Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2021eko azaroaren 22koa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Barrikako (Bizkaia) Concepcin de Elorduy y Sustacha Fundazioaren eraikina babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari, monumentuaren kategorian, eta espediente hori jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2021eko azaroaren 22koa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Barrikako (Bizkaia) Concepcin de Elorduy y Sustacha Fundazioaren eraikina babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari, monumentuaren kategorian, eta espediente hori jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 244
  • Hurrenkera-zk.: 6130
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/11/22
  • Argitaratze-data: 2021/12/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Onartutako eskumenaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen. Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen ditu.

Barrikako (Bizkaia) Concepcin de Elorduy y Sustacha Fundazioaren eraikinak ondarearen aldetik duen interesa ikusita, eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aintzat hartuta, honako hau

Lehenengoa. Barrikako (Bizkaia) Concepcin de Elorduy y Sustacha Fundazioaren eraikina, Monumentuaren kategorian, babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera ematea, ebazpen honen I. eranskinean finkatutako mugapena, II. eranskineko deskribapena eta III. eranskinean jasotako berezko babes araubidea aintzat harturik.

Babes-espediente hau abiarazteak Barrikako (Bizkaia) Concepcin de Elorduy y Sustacha Fundazioaren eraikinari eta haren babes-inguruneari berezko babes-araubidea berehala eta behin-behinean aplikatzea ekarriko du, baita maiatzaren 9ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legean Babes Ertaineko kultur-ondasunetarako aurreikusitako babes-araubide orokorra eta berezia ere.

Bigarrena. Barrikako (Bizkaia) Concepcin de Elorduy y Sustacha Fundazioaren eraikina, Monumentuaren kategorian, babes ertaineko kultura-ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko aldiari hasiera ematea, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituz, II. eranskineko deskribapena kontuan hartuz eta berezko babes araubide gisa III. eranskinean agertzen dena ezarrita. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultur Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena. Barrikako Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailei jakinaraztea prozedura hau hasteak eten egiten dituela eremu babestuetan partzelatzeko, eraikitzeko edo eraisteko lizentziak, baita lehendik emandako lizentzien ondorioak ere, babes-araubide partikularrean ezarritakoaren arabera. Finkan ezinbestean obraren bat egin beharko balitz, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko litzateke derrigorrean.

Laugarrena. Espedientea izapidetzen jarraitzea indarrean diren xedapenen arabera.

Bosgarrena. Ebazpen honen berri ematea Rosa Mara Martn Sastre andreari, Elorduy Fundazioaren Patronatoari, Barrikako Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari ere bai.

Seigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialen argitaratzea, jendeak haren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 22a.

Kulturako sailburuordea,

ANDONI ITURBE AMOREBIETA.

Hauek dira Concepcin de Elorduy y Sustacha Fundazioaren Barrikako eraikinaren (Monumentua) mugak: eraikina bera eta haren inguruko babes-eremu bat, muga hauek dituena:

Mendebaldean, hormatxoa eta partzelaren itxiturako burdin sarea.

Hegoaldean, partzela mugakideekiko banaketa-lerroa.

Ekialdean, eraikinaren oinarrian dagoen plataformaren euste-horma, apur batez bat egiten duena atzeko fatxadarekiko lerro paralelo batekin, 14 metrora.

Iparraldean, iparraldeko fatxadarekiko lerro paralelo bat, 7 metroko distantzian.

Aurreikusitako mugaketak zehazten du zer babes-eremu behar den multzoaren paisaia-balioak eta balio tipologiko zein funtzionalak babesteko, eta kultura-ondasuna behar bezala kontserbatzeko eta balioa emateko.

(Ikus .PDF)

Concepcin de Elorduy y Sustacha Fundazioaren instalazioak (garai batean, babes-etxea izandakoa; eta, gaur egun, hirugarren adinekoentzako egoitza) Barrikako Elexalde auzoan daude.

Ospitale eta Babes-etxea 1909an sortu zen, Concepcin Elorduy Sustacharen ondarearen legatuari esker. Elorduy andrearen familia gutxienez 1652tik egon da udalerrian finkatuta. Bere aita, Juan Bautista Elorduy Ibarra, nekazaria eta nabigatzailea zen, eta maila ekonomiko ona zeukan. Horri esker, herriko ongilerik handienetako bat izatera helduko zen. Bizi zen artean, Concepcin Elorduyk gurasoengandik eta bigarren senarrarengandik oinordetzan jasotako aberastasuna zaindu zuen, harik eta, 1900. urtean notario aurrean emandako agiri baten bidez, bere albazeei utzi zien arte ondare guztia, babes-etxe bat eraiki eta hornitu zezaten Barrikan, elizatik gertu.

Ospitalea 1913an eraiki zuten, Atxutegi baserriaren ondoan eskuratutako lursailetan, Barrikabasoko pinudien gainean. Proiektu arkitektonikoa Javier Aguirre Iturralde arkitektoak sinatu zuen 1909an. Hain zuzen ere, garai hartan, Aguirre Vitoria-Gasteizko udal-arkitektoa zen. Haren obren artean, nabarmentzekoak dira Llamaquiqueko ospitale probintzialeko zoroetxea (1888an Bartzelonako Nazioarteko Erakusketako urrezko domina jaso zuen lan horrengatik); Vitoria-Gasteizko merkatua (arkitektura modernoko lehen eraikina izan zen hirian, eta modu egokian uztartu zituen burdina, kristala, harria eta adreilua), eta Vitoria-Gasteizko Plaza Berriko (1901) eta Irungo (1903) kioskoak.

Aguirreren proiektuak estilo eklektikoko eraikin monumental bat definitu zuen, eragin frantsesekoa, XIX. mendeko gizarte burgesaren oso gustukoa izan ohi zena. Oinplano angeluzuzena eta basilika-sekzioa zituen; erdiko atalak 30 metroko habeartea zuen, gainean kupula handi batekin. Alboetan, bi pabiloi, estilo neogreziar landuko fatxadekin, eredu isabeldarren ildotik. Harlangaitzezko eta adreiluzko hormadun egitura zuen, eta sotoa, goiko bi solairu eta ganbara zituen.

Barrualdean, horma zuri eta biluziak, gela zabalak eta sabai oso altuak zeuden, bat etorriz Benefizentziako Probintzia Batzordeak ezarritako higiene- eta osasungarritasun-baldintzekin. Solairu nagusiko (sarrerako eskalinatatik sartzen zen bertara) zeharkako atal nagusian, honakoak zeuden: atondoa, kapera neogotikoa, sakristia, jantzitegia eta plantxatzeko gela. Hain zuzen ere, kapera, ia-ia jatorrizko egoera berean dagoena, higiezineko elementurik bereziena da: lau gurutze-ganga ditu, korua oinaldean, eta arku zorrotzeko leihoak. Barrualdean, bereziki nabarmentzeko modukoak dira erretaula nagusia eta alboetako irudiak, konfesatokia, aldarea eta pulpitua, egurrez fin landutakoa, Bilboko bi eskultore ospetsuk egindakoa: Vicente Larreak eta Serafn Basterrak, alegia.

Erdiko atondotik irteten ziren sekzio berdineko bi pabiloi lotzen zituzten galeriak. Eskuineko galeria emakumeena eta neskatilena zen, eta ezkerrekoa gizonena eta mutikoena. Albo bakoitzean honako hauek zeuden: jantokia, bisita- eta mediku-gela, eriondoen jantokia, eta instrukzio-, lan- eta jolas-gelak, bai eta komunak ere. Marmolezko bi eskailera zabalen bidez igotzen zen bigarren solairura, eta, hango atal nagusian, egongela, korua eta gela zabal bat zeuden. Alboetan, bi egongela-logela handi zeuden, hauek ere sexuaren arabera bereizita. Gainera, erizain zaintzailearen gela, gaixoa zaintzeko gela, eta komunak eta konketak ere bazeuden. Azkenik, gela handi bat zegoen, bi aldeetan kamaroteak zeuzkana; horixe zen ganbara, zerbitzuko eskaileren bitartez lotutakoa.

Fatxada soilek aparailu zarpiatu eta pintatuak zituzten, baoak xume markoztatuta, eta harlanduzko plaka-estaldurak ertzetan. Zeharkako atal nagusiaren altxaera printzipalean biltzen zen multzoaren apaingarri ia bakarra, eta honako hauek nabarmentzen ziren: beheko solairuan, arku eskartzano beheratuko sarrera nagusia; lehen solairuan, balkoi irtena balaustradadun mentsulen gainean; erdiko bao erdizirkularra, eta, horren alboetan, baoak idi-begiekin goian, kapitel korintiarreko zutabetxoen artean eta inskripzio batekin goian (Hospital asilo Fundacin de Da. Concepcin de Elorduy y Sustacha), eta, atal hori errematatuz, beste balaustrada bat, frontoia eta arbelezko kupula, pilastra korintoarren artean molduratutako erdi-puntuko arkudun leihoekin. Alboetako pabiloiek bao zuzenen ardatz bertikalak zituzten, dekoraziorik gabeak, erlaitzeko hagaburuen kasuan izan ezik. Ertzetako bolumenetan, frontoi mailakatu batek errematatzen zuen altxaera printzipala. Frontoi hori almenadun inpostez eta erlaitzez apainduta zegoen, eta hagaburuen imitazioak ere bazituen. Gainera, eskuineko aldean Gorliz eta Plentziako armarriak zeuden, eta ezkerrekoan Sopela eta Urdulizkoak.

Eraikina lorategiz inguratuta zegoen, burdin hesidun hormatxo batekin. Lorategian esker oneko lau busto eta marmolezko eskultura handi bat jarri zituzten. Eskulturaren izenburua Karitatea zen, eta babes-etxerako egin zuen 1914an Higinio Basterrak, Rodinen ikasle bilbotar nabarmenak, Bilboko Artelan Berreginen Museoaren sortzaileetako bat ere izan zenak.

Eraiki zenetik gaur egun arte, ospitale eta babes-etxea arlo asistentzialerako erabili izan da, nahiz eta, 1916tik aurrera, Barrikako neskatilen udal eskola ere izan zen. Era berean, eraikina XX. mendeko gertaera historikoetara egokitu behar izan zen, hala nola, gerra zibilera; izan ere, gerrak iraun zuen bitartean, hantxe hartu zituzten gatazkako hainbat preso eta zauritu. Halaber, beharrizanen edo osasun- zein erosotasun-irizpideen bilakaerara ere egokitu behar izan da eraikina.

Hala, 60ko hamarkadaren hasieran, eraikinaren barrualdea eraberritzeko eta osasun aldetik hobetzeko aurreneko lanak egin ziren, eta, 1968an, higiezina handitu egin zen, eskuineko bolumenari beste pabiloi bat gehituz (Gardoqui pabiloia). Pabiloi horren instalazioetan, hirugarren adineko senar-emazteei eman zitzaien egoitza, eta, horretarako, bainugeladun 8 logela bikoitz egin ziren. Proiektu erabilgarri, moderno eta berritzailea zen, eraikinaren lehengo banaketarekin konparatuta. Enrique Aguiriano arkitektoak diseinatutako zabalkuntza-lana modu diskretuan integratu zen, hasierako eraikinaren mende geratuta. Horretarako, altuera txikiagoko bolumen bat diseinatu zen, solairu nagusiarekin konektatuta zegoena eta jatorrizko konposizio xumeari jarraipena ematen ziona.

70eko hamarkadan, eskariak gora egin ahala, eraikinaren banaketa birmoldatu egin zen, plaza gehiago prestatzeko. Modu horretan, lehengo egongela zabalak, denen erabilerarako zirenak, eraldatu egin ziren, eta gela erosoak sortu ziren, intimitate eta erosotasun handiagoa eskainiz. 90eko hamarkadatik aurrera, eraberritze integral gehiago egin ziren, instalazioek EAEko hirugarren adinekoentzako laguntza-zentroen araudia bete zezaten. Ondorioz, jatorrizko sabai altuak jaitsi ziren, kanpoko baoen zati bat itxiz; eta, era berean, aireztapen eta argiztapen naturala jarri ziren gela guztietan, bai eta berokuntza-sistema ere.

Ondoren, 2010ean, kanpoko espazioak egokitzeko lanak egin ziren, batez ere eraikinaren oztopo arkitektonikoak desagerrarazteko, eta barrualdearen banaketa berritzen jarraitu zen. Berrikiago, hainbat lan egin izan dira; esate baterako, igogailu berriak jarri dira, fatxadak eta estalkiak zaharberritu dira, jantokia handitu da eta 2. solairuko logelen eskuin-hegalaren zati bat birmoldatu da, logela indibidualak eta bainugela pribatuak jartzeko.

Babes-neurriei buruzko eranskin honek osatu egiten du Concepcin de Elorduy y Sustacha Fundazioaren Barrikako eraikina, Monumentu kategoriarekin, Babes Ertaineko Kultura-ondasun izendatzeko deklarazioa, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikulua betez. Era berean, ondasun horretan onartuta eta debekatuta dauden jarduerak zehazten dira.

  1. Eranskin honetako aginduak lotesleak dira, eta bertan aurreikusitako babes-neurrien arabera kontserbatu beharko da babestutako kultura-ondasuna.

  2. Hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnek beren baitan jaso beharko dituzte babestutako kultura-ondasunaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko behar diren zehaztapenak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondarearen eskumena duen sailaren aldeko txostena izan beharko dute, 6/2019 Legearen 47. artikuluarekin bat etorriz.

  1. Babestu beharreko kultura-ondasunaren elementuak honako hauek dira: egungo Elorduy egoitzaren higiezina, I. eranskineko mugaketan sartutako espazio libreak, eta, artikulu honen arabera, banaezintzat deklaratutako ondasun higigarriak.

  2. Kultura-ondasunaren deklarazio hau eragin duen ondare-balorazioaren arabera, Concepcin de Elorduy y Sustacha Fundazioaren eraikinak balio kultural hauek ditu:

    Balio historiko eta soziala: eraikina 1914an eraiki zen, Barrikako bizilagun baten ondarearen legatuari esker. Eraikinak lotura sozial estua dauka Barrikako udalerriarekin eta eskualdearekin; izan ere, 100 urte baino gehiago daramatza bertako biztanle zaurgarrienei ostatu ematen.

    Paisaia-balioa: eraikin monumentala paisaiaren mugarri gisa agertzen da landa-ingurunean.

    Proiektuaren eta eraikuntzaren kalitate arkitektonikoa: eragin frantseseko eklektizismoaren adibide egokia, Javier Aguirre Iturralde arkitektoak proiektatua eta maisutasunez eraikia.

    Balio tipologikoa: XIX. mendearen amaierako osasun-arloko arkitekturaren adibide berezia.

    Balio konpositibo-formala: fatxaden konposizio zaindua, hainbat baliabide eklektiko erabiliz eraikin soil eta dotorea lortzeko.

    Espazioen balio funtzionala: bere horretan mantentzen du jatorrizko diseinuaren funtzionaltasun asistentziala, espazio eta zirkulazio nagusien konfigurazio orokorra, eta kapera neogotikoa (hori da elementurik bereziena).

  3. Ondare-balio horiek jatorrizko egoeran daude, multzoaren kontserbazio-egoera ona delako eta ezaugarri formal, estruktural eta tipologiko nagusiak ere mantentzen direlako, nahiz eta eraikina eraldatu egin den, premia eta beharrizan berrietara egokitzeko.

  4. Deskribatutako balioak babesteko asmoz, elementu hauek izango dira babesaren xede:

    Jatorrizko eraikinaren eta 1968ko zabalkuntza-lanaren (Gardoqui pabiloia) bolumetria.

    Kanpoko fatxadak, elementu bereizgarri guztiak barne: konposizio-eskema, estaldurak eta apaingarriak (hala nola, pilastrak, inpostak, erlaitzak, moldurak, markoak, bazterretako harlanduzko plakak, frontoiak, inskripzioak eta armarriak).

    Egitura-sistema, elementu bertikalak eta horizontalak barne.

    Antolaketa orokorra: sarrerak, atondoa, solairuetara joateko galeriak, komunikazio bertikaleko eskailerak, kokapenari, neurriei eta zirkulazio-eskema orokorrari dagokienez.

    Kapera neogotikoa. Elementu hauek ditu: lau gurutze-ganga, sakristia, korua oinaldean, arku zorrotzeko baoak, eta sarrerako arkua beiradun atearekin. Gainera, honako hauek sartzen dira kultura-ondasun higiezinari lotutako ondasun higigarri gisa: erretaula nagusia eta alboetako irudiak (Andre Maria eta Jesus), konfesatokia, aldarea eta pulpitua.

    Kanpoaldeko eremuak: eraikuntzarik gabeko espazio irekiak.

Horiek kendu ahal izateko, atzeko fatxadan kokatutako elementu hauek hartzen dira kultura-ondasunaren balio babestuen degradatzailetzat: metalezko hesiaren itxitura eta polikarbonatozko plaken bidezko itzal-sistema. Horiek guztiak, baina, behin-behineko elementu itzulgarriak dira, eta horiek kentzeak ez luke inolako inpakturik izango eraikinean.

  1. Babestutako kultura-ondasun hau Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren menpe egongo da, baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

  2. Babestutako kultura-ondasunaren jabeak, edukitzaileak eta haren gaineko eskubide errealen gainerako titularrak behartuta daude hura kontserbatu, zaindu, babestu eta erabiltzera, hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzetan, haren osotasuna ziurtatu dadin, eta ez dadin hura galdu, suntsitu edo hondatu.

  3. Babestutako kultura-ondasunaren titularrek ondasunerako sarbidea bermatu behar dute Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, informazioa eta sarbidea emanez agintari eskudunei edo beren eskumenak egikaritzeko ardura duten funtzionarioei, eta ondasuna modu publikoan bisitatzeko eta aztertzeko aukera emanez foru-organo eskudunak berariaz baimendutako ikertzaileei. Egoitza erabiltzen duten pertsonen ezaugarri bereziak kontuan hartuta, hala ere, salbuespenezko arrazoi justifikatuak alegatu ahal izango dira Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunaren aurrean.

  4. Babestutako kultura-ondasuna osorik edo zati batean eraitsi ahal izateko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikuluan xedatutakoa bete beharko da ezinbestean.

1. ATALA

ESKU HARTZEKO ETA KONTSERBAZIORAKO IRIZPIDE OROKORRAK

Babestutako kultura-ondasunean edozein esku-hartze egiteko, Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen eskumena duen organoaren baimena beharko da, dagokion hirigintza-lizentzia edo administrazio-baimena eman aurretik.

  1. Babestutako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeek ondasun horren izaerari eta esku-hartzeari egokitutako proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute, eta ondasunaren titularrak aurkeztu beharko du proiektu hori, Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen departamentuan.

  2. Edonola ere, babestutako kultura-ondasunean egin beharreko esku-hartzeen aurretik, ondasunaren azterketa historiko-arkitektonikoa egin beharko da, eta lan horiek profesional eta enpresa espezializatuen esku utzi beharko dira. Profesional eta enpresa horiek, gainera, egiaztatu beharko dute beharrezko gaitasun teknikoa dutela lanak bermerik handienekin egiteko.

  3. Esku-hartze bakoitzaren amaieran, ondasunaren titularrak esku-hartzearen memoria aurkeztu beharko dio kultura-ondarearen eskumena duen foru-organoari, hark egiaztatu eta erregistratu dezan.

  1. Babestutako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeetan bermatu egingo da, zientziaren eta teknikaren baliabide guztien bitartez, ondasun horren ezagutza, kontserbazioa eta zaharberritzea, hari balioa emateko, hala ezartzen baitu Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluak.

  2. Babestutako kultura-ondasunaren erabilerak bateragarria izan beharko du babesaren xede diren balioekin, eta, betiere, ondasuna kontserbatuko dela eta haren balioa nabarmenduko dela bermatu beharko da.

  3. Ondasunaren balio kulturalen transmisioa bermatzeko, oinarrizko jarduketa-printzipio hauek ezartzen dira: ezinbesteko eta gutxieneko esku-hartzea, eta prozeduren itzulgarritasuna.

  4. Esku-hartzeetan, errespetatu egingo dira ondasunean dauden garai guztietako eranskin interesgarriak, ondasunaren bilakaerari buruzko informazio esanguratsua ematen dutenak.

  5. Barnealdeko elementu babestuak, 3.3 artikuluan zehazten direnak, kanpoko inguratzaileen babes-maila berarekin tratatuko dira.

  6. Debekatuta dago babestutako ondasunaren teknika edo materialekin edo babestu beharreko balioekin bateragarriak ez diren teknikak eta materialak erabiltzea. Esku-hartzeetan erabilitako teknikek eta materialek behar bezala bermatutako portaerak eta emaitzak eman beharko dituzte; zehazki, esperientziak edo ikerketak bermatutakoak.

  7. Esku-hartzeak egin behar badira higiezina segurtasunaren, irisgarritasunaren, efizientzia energetikoaren, osasungarritasunaren eta bestelakoen arloan indarrean dagoen araudi sektorialera egokitzeko, konponbide berritzaileak erabiliko dira, babestutako kultura-ondasunaren ondare-balioak zainduko direla bermatzeko.

  8. Erabilera berrietara egokitzeko aldaketak onartu ahal izango dira, baldin eta babestutako kultura-ondasunaren ezaugarri tipologiko, formal eta estruktural nagusiak mantentzen badira.

    2. ATALA

    ESKU-HARTZEEN BERARIAZKO ARAUBIDEA

1. 3. artikuluan identifikatutako kultura-balioak babesteko, onargarritzat hartzen dira babestutako ondasun higiezinen gaineko esku-hartze hauek:

Fatxadak zaharberritzea eta aldatutako zatiak jatorrizko egoerara itzultzea; esate baterako, erabat edo partzialki itxitako baoak, arotzeriako materiala eta zatikatzeak, eta harrizko balaustradak atal nagusiko balkoietan eta ertzetako pabiloien baoetan.

Kapera neogotikoa eta haren apaingarri babestuak zaharberritzea.

Barne-banaketa orokorrak zaharberritzea, kokapenari, neurriei eta zirkulazio-eskemei dagokienez; besteak beste, atondoa, solairuetako galeriak eta eskailera nagusiak.

Jatorrizko egitura finkatzea, berreskuratu ezin diren zatiak puntualki ordezkatuz, horien posizioa eta kotak aldatu gabe.

Ostatu emateko espazioen, denen erabilerarako gelen, zerbitzu osagarrien, asistentziarako espazioen, harreraren eta administrazioaren barne-banaketa eraberritzea, betiere, horrek kultura-ondasunaren babesaren xede diren elementuei eragiten ez badie. Zehazki, iparraldeko hegalaren atzeko fatxadan, onartu liteke gaur egun polikarbonatozko markesina batez estalita dagoen kanpoko espazioa (beheko solairuan) okupatzea, areto handi bat egokitzeko. Eranskin horrek, edonola ere, multzoaren harmonia errespetatu beharko du, eta jatorrizko zatietatik bereiziko da, faltsifikazio historiko edo artistikoak saihesteko.

Beharrezkoak diren instalazio teknologikoak edo higieniko-sanitarioak jartzea, baldin eta kultura-ondasuna babesteko elementuei eragiten ez badiete.

Degradatzaileak diren, interesik ez duten, edo babestutako kultura-balioak ezkutatzen dituzten edo horiekin kontraste negatiboa egiten duten estaldurak, eranskinak, obrak edo elementuak kentzea, 4. artikuluan deskribatutakoak barne.

  1. Babestutako ondasun higiezinari lotutako ondasun higigarriei dagokienez, irizpide hauek errespetatu beharko dira:

    Ondasun horien narriadura saihesteko behar diren prebentziozko kontserbazio-estrategiak aplikatzea.

    Ondasun horiek beren jatorrizko kokalekuan mantentzea: ondasun higigarriak soilik lekualdatu ahal izango dira 6/2019 Legearen 54. artikuluko baldintzen arabera, edo kontserbazio-arrazoiengatik eta zaharberritzeak irauten duen bitartean; kasu horretan, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena beharko da, eskumena duen profesional batek horri buruzko txostena egin ondoren.

    Ondasun horiek segurtasun-baldintza onenetan kontserbatzea, edozein motatako narriaduretatik babesteko (beroa, hezetasuna, kutsadura, agente kimiko eta biologikoak, bibrazioak, kolpeak eta abar).

    Jatorrizko elementuetan ezin izan bada narriadura saihestu, kontserbazio sendagarriari eta zaharberritzeari ekingo zaio, agresiboak ez diren teknikak erabiliz. Horretarako, aldez aurretik, profesional zaharberritzaileek piezaren analisia eta diagnostikoa egingo dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiak lanei ekiteko baimena emango du.

    Kapera neogotikoko elementuak (jatorrizkoak ez direnak) narriatzen badira, horiek modu puntualean ordezkatzea onartu ahal izango da, baldin eta elementu berriak bat etortzen badira multzoaren giro estilistikoarekin.

  1. Oro har, debekatuta daude babestutako kultura-ondasunean egiten diren esku-hartzeak, betiere, 3. artikuluan identifikatutako kultura-balioei kalte egiten badiete eta/edo eranskin honetako beste edozein punturen aurka badoaz. Gainera, modu espezifikoan, honako hauek ere debekatzen dira:

    Jatorrizko eraikinaren eta 1968ko Gardoqui pabiloiaren bolumenak handitzea, 9.1 artikuluan aurreikusitakoa izan ezik.

    Jatorrizko fatxadak eta haien elementu babestuak aldatzea, konposizio orokorra funtsean aldatzen badute.

    Banaketa orokorraren edo egitura-sistemaren aldaketa ez-puntualak.

    Kapera neogotikoko apainketa-aparatu babestua kentzea.

    Garbiketa-tratamenduak, baldin eta atzera-bueltarik gabe aldatzen badituzte eraikinaren kanpoko akaberen testura eta osaera.

    Babestutako kultura-ondasunaren gaineko kutsadura bisual edo akustikoa eragiten duen edozein instalazio, errotulu, seinale edo jarduera, ondasunaren gaineko behaketa eragozten, zailtzen edo desitxuratzen duena eta/edo haren ondare-balioak degradatzen dituena.

  1. Concepcin de Elorduy y Sustacha Fundazioaren eraikinaren babes-ingurunea deklaratutako kultura-ondasunaren parte da, eta, beraz, bertan egiten den edozein esku-hartze multzoan bateratu eta integratu beharko da, babestutako kultura-ondasunaren ingurumen-balioan modu itzulezinean eragin gabe.

  2. Zehazki, esku-hartze hauek baimenduko dira:

    Irisgarritasuna hobetzea. Horretarako, ondasunaren balio kulturalekin bat datozen materialak eta diseinuak erabiliko dira, elementu bereizgarriak ezkutatu gabe eta multzoaren osotasuna eta benetakotasuna mantenduz.

    Hiri-altzari txikiak, itzal-sistemak, seinaleak, argiak edo segurtasun-elementuak instalatzea.

    Atzeko terrazako hormatxoen akabera asfaltatua eta ageriko hormigoia aldatzea.

    Babestutako kultura-ondasuna edo haren babes-ingurunea ikusteari, hautemateari, aztertzeari edo gozatzeari eragiten dion edozein gehigarri kentzea.

  3. Babes-ingurunean debekatuta daude eraikuntza berriak, bai eta babestutako kultura-ondasunaren kutsadura bisuala edo akustikoa eragiten duten instalazioak, errotuluak edo seinaleak, hiri-altzariak edo jarduerak ere, baldin eta, elementu horien ondorioz, eragotzi, zaildu edo desitxuratu egiten bada ondasunaren behaketa, edota haren ondare-balioak degradatzen badira.

  4. Babes-ingurunean egindako obra txikiak, betiere kultura-ondasun babestuan eragin materialik edo bisualik ez badute, Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen eskumena duen organoari jakinarazi beharko zaizkio, gutxienez hilabete lehenago.

  1. Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 32.4 artikulua betetzeko, babestutako kultura-ondasunerako sarbidea ahalbidetuko duten neurriak aurreikusi behar dira, eta aipatutako sarbidea irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan eman beharko da. Neurri horiek, nolanahi ere, bateragarriak izan beharko dute babestutako balio kulturalekin.

  2. Eraikinak izaera asistentziala duenez, eta eraikinaren erabiltzaileek, normalean, mugikortasun murriztua izaten dutenez, dagoeneko zenbait esku-hartze egin dira bertan, oztopo arkitektonikoak kentzeko eta irisgarritasun unibertsaleko baldintzak hobetzeko. Besteak beste, igogailuak jarri ziren eskailera nagusien tarteetan, bai eta arrapalak ere kanpoan, barruko kotarekiko desnibela gainditzeko.

  3. Aurreko apartatuan deskribatutako esku-hartzeak bateragarriak dira kultura-ondasunaren balio babestuekin, eta ez da beharrezkoa izango jarduera berririk planteatzea eranskin honetan. Nolanahi ere, dauden neurriak hobetzeko edo doitzeko aukerak planteatu ahal izango dira.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik