudunen artean, desgaitasunen bat duten pertsonen, adinekoen eta adingabeen egoitza-zentroetan, eta genero-indarkeriaren eta emakumeen aurkako beste indarkeria mota batzuen biktimentzako larrialdi- eta harrera-zentroetan zein tutoretzapeko pisuetan. 3. Zentroetako titularrek COVID 19rako kontingentzia-planak eduki behar dituzte egoiliarren eta langileen artean gerta daitezkeen kasuak eta haien kontaktuak garaiz identifikatzeko, eta, hala badagokio, egoki diren osasun-zerbitzuaren egiturarekin koordinatzeko prozedurak aktibatu behar dituzte. Zentroetako titularrek antolamendu-, prebentzio- eta higiene-neurriak hartuko dituzte langileei, erabiltzaileei eta bisitariei dagokienez, kutsatze-arriskuak prebenitzeko. Apartatu honetan aipatzen den informazioa eskuragarri egongo da agintari eskudunek hala eskatzen dutenean. 4. Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 22. artikuluan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren katalogoari buruzkoan, jasotako gainerako zerbitzuak emateko, ziurtatu beharko da kutsatze-arriskuak prebenitzeko higiene-neurri egokiak hartzen direla.

  1. Hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduerari buruzko neurriak.

  1. Hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduera presentzialaren garapena 2020-2021 ikasturtearen hasieran indarrean dauden osasun-baldintzen arabera arautuko da honako hauei dagokienez: araubide orokorreko zein bereziko irakaskuntzak, etapa eta maila desberdinak barne, eta goi-mailako irakaskuntza, bai eta bizitza osoan zehar kualifikazioak eskuratzea edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduerak ere. 2. Hezkuntza Sailak ikastetxeetan 2020-2021 ikasturtearen hasieran jarduteko protokolo orokor bat prestatu eta hezkuntza-komunitateari helaraziko dio. Protokolo horretan, hezkuntza-jarduera behar diren segurtasun- eta osasun-bermeekin antolatzeko jarraibideak eta orientabideak jasoko dira. 3. Euskal Unibertsitate Sistemak eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako gainerako unibertsitate-zentroek, beren autonomia kontuan hartuta, beren jarduera guztia arautuko duen protokolo bat prestatu eta argitaratuko dute. 4. Era berean, ikerketa-arloan jarduerak egiten dituzten zentroek, laborategiek, ikerketari laguntzeko zerbitzuek eta administrazioak protokolo espezifiko bat prestatu eta argitaratuko dute, zeinean beren jarduera guztia arautuko baita. 5. Hezkuntza-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduera presentzial guztiak prebentzio-, osasun- eta higiene-arauak errespetatuz egingo dira, babes-arauak eta pertsonen arteko distantzia errespetatuz. Segurtasun-distantzia hori mantentzea ezinezkoa denean, kutsatzea saihesteko higiene-neurri egokiak ezarriko dira; besteak beste, maskarak erabiltzea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko lurreko eta itsasoko garraioan ibilgailuak okupatzeari eta erabiltzeari buruzko neurriak.

  1. Okupazioa bidaiarien garraioan.

    1. Lurreko garraioa. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan osorik garatzen diren bidaiarien lurreko garraioetan (trenbidea eta errepidea), garraio horiek publiko erregularrak, eskatu ahalakoak zein garraio osagarri pribatuak izan, eta hiri-eremukoak, hiriartekoak eta autonomia-erkidegoen, foru-aldundien zein toki-erakundeen eskumeneko hiri ingurukoak izan, ibilgailuak gehieneko edukiera bete arte okupatu ahal izango dira, bai eseritako plazei bai, zutikako plazei dagokienez. Garraio-unitate bakoitzak alarma deklaratu aurretik aplikatu beharreko araudiak finkatutako erreferentziazko gaitasunaren adierazleak hartuko dira erreferentzia gisa, eta edukieraren % 100 berreskuratuko da, eta ahal denean, pertsonek ahalik eta distantzia handiena beren artean manten dezaten saiatuko da. Gidariak barne bederatzi eserleku bitarte dituzten ibilgailuak erabiliz egiten diren pertsonen garraio publiko, pribatu partikular eta pribatu osagarrietan, ibilgailuak dituen plazak adina pertsona joan ahal izango dira, gidariaren plazaren ondokoa barne. Dekretu honen datan unitaterako sarbidea tarteko edo atzeko ateetatik finkatuta duten bidaiarien errepideko garraioek erabiltzaileei aurreko atetik sartzen uzteko modua berreskuratu ahal izango dute. Manparak jartzea gomendagarritzat joko da, baldin eta ezinezkoa bada gidari-postua publiko orokorretik isolatzea. b) Kable bidezko garraioa. Bidaiarien kable bidezko garraioetan, funikularretan eta zerbitzu publikoko igogailuetan (ez udal eskumeneko erabilera publikokoetan), autonomia-erkidegoaren eskumeneko emakida-araubidean daudenetan, bagoiak zein bidaiari-kabinak osorik okupatu ahal izango dira edukiera osatu arte. Garraio-unitate bakoitzak alarma deklaratu aurretik aplikatu beharreko araudiak finkatutako erreferentziazko gaitasunaren adierazleak hartuko dira erreferentzia gisa, eta edukieraren % 100 berreskuratuko da, eta ahal denean, pertsonek ahalik eta distantzia handiena beren artean manten dezaten saiatuko da. c) Itsas garraioa. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan egiten diren bidaiarien itsas garraioko zerbitzuetan, beste autonomia-erkidego batzuetako puntu edo portuekin loturarik izan gabe, ontziak gehieneko edukiera bete arte okupatu ahal izango dira, bai eserita dauden plazei, bai zutikako plazei dagokienez. Garraio-unitate bakoitzak alarma deklaratu aurretik aplikatu beharreko araudiak finkatutako erreferentziazko gaitasunaren adierazleak hartuko dira erreferentzia gisa, eta edukieraren % 100 berreskuratuko da, eta ahal denean, pertsonek ahalik eta distantzia handiena beren artean manten dezaten saiatuko da.

  2. Txartelen aldez aurreko salmenta

    Bidaiarien lurreko garraioetan, kable bidezkoetan eta itsas garraioetan, erreserba edo eserlekua esleituta dutenean, txartelak aldez aurretik saltzeko kanalen bidez erostea sustatuko da.

    Ezinezkoa denean, beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartuko dira bidaiariek elkarren artean ezarritako tartea mantentzen dutela eta espaloiaren ohiko zirkulazioa oztopatu gabe modu ordenatuan jartzen direla ziurtatzeko.

    Horretarako, seinaleak eta eremu mugatuak jarriko dira, erabiltzaileak bertatik ordenan ibil daitezen garraiobidera sartu arte.

    Aurrez esleitutako eserleku-zenbakia duten probintziarteko lurreko garraioaren operadoreek informazioa bildu beharko dute bidaiari guztiekin harremanetan jartzeko, eta bidaiaren ondoren gutxienez lau astez gorde beharko dituzte bidaiari-zerrendak. Halaber, zerrenda horiek osasun-agintariei eman beharko dizkiete, kontaktuen trazabilitatea egiteko eskatzen zaizkienean.

  3. Erabiltzaileak eta edukieraren kontrola

    Lurreko, kable bidezko eta itsasoko garraiobide guztietarako, mugikortasun urriko pertsonentzako edo lehentasunez erabiltzeko legez esleituta dauden plazak bermatuko dira beti.

    Erabiltzaileek erraztuko dute pilaketarik ez egotea, garraio-unitateen sarrera- eta irteera-distantziak errespetatuz. Operadoreek izendatutako profesionalek ahalmena izango dute edukiera kontrolatzeko eta unitate bat noiz dagoen osaturik zehazteko, osasun- eta segurtasun-irizpideei jarraituz.

  4. Maskarak nahitaez erabili beharra.

    Erabat nahitaezkoa eta ezinbestekoa da maskarak erabiltzea (helduek eta adingabeek) bidaiariak garraiatzeko goian adierazitako edozein bide erabiltzeko, bidaia hasten denetik amaitzen den arte, osasun-agintariek berariaz salbuetsitako kasuetan izan ezik; kasu horiek, nolanahi ere, egiaztatu egin beharko dira bidezko agintariek hala eskatzen badute.

    Garraioaren arloko profesionalek ere maskara eraman beharko dute zerbitzuak irauten duen bitartean, baldin eta jendearengandik bereizitako beren lanleku propioa edo babes-manpara baten bidez bereizitako leku bat ez badute.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (8)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.
Euskadi, auzolana