Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2. 78/2019 EBAZPENA, irailaren 18koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarr...

Arautegia

Inprimatu

78/2019 EBAZPENA, irailaren 18koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Gobernu Kontseiluaren erabaki bat argitaratzea, kontziliazio-baimenak parekatzea onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 186
  • Hurrenkera-zk.: 4460
  • Xedapen-zk.: 78
  • Xedapen-data: 2019/09/18
  • Argitaratze-data: 2019/10/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Gobernu Kontseiluak, 2019ko irailaren 17ko batzarrean, kontziliazio-baimenak parekatzea onartzen duen Erabakia onartu zuen. Behar bezalako publikotasuna izan dezan, hau

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 18a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

2019ko ekainaren 12an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorraren bilerarako deia egin zen. Negoziazioaren gai-zerrendaren bigarren puntua guraso-baimenak parekatzeko proposamena negoziatzea zen, helburutzat hartuta kontziliazio-arloan indarrean zeuden baimenen iraupena parekatzea. Bileran, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta sindikatuek parte hartu zuten, baina ez zuten inolako akordiorik lortu.

Egun, Administrazioaren borondatea da beharrezkoak diren neurriak hartzea gurasoen arteko erantzukidetasuna bermatzeko seme-alaben zaintzan, izan familian jaiotakoak, harreran hartutakoak nahiz adopziorako zaintzan hartutakoak. Administrazioak, era berean, bermatuko du adingabeen eskubidea, aitak, amak edo bi gurasoek zaindu ditzaten.

Hortaz, premisa eta helburuak horiek izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak alde bakarretik erabaki du proposamen hori behin-behinean gauzatzea Gobernu Kontseiluaren erabaki honen bidez, hargatik eragotzi gabe aurrerago erabakia dekretu bidez arautzea. Beste batzuetan ere erabili izan da behin behineko bide hori, eta, adibide gisa, hau aipatu behar da: EAEko Administrazioaren zerbitzuan diharduten behin-behineko langileen araubide juridikoaren erregulazio orokorrari eta egiturazkoari buruzko akordioa. Ildo beretik, aipatu beharra dago Gobernu Kontseiluak onartutako beste zenbait erabaki, lan-baldintzen arloari dagozkionak: 2006ko maiatzaren 30eko Erabakia, EAEko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan aldi baterako zerbitzuak emateko langileen hautaketari buruzkoa; EAEko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorreko akordio bat, zeinaren bidez onartzen baita EAEko lan-kontratudun langile finkoen jubilazio-plan partziala, 2018ko abenduaren 31ra artekoa, eta geroago EAEko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrak lortutako beste akordio bat, zeinaren bidez onartzen baita EAEko lan-kontratudun langile finkoen jubilazio-plan partziala, 2020ko abenduaren 31ra artekoa.

Horrenbestez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak, proposamena eztabaidatu ondoren, honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

«Onartzea "Funtzio Publikoko sailburuordearen proposamena, kontziliazio-baimenak parekatzea onartzen duena" (erabaki honen eranskinean jasota dago)».

ERABAKIAREN ERANSKINA

FUNTZIO PUBLIKOKO SAILBURUORDEAREN PROPOSAMENA, KONTZILIAZIO-BAIMENAK PAREKATZEA ONARTZEN DUENA

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak proposamen hau egiten du, kontziliazioaren arloan indarrean dauden baimenen iraupena parekatzeko asmoz:

Lehenengoa. Aplikazio-eremua.

Proposamen hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean ordezkatuta dauden langileei aplikatuko zaie.

Bigarrena. Erabakiaren helburua.

Baimen hauek parekatzea: jaiotzagatik ama biologikoarentzat, adopzio-, adopziorako zaintza- edo harrera-kasuetarako ematen diren baimenak eta ama biologikoa ez den gurasoarentzat jaiotza-, adopziorako zaintza- edo harrera-kasuetarako ematen diren baimenak; honela parekatuko dira:

Adingabearen gurasoek, diren sexukoak direla, 18 asteko baimenerako eskubidea izango dute jaiotza-, adopzio-, adopziorako zaintza- edo harrera-kasuetarako, enplegu publikoaren oinarrizko arauetan edo lan-arauetan ezarritakoaren arabera. Baimen hori beste bi astez luzatuko da, haur bakoitzeko, jaiotako, adoptatutako edo harrerako haurrak bi edo gehiago badira. Era berean, adingabeak desgaitasunen bat badu, beste bi astez luzatuko da baimena. Baimen horiek besterenezinak izango dira.

Hirugarrena. Aplikazioa.

Egitate sorrarazlea 2019ko irailaren 1etik aurrera gertatzen den kasuetan aplikatuko da proposamen hau.

Laugarrena. Jarraibideak.

Funtzio Publikoko Sailburuordetzak jarraibideak emango ditu, hemen adierazitako baimenak eskatzeko eta gozatzeko prozedurari buruz.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik
Euskadi, auzolana