Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2022ko urtarrilaren 31koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Legutioko udalerriko Ibarran (SR1 sektorea) 42 babes ofizialeko etxebizitza alokairuan esleitzeko prozedurari. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko urtarrilaren 31koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Legutioko udalerriko Ibarran (SR1 sektorea) 42 babes ofizialeko etxebizitza alokairuan esleitzeko prozedurari.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 32
  • Hurrenkera-zk.: 744
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/01/31
  • Argitaratze-data: 2022/02/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Lehenengoa. Etxebizitza horien esleipen-prozedurak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen duenari jarraituko dio, etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa. Izan ere, horrela ezartzen du Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluak. Aipatutako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren III. kapitulua (alokairuko etxebizitzen esleipen-prozedurari dagokiona) aldatu da abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuaren azken xedapenetako zazpigarrenak eraginda (210/2019 Dekretua, kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa).

Bigarrena. Arabako Etxebizitzako lurralde-ordezkariaren 2011ko apirilaren 20ko Ebazpenaren bidez, behin-behineko kalifikazioa eskuratu zuen Legutio udalerriko Ibarrako SR1 sektorean kokatutako babes ofizialeko 19 etxebizitzako sustapenak, eta baita Legutio udalerriko Ibarrako SR1 sektorean kokatutako babes ofizialeko 17 etxebizitzako bigarren sustapen batek. 2021eko maiatzaren 3ko behin behineko kalifikazioaren aldaketek eraginda, sustapen hauetako bakoitzak 21 etxebizitza izango dituzte. Sustapen hauen titularra Eusko Jaurlaritza da (espediente-zenbakiak: EB1-0719/10-LC-001 eta EB1-0720/10-LC-001).

Hirugarrena. 2007ko azaroaren 19an lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Legutioko Udalak, hitzarmenaren asmoa izanik Legutioko udalerriko, Ibarrako SR1 sektorean, babes ofizialeko etxebizitzak/etxebizitza sozialak sustatzea. Hitzarmen horren zortzigarren klausulan Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartzen du Legutio izendatzea sustapenean interesa duen udalerri bakarra. Honen ondorioz, udalerri horretan erroldatutako biztanleek baino ezin izango dute parte hartu aipatu 42 etxebizitzako esleipen-prozeduran eta gutxienez bi urteko errolda-antzinatasuna izan beharko dute Legution, etxebizitza hauen esleipen-prozeduraren hasiera agindua argitaratzen den egunean. Hitzarmenak gaineratzen duenez, esleitu ez dela-eta, etxebizitzaren bat soberan geratuko balitz Eusko Jaurlaritzako etxebizitzan eskumena duen sailak zehaztuko du zer udalerrietako eskatzaileek hartuko duten parte esleipen-prozeduran.

Laugarrena. Esleipen-prozedura bakar honen bitartez, alokairuan esleituko diren 42 etxebizitza horietako 3 etxebizitza mugikortasun urriko elbarritasun iraunkorra duten pertsonentzako egokituta daude eta bi logelakoak dira, 80,60 m2 eta 83,90 m2 bitarteko azalera izanik. Gainerako 39 etxebizitzetatik 19 etxebizitza hiru logelakoak dira, eta 79,50 m2 eta 90,00 m2 bitarteko azalera dute; 8 etxebizitza bi logelakoak dira, eta 67,70 m2 eta 67,80 m2 bitarteko azalera dute; eta 12 etxebizitza logela bakarrekoak dira, eta 48,20 m2 eta 48,35 m2 bitarteko azalera dute. Etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da. Etxebizitza hauek kupotan bananduko dira, laugarren ebazpenean ezartzen den bezala.

Lehenengoa. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari dagokio honako agindu hau xedatzea, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen denaren arabera; Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 48. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (agindu hori etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa da).

Bigarrena. Abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak (kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa), azken xedapenetako zazpigarren artikuluko 4. puntuan, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. tituluko III. kapitulua aldatzen du, zeinek arautzen baitu babes ofizialeko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien esleipen-prozedura. Aipatu dekretuak 2012ko urriaren 15eko Aginduan 47 bis artikulua txertatzen du, eta, bertan esaten denez, sustapen guztietan kolektibo jakin bati berariaz bideratutako autonomia-erregimeneko zuzkidura-bizitokien kasuan salbu, etxebizitza kupo batzuk gordeko dira honako kolektibo hauen premiei erantzuteko: elbarritasun fisikoa duten pertsonentzat, 36 urtetik beherako pertsonentzat (adin horretatik beherako gutxienez kide bat duten bizikidetza-unitateak barne), etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten pertsonak, etxebizitza-premia berezia duten pertsonak, gainerako eskatzaileak edo kupo orokorra. 47 bis artikuluko 5. puntuan aipatzen diren ehunekoak errespetatu behar dituzte kupoek sustapen bakoitzeko.

Hirugarrena. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluak, egungo erredakzioan, esaten du etxebizitzen esleipena 47 bis artikuluan aipatzen diren irizpideen arabera egingo dela, hots, kupoen arabera, etxebizitzen egokitasunaren arabera eta 51. artikuluan aipatzen den baremoaren arabera betiere prozeduran onartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituz. 51. artikulu horrek baremoa arautzen du, honako hauek kontuan izanik: eskatzaileen diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko kide kopurua, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan duten antzinatasuna, eta etxebizitza-premia berezia.

Bizikidetza-unitateko kide-kopuruagatik ematen den puntuazioa bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta sustapeneko etxebizitzek duten logela-kopuruaren arabera emango da. Gauzak horrela, logela bateko etxebizitzetarako: puntu 1 emango zaie bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. 2 logelako etxebizitzetarako: 3 puntu emango zaizkie hiru kidez osatutako bizikidetza-unitateei, puntu 1 bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Azkenik, 3 edo 4 logelako etxebizitzetarako, 7 puntu emango zaizkie sei kidek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateei, 5 puntu bost kidek osatutako bizikidetza-unitateei, 3 puntu lau kidek osatutako bizikidetza-unitateei eta puntu 1 hiru kidek osatutako bizikidetza-unitateei.

Laugarrena. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluak zehazten du etxebizitza bat noiz den egokia, bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta esleitu beharreko etxebizitzak dituen logelen arabera.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

Lehenengoa. Hasiera ematea Legutioko udalerriko Ibarra SR1 sektorean, esleipen-prozedura bakarrean 42 babes ofizialeko etxebizitza esleitzeko prozedurari.

Bigarrena. Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.

Hirugarrena. Esleipen-prozedura honetan parte hartu ahal izango dute agindu hau argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan altan daudenek, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

  1. Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa Araba erdialdeko eremu funtzionaleko udalerriren batean altan daudenak (Agurain, Aana, Armion, Arraia-Maeztu, Arratzua-Ubarrundia, Asparrena, Barrundia, Berantevilla, Bernedo, Burgelu, Donemiliaga, Alegra-Dulantzi, Erriberagoitia, Erriberabeitia, Vitoria-Gasteiz, Gaubea, Harana, Irua Oka, Iruraiz-Gauna, Kanpezu, Kuartango, Lagran, Lantaron, Legutio, Otxandio, Urkabustaiz, Ubide, Urizaharra, Zalduondo, Zanbrana, Zigoitia eta Zuia).

    Hirugarren aurrekarian aipatzen den, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Legutioko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmenaren ondorioz, agindu hau argitaratzen den egunean, Legution gutxienez etenik-gabeko bi urteko errolda-antzinatasuna dutenek izango dute lehentasuna etxebizitzak esleitzerakoan.

  2. 2020. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 9.000 euro eta 39.000 euro artekoak direla egiaztatzea eskatzen da. Baldintza egiaztatzeko, izen ematearen titular guztien diru-sarreren batura kontuan hartuko da. Mugikortasun murriztua duten pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko, ez eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa onartuta daukaten eskatzaileek ere.

  3. Etxebizitza jabetzan, azalera eskubidean edo gozamenean ez eduki izana agindu hau argitaratzen den egunaren aurreko bi urteetan. 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 9. artikuluan jasotako etxebizitza premiaren baldintzaren salbuespenak ezarriko dira.

  4. Gehienez 6 kideko bizikidetza unitatea izatea.

    Laugarrena. Esleitu beharreko 42 etxebizitza horietatik, honako kupo hauek gordeko dira:

  1. 3 etxebizitza, mugikortasun urri iraunkorreko desgaitasuna duten pertsonei egokitutakoak. Etxebizitza horiek esleitzeko, 2012ko urriaren 15eko 52. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituko zaio, hau da:

    Lehenik eta behin, desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean A letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat duten pertsonei esleituko zaizkie etxebizitzak; gero, 2. eranskin horretan B letrarekin kalifikatuta dagoen desgaitasunen bat duten pertsonei, eta, azkenik, 7 puntu edo gehiago eskuratzen dituztenei eranskin bereko D eta H bitarteko letretan ezarritakoak batuz.

  2. 39 etxebizitza gainerako eskatzaileen artean banatuko dira kupo hauek errespetatuta:

    15 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 38,5) 36 urtetik beherako pertsonei, adin horretatik beherako gutxienez kide bat duten bizikidetza-unitateak barne, esleituko zaizkie.

    2 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 5) etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten pertsonen artean esleituko dira.

    9 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 23) etxebizitza-premia berezia duten pertsonen artean esleituko dira.

    13 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 33,5) gainerako eskatzaileen artean (kupo orokorra) esleituko dira.

    Kupo hauetako batean etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, etxebizitza hauek handitu egingo lukete kupo orokorrera bideratutako etxebizitzen kupoa.

    Era berean, kupo orokorreko etxebizitzarik esleitu gabe geratuko balira, soberako etxebizitza hauek, kupo bakoitzean gordetako etxebizitzak kontuan izanda, eskaera gehien izan dituen kupoko pertsonen artean esleituko dira.

    Bosgarrena. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 47 bis 2. artikuluak egungo erredakzioan esaten duenari jarraituz, hainbat kolektibotako kide diren pertsonak edo bizikidetza-unitateak, etxebizitzen kopuru handiena duen kupoko taldera sartuko dira.

    Seigarrena. Agindu honek eta esleipen-prozedura honi aplikagarria zaizkion arauek zehazten dituzten baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 10 laneguneko epean, leku hauetan:

    Aurrez aurre: Zuzenean zerbitzua (aurrez hitzordua hartuta), Ramiro de Maeztu kalea, 10, 01008 Vitoria-Gasteiz, Araba.

    Postaz: Arabako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritza, Samaniego kalea 2, 1. solairua, 01008 Vitoria-Gasteiz, Araba.

    Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez.

    Zazpigarrena. Onartutako eskaerak hurrengo lerroetan jasotako barematzeko irizpideen araberako puntuazioa jasoko dute, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 51. artikuluak dioenari jarraituz.

  1. Diru-sarrerak: 10 puntu emango zaizkie 0 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; 9 puntu, 9.001 eta 15.000 euro bitartekoak dituztenei; 8 puntu, 15.001 eta 25.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, eta 5 puntu 25.001 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei.

  2. Bizikidetza-unitateko kide kopurua: bizikidetza-unitateko kide kopurua puntuatzeko orduan, sustapeneko etxebizitzen logela kopurua hartuko da kontuan. Logela bakarreko etxebizitzak: puntu 1 emango zaie 2 kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako etxebizitzak: 3 puntu emango zaizkie 3 kide dituzten bizikidetza-unitateei, puntu bat 2 kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Hiru edo lau logelako etxebizitzak: 7 puntu emango zaizkie 6 kide edo gehiago dituzten bizikidetza-unitateei, 5 puntu 5 kide dituzten bizikidetza-unitateei, 3 puntu 4 kide dituzten bizikidetza- unitateei eta puntu bat 3 kide dituzten bizikidetza-unitateei.

  3. Antzinatasuna etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioan: puntu 1 emango da antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen inskripzio-urte bakoitzeko; 7 puntu emango dira gehienez ere.

  4. Etxebizitza-premia berezia: 4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularren bat duten espedienteei. Desgaitasun intelektual edo garapen-desgaitasunen bat duten pertsonei eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonei dagokienez, 4 puntu emango zaizkie hori egiazta dezaketen bizikidetza-unitateko kideren bat duten espedienteei. Kolektibo bateko baino gehiagoko kide direnei, 4 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko; 8 puntu emango dira gehienez ere.

    Zortzigarrena. Agindu hau publikatuko den eguneko baremazioa izango da kontuan. Berdinketa gertatuz gero, antzinatasun handiena duen eskaeraren aldeko ebazpena emango da, eta, antzinatasuna ere berdina bada, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan lehenengo sartu zena aukeratuko da.

    Bederatzigarrena. Sustapen honetako logela bakarreko etxebizitzak esleitzerakoan, gehienez 2 kideko bizikidetza-unitateei esleituko zaie, bi logelako etxebizitzak esleitzerakoan, gehienez 4 kideko bizikidetza-unitateei esleituko zaie, eta, hiru logelako etxebizitzak esleitzerakoan, gehienez 6 kide dituzten bizikidetza-unitateei esleituko zaie.

    Hamargarrena. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluko bertsio eguneratuan ezarri bezala, etxebizitzak esleitzeko orduan, 47 bis artikuluan aipatzen diren kupoak, etxebizitzen egokitzapena eta prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordena hartuko dira kontuan, betiere 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikatuz.

    Hamaikagarrena. Esleipena amaitutakoan, prozeduran dauden kupoak bezainbeste itxarote-zerrenda egingo dira, parte hartu bai baina etxebizitzarik eskuratu ez dutenak egongo direla barruan. Itxaron-zerrendak amaitu ondoren, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 59. artikuluak ezarritakoari jarraituko zaio esleipenak egiteko.

    Hamabigarrena. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

    Hamahirugarrena. Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 31.

    Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

    IGNACIO MARA ARRIOLA LPEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.