- EBAZPENA, 2024ko abuztuaren 1ekoa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena (IVAP), hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko 2024ko bigarren deialdiko azterketetara dei egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2024ko abuztuaren 1ekoa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena (IVAP), hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko 2024ko bigarren deialdiko azterketetara dei egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: IVAP; Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 174
- Hurrenkera-zk.: 4171
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/08/01
- Argitaratze-data: 2024/09/06
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Funtzio publikoa
Testu legala
Abenduaren 1eko 11/2022 Legeak, Euskal Enplegu Publikoarenak, 189. artikuluan ezartzen du IVAP izango dela hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko gaituta dagoen organismo bakarra. Horretarako, IVAPen erantzukizuna izango da euskal administrazio publikoetan eta haien instituzio eta organismoetan EAEko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasle eta heziketa-langileak barne hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak antolatzea eta aldian-aldian proba horietarako deialdiak egitea.
Era berean, otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuak, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoak, 27. artikuluan ezartzen du Administrazio Publikoaren Euskal Institutua izango dela hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko gaikuntza duen organismo bakarra, eta hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko aldizkako deialdiak egingo dituela, ohikoak eta bereziak.
Halaber, ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalizazioari buruzkoak, 15.2.b) artikuluan ezartzen duena betez, Justizia Administrazioko Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza kidegoetako eta auzitegiko medikuen eta laborategiko laguntzaileen kidegoetako funtzionarioak aurkez daitezke hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko IVAPek aldiro antolatzen dituen deialdi orokorretara.
Gainera, aplikagarriak dira, alde batetik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena, eta, bestetik, Justizia Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren artean sinatutakoa. Hitzarmen horien bidez, Karrera Judizialeko kideei, Karrera Fiskaleko kideei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Idazkari Judizialen kidegokoei aukera ematen zaie hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko deialdietara aurkezteko.
Azkenik, maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretuak, Ertzaintzan euskararen normalizazio-prozesua arautzen duen Dekretua aldatzen duenak, hirugarren Xedapen Gehigarriaren bidez, aukera ematen die Ertzaintzaren praktiketako eta karrerako funtzionarioei IVAPek hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko antolatzen dituen deialdi orokorretan parte hartzeko.
Bestalde, 91/2023 Dekretuak, ekainaren 20koak, herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoak eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoak, 16. artikuluan adierazten du enplegatu publikoek, EAEko sektore publikoan duten lanpostuko eginkizunak betetzen dituztenean, eta enplegatu publiko izateagatik egiten dituzten izapide eta jarduketetan, nahitaez izan beharko dituztela harremanak bitarteko elektronikoen bidez. Beraz, aipatutako dekretuan xedatutakoari jarraituz, Ebazpen honetan onartzen den deialdian egin beharreko izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez burutu beharko dira.
Horiek horrela, aipatutako araudia betez, hauxe
Lehenengoa. Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetara dei egiten duen IVAPeko zuzendariaren Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean.
Bigarrena. Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko abuztuaren 1a.
IVAPeko Zuzendaritza hutsik dagoelako sinatzen du (maiatzaren 4ko 133/2021 Dekretuaren 6.3 artikulua).
Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko Koordinazio eta Kudeaketako idazkariak,
NAGORE ALBERDI BERASALUZE.
oinarria. Deialdiaren helburua.
Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuan xedatutako lehen, bigarren, hirugarren eta laugarren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko aukera ematen du deialdi honek. Hizkuntza-eskakizun bakoitza Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila hauekin dago baliokidetuta: B1, B2, C1 eta C2, hurrenez hurren.
Interesdunek hizkuntza-eskakizun bakarrerako egin ahal izango dute eskaera.
oinarria. Deialdian nork har dezakeen parte.
Deialdi honen bidez deitutako azterketetara aurkez daitezke:
Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren aplikazio-esparruan dauden Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen zerbitzuko langileak (19/2024 Dekretuaren laugarren xedapen iragankorraren zazpigarren apartatua aplikatuta).
Deialdi honetan izena emateko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan zerbitzuan diharduten irakasle eta heziketa-langileak.
Justizia Administrazioko Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza kidegoetako eta auzitegiko medikuen eta laborategiko laguntzaileen kidegoetako funtzionarioak, ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuaren 15.2.b) artikuluak ezartzen duena betez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko karrera judizialeko kide, kidegai, behin-behineko epaile, ordezko magistratu, ordezko epaile eta bake-epaileak, Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren bitartez, Aginte Judizialaren Kontseilu Gorenak eta Eusko Jaurlaritzak sinatu zuten lankidetza-hitzarmenak ezartzen duena betez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko karrera fiskaleko kide eta kidegaiak, ordezko fiskalak, Idazkari Judizialen Kidegoko kide eta kidegaiak, eta behin-behineko idazkari judizialak, Justizia Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako lankidetza-hitzarmenak ezartzen duena betez.
Ertzaintzaren praktiketako eta karreradun funtzionarioak, Ertzaintzaren euskararen normalizazio-prozesua arautzen duen maiatzaren 22ko 76/2012 Dekretuko hirugarren Xedapen Gehigarriak ahalbidetzen duena betez.
oinarria. Izena ematea eta jarraipena.
Azterketetan parte hartu ahal izateko eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Eskaerak Azternet Interneteko aplikazioaren bidez kudeatuko dira (www.ivap.euskadi.eus/azternet). Interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute deialdiaren oinarri honetan bertan adierazten den moduan.
Deialdi honen aplikazio-eremuan sartzen diren pertsonek, Azterneten bidez egin beharko dute eskaera:
www.ivap.euskadi.eus/azternet helbide elektronikoan sartu behar dira, eta onartutako ziurtagiri digitalen baten bidez identifikatu. Ziurtagiri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kontsultatu daitezke (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/).
Azterneten identifikatu ostean, eskabidea egin ahal izateko ibilbide hau jarraitu behar da: «Eskabideak < Hizkuntza-eskakizunak < Eskabide berria».
Eskatzailearen erakundeak oniritzia eman beharko dio eskabideari, Solaskidegune plataformaren bitartez. Horretarako, erakunde bakoitzak solaskideak izendatuko ditu IVAPeko teknikariekin batera, eskabideak kudeatu ditzaten.
Ez da onartuko aurretik zehaztu ez den beste modu batean aurkeztutako eskabiderik.
Azterneten bidez egin eta kontsultatu beharko dira deialdi honetan parte hartzearekin lotutako izapide guztiak. Hartara, aplikazioan sartzeko, onartuta dauden ziurtagiri digital batekin identifikatu behar dira interesdunak; Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan kontsultatu daitezke zer ziurtagiri digital onartzen diren (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/).
oinarria. Laugarren hizkuntza-eskakizunera aurkeztuko direnak.
Hauek egin dezakete laugarren hizkuntza-eskakizuneko azterketa: alde batetik, lanpostuan hizkuntza-eskakizun hori esleitua duten langileek eta, bestetik, betetzen duten lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna edozein izanda ere, 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta edo horren baliokide den titulu edo ziurtagiriren bat duten langileek.
Lehen aldiz aurkeztu eta 3. hizkuntza-eskakizunaren baliokide den titulu edo ziurtagiriren bat dutenek tituluaren kopia bat bidali beharko dute, baldin eta titulu edo ziurtagiri hauetakoren bat bada:
Iruńea, Tutera, Madril, Bartzelona eta Miranda de Ebroko Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako euskara egiaztagiria.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak ematen duen Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).
Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak emandako Euskararen Gaitasun Agiria (EGA).
Era berean, 4. hizkuntza-eskakizuneko azterketara aurkeztu daitezke, apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuko baldintzak betez, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 mailari dagokion azterketa egitetik salbuetsita daudenak ere. Horretarako, C1 mailari dagokion azterketa egitetik salbuesten dituzten ikasketak egin dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, dagokion Unibertsitateak emana, aipatutako Dekretuko 2. artikuluan eta 5. artikuluko 3. atalean zehazten den moduan.
oinarria. Azterketa egiteko egokitzapenak behar dituzten azterketariak.
Azterketak egiteko egokitzapenak behar dituzten azterketariek eskaera-orrian adierazi behar dute zer egokitzapen behar duten (aulki edo mahai berezia, entzungailuak, eta abar) eta mediku-txostena aurkeztu behar dute eskaera hori oinarritzeko. Datu hauek babestuta egongo dira deialdi honen 21. oinarrian jasotzen denez. Azterketa-egokitzapena egingo da, baldin eta proben edukia gutxitzen ez bada edo eskatzen den hizkuntza-gaitasunaren maila jaisten ez bada.
oinarria. Deialdian onartutakoak.
Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitu eta eskabideak aztertu ondoren, deialdian behin-behinean onartutako eskabideak onartzen dituen IVAPeko zuzendariaren ebazpena argitaratuko da IVAPen web-orrian (www.ivap.euskadi.eus). Eskatzaile bakoitzak Azterneten kontsultatu beharko du bere eskabidearen egoera, onartuta ala baztertuta dagoen ikusteko: «Eskabideak < Hizkuntza-eskakizunak < Eskabideen kontsulta eta jarraipena < IVAPeko ohiko deialdiak (2024-08-01) < Eskaeraren datuak».
Ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bost egun balioduneko erreklamazio-epea izango dute interesdunek IVAPeko zuzendariari erreklamazioak idatziz aurkezteko. Erreklamazioak Azterneten bidez aurkeztuko dira: «Eskabideak < Hizkuntza-eskakizunak < Eskabideen kontsulta eta jarraipena < IVAPeko ohiko deialdiak (2024-08-01) < Erreklamazio edo errekurtso berria».
Erreklamazio-epea agortu, erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, deialdira onartutako azterketarien behin betiko Ebazpena emango du IVAPeko zuzendariak, eta IVAPen webgunean argitaratuko da. Interesdunek haien eskaeraren egoera kontsultatu beharko dute Azterneten.
oinarria. Epaimahaia.
Azterketak kalifikatuko dituzten epaimahaikide titularrak eta ordezkoak IVAPeko zuzendariak izendatuko ditu ebazpen bidez. Ebazpen hori, onartuen behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpenarekin batera argitaratuko da IVAPen webgunean.
Otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuari jarraituz, epaitu beharreko proben edukiak nolakoak diren kontuan hartuta osatuko da Epaimahaia. Epaimahaikide gehienak 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten karrerako funtzionarioak edo langile finkoak izango dira.
Epaimahaikideak euren izenean arituko dira; ezin izango dute epaimahaikide bezala aritu, beraz, beste erakunde edo pertsona baten izenean.
Epaimahaiak IVAPeko langile baten laguntza izango du eta epaimahaiko idazkari izango da.
Epaimahaiak, egoki baderitzo, aholkulari espezialistak eduki ditzake epaimahaikideei laguntza emateko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, horretarako bakarrik hartzen baitute parte kalifikazio-organo horretan.
Epaimahaiak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera jardungo du.
oinarria. Azterketaldia. Azterketa idatzia eta ahozko azterketa.
Edozein hizkuntza-eskakizun egiaztatzeko prozesuak bi azterketa ditu, idatzia eta ahozkoa, eta hurrenkera horretan egingo dira. Bi azterketa horiek baztertzaileak izango dira. Beraz, ezinbestekoa da azterketa idatzia gainditua izatea ahozko azterketan parte hartzeko.
oinarria. Azterketa idatzia.
Lehen azterketa idatzizkoa izango da. Azterketa horretan bi trebetasun neurtuko dira: irakurmena eta idazmena. Trebetasun bakoitza neurtzeko berariazko proba bat egingo da. Azterketa gainditzeko trebetasun biei dagozkien probak gainditu beharko dira, zein bere aldetik. Irakurmen-probak eta idazmen-probak bina ariketa izango dituzte.
oinarria. Ahozko azterketa.
Bigarren azterketa ahozkoa izango da, eta horretan mintzamena eta entzumena neurtuko dira. Mintzamen-saioa grabatu egingo da, salbu eta azterketariak espresuki idatziz horretarako baimena ukatzen badu. Epaimahaiak aurrez aurreko mintzamen-saioa izango du ebaluagai, eta ez grabazioa, hala dagoenean. Entzumena mintzamen-saioarekin batera neurtuko da, berariazko entzumen probarik egin gabe. Epaimahaikideek mintzamenaren eta entzumenaren irizpenak ebaluazio-fitxetan jasoko dituzte.
Ahozko azterketa gainditzeko, entzumena eta mintzamena gainditu behar dira.
oinarria. Azterketa-egunak, tokiak eta ordutegiak.
IVAPek azterketen egutegia eta azterketak egiteko tokiak onartuko ditu, betiere eskaera kopurua eta azterketak egiteko behar diren baliabideak kontuan hartuta. Eskaera-kopurua eta azterketak egiteko zer baliabide behar diren aintzat hartuta, azterketa bat baino gehiago egin ahal izango dira egun bakar batean.
Azterketen egunak, lekuak eta orduak IVAPen webgunean argitaratuko dira. Webgunean argitaratutako azterketa-egunak eta tokiak ofizialak dira, eta azterketariek, onartuta dauden hizkuntza-eskakizunaren arabera, bakoitzari egokitu zaion egunean eta tokian egingo dute azterketa.
Hala ere, izena ematean ahozko azterketa egiteko aukeratutako lurralde historikoa aldatzeko eska dezakete interesdunek, 6. oinarrian deialdian onartutako eskabideen ebazpenaren aurkako erreklamazioak aurkezteko aurreikusitako 5 egun balioduneko epean. Ordutik aurrera, ez da horrelako aldaketarik onartuko. Horretarako, zer aldaketa nahi duten arrazoitzeko idazki bat aurkeztu beharko dute Azterneten bidez.
Azterketa egin ahal izateko derrigorrezkoa da azterketariek NANa, pasaportea edo gidatzeko baimena aurkeztea.
oinarria. Ebaluazio-irizpideak. Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua.
Hizkuntza-eskakizun bakoitzean eskatzen den ezagupen-maila neurtzeko Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua hartuko da kontuan. B1, B2, C1 eta C2 mailen deskribapena eta ezaugarriak IVAPen webgunean daude ikusgai.
oinarria. Azterketak kalifikatzeko modua.
Trebetasun bakoitzaren emaitza (irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena), bai azterketa bakoitzarena, bai prozesu osoarena, orokorra izango da, hau da, «gai» edo «ez gai».
oinarria. Trebetasunei dagozkien proben zuzenketa eta hurrenkera.
Irakurmen-, idazmen-, entzumen- eta mintzamen-probak baztertzaileak dira eta proba bakoitzaren emaitzak «gai» izan behar du, hurrengo proba zuzendu ahal izateko.
oinarria. Azterketa idatziaren emaitza gordetzea.
Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko IVAPeko zuzendariaren 2024ko urtarrilaren 19ko deialdian azterketa idatzia (irakurmena eta idazmena) gainditu baina ahozko azterketa (entzumena eta mintzamena) gainditu ez zuten izangaiak, edo aurkeztu ez zirenak, salbuetsita daude Ebazpen honen bidez deitutako deialdian idatzizko azterketa egitetik; horrenbestez, zuzenean aurkeztuko dira ahozko azterketara. Hala ere, izangai horiek guztiek izena eman beharko dute ezinbestean deialdi honetan, dagokion epearen barruan.
Era berean, deialdi honetan idatzizko azterketa gainditu, baina ahozko azterketa gainditzen ez dutenei edo aurkezten ez direnei azterketa idatziaren emaitza gordeko zaie IVAPeko 2025eko lehen deialdi orokorrerako, eta deialdi horretan ere izena eman beharko dute dagokion epean.
hizkuntza-eskakizunaren idatzizko azterketa egitetik salbuetsita daudenak, bi deialdien arteko denbora-tartean lanpostuz aldatu badira, mintzamen-probaren lehen ariketako aukerako gaiek zerikusia izan dezakete, bai beren oraingo lanbide-esparruarekin, bai aurreko deialdian zutenarekin.
oinarria. Azterketa idatziaren emaitzak eta erreklamazio epea.
Azterketa idatziaren behin-behineko emaitzak Epaimahaiak onartu ondoren, azterketa idatziaren behin-behineko emaitzak interesdun bakoitzak Azterneten kontsultatu behar dituela argitaratuko da IVAPen webgunean: «Eskabideak < Hizkuntza-eskakizunak < Eskabideen kontsulta eta jarraipena < IVAPeko ohiko deialdiak (2024-08-01) < Emaitzak».
Azterketa idatzia gainditzen dutenek baino ez dute egingo ahozko azterketa. Azterketa idatziaren behin-behineko emaitzaren kontra erreklamazioa jarri nahi duenak prozesuaren behin-behineko emaitza orokorrak argitaratu arte itxaron beharko du; hau da, fase honetan ezin izango du erreklamaziorik egin.
oinarria. Ahozko azterketaren emaitzak eta behin-behineko emaitza orokorrak.
Ahozko azterketaren behin-behineko emaitzekin batera, Epaimahaiak prozesuaren behin-behineko emaitza orokorrak onartuko ditu. Prozesuko behin-behineko emaitza orokorra azterketari bakoitzak kontsultatu beharko du Azterneten: «Eskabideak < Hizkuntza-eskakizunak < Eskabideen kontsulta eta jarraipena < IVAPeko ohiko deialdiak (2024-08-01) < Emaitzak». Behin-behineko emaitza orokorrak IVAPeko zuzendariaren ebazpen bidez jakinaraziko dira, eta ebazpen hori institutu horren webgunean eta EHAAn argitaratuko da. Deialdi honetako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeari buruzko ondorioak argitalpen horretatik aurrera sortuko dira.
oinarria. Erreklamazioak eta behin betiko emaitza orokorrak.
Behin-behineko emaitza orokorren aurkako erreklamazioak aurkezteko 5 egun balioduneko epea irekiko da, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Erreklamazioak Azterneten bidez aurkeztu beharko dira.
Erreklamazioa jarri zaien azterketak zuzendu egingo dira berriro, eta behin betiko emaitzak argitaratuta jakinaraziko da zuzenketa horien emaitza (gai / ez gai). IVAPek ez du zuzenketaren azalpen pertsonalik emango. Erakunde hori ziurtatze-erakunde bat da, eta, beraz, ziurtapen-prozedura bati jarraitzen dio ebaluazioa egiteko; hau da, barne-ebaluazio bat da (ebaluazio batutzailea) eta ez kanpo-ebaluazio bat (prestakuntza-ebaluazioa).
Behin-behineko emaitza orokorren aurkako erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, Epaimahaiak prozesuaren behin betiko emaitza orokorrak onartuko ditu. Behin-behineko emaitzekin egin den bezala, izangai bakoitzak Azterneten kontsultatu behar du behin betiko emaitza orokorra.
Behin betiko emaitza orokorrak onartzen dituen IVAPeko zuzendariaren Ebazpena EHAAn eta IVAPen webgunean argitaratuko da.
Prozesuaren behin betiko emaitzak onartzen dituen IVAPeko zuzendariaren Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa ezarri ahal izango zaio Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Errekurtso hori ere Azterneten bidez aurkeztu beharko da.
oinarria. Egintzak argitaratzea.
Prozesu honetako egintza eta iragarki guztiak IVAPen webgunean argitaratuko dira, eta behin-behineko eta behin betiko emaitza orokorrak onartzen dituzten ebazpenak EHAAn argitaratuko dira.
oinarria. Ziurtagiriak jasotzea.
Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketak gainditzen dituztenek Azterneten bidez eskuratu ahal izango dute IVAPeko zuzendariaren ziurtagiria (kontsultak/IVAP HE ziurtapenak), inprimagarria den euskarri digitalean. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri ziurtagiria (www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa) Nire Karpeta atalean.
oinarria. Datuen babesaren inguruko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak «hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.
Arduraduna: IVAP.
Helburua: hizkuntza-eskakizunen egiaztagirien kudeaketa eta jarraipena (ohiko deialdietarako eskabideak kudeatzea; baliozkotzeak kudeatzea; hautaketa-prozesuak kudeatzea). Egiaztatutako hizkuntza-eskakizunen erregistroa eta salbuespenen erregistroa sortzea. Eskatzaileen, historikoen, ziurtagirien eta egiaztapenen kudeaketa. Azterlanak eta estatistikak egitea.
Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako eginkizun bat betetzeko beharrezko tratamendua.
Hartzaileak: foru-aldundiak; toki-administrazioaren beste organo batzuk; autonomia-erkidegoko beste organo batzuk; EAEn langileen arloan eskumena duten erakundeak; Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratua); Aldizkari Ofiziala.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: gure webgunean kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia. https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021700-capa2-eu.shtml
Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.