Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2022ko martxoaren 30ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zizurkilgo (Gipuzkoa) 22 Akezkozabal Hirigintzako Egikaritze Unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko martxoaren 30ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zizurkilgo (Gipuzkoa) 22 Akezkozabal Hirigintzako Egikaritze Unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 74
  • Hurrenkera-zk.: 1656
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/03/30
  • Argitaratze-data: 2022/04/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2021eko abenduaren 30ean, Zizurkilgo Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Zizurkilgo 22 Akezkozabal Hirigintzako Egikaritze Unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2022ko otsailaren 16an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu ziren.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluaren arabera.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko xedearekin.

Plana abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean efektu esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Zizurkilgo 22 Akezkozabal Hirigintzako Egikaritze Unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

  1. Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.

    Zizurkilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO), egun indarrean dena, 2014an onartu zen behin betiko. Bertan, 22 Akezkozabal hirigintza-jarduerarako eremua zedarritzen eta antolatzen da, jarduera ekonomikoko hiri-lurzoru gisa sailkatua. HAPOn jasotzen da eremuaren antolamendu xehatua.

    Lehenago, 28 A poligonoaren Plan Partziala, egungo 22 Akezkozabal hirigintza-jarduerarako eremuari dagokiona, 1987an onartu zen behin betiko. Hirigintza-proiektua 1989an onartu zen, eta partez egikaritua dago.

    22 Akezkozabal hirigintza-jarduerarako eremua Elbarrena auzoaren kanpoaldean kokatzen da, Asteasura doan errepidearen alboan, eta 30.614,00 m2-ko azalera du.

    Plan Berezia idazteak eremuaren antolamendua inguruaren egungo errealitateari egokitzeko beharrizanari erantzuten dio. Aldaketaren helburua, beraz, haren zehaztapenak egungo beharrizanei egokitzea da, eta, horrela, eremua urbanizatzen amaitzea. Hauek dira kontuan hartu diten irizpide nagusiak:

    Uholde-arriskua aldagaia Plan Berezian sartzea: eremuaren zati bat uholde-arriskuko gune batean dago, lehentasunezko fluxu gunetik kanpo. Mendebaldea uholde-arriskuko eremua da 100 urteko errepikatze-denborarako, 500 urteko errepikatze-denbora gehituta eremuaren erdirako gutxi gorabehera.

    EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean ezarritako erretiroak errespetatzea.

    Eremuaren bideragarritasunari buruzko zehaztapenak, sarbideei, barneko bideei eta aparkalekuei dagokienez, egungo eskakizun eta beharrizanetara egokitzeko. Eremura sarbide nagusi gisa, egun dagoen biribilgune zatituaren ordez, itxaroteko erdiko erreia jartzea planteatzen da, eta poligonorako sarrera/irteera kopurua handitzea.

    Aurrekoa kontuan hartuz, proposaturiko antolamendua premisa hauetan oinarritzen da:

    6 industria-partzela antolatzen dira: gaur egun, hiru partzela erabat finkaturik daude; beste partzela bat zati batean eraikita dago, eta, beheko solairuan, jarduera ekonomiko bat duen eraikina dago, goiko solairuan etxebizitza bat duena eta ordenantza bikoitz bat ematen zaiona; eta, gainera, egun eraiki gabe dauden bi partzelak antolatzen dira.

    Mugan, Postelectricaren instalazio zaharrak daude, egoera kaskarrean daudenak eta antolamenduz kanpo deklaratzen direnak, eta eraitsi egin beharko dira.

    Espazio libreak eta berdeguneak bildu egiten dira, eta Asteasu errekaren babes-eremu bat sortzen dute.

    Eremurako sarbide nagusia den egungo biribilgune zatitua GI-2631 foru-errepidean ezarritako itxaroteko erdiko errei batez ordezkatzen da, horixe baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak planteatutako irtenbidea. Sarbide horretan, nahitaez, Villabonarako noranzkoan atera behar dira ibilgailuak.

    Mendebaldean dauden bi industria-partzelen artean sarrera/irteera bat gaitzen da.

    HIEren ekialdeko mugan dagoen bidean, Villabonarantz ateratzea baino ez da onartuko.

    HIE osoaren luze-zabalean birbanatzen dira aparkalekuak.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: Planak jarduera ekonomikoetarako eraikinak antolatzea dakar, sarbideak hobetu eta sortzea, bai eta Asteasu errekaren ertzean espazio libreak ezartzea ere; hori guztia, hiri-lurzoru baten garapena osatzeko zati eraikian eta urbanizatuan. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik plangintza hierarkikoki nagusiarekiko.

      3. Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko. Jarduera ekonomikoko eremu batean aldez aurretik hiri-lurzoru gisa kalifikatutako lurzorua okupatzea dakar. Gainera, etorkizuneko garapena bateragarria da baliabideen (ura, energia, eta abar) kontsumo efizienteagoa sustatzeko neurriak hartzearekin.

      4. Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: aintzat hartuta eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta Planaren helmena, ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo esanguratsurik, betiere, besteak beste, ibilguen babesa eta uholde-arriskuari, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina pairatu lezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren xede den eremua jarduera ekonomikoz osatutako hiri-lurzoru finkatua da, eta 30.614,00 m2-ko azalera du.

      Forma doi bat luzexka du, eta hauekin da mugakide: iparraldean, Zizurkildik Asteasura doan GI-2631 foru-errepidea; hegoaldean, Asteasu erreka; ekialdean, beste hiri-eremu bat, eta mendebaldean, belardiak.

      Eremu hori urbanizatuta dago, oinarrizko azpiegiturez hornituta eta, hein handi batean, industriek okupatuta. Lurzorua antropizatua da, eta sortzen den landaredia nitrofiloa da, giza eragin nabarmena duena, hegoaldeko mugan izan ezik, Asteasu ibaiaren ondoan, non lizarrak, sahatsak eta haltzak agertzen baitira, arrosekin, atxaparrarekin eta eremuko berdeguneetan integratuta dagoen erriberako landaredian ohikoak diren beste zuhaixka batzuekin batera.

      Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuaren zati bat uholde-arriskuko gune batean dago, lehentasunezko fluxu gunetik kanpo. Mendebaldea uholde-arriskuko eremua da 100 urteko errepikatze-denborarako, 500 urteko errepikatze-denbora gehituta eremuaren erdirako gutxi gorabehera. Asteasu erreka, eremutik igarotzean, ES017 GIP-15-01 kodea duen Villabona Uholde Arrisku Handiko Eremuaren (UAHE) parte da.

      Halaber, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan barne hartutako lurzati batzuk daude eremuan. Eremuan dauden ia eraikin guztiak inbentario horretan jasota daude.

      Zaratari dagokionez, lurzatiaren inguruan dauden zarata-iturri nagusiak GI-2631 foru-errepideko ibilgailuen joan-etorriak eta etorkizuneko Abiadura Handiko Trenaren joan-etorriak dira. Planaren eremua Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen dituen errepideen (GI-2631) afekzio akustikoko eremutik kanpo dago, Foru Aldundiaren zaratari buruzko mapa estrategikoen arabera.

      Eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez du bat egiten ez beste katalogo batzuetan jasotako natura-intereseko espazioekin (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia, LAG-Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako natura-intereseko eremuen zerrendak), ez landare-espezie mehatxatuekin. Era berean, ez dira identifikatzen ez EAEko Korridore Ekologikoen Sarea egituratzen duten elementuak, ez Kantauri Ekialdeko Mugapearen Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroko elementuak. Faunari dagokionez, Planaren eremuan ez da espezie mehatxaturik deskribatu, eta ez da faunarentzat interes handia duen punturik edo gunerik aurkitu. Eremuan ez da katalogatutako edo inbentariatutako kultura-ondareko elementurik hauteman.

      Aurreko guztia aintzat hartuta, eremuko ingurumen-baldintzatzaile esanguratsuenek zerikusia dute kutsagarria izan daitekeen jardueraren bat jasaten duten lurzoruak egotearekin, Asteasu errekarekin mugakide izatearekin eta eremuaren zati bat uholde-arriskukoa izatearekin.

      Plana garatzeak eragin ditzakeen ondorioak hertsiki lotuta egongo dira eraikin berriak egiteko lanak eta industria-instalazio zahar narriatuak eraisteko lanak gauzatzearekin, sarbideak egikaritu edo egokitzearekin eta jarduketa horiei lotutako eremua urbanizatzearekin. Esan behar da egungo urbanizazio-kotei eutsiko zaiela, eta, beraz, ez dela lur mugimendu handirik espero. Ildo horretatik, inpaktuen sorburu izan daitezke lur-mugimenduak eta kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak egotea, hondakinak sortzea, makinen joan-etorriak, isuriak, zaratak, eta abar, horrek guztiak ekar ditzakeen bestelako ondorioekin, hala nola, isuriek azaleko urak, lurpeko urak eta lurzoruak erasatea, eta eremuan edo haren inguruan bizi diren herritarrei eragozpenak sortzea isuri atmosferiko eta akustikoengatik. Hala ere, proposatzen diren jarduketen eta haien ondoriozko afektazioen mugak ikusita, uste da inpaktuak txikiak eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta berreskuragarriak izango direla, baldin eta indarrean dagoen legeria eta, bereziki, zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa betetzen bada eta halako jarduketetarako ezarrita dauden jardunbide egokiei kasu eginez gauzatzen badira obrak, betiere.

      Ustiapen-fasean, gerta daitezkeen eragin esanguratsuenak eremuaren uholde-arriskuarekin eta inpaktu akustikoarekin lotutakoak izango dira.

      Uholde-arriskuari dagokionez, helarazitako dokumentazioan, azterlan hidrauliko bat eransten da. Azterlan horren arabera, uholde-arriskuaren ikuspegitik, Plana bideragarria da, eraikin berri guztiak lehentasunezko fluxu gunetik kanpo daudelako hiri-eremutzat kalifikatuta dagoen eremu batean, eta, gainera, ez dakarrelako inolako gehikuntzarik eremutik gorako ur-laminan. Izan ere, azterketa-eremuan, lehendik dauden eraikinak finkatu egiten dira, eta eraikin berriak lehenik dauden bi eraikinen artean kokatzen dira; beraz, ez dute sortzen egungo egoeran definitu gabeko eremu eragingabe berririk. Beraz, egungo egoerarekiko ez dago inongo aldaketarik, modelizazioari dagokionez, eta, beraz, justifikatuta dago arriskua ez dela areagotzen eremutik gora.

      Zaratari dagokionez, aurkeztu den inpaktu akustikoaren azterlanean ondorioztatzen da GI-2631 errepideko ibilgailuen zirkulazioak eta Abiadura Handiko Trenak sortutako inpaktu akustikoaren mailek betetzen dituztela, bai egungo egoeran bai etorkizunekoan, kalitate akustikoaren balio objektiboak (industrialdeko hirigintza-garapen berria) 3 aldietan (eguna, arratsaldea eta gaua).

      Bestalde, kontuan hartuta araudiak industria-jardueretarako baimentzen duen gehieneko emisio-maila, zehazten da bizitegi-erabilerako eraikin multzorako (inguruko baserriak) etorkizuneko garapenaren inpaktu akustikoaren maila baimendutako gehieneko mugen barruan dagoela, segurtasun-tartearekin.

      Bestalde, Plana garatzen duen proposamena egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko; izan ere, aurreikusitako garapenak baliabideen (ura, energia, eta abar) kontsumo eraginkorragoa sustatzeko neurriak barne har ditzake, edo biodibertsitatea indartu berdeguneen diseinuan eta landarediaren tratamenduan.

      Ondorioz, kontuan hartuta eremuaren gaur egungo egoera, Planak planteatzen duen antolamendua eta dagozkion neurri prebentibo, babesgarri eta zuzentzaileen aplikazioa, ez da espero jarduketa horiek Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoaren araberako ingurumen-ondorio adierazgarririk izango dutenik.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Zizurkilgo 22 Akezkozabal Hirigintzako Egikaritze Unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira, betiere.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoaren arabera gauzatuko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

      Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari buruzkoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

      Natura-ondarea babesteko neurriak.

      Espazio libreak eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen. Landareztatzeko eta lorategiz hornitzeko lanetan, ez dira inolaz ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Ildo horretatik, Plan Bereziak Asteasu errekaren ertzetako espazio libreak antolatzen ditu nagusiki. Zehazki, ibaiaren ertzeko berdegune horietan ibaiertzeko basoko berezko espezieak landatuko dira.

      Obrak, bai eta lurzorua okupatzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, obrako materialak eta landare-lurra eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideetan oinarrituta proiektatuko dira, eta, zehazki, Asteasu errekaren ibilgutik urrun kokatuko dira.

      Kultura-ondarea babesteko neurriak.

      Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira behin-behinean, eta berehala emango zaio horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Kultura-ondareari dagokionez, gomendatzen da, nahiz eta eremuaren barruan dagoen Jaure S.A. eraikinak babesik ez duen eta aurkeztutako hirigintza-dokumentuak hura finkatzea aurreikusten duen, etorkizunean baimenduko diren esku-hartzeek kontuan har dezatela haren ondare-interesa.

      Jabari publikoaren babesari eta uholde-arriskuari buruzko neurriak.

      Plan Bereziaren xedeko eremua, mendebaldean, uholde-arriskuko eremua da 100 urteko errepikatze-denborarako, 500 urteko errepikatze-denbora gehituta eremuaren erdirako gutxi gorabehera. Ondorioz, esku-hartzeek kontuan izan behar dituzte indarreko Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan uholdeen aurkako babesari buruz ezarritako berariazko araudian xedatutakoa, bai eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14.bis artikuluan ezarritakoa ere, alde batera utzi gabe, betiere, administrazio hidrauliko eskudunak Uraren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 25.4 artikuluan aipatutako txostenean ezarritakoa eta Uraren Euskal Agentziak Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa.

      Bestalde, uholde-arriskua duten eremuetan ez da obra-instalazio osagarririk jarriko (batez ere, makineria-parkea eta garbigunea), uholdeen errepikatze-denbora edozein dela ere.

      Ingurune hidrikoa babesteari dagokionez, sortzen diren solido esekien edo arrastatze edo jariatze bidezko kutsatzaileen ekarpenaren ondoriozko zeharkako afekzioak eragotziko dira, eta, hala badagokio, kalteak eragozteko neurriak proposatuko dira, adibidez: hesi fisikoak jartzea.

      Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

      Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako hainbat lekuren gainean dago eremua. Horrenbestez, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan xedatutakoarekin bat, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozeduraren arabera.

      Zaratari buruzko neurriak.

      Zaratari dagokionez, zarata-iturri nagusietako bat GI-2631 errepidea da, planaren xede den eremua azpiegitura horren eragin-eremuaren barnean dagoenez. Horrenbestez, eremuan egin nahi den jarduketa orotarako, azpiegitura horren organo kudeatzailearen baimena jaso beharko da.

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituena; apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora. Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

      Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

      Bestalde, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak egikaritzeko:

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta Zoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta Eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko dira sortutako olio erabiliak.

      Zizurkilgo Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Eraikingintzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarrienerako beharrezkoak diren ezaugarriei dagokienez, ingurumenaren aldetik jasangarria den eraikuntzari buruzko gidaliburuetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako neurriak eta ingurumen-arloko jardunbide egokiak erabiliko dira; zehazki, Eraikuntza iraunkorrerako gidak. Eraikin industriala (2017ko maiatza) lanean jasotakoak (https://www.ihobe.eus/argitalpenak/eraikuntza-iraunkorrerako-gidak-eraikin-industriala), eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barrualdearen kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Zizurkilgo 22 Akezkozabal Hirigintzako Egikaritze Unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia Zizurkilgo Udalari jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, baldin eta Zizurkilgo 22 Akezkozabal Hirigintzako Egikaritze Unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 30a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik