Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2022ko martxoaren 2koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena. Honen bidez, behin betiko ebazten da honako lekualdatze-lehiaketa hau: Justizia Administrazioaren Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidegoetako eta eskaletako funtzionarioen arteko plaza hutsetarako lekualdatze-lehiaketa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2021eko irailaren 30eko Aginduaz iragarria. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2022ko martxoaren 2koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena. Honen bidez, behin betiko ebazten da honako lekualdatze-lehiaketa hau: Justizia Administrazioaren Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidegoetako eta eskaletako funtzionarioen arteko plaza hutsetarako lekualdatze-lehiaketa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2021eko irailaren 30eko Aginduaz iragarria.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 102
  • Hurrenkera-zk.: 2288
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/03/02
  • Argitaratze-data: 2022/05/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Justizia; Funtzio publikoa

Testu legala

Oinarri hartu da honako hauetan xedatutakoa: Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 524. artikulua eta hurrengoak (abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak eta abenduaren 28ko 4/2018 Lege Organikoak aldatu zuten lege hori), Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegiaren 43. artikulua eta hurrengoak eta xedapen indargabetzaile bakarra (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen arautegi hori) eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2021eko irailaren 30eko Aginduaren bederatzigarren oinarria (agindu horren bidez, lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da, Justizia Administrazioaren Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidegoetako eta eskaletako funtzionarioen arteko lekualdatze-lehiaketa). Bada, horiek guztiak kontuan hartuta, honako hau xedatzen da:

Lehenengoa. Behin betiko ebaztea (eranskinean adierazi bezala) Justizia Administrazioaren honako kidego eta eskala hauetako funtzionarioen arteko lekualdatze-lehiaketa: Kudeaketa Prozesal eta Administratiboa, Izapidetze Prozesal eta Administratiboa eta Laguntza Judiziala. Lehiaketarako deialdia Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2021eko irailaren 30eko Aginduaren bidez egin zen.

Bigarrena. Justizia Ministerioaren web-orriko (www.mjusticia.gob.es) zerrendan agertzen diren funtzionarioak lekualdatze-lehiaketatik kanpo uztea.

Hirugarrena. Lehiaketa honetan parte hartu dutenek aurkeztu eta destinorik lortu ez duten eskabideak iraungitzat jotzea; beraz, ez dira kontuan hartuko hurrengo lekualdatze-lehiaketetan.

Laugarrena. Lehiaketa honetan esleitu ez diren plazak plaza huts betegabe deklaratzea eta funtzionario sartu berriek betetzea baldin eta plaza horiek amortizatu nahi ez badituzte, zerbitzuaren premiak direla eta. Plaza huts gisa ere iragarri ahal izango dira berriro lehiaketa arruntean, ez bada oposizioen deialdirik egiten edo egiten den enplegu-eskaintza publikoan betegabe dauden plaza huts guztiak iragarri behar ez badira.

Bosgarrena. Destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan lortzen duten eta zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan eta lehiaketa honetan aipatzen diren kidego edo eskaletan berriz sartzen ez diren funtzionarioei dagokienez (ez dira puntu horretan sartzen behin-behinean lanera itzuli diren funtzionarioak), honako data hauetan utzi beharko dute lanpostua: Izapidetze Prozesal eta Administratiboa, 2022ko martxoaren 18an, ostirala; Kudeaketa Prozesal eta Administratiboa eta Laguntza Judiziala, 2022ko martxoaren 25ean, ostirala. Zerbitzu-eginkizunetan ari direnek ez dute zertan joan kargua uzteko erreserbatuta duten jatorrizko organo judizialera, eta zerbitzu-eginkizuna ematen ari diren organoan egin ahal izango dute. Horretarako, gerentziek eta autonomia-erkidego eskudunek lehiakidea zerbitzu-eginkizunetan dagoen organoari helaraziko dizkiote dokumentuak.

Funtzionario horiek hartu behar duten lanpostuaz jabetzeko epea zenbatzeko, kontuan hartuko dira benetan zerbitzu-eginkizunetan betetzen ari den lanpostuaren herria, eta ez gordeta zeukana, eta lehiaketan lortutakoaren herria.

Seigarrena. Aurreko puntuan zehaztutako funtzionarioei dagokienez, lehiaketa bidez lorturiko destino berriaz jabetzea hiru egun balioduneko epearen barruan egingo da, kargu-uztearen egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, funtzionarioak herriz aldatu behar ez badu; epea zortzi egun baliodunekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen beste herri batera aldatu behar badu, eta hogei egun baliodunekoa baldin eta beste autonomia-erkidego batera joan behar badu, honako kasu hauetan izan ezik: Kanarietako Autonomia Erkidegoa, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, Ceutako Hiri Autonomoa eta Melillako Hiri Autonomoa; kasu horietan hurrengo hila izango da, bai irletako nahiz hirietako lanpostua jatorrikoa bada, bai destinokoa bada. Lanpostua uzteko eta lanpostuaz jabetzeko epeak interesdunei emandako baimenak edo lizentziak amaitzen direnean hasiko dira zenbatzen, oporraldikoak barne; kasu horretan, funtzionarioa bere lanpostura itzultzen den egunean bertan egingo da kargu-uztea, eta orduan hasiko da zenbatzen dagokion lanpostuaz jabetzeko epea. Lanpostuaz jabetzean, lanpostuaz jabetzeko epea zerbitzu aktibotzat joko da ondorio guztietarako. Lanpostuaz jabetzeko epea lehiaketa honetan lortutako plazaren gaineko eskumena duen administrazioak ordainduko du.

Zazpigarrena. Lanpostuaz jabetzeko epea hogei egun baliodunekoa izango da, agindu hau Estatuaren Aldizkari Ofizialetik argitaratzen denetik hasita, baldin eta aginduak Justizia Administrazioko Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidego edo eskaletan jarduneko zerbitzura itzultzea badakar, honako administrazio-egoera hauetatik eratorriak: senitartekoak zaintzeko borondatezko eszedentzia, interes partikularragatiko borondatezko eszedentzia, familia elkartzeko borondatezko eszedentzia edo eginkizunen etendura. Puntu honetan behin-behinean atxikita dauden funtzionarioak ere sartuko dira. Lanpostuaz jabetzeko epe hori ez da ordainduko.

Lehiaketa honen bitartez berriro sartzen diren funtzionarioei dagokienez, baldin eta berriro sartzen diren kidego edo eskalari behin-behinean atxikita badaude edo Justizia Administrazioko beste kidego eta eskala batean aktiboan badaude eta Justizia Administrazioarekiko zerbitzu-harremana eten nahi ez badute, aski izango da jabetzarako hogei egun balioduneko epearen barruan kidego edo eskala berrian gauzatzea jabetzea, eta lehengo destinoko lanpostutik kendu egingo dira lanpostu berriaz jabetu aurreko egunean. Hortaz, lanpostuaz jabetzeko ezinbestekoa den denbora izateko, egungo destinoko Justiziako Lurralde Kudeatzailetzari edo autonomia erkidego eskudunari baimen ordaindu bat eskatu ahal izango diote: bi egun baliodunekoa, herriz aldatzen badira, edo hiru egun baliodunekoa, Kanarietara, Balear Uharteetara, Ceutara edo Melillara mugitu behar badute. Edonola ere, lanpostuaz jabetzeko epearen barruan baliatu behar dira egun horiek. Destino berrian, aipatutako baimen egunen barruan jabetu behar dute lanpostuaz.

Autonomia-erkidego eskudunak, edo dagokion lurralde gerentziak, eszedentzia emango die jatorriko eskala edo kidegoan, baldin eta eszedentzia hori Justizia Administrazioaren zerbitzuan dagoen kidego edo eskala batean gertatzen bada; izan ere, destino hartako lanpostua utzi dutela ondorioztatuko da Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidego edo eskaletan lanpostuaz jabetu aurreko egunean, ordainsariak jasotzean etenik izan ez dadin.

Esleitutako plaza horiek egun betetzen dituzten funtzionarioek utzi egingo dituzte lanpostuok, titularra lanpostuaz jabetzearen ondorioz.

Zortzigarrena. Berriro sartzen diren funtzionarioen kasuan (zazpigarren puntuan adierazitakoak), funtzionarioa martxoaren 18a edo 25a baino lehenago jabetzen bada lanpostuaz zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo familiakoak zaintzeko eszedentzian destinatutako funtzionario bat dagoen edo behin-behineko atxikipena duen funtzionario bat (lehiaketan postua lortuta lekuz aldatu beharko lukeena) dagoen organo judizial batean, ez zaio postua uzteko bosgarren puntuan ezarritako ordenari jarraituko; honela egingo da:

  1. Berriro sartzen den funtzionarioa lanpostuaz jabetuko da.

  2. Berriro sartzen den funtzionarioa postuaz jabetzen den egunean bertan utziko du postua zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo familiakoak zaintzeko eszedentzian dagoen edo behin-behineko atxikipena duen funtzionarioak, eta orduan hasiko zaio funtzionario horri kontatzen lanpostuaz jabetzeko epea, seigarren puntuan adierazitakoa.

  3. Oraindik postua utzi ez duen funtzionario batek okupatutako organo judizial batean jabetzen bada lanpostuaz b) apartatuan postua utzi duen funtzionarioa, a) eta b) puntuetan adierazitako eran jardungo da, eta horrela hurrenez hurren.

    Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo familiakoak zaintzeko borondatezko eszedentzian dagoen funtzionarioa lanpostuaz jabetzean, berriro sartu behar duen funtzionarioak edo behinbehineko atxikipena duen funtzionarioak oraindik ez badu postua utzi, honela jardun beharko da:

  1. Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo familiakoak zaintzeko eszedentzian dagoen funtzionarioa lanpostuaz jabetuko da.

  2. Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo familiakoak zaintzeko eszedentzian dagoen funtzionarioa lanpostuaz jabetzen den egun berean utziko du postua berriro sartu behar duen edo behin-behineko atxikipena duen funtzionarioak, eta orduan hasiko zaio kontatzen lanpostuaz jabetzeko epea, zazpigarren puntuan adierazitakoa.

  3. Oraindik postua utzi ez duen funtzionario batek okupatutako organo judizial batean jabetzen bada lanpostuaz e) apartatuan postua utzi duen funtzionarioa, d) eta e) puntuetan adierazitako eran jardungo da, eta horrela hurrenez hurren.

    Bederatzigarrena. Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 9. artikuluan.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 2a.

    Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

    BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

    (Ikus .PDF)