Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2023ko urtarrilaren 9koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, Laneko Arriskuen Prebentzioa enpresaren kudeaketa-sisteman integratzeko jardunbide egokien sarirako deialdia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko urtarrilaren 9koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, Laneko Arriskuen Prebentzioa enpresaren kudeaketa-sisteman integratzeko jardunbide egokien sarirako deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: OSALAN; Lan eta Enplegu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 17
  • Hurrenkera-zk.: 400
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/01/09
  • Argitaratze-data: 2023/01/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Instituzional; Sailak

Testu legala

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak 5. artikuluko 3. paragrafoan xedatzen duenez, jarduerak sustatuko dituzte administrazio publikoek laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzeko eta laneko arriskuak murrizteko, babesteko modu berriak ikertzeko edo sustatzeko eta prebentzio-egitura eraginkorrak sustatzeko. Horretarako, berariazko programak ezarri ahal izango dituzte. Programa horiek erregelamendu bidez zehazten diren pizgarriak emanez bideratu ahal izango dira, eta bereziki enpresa txiki eta ertainei zuzendutakoak izango dira.

Era berean, Lege beraren 5. artikuluan ezartzen denez, enpresen prebentzio-politikak sustatu beharko du laneko arriskuen prebentzioa enpresaren kudeaketa-sisteman eraginkortasunez integratzea.

Premia hori Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategian ere badago jasota. Estrategia horren helburuetako bat da laneko arriskuen prebentzioa enpresaren kudeaketa-sisteman modu eraginkorrean integratzea, enpresa txikiak bereziki aintzat hartuta.

Bestalde, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak 2023an antolatuko duen Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko V. Nazioarteko Kongresua esparru ezin hobea izango da, era berean, laneko arriskuen prebentzioa beren kudeaketa-sisteman benetan integratzeko jarduera garrantzitsuak garatu dituzten enpresen ahaleginak zabaltzeko eta saritzeko.

Horregatik, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari dagozkion eskumenen esparruan, egokitzat jotzen da 2023. urterako enpresako kudeaketa-sisteman prebentzioa integratzeko jardunbide egokien sariaren deialdia egitea eta arautzea.

Eta beraz.

Ebazpen honen xedea da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak emango dituen sarien deialdia egitea eta arautzea enpresako kudeaketa-sisteman prebentzioa integratzeko egindako jardunbide egokiengatik.

Sariak bi kategoria izango ditu. 50 langile baino gutxiago dituzten enpresak enpresa txikien kategorian lehiatuko dira, eta 50 langile edo gehiago dituzten enpresak, berriz, enpresa handien kategorian.

Saria diploma bat eta plaka edo oroigarri bat izango da, eta ez du sari ekonomikorik izango.

Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresek edo erakundeek eskuratu ahal izango dute laneko arriskuen prebentzioa enpresaren kudeaketa-sisteman txertatzeko jardunbide egokien saria.

  1. Laneko arriskuen prebentzioaren arloan ez-betetze larria edo oso larria egiteagatik Lan Agintaritzak zehatuta ez egotea.

  2. Sexu-diskriminazioagatik zehapen administratibo edo penalik duten enpresek ere ezin izango dute parte hartu deitutako sarian, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez debeku hori ezarrita daukatenek ere.

  3. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

  4. Enpresa eta erakunde eskatzaileek, halaber, bete beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.4, 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoa.

Laneko arriskuen prebentzioa enpresaren kudeaketa-sisteman txertatzeko jardunbide egokien sarirako eskabideak aurkezteko epea 2 hilabetekoa izango da, ebazpen honek eragina duenetik aurrera, hau da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  1. Honako helbide honetan daude eskuragai izapideak egiteko jarraibideei buruzko administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, bai eta eskabidearen formularioa ere:

    https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1203802

  2. Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak (sarbidea, izapidea eta jarraipena) Nire karpeta atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:

    https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  3. Eskabidea ordezkariaren bidez ere izapidetu ahalko da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, honako helbide honetan:

    https://www.euskadi.eus/ordezkariak

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri:

    https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

  4. Izapidetze elektronikoa hemen dago araututa: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoarena; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariarena, Informatika eta e-administraziorako plataforma teknologikoa Platea onartzen duena. Eskabidea, eransten zaion dokumentazioarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofizialetako edozeinetan aurkez daiteke. Halaber, prozedura guztian zehar, erakunde eskatzaileak aukeratu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

  5. Formulario elektroniko normalizatuko eskabideak aukera hau ematen du: laguntza eskatzen duten erakundeek berariaz baimena ematea organo kudeatzaileari nortasun-agiri nazionalaren datuak (NAN) edo identifikazio fiskaleko zenbakiari (IFZ) buruzkoak eta erregistro ofizialetako datuak eskura edo egiazta ditzan, laguntzak kudeatzeko ondorioetarako bakarrik, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoak datuok egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko duen ahalmena. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Baimena isilbidez emantzat joko da, baimen hori berariaz ukatzen ez bada.

  6. Laguntza-eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak berariazko baimena emango du Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak zuzenean eskura dezan, ziurtagiri telematikoen bidez, azaroaren 17ko 38/2003 Legea arautzen duen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan jasotako inguruabarren egiaztapena (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori). Kasu horretan, eskatzaileak ez ditu ziurtagiri horiek aurkeztu beharko. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, aipatutako erregelamenduaren artikulu horietan aurreikusitako baldintzetan.

  7. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.6 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

    Laneko arriskuen prebentzioaren arloan ez-betetze larria edo oso larria egiteagatik Lan Agintaritzak zehatuta ez egotea.

    Administrazio-zehapenik edo zehapen penalik jaso ez izana sexu-bereizkeria egiteagatik, ezta zehapenik jaso ere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

    Itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaituta izatea.

    Indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak beteta izatea.

    Erakunde eskatzaileak prebentzio-modalitate bat eskatuta izatea, Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak 10. artikuluan jasotakoaren arabera; lan-arriskuen ebaluazioa eta Prebentzio Plana eginda izatea, eta prebentzio-plangintza landuta izatea.

    Legez nahitaezkoak diren langileen ordezkariak izendatu dituela, eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legearen 33. eta 34. artikuluetan jasotakoaren arabera jakinarazi eta kontsultatu zaizkiela ebazpen honetan balioesten diren jarduerak.

    Ez duela bere prebentzio-sistema ikuskatu beharrik, edo, halakorik izanez gero, Prebentzio Sistemaren auditoretza egin duela, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren 29. artikuluan xedatutakoaren arabera.

    Egiazkoak eta osoak direla eskabide honetako datu guztiak, baita aurkezten dituen dokumentu guztiak ere; hala, dagokion erantzukizuna bere gain hartzen duela (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

  8. Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau erantsi beharko da:

    Erakunde eskatzaileak legez eratuta egon beharko du, eta erakundearen legezko ordezkariak ordezkaritza-ahal nahikoa justifikatu beharko du, agiri hauek erantsita:

    Erakundearen fundazio-eskrituren eta estatutuen kopia eskaneatua edo, bestela, erregistro-ziurtagiri ofiziala, legez eratuta edo dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko.

    Ordezkaritza-ahal nahikoa egiaztatzeko notario bidez legitimatutako izenpea duen dokumentu publiko edo pribatuaren kopia eskaneatua. Erakundearen ziurtagiri elektroniko batekin identifikatzen bada, ez da beharrezkoa egiaztatzea ordezkaritza-ahal nahikoa duela izapideak ziurtagiriaren titular den erakundearen izenean egiteko.

    1. Aurkeztutako jardunbidearen deskribapena (gehienez ere 30 orrialdekoa, DIN A-4 formatuan, lerroarte sinplean eta 11 letra-tamainan), honako puntu hauek garatzen dituena:

      Ekintzaren laburpena (gehienez 250 hitz).

      Ekintzaren helburuak.

      Enpresaren kudeaketa-sisteman prebentzioa modu eraginkorrean integratzea lortzeko egindako jarduerak deskribatuta.

      Emaitzak eta horien bilakaera.

      Ondorioak, non, besteak beste, prebentzio-kudeaketa enpresaren kudeaketa-sisteman ezarri ondoren lortutako onurak aztertuko diren.

      Abalak eta erreferentziak, hala badagokio.

      Komeni da deskribapen honekin batera prentsa-artikuluak, argitalpenak, argazkiak, material grafikoak, liburuxkak edo interesgarriak izan daitezkeen antzeko materialak aurkeztea.

  1. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, aurkeztu beharreko eskabideek eta dokumentuek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, edo haien edukia nahikoa ez bada, 10 eguneko epean gabezia hori zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio erakunde eskatzaileari, eta horrela egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko da, betiere Administrazioak berariazko ebazpena eman eta jakinarazi ondoren.

  2. Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak Nire karpeta atalean kontsultatu daitezke (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza). Jakinarazpen hori egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta hamar eguneko epean interesdunak edukia eskuratu ez badu, ukatu egin duela ulertuko da, eta izapidea egindakotzat joko da prozeduraren arabera, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo erakunde hartzaileak eskatuta, teknikoki edo materialki ezin izan dela jakinarazpen horren edukira sartu.

  1. Laneko arriskuen prebentzioa enpresaren kudeaketa-sisteman integratzearen arloko jarduera guztiak hartuko dira kontuan, baldin eta 2017. urteaz geroztik garatu badira edo garatzen ari badira eta behar besteko garapena badute prebentzioaren arloko ondorio garrantzitsuak ezarri ahal izateko. Besteak beste, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

    Prebentzioa enpresako hierarkia-maila guztietan eta haren antolamendu-unitateetan integratzea.

    Integrazio-maila baloratzeko ezarritako prozedurak.

    Prebentzio-zerbitzuaren zeregina, integrazioari eta antolaketa-unitateekin duen lankidetzari dagokienez.

    Prebentzioa baliabide propioekin integratzea.

    Prebentzioa integratzea eta langileei kontsulta egitea.

    Prebentzioa integratzea enpresaren hainbat jardueratan: instalazioak eta ekipoak mantentzea eta berrikustea, aldaketak kudeatzea, ekipoak eta produktuak erostea, langileak kontratatzea eta lanpostuak aldatzea, enpresa-jarduerak koordinatzea, langileak prestatzea, etab.

    Enpresan ezarritako prebentzio-jardueretan genero-ikuspegia integratzea.

    Enpresak aukeratutako prebentzio-modalitateetan garatzen diren prebentzio-espezialitateak (segurtasuna, higienea, ergonomia eta psikosoziologia eta osasunaren zaintza) integratzea eta koordinatzea.

  1. Balorazio-batzorde bat eratu da, eta hura izango da emakida-proposamena egiteko ardura duen kide anitzeko organoa. Proposamen hori Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari igorriko zaio.

  2. Honako hauek izango dira balorazio-batzordeko kide:

    Batzordeburua:

    Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendariorde teknikoa.

    Bokalak:

    Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Plangintzako zuzendariordea.

    Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Laneko Osasunaren Unitateko arduraduna.

    Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Arlo Teknikoaren arduraduna.

    Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Arlo Juridikoaren arduraduna.

  3. Batzordebururik ez badago, hura kanpoan edo gaixorik baldin badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, maila, antzinatasun eta adin handieneko batzordekideak ordeztuko du batzordeburua, betiere hurrenkera horretan, bat etorriz Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikuluan xedatutakoarekin.

  4. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, kideen arteko bat izango da balorazio-batzordeko idazkaria. Idazkaria ez badago, kanpoan bada edo gaixorik baldin badago, beste batzordekide batek hartuko du haren lekua aldi baterako.

Sariak emateko proposatzen diren jarduerak baloratzeko irizpideak honako hauek izango dira:

Berrikuntza-maila, gehienez 10 puntu.

Beste enpresa batzuekiko transferigarritasuna, gehienez 10 puntu.

Ekintza enpresaren jardueretan eta mailetan integratzea, gehienez 15 puntu.

Langileen parte-hartzea, gehienez 10 puntu.

Ekintzak argi azaltzea, gehienez 10 puntu.

Ekintzak langileen segurtasun- eta osasun-emaitzak hobetzeko duen eraginkortasuna: 10 puntu, gehienez.

Genero-ikuspegia kontuan hartzea garatutako jarduera guztietan: 20 puntu, gehienez.

Prebentzio-diziplina guztien arteko koordinazio-mekanismoak: 15 puntu, gehienez.

  1. Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Zuzendariordetza Teknikoari egokituko zaio, organo instrukzio-egilea den aldetik, aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta deialdi honetako eskakizun espezifikoak betetzen diren egiaztatzea.

  2. Ebazpen honetan ezarritako aldez aurreko administrazio-baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiak baloratuko ditu 9. artikuluan zehaztutako balorazio-batzordeak, 10. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

  3. Eskabideak ebaluatzeko prozesuan zehar, balorazio-batzordeak, egoki baderitzo, egoki iritzitako dokumentazio osagarria eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, bai eta sarirako proposatutako ekintzak lantokietan ezarri direla egiaztatzeko ere.

  4. Saria eman gabe utzi ahal izango da kategoria bakoitzean, baldin eta aurkeztutako proposamenetako batek ere ez badu 50 puntu lortzen. Era berean, eskabideen kalitatea ikusita, kategoria bakoitzeko 2 accesit eman ahal izango dira.

  5. Balorazio-batzordeak eskabideen zerrenda bat ezarriko du, lortutako puntuazioan oinarrituta, eta saria esleitzeko proposamen arrazoitua helaraziko dio Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, bi kategorietan puntuazio handiena lortu duten eskaerei dagokienez.

  1. Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak bi kategorietan esleituko ditu saria eta accesitak, ebazpen bidez. Ebazpen hori saria hutsik deklaratzea izan daiteke, edozein kategoriatan.

  2. Ebazpena eta haren aldaketak alderdi interesdunei jakinaraziko zaizkie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira gero. Era berean, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen web-orrian iragarriko dira. Jakinarazpenak bide elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Elektronikoari buruzko Dekretuak (otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak) 30. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  3. Ebazpen honen babespean aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, ebazpenak ondorioak dituenetik aurrera. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, ezetsitzat har daitezke eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe administrazioak berariazko ebazpena eman beharra.

  4. Adjudikazio-ebazpenaren jakinarazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ebazpen horren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Berariazko ebazpenik ez badago, errekurtsoa jartzeko epea sei hilabetekoa izango da, ustezko egintza gertatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera.

  5. Jakinarazpen elektronikoak Nire karpeta atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Deialdi honetan eta aplikagarri den edozein xedapen orokorretan ezarritako edozein betebehar betetzen ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu dekretu horrek.

Dirulaguntzaren erakunde onuraduna Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 37. artikuluan ezarritako egoeraren batean egonez gero, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean, edo Dirulaguntzei buruzko Araudi Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak 91., 92. eta 93. artikuluetan ezarritako kasuren batean, edo ebazpen honetan eta aplika daitezkeen gainerako arauetan nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako arauak bete ezean, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du, eta, horren bidez, dagozkion sariak eta accesitak baliogabetuko ditu.

  1. Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasotako eginbeharrak eta deialdi honetan zehaztutakoak bete beharko dituzte erakunde onuradunek.

  2. Erakunde onuradunek bete egin beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 16. artikuluetan ezarritako betebeharrak, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51. artikuluko 1. atalean jasotakoak.

  3. Ebazpen honek arautzen duen sariaren dibulgazio-testuinguruan sortutako argitalpen, liburuxka, dokumentu eta euskarri informatiko guztietan xedatutakoa betez: abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan jasotako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Araudia (dekretu horren bidez arautzen da Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua) eta Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2013ko uztailaren 2ko Ebazpena, zeinaren bidez sartzen baitira azken aldaketak Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan (2013ko uztailaren 31ko EHAA, 145. zk.).

  4. Erakunde onuradunek, hala badagokio, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari erraztasunak emango dizkiote, egindako jarduerak ikuskatzeko.

  5. Erakunde sarituak sariaren eta/edo accesiten publizitatea egin ahal izango du idazpuruetan, iragarkietan eta memorietan, saria zein urtetan jaso zuen zehaztuta, bai eta edozein komunikabidetan argitaratu edo zabaldu ere.

Eskabidean agertzen diren datu pertsonalak tratatuko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: lan-eremuan Laneko Arriskuen Prebentzioa enpresaren kudeaketa-sisteman integratzeko jardunbide egokien sariak.

  1. Arduraduna: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea.

  2. Helburua: lan-eremuan Laneko Arriskuen Prebentzioa enpresaren kudeaketa-sisteman integratzeko jardunbide egokien sarien deialdia kudeatzea eta ebaztea.

  3. Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

  4. Hartzaileak: ez da daturik lagatzen.

  5. Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

  6. Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua.

    www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/148000-capa2-eu.shtml

  7. Araudia:

    Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra:

    www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/rgpd-2016_0679_eu.pdf

    3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

    www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/boe-a-2018-16673-e.pdf

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Ebazpen honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, arau hauetako xedapenak aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraz, beronen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean; bi kasuetan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da epea kontatzen. Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da hori.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

    Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Barakaldo, 2023ko urtarrilaren 9a.

    Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

    MARA LOURDES ISCAR REINA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik