Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2022ko apirilaren 22koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo (Gipuzkoa) Papinea 5.3.14 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2022ko apirilaren 22koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo (Gipuzkoa) Papinea 5.3.14 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 101
  • Hurrenkera-zk.: 2277
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2022/04/22
  • Argitaratze-data: 2022/05/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Irungo Udalak, 2022ko otsailaren 28an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Irungo Papinea 5.3.14 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketa (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Irungo Udalari jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Erantzuteko legezko epea amaitu eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Irungo Papinea 5.3.14 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, ondoren adierazitako moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Plana Papinea izeneko eremuari dagokio; Irungo Alde Zaharraren ondoan dago eta, gaur egun, zenbait baratze eta legezko aurri-egoera duen eraikin baten hondakinak daude han. Eremuak muga hauek ditu: hegoaldean, Urantzu kalea; iparraldean, Pedro de Hirizar kalea; ekialdean, Dunboa kanalaren alboko oinezkoentzako pasealekua; eta mendebaldean, Aitzin Zuloa kalea, zeinak Korrokoitz eremua Papinea kalearekin lotzen duen Urantzu kalearen bidez, bai eta Papinea eta Pedro de Hirizar kaleen artean lehendik dagoen etxadiarekiko mehelin bat ere. Papinea Eremuak 4.980 m2-ko azalera du.

    2008ko otsailaren 27an behin betiko onartu zen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak arautzen du eremua; plan horrek modua ematen du bizitegi-eremu bat antolatzeko, Alde Zaharraren ezaugarriekin bat etorriz gero. Ondoren, 2015eko otsailaren 28an behin betiko onartu zen Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren bidez, aurreko Plan Orokorrean Papinea eremurako zehaztutako hirigintza-zehaztapen orokorrak finkatu ziren, baina hirigintza-eraikigarritasuna areagotzeko aukera eman zen.

    Papinea 5.3.14 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketa honen helburua da Irunen indarrean dagoen HAPOn ezarritako hirigintza-eraikigarritasunaren areagotze hori jasotzea; zehazki, eremuaren antolamendu xehatua egiten du, indarrean dagoen HAPOra egokitzeko. HAPBren aldaketa horretan, alderdi hauek daude zehaztuta: jabetzaren egitura; HAPOn zehaztutako eraikigarritasunak izan beharreko lerrokadurak eta sestrak, hegalak, kotak eta gehieneko inguratzailea; eraikuntza-etapen plana eta urbanizazio-faseak; zortasun aeronautikoen eta Urak uholde-arriskuari buruz adierazitako baldintzen betetze-maila; itsas-lehorreko jabari publikoarekin muga egiteagatik, Itsasertzari buruzko lege propioaren betetze-maila; bideen eta oinezkoentzako eremuen jarraitutasuna; bai eta hirigintzako legeriak eskatzen dituen gainerako xedapenen betetze-maila ere.

    Jarraian, Planean proposatutako jarduketak laburbiltzen dira:

    Papinea kalearen amaieran legezko aurri egoeran dagoen eraikina (BS+1) eraistea.

    Kanalera ematen duen eraikin-aurrealde bat sortzea, kanalaren bazterrean oinezkoentzako pasealekua osatuz: bereizitako bi eraikin proposatzen ditu; alde batetik, Papinea eta Pedro de Hirizar kaleen artean dagoen etxadia osatzen du 9 etxebizitzako eraikin berri batekin, eta, bestetik, beste etxadi bat sortzen du, beste 82 etxebizitzakoa. Horren alboek Urantzu eta Pedro de Hirizar kaleen lerroari jarraitzen diote, aurrealdetik kanalera Itsasertzen Legean ezarritako tartea dago eta Aitzin zuloa kalea zena desbideratzen da, Korrokoitz kalearen luzapen bihurtuz, Pedro de Hirizar kaleraino.

    Bi solairuko lurpeko aparkalekua etxadi berri horren azpian eraikitzea.

    Ibilgailuentzako bide bat irekitzea, Urantzu kalearekiko perpendikularra, Dunboa kanalaren ondoan.

    Ingurumen Dokumentu Estrategikoak (IDE) aukera bakar bat proposatzen du 0 aukeraz edo ez jarduteko aukeraz gain. Ingurumen-ikuspegitik, ez da hauteman inpaktu esanguratsurik gaur egungo egoeraren aldean; gainera, hartutako irtenbidea justifikatzeko, 2015ean onartutako HAPOk hirigintza-eraikigarritasuna handitzea ahalbidetu zuela eta horrek hirigintza-kargak hobetzea dakarrela adierazten da.

  2. Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: Planean, eremuaren antolamendu xehatuaren garapena jasotzen da, indarrean dagoen HAPOren zehaztapenetara egokitze aldera; zehazki, Irunen indarrean dagoen HAPOn adierazitako eraikigarritasunaren handitzea jasotzen da. Plana eraikuntza-obren bidez gauzatuko da. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.

      3. Plana egokia al den ingurumen-arloko alderdiak barnean hartzeko, bereziki garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-alderdiak barnean hartzeko; izan ere, artifizializatutako lurzorua dentsifikatzea bultzatzen du, eta Irungo hiri-sarean aurrez hiri-lurzorutzat kalifikatutako lurzoru bat okupatzea dakar. Egindako proiektuak energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak har ditzake barnean.

      4. Planarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ingurumenean nolabaiteko inpaktua izan dezaketen jardunek obra-faseekin dute zerikusia batez ere: gerta daitezkeen lur-mugimenduak, makineriaren zirkulazioa, lurzoru-okupazioa, istripuzko isurpenak, uraren kalitatearen gaineko eragina, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera, partikulek eragindako airearen kutsadura eta abar. Dena den, jarduketa horrek ez du aldaketarik izango gaur egungo eraikuntza-premiei dagokienez. Zaratari dagokionez, gaur egun ez dira betetzen etorkizuneko bizitegi-eremu batek egunez, arratsaldez eta gauez bete beharreko kalitate akustikoko helburuak. Etorkizunari begira, eraikin berrien fatxada guztietan aplika daitezkeen kalitate akustikoko helburuak betetzen dira egunez eta arratsaldez; gauez, berriz, 2 dB(A) handiagoak dira Urantzu kalera begira dauden fatxadetan aplikatu beharrekoak. Gainerakoetan, helburuak bete egiten dira.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia ezartzeko.

    2. Ondorioen eta eragina pairatu lezakeen eremuaren ezaugarriak:

      Jarduera-eremua Beraun-Santiago auzoan dago, Irungo Alde Zaharraren ondoan. Gaur egun, lurzati horretan, partzialki asfaltatutako lurrazaleko aparkalekuak eta baratzeak daude. Erabiltzen ez den eraikin bat ere badago. Zehazki, Papinea eremuak Pedro de Hirizar kalea du iparraldean, Dunboa kanala ekialdean, Urantzu kalea hegoaldean eta Korrokoitz eremuko eraikinak mendebaldean.

      Ingurumen-balio garrantzitsurik ez duen hiri-eremua da. Ez dago interes naturaleko elementurik, ezta interes geologikoko ezein puntu edo eremu ere, eta ez du akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasunik.

      Plana gauzatzeak zenbait ondorio ditu ingurumenari dagokionez, eta aipagarrienak eremuaren kalitate akustikoarekin lotuta daude; bestalde, sektore hori Oiassoko eta Irungo Erdi Aroko hiriguneko Babes Arkeologikoko Eremuan dago, eta, beraz, Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Kultura Ondarearen Katalogoak babestuta, dagokion berariazko babes-araubidearen bidez.

      Planaren eremuak uholde-arriskua du, baina, Dunboako kanala oso bideratuta dagoenez, ur-masaren lehentasunezko fluxu-eremua kanalera mugatzen da; 10 eta 100 urteko errepikatze-denborako uholdeen eraginpean egon daitezkeen eremuak 20 m2 baino txikiagoak dira eta zubiaren ondoan daude, hego-ekialdeko muturrean; aldiz, ia eremu osoak (% 95 inguru) 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du.

      Aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterketaren emaitzen arabera, ez dira betetzen etorkizuneko bizitegi-eremu batek egunez, arratsaldez eta gauez bete beharreko kalitate akustikoko helburuak. Etorkizunari begira, eraikin berrien fatxada guztietan aplika daitezkeen kalitate akustikoko helburuak betetzen dira egunez eta arratsaldez; gauez, berriz, 2 dB(A) handiagoak dira Urantzu kalera begira dauden fatxadetan aplikatu beharrekoak. Gainerakoetan, helburuak bete egiten dira. Inpaktu akustikoaren azterketan, zenbait aukera aztertzen dira kanpoaldean kalitate akustikoko helburuak betetzera bideratutako neurri zuzentzaileak ezartzeko, baina neurri zuzentzaile guztiak baztertu dira, hainbat arrazoirengatik. Egin duten proposamenak 2016ko abenduaren 5ean onartutako Irungo Zarataren Mapari eta 2017ko apirilean behin betiko onartutako Ekintza Planari egiten die erreferentzia. Plan horretan, Papinea eremua babes akustiko bereziko eremuetako baten barruan sartzen da; zehazki, BABE 5 eremuan. Edonola ere, eraikinen barnean kalitate akustikoko helburuak betetzeko isolamendu akustiko zehatzak proposatzen dira.

      Hala ere, adierazten denez, Urantzu kalea oinezkoentzat jarriz gero, inpaktu akustikoa murriztu eta aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak betetzea lor daiteke, eta, beraz, ez litzateke egongo eraikitzeko baimena emateko murrizketarik agertoki horretan.

      Proposatutako jarduketak kontuan hartuta, nahiz eta eraikina gehiago aprobetxatzeak baliabide gehiago kontsumitzea eta hondakin gehiago sortzea ekar dezakeen, ez da uste ingurumen-inpaktu handirik egongo denik eremuaren eta ingurunearen gaur egungo egoeraren aldean.

      Planaren esparruko jarduketen inpaktuak urbanizazio- eta eraikitze-obren ondoriozkoak izango dira. Jarduketa horien ondorioz, giza habitataren kalitatea murriztuko da (zarata, hautsa, bibrazioak, etab.) eta hondakinak sortuko dira, aldi baterako eta eremu jakin batean baino ez bada ere. Hala ere, ez da uste jarduera hori aldatuko denik gaur egungo eraikuntza-premiei dagokienez.

      Aurrekoaren ondorioz, kontuan hartuta eremuaren egungo egoera, Planak egiten duen antolamendu-proposamena eta dagozkion neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileen aplikazioa, ez da espero jarduketa horiek eragin esanguratsurik izango dutenik ingurumenean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira, besteak beste.

    3. Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Irungo Papinea 5.3.14 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak Planaren aldaketan txertatzen badira.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

      Zaratari dagokionez Planean hartu beharreko erabakien artean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, etorkizunean ezingo da hirigintza-garapenik gauzatu eremu batean baldin eta kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa. Ondorioz, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babesteko neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora, eraiki gabeko inguruetan; eta altuera orotara leihodun fatxadetan, eraikitako inguruetan), baita, kasu guztietan, kalitate akustikoko helburuak betetzeko beharrezkoak direnak ere, eraikinen barnealdean. Hiriko bideetara ematen duten fatxada guztiak isolatu beharko dira: Dunboa kanalarekiko errepide paralelo berria eta Urantzu kaleko errepidea. CTE-DB-HR arauan zehaztutako D2m nt, Atr parametroaren arabera, fatxada bakoitzean 30 dB(A)-ko isolamendua beharko da; alabaina, aipatutako bi bideetara (bereziki, Urantzu kalera) ematen duten fatxadetako logeletan, 32 dB(A)-koa beharko da, gutxienez. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuko dira eraikuntza-proiektuan.

      Era berean, Oiassoko eta Irungo Erdi Aroko hiriguneko Babes Arkeologikoko Eremuari dagokionez, obrako eremuen azterketa arkeologiko bat aurkeztea gomendatzen da, Planaren aldaketa behin betiko onartu aurretik.

      Uholde-arriskuari dagokionez, Planak kontuan izan behar du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudiko VII. kapituluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa. Zehazki, Plan Hidrologikoaren 40. artikuluan, Lurraldearen Arloko Planaren E.2.2 eta E.2.5 apartatuetan eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14 bis artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, betiere alde batera utzi gabe eskumena duen administrazio hidraulikoak uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak (zeinak Uraren Legearen testu bategina onartzen baitu) 25.4 artikuluan jasotako txostenean ezarritakoa eta Uraren Euskal Agentziak Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k) artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa.

      Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira honako gai hauen jardunbide egokien eskuliburuarekin: obrak, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, intereseko balio naturalen babesa, eta uren, airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

      Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxiena eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

      Ez da obrako instalazio lagungarririk jarriko (batez ere, makineria-parkea eta garbigunea) uholde-arriskua duten eremuetan, uholdeen errepikatze-denbora edozein dela ere.

      Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

      Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

      Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko dira sortutako olio erabiliak.

      Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakinen biltegira eraman, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko dira.

      Irungo Udalari eta Garapen Jasangarriaren Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-zantzu guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

      Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Obretako zarata: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

      Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak ezarritakoa gorabehera, jarduketak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

      Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta eraikuntza berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

      Obrengatik kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterrena egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizaziorik ez gertatzeko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Landareztatze- eta lorategi-lanetan, ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

      Espazio libreen tratamendua: espazio libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Espezie autoktonoak erabiliko dira.

      Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira (https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen aurrezpen eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurriok, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

      Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

      Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

      Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

      Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

      Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

      Barnealdearen kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

      Bigarrena. Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere (aurrekoen aurkakoak ez badira, betiere), ez dela aurreikusten Irungo Papinea 5.3.14 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Irungo Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Irungo 5.3.14 Papinea eremurako jarduketa-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketa onartuko ez balitz. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatu ezean. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat emango du, erregelamenduz ezarriko den moduan.

      Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 22a.

      Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

      JAVIER AGIRRE ORCAJO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik