Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2022ko martxoaren 28koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizko Esmaltaciones San Ignacio-Pemcoren 11. Barne-eraberritzeko Plan Bereziaren 3. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko martxoaren 28koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizko Esmaltaciones San Ignacio-Pemcoren 11. Barne-eraberritzeko Plan Bereziaren 3. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 76
  • Hurrenkera-zk.: 1700
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/03/28
  • Argitaratze-data: 2022/04/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2022ko urtarrilaren 12an, Vitoria-Gasteizko Udalak eskera egin zion Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari, Ingurunet sistemaren bidez, Vitoria-Gasteizko Esmaltaciones San Ignacio-Pemco eremuaren 11. Barne-eraberritzeko Plan Bereziaren (aurrerantzean, plana) 3. aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2022ko otsailaren 1ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, izapidea hasi zela jakinarazi zitzaion Vitoria-Gasteizko Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Vitoria-Gasteizko Esmaltaciones San Ignacio-Pemco eremuaren 11. Barne-eraberritzeko Plan Bereziaren 3. aldaketa; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarreko araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Vitoria-Gasteizko Esmaltaciones San Ignacio-Pemco eremuaren 11. Barne-eraberritzeko Plan Bereziaren (aurrerantzean, plana) 3. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa ematea, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (aurrerantzean, HAPO) 2001eko otsailean onartu zen behin betiko. HAPO horren arabera, planaren xede den lurzatia bizitegi-erabilerako hiri-lurzoru finkatua da, eta haren indarreko antolamendua Esmaltaciones San Ignacio-Pemco eremuaren 11. Barne-eraberritzeko Plan Bereziaren (aurrerantzean, 11. BEPB) 2. aldaketa puntualak ezarritakoa da (2020ko urtarrilaren 8ko ALHAO bidez behin betiko onartua).

    Sustatzaileak espediente honi buruz aurkeztutako dokumentazioaren arabera, indarrean dagoen plangintza aldatu nahi da (11. BEPBren 2. aldaketa puntuala), lerrokadura berriak ezartzeko plan bereziaren eremuko bizitegi-etxadi batzuetan, zehazki, eraiki gabeko bizitegi-etxadietan edo etxadi erdi ireki gisa identifikatuta eta eraikuntza-fasean daudenetan: RC-11 eta RC-12 A eta B, PM-01 planoan Eraikuntzaren baldintza lotesleak. Etxadien plano orokorra, lehen aipatutako 11. Barne-eraberritzeko Plan Bereziaren 2. aldaketa puntualarena.

    Laburbilduz, planaren xedea da lerrokadura bereizi berriak ezartzea beheko eta goiko solairuetan, 11. BEPBko eraiki gabeko bizitegi-etxadietan edo eraikitzeko fasean daudenetan, eta, zehazki, lehen aipatutako planoko RC-11 eta RC-12 A eta B etxadietan.

    Horren bidez, amaieran auzo itxura izatea nahi da, zabalgune txiki batek eta industria zuriko bi industrialdeekiko hurbiltasunak ezaugarrituko duena (industrialdeok bateragarriak dira egungo hiri-erabilera konplexu eta nahasiarekin); eta hiri-morfologia gehienbat trinkoa.

    Proposatutako antolamenduak ez du aldatzen 11. BEPBren indarreko plangintza (2. aldaketa puntuala), arestian aipatutako eraikin-etxadietarako lerrokadura berriak ezartzea eta onartzea izan ezik.

    Ingurumen-dokumentu estrategikoak (IDE) bi garapen-aukera eskaintzen ditu: esku ez hartzeko aukera (0 aukera) eta aldaketa-proposamenaren aukera. IDEren iritziz, ingurumenaren ikuspegitik, esku ez hartzeak eta hautatutako aukerak antzeko ingurumen-kostua dute.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planak Vitoria-Gasteizko udalerriko hiri-eremu finkatu bati eragiten dio, zeinak aurreikusitako bizitegi-erabilerari eusten baitio, eta lerrokadura berriak ezartzearekin lotutako gaiei baino ez die eragiten, 11. BEPBko eraiki gabeko edo eraikitzeko fasean dauden bizitegi-etxadi batzuetan. Plana garatzeko, beraz, urbanizazio osagarriko proiektuak eta eraikuntzako proiektuak idatzi eta bete behar dira, hori guztia, esan bezala, indarrean dagoen HAPOren arabera hiri-lurzoru finkatua den horretan. Horiek horrela, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: lehen zehaztu den bezala, planaren eremua bizitegi-erabilerako hiri-lurzoru finkatu bat da, hau da, ezaugarri naturalak galdu dituen lurzorua duen hiri-lurzati bati. Azaldutakoari jarraikiz, eta planaren ingurumen-ondorioen balorazioa egungo egoeraren arabera egin behar dela kontuan hartuta, ondoriozta daiteke ez duela ingurumen-eragin nabarmenik izango, ez eta bateraezintasunik ere beste plan edo programa batzuekin.

      3. Plana egokia den ingurumen-alderdiak barne hartzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak barne hartzeko; izan ere, etorkizuneko bizitegi-garapena bateragarria da baliabideen (ura, energia, etab.) kontsumo efizienteagoa sustatzeko neurriak hartzearekin.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Planaren xede den lurzatia hiri-lurzoru finkatua eta partzialki eraikia da. Lurzati horrek hiruki forma du, eta ipar-ekialdean Arkatxa kalearekin egiten du muga, Uritiasoloko industrialdea dagoen lekuan; mendebaldean Olarizu kalea dago; hego-ekialdean Ansoletako industrialdea; eta hego-mendebaldean Olarizu parkea eta haren zelaiak daude. Gaur egun, 11. BEPBren eremuan orube batzuk hutsik daude, beste batzuk obretan, eta batzuk eraikita. Halaber, badira zona finkatuak: pasealekuak, plazak, zabuak edo aparkalekuak.

      Planaren eraginpeko eremuaren ingurumen-ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

      Eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez du bat egiten beste katalogo batzuetako eremuekin (ez EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekiko eremuekin, ez LAG-Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko eremuen zerrendakoekin), ez Europar Batasuneko intereseko habitatekin, ezta landare-espezie mehatxatuenekin ere. Ezta EAEko Korridore Ekologikoen Sareko egiturazko elementuekin ere. Era berean, ez da ur-ibilgurik edo kultura-ondareko elementurik antzeman.

      Ingurumenaren ikuspegitik, alderdirik azpimarragarriena da 11. BEPBko lurzatiaren hegoaldea uhalde-enararen (Riparia riparia) kudeaketa planaren aplikazio-eremuaren barruan sartzen dela. Hasiera batean, BEPBren eremuaren barruan espezie horrentzat egokia den habitat bakarra lursailaren hegoaldeko muturrean dagoen sakonune txiki bat izango litzateke. Duela urte batzuk arte, eremua urbanizatu aurretik industria-jardueretarako erabiltzen zen putzu bat zegoen bertan, baina gaur egun lehor dago, euriteetan izan ezik; 11. BEPBren eremu hori urbanizatu ondoren, putzuak hartzen zuen lursaila atxikipen-depositu bihurtu da, eta, dituen ezaugarriengatik, ez du uhalde-enararentzako habitat egokia izateko gaitasunik. Bestalde, eremu hori ez dago planaren jarduketen xede den eremu zehatzean sartuta, sustatzaileak planaren ingurumen-ebaluaziorako aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

      Planaren eremua akuiferoak kutsatzeko arrisku handikoa da.

      Aztergai den eremua Vitoria-Gasteizko ikus-arroan dago. Paisaia-unitate nagusia eremu antropogenikoan dagoen hiri-paisaia da, paisaia-balio oso txikiko ikus-arroan, EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren arabera (Aurreproiektua).

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, BEPBren hirigintza-eremu osoa kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan sartuta dago (GeoEuskadiren arabera, hauek dira inbentariatutako lurzatiak: 01059-00050, 01059-00178 eta 01059-01302).

      Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, zaratari dagokionez, soinu-iturri nagusia planaren inguruko kaleetako ibilgailuen trafikoa da, eta lortutako balio akustikoek betetzen dituzte gaur egun bizitegi-eremuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak, kontuan hartu beharreko hiru aldietan (eguna, arratsaldea eta gaua).

      Planaren garapenak eragin ditzakeen ondorioak honako hauei lotuta egongo dira: eremuaren eraikuntza- eta urbanizazio-obra osagarriak, lur-mugimenduak, hondakinak sortzea, makinen joan-etorriak, isurketak, zaratak eta abar. Ondorioz, lurrazaleko eta lurpeko uretara eta lurzoruetara isuriak egitea gerta daiteke, eta eragozpenak eragin dakizkieke auzokoei, emisio atmosferikoengatik, zaratengatik, etab. Hala ere, proposatzen diren jarduketak mugatuak direnez, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango dira, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaraten gainekoa, eta hondakinen, isurien eta emisioen kudeaketari buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

      Ustiapen-fasean, etxebizitza berrietako biztanleek ondorio handiak pairatu ahalko dituzte eremuaren kalitate akustikoa dela eta.

      Alderdi horri dagokionez, sustatzaileak eragin akustikoari buruzko azterlan bat gehitu dio espedienteari. Azterlan horren arabera, BEPBren esparruan aplikagarriak dira bizitegi-erabilerarako kalitate akustikoko helburuak (KAH) area urbanizatuetan, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra zonifikazioaren eta zortasun akustikoen arloko araudira egokitzeko aldaketa puntual zehatzean xedatutakoaren arabera (2020ko urtarrilaren 24ko ALHAO). Xedapen horren arabera, 11.BEPBko etxebizitza-eraikinei aplikatu beharreko KAHak lehendik bizitegi-erabilera nagusi duten lurraldeko eremu/sektoreei dagozkienak izango lirateke (65/65/55 dBA egun/arratsalde/gauez, hurrenez hurren). Baldintza horietan, eta sustatzaileak aurkeztutako azterlan akustikoaren arabera, nagusiki bizitegi-erabilerakoak diren eremuetako kalitate akustikoko helburuak (KAH) betetzen dira kanpoko ingurunean.

      Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak direnez, kontuan izan beharko da Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa.

      Planean proposatutako antolamenduak ez du aldatzen 11. BEPBren indarreko plangintza, eraikin-etxadi batzuetan lerrokadura berriak ezartzea izan ezik. Horri dagokionez, ingurumen-inpaktuen balorazioa egungo egoerarekiko egin behar da; izan ere, gaur egun bizitegi-erabilerako eremu finkatua da, eraiki gabeko edo eraikitzeko fasean dauden bizitegi-etxadiak eta dagoeneko eraikita eta urbanizatuta dauden orubeak dituena, ingurumen-balio adierazgarririk gabeko eremu antropizatu bat osatuz.

      Bestalde, bizitegi-eraikin berriak eraikitzea egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko; izan ere, ez dakar lurzoru natural berriak okupatzea eta bateragarria da baliabideen (ura, energia, etab.) kontsumo efizienteagoa sustatzeko neurriak hartzearekin.

      Aurrekoaren ondorioz, eremuaren egungo egoera, Planak planteatzen duen antolamendu-proposamena eta dagozkion prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien aplikazioa kontuan hartuta, ez da espero jarduketa horiek eragin garrantzitsurik izango dutenik ingurumenean, baldin eta eragin-eremuan egiten diren jarduerak eta jarduketak segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira, besteak beste.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Vitoria-Gasteizko Esmaltaciones San Ignacio-Pemco eremuaren 11. Barne-eraberritzeko Plan Bereziaren 3. aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

      Neurri babesgarri eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

      Plana garatzeko proiektuetan eta jarduketetan kasuan-kasuan aplikagarriak diren ingurumen-arloko baimenak edo prozedurak alde batera utzi gabe, honako neurri hauek hartuko dira:

      Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:

      Planak zaratari buruz hartu behar dituen zehaztapenen artean, bermatuko da eremu akustiko honetan betetzen direla aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak, 213/2012 Dekretuaren, urriaren 16koaren, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoaren, 31 artikuluan xedatuarekin bat, eta ezingo da etxebizitzak eta ospitale, hezkuntza edo kultura erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

      Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin bat etorriz, fatxada eta bao sentikorretan, behar den mailako isolamendu akustikoa jarriko da, eraikinen barruko ingurunean kalitate akustikoaren helburua lortu ahal izateko, bizitegi-erabilera izatea aurreikusita dagoenez, eta urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren eta Eraikuntzaren Kode Teknikoaren eskakizunekin bat etorriz. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuko dira eraikuntza-proiektuan.

      Obrek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalanetan eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, eta zaraten eta bibrazioen murrizketan.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak (baita errepideko zirkulazioan ere) egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsaduraren urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35. bis artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 6 hiletik gorako iraupen aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.

      Inpaktu akustikoaren azterketan neurri zuzentzaileak zehaztuko dira, eta hor aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

      Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak.

      Planaren eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartzen den kokaleku bat dago (kodeak: 01059-00050, 01059-00178 eta 01059-01302). Horrenbestez, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko Legearen (4/2015, ekainaren 25ekoaren) 23.1 artikuluan xedatzen denarekin bat, lurzoruaren kalitate-adierazpen bat izapidetu beharko da, baldin eta lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada.

      Halaber, lege horren 23.2 artikuluaren arabera, 23.1 artikuluan jasotako ekintzaren baten ondorioz egin behar diren lur-mugimenduak egiteko, hondeaketa selektiborako plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan.

      Aurrekoari kalterik egin gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie Vitoria-Gasteizko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisioko edo juridikok bete beharko dituen, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.

      Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

      Aurrekoen kalterik gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak, berriz, loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin (instalazioen eta zoladuren eraisketakoak barne), induskatutako lurzoruen kontrolarekin, intereseko baliabide naturalen babesarekin, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie.

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

      Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatu mugetatik kanpo zirkulatzea.

      Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira.

      Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

      Hondakinen sorrera eta kudeaketa: sortutako hondakin guztiak, indusketakoak barne, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

      Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulak airera dezaketen eremuetarako. Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu behar diren.

      Espazio libreak eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza iraunkorrerako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira (https://www.ihobe.eus/argitalpenak/eraikuntza-iraunkorrerako-gidak) bereziki eraikuntza jasangarrirako gida, eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

      Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

      Bigarrena. Ingurumen-txosten estrategiko horretan ezarritako baldintzen arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak zein sustatzaileak aurrekoen aurkakoak ez direnak hartzen badira, ez da aurreikusten Vitoria-Gasteizko Esmaltaciones San Ignacio-Pemco eremuaren 11. Barne-eraberritzeko Plan Bereziaren 3. aldaketak ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo duenik ingurumenean; ondorioz, ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean Vitoria-Gasteizko Esmaltaciones San Ignacio-Pemco eremuaren 11. Barne-eraberritzeko Plan Bereziaren 3. aldaketa onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 28a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik