Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2022ko urtarrilaren 22koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo (Gipuzkoa) 5.3.13 Korrokoitz eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko urtarrilaren 22koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo (Gipuzkoa) 5.3.13 Korrokoitz eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 28
  • Hurrenkera-zk.: 661
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/01/22
  • Argitaratze-data: 2022/02/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ingurumen Administrazioko Zuzendaritza zenaren 2019ko martxoaren 26ko Ebazpenaren bidez, Irungo (Gipuzkoa) 5.3.13 Korrokoitz eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketari buruzko ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua eman zen, Ingurumen Ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta urriaren 16ko Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko 211/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Irungo Udalak ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, hura 45 egunez jendaurrean jarrita (2020ko abuztuaren 25eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia jarrita), haren eraginpean zeudenek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesen defentsan.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, Irungo Udalak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, zeinak aurretik ere kontsultatuak izan baitziren arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten.

Irungo Udalak ohartarazi zuenez, alegazio batzuk eta zenbait txosten jaso zituzten, eta horien emaitza nahiz edukia administrazio-espedientean daude jasota; gainera, aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu dira Planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

2021eko abenduaren 13an, Irungo Udalak bertako 5.3.13 Korrokoitz eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko eskabidea osatu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu zituen: behin betiko plan-proposamena, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta informazio publikoaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarri bat sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako plan eta programak, bai eta haien aldaketak ere, haien prestaketa eta onespena beharrezkotzat jo badu legezko edo erregelamenduzko xedapen batek, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Irungo Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Irungo Plan Bereziaren Aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela, indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola eta irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak betetzen dituela, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Plan horrek ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Irungo (Gipuzkoa) 5.3.13 Korrokoitz eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Plan Bereziaren Aldaketaren xedea da 2008. urtean onartutako Plan Bereziaren antolamendu xehatua aldatzea, 5.3.13 Korrokoitz eremuaren kasuan. Horrela, Urdanibia plazaren eta Dunboa Kanalaren arteko bizitegi-ehuna osatuko da, hirigune historikoko eraikinekin koherentzia mantenduz.

    Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) arabera, finkatu gabeko hiri-lurzoru bat da. Honako jarduketa hauek hartzen dira aintzat Plan Bereziaren Aldaketan:

    Eremuaren gainazala aldatu egiten da zertxobait, eta Santa Elena kaleko 7. zenbakiko atzealdeari dagokion lursail-zati bat txertatu da, kanalaren ertzean Itsas Lehorreko Jabari Publikoaren (ILJP) lerrora egokituz. Lursailak 16.333 m2-ko azalera du guztira.

    Antolamendua aldatuko da; plaza laukizuzena kenduko da eta ekialdetik mendebalderako komunikazio-ardatz handi bat sortuko da, eta kale-adarrak haren inguruan, hiri-egitura osotu, eta lehengoarekin batuz. Dunboa kanalaren ertzean gutxienez 20 m zabaleko zerrenda publiko bat txertatuko da; bertan, hiriko pasealeku egituratzaileko espaloiak, egoteko berdeguneak eta ibilgailuen zirkulaziorako ertzeko bide bat (Pelegrin de Urantzu kaletik Santa Elena kalera) elkartuko dira.

    Aurreikusi baino etxebizitza gehiago eraikiko dira. Guztira 345 etxebizitza eraikiko dira, 8 lurzatitan banatuta. Eraikuntza berrien profil estandarra BS+3+Atikoa izango da; dena den, puntu batzuetan txikiagoa izango da (BS+3), aurretik zeudenetara egokitzeko, eta, beste batzuetan, handiagoa (BS+4+Atikoa edo BS+5). Horrez gain, 310 aparkaleku eraikiko dira, horiek guztiak sestrapean; gehienez ere 2 solairu baimenduko dira.

    Eraikinak kanaletik pixka bat aparteago egongo dira, eta ekipamendu-eremu bat eraikiko da eremuaren hego-ekialdean.

    Kanala ez da izango eremuari loturiko sistema orokorra, eta eremutik kanpo geratuko da.

    Eremuaren barruan dauden eraikin guztiak antolamenduz kanpokotzat joko dira.

    Espazio libreak eta ekipamendu publikoa egokitzen dira.

    1. 13 Korrokoitz eremua Irungo alde zaharreko hiri-lurzoruan dago, hiri-inguruko baratzeak eta bizitegi-eraikin batzuk nagusi diren eremu batean. Forma irregularrekoa da, luzeagoa iparretik hegorako norabidean. Ekialdean Dunboako kanalarekin egiten du muga, Pelegrin de Urantzu eta Santa Elena kaleen arteko zatian; iparraldean Pelegrin de Urantzu kalearekin, eta kale horretako 2., 4. eta 6. zenbakien atzealdearekin; mendebaldean Urdanibia plazarekin; eta hegoaldean Santa Elena kaleko eraikinen atzeko lorategiekin.

      Planaren eraginpean zuzenean dagoen esparrua ez da Natura 2000 sareko naturagune babestua, ezta inbentarioan sartutako gune babestua edo natura interesekoa ere. Ez da, ezta ere, EAEko Korridore Ekologikoen Sareko egitura-elementua, eta ez du inbentariatutako edo katalogatutako paisaia-baliorik. Halere, Planaren eremuan eta inguruetan ingurumen-balio hauek identifikatu dira:

      Eremuak Dunboa kanalarekin egiten du muga eta, eremutik 650 m inguru beherago, Txingudi-Bidasoa gune estuarioan itsasoratzen da (Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (HBBE), eta nazioarteko garrantzia duen Ramsar hezegunea).

      Dunboa kanala itsas-lehorreko jabari publikoa da eta jabari horren babes-zortasuneko guneak Plan Bereziko eremuari eragiten dio.

      Izan ere, eremua Plan Orokorraren Ondare Arkeologikoko Katalogoan zehaztutako babes arkeologikoko gunean dago txertatuta, Oiasso gune arkeologikoaren babes-eremu eta Irungo Erdi Aroko nukleo gisa.

      Gainera, eremu horretan ingurumen-arrisku hauek nabarmentzen dira:

      Eremuak uholdeak jasateko arriskua du 500 urteko errepikatze-denboran. Ipar-mendebaldeko gune txiki batean, arriskua 10 eta 100 urteko errepikatze-denborakoa da. Eremua Uholde Arrisku Potentzial Handiko Eremua da eta ES017-GIP-BID-01 Irun-Hondarribia kodearekin dago identifikatuta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Uholde Arriskuen Kudeaketa Planean (2015-2021).

      Akuiferoak kutsatzeko arriskua oso baxutzat jotzen bada ere, eremua bat interes hidrogeologikoko eremuetan kokatuta dago.

      2007an idatzitako azterlan geoteknikoaren arabera, eremuak zenbait eragozpen ditu ikuspuntu geoteknikotik: maila freatikoa gainazaletik oso gertu dago; betelan antropikoko 2,00 m-tik beherako lehen geruza bat dago, izaera batez ere lohitsukoa eta irmotasun edo trinkotasun oso bigunekoa; haren azpian, padura-lohi bigunez osaturiko beste geruza bat dago, 10 metroko batez besteko potentziakoa.

      Egoera akustikoari dagokionez, eremu horretako zarata-iturri nagusiak inguruko kaleetako bideak dira, hala nola Urantzu, Urdanibia, Santa Elena eta Vega de Eguzkitza.

      Alde horretatik, inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, egungo egoeran zein etorkizunean, eguneko hiru aldietan (eguna, arratsaldea eta gaua), aztergai dugun eremuko zarata-mailak etorkizuneko bizitegi-eremu bati aplika dakizkiekeen KAHak (Ld/e = 60 dB (A) eta Ln = 50 dB (A)) gainditzen dituzte Korrokoitz kaletik, Urdanibia plazatik eta Urantzu kaletik eta eraikiko den errepide berritik gertuen dauden aldeetan. Eraikin berrien fatxadetan, eguneko eta arratsaldeko aldietan, ia bete egiten dira KAH aplikagarriak (Ld/e = 60 dB (A)) eraikin berrien fatxada guztietan, batean izan ezik, 1-2 dB (A)-gatik ez baitira betetzen. Gauez, ikuspegi akustikotik aldi txarrenean, KAH aplikagarria (Ln = 50 dB (A)) ez da betetzen Urdanibia plazara begira dauden fatxadetan, 1-4 dB (A)-gatik. Hala ere, nabarmentzekoa da gainerako fatxadek, errepide berritik hurbil daudenak barne, ez dituztela KAH aplikagarriak gainditzen.

  2. Ebazpen hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela orduko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2019ko martxoaren 26ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.

    Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila bermatuta. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

  3. Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.

  4. Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere. Halaber, Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:

    1. Itsas-lehorreko jabari publikoa babestera eta uholde-arriskuak ahalik eta txikienak izatera bideratutako neurriak.

    Oro har, Uraren Euskal Agentziaren 2020ko urriaren 20ko txostenetan eta Kostaldeko eta Itsasoko Zuzendaritza Nagusiaren 2021eko urtarrilaren 29ko txostenetan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

    Urbanizazio-proiektuak barne hartu beharko du azterketa hidrauliko xehatu bat, jarduketak, gauzatuko bada, behar dituen neurri zuzentzaileak zehaztu eta justifikatzeko. Neurriok, edonola ere, ingurumen-irizpideen araberakoak izango dira, eta ez dute eremuko uholde-arriskua areagotuko.

    Gainera, urbanizazio-proiektuak Dunboa kanala bera naturalizatzeko eta leheneratzeko beharrezkoak diren jarduketak planteatu beharko ditu, erriberan natura-guneak eta berdeguneak sortzen laguntzeaz gain.

    Itsas-lehorreko jabari publikoaren babes-zortasunaren eremuan jasotako jarduketek Uraren Euskal Agentziaren administrazio-baimena eskuratu beharko dute nahitaez. Bestalde, itsas-lehorreko jabari publikoko jarduketek Kostaldeko eta Itsasoko Zuzendaritza Nagusiaren nahitaezko administrazio-baimena beharko dute.

    2. Uren kalitatearen gaineko eragina murrizteko neurriak.

    Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko dituzte, adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

    Urbanizazio-proiektuak hondakin- eta euri-urak bereiz biltzeko sare bat diseinatu beharko du. Hondakin-urak udalerriko hondakin-uren kolektore orokorrera konektatuko dira.

    Euri-urei dagokienez, hiri-drainatze sistemek hirigintzako garapenaren inpaktua jatorrian txikiagotu beharko dute, euri-uren jariatzeak daraman karga kutsatzaileari dagokionez; halaber, jariatze-uren bolumena murrizteko neurriak aurreikusi behar dituzte (Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiaren Plan Hidrologikoaren Araudiaren 44. artikulua). Hori dela eta, garapen-proiektuek drainatze jasangarriko sistemak jaso beharko dituzte hiriko drainatze-azpiegituran (Drainatze Jasangarriko Hiri Sistemak).

    3. Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

    Oro har, kontuan hartuko dira Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren 2020ko irailaren 10eko txostenean jasotako ohar guztiak.

    Eremua Plan Orokorreko Kultura Ondarearen Katalogoak babesten duen arkeologia-potentziala duen gune baten barruan dagoenez, lurra mugiaraztea dakarten lanak egiteko, Plan Orokorrak eremu horretan ondare arkeologikoa babesteko ezarritako araudi partikularra bete beharko da.

    Azterlan arkeologiko bat egin beharko da urbanizatzeko jarduketa-programa behin betiko onartu aurretik gutxienez, eta, hala badagokio, organo eskudunak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzak, hala erabakitzen duenean, arkeologia-proiektu bat gauzatu aurretik.

    4. Lurraldearen leheneratze ekologikorako neurriak.

    Urbanizazio-proiektuak Dunboa kanala naturalizatzeko eta leheneratzeko jarduketak zehaztu beharko ditu. Nolanahi ere, ibilgu-ertzak zaintzeko eta birlandatzeko, bioingeniaritzako teknikak erabiltzea gomendatzen da.

    Oro har, eremuko berdeguneak diseinatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua hartuko da kontuan, Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20.b zenbakia, 2017ko apirilekoa (http://www.udalsarea21.net/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=892e375d-03bd-44a5-a281-f37a7cbf95dc&Cod=ec1f62b8-a941-4c9a-9280-e4202e656a69&Idioma=eu-ES) eta Eusko Jaurlaritzaren Ibaietako natura-ingeniaritzako tekniken eskuliburua (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza//contenidos/documentacion/manual_tec_ing_nat_amb_flu/eu_doc/index.shtml).

    Nolanahi ere, ingurumena eta paisaia leheneratzeko lanak egingo dira, proiektuaren exekuzioaren eraginpean dauden gune guztietan, aurreikusiz landareztatze-lanetan batez ere espezie autoktonoak erabiliko direla, eta beren-beregi saihestuko dela prozesu inbaditzaileak sor ditzaketen kanpoko espezieak erabiltzea.

    Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen zabalkundea saihesteko neurriak hartuko dira (Buddleja davidii, Cortaderia selloana edo bestelakoak). Ildo horretan, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie inbaditzailerik sar ez dadin iraulitako eta landarerik gabe utzitako lursailen bidez (prestatutako gainazaletan segituan landatzea eta ereitea, landare-lurren pilaketen babesa eta abar). Gainera, landare-lurrak modu berezituan kudeatzea proposatuko da, baldin eta lur horiek aipatutako espezieak barreia ditzaketen propaguluak badituzte.

    5. Zaraten eraginak gutxitzera bideratutako neurriak.

    Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

    Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

    Zaratari buruzko Legea (azaroaren 17ko 37/2003 Legea) garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

    Beste alde batetik, Plana garatzetik eratortzen diren proiektuen ondoriozko obrek sortutako soinu-mailak, obra horien eragin-eremuan, ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren Dekretuan (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak.

    6. Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

    Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko eraikingintza jasangarriaren gida argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.

    Era berean, eta aipatutako eremuaren urbanizazioari dagokionez, Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gidaren gomendioak kontuan hartu beharko dira. Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila baloratzea.

    Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

    Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

    Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energiaren ekoizpena edo energiaren kontsumoa murriztea.

    Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

    Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

    Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

    Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

    Eraikinen barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

    Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

    Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

    Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

    Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaren funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.

    Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.

    Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

    Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren efektuetara egokitzea.

    7. Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

    Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.

    8. Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean.

    Aurreikusitako garapenetan, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurri guztiak aplikatu beharko dira. Bereziki:

    Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunaren gaineko eragin negatiboak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

    Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuen Legean (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

    Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

    Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

    Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

    Irungo Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko Legearen (ekainaren 25eko 4/2015 Legea) 22.2 artikulua betetzeko.

    Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak iragazgaiztea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

    Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: Eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

  5. Ingurumen-jarraipenaren plana.

    Ingurumen-azterketa estrategikoak ingurumen-zaintzako programa egoki bat jasotzen du. Programa horren xedea da beharrezko zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla. Hainbat kontrol proposatzen dira, Planaren esparrukoa den proiektuaren obra-faserako; jarraipen-adierazleen eta atalase-balio jakin batzuen arabera burutu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.

  6. Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.

    Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Ingurumen Administrazioaren zuzendariak 2019ko martxoaren 26an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

    Besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: lehentasuna ematea jada artifizializatutako lurzoruak erabiltzeari; itsas-lehorreko jabari publikoaren babesa; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta lehentasuna ematea kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.

    Bigarrena. Bi urteko gehieneko epea ezartzea, Irungo (Gipuzkoa) 5.3.13 Korrokoitz eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketa onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztia, Ingurumen Ebaluazioaren Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 27. artikuluarekin bat etorriz.

    Hirugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Irungo Udalari.

    Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 22a.

    Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

    JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik