- 42/2011 DEKRETUA, martxoaren 22koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu42/2011 DEKRETUA, martxoaren 22koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 59
- Hurrenkera-zk.: 1683
- Xedapen-zk.: 42
- Xedapen-data: 2011/03/22
- Argitaratze-data: 2011/03/25
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak
Testu legala
Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu. Dekretu horren bidez, Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailen egitura berrantolatu zen eta Administrazioko sailen artean eskumenak banatu ziren berriro ere. Jaurlaritzaren legegintzaldi honetarako programa osatzen duten konpromiso programatikoak ahalik eta eraginkortasun handienaz betetzeko egin da hori guztia.
Horretan oinarrituta onartu zen urriaren 6ko 538/2009 Dekretua, Sailaren egitura eta funtzionamendua arautzekoa. Dekretu horretan ondoko irizpideei jarraitu zitzaien sailaren egitura eratzeko: soiltasunaren eta sailburuordetzen eta zuzendaritzen kopurua murriztea, egiturak lautzea, eginkizun-arloak batzea, eduki zabaleko eginkizun-arloak eraikitzea, egiturazkoak ez diren staff eginkizun-arloak identifikatzea eta informazio-teknologiak ahalik eta gehien baliatzea; izan ere, irizpide horiek guztiak ezarrita baitaude maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuko Azken Xedapenetako Lehenengoko 2. idatz-zatian.
Gizarte Zerbitzuen arloko Goi Ikuskaritzari buruzko irailaren 14ko 238/2010 Dekretuaren bitartez, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen VII. Tituluaren I. Kapituluan aurreikusitako Gizarte Zerbitzuen arloko Goi Ikuskaritzaren funtzionamendu-erregimena, jardun-prozedura, antolaketa eta langile-erregimena arautu ziren.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen Dekretuaren bigarren aldaketari buruz Lehendakariak emandako urtarrilaren 18ko 6/2011 Dekretuaren bidez, Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailen egitura berrantolatu egin du Lehendakariak eta Administrazioko sailen artean eskumenak banatu egin ditu, berriro ere, Jaurlaritzaren Legegintzaldi honetarako programa osatzen duten konpromiso programatikoak ahalik eta eraginkortasun handienaz betetzeko.
Dekretu horrek jasotzen dituen aldaketek eragina izan dute sail honen egituran. Batetik, «garapen-lankidetzaren» jarduera-arloa, sail honetan txertatuta egotetik, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren eskumen-esparrura igaro da, hari egotzitako funtzioen eta arloen multzoarekin lotura handiagoa duelakoan. Bestalde, «droga-gaien» jarduera-arloa, zeina lehen Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren barruan baitzegoen, Osasun eta Kontsumo Sailaren eskumen- eta kudeaketa-arloari atxikitzen zaio. Azkenik, sail honen esparrura sartu da «gizarte-garapena» jardun-arloa, lehen Kultura Sailean zegoena.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak enpleguko politika aktiboen alorreko eskumenak bere gain hartu ditu Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartu zuen azaroaren 8ko 289/2010 Dekretuaren bitartez. Akordio horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen dituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuan ezarritako moduan. Horren ondorioz, Lanbide zuzenbide pribatuko ente publikoa jaso zen Euskal Autonomia Erkidegorako 2010eko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartu zituen abenduaren 23ko 2/2009 Legearen Bigarren Xedapen Gehigarrian.
Erreferentzia horiek agerian uzten dute berariazko dekretu baten beharra, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzional berria zehazteko.
Egitura horrek hiru sailburuordetza izango ditu: Plangintza eta Enplegu Sailburuordetza, Gizarte Gaietako Sailburuordetza eta Lan Sailburuordetza. Hirurak zuzendaritzetan egituratu dira, gai espezifikoen arabera.
Plangintza eta Enplegu Sailburuordetzaren eginkizun nagusiak dira enplegu- eta prestakuntza-politiken plangintza estrategikoa, enplegu- eta prestakuntza-politiken plangintza eta koordinazioa eta gizarte-bazterkeriaren aurkako borrokaren eremuan jarduten duten erakunde publikoek diru-sarrerak bermatzeko garatzen dituzten politiken plangintza eta koordinazioa. Honen inguruan, gizarte-bazterkeriaren, marjinazioaren eta pobretasunaren aurkako programak sortu eta kudeatuko ditu, beren gisa bizitzeko adina baliabide ez dutenen integrazio pertsonala, soziala eta laborala sustatzeko prestazio ekonomiko eta gizarte-laguntzako bestelako baliabideez gain. Azkenik, gizarteratze-arloko programak, zerbitzuak eta prestazioak ebaluatu eta ikuskatuko ditu. Horrez gain, Sailaren titularrak jaso beharreko sostengua eta laguntza sustatuko du, eta Sail osoaren baliabideak koordinatuko ditu; hala baliabide ekonomiko eta materialak, nola giza baliabideak, azterlanetakoak eta aholkularitza juridikokoak.
Gizarte Gaietako Sailburuordetzaren zeregin nagusia plangintza egitea, ikuskatzea eta ebaluatzea da, honako alor hauetan: gizarte-zerbitzuak familiaren bitartekaritza barne eta gizarte-ongizatea, eta bereziki Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman parte hartzea; familia- eta komunitate-politika familiako eta bestelako bizitzak bateragarriak eginez; haurtzaroari eta nerabezaroari buruzko politika; boluntariotza eta ekintza boluntarioa; immigrazioa; eta aniztasunaren kudeaketa; horretaz gain, askatasun afektibo-sexuala erraztuko duten baldintzak sustatzea, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion jardunak koordinatzea ere.
Lan Sailburuordetzak Administrazio honi dagozkion eskumenak eta egitekoak hartzen ditu bere gain, lan-harremanen, laneko segurtasun eta osasunaren, gizarte-ekonomiaren eta enpresen erantzukizun sozialaren eremuetan, Jaurlaritzaren Kontseiluak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak dituzten eskumenen kalterik gabe.
Horren ondorioz, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, lehendakariak onartuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko martxoaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, kendu eta aldatzeari eta sail horien egitekoak eta jardun-arloak zehazteari buruzkoak, 12. artikuluan ezartzen dituen egitekoak eta jardun-arloak dagozkio Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari. Dekretu hori Lehendakariaren urtarrilaren 18ko 6/2011 Dekretuak aldatu zuen.
Aurreko artikuluan aipatu diren eskumenak baliatzeko, honako organo hauek izango ditu Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak:
Organo nagusiak:
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua.
Plangintza eta Enplegu Sailburuordetza:
Kabinetearen Zuzendaritza.
Zerbitzuen eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritza.
Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako Zuzendaritza.
Gizarte Gaietako Sailburuordetza:
Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza.
Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritza.
Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko Zuzendaritza.
Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzaren Zuzendaritza.
Lan Sailburuordetza:
Lan Zuzendaritza.
Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritza.
Organo periferikoak:
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Lurralde Historiko bakoitzean dituen Lurralde Ordezkaritzak.
Jarraian azaltzen diren organoak Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari esleitu eta/edo lotu zaizkio, beren eraketa-arauetan ezarritakoaren arabera:
Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren berariazko estatistika-organoa, otsailaren 13ko 32/1996 Dekretuaren bitartez sortua.
Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa eta haren lurralde-bulegoak, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bidez sortuak.
Herri Lanetarako Erakunde arteko Batzordea, apirilaren 29ko 74/2008 Dekretuaren arabera sortua.
Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa, abenduaren 5eko 12/2008 Legearen arabera sortua.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseilua, abenduaren 5eko 12/2008 Legearen arabera sortua, aurreko izenarekin, hots, Gizarte Ongizateko Euskal Kontseilu gisa, ekainaren 13ko 124/2006 Dekretuaren bitartez arautua. Dekretu hori irailaren 16ko 159/2008 Dekretuak aldatu zuen.
Familia Bitartekaritzako Aholkularitza Kontseilua, Familia Bitartekaritzari buruzko otsailaren 8ko 1/2008 Legeak sortua eta apirilaren 21eko 84/2009 Dekretuak arautua.
Nazioarteko Adopzioko Batzorde Teknikoa, urriaren 28ko 263/2003 Dekretuak arautua.
Boluntariotzaren Euskal Kontseilua, otsailaren 18ko 30/2003 Dekretuaren arabera arautua.
Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Kontseilua, azaroaren 25eko 289/2003 Dekretuaren arabera arautua.
Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektoriala, urriaren 2ko 165/2007 Dekretuaren arabera arautua.
Haurtzaroaren eta Nerabezaroaren Behatokia, Haurrak eta Nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legean aurreikusia.
Familien Euskal Behatokia, azaroaren 23ko 309/2010 Dekretuak arautua.
Euskal Autonomia Erkidegoko herritar etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroa, abuztuaren 30eko 200/2002 Dekretuaren arabera arautua.
Familiaren Euskal Kontseilua, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen arabera sortua. Kontseilu horrek dagozkion Erakunde arteko Batzordea, Batzorde Iraunkorra eta Sailen arteko Batzordea biltzen ditu.
Gizarteratzeko Euskal Kontseilua, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen arabera arautua.
Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordea, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen arabera arautua.
Gizarteratzeko Sail Arteko Batzordea, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen arabera arautua.
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari Osalan Erakunde Autonomoa (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) atxikitzen zaio, Osasun Saileko Lan Osasunerako Unitatearekiko duen mendetasun funtzionalaren kaltetan izan gabe.
Azkenik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua Zuzenbide Pribatuko Ente Publikoa Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari atxikitzen zaio.
Honako hau dagokio Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari: «Gobernu Legeari» buruz ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak gauzatzea, baita Sailari egokitutako egiteko eta jarduera-arloen esparruan indarreko legediak esleituko dizkion eskumenak gauzatzea ere.
Zerbitzu publikoak edo premia biziko eta atzeraezineko zerbitzuak eskaintzeko ardura duten enpresa, entitate edo erakundeetan greba-eskubideaz baliatzen direnean, Autonomia Erkidegoko funtsezko zerbitzuak bermatzeko neurriak ezartzea ere badagokio, ekainaren 11ko 139/1996 Dekretuaz eskuordetu baitzitzaion eskumen hori.
Lan-arriskuen prebentzioari dagokionez, bere goreneko mailan oso larritzat hartzen diren zehapenak jartzea ere badagokio.
Sailburua buru dela, Zuzendaritza Kontseilua ere badago, Sailaren politika orokorra planifikatzen eta koordinatzen laguntzeko. Honako hauek osatuko dute Kontseilu hori: Kabinetearen zuzendariak, Zerbitzuen eta Araubide Juridikoaren zuzendariak, sailburuordeek eta landuko diren gaien arabera sailburuak izendatzen dituen pertsonak.
BIGARREN ATALA
SAILEKO SAILBURUORDEEZ
Sailburu titularraren zuzeneko eta hierarkiazko mendetasunez, honako egiteko hauek dagozkie oro har, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko sailburuordeei:
Jaurlaritzaren estrategiaren arabera, Sailak Sailburuordetzari esleitutako helburu estrategikoak garatzea.
Sailburuordetzaren ekintzak programatzea, gidatzea, koordinatzea, bultzatzea eta gainbegiratzea.
Sailburuordetzarentzako araudia eta jardun-planak proposatzea sailburuari.
Sailburuordetzari atxikita dauden zerbitzuen jarduna egokia izateko beharrezkoak diren jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea.
Sailburuordetzaren barruan, baliabide materialen eta giza baliabideen premiak definitzea, Aurrekontuen Aurreproiektua lantzeko.
Sailburuordetzako zuzendariek emandako ebazpenen aurka jartzen diren errekurtsoei ebazpena ematea.
Oro har, indarreko ordenamendu juridikoak esleitzen dizkienak edo Saileko sailburu titularrak esanbidez eskuordetzan ematen dizkienak.
HIRUGARREN ATALA
SAILEKO ZUZENDARIEZ
Saileko zuzendariek honako egiteko hauek izango dituzte, oro har:
Zuzendaritzako barruko zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea, Zerbitzu eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzari esleitutako eskumen orokorrak alde batera utzi gabe.
Zuzendaritzaren jardunak bultzatzea, gidatzea, koordinatzea eta kontrolatzea.
Dagokien eskumenaren alorrean, goragoko organoei proposamenak egitea, Zerbitzu eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzarekin lankidetzan jardunda bere Zuzendaritzarekin lotutako azterlan orokorrak diseinatzeari eta lantzeari dagokionez.
Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak esanbidez esleitzen dizkienak edo ohikotzat hartzen direnak Jaurlaritzako zuzendariei oro har esleitzen zaizkielako.
Dekretu honek esleitzen dizkion egiteko orokorrez gain, honako hauek dagozkio Plangintza eta Enplegu Sailburuordetzari:
Sailburuari laguntza teknikoa ematea bere ardurapeko gaietan, eta ordenamendu juridikoak esleitzen dizkionetan, baita azken horiekin zuzeneko lotura dutenetan ere.
Sailaren baliabide ekonomikoak, materialak, giza baliabideak, azterlanetakoak eta aholkularitza juridikokoak koordinatzea.
Sektore publikoak enpleguaren alde garatzen dituen politikak indartzea.
Enpleguaren alorrean, lan-harremanen esparruan diharduten gizarte-eragileek hartutako akordioei laguntza ematea.
Enpleguko eta laneko bitartekaritzako politika aktiboen alorreko plangintza estrategikoa, diseinua eta gidalerroak lantzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beregain hartu gabeko enplegurako prestakuntzaren alorreko jardunak sustatu eta koordinatzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea ekintza positiborako mekanismoak jartzeko, Euskadin langabezia, gainbehera eta bazterkeria gehien dauden alderdien alde eta laneratzeko zailtasunak dituzten taldeen alde.
Gizarteratzearen eremuan jarduten duten erakunde publikoen eta pribatuen jardunak sustatzea eta koordinatzea.
Elkartasun aktiboa bultzatzea, gizartetik baztertuak dauden edo egoera horretan egoteko arriskua duten herritarrak, gizon zein emakume, gizarteratzeko.
Gizarteratzeko Euskal Planari lotutako ekintzak sustatzea, Gizarte Gaietako Sailburuordetzarekin koordinatuta.
Gizarteratzeko batzorde sektorialen jarduna bultzatzea.
Honako zuzendaritza hauek egongo dira Plangintza eta Enplegu Sailburuordetzaren mende:
Kabinetearen Zuzendaritza.
Zerbitzuen eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritza.
Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako Zuzendaritza.
Dekretu honek, oro har, esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Kabinetearen Zuzendaritzari:
Sailaren lan-programaren segimendua eta plangintza egitea. Ordezkaritza instituzionala egiteko jarduerei arreta berezia jarriko dio.
Sailaren kanpoko jarduerak antolatzea, eta bereziki Eusko Legebiltzarrarekiko, Arartekoarekiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko gainerako Erakunde eta Instituzioekiko harremanak.
Sailaren jardun-arloei buruzko informazioa herritarrei emateko lanak koordinatzea eta Sailaren jardun-arloen inguruan dauden kexak eta iradokizunak jasotzea.
Komunikabideekiko harremanak eta protokoloa.
Sailak sustatzen dituen kongresu, mintegi, jardunaldi, hitzaldi eta gainerako ekintza publikoak eta pribatuak antolatzea.
Sailaren argitalpenak kudeatzea eta banatzea, Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusiari dagozkion eskuduntzak alde batera utzi gabe.
Dekretu honek, oro har, esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Zerbitzuen eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzari:
Sailaren Aurrekontuen Aurreproiektua lantzea, eta haren jarraipena eta aldaketak egitea.
Sailaren kudeaketa ekonomikoa egitea, baita gastuak baimentzea eta Sailaren kanpoko organoen aurrean aurrekontua gauzatzeko fase guztiak bideratzea ere.
Sailaren eskumeneko gaiei lotutako Aurrekontuetan ondorio ekonomikoak dituzten xedapenen proiektuak bideratzea.
Jaurlaritzaren Kontseiluaren mende jarri behar diren eta eduki ekonomikoa eta aurrekontu-edukia duten Sailaren gaiak prestatzea.
Sailari atxikitako giza baliabideak administratzea eta kudeatzea eta, horretarako, indarreko araudiak esleitzen dizkion eskumenak erabiltzea.
Langileak prestatzeko eta hobetzeko planak lantzea, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzari eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari dagozkion eskumenen kaltetan izan gabe.
Saileko langileen euskalduntze eta hizkuntza-normalkuntzarako prozesua bultzatzea eta euskararen erabilera sustatzea.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan indarrean dauden Planetan eta arauetan aurreikusitako neurriak gauzatu daitezen sustatzea.
Sailaren Segurtasun eta Osasun Unitatearen jardunak zuzentzea, Prebentzio Zerbitzuari dagozkion eskuduntzak aparte utzi gabe.
Zerbitzuen eta Araubide Juridikoaren zuzendaria sailaren kontratazio organoa izango da, eta berari dagokio kontratazioetatik eratorritako gastuak baimentzea, Jaurlaritzaren Kontseiluari dagozkion eskumenen kaltetan izan gabe.
Sailaren aholkularitza juridikoa.
Jaurlaritzaren Kontseilura eta Batzordeetara eraman beharreko Sailaren gaiak, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste edozein aldizkari ofizialetan argitaratu beharreko xedapenak eta administrazio-egintzak bidal daitezen bideratzea.
Saileko beste organoekin batera eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagokien beste organoekin batera koordinatuta, saileko zerbitzuen eta sailean erabiltzen diren lan sistema eta metodoen barne antolaketa arrazionalizatzea eta informatizazioa lortzeko proposamenak prestatzea.
Eusko Jaurlaritzak kalitatearen, etengabeko hobekuntzaren, modernizazioaren, Administrazio elektronikoaren, eta I+G eta Berrikuntzaren arloetan garatutako proiektu orokorretan parte hartzea, eta proiektu horiek Sailean sustatzea.
Erregistro Orokorra, Artxiboa eta Saileko gainerako dokumentazio-zentroak kudeatzea.
Saileko bulegoen barne-erregimena zaindu eta babestea, baita Sailari atxikitako ondarea eta bere ekipamendua administratu eta iraunaraztea ere.
Herritarrei informazioa eta laguntza emateko Sailaren zerbitzuen (2. eta 3. mailak) funtzionamendua kudeatzea eta herritarrei laguntzeko Zerbitzuarekiko (Zuzenean) harremanak ezartzea.
Sailaren Estatistika Plana lantzea, eta Euskal Estatistika Plana eta urteko Estatistika Programak lantzen Euskal Estatistika Erakundearekin batera lan egitea.
Saileko edozein organori laguntza teknikoa ematea, Sailen estatistikekin lotura duten arloetan.
Saileko estatistika-organo bereziari esleitutako eskumenak eta ahalmenak gauzatzea, otsailaren 13ko 32/1996 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.
Dekretu honetan oro har Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari ematen zaizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako Zuzendaritzari:
Enpleguaren aldeko Euskal Estrategiaren diseinua eta ezarpena zuzentzea, horren inplementazioa ebaluatuz eta emaitzei buruz ikertuz, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abian jarritako kalitate-, egonkortasun- eta segurtasun-politiken ezarpenerako planen ebaluazioa bermatzea.
Azterlanak, analisiak eta txostenak egitea enpleguko eta prestakuntzako berrikuntzarako eta prestakuntza eta enpleguaren arloko plangintza estrategikorako, lan-merkatuaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arteko harreman-ikuspuntu berriak zehaztuz.
Enpleguaren, prestakuntzaren eta diru-sarrerak bermatzearen alorreko arau-proposamenak egitea.
Aipatutako zerbitzuek eta programek lortutako emaitzak eta Enpleguko Euskal Estrategian zehaztutako Eusko Jaurlaritzaren enplegu-politikaren helburuak bat datozela egiaztatzea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin koordinatzea eta, hala dagokionean, Estatuko enplegu-zerbitzu publikoarekiko lankidetza-jardunak gauzatzea.
Lan-merkatuaren joerak aztertu eta ebaluatzea.
Enpleguko, prestakuntzako eta diru-sarrerak bermatzeko politiken eraginkortasuna eta kalitatea ebaluatzea.
Sailetan dauden planak eta programak koordinatzea, eta gainerako sailekin lankidetzan jardutea, Europako Enplegu Estrategia aplikatzearen ondorioz enpleguaren kalitateari, berdintasunari, egonkortasunari eta segurtasunari buruzkoak direnean.
Gizarteratzeko Plana egitea.
Enpleguaren, prestakuntzaren eta diru-sarrerak bermatzearen arloan erkidegoek, estatuek eta Europar Batasunak garatzen dituzten politikak behatzea, nazioartean sektore horrek dituen joerak aztertuz.
Enpresaren eta unibertsitatearen munduarekin lankidetzan jardutea enpleguari, prestakuntzari eta diru-sarrerak bermatzeari buruzko ikerketarako, arlo horretan konponbide berritzaileen ezarpena sustatuz.
Azterlanak, analisiak eta txostenak egitea diru-sarrerak bermatzeko politikei buruz, politika horien hartzaileen lan-aktibazioaren eta laneratzearen arloan plangintza estrategikoa ahalbidetzeko.
Langabetuek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin ezartzen dituzten laneratze aktiboko hitzarmenen aplikazioa aztertzea, eta horien emaitzei buruzko ikerketa egitea.
Enpleguak, prestakuntzak eta diru-sarrerak bermatzeak gainerako sistemekin duen koordinazioa aztertzea, besteak beste Hezkuntzarekin, Osasunarekin edo Gizarte Zerbitzuekin.
Formula berritzaileak ikertzea zailtasunak dituzten giza taldeei besteak beste gazteak, ezintasunak dituzten pertsonak, emakumeak, diru-sarrerak bermatzeko errentaren hartzaileak-enplegurako sarbidea ematearen eremuan, enpresa-munduarekin lankidetzan jarduteko formulak aztertuz.
Enplegagarritasun-politikak eraberritzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan langileen eta enpresen arteko bitartekotza- eta komunikazio-bideak hobetuz.
Enpresen alorrean berdintasunaren eta lan-baldintzen hobekuntzaren aldeko programak eta jarduerak sustatzea.
Laneko eta aisialdiko orduen arteko denbora-banaketari buruzko politika publikoak ikertu, aztertu eta sustatzea, enpresan denbora erabiltzeko eredu berriak sustatzeko eta lan-ordutegiak aldatzeko, gai horretan Europarekin bat egite aldera.
Enpleguaren, prestakuntzaren eta diru-sarrerak bermatzearen arloan plangintza berritzailea ahalbidetzen duen antzeko beste edozein eginkizun.
Dekretu honek, oro har, esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Gizarte Gaietako Sailburuordetzari:
Politika publikoa planifikatzea, ikuskatzea eta ebaluatzea honako jardun-arlo hauetan: gizarte-zerbitzuak eta gizarte-ongizatea, familia-politika eta komunitate-politika, haurtzaroari eta nerabezaroari buruzko politika; boluntariotza, immigrazioa eta aniztasunaren kudeaketa; eta askatasun afektibo-sexuala erraztuko duten baldintzak sustatzea.
Sailburuordetzaren erantzukizuna diren sektore-arloko politiken eta zeharkako politiken arteko elkarlana.
Erakundeen arteko eta sailen arteko lankidetza Sailburuordetzaren erantzukizuna diren jardun-arloetan.
Erakunde arteko adostasuna, elkarrizketa soziala, lanbide-lankidetza, elkartasun zibikoa eta sareko lana sustatzea, baita jakintza eta herritarren partaidetza sustatzea esku-hartzeen eta politika sozialen eremuan.
Sailburuordetzaren eskumenekoak diren gaietan legediaren garapena, aplikazioa, eta, hala badagokio, aldaketa bultzatzea.
Gizarteratzeko Euskal Planari lotutako ekintzak sustatzea, Plangintza eta Enplegu Sailburuordetzarekin koordinatuta.
Honako Zuzendaritza hauek egongo dira Gizarte Gaietako Sailburuordetzaren mende:
Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritza.
Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritza.
Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko Zuzendaritza.
Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzaren Zuzendaritza.
Dekretu honek, oro har, esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritzari:
Gizarte-zerbitzuen alorrean behar diren azterketak eta proposamenak egitea.
Gizarte zerbitzuetako alorrean, prestazioak eta zerbitzuak kudeatzea, abenduaren 5eko 12/2008 Legeak ezarritako baldintzen arabera. Horrez gain, gizarte-larrialdietarako laguntzen funtsak kudeatzea eta gizarte-zerbitzuaren arloko beste erakundeekin eta eragileekin solaskidetzan eta koordinazioan jardutea gizarte-politikari dagokionez.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroa proposatzea.
Doakoak ez diren zerbitzuak eta prestazioak finantzatzeari dagokionez, erabiltzaileen partaidetza ekonomikoari buruzko irizpide orokorrak arautzeko proposamena.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazioak eta zerbitzuak lortzeko baldintzak betetzen ote diren erabakitzeko aplika daitezkeen tresna teknikoak egitea, ondoren onartzeko.
Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorrari eustea.
Gizarte-zerbitzuen planifikazioa eta ebaluazio orokorra egitea Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean, abenduaren 5eko 12/2008 Legean ezarritako baldintzen arabera.
Gizarte-zerbitzuetako profesionalen prestakuntza eta trebakuntza bultzatzea eta sustatzea, abenduaren 5eko 12/2008 Legean ezarritako baldintzen arabera.
Gizarte zerbitzuen eta gizarte ongizatearen alorrean duten erantzukizuna oinarri hartuta, gizarte-arloko zeharkako politiketan laguntzea, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuetan ikuspegi desberdinak sartzea sustatuz.
Nazioarteko adopzioko erakunde laguntzaileak akreditatzea, kontrolatzea eta ikuskatzea, urriaren 28ko 263/2003 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluari ez ezik Erakunde arteko Organoari ere babesa eta laguntza ematea.
Pertsona Bitartekarien Erregistroaren kudeaketa.
Beraren patronatuaren pean dauden fundazioen gobernamendua, ordezkaritza eta administrazioa.
Dekretu honek, oro har, esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzari:
Familia- eta komunitate-ikuspegia sustatzea politika publikoetan, familia- eta komunitate-ikuspegitzat honako hau hartuz: familiak beren aniztasun osoan osatzeko duten eskubidea balia dezaten erraztu nahi duena, komunitate-harremanak ezarri nahi dituena, laguntza informala eskaini eta jaso nahi duena eta lan-bizitza eta komunitate-bizitza bizitzako gainerako alderdiekin uztartu nahi dituena.
Familiei laguntzearen alorreko lege-ekimena gauzatzeko behar diren azterketak eta proposamenak lantzea, abenduaren 12ko 13/2008 Legean aurreikusitakoaren arabera.
Familia-politikari buruzko plangintza, koordinazioa eta, oro har, ebaluazioa egitea Euskal Autonomia Erkidegoan, familiak babesteari buruzko abenduaren 12ko 13/2008 Legean ezarritako baldintzen arabera, Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko Plana lantzea, garatzea eta ebaluatzea barne.
Familia-politikaren arloko zuzeneko ekintzaren prestazioak eta jarduerak kudeatzea, 13/2008 Legean bildutako baldintzen arabera.
Familia ugariaren agiria emateko aukera kudeatzea eta familia ugarientzako baliabide gisa eguneratzea eta banatzea.
Gizarte-ekimena sustatzea, baita familia- eta komunitate-politikaren arloan jarduerak gautzeko laguntzak emateko aukera ere.
Familiaren Euskal Kontseilua eta haren batzordeak babestea eta laguntzea.
Prebentzio, esku-hartze eta garapen komunitarioko jardunak aztertu eta sustatzea.
Gizarte-politiketan haur eta nerabeen ikuspuntua indartzea.
Haurtzaroari eta nerabezaroari buruzko politikaren alorreko lege-ekimena gauzatzeko behar diren azterketak eta proposamenak lantzea.
Eusko Jaurlaritzako haur eta nerabeen zeharkako politikaren eta politika integralaren planifikazioa, koordinazioa, ezarpena eta ebaluazioa.
Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektoriala babestea eta laguntzea.
Haur eta Nerabeen Behatokia zuzentzea eta sustatzea.
Ekintza boluntarioaren eta boluntariotza-elkarteen eta -agentzien sustapen orokorra, boluntariotzari buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legeak eta hori garatzeko araudiak Eusko Jaurlaritzari agindutako zereginak betez, Boluntariotzaren Euskal Kontseilua babestea eta laguntzea barne.
Izatezko Bikoteen Erregistroa kudeatzea.
Dekretu honek, oro har, esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko Zuzendaritzari:
Etorkinak gizarteratzearen eta horien gizarte-partaidetzaren alorrean Euskal Autonomia Erkidegorako estrategia propioa definitzea, baita aniztasuna kudeatzea eta aukera- eta tratu-berdintasuna sustatzea ere.
Etorkinei laguntzeko politika integral eta zeharkakoa sustatzea eta koordinatzea.
Etorkinak gizarteratzeko eta gizartea babesteko sistemetan txertatzeko, eta, oro har, komunitatean txertatzeko ekintzak eta neurriak proposatzea.
Immigrazioari dagokionez, beste Herri Administrazio batzuekin koordinatzeko mekanismo eta tresnak proposatzea, Eusko Jaurlaritzaren eskumenen eremuan.
Harrera-biztanleak sentsibilizatzeko eta elkarteen eta kulturen arteko jarduerak sustatzeko neurriak proposatu eta gauzatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko herritar etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroa babestea eta laguntzea.
Etorkinentzako udal-oinarriko harrera-sarea babestea.
Etorkinak sektore-arloko politika publikoetan gizarteratzeko neurrien sustapen aktiboa.
Kultura-aniztasuna eremu eta eragile sozial, ekonomiko eta politikoetan kudeatzeko neurriak eta ahalmenak sustatzea.
Etorkinen asoziazionismoa indartu dadin babestea.
Migrazio-fenomenoak Euskal Autonomia Erkidegoan izan duen bilakaerari buruzko jarraipena eta azterlana.
Askatasun afektibo-sexualaren esparruan herritarren benetako berdintasuna bultzatu eta sendotzeko jarduerak proposatzea.
Askatasun afektibo-sexuala galarazten duten oztopoak kentzeko jarduerak proposatzea eta arauzko proiektuak lantzea.
Dekretu honek, oro har, esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Gizarte Zerbitzuen Goi Ikuskaritzaren Zuzendaritzari:
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazioak eta zerbitzuak jasotzeko eskubide subjektiboa benetan erabiltzen dela bermatzea, horren inguruko kexak banan-banan aztertu gabe.
Gizarte-zerbitzuen arloan aplikatu beharreko ordenamendu juridikoa betetzen dela bermatzea.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak ematen dituen zerbitzu eta prestazioen maila nola egokitzen zaien Prestazio eta Zerbitzuen Karteran ezarritako baldintzei begiratzea.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren antolamendu orokorrean ezarritako baldintzak nola betetzen diren begiratzea honako hauei dagokienez: gizarte-zerbitzuen plangintza eta programazioari, erakunde zerbitzu-emaileak baimentzeari eta ikuskatzeari eta balorazio- eta diagnostiko-eginkizunei.
Gizarte-zerbitzuen kudeaketarako itunak eta kontratuak Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak ezarritako irizpideei egokitzen zaizkiela egiaztatzea.
Dekretu honetan, oro har, esleitzen zaizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Sailburuordetza horri:
Lan-harremanen eta laneko segurtasunaren eta osasunaren esparruan diharduten agente sozialek hartutako akordioak babestea.
Itunetan eta langileek enpresaren baitan parte-hartzean oinarritutako enpresa-kultura bultzatzea.
Lanaren antolamenduaren modernizazioa bultzatzea, formula malguen bidez, produktibitatea eta lehiakortasuna handitzeko enpresen baitan.
Industria eta Berrikuntza Sailari laguntzea lan-eremuan koordinaziorako eta lankidetarako formulak garatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte- eta industria-arloko sarea osatzen duten sektoreen produkzio-prozesuak bultzatzeko.
Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak proposatuta, zehapenak jartzea, laneko arriskuen prebentzioaren alorrean arau-hausteak egiten direnean, erdi-mailako oso larritzat hartzen direnak, eta laneko legediaren gainerako arau-hausteak eta oztopo-ekintzak egiten direnean, maila goreneko oso larritzat hartzen diren zehapenak, enpleguaren eta langabeziaren arloko gaietan egiten diren arau-hausteen kasuetan izan ezik.
Ekonomia sozialaren, solidarioaren eta kooperatibismoaren alorreko ekintzak sustatzea eta koordinatzea.
Enpresaren erantzukizun sozialaren alorreko ekintzak sustatzea eta koordinatzea.
Honako Zuzendaritza hauek daude Lan Sailburuordetzan:
Lan Zuzendaritza.
Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritza.
Dekretu honek, oro har, Lan Agintaritza gisa esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Lan Zuzendaritzari:
Lan-harremanei buruzko espedienteen berri izatea, horiek izapidetzea eta lehen auzialdian erabakitzea, ordenamendu juridikoak gai horretan ematen dizkion ahalmen guztiez baliatuz.
Lurralde Ordezkaritzak zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea, ordezkaritza horiek Sailaren beste edozein Zuzendaritzarekiko dituzten eskumenak alde batera utzi gabe.
Lurralde-ordezkariek emandako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak erabakitzea, beren eskumeneko arloetan.
Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren urteko helburuak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoan eta haren jarduerak koordinatzea lan-arloko legeriaren arloan.
Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak proposatuta, zehapenak jartzea, laneko arriskuen prebentzioaren alorrean arau-hausteak egiten direnean, maila txikieneko oso larritzat hartzen direnak, eta laneko legediaren gainerako arau-hausteak eta oztopo-ekintzak egiten direnean, maila txikieneko eta erdiko mailako gisa kalifikatzen diren zehapenak, enpleguaren eta langabeziaren arloko gaietan egiten diren arau-hausteen kasuetan izan ezik.
Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko Jaiegunen Egutegi Ofiziala egitea eta izapidetzea.
Enplegu-erregulazio espedienteak bere gain hartu, izapidetu eta erabakitzea, ekainaren 11ko 190/1985 Dekretuan agintzen denaren arabera, baldin eta espedientean dagoen enpresak lurralde historiko batean baino gehiagotan baditu lantegiak.
Euskadiko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistro telematikoa / Registro telemático de Convenios y Acuerdos Colectivos de Trabajo del País Vasco zuzendu eta kudeatzea, hori arautzen duen Dekretuan eta indarreko gainerako arauetan ezarritakoaren arabera.
Lan-hitzarmen kolektiboen hedapen- eta atxikipen-espedienteak ebatzi eta izapidetzea.
Greba egiteko eskubidea gauzatzen denean, komunitatearentzako funtsezko zerbitzuak beteko direla bermatzeko xedapenen proposamena izapidetzea.
Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak Lan Agintaritzari ematen dizkion Bitartekaritza-, arbitratze- eta adiskidetze-egitekoak betetzea, Lan Harremanen Kontseiluaren baitan Laneko PRECOri dagozkion betebeharren kaltetan izan gabe.
Erakunde sindikalen eta enpresaburuen erakundeen estatutuen gordailuari dagokion Bulego Publikoa zuzentzea Euskal Autonomia Erkidegoan.
Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa zuzentzea, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren alorrean Lan-administrazioko Agintaritzari dagozkion egitekoak gauzatzea, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari esleitutako eskumenak alde batera utzi gabe.
Lan Istripuen eta Lanbide Gaixotasunen Tramitazio Telematikorako Erregistroa zuzentzea eta kudeatzea.
Kanpoko Prebentzio Zerbitzuen eta Auditoretzen Erregistroa zuzentzea eta kudeatzea.
Enpresetatik kanpoko prebentzio-zerbitzu gisa jardun nahi duten erakunde espezializatuek egindako egiaztatze-eskabideak ezagutzea, izapidetzea eta ebaztea, baita prebentzio-sistemaren gaineko prestakuntza-arloko edo kontu-ikuskaritzako jarduerak garatu nahi dituzten pertsonei eta erakunde espezializatuei buruzkoak ere; horretarako, egiaztatutako pertsonek edo erakundeek horren gaineko araudia betetzen ote duten kontrolatuko dute eta jarraipena egingo dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikuntzaren Sektorean Egiaztatutako Enpresen Erregistroa zuzendu eta kudeatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historiko batean baino gehiagotan lantegiak dituzten Aldi Baterako Lan Enpresen Erregistroa zuzentzea eta kudeatzea, horiei administrazio-baimena ematea eta enpresa horien gainean Lan-administrazioko Agintaritzari esleitutako eskumenak betetzea.
Dekretu honetan, oro har, esleitzen zaizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzari:
Gizarte Ekonomia sustatu, bultzatu eta garatzeko programak prestatu, kudeatu eta gauzatzea.
Ikuskatze-lanak egitea Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legea betetzeari dagokionez, eta zehapen-espedienteak ematea.
Euskadiko Kooperatiben Erregistroa zuzentzea eta kudeatzea, Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren Antolamendu eta Funtzionamenduari buruzko martxoaren 29ko 59/2005 Dekretuan ezarritako baldintzen arabera.
«Lan Sozietate» izendapena ematea eta Lan Sozietateei buruzko Legean jarritako betekizunak betetzen direla kontrolatzea, eta, behar denean, sailkapena kentzeari buruz ebazteko ahalmena.
Sailburuari kooperatibak deskalifikatzeko proposamenak aurkeztea eta kooperatiba horietan esku hartzeko aldi baterako neurriak hartzea, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legeko 141. eta 142. artikuluetan, hurrenez hurren, ezarritakoaren arabera.
Hirugarren batzuekin jarduerak eta zerbitzuak gehitzeko edo hasteko baimenen eta inoren konturako langileen legezko lanaldien urteko ordu kopurua gainditzeko baimenen espedienteez arduratzea, hori izapidetzea eta horren gaineko ebazpenak proposatzea sailburuari, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 5.2 eta 99.4 artikuluetan ezarritakoaren arabera, hurrenez hurren.
Lan Sozietateei baimena ematea bazkide izan gabe mugagabeko kontratuen bidez kontratatuko langileek urtean lan egindako ordu kopuruaren gainean legez ezarritako mugak gainditzeko.
Herri onurako kooperatiba-sozietateen deklarazioaren espedienteez arduratzea, hori izapidetzea eta ebazpena sailburuari proposatzea, otsailaren 2ko 64/1999 Dekretuan ezarritako moduan. Herri onurako kooperatiba-sozietateei dagozkien prozeduren eta betekizunen araudia onartu zuen dekretu horrek.
Kooperatibak «gizarte-ekimenezkotzat» jotzea, apirilaren 4ko 61/2000 Dekretuan ezarritakoaren arabera, betiere 1. artikuluan aipatutako kooperatibei dagokienez.
Lurralde Ordezkaritzek beren eskumeneko arloren batean hartutako ebazpenen aurka jarritako errekurtso arruntak erabakitzea.
Ekonomia solidarioaren eredua jarraitzen duten enpresa-esperientziak sustatzeko programak egitea, kudeatzea eta betearaztea, eta horiek ordezkatzen dituzten elkarteak babestea.
Enpresaren erantzukizun soziala politika publikoetan, eta bereziki lan- eta enplegu-arloko politiketan txerta dadin sustatzea.
Enpresaren erantzukizun soziala enpresa txiki eta ertainena bereziki sustatzeko neurriak ezartzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Autonomoaren Elkarteen Erregistro Berezia, Langile Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legean biltzen dena, zuzentzea eta kudeatzea.
Lurralde Historiko bakoitzean Lurralde Ordezkaritza bana egongo da. Lurralde Ordezkaritzako buru lurralde-ordezkaria izango da, zeina, Laneko zuzendariaren mende egonik, bere lurralde-eremuko lan-administrazioko agintaria izango baita. Hauek dira lurralde ordezkariaren eskumenak:
Bere lurralde-eremuan lan-harremanei buruzko espedienteen berri izatea eta horiek lehenengo auzialdian erabakitzea, gai horri buruz indarrean dagoen ordenamendu juridikoak ematen dizkion ahalmenez baliatuz.
Dagokion Lurralde Historikoko lan-ordutegiko tokian tokiko jaien ordutegia ezartzea.
Banakako gatazketan, nahitaezko adiskidetze-lanak gauzatzea azaroaren 23ko 2756/1979 Dekretuan ezarritako baldintzen arabera.
Enplegu-erregulazioko espedienteak erabakitzea, ekainaren 11ko 190/1985 Dekretuko eranskineko b) idatz-zatiko 1. puntuan ezarritakoaren arabera, eta txosten bat egitea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legeko 64 artikuluan aurreikusitako kasuetan.
Erakunde Sindikalen Estatutuen gordailuari dagokion Bulego Publikoa kudeatzea.
Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak Lan Agintaritzari ematen dizkion Bitartekaritza-, arbitratze- eta adiskidetze-egitekoak betetzea, Lan Harremanen Kontseiluaren baitan PRECOri dagozkion betebeharren kaltetan izan gabe.
Euskadiko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistro telematikoaren lurralde-atala kudeatzea.
Sindikatu-hauteskundeen bulego publikoei dagozkien eginkizunak garatzea, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza antolatzen duen azaroaren 14ko 42/1987 Legearen 18. eta 19. artikuluetan aurreikusitako Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren gaineko titulartasun funtzionala izatea.
Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak proposatuta, zehapenak jartzea, laneko arriskuen prebentzioaren alorrean arau-hausteak egiten direnean, larritzat eta arintzat hartzen direnak, eta laneko legediaren gainerako arau-hausteak eta oztopo-ekintzak egiten direnean, larri eta arin gisa kalifikatzen diren zehapenak, enpleguaren eta langabeziaren arloko arau-hausteen kasuetan izan ezik.
Lantokia bere lurralde-eremuan duten aldi baterako lan-arloko enpresen erregistroa kudeatzea, horiei baimen administratiboa ematea eta enpresa horien gainean Lan-administrazioko agintariak dituen eskumenak betetzea.
Hamasei urtetik beherakoek ikuskizun publikoetan parte hartzeko aparteko baimena ematea.
Laneko segurtasunaren eta osasunaren alorrean, Lan-administrazioko Agintaritzari dagozkion egitekoak betetzea, dagokion Lurralde Historikoan, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari esleitutako eskumenak alde batera utzi gabe.
Joan-etorrien jakinarazpenez arduratzea eta izapidetzea, nazioz gaindiko zerbitzuak ematen diren esparruren barruan, eta jakinarazpen horiek jasotzea, hala badagokio.
Prebentzio-delegatuen eta segurtasuneko eta osasuneko batzordeetako kideen izendapenen jakinarazpenak hartzea eta erregistratzea, baita irekitze-jakinarazpenak eta lanbide-istripuei eta lanbide-gaixotasunei buruzko parteak ere.
Dagokion Lurraldean baliatzea lan-legedia eta laneko segurtasuna eta osasuna betearaztearen alorreko arauek esleitzen dizkioten eskumenak.
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari dagozkion gainerako gaietan, eta dagozkien zuzendarien mendetasun funtzionalaren pean, Zuzendaritza horietako programei buruzko espedienteetako informazioa, eskabideen harrera eta izapidetzea egiteko zeregina du, dagozkien arauei jarraituz.
Eta, oro har, indarreko antolamendu juridikoak esleituko dizkien eginkizun guztiak, eta haien esku propio utziko direnak.
Idazkaritza Nagusiak, Lurralde-ordezkariaren agindupean, administrazio-atalak koordinatuko ditu eta Lurralde-ordezkaria behin-behingoz ordezkatuko du, baldin eta Lurralde-ordezkariaren lanpostua hutsik badago, edo Lurralde-ordezkaria bera falta bada nahiz gaixorik badago. Era berean, fede publikoa emango du, Kooperatiben Erregistroan izena eman dezaketen liburu pribatuen sinadura kautotuko du eta indarreko araudiak eta organo eskudunek esleitzen dizkioten egiteko guztiak gauzatuko ditu.
Saileko Sailburuordetzetako eta Zuzendaritzetako titularren postua hutsik badago edo titularra bera falta bada nahiz gaixorik badago, ordezkapenak arau hauei jarraiki egingo dira:
Sailburuordetzei emandako eskumenak eta egitekoak Sailburuordetza horietako zuzendariek beteko dituzte egoera horrek dirauen bitartean, egiturako hurrenkeraren arabera.
Zuzendaritzei emandako eskumenak eta egitekoak hierarkikoki gainetik dagoen agintariak beteko ditu egoera horrek dirauen bitartean.
Egun izapidetzen ari diren espedienteak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen urriaren 6ko 538/2009 Dekretuan jasotako organoren batek ebaztekoak baldin badira, Dekretu honetan ezarri diren organoek izapidetu eta ebatziko dituzte, gaiaren arabera.
Indargabeturik geratzen da urriaren 6ko 538/2009 Dekretua, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena, baita maila berekoa edo txikiagokoa izanik honako dekretu honetan ezarritakoaren aurka dagoen beste edozein xedapen ere.
Lehenengoa. Erregelamendua garatzea.
Dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak emateko ahalmena ematen zaio Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari.
Bigarrena. Indarrean sartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2011ko martxoaren 22an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (25)
- Aldatutakoa: 276/2011 DEKRETUA, abenduaren 27koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen dekretua aldatzen duena.
- Ikus: 244/2012 DEKRETUA, azaroaren 21ekoa, laneko arriskuen prebentzioaren arloan oso arau-hauste larriak egiteagatik ezarritako zigorrak argitaratzeari eta zigortutako enpresen erregistroa sortzeari buruzkoa.
- Garatutakoa: AGINDUA, 2012ko ekainaren 14koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, lan-arloko arau-hausteak direla eta, zehapen prozeduretan instrukzioa egiteko eskumena duten organoak zein diren zehaztekoa.
- Ikus: 6/2011 DEKRETUA, urtarrilaren 18koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretua bigarren aldiz aldatzeko dena.
- Indargabetutakoa: 191/2013 DEKRETUA, apirilaren 9koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Ikus: 309/2010 DEKRETUA, azaroaren 23koa, Familien Euskal Behatokia sortu eta arautzen duena.
- Ikus: 289/2010 DEKRETUA, azaroaren 9koa, Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartzen duena. Akordio horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparru
- Ikus: 238/2010 dekretua, irailaren 14koa, Gizarte-zerbitzuen arloko Goi Ikuskaritzari buruzkoa.
- Indargabetzen du: 538/2009 DEKRETUA, urriaren 6koa, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Ikus: 4/2009 DEKRETUA, maiatzaren 8koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.
- Ikus: 84/2009 DEKRETUA, apirilaren 21ekoa, Familia Bitartekaritzarako Aholku Batzordeari buruzkoa.
- Ikus: 18/2008 LEGEA, abenduaren 23koa, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzekoa.
- Ikus: 13/2008 LEGEA, abenduaren 12koa, Familiei Laguntzekoa.
- Ikus: 12/2008 LEGEA, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
- Ikus: 74/2008 DEKRETUA, apirilaren 29koa, Herri Lanetarako Erakunde Arteko Batzordea sortzen duena.
- Ikus: 1/2008 LEGEA, otsailaren 8koa, Familia Bitartekaritzakoa.
- Ikus: 165/2007 DEKRETUA, urriaren 2koa, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektoriala sortu eta horren funtzionamendua, osaera eta eginkizunak ezartzen dituena.
- Ikus: 124/2006 DEKRETUA, ekainaren 13koa, Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluari buruzkoa.
- Ikus: 3/2005 LEGEA, otsailaren 18koa, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babestekoa.
- Ikus: 289/2003 DEKRETUA, azaroaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ijito Herriaren erabateko sustapenerako eta partaidetza sozialerako Kontseilua sortzen duena.
- Ikus: 263/2003 DEKRETUA, 2003ko urriaren 28koa, Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen kreditazioa eta funtzionamendua arautzen dituena.
- Ikus: 30/2003 DEKRETUA, otsailaren 18koa, Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren funtzionamenduari buruzkoa.
- Ikus: 200/2002 DEKRETUA, abuztuaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroa sortzen duena.
- Ikus: 237/2000 DEKRETUA, azaroaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortzen dituena.
- Ikus: 32/1996 DEKRETUA, otsailaren 13koa, Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Estatistikarako Organo Berezia sortzeari buruzkoa.