Euskadi.eus
  • 26/2021 EBAZPENA, maiatzaren 21ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak -Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez- informazioa elkarrekin trukatzeko sinatu duten hitzarmena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

26/2021 EBAZPENA, maiatzaren 21ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak -Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez- informazioa elkarrekin trukatzeko sinatu duten hitzarmena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 112
  • Hurrenkera-zk.: 3283
  • Xedapen-zk.: 26
  • Xedapen-data: 2021/05/21
  • Argitaratze-data: 2021/06/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez aipatu hitzarmena sinatu dute. Beraz, behar den publikotasuna emateko, honako hau

Alde batetik, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia, erakunde horretako titularra ordezkari duela, hots Andrs Harto Martnez zuzendari nagusia, urtarrilaren 21eko 132/2020 Errege Dekretuaren bidez izendatua (urtarrilaren 22ko BOE), zeinak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.2 artikuluan eta Gizarte Segurtasunaren Diruzaintza Nagusiaren egitura eta eskumenak arautzen dituen ekainaren 20ko 1314/1984 Errege Dekretuaren 1. eta 3. artikuluetan ezarritakoaren arabera baitihardu.

Eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Idoia Mendia Cueva andreak ordezkatuta, bigarren lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburua baita, irailaren 7ko 21/2020 Dekretuaren bidez hala izendatuta (EHAA, irailaren 8koa), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren presidentea ere baita eta, beraz, erakunde horren izenean eta ordezkari gisa baitihardu, bat etorrita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 5. artikuluan ezarritakoarekin (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartu ziren estatutuak), eta jarduketa honetarako ahalmena eman baitzaio Gobernu Kontseiluaren 2021eko apirilaren 20ko Erabakiaren bidez.

Alderdiek hitzarmen zehatz hau sinatzeko behar den gaitasun juridikoa aitortu diote elkarri, eta, ondorioz, honako hau

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa. 1. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra Gizarte Segurantzaren zerbitzu komun bat da, nortasun juridiko propioa duena, zeinetan, finantza-elkartasunaren eta kutxa bakarraren printzipioak aplikatuz, finantza-baliabide guztiak bateratzen baitira, aurrekontu-operazioen bidez zein aurrekontuz kanpokoen bidez; haren kargu daude funtsak, balioak eta kredituak zaintzea eta arreta orokorrak eta Gizarte Segurantzaren sistemaren betebeharren eskubide eta ordainketak biltzeko zerbitzuari dagozkionak.

Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 21.1) artikuluak honako hau ezartzen du:

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak, Gizarte Segurantzaren sistemaren kutxa bakarra den aldetik, Gizarte Segurantzaren baliabideen likidazio- eta bilketa-kudeaketa egingo du, bai eta Gizarte Segurantzaren kuotekin batera biltzen diren kontzeptuen kudeaketa ere, borondatezko aldian nahiz betearazpen-bidean, Estatuaren zuzendaritzapean eta tutoretzapean.

Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren egitura eta eskumenak arautzen dituen ekainaren 20ko 1314/1984 Errege Dekretuak (aurrerantzean, GSDO), 1.1.a) artikuluan, enpresak inskribatzearen eta langileen afiliazio, alta eta bajen arloko eskumenak esleitzen ditu; arlo hori enpresak inskribatzeari eta Gizarte Segurantzan langileen afiliazio, alta eta bajei buruzko Araudi Orokorraren 3. artikuluan arautu zen gero, zeina urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen. Horretarako, Erregelamendu horren 52. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari dagokio langileen erregistro bat atxikitzea Gizarte Segurantzaren Sistemaren Erregimen bakoitzeko dagokion identifikazioarekin, baita onuradunekin eta kotizatu behar duten gainerako pertsonekin ere. Halaber, aipatu 1314/1984 Errege Dekretuaren 1.b) artikuluaren arabera, arlo hauek kudeatu eta kontrolatzeko eskumenak ere badagozkio: kotizazioa eta Gizarte Segurantzaren finantzaketa-sistemako kuoten eta gainerako baliabideen bilketa. Ekainaren 11ko 1415/2004 Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Diru-bilketaren Araudi Orokorraren bidez arautu zen arlo hori gero.

Abenduaren 22ko 2064/1995 Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren beste eskubide batzuen kotizazioari eta likidazioari buruzko Erregelamendu Orokorraren 3.1) artikuluak honako hau xedatzen du:

Gizarte Segurantzarekiko zorren likidazio-kudeaketa Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioaren zuzendaritzapean, zaintzapean eta tutoretzapean egingo du Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak, hargatik eragotzi gabe legediak Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzari esleitutako eskumenak eta Gizarte Segurantzaren Administrazioko edo beste administrazio publiko batzuetako beste organo batzuei berariaz esleitutako eginkizunak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten erakundeen eskumen-esparrua abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartutako Euskal Herriaren Autonomia Estatutuan ezarrita dago.

    Ondorio horietarako, Euskal Autonomia Erkidegoari enpleguaren arloan esleitutako eskumenak Lan eta Enplegu Sailari dagozkio, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera. Sail honi atxikita dago Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa, zeinak, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-esparruaren barruan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen arabera, enplegu-politika aktiboen bitartekaritza eta betearazpena kudeatzearekin lotutako eginkizunak betetzen baititu, bai eta zuzenbideko prestazio ekonomikoak kudeatzearekin lotutakoak ere, hala nola diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta etxebizitzako prestazio osagarria, arlo hori arautzen duen legerian ezarritako nondik norakoen arabera (18/2008 Legea, abenduaren 23koa, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak bermatzekoa, abenduaren 24ko 4/2011 Legeak egindako aldaketaren ondoren). Gainera, lan-merkatuaren beharrak aztertu eta informatzeko eginkizunak ditu.

    Bigarrena. 1. Administrazio publikoen arteko harremanetan nagusi izan behar duen lankidetza-esparruan, bi aldeetako ordezkariek uste dute beren helburuak betetzeko oso onuragarria izango litzatekeela informazioa trukatzeko eta lankidetzan aritzeko sistema egonkor bat ezartzea, eta, hala badagokio, beren datu-base informatikoetara zuzenean sartzea.

    Hitzarmen honen helburua da jarraipena ematea GSDOk eta garai hartako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak datuak lagatzeko asmoz 2010eko maiatzaren 11n sinatu zuten hitzarmenari, Euskal Autonomia Erkidegoari enplegu-politika aktiboen arloan eskualdatuko zitzaizkion eskumenak behar bezala gauzatzeko laguntza-tresna gisa, hartara bermatzeko jarraipena emango zaiola onartutako programen kudeaketari, ordura arte Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatzen baitzituen programok. Bi aldeentzako emaitza positiboekin amaitu zen kontratu-harremana.

  1. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen babespean den informazio-lagapena eta lankidetza da; lege horren 3.1.k) artikuluaren arabera, kooperazioa, lankidetza eta koordinazioa dira administrazio publikoen arteko harremanak gidatu behar dituzten printzipioak. Gainera, ez da alboratu behar, lege horren 3. artikuluarekin bat, administrazio publikoek objektibotasunez zerbitzatzen dituztela interes orokorrak, eta zerbitzu eraginkorra, sinpletasuna, argitasuna eta herritarrekiko hurbiltasuna errespetatu beharko dituztela haien jardunean eta harremanetan, eta arrazionalizazio- eta arintasun-printzipioak administrazio-prozeduretan eta kudeaketako jarduera materialetan. Gainera, administrazio publikoek sistemen eta horietako bakoitzerako hartutako soluzioen elkarreragingarritasuna eta segurtasuna bermatzen duten baliabide elektronikoen bidez izango dituzte harremanak haien artean, datu pertsonalak babestuko dituzte, eta, ahal dela, zerbitzuak batera emango dizkiete interesdunei.

  2. Halaber, eta 40/2015 Legearen 141.1 artikuluaren c) letrarekin bat, administrazio publikoen lankidetza-egitekoa aplikatuz ondorioztatzen da gainerako administrazioei behar duten informazioa eman behar dietela haien eskumenak baliatuz egiten duten jarduerari buruz (...). Eta lege beraren 155.3 artikuluak ezartzen du administrazioek behar diren neurriak eta teknologiak hartu behar dituztela beren sareak elkarren artean konektatzeko, eta, era berean, 1. eta 2. paragrafoetan arautzen ditu administrazio publikoen arteko datu-transmisioei buruzko betekizunak.

  3. Hitzarmen honen aplikazio-eremuan informazioa hornitzen denean, herritarren ohore-eskubidea eta norberaren eta familiaren intimitatea izateko eskubidea errespetatu behar da, Espainiako Konstituzioaren 18. artikuluak xedatzen duenez, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera (2016/679 EB Erregelamendua).

  4. Hitzarmen honetan aurreikusitako informazio-hornidurak legitimatzen dituzten oinarri juridikoak hauek dira: lan-zuzenbidearen eta gizarte-segurtasunaren eta -babesaren esparruko legezko betebeharrak betetzea eta eskubideak baliatzea, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren (EB) 2016/679 Erregelamenduaren 6.1.c) eta 9.2.b) artikuluetan ezarritakoak, hurrenez hurren. Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, legezko gaikuntza honako hauetan dago jasota: Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 77.1.d) eta 40.6 artikuluetan, urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Enpleguaren Legearen testu bateginaren bigarren xedapen gehigarrian eta Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 24. artikuluan. Hau da, tratatu beharreko datu pertsonalak elkarri lagatzeko legezko gaikuntza dago, eta, beraz, ez da beharrezkoa eragindako pertsonen aldez aurreko baimena.

    Hitzarmen honen arabera, datuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomotik Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusira helarazteko lege-oinarria Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren 40.4 artikuluan dago jasota. Horren arabera, funtzionario publikoak, profesional ofizialak barne, behartuta daude Gizarte Segurantzaren Administrazioarekin lankidetzan aritzera, era guztietako informazioa emateko, tratamendu automatizatuaren xede izan ala ez, baldin eta baliagarria bada Gizarte Segurantzaren baliabideak eta haiek dituzten baterako bilketaren gainerako kontzeptuak biltzeko.

    Halaber, lege horren 40.6 artikuluak honako hau xedatzen du:

    Gizarte Segurantzaren Administrazioari datu pertsonalak lagatzeko, ez da ukituaren adostasunik beharko, lagapen hori egiten denean artikulu honetan ezarritakoa betez edota, oro har, laguntzeko eginbeharra betez, Gizarte Segurantzaren baliabideak eta Gizarte Segurantzaren kuotekin batera bildu beharreko kontzeptuak eraginkortasunez likidatzeko eta biltzeko.

    Aurreko lerrokadan aipatutakoa betetze aldera, honako hauek behar beste datu, txosten eta aurrekari eman beharko dizkiote Gizarte Segurantzaren Administrazioari, likidazioak egiteko eta dirua biltzeko eginkizunak zuzen bete ditzan: agintariak (edozein dela ere horien izaera); Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta toki-entitateetako organoen titularrak; organismo autonomoak, agentziak eta enpresa-entitate publikoak; ganberak eta korporazioak, elkargoak eta elkarte profesionalak; gizarte-aurreikuspeneko mutualitateak; gainerako entitate publikoak, eta, oro har, funtzio publikoetan lan egiten dutenak edo horiekin elkarlanean aritzen direnak; horretarako, betiere, betebehar horrek izaera orokorreko xedapen bidez ezarrita beharko du, edo Gizarte Segurantzaren Administrazioak errekerimendu zehatz bidez hala eskatu beharko du. Era berean, aipatutako administrazioari eta bertako langileei sostengua, laguntza, sorospena eta babesa eman beharko dizkiote, beren eskumenak balia ditzaten.

    Artikulu horretan aipatzen den datu-lagapena, ahal dela, bitarteko informatikoen bidez gauzatuko da. Horretarako, Gizarte Segurantzaren Administrazioak bere eskumeneko prozedurak izapidetzeko behar dituen datuak edo informazioa eskatu ahal izango ditu, bere sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema batzuei kontsulta eginez.

    Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusitik helaraziko zaion informaziorako legezko gaikuntza enplegu-politika arautzen duen araudian dago, Enpleguaren Legearen testu bateginean, zeina urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen. Araudi horretako bigarren xedapen gehigarrian ezartzen da organismo eta entitate publiko eta pribatu guztiek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari eta autonomia-erkidegoetako enplegu-zerbitzu publikoei beren helburuak betetzeari buruz eskatzen dizkieten datu guztiak eman beharko dizkietela, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa errespetatuta.

    Eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioen esparruan, Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua gaitzen du, 24. artikuluan, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sisteman laguntzen duten gainerako administrazio publikoei eta erakundeei berrikuspen- eta gainbegiratze-eginkizunak behar bezala betetzeko behar-beharrezkoak diren datuak eta txostenak eskatzeko.

    Hala ere, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak lortutako informazioaren lagapena legez mugatuta dago. Horri dagokionez, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 77.1 artikuluak printzipio orokor hau ezartzen du: Gizarte Segurantzaren Administrazioak bere eginkizunen bidez lortutako datuak, txostenak edo aurrekariak isilpekoak dira, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia osatzen duten erakunde kudeatzaileak, zerbitzu komunak eta organoei agindutako zereginetarako baino ezin izango dira erabili, eta ezin izango zaizkie hirugarrenei laga edo jakinarazi. Hala ere, zenbait salbuespen arautzen ditu, eta horien artean honako hau dago:

    1. Beste edozein administrazio publikorekin lankidetzan aritzea funts publikoen konturako laguntzak edo dirulaguntzak Europar Batasunekoak barne lortzeko edo jasotzeko iruzurraren aurka borrokatzeko, Gizarte Segurantzaren sistemako araubideetan bateraezinak diren prestazioak lortzeko edo jasotzeko, eta, oro har, Gizarte Segurantzaren Administrazioak lortutako datuak garrantzitsuak diren eta haiei legez edo erregelamenduz esleitzen zaizkien eginkizunak betetzeko.

  5. Erakunde sinatzaileei esleitutako eskumenak eraginkortasunez kudeatu ahal izatea da informazio-trukerako sistema bat ezartzeko arrazoia, hartara informazioaren eskuragarritasuna arintzeko eta egindako kostuak murrizteko. Aipatu sistema hitzarmen honen bidez arautzen da; izan ere, trukea interesdunen edo horien eraginpean daudenen kopuru handi baten datuen gainean egingo da, eta aldizka egiaztatu beharko da, eta, kasu batzuetan, etengabe egiaztatu beharko da. Are gehiago, kasu jakin batzuetan, beharrezkoa izango da informaziorako irispidea kasuan kasuko datu-baseetarako zuzeneko konexioen bidez gauzatzea. Helburu horrekin, indarrean dagoen araudiak ahalbidetzen duen neurrian eta urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak araututako Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalak (ENI) ezarritako betekizunekin bat etorriz, teknologia modernoenek arlo horretan eskaintzen dituzten aukerak baliatzen dira.

  6. Aipatutako 3/2018 Lege Organikoaren 28. artikuluaren arabera, tratamenduaren arduradunek, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 24., 25. eta 32. artikuluetan zerrendatutako elementuak kontuan hartuta, aplikatu behar dituzten neurri tekniko eta antolakuntzakoak zehaztuko dituzte, tratamendua datuen babesari buruzko aipatutako araudiarekin eta aplikatzekoa den sektoreko legeriarekin bat datorrela bermatzeko eta egiaztatzeko. Bereziki, aztertuko dute ea bidezkoa den datuen babesaren gaineko eraginaren ebaluazioa egitea eta erregelamendu horren IV. kapituluko 3. atalean aipatzen den aurretiko kontsulta egitea. Gainera, Segurtasunaren Eskema Nazionala (ENS) onartzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan jasotako segurtasun-neurriak aplikatu beharko dira. Errege-dekretu horrek bitarteko elektronikoak erabiltzean aplikatu beharreko segurtasun-politika zehazten du.

  7. Gizarte Segurantzaren sistema informatikorako sarbideen kontrolari buruzko 1996ko urtarrilaren 17ko Aginduak, 1996ko ekainaren 12ko 2-030 zenbakidun zirkularrekin eta 1999ko irailaren 27ko 2-027 zenbakidun zirkularrekin batera, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren fitxategi automatizatuen sarbideen kontrola eta jarraipena arautzen dute.

    Hirugarrena. Estatistika-ondorioetarako datu-trukea, honako araudi honek babesten du:

  1. Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 25. artikulua, estatistika eginkizun publikoaren esparruan egindako datuen tratamenduari buruzkoa.

  2. (EB) 2016/679 Erregelamenduaren 6.1.e) artikulua, informazioa behar duen estatistika hori Europar Batasuneko zuzenbideko arauak horrela egiteko exijitzen badu edo legeetan aurreikusitako estatistika-programazioko tresnen barruan badago.

  3. Funtzio Estatistiko Publikoaren maiatzaren 9ko 12/1989 Legearen 6. artikulua, honako hau ezartzen duena: Estatuko eta autonomia-erkidegoetako estatistika-zerbitzuek unean-unean egokienak izan daitezkeen lankidetza-formulak ezarriko dituzte, eskura dauden informazioak ahalik eta gehien aprobetxatzeko eta datuak biltzeko eragiketak edo beste edozein eragiketa behar ez denean bikoiztea saihesteko. Halaber, 11.2 artikulua, zeinen arabera (EB) 2016/679 Erregelamenduaren 9. eta 10. artikuluek jasotzen dituzten datuak ukituek beren borondatez emango dituzte, eta, ondorioz, haien berariazko adostasuna dagoenean baino ezingo dira bildu. Legearen 13. artikulua, sekretu estatistikoari buruzkoa. Legearen 15. artikulua, honako hau ezartzen duena: sekretu estatistikoak babesten dituen datu pertsonalak, ondorio estatistikoetarako, honako baldintza hauek betetzen badira baino ezin izango dira jakinarazi administrazio eta erakunde publikoen artean, eta horiek zaintzen dituen zerbitzu edo organoak egiaztatu beharko ditu:

    1. Datuak jasotzen dituzten zerbitzuek batez ere eginkizun estatistikoak betetzea, eta datuak laga aurretik estatistiko gisa araututa egotea.

    2. Datuen xedea izatea, hain zuzen ere, zerbitzu horiei agindu zaizkien estatistikak egitea.

    3. Informazioaren hartzaile diren zerbitzuek sekretu estatistikoa gordetzeko behar diren baliabideak izatea.

  4. Estatistika-eginkizun publikoa betetzeko organismo eskudunek (EB) 2016/679 Erregelamenduaren 15.etik 22. artikulura bitartean ezarritako eskubideak baliatzeko asmoz ukituek egin dituzten eskabideei uko egin ahalko diete, Estatuko legeriak edo autonomikoak aurreikusitako sekretu estatistikoaren bermeen babespeko datuak direnean.

    Ondorioz, juridikoki bidezkoa denez informazioa elkarri trukatzeko sistema egonkor bat ezartzea, eta sistema horrek, hala badagokio, bidea emango duenez beste aldearen datu-baseetara zuzeneko sarbidea izateko dagozkion konexio informatikoen bidez, eta jakinda zer garrantzitsua den informazio hori behar bezala erabiltzea, bermatuta beti bai informazio horren izaera sekretua bai herritarren intimitaterako eskubidea, bi aldeek hitzarmen hau sinatzea adosten dute. Honako klausula hauen arabera arautuko da:

    KLAUSULAK

    Lehenengoa. Hitzarmenaren xedea.

    Hitzarmen honen xedea da lankidetza-esparru orokor bat ezartzea Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren artean, informazio-trukea eta datu-baseetarako elkarrekiko sarbidea arautzeko baldintzei eta prozedurei dagokienez, hirugarren klausulan zehaztutako edukiak beteta eta berariaz zainduta klausula horretan aipatzen diren pertsonen eskubideak.

    Bigarrena. Hitzarmenaren xede den informazio-trukearen helburua.

    Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren 77.1.d) artikuluan xedatutakoaren babesean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusitik datorren informazioa lagatzearen helburua izango da: beste edozein administrazio publikorekin lankidetzan aritzea funts publikoen konturako laguntzak edo dirulaguntzak Europar Batasunekoak barne lortzeko edo jasotzeko iruzurraren aurka borrokatzeko, Gizarte Segurantzaren sistemako araubideetan bateraezinak diren prestazioak lortzeko edo jasotzeko, eta, oro har, Gizarte Segurantzaren Administrazioak lortutako datuak garrantzitsuak diren eta haiei legez edo erregelamenduz esleitzen zaizkien eginkizunak betetzeko.

    Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren 40.4 eta 6 artikuluetan xedatutakoaren babesean, Euskal Autonomia Erkidegotik datorren informazioa lagatzearen helburua izango da: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekin lankidetzan aritzea bere edozein eginkizun betetzeko, eta, batez ere, enpresak inskribatzeko, langileak sartzeko bai Gizarte Segurantzaren Sistemaren aplikazio-eremuan, bai Gizarte Segurantzaren baliabideen likidazio-, kotizazio- eta bilketa-prozesuetan, bai eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak kudeatzen dituen baterako bilketako gainerako kontzeptuetan ere, bereziki Gizarte Segurantzaren sistemako kuoten kotizazioan eta bilketan izandako iruzurraren aurkako borrokaren esparruan.

    Hirugarrena. Informazioa elkarri trukatzea.

  1. Hitzarmen honen bigarren klausulan deskribatutako helburuak betetzeko, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren arteko informazio-trukeak honako hauek dira:

    1. GSDNk behar duen informazioa emango die Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, enplegu-politika aktiboen eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren (EPO) eskubide-prestazioen kudeaketaren arloko eskumenak gauzatzeko, bai eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumeneko gaiei buruzko lan-merkatuaren, azterlanen eta estatistiken azterketa egiteko ere, beharrezkoak diren transakzioetara sartuz, artxiboak trukatuz edo Diruzaintzaren web-zerbitzuak erabiliz.

      Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak/Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak datu horiekin egiten dituen azterketa estatistikoen berri eman beharko dio GSDNari, Gizarte Segurantzak datu horiek ezagutu eta, hala badagokio, erabili ahal izan ditzan.

      Zehazki, GSDNk informazio hau emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari:

      Langileei dagokienez:

      Langileen kontsulta orokorra. ATI61.

      Langileen lan-bizitza. Gehienez 5 urteko atzeraeragina eta gehienez 12 hilabetera mugatutako aldiak. PIDO/Web Zerbitzua.

      Langileen kotizazio-oinarriak. 5 urteko atzeraeragina gehienez, 12 hilabetera mugatuta. Aldi baterako, RBC01 transakzioaren baimena, zerbitzua PIDO/Web Zerbitzuaren bidez ezarri arte.

      Enpresei dagokienez:

      Kotizazio-kontuen kodeen kontsulta orokorra. ACC62.

      Urte batean edo urte horretatik beherako aldietan alta emanda dauden langileen batez besteko plantillari buruzko txostena. Aldi baterako, ACCA1 transakzio-baimena, zerbitzua PIDO/Web Zerbitzuaren bidez ezarri arte.

      Afiliazioaren Fitxategi Orokorraren (AEF) estatistika-informazioa Eusko Jaurlaritzako Euskal Estatistika Erakundearen esku jarriko da, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren, Itsasoko Gizarte Institutuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko estatistikaren arloko 2021eko urtarrilaren 11n sinatutako hitzarmenean (otsailaren 1eko EAO), aurreikusitako baldintzetan eta helburuekin, hargatik eragotzi gabe erakunde horrek Eusko Jaurlaritzari eman diezaiokeen estatistika-informazioa.

      Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saileko/Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko arduradunak onartzen du eta bere gain hartzen du datuen lagapena hitzarmen honetan zehaztutako helburu esklusiboetara mugatzen dela, eta datuen xedea, hain zuzen ere, zerbitzu horiek esleituta dituzten estatistikak egitea dela, 12/1989 Legearen 15. artikuluan ezarritakoa betez. Datuak beste modu batera erabiliz gero, sinatutako hitzarmena ez betetzea ekarriko du horrek, eta GSDNri ahalmena emango dio dagozkion erantzukizunak eskatzeko.

      Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saileko/Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko arduradunak egokitzat jotzen dituen azterlanak egiteko erabili ahal izango du informazioa, betiere kontuan hartuta datu ofizialak Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren eremuko Estatistika Plan Nazionalean jasotako estatistika-eragiketetan agertzen direnak izango direla.

      Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saileko/Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko arduradunak onartzen du Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusitik jasotzen duen informazio estatistiko guztia hitzarmen honen mende egongo dela. Beraz, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak/Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiten dituen eskaera estatistiko guztiei erantzungo die, eskara horien xedea Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren eskumeneko fitxategi eta datu-baseetan enpresen inskripzioari, afiliazioari, kotizazioari eta diru-bilketari buruz jasotako datuak diren heinean; era berean, etorkizuneko estatistika-beharrei ere erantzungo die. Hala, informazioa lortzeko bide bakarra izango da, eta berariaz bermatuko du ematen duen informazioaren konfidentzialtasuna zainduko dela eta estatistika-xedeetarako soilik erabiliko dela.

      Halaber, nahitaez aipatu beharko da iturria (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia - Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioa) emandako datuekin lortutako estatistika-ustiategien ohar metodologikoetan.

      Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saileko/Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko arduradunak egokitzat jotzen dituen azterlanak egiteko erabili ahal izango du informazioa, betiere kontuan hartuta datu ofizialak Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren eremuko Estatistika Plan Nazionalean jasotako estatistika-eragiketetan agertzen direnak izango direla.

      Hitzarmen honen bidez baimendutako langileen kontsultei eta kotizazio-kontuaren kodeei buruzko informazioa eta datuak Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumenen lurralde-eremura mugatuko dira.

    2. Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari informazioa emango diote bere eskumenak gauzatzeko behar dituen gaiei buruz, eta, bereziki, enpresak inskribatzea baimentzeko, Gizarte Segurantzaren Sistemaren aplikazio-eremuan langileak sartzeko eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak kudeatutako likidazio- eta bilketa-kudeaketarako. Horretarako, behar dituen transakzioetarako sarbidea emango diote, artxiboak trukatuko dituzte edo Eusko Jaurlaritzaren web-zerbitzuak eskainiko dizkiote.

      Zehazki, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, hitzarmen honen esparruan, honako gai hauei buruzko datuak emango dizkio Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari (GSDN):

      Lanbideren datu-basean agertzen diren enplegu-eskatzaileen, enpresen eta enplegatzaileen helbideak, baita haien telefono mugikorreko zenbakiak eta helbide elektronikoak ere. Hasiera batean, Web Zerbitzua ezarri arte, informazio hori Lanbideren enplegu-eskatzaileen eta enpresen aplikazioei kontsulta zuzena eginez emango da.

      Lanbidek orain edo etorkizunean kudea ditzakeen era guztietako laguntzen, dirulaguntzen, prestazioen, diru-sarrera txikiagoengatiko errenten, enpresentzako eta langileentzako gizarteratze-errenten titularrak, onuradunak eta zenbatekoak. Hasiera batean, Web Zerbitzua ezarri arte, informazio hori Lanbideren dirulaguntzen eta prestazioen onuradunen Lanbideren aplikazioei kontsulta zuzena eginez emango da.

  2. Informazioa emateko, 1. zenbakian adierazitako bideez gain, formula hauetakoren bat edo batzuk erabiliko dira:

    1. Artxiboen trukea. Fitxategien egitura eta formatua inplikatutako alderdien artean zehaztuko da, eta, bertan, informazioa eskatzen zaien pertsona edo enpresen IFZ agertuko da. Autonomia Erkidegoak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eskatutako datuekin beteta bidali beharko dituzte, fitxategia jaso eta hilabeteko epean edo Gizarte Segurantzaren eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dauden zerbitzuen kontsulten bidez.

    2. Web-zerbitzuak, XML fitxategiak trukatuz.

    3. Elkarreragingarritasun Sistemen bidez, sistema horiek operatibo daudenean.

    4. Aldi baterako, kontsultak transakzioen bidez egin ahal izango dira, fitxategiak trukatzeko sistema bat gaitu arte.

      Laugarrena. Datuen babesa.

      1. Emandako datu pertsonalen kontrola eta segurtasuna Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamendua), 3/2018 Lege Organikoan (abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa) eta Segurtasunaren Eskema Nazionalean (SEN, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak arautua) xedatutakoaren arabera arautuko da.

      2. Aipatutako araudian aurreikusitako neurriak betetzeaz gain, interkonexio informatikoa egin aurretik, ezinbestekoa da honako neurri hauek hartzea:

        1. Bi administrazioetako arduradun teknikoek behar diren baliabide telematikoak jarriko dituzte, bi administrazioetako erabiltzaileen sarbideak eta baimenak egokitzeko administrazio horietako bakoitzaren administrazio- eta konfidentzialtasun-sistemetan integratuta.

        2. Bi administrazioetako organo eskudunek interkonexio informatikoa baimenduko dute.

        3. Konexioa baimendu ondoren, organo teknikoek sistema informatikoen lotura telematikoa egingo dute. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren kasuan, lotura hori Gizarte Segurantzaren Gerentzia Informatikoari egingo zaio, eta autonomia-erkidegoaren kasuan, dagokion organoari.

        4. Erakunde bakoitzaren arduradunak edo arduradunek, hala badagokio, beren gain hartuko dituzte, erabiltzaileei dagokienez, alta ematea, sarbideak baimentzea eta horiek etengabe eguneratzea eta egokitzea; nolanahi ere, lagatako fitxategiaren erakunde arduradunak ikuskapena egin ahal izango du.

      3. Administrazio lagapen-hartzailea izango da erantzule erabiltzaileek fitxategiak erabiltzeko moduaren gainean, eta, bereziki, eskuratzen dituzten datuen proportzionaltasunaren, egokitzapenaren eta egokitasunaren gainean.

        Bosgarrena. Sarbideen kontrola.

        GSDNk, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, hitzarmen hau sinatu duten heinean, puntu hauetan xedatutakoa bete beharko dute:

        1. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren datuetarako sarbidea:

          1. GSDNk hitzarmen honetan aipatzen diren transakzio eta zerbitzuetara sartzeko hasierako baimena emango du.

          2. Hitzarmen honen xede den sarbidearen konfigurazioak 3/2010 Errege Dekretuan ezarritako printzipio hauek bete beharko ditu:

            Konfidentzialtasuna; horrela, ziurtatuko da informazioa eskuragarri dagoela soil-soilik informazioa eskuratzeko behar den baimena duten erabiltzaileentzat, eta haiek beren kudeaketa-zeregin zehatzetarako soilik erabiltzen dutela, dagokion baimenean zehaztutako moduan, denboran eta baldintzetan.

            Segurtasuna, informazioa baimenduriko erabiltzaileek soilik sortu, erabili, aldatu edo ezabatu ahalko dutela bermatuta, baimenak ezarritako moduan eta mugekin betiere.

            Erabilgarritasuna, baimenduriko erabiltzaileek informazioa baliatzeko aukera izan dezaten, dagokion moduan eta hori eskatzen dutenean aginduriko kudeaketaren zereginetarako.

            Trazabilitatea; horrela, Eusko Jaurlaritzaren erabiltzaile baimenduek egindako jarduketak Eusko Jaurlaritzari soilik egotzi ahal zaizkio.

            Benetakotasuna, Eusko Jaurlaritzak baimendutako erabiltzaileak benetakoak direla eta datuen iturria bermatzen dela ziurtatuta.

          3. Administrazioaren sistema erabiltzaile guztiei baimen-profilak esleitzean oinarrituko da, horiek betetzen dituzten eginkizunen arabera. Ildo horretan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak 4. mailako erabiltzaile administratzailearen/baimentzailearen profil bat esleituko dio transakzioak lagatzen zaizkion erakundeari, I. eranskinean garatutako baldintzetan, eta erakunde horrek, aldi berean, agindutako kudeaketa-funtzioak betetzeko behar beste erabiltzaile-koderi alta emango die.

            Hitzarmena eraginkorra denean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari jakinaraziko dizkio erabiltzaile administratzailearen/baimentzailearen profila beren gain hartzen duten pertsonen izen osoa, NANa, helbide elektronikoa eta telefonoa. Betebehar bera egongo da pertsona horiek aldatzen direnean.

            Puntu honi dagokionez, sistema informatikoa baliatzeko baimenduriko pertsonei deitzen zaie erabiltzaile, baina ahalmenik ez dute beste erabiltzaile batzuei SILCONen alta emateko, ezta baimenik transferitzeko ere. Horiek U mailarekin identifikatuko dira.

            Alta emandako erabiltzaile administratzaileak/baimentzaileak profilak esleituko ditu; alegia, SILCONen jasoko ditu, baimendun (erabiltzaile) jakin batek bere lanpostua dela-eta balia ditzakeen transakzioak.

          4. Erabiltzaile administratzailea/baimentzailea eta, subsidiarioki, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua da erabiltzaileei baimen-profilak esleitzearen arduradun, kudeaketa-premiekin uztartu beharrekoak, eta emandako baimenak behar bezala erabiliko direla zainduko du.

          5. Sistema baliatzeko aukera duten erabiltzaile guztiak identifikatuta eta autentifikatuta geratu beharko dira, une oro jakin ahal izateko nor den erabiltzailea eta zergatik eskuratu duen sisteman jasotako informazioa. Horretarako, erabiltzaile bat baimentzeko unean eskaturiko eremu guztiak beteko dira, hala nola lanpostuaren ezaugarriak eta informazio osagarriak, telefono-zenbakia, faxarena, eta abar.

          6. Erabiltzaile bakoitzak sartzeko kode bakarra izango du eta bere kodearekin eta pasahitz pertsonalarekin egiten diren sarrera guztien arduradun izango da.

          7. Erabiltzaileren bat, dela baimentzailea edo baimendua, beste lanpostu batean hasten bada beste kudeaketa-unitate batean edo baja hartzen badu bere borondatez, edo enplegua eteten badiote, baja emango zaio haren erabiltzaile-kodeari. Bestalde, kontrolak ezarriko dira erabiltzaileen inaktibitate-denborari dagokionez, eta ezeztatutako egoerara igaroko dira Afiliazioko Fitxategi Orokorra baliatu gabe hiru hilabete igarotakoan. Erabiltzaileak sistema baliatzeko iraungipen-datak ezartzeko aukera ere izango da, eta konexio-orduan mugak ezartzekoa ere bai.

          8. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak pertsona bat izendatuko du I. eranskinean jasotako ereduaren bidez, solaskide bakartzat jardun dezan Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekiko harremanetan eta komunikazioetan. Hitzarmena indarrean sartzen den egunean, erakundearen zuzendari nagusia da pertsona hori, edo horretarako berariaz izendatutako pertsona(k), betiere Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari hala jakinarazita. Beste pertsona bat izendatzea egoki irizten denean, formalki jakinarazi beharko zaio GSDNri.

        2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren datuetarako sarbidea:

          1. Hitzarmen honetan aipatzen diren transakzio eta zerbitzuetara sartzeko hasierako baimena emango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Erakundeen arteko informazio-trukea behar bezalako bermeekin egiten dela bermatu beharko da: segurtasuna, konfidentzialtasuna, osotasuna, eskuragarritasuna eta informazioaren trazabilitatea. Bereziki kritikoak diren datuak tratatzen badira (bereziki babestuak), datuak zifratu beharko dira, edo beste mekanismo bat erabili beharko da, betiere bermatzeko, datuak emateko orduan, baimenik ez duten hirugarrenek informazio hori ez dutela eskuratu edo manipulatuko.

            Horretarako, hitzarmen hau eraginkorra denetik, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak honako hauen berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, II. eranskinean jasotako ereduaren bidez: probintzia mailan erabiltzaile administratzailearen/baimentzailearen profila (lurralde bakoitzeko 1) beren gain hartzen duten pertsonen izen osoa, NANa, helbide elektronikoa eta telefonoa. Betebehar bera egongo da pertsona horiek aldatzen direnean.

          2. Probintziako erabiltzaile administratzaile/baimentzaile bakoitzak informaziorako sarbidean alta eman ahal izango die hala behar duten GSDNko pertsonei, eta pertsona horiek bat etorri beharko dute haien kudeaketa-eginkizunekin eta -beharrekin.

          3. Erabiltzaile administratzailea/baimentzailea eta, subsidiarioki, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia da erabiltzaileei baimen-profilak esleitzearen arduradun, kudeaketa-premiekin uztartu beharrekoak, eta emandako baimenak behar bezala erabiliko direla zainduko du.

          4. Sistema baliatzeko aukera duten erabiltzaile guztiak identifikatuta eta autentifikatuta geratu beharko dira, une oro jakin ahal izateko nor den erabiltzailea eta zergatik eskuratu duen sisteman jasotako informazioa.

          5. Erabiltzaile bakoitzak sartzeko kode bakarra izango du eta bere kodearekin eta pasahitz pertsonalarekin egiten diren sarrera guztien arduradun izango da.

          6. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak pertsona bat izendatuko du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailarekiko eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekiko harremanetarako eta komunikazioetarako solaskide bakar gisa, II. eranskinean jasotako ereduaren bidez. Hitzarmena sinatzen den egunean, haren titularra izango da pertsona hori, edo horretarako berariaz izendatu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazten dion pertsona(k).

            Seigarrena. Sarbideengatiko erantzukizuna eta sekretu profesionalaren betebeharra.

            Identifikatutako erabiltzaile guztiek, bai eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan dituzten arduradunek ere, jakin behar dute programen kopiak egitea eta/edo datu pertsonalak zeregin desegokietan erabiltzea legez kanpoko jarduketak direla, eta, beraz, administrazio-erantzukizunak eragin ditzaketela, baita arau-hauste oso astuna ere, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoaren 72.1.i) artikuluan jasotakoaren arabera; era berean, beste edozein motatako erantzukizunak ere eragin ditzakete, baita zigor-arlokoak ere.

            Beraz, datuak hitzarmenean aurreikusitakoaz bestelako zereginetarako erabiliz gero, hitzarmen hau ez da beteko, eta horrek ahalmena emango die Diruzaintzari, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egoki diren erantzukizunak eskatzeko.

            Halaber, datuei, aurrekariei, erregistroei edo txostenei erabiltzaileari esleitutako kudeaketaz bestelako erabilera zaielako zantzuak daudenean, edo behar ez bezala zabaldu direlako zantzuak daudenean, eta, horrela, sekretu profesionalaren eta konfidentzialtasunaren betebeharra urratzen denean, gertakari horien berri emango zaio ondorio horietarako zehaztutako GSDNko solaskideari edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko solaskideari, bi alderdien artean neurri egokiak har daitezen.

            Hitzarmen hau gauzatzeko prozesuan emandako informazioa behar ez bezala erabiltzen ez bada, bidegabeko erabilera horren ardurapeko agintaritza, funtzionario edo bestelako langileei dagokien administrazioak hasi eta amaitu beharko du eta, hala badagokio, eskatu bidegabeko erabilera horren ondoriozko ezelako erantzukizunen gaineko espedientea.

            Erakunde lagapen-hartzailea izango da lagatako datuen erabiltzaileek egiten duten erabilera okerraren ondoriozko edozein erreklamazioren erantzulea, eta erakunde lagatzaileak ez-betetze horren ondorioz ordaindu beharreko edozein kalte-ordain eskatu ahal izango dio erakunde lagapen-hartzaileari.

            Erantzukizun horiek jakinarazteko, egindako erabiltzaileen alta guztietan dokumentu bat bete beharko da, bertan erabiltzaileak harturiko konpromisoak zehaztuta, klausula honetan eta hitzarmen honi erantsitako III. eranskinean adierazitakoaren arabera.

            Administrazio bakoitzak bestearen sistema informatikorako sarbide-kontrolei buruz duen dokumentazioa gorde egingo da, datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizunak preskribatu arte.

            Zazpigarrena. Lagapenaren mugak.

            Lagapena justifikatzen duten egitekoak esleituta dituzten Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko eta Autonomia Erkidegoko organoak soilik izango dira hitzarmen honetan aurreikusitakoaren arabera bi alderdiek lagatako informazioaren hartzaile; egiteko horiek hitzarmenean bertan daude jasota, indarreko legeriarekin bat etorrita, eta ezingo dira inolaz ere hartzaile izan bestelako eginkizunak betetzen dituzten erakunde, organo edo entitateak.

            Hitzarmen hau dela bide ematen den informazioaren ondorio bakarrak beraren xedearen eta helburuaren ondoriozkoak izango dira. Beraz, informazioak ez du sortuko ez inolako eskubiderik ez eskubide-igurikimenik interesdun edo eraginpekoen alde, eta ez du etengo beraren xede diren prozeduretako eskubideen eta betebeharren preskripzioa. Halaber, emandako informazioak ez du eraginik izango egiaztapen- eta ikerketa-jarduketen eta emandako datuen ondorengo aldaketen emaitzetan.

            Zortzigarrena. Auditoretzak.

          1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak onartzen dute jarraian zerrendatzen diren kontrol- eta gainbegiratze-jarduera guztiak egitea, lagatako informazioa eta aplikatu beharreko arauzko baldintzak edo baldintza konbentzionalak behar bezala lortu eta erabiltzen direla egiaztatzeko.

          2. Egin beharreko auditoretzak.

            1. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak.

              GSDNk, organo lagatzailea den aldetik, ematen dituen auditoretzako sistema eta bitarteko informatikoen bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kontrol-jarduerak egin beharko ditu, jasotako datuak behar bezala zaintzen eta erabiltzen direla bermatzeko, bai eta datu horiek jasota dauden fitxategi edo baseetarako sarbidearen forma egokia eta justifikazioa bermatzeko beste edozein jarduera ere.

              Aurreko paragrafoan adierazitakoa egiteko, GSDNk konpromisoa hartzen du organo lagapen-hartzaileak izendatzen dituen arduradunei beharrezko laguntza (teorikoa zein teknikoa) emateko.

              Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak konpromisoa hartzen du sarrera bakoitza justifikatu egingo dela hura eragin duen arrazoiarekin edo espedientearekin.

              Honako hauek dira auditoretza-prozesuan inplikaturiko alderdiak:

              1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren auditore delegatua.

                Honako eginkizun eta eskumen hauek ditu:

                Solaskide bakarra izango da GSDNrekin, auditoretzekin eta gorabeheren ebazpenarekin lotutako gaietan.

                Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako erabiltzaileei hileko auditoretza egin ahal izango die. Hori dela eta, hitzarmen honetan jasotako GSDNko fitxategien transakzioetarako sarbidea izango du, kontsulten bidez.

                Erabiltzaile auditorearen profila emango zaio SILCONen, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emango dio alta. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak auditore delegatu izendatutako pertsonen altak, bajak edo ordezkapenak albait lasterren jakinarazi beharko zaizkio GSDNko auditore delegatuari, eta hark Auditoretzen Unitate Nazionalari jakinaraziko dio.

                Auditoretzen Unitate Nazionalak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskariz, baimena eman ahal izango du, auditore delegatuaren lanpostua hutsik edo hura kanpoan edo gaixorik badago.

                Erabiltzaile auditorearen profilak ez dakar erabiltzaile administratzailearen/baimentzailearen kargua, nahiz eta bi erabiltzaileek SILCON sisteman 4. maila izan. Izan ere, auditoretza ez da informatikoa, sarbideak agiri bidez justifikatzekoa baizik.

                Pertsona berak ezin izango ditu batera bete SILCON administratzailearen/baimentzailearen eta auditore delegatuaren karguak.

              2. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren auditore delegatua.

                Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren auditore delegatuaren lanpostua Autonomia Erkidegoko Probintzia Zuzendaritza nagusiko auditoretzen arduradunak beteko du.

                Honako eginkizun eta eskumen hauek ditu:

                Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren auditorearen sarbideen auditoretzak egitea.

                Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren auditore delegatuak egindako auditoretzako hileko txostenean emandako datuak jasotzea, sistematizatzea eta aztertzea.

                Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren auditore delegatuari informazioa ematea eta zalantzak eta gorabeherak argitzea.

                Auditoretzen eta gorabeheren emaitza Auditoretzen Unitate Nazionalari jakinaraztea.

              3. Auditoretzen Unitate Nazionala:

                Honako hauek izango dira Auditoretzen Unitate Nazionalaren eginkizunak:

                Argibideak behar bezala ematen direla zaintzea eta bidegabeko sarbideei buruzko zalantzak argitzea, auditoretzak unitate eskudunek egin ditzaten, irizpide bateratu batzuekin betiere.

                Proposamenak eta gomendioak egitea Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak kudeaturiko fitxategi informatiko eta datu-baseetarako sarbideak egokitzearekin loturiko gaietan, bereziki honako hauei dagokienez:

                Transakzioen edukiak aldatzeko proposamena, eduki horiek direla-eta arrisku-egoerarik gerta badaiteke datu pertsonalen babesean.

                Erabiltzaileen baimenen kontrol espezifikoa; baimenak eten edo behin betiko kendu ahal izango dira, oker erabili direla ikusten bada.

                Espezifikoki auditoretza-sistemari buruzkoak diren SILCON transakzioak administratzea, baita auditoreak sortzeko, atxikitzeko eta kentzeko, profilak aktibatu eta desaktibatzeko eta sarbideen arrastoen jarraipena egitekoak ere. Horretarako, Auditoretzen Unitate Nazionalak beharrezko eskaerak eta proposamenak egingo dizkio Gizarte Segurantzaren Informatikako Gerentziari.

                Konfidentzialtasun Sisteman izandako bidegabeko sarbideen auditoretza espezifikoak egitea, baldin eta datuen titularrek salaketak egiten badituzte, datuak aurkezteko lekua edozein dela ere, eta modu zentralizatuan izapidetzea datuen babesa urratzeko edozein eratan edo GSDNren kargurako fitxategietara bidegabeko sarbideetan sartzen diren salaketa eta jakinarazpen guztiak.

                Zuzendaritza Orokorrak eskatzen duen informazioa koordinatzea eta prestatzea Datuak Babesteko Espainiako Agentziarekin duen harreman instituzionala bideratzeko. Horretarako, Auditoretzen Unitate Nazionalari igorri beharko zaio Agentzia horrek jasotzen duen edozein idazki edo eskaera.

                Auditoretzako prozedura zehatza Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraziko dio GSDNk, dagokion hileko auditoretza hasi baino lehen, eta GSDNk prozesu hori azaldu eta auditore delegatuaren datu pertsonalak eskatuko ditu.

            2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak.

              Indarrean dagoen araudia hitzarmen honetan ezarritako helburuetarako behar bezala betetzen dela zaintzeko beharrezkotzat jotzen dituen aldizkako kontrol, txosten eta auditoretza guztiak egingo dira, bai eta GSDNko erabiltzaile baimenduek egindako sarbideekin lotutako segurtasun-neurrien eraginkortasuna, sarbide horien erregistroak, zerrendak eta egindako txostenak egiaztatzeko ere.

          3. Baldin eta, kontrol- edo auditoretza-jarduketen ondorioz edo salaketa edo komunikazioagatik, datuak, aurrekariak, erregistroak edo txostenak erabiltzearekin lotutako edozein irregulartasun detektatzen bada, organo lagapen-hartzailearen kudeaketaz bestelako helburuarekin, berehala irekiko dira eginbideak, behar bezala argitzeko eta, behar denean, erantzukizunak eskatzeko; ondoren, hala badagokio, datuak babesteko kontrol-agintaritzari (Datuak Babesteko Euskal Bulegoa) eta dagokion agintaritza judizialari helaraziko zaizkio.

            Bederatzigarrena. Araubide ekonomikoa.

            Hitzarmen honek ez du aurreikusten finantzaketa-sistema bat beharko duen gasturik.

            Hamargarrena. Jarraipen-, zaintza- eta kontrol-mekanismoak.

            Hitzarmen hau betearazteko behar diren jarduerak koordinatzeko xedearekin, baita haren ikuskapena, jarraipena eta kontrola egiteko ere, Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzorde bat sortuko da, osaera paritariokoa eta gutxienez 4 kidek osatua (Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak/Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak izendatutako bi ordezkari eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko zuzendari nagusiak izendatutako beste bi). Erabakiek ordezkari guztien aldeko botoa eskatuko dute. Halaber, batzordean sartu ahal izango da, hitz egiteko eskubidearekin, Administrazio Publikoaren zerbitzura dagoen eta beharrezkotzat jotzen den beste edozein langile.

            Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzordearen eskumena izango da bere eskumeneko funts publikoen iruzurraren aurkako borrokan informazioa trukatzeko eta lankidetzan aritzeko prozedura eraginkorrenak ezartzea, eta funts horiek Ogasun publikoei eta/edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari itzultzea, sinatu beharreko hitzarmenaren esparruan. Xede horretarako, berehalako trukea eta lankidetza oztopatzen duten eragozpen teknikoak kentzea sustatuko du batzorde horrek.

            Zehazki, egiteko hauek esleitzen zaizkio Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzordeari:

            1. Gizarte Segurantzaren eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren/Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren arteko lankidetzaren xede diren eragiketen edo jardueren aldaketa proposatzea.

            2. Hitzarmen hau zuzen betearazteko behar diren jarduerak koordinatzea, eta, horretarako, zehazki, informazioa trukatzeko prozedura egokienak eta emandako datuak babesteko neurriak ezartzea.

            3. Kontrol-neurri egokiak hartzea, jasotako informazioa behar bezala zaintzen dela eta erabilera zuzena ematen zaiola ziurtatzeko.

            4. Hitzarmen hau interpretatzean eta betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gatazkak argitzea.

            5. Irizpide egokiak ezartzea hitzarmen honetan garatu gabeko alderdiak erregulatzeko.

              Bitariko Batzordearen barnean, lantalde espezifikoak eratu ahal izango dira Bitariko Batzordearen egitekoak errazteko.

              Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzordearen jarduna eta araubide juridikoa, klausula honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluaren 3. atalean kide anitzeko organoen funtzionamendurako xedatutakoari lotuko zaizkio.

              Alderdietako edozeinek eskatuta bilduko da Koordinazioko eta Jarraipeneko Bitariko Batzordea, eztabaidatu beharreko gaiek edo egoerek hala eskatuz gero, betiere; urtean behin gutxienez bilduko da, egindako lankidetzaren emaitzak eta gorabeherak aztertzeko. Distantziatik egingo da Batzordearen funtzionamendu arrunta, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoaren arabera; nolanahi ere, edozein kidek aurrez aurreko bilkuren deialdia eskatu ahal izango du, beharrezkotzat jotzen duenean.

              Bitariko Batzordea arduratuko da hitzarmen hau interpretatzean eta betetzean sor daitezkeen eztabaidak ebazteaz.

              Hamaikagarrena. Hitzarmenaren indarraldia, aldaketa, etetea eta azkentzea.

              40/2015 Legearen 49.h.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, hitzarmen honek 4 urteko indarraldia izango du, Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatu ondoren, BOEn argitaratzen denetik aurrera. Aurreikusitako indarraldia amaitu aurretik, hitzarmena beste lau urtez luzatu ahal izango da, alderdiek aho batez hala adostuz gero.

              Alderdi sinatzaileek edozein unetan aldatu ahalko dituzte hitzarmen honen baldintzak, aho batez, eta, horretarako, hitzarmenaren eranskin bat sinatu beharko dute.

              Hala ere, alderdi sinatzaileek, behar bezala justifikatuta, informazio-hornidura alde bakarretik etetea edo mugatzea erabaki ahal izango dute, baldin eta erakunde lagapen-hartzaileko agintariek, funtzionarioek edo gainerako langileek ez badute betetzen informazioa isilpean gordetzeko betebeharra, kontrol-araubidean irregulartasunak edo anomaliak gertatzen badira, edo informazio-hornikuntzan bete beharreko printzipio eta arauak betetzen ez badira, bat etorrita hitzarmen honetan aurreikusitakoarekin. Hornidura eteteko edo mugatzeko erabakia hartu ondoren, berehala emango zaio horren berri Bitariko Batzordeari, erabakia baliogabetu edo mantentzeko.

              Hitzarmenak azkendu egiten dira haien xede diren jarduketak betetzen direnean edo urriaren 1eko 40/2015 Legeak 51.2 artikuluan ezarritako suntsiarazpen-arrazoi hauek gertatzen direnean:

              Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar eta konpromisoak betetzen ez baditu, alderdietako edozeinek errekerimendu bat helarazi ahal izango dio betebeharra bete ez duen alderdiari, hamabost eguneko epean bete ditzan bete gabetzat jotzen diren betebehar edo konpromisoak. Hitzarmenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta sinatu duten gainerako aldeei jakinaraziko zaie errekerimendu hori.

              Errekerimenduan azaldutako epea igarotakoan ez-betetzeak berdin jarraitzen badu, errekerimendua igorri zuen alderdiak hitzarmena suntsitzeko arrazoia dagoela jakinaraziko dio beste alderdi sinatzaileari, eta hitzarmena suntsituta dagoela joko da. Hitzarmena arrazoi horrengatik suntsiarazten bada, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak edo Euskal Autonomia Erkidegoak lagatako datuak behar ez bezala erabiltzea eragin dezaketen kalte-ordainak edo zehapenak ezarri ahal izango dira.

              Aurrez ezarritakoa alde batera utzi gabe, datu pertsonalekin lotutako edozein segurtasun-urraketa, datu horien titular diren pertsona fisikoen eskubide eta askatasunentzat arriskutsua bada, datuen babesaren arloan eskumena duen kontrol-agintaritzari jakinarazi beharko zaio, horren berri izan eta 72 orduko epean.

              Hamabigarrena. Araubide juridikoa.

              Hitzarmen hau administrazioen artekoa da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren VI. kapituluko 47. artikulutik eta 53.era bitartean xedatutakoak arautzen du.

              Hamahirugarrena. Jurisdikzio eskuduna.

              Hamargarren klausulan ezarritakoa alde batera utzi gabe, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren ardurapekoak eta eskumenekoak izango dira auzigaiak, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeari jarraikiz.

              Ados daudela adierazteko, inplikatutako alderdiek dokumentu hau sinatzen dute, sinaduraren oinean adierazitako egunean, eta azken sinatzailearen data hartzen da dokumentu hau formalizatzeko datatzat.

              Madril, 2021eko apirilaren 26a.

              Bigarren lehendakariorde, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko presidentea,

              IDOIA MENDIA CUEVA.

              Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko zuzendari nagusia,

              ANDRS HARTO MARTNEZ.

              (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik