- EBAZPENA, 2024ko uztailaren 30ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Zumaian ETSren mantentze-eremu berria eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzen duena, eta titularrei dei egiten diena okupazioaren aurretiko aktak egiteko. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2024ko uztailaren 30ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Zumaian ETSren mantentze-eremu berria eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzen duena, eta titularrei dei egiten diena okupazioaren aurretiko aktak egiteko.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Mugikortasun Jasangarriaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 174
- Hurrenkera-zk.: 4173
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2024/07/30
- Argitaratze-data: 2024/09/06
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
2024ko maiatzaren 7ko Ebazpenaren bidez, «Zumaian ETSren mantentze-eremu berria eraikitzeko proiektua» onetsi zen. Ebazpena 2024ko maiatzaren 23an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (100. zk.).
Zumaian ETSren mantentze-eremu berria eraikitzeko proiektuak mantentze-eremu berri bat egikaritzeko behar diren jarduketak zehazten ditu. Alde horrek ibilgailuentzako sarbidea eta materialak biltzeko eremu bat izango ditu.
Proiektatutako obrak igarotze- eta pilatze-gune bat eta bi mantentze-bide ditu, bata elektrifikatua eta bestea ez.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazio xehatua biltzen du (desjabetzeen eranskinean jaso dira lurzatien zerrenda eta planoak).
Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2024ko ekainaren 18ko Ebazpenaren bidez, erabaki zen proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedurari hasiera ematea eta desjabetzeen eranskinaren zerrenda jendaurrean jartzea. Interesdunei jakinarazi zitzaien, eta 2024ko uztailaren 3an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta «El Diario Vasco» eta «Noticias de Gipuzkoa» egunkarietan argitaratu zen. Ondasun eta eskubideen zerrenda hori Zumaiako udaletxeko iragarki-taulan ere jarri zen.
Izapide honetan ez dira alegazio-idazkirik aurkeztu.
Jendaurrean jartzeko epea amaituta, ukitutako ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda egin da.
Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera. Urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak indarrean jarraitzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren Lehen Xedapen Iragankorrean ezarritakoaren arabera.
Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2. artikuluan xedatutakoaren arabera, trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo trenbide-azpiegiturako beste elementu batzuk onesteak edo lehendik daudenak aldatzeak lursail berriak erabiltzea eskatzen badu, horietan identifikatutako eraginpeko ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, onura publikoko edo gizarte-intereseko deklarazioa egingo da, eta okupatu beharrekoa eta presakoa dela deklaratuko da. Legezko adierazpen horrek Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako prozedurara jotzeko ahalmena ematen dio administrazioari; hartara, lurrak okupatu edo ukitutako ondasunak eskuratuko ditu, ondasun edo eskubide horiek deskribatzen dituzten aktak egin ondoren, titularrak identifikatuz eta baloraziorako beharrezkoak diren datuak jasoz, eta, aldez aurretik, okupazioaren aurreko gordailu gisa perituak zehaztutako zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz, eta, hala badagokio, okupatzeko presak eragindako kalteen zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz.
Ondorioz, egindakoa ikusita, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56. artikuluan eta horrekin bat datozen eta oro har aplikatu beharreko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau
Lehenengoa. «Zumaian ETSren mantentze-eremu berria eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta hura okupatu beharra deklaratzea, Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan adierazitako ondorioekin.
Bigarrena. Zerrenda horretan agertzen diren jabeei dei egitea, Zumaiako Udalera joan ondoren, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, zerrenda horretan adierazitako egun eta orduetan, eta, hala badagokio, horiek formalki okupatzeko; hala ere, beharrezkoa izanez gero, aukera egongo da lursailetara bertaratzeko, interesdunek hala eskatuta.
Egintza horretara interesdunek berek joan beharko dute, edo haien izenean jarduteko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek; haien titulartasuna egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte (eskritura publikoak, Jabetza Erregistroko ziurtagiriak edo informazio-oharrak, etab.), bai eta beren eskubideak egiaztatzen dituen beste edozein agiri ere. Egoki iritziz gero, beren perituekin eta notario batekin batera aurkeztu ahal izango dira, baina hori haien kontura izango da.
Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56.2. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte okupazioaren aurreko akta egiten den egunera arte, akatsik egonez gero horiek zuzentzeko. Horretarako, Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara jo beharko dute, idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa jartzeko idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari zuzendu behar zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Nolanahi ere, aurretik aukera izango dute errekerimendua egiteko, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 30a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Ikus: EBAZPENA, 2024ko ekainaren 18koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Zumaian ETSren mantentze-eremu berria eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
- Ikus: EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 7koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita «Zumaian ETSren mantentze-eremu berria eraikitzeko proiektua».