Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2021eko irailaren 28koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Elgoibarko Azpiestazio Elektrikorako Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko irailaren 28koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Elgoibarko Azpiestazio Elektrikorako Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 212
  • Hurrenkera-zk.: 5422
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/09/28
  • Argitaratze-data: 2021/10/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Industria; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko ekainaren 30ean, Elgoibarko Udalak Elgoibarko Azpiestazio Elektrikorako Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eskabidea aurkeztu zion ingurumen-organoari, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko uztailaren 26an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren berri eman zitzaion Elgoibarko Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Elgoibarko Azpiestazio Elektrikorako Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Honako hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Elgoibarko Azpiestazio Elektrikorako Plan Berezirako (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Elgoibarko azpiestazio elektrikoa (ST Elgoibar) Azkue auzoan dago (San Roke), San Bizente-San Roke ermitaren inguruetan, eta Elgoibarko herrigunearen hegoaldean dago, erdigunetik 500 bat metrora. Azpiestazio horrek energia elektrikoaren hornikuntza distantzia ertaineko edo handiko lineen bidez jasotzen du, 132 kV-ko tentsioan, eta 30 kV-ra transformatzen du, toki- eta/edo eskualde-mailan banatzeko.

    Azpiestazioa duen lursailak 7.790 m2-ko azalera du. 138 m luze eta 66 m zabal den plataforma horizontal samar batean dago, eta ibilgailuentzako sarbidea du. Lurzatiaren barruan, etxebizitza-eraikin bat, kontrol-eraikin bat eta biltegi bat daude. Gainerakoan, azpiestazioaren gailuteria (132 kV-ko eta 30 kV-ko sistemak), transformazio-zentroak eta kondentsadore multzoak daude.

    Azpiestazioak hartutako lurzorua urbanizaezin gisa dago sailkatuta, 2013an onartutako Elgoibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin bat etorriz.

    Planaren zirriborroan adierazten denarekin bat etorriz, bertan dagoen instalazioa zaharkituta geratu da, eta ez du gaitasunik gaur egun dagoen eta ingurunean aurreikusten den elektrizitate-eskariari erantzuteko. Gainera, 132 kV-ko beste linea bat heltzea aurreikusten da; beraz, instalazioak sakon zaharberritu behar dira, teknologia modernoago baten bidez, eta, hala, hornikuntza elektrikoaren kalitatea eta haren erregulartasuna eta segurtasuna bermatu ahal izateko.

    Testuinguru horretan, Planaren helburua da azpiestazioaren eremuaren antolamendu xehatua ezartzea, instalazioa zaharberritu eta haien edukiera areagotu ahal izateko. Zehazki, epe labur eta ertainera, proposatutako antolamenduak aukera emango du honako jarduketa hauek garatzeko:

    132 kV-ko linea berriei lotutako 132 kV-ko sistema trinkotzea, eta 132 kV-ko dorre berria ezartzea, 45 m inguruko garaierarekin. 132 kV-ko sistema trinkotzeko, eraikin prefabrikatu panelagarri bat altxatuko da, hormigoizkoa edo metalikoa, zeina egun dagoen etxebizitza-eraikinaren lekuan egongo baita; eraikin hori eraitsi egingo da, baina areagotu egingo da aztarna egungo eraikuntzarekin alderatuta. Eraikinak neurri hauek izango ditu: 9,2 m-ko zabalera, 33 m-ko luzera eta 8 m-ko garaiera. Gainera, eremuaren barneko urbanizazioa osatzeko, barneko bidea hego-mendebalderantz luzatzea planteatzen da.

    Beste une batean, 30 kV-ko aire zabaleko sistema trinkotzeari ekingo zaio. Horretarako, egungo biltegia eraitsiko da, eta 4,2 m zabal, 11,2 m luze eta 4 m garai diren bi etxola prefabrikatu eraikiko dira, eta, haietan, instalazio berriaren gelaxkak egongo dira. Etxola horiek eraiki ondoren, 30 kV-ko aire zabaleko sistema osoa desegingo da.

    Esku-hartze horien ondorioz, espazio handia libratuko da ST Elgoibar azpiestazioaren barnealdean. Nahiz eta gaur egun libratutako gunean jarduteko aurreikuspen zehatzik ez dagoen, Planak zenbait erabaki jasotzen ditu etorkizunean ST Elgoibar azpiestazioaren edukiera handitu ahal izateko. Erabaki horiek, funtsean, honako jarduketa hauetan datza: instalazioetarako gehieneko lerrokadurak ezartzea, eraikuntzaren lerrokaduretatik bereiziak; haietara egokitu beharko dira etorkizunean eraikiko diren instalazioak. Eremuan aurreikusten den eraikigarritasunak epe labur eta ertainean aurreikusitako jarduketei erantzuten die; horiez gainera, gaur egun aurreikusten diren instalazioak bikoiztu ahal izateko erreserbarako gaitasuna ere badago.

    Planak mugatutako eremuan proiektatzen den antolamenduaren garapena zuzenean gauzatuko da, kasuan kasuko obra-lizentzia eskuratu ondoren.

  2. Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko ea Planaren aldaketak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak modu xehean antolatzen du lurzoru urbanizatua okupatzen duen eta erabat zolatuta dagoen lurzati bat. Planetik eratorritako jarduketek ez dute Planaren helburu den lurzatiaz bestelako gainazaletan eraginik izango. Bestalde, proiektatutako antolamenduaren garapena zuzenean gauzatuko da, kasuan kasuko obra-lizentzia eskuratu ondoren. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, besteak beste, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren eremua honako ezaugarri hauek dituen lurzati bat da: lurzoruak, egungo egoeran, ezaugarri naturalak galdu ditu, erabat zolatuta baitago. Irailaren 16ko 177/2014 Dekretuaren bidez (198. zenbakiko EHAA, 2014ko urriaren 17koa) behin betiko onartutako Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialarekin (LPS) bat etorriz, lurzati hori balio estrategiko handiko kategorian dagoen gune batean dago; beraz, hasiera batean, kokapen horretarako erabilera desegokia izango litzateke. Hala ere, aurrerago esaten den bezala, ingurumen-dokumentu estrategikoarekin bat etorriz, jarduketak 1958tik darama martxan eta administrazio-baimen guztiak indarrean ditu, eta funtsezko pieza da inguruan energia elektrikoa banatzeko sarean.

        Azaldutakoa kontuan hartuta eta Planaren ingurumen-efektuen balorazioa egungo egoerarekin alderatuta egin behar dela aintzat hartuta, Planaren garapenak ez du eraginik izango eremuko nekazaritza eta basozaintzako jardueran, ez eta galera erantsirik baliabide edo nekazaritza eta basozaintzako intereseko lurzoruetan ere, hasierako egoerarekin alderatuta.

        Apartatu horri dagokionez ondoriozta daiteke ez dela bateraezintasunik antzematen hierarkian gorago dagoen ezein plangintzarekin.

      3. Plana edo programa egokia ote den ingurumen-arloko alderdiak barne hartzeko, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-alderdiak barnean hartzeko. Dagoeneko urbanizatuta dagoen lurzoruan du eragina; beraz, ez dakar lurzoru ez-antropizatu gehiago kontsumitzea. Gainera, instalazioak modernizatzeak aukera emango du ihesei, isuriei eta emisio atmosferikoei lotutako arriskuen kudeaketa egokia egiteko, eta arrisku horiek aurreikusi eta gutxitzeko.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasun eta osasunean, ingurumenean, hondakinen kudeaketan eta kutsadura akustikoan indarrean dauden araudiak betez gauzatzen badira eragindako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

        Ingurumen-efektuen balorazioa egungo egoerarekin alderatuta egin behar da; gaur egun, erabat urbanizatuta eta zolatuta dagoen lurzati batean dagoen eta martxan dagoen jarduera bat dugu. Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, planetik eratortzen diren jarduketen ezaugarriak, eta, orobat, aplikaturik neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta horien eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriak.

      Esan bezala, Elgoibarko azpiestazioa Azkue auzoan dago (San Roke), San Bizente-San Roke ermitaren inguruetan, eta Elgoibarko herrigunearen hegoaldean dago, erdigunetik 500 bat metrora eta AP-8 autobidetik 200 metro ekialdera. Landa-ingurune batean dago, non belardiak eta labore atlantikoak diren nagusi; lurzatiaren mugatik metro gutxira, baserri batzuk, San Roke ermita, Mintxetako kiroldegiaren instalazioak eta igerileku publiko bat daude.

      Planaren helburu den lurzatiak 7.790 m2-ko azalera du, eta erabat urbanizatuta eta zolatuta dago.

      Ingurumenaren ikuspegitik, Planaren zehaztapenen eraginpean dagoen inguruneak honako ingurumen-baldintza hauek ditu:

      Lurzatia erabat urbanizatuta eta zolatuta dagoenez eta Planaren garapen-jarduera guztiak lurzatira mugatzen direnez, baztertu egiten da elementu naturalei eragin zuzenak egitea, besteak beste, flora- eta fauna-espezieei edo kontserbazio-intereseko landare-komunitateei, natura-intereseko eremuei, babestutako natura-espazioei, Natura 2000 Sareari, igarobide ekologikoei eta baliabide hidrologikoei edo kultura-ondareko elementuei. Elementu horietako bat ere ez dago Planaren eremuan.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du uholde-arriskurik, eta akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasuna oso txikia da.

      Bestalde, sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, eta, era berean, geoEuskadik EAEko Datu Espazialen Azpiegituraren erreferentziako geoatariak emandako datuen arabera, eremua ez dago jasota lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituen edo dauden lurzatien inbentarioan. Hala ere, aipatu behar da Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuak ekainaren 25eko 4/2015 Lege horren I. eranskina aldatzen duela; hartan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak eta instalazioak jasotzen dira, tartean, azpiestazio elektrikoak eta potentzia-transformadoreak edo erreaktantziak, bai energia elektrikoaren eroapenekoak bai banaketakoak (35.12 eta 35.13 EJSN, hurrenez hurren), eta, ondorioz, lurzorua kutsa dezaketen jarduera eta instalaziotzat jotzen dira.

      Planaren antolamendu-eremua azpiestazio elektrikoaren lurzatira mugatzen dela eta hartatik kanpoko gainazaletan eraginik ez duela kontuan hartuta, aplikatzekoa izango da ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.1.c) artikuluan aurreikusitakoa, zeinak lurzoruaren kalitatearen adierazpen-prozeduraren salbuespena zehazten baitu, betiere, handitu edo aldatu nahi den jardueraren edo instalazioaren lurzatiaren mugen barruan egiten direnean lurzorua kutsa dezakeen jarduera eta instalazio bat handitu edo aldatzeko lanak. Hala ere, Plana garatzeko jardueren barnean lursaila induskatu behar bada, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.5 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da, bai eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren (Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) 14. artikuluan ezarritakoa ere.

      Jarduerak eragindako ingurumen-zarata dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak ez du inpaktu akustikoaren azterlanik jasotzen, ez baiteritzo eremu akustiko Planaren eremuari; lurzoru urbanizaezin batean egingo den jarduketa isolatu deritzo, eta energia elektrikoa banatzeko instalazioaren erabilera barne hartzen du, etengabe jendea egoterik behar ez duena.

      Hala ere, instalazioaren ezaugarriak kontuan hartuta eta etxebizitza isolatuetatik eta erabilera publikoko ekipamenduetatik hurbil dagoela ikusita, aplikagarria izango da, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 1.5 artikuluan aurreikusitakoa: ez dira jarduera berritzat hartuko dekretu hau indarrean jartzean abian direnak, nahiz eta zarata-foku berriak dakartzaten aldaketak izan. 51. artikuluak xedatutakoa betez, zarata-foku berri guztiek jarduerei aplika dakizkiekeen mugak bete beharko dituzte, bizitegi-lurzoruan gauzatutako jarduerek izan ezik.

      Era berean, Plana garatzeko jardueren ondorioz, 6 hilabete baino gehiagoko iraupena duten obrak aurreikusten badira, aplikagarria izango da urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluko bigarren eta hirugarren apartatuetan xedatutakoa. Artikulu horren arabera, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko inpaktu akustikoaren azterlana egin behar da.

      Aurrekoa kontuan hartuta, ingurumen-inpaktu nabarmenenak Planak proposatzen duen antolamendu xehatua garatzera bideratutako jarduketak gauzatzeko fasean aurreikusten dira; jarduketa horien artean gaur egun dauden eraikin eta azpiegiturak eraistea dago, eta etorkizuneko eraikinak eta azpiegiturak eraikitzea (132 kV-ko dorre berria ezartzea, 132 kV-ko sistema trinkotzea, aire zabaleko 30 kV-ko sistema trinkotzea...), bai eta urbanizatzeko obra osagarriak ere. Jarduketa horiek lur-mugimenduak ekarriko dituzte, eta horrek, berriz, indusketako soberakinak sortzea, bai eta eraikuntza- eta eraiste-hondakinak sortzea ere, kontuan hartuta hondakin horiek beren ezaugarrietara egokituta kudeatu beharko direla, eta giza habitataren kalitatea murriztea ere ekarriko dute jarduketa horiek, ibilgailuak eta makinak joan-etorrian ibiltzeak eragingo dituen eragozpenengatik: zarata, hautsa, dardarak eta abar areagotzea.

      Ondoren, Planaren garapena amaituta, ez da espero ingurumen-arazo adierazgarririk Plana gauzatzearen ondorioz, baldin eta ukitutako eremuan egiten diren esku-hartze eta jardueretan indarrean dagoen araudia betetzen bada segurtasunari eta osasunari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez, besteak beste.

      Ingurumen-efektuen balorazioa egungo egoerarekin alderatuta egin behar da; gaur egun, jarduera martxan dago, eta erabat urbanizatutako eta zolatutako lurzati batean dago. Hori kontuan harturik, Planetik eratortzen diren jarduketen ezaugarriak, eta, orobat, neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileen aplikazioa, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Elgoibarko Azpiestazio Elektrikorako Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

      Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari buruzkoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Jarduketa-esparrua mugatzea

      Obrak, bai eta lurzorua okupatzea dakarten lan osagarriak ere, Planaren lurzatiaren barruan egin beharko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatutako mugetatik kanpo ibiltzea.

      Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

      Ura eta lurzorua babestera bideratutako neurriak.

      Oro har, obra-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

      Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Horretarako ezarritako gunetik kanpo ez da baimenduko erregaia kargatu eta deskargatzea, olioa aldatzea eta tailerreko jarduerak egitea.

      Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da eskura, istripuzko isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

      Plana garatzeko jardueren barnean lursaila induskatu behar bada, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.5 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da, bai eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren (ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) 14. artikuluan ezarritakoa ere.

      Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, gogorarazi behar da ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 8. artikuluan eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren xedapen iragankorrean adierazitakoa, lurzoruaren egoerari buruzko aurretiko txostenari dagokionez.

      Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako betebeharrei jarraikiz eta haren gomendioekin bat etorriz, Planaren sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurriak hartu beharko dira, zehazki:

      Instalazioak potentzia-transformadoreen olio dielektrikoaren ihesei eusteko prebentzio-sistema bat izango du, eutsi beharreko produktura egokitua eta azpiestazioaren transformadore bakoitzaren olio-bolumen osoari eutsi ahal izateko gaitasunarekin.

      Titularrak beharrezko diren bitartekoak izango ditu instalazioak behar bezala ustiatzeko eta istripuzko isurketak prebenitzeko hartutako segurtasun-neurriak modu eraginkorrean mantentzeko.

      Atmosferara egindako emisioak gutxitzeko neurriak.

      Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua isur daitekeen kasuetarako.

      Jarduerak iraun bitartean, neurri egokiak hartuko dira istripuzko isuririk ez egiteko, eta efluenteak giza osasunerako eta herritarren segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen.

      Planaren sustatzaileak proposatutako neurriekin bat etorriz, erabilitako gasa besteak beste, dielektrikoa, sufre hexafloruroa (SF6) manipulatzea eska lezaketen mantentze-lanak beti egingo dira pertsonal kualifikatuarekin, eta prebentzio-neurri eta ekipamendu espezifiko egokiak hartuta. Lan horien ondorioz konpartimentuetako gasa hustu behar bada, hura jarduketa horietarako mantentze-lanen pertsonal kualifikatuak batuko du, eta, hala, libreki aireratzea saihestuko du.

      Azpiestazioak jardunean eragindako eremu elektriko eta magnetikoen balioek ezingo dituzte gainditu Europar Batasunaren Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan pertsonen eremu elektromagnetikoekiko (0 Hz-tik 300 GHz-ra) azalpenari buruzkoa adierazitako muga-balioak eta oinarrizko mugaketak.

      Inguruneko kalitate akustikoa babesteko neurriak:

      Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, eta zaraten eta bibrazioen murrizketan.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak (baita errepideko zirkulaziorakoak ere) egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 6 hiletik gorako iraupen aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.

      Inpaktu akustikoaren azterketan neurri zuzentzaileak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

      Planean jasotzen diren aurreikuspenak garatuz etorkizunean ezar daitezkeen instalazioei dagokienez, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikulua aplikatuta, zarata-foku berriek Dekretu horren I. eranskineko 2. zatian zehazten diren muga-balio aplikagarriak bete beharko dituzte.

      Beste alde batetik, jarduera egiterakoan, eta betiere bere eragin-eremuan, jarduerak ez du gainditu behar Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak, zaratari dagokionez.

      Hondakinen kudeaketara bideratutako neurriak:

      Instalazioan, bai obretan bai azpiestazioaren jardueran, sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, beharrezkoa bada, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

      Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

      Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

      Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

      Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretua eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua. Eraikitzeko edo eraisteko obren hondakinei dagokienez, kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta obretan induskatutako material naturalak badira eta obra gauzatzeko soberakin gisa sortzen badira, eta betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

      Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

      Bestalde, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntzako eta eraispeneko hondakin eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko.

      Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan eta hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

      Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

      Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua Kutsatzea Saihesteko eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

      Hondakin arriskutsuentzako ontziei dagokienez, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira (Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen du errege-dekretu horrek); ontziok, gainera, itxita egongo dira kudeatzaileak jasotzen dituen arte, edukia isuri edo lurrundu ez dadin. Jarioak eragin ditzaketen hondakin arriskutsuek bilketa-sistema egokiak eta bereiziak izango dituzte, hondakin jakin bat isurketaren batean nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaiteke edo kudeaketa zaildu badezake.

      Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

      Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta txosten horretan sartu beharko dira indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko eraikuntza iraunkorrerako gida. Eraikin Industriala argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia-kantitatea eta/edo energia-kontsumoa murriztea.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

      Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

      Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

      Jarduera uztea.

      Behin instalazioaren bizitza baliagarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

      Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, ingurumen-organoari emango dio ebaluazio horren emaitzen berri.

      Nolanahi ere, jarduera uzteari dagokionez, nahitaez bete beharko dira Lurzorua Kutsatzea Saihesteko eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta hura garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan horren inguruan jasotzen diren xedapenak.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Elgoibarko Azpiestazio Elektrikorako Plan Bereziak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Elgoibarko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Elgoibarko Azpiestazio Elektrikorako Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 28a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik