Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2. EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, ...

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako «ZU. 08 Eskuzaitzeta» eremuaren Plan Partzialaren hirugarren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 29
  • Hurrenkera-zk.: 736
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/01/09
  • Argitaratze-data: 2020/02/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2019ko abuztuaren 30ean, Donostiako Udalak Donostiako «ZU. 08 Eskuzaitzeta» eremuaren Plan Partzialaren hirugarren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskabidea bete zuen. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2019ko urriaren 8an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei 2019ko urriaren 1ean hasita; jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Era berean, Donostiako Udalari ere izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zer planek edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Donostiako «ZU. 08 Eskuzaitzeta» eremuaren Plan Partzialaren hirugarren aldaketa da kasu horietarik bat.

Aztertuta geratu dira Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Donostiako «ZU. 08 Eskuzaitzeta» eremuaren Plan Partzialaren hirugarren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, zehaztapen hauekin:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak. Eremuaren deskribapena:

    Helburuak eta jarduketak

    «ZU. 08 Eskuzaitzeta» eremuaren Plan Partziala 2010ean onartu zen behin betiko, ingurumen-inpaktuaren baterako ebaluazioaren prozedura eginda. Gerora, bi aldaketa egin zaizkio. Plan partzialaren hirugarren aldaketaren helburua da aldaketa horiek bildu eta egungo beharrei aurre egitea. Horrenbestez, hauxe proposatzen da:

    Lurzatiak garatzeko, xehetasun-azterketa egin beharrik ez egotea, eta horien azpibanaketarako baldintzak ezartzea; alegia, antolamendu xehatua ezartzea era honetan:

    Sarbide bat baino gehiago egin ahal izateko moduko alboko bide publiko bat duten lurzatietan, sarbide bereizia duten azpilurzati guztiek eraikuntza-proiektu bat egingo du, hari urbanizazio-obra osagarrien proiektua atxikita. Azpilurzatiak banatzeko, fitxa urbanistikoetan ezarritako xedapenei jarraituko zaie.

    Sarbide bakarra bide publikotik duten lurzatietan, urbanizazio-obra osagarrien baterako proiektua egingo da, barnealdeko kale-banaketa egituratu eta azpilurzati bakoitzerako sarbidea sortzeko, eta barneko azpiegitura-sareak, lurzati bakoitzaren harguneak eta lurzati osoko sestra orokorrak egituratzeko. Azpilurzatiek zeinek bere eraikuntza-proiektua eta urbanizazio-obra osagarrien proiektua idatzi beharko dute. Azpilurzatiak banatzeko, fitxa urbanistikoetan ezarritako xedapenei jarraituko zaie.

    Eraikin-moduluak: lurzati edo azpilurzati berean eraikin-modulu bat baino gehiago eraiki nahi izanez gero, eraikuntza-proiektu bateratu bat garatuko da, faseka exekutatzeko aukera jasoko duena.

    H1 lurzatirako sarbidearen aldaketa puntuala barne hartzea, 1. errepidetik sartzeko aukerarekin, izan ere, plan partzialak 3. errepidetik sartzeko aukera bakarrik ematen zuen.

    Jada onartu diren planaren aldaketak agiri bakar batean jasota geratzea, testu bategina eginez. Hauek dira aipatu aldaketak:

    «ZU.08 Eskuzaitzeta» eremuaren plan partzialaren lehen aldaketa, «A», «E», «H» eta «X» lurzatiena (2015ean onartua).

    «ZU.08 Eskuzaitzeta» eremuaren plan partzialaren bigarren aldaketa, «Y» lurzatiarena (2017an onartua).

    Jada onartutako aldaketa horietarik batere ez da ingurumen-ebaluazio honetarako aztergai, eta ez dituzte aldatzen antolamendu orokorra, urbanizazioa eta erabilerak, ezta lehendik ezarritako eraikigarritasun- eta okupazio-parametroak ere.

    Eremua

    Jada onartutako urbanizazio-proiektu bat duen eremua da. Betelanekin eraldatu da, aipatu urbanizazio horren lurzorua prestatzeko.

    Eremuko sare hidrologikoa eraldatuta dago, aipatu betelanak direla kausa, eta egun Latxaga eta Zorrotzarrita errekek osatzen dute. Aipatu erreketan gorago isurtzen diren errekastoak hondoko drainatzeetara bideratu ziren, eta horien gainean egin ziren betelanak, urbanizazio-obrak egiten ari diren industria-plataformak eratzeko. Errekon gaineko jarduketa hori aintzat hartu zen jada zegokion proiektuan. Gaur egun, eremuaren gainazaleko jariatze-sarearen obrak daude martxan.

    Bestaldeko, jatorrizko landarediaren ordez, gainazal soilak eta landaredia erruderala dago. Espezie exotiko inbaditzaileen presentzia handia da (batik bat Buddleja davidii, Cortaderia selloana, eta Robinia pseudoacacia ale batzuk). Eremuaren inguruetan zuhaixka-formako orbanak daude, zuhaitz gaztez eta iratzez osatuak, eta Batasunaren intereseko 4030 habitata, txilardi lehor europarrak, topa daiteke. Landaredia higrofiloa ere badago bi euste-putzuetan, eta horiek dira natura-balio handieneko elementuak, animalia-espezie jakin batzuetarako habitat egokia direnez.

    Bestalde, espazioa ez dator bat Natura 2000 Sareko gune edo eremu naturalekin. Eremutik 400 metro hegoaldera, Atxulondo-Abalotz natura-intereseko eremua dago.

    Inguruan egin diren aldaketak direla eta, planaren eremua domeinu antropogenikoko hiri-paisaia da.

    Hauteman diren ingurumen-arriskuei dagokienez, planaren eremuan ez dago uholde-arriskurik, akuiferoak kutsatzearekiko urrakortasunik, ezta kutsatuta egon daitekeen lurzorurik ere.

    1. Planaren ezaugarriak aztertuta eta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat, kontuan hartuta egindako kontsulten emaitza, eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, xedatu egin da planak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera.

  1. Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.

    Era berean, tokiko biodibertsitatea sustatuko duten lorezaintza eta paisajismoa sustatzeko helburuarekin jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko, Udalsarea21 koadernoa, 20b zk. erabiltzea gomendatzen da. Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua.

    Bestalde, eraikuntza-proiektuak egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, Planetik eratorritako proiektuetako obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira:

    Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

    Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

    Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

    Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek segurtasun-arauak beteko dituzte uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluari jarraikiz (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

    Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

    Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

    Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

    Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

    Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan (Eusko Jaurlaritza, 2015eko abendua) jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

    Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

    Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea

    Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

    Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

    Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

    Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

    Bigarrena. Zehaztea, bildutako zehaztapenei jarraikiz eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez, ez dela aurreikusten Donostiako «ZU. 08 Eskuzaitzeta» eremuaren Plan Partzialaren hirugarren aldaketak eragin kaltegarri nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

    Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraziko zaio.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Bosgarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Donostiako «ZU. 08 Eskuzaitzeta» eremuaren Plan Partzialaren hirugarren aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

    Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 9a.

    Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

    IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik
Euskadi, auzolana