Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2022ko otsailaren 16koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako MZ.07 Zorroaga hirigintza-jarduerarako eremuari dagokion barne-eraberritzeko plan bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 16koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako MZ.07 Zorroaga hirigintza-jarduerarako eremuari dagokion barne-eraberritzeko plan bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 72
  • Hurrenkera-zk.: 1603
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/02/16
  • Argitaratze-data: 2022/04/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko abenduaren 2an, Donostiako Udalak eskabide hau aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari: Donostiako MZ.07 Zorroaga hirigintza-jarduerarako eremuari dagokion barne-eraberritzeko plan bereziaren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hastea. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2022ko urtarrilaren 4an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion izapide-prozesuaren hasiera.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Donostiako MZ.07 Zorroaga hirigintza-jarduerarako eremuari dagokion barne-eraberritzeko plan bereziaren aldaketa; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarreko araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Donostiako MZ.07 Zorroaga hirigintza-jarduerarako eremuari dagokion barne-eraberritzeko plan bereziaren aldaketari (aurrerantzean, Plana) buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) 2010eko ekainean onartu zen behin betiko. HAPO horren arabera, Planaren xede den hirigintza-jarduerarako eremu osoa hiri-lurzoru gisa sailkatuta dago, komunitate-ekipamendu gisa kalifikatuta. Zorroagako Asistentzia Parkeko hainbat eraikinek okupatutako hiri-lurzorua da, eta dagozkion berdeguneak, aparkalekuak eta bideak hartzen ditu barne, instalazio horiei zerbitzua emateko.

    Planaren helburua da haren zehaztapenak Zorroagako Asistentzia Parkearen gaur egungo beharretara egokitzea, bereziki mendekotasun handia duten pertsonei dagokienez. Planaren xedea da, halaber, indarrean dagoen Barne Eraberritzeko Plan Berezian (BEPB) hautemandako kontraesanak eta akatsak egokitzea.

    Helburu hori lortzeko, honako jarduketa hauek gauzatu nahi dira:

  1. 000/MZ-07.2 eraikina (frontoia) eraikuntza berri batekin ordeztea. Eraikin berri horrek neurri egokiak izango ditu, mendekotasun handiak dituztenei zerbitzua emateko; horrela, bada, eraikinaren oinplanoa, sabaia eta profila handituko dira, 84 logela inguru izan ditzan.

    110 aparkaleku-plaza sortzea (45 sotoan eta 65 lur gainean). Lur gaineko plazak lehendik daudenak izango lirateke; plaza horien kasuan, Planean jasotzen diren gainerako obren baldintza berdinetan urbanizatuko lirateke.

    Ibilgailuentzako konexio bat irekitzea, proposatutako eraikin berriari zerbitzua emateko: eraikin berriarekin bakarrik lotuta egongo litzateke, baina ez gainerako bideekin. Konexio hori komunitate-ekipamenduko lurzatia inguratzen duen bide publikotik abiatuko litzateke.

    Gainera, indarrean dagoen Plan Berezia aldatu nahi da alderdi hauetan:

    Baztertu egiten da BEPBk eremuaren iparraldeko muinoan aurreikusita zuen lur-erauzketa.

    Zuzendariaren bizilekua eraikina finkatzea. Eraikin hori g.000/MZ-07.8 izenarekin txertatuko da araudian, eta komunitate-ekipamenduko g.000/MZ-07 lurzatiari buruzko araudia aplikatuko da.

    Kontsumitutako sabaia 2.679,85 m2 handitzea: indarrean dagoen BEPBk 17.057,15 m2 jasotzen ditu, eta Planak 19.737 m2-ra igotzen du zifra hori; beraz, 6.584,47 m2 (t) kontsumituko lirateke.

    Lurzatiaren azalera osoa zuzentzea; 63.684,93 m2 izango ditu.

    Planaren xede den lurzatiak 63.684,93 m2-ko azalera du Planak egindako neurketaren arabera, eta Donostiako hirigunearen hego-mendebaldean dago, dentsitate txikiko bizitegi-erabilerak eta berdegune eta hostozabal autoktonoen zuhaiztiak (hariztia baso misto atlantikoa) dauden hiri-periferiako gune batean.

    Aztertutako aukerak.

    Ingurumen-dokumentu estrategikoak bi garapen-aukera eskaintzen ditu, ez esku hartzearen aukeraz gain (0 aukera); azken hori alde batera utzi da, ez liekeelako behar bezala erantzungo Zorroagako Parkeko erabiltzaileen asistentzia-eskakizun berriei, zerbitzu-ereduari dagokionez nahiz gaur egun eskatzen diren pertsonen autonomia eta garapenerako bermeei dagokienez.

    Beste bi aukerak Planaren eremuan aurreikusitako garapen berrien kokapenean dira desberdinak funtsean: lehenengoa zuzendariaren bizileku gisa ezagutzen den eraikineko muinoan egongo litzateke, eremuaren iparraldean (1. aukera); eta bestea, berriz, eremuaren ekialdean, frontoi gisa ezagutzen den eraikineko lurzatian (2. aukera).

    Azkenik, Planak 2. aukera garatzea erabaki du. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, 2. aukera horrek ingurumen-inpaktu txikiagoa izango luke, ez litzatekeelako beharrezkoa lur-erauzketarik egitea zuzendariaren eraikina dagoen muinoan. Indarrean dagoen BEPBk aukera hori aurreikusten du, baina lur-mugimendu handiagoa eragingo luke, sortutako soberakinak kudeatu beharko lirateke eta lurzoru naturalen artifizializazio handiagoa lekarke, beste erabilera bat emango bailitzaioke gaur egun erabiltzen ez den lurzati bati.

  1. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak komunitate-ekipamenduko hiri-lurzoru urbanizatu bati eragiten dio (MZ.07 Zorroaga hirigintza-jarduerarako eremua); bertan, Zorroagako Asistentzia Parkeko hainbat eraikin daude, baita dagozkion berdeguneak, aparkalekuak eta instalazio horiei zerbitzua emateko beharrezkoak diren bideak ere. Plana garatzeak ez du esan nahi lurzoruaren erabilerak aldatuko direnik, komunitate-ekipamendura bideratuta egoten jarraituko baitu; dena den, eraikin bat (frontoia) ordeztu egin beharko da mendekotasun handiak dituzten pertsonei bideratutako eraikin berri batekin, eta, horretarako, dagozkion jarduketa osagarriak egingo dira: aparkaleku-plaza berriak sortuko dira eta ibilgailuentzako konexio berri bat irekiko da eraikin berriari zerbitzua emateko, eta hori guztia MZ.07 hirigintza-jarduerarako eremuaren barnean. Horrenbestez, dagozkion eraiste-proiektuak, urbanizazio-proiektuak eta eraikuntza-proiektuak idatzi eta gauzatu beharko dira, guztiak ere hiri-lurzoruan eta indarrean den HAPOren arabera, arestian azaldu den moduan. Horiek horrela, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: arestian azaldu den moduan, Planaren eremua komunitate-ekipamendurako hiri-lurzoru urbanizatu bat da, Zorroagako Asistentzia Parkeko hainbat eraikinek okupatzen dutena, eta dagozkion berdeguneak, aparkalekuak eta instalazio horiei zerbitzua emateko bideak ditu. Planak proposatzen dituen hirigintza-jarduketen ondorioz ez da aldatu beharrik izango Zorroagako MZ.07 hirigintza-jarduerarako eremuaren (Planeko eremua) lurzoruari dagokion erabilera. Hori guztia kontuan hartuta, honako hau ondorioztatu behar da apartatu horri dagokionez: ez da hauteman ingurumen-ondorio adierazgarririk edo beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik.

      3. Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Zehaztapenak Zorroagako Asistentzia Parkearen gaur egungo beharretara egokitzea da Planaren xedea, bereziki mendekotasun handiak dituzten pertsonei dagokienez. Ez dago zertan aldatu lurzoruaren erabilera; izan ere, komunitate-ekipamendura bideratutako hiri-lurzorua izaten jarraituko du eta, beraz, baliabide naturalen kontsumo txikia egingo da.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, natura-ondareari, urei, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Aurreko apartatuetan adierazi den bezala, Planaren xede den lurzatia komunitate-ekipamendurako hiri-lurzoru urbanizatu eta eraikia da. Honako hauek dira haren ingurumen-ezaugarri nagusiak:

      Eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago ezein katalogotan jasotako inolako eremuren barnean (ez EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekiko eremuetan, ez LAG-Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko eremuen zerrendakoetan), ez Europar Batasuneko intereseko habitatetan, ezta landare-espezie mehatxatuenetan ere. Era berean, ez dator bat EAEko Korridore Ekologikoen Sarea egituratzen duten elementuekin, ezta Kantauri Ekialdeko Mugapearen Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroko elementuekin ere.

      Eremua Urumeako Unitate Hidrologikoaren gainean dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroen eremuan. Esparruaren barruan ez dago lur gaineko inolako ur-ibilgurik. Hurbilen dagoen ur-ibilgua Urumea ibaia da: lurzatiaren iparraldeko mugatik 100 metro ingurura. Eremuko jariatze-urek Urumeako trantsizioko ur-masa elikatuko lukete; ibai-ahoaren tarte hori oso aldatuta dago, eta egoera orokorra ona da. Eremua itsas-lehorreko jabari publikotik eta babes-zortasuneko eremutik kanpo dago.

      Ikuspuntu hidrogeologikotik, eremua Zumaia-Irun kostaldeko lurpeko ur-masan dago, Goi Kretazeoko Kostaldeko Katearen Jabari Hidrogeologikoan. Ur-masa horren egoera kimikoa ona da.

      Litologiari dagokionez, eskisto-tuparri grisak dira nagusi, eta material horiek pitzadura bidezko iragazkortasun txikia dute; Planak proposatutako jarduketek eragiten ez dioten sektore txiki batean hareharriak dira nagusi, eta material horiek porositate bidezko iragazkortasun handia izaten dute. Akuiferoak kutsatzeko arriskua oso txikia da Planak barne hartzen duen eremu osoan.

      Lurzoruaren erabilerei eta landarediari dagokienez, Planaren xede den lurzatia eraikuntza-erabileren dentsitate txikiko eremu hiritartu bat da; bertan, berdegune loratuak eta zuhaizti apaingarriak dira nagusi gutxien artifizializatuta dauden lurzoruetan, baita zaharkituta dauden eraikin batzuen inguruak kolonizatu dituzten zuhaixka batzuk ere. Lurzatiaren ekialdeko mugan, hostozabal autoktonoen zuhaizti bat dago (hariztia baso misto atlantikoa), Loiolako Hipikako instalazioetarantz jaisten den mendi-hegalean zabaltzen den orban zabalago batean. Printzipioz, eta ingurumen-dokumentu estrategikoarekin bat etorriz, Planak aurreikusten dituen jarduketek ez lukete eraginik izango zuhaizti horretan; izan ere, zuhaiztia degradatuta dago Planaren eremuak barne hartzen duen gune zehatzean. Edonola ere, neurriak hartu beharko dira harizti horren osotasunari ahalik eta gutxien eragiteko, kontserbazio-egoera onean baitago, GeoEuskadi Eusko Jaurlaritzaren informazio geografikorako sistemak emandako datuetatik ondoriozta daitekeen moduan.

      Faunari dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, hiri-parkeei eta baso-inguruneei dagozkien espezieak dira nagusi. Ez da espezie mehatxaturik deskribatu, eta ez da faunarentzat interes handikoa den punturik edo gunerik antzeman. Hala ere, Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako Donostiako natura-inguruneko aniztasun biologikoaren aurretiazko analisia azterlanaren arabera, Zorroaga gainean Rosalia alpina intsektu saproxilikoa dago, Habitatei buruzko Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetan jasota dagoena. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, ez dago espezie horren presentziarik Planaren jarduketek eragindako eremu zehatzean, bertan ez baitago hildako egurrik edo urte askoko zuhaitzik (horiek dira espezie horren habitata).

      Planak eragindako lurzatia dagoen ikus-arroko (Pasaia) paisaia oso arrunta da, berezko balio txikikoa. Haren paisaia-balorazioa oso baxua da. Bestalde, eta Donostialdea-Bidasoa Behea Paisaia Katalogoaren arabera, Planaren eremua Donostiako ingurabide periferikoa unitatean dago. Katalogo horretan proposatzen diren etorkizuneko garapenek hiri-eremuetan kokatutako nekazaritza-, basogintza- eta natura-eremuak kontserbatzea eta integratzea dute helburu, eta, beraz, etorkizuneko garapenak kokatzeko orduan garrantzi handiagoa emango zaio aukerak aztertzeari.

      Planaren eremuan kultura-ondareko balioa duen elementu bat dago, Donostiako HAPOren Hirigintza Ondare Katalogatuaren arabera: Zorroagako eliza. Planaren zehaztapenek ez diote eragiten eraikinaren osotasunari.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, uholde-arriskuak baztertu dira, eremua ez baitago uholde-orbanen eraginpean, EAEko uholde-arriskuaren mapetan aintzat hartzen diren errepikatze-denboretan (10, 100 eta 500 urte). Era berean, ez da aurkitu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dagoen lurzatirik. Azpimarratu behar da Planaren eremua salgai arriskutsuen garraio-zerrendaren eragin-eremuan dagoela (zehazki GI-20 errepidearen 600 m-ko zerrendan), baita trenbidearen eragin-eremuan ere (kasu horretan, Adifek kudeatzen duen Madril-Irun trenbidearen 200 metroko eragin-eremuan). Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko errepidez eta trenbidez salgai arriskutsuak garraiatzeak dakarren arriskua dela-eta sor daitezkeen larrialdiei aurre egiteko plan berezian adierazitakoa aplikatuko da (Eusko Jaurlaritza, 2001).

      Zaratari dagokionez, honako hauek dira Planaren eremuari eragiten dioten foku nagusiak: GI-20 Donostiako saihesbidea, hiri-garapen berritik 233 m ingurura; GI-41 Martutene-Donostia autobidea, 163 m ingurura; GI-2137 errepidea, jarduketatik gertuen dagoen zatian, 193 metrora; Zorroaga barruko bideak; eta Adifek kudeatzen duen Madril-Irun trenbidea, etorkizuneko eraikinaren ekialdetik 200 m ingurura. Planaren lurzatian proposatutako eraikin berriak Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen dituen errepideen (GI-20 eta GI-40) afekzio akustikoko eremutik kanpo daude, Foru Aldundiaren zaratari buruzko mapa estrategikoen arabera.

      Ingurumen-dokumentu estrategikoan jasotzen denez, Planaren eremua bizitegi-erabilerako gunea da Donostiako HAPOren arabera, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren kalitate akustikoko helburuak aplikatzearen ondorioetarako. Gainera, eremua gune lasaitzat hartzen da Donostiako Udalaren Erasan Akustikoaren eta Esparru Lasaien Mapen arabera. Bestalde, Planak barne hartzen duen eremua Babes Akustiko Bereziko Zonaldean (BABZ) dago (Hego-mendebaldeko eremua deitua) eta Donostiako Udalak idatzi eta onartutako Ekintza Plan bat dauka. Ekintza Plan horretan, hainbat jarduketa- eta kudeaketa-ildo proposatzen dira 2018-2023 aldirako, aipatutako BABZ horretan soinu-kalitatearen helburuak lor daitezen, betiere gune lasaitzat hartzen dela kontuan hartuta.

      Ingurumen-dokumentu estrategikoak hots-kutsadurari buruzko azterlan bat hartzen du barne, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluan aurreikusten den bezala idatzi dena. Horretarako, Planaren ingurunean dauden zarata-foku nagusiak identifikatu eta modelizatu dira.

      Lortutako emaitzen arabera, gaur egungo egoeran nahiz etorkizunean, behar bezala betetzen dira kalitate akustikoaren helburuak kanpoaldean, nagusiki bizitegi-erabilerako hirigintza-garapen berriak egin ahal izateko (etorkizunean izango duen hirigintza-garapena: 60/60/50 dBA, goizean/arratsaldean/gauean, hurrenez hurren) fatxada guztietan eta proiektatutako eraikinen altuera desberdinetan (2, 4 eta 8 m).

      Hala eta guztiz ere, azterlan akustikoak fatxada eta bao sentikorren isolamendu akustikoa ere proposatzen du, eraikinen barruan ere kalitate akustikoaren helburua bete ahal izan dadin, bizitegi-, osasungintza-, kultura-, administrazio- edo erlijio-erabileraren arabera eta betiere urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren eta Eraikuntzako Kode Teknikoaren eskakizunekin bat etorriz.

      Planaren garapenak eragin ditzakeen ondorioak hertsiki lotuta egongo dira lehendik dauden eraikinak eraisteko lanekin, eraikin berria eta haren sarbideak ezartzeko lanekin eta jarduketa horiekin lotutako eremua hiritartzearekin. Zentzu horretan, lur-mugimenduek, hondakinen sorrerak, makinen joan-etorriek, isuriek, zaratek eta abarrek ondorioak eragin ditzakete. Ondorioak eragin ditzakete lur gaineko eta lurpeko uretan, baita lurzoruetan ere, isurien eraginez; eta eragozpenak ere sor diezazkiekete eremuan bertan eta inguruan bizi diren biztanleei, emisio atmosferikoen eta akustikoen eraginez. Era berean, lanek ondorio negatiboak izango dituzte, baliabide naturalen kontsumoagatik; izan ere, zuhaixka-landarediak eta zuhaitzak eraitsi beharko dira eraikin berria eta hari zerbitzua emateko bideak eraikitzeko. Hala ere, proposatzen diren jarduketak mugatuak direnez, eraginak ere txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa, eta lanak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira, jarduketetarako behar-beharrezkoa den gainazala baino gehiago hartu gabe.

      Ustiapen-fasean ez da ondorio negatibo esanguratsurik aurreikusten baliabide naturalei dagokienez, ezta habitataren kalitateari dagokionez ere, eremu horretan nahiz inguruan bizi direnentzat. Zentzu horretan, kontuan izan behar da Planak proposatzen dituen jarduketek Zorroagako Parkeko erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzea dutela helburu.

      Edonola ere, ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Zentzu horretan, Donostiako HAPOk komunitate-ekipamenduko hiri-lurzoru gisa kalifikatzen du eremua; horixe da, hain zuzen ere, gaur egun duen erabilera eta Planak mantentzen duena. Bestalde, gaur egun eremu horretarako indarrean dagoen garapen-plangintzak (BEPB) planteatzen duen antolamendurako, lur-erauzketa bat egin behar da eraikin zaharra kokatuta dagoen muinoan; arestian adierazi den moduan, jarduketa horrek lur-mugimendu handiagoa eragingo luke, sortutako soberakinak kudeatu beharko lirateke, eta lurzoru naturalak ere gehiago artifizializatu beharko lirateke. Horretarako, aldaketa fisiografiko handiagoa egin beharko litzateke eta, printzipioz, horrek Planaren proposamenak baino ingurumen-inpaktu handiagoa eragingo luke.

      Bestalde, Planak garatzen duen proposamena egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko; izan ere, lurzoru natural berrien okupazioa mugatzen du. Gainera, aurreikusitako garapenak baliabideen (ura, energia eta abar) kontsumo efizienteagoa sustatzeko neurriak har ditzake.

      Kontuan harturik eremuaren gaur egungo egoera, Planak planteatzen duen antolakuntza-proposamena, eta, orobat, neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileen aplikazioa, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Donostiako MZ.07 Zorroaga hirigintza-jarduerarako eremuari dagokion barne-eraberritzeko plan bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planaren aldaketan txertatzen badira.

      Neurri babesgarri eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Plana garatzeko proiektuetan eta jarduketetan kasuan-kasuan aplikagarriak diren ingurumen-arloko baimenak edo prozedurak alde batera utzi gabe, honako neurri hauek hartuko dira:

      Natura-ondarea eta lurrazaleko urak babestera bideratutako neurriak.

      Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako operazio osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, landare-formazio interesgarriei eragitea saihestuko da. Ez zaie inolako kalterik eragingo hostozabal autoktonoen zuhaiztietako (hariztia baso misto atlantikoa) zuhaitz helduei (horiek osatzen dute Planeko eremuaren ekialdeko muga). Edonola ere, neurriak hartu beharko dira harizti osoari eragindako kalteak ahalik eta gehien murrizteko. Eremua in situ mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak (bertako zuhaitzak) behar bezala babestuta egongo dira, nahi gabeko eraginik jaso ez dezaten.

      Proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendutako landaredia interesgarria birjarrita, hala behar bada. Espezie autoktonoak landatuko dira, ahalik eta lasterren, erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen.

      Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:

      Zaratari dagokionez planean hartuko beharreko erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko garapen urbanistikoak honako eremuetan: kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

      Aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterlanak aurreikusten duenarekin bat etorriz, fatxada eta bao sentikorren isolamendu akustikorako beharrezko mailak hartuko dira, eraikinen barruan ere kalitate akustikoaren helburua bete dadin, bizitegi-, osasungintza-, kultura-, administrazio- edo erlijio-erabileraren arabera eta betiere urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren eta Eraikuntzako Kode Teknikoaren eskakizunekin bat etorriz. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuko dira eraikuntza-proiektuan.

      Obrek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, eta zaraten eta bibrazioen murrizketan ere.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak (baita errepideko zirkulaziorakoak ere) egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 6 hiletik gorako iraupen aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.

      Inpaktu akustikoaren azterketan neurri zuzentzaileak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

      Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

      Aurrekoei kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak, berriz, loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin (instalazioen eta zoladuren eraisketakoak barne), induskatutako lurzoruen kontrolarekin, intereseko baliabide naturalen babesarekin, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie.

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, gai hauei lotutako alderdiak izango ditu: lanaldiak, makineria, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, natura- eta kultura-ondarearen interes-elementuak babestea eta abar.

      Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatu mugetatik kanpo zirkulatzea.

      Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

      Ingurune hidrikoa babesteari dagokionez, sortzen diren solido esekien edo arrastatze edo jariatze bidezko kutsatzaileen ekarpenaren ondoriozko zeharkako afekzioak eragotziko dira, eta, hala badagokio, kalteak eragozteko neurriak proposatuko dira, adibidez: hesi fisikoak jartzea.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira.

      Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

      Hondakinen sorrera eta kudeaketa: sortutako hondakin guztiak, indusketakoak barne, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak (Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoak) ezarritakoa bete beharko da, eta baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan (Amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena) ezarritakoa ere.

      Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulak airera dezaketen eremuetarako. Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Espazio libreak eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: ingurumenaren aldetik jasangarriak diren eraikuntzei buruzko gidaliburuetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira (bereziki Ingurumenaren aldetik Jasangarria den Eraikuntzari buruzko gidaliburua: https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak zein sustatzaileak aurrekoen aurkakoak ez direnak hartzen badira, ez da aurreikusten Donostiako MZ.07 Zorroaga hirigintza-jarduerarako eremuari dagokion barne-eraberritzeko plan bereziaren aldaketak ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo duenik ingurumenean; ondorioz, ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Donostiako MZ.07 Zorroaga hirigintza-jarduerarako eremuari dagokion barne-eraberritzeko plan bereziaren aldaketa onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 16a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik