Euskadi.eus
  • 246/2012 DEKRETUA, azaroaren 21ekoa, Bitartekarien Erregistroari buruzkoa eta erregistro horretan inskribatzeko egiaztatu beharreko familia-bitartekaritzako prestakuntza zehazten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

246/2012 DEKRETUA, azaroaren 21ekoa, Bitartekarien Erregistroari buruzkoa eta erregistro horretan inskribatzeko egiaztatu beharreko familia-bitartekaritzako prestakuntza zehazten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 233
  • Hurrenkera-zk.: 5324
  • Xedapen-zk.: 246
  • Xedapen-data: 2012/11/21
  • Argitaratze-data: 2012/12/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Funtzio publikoa; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Familia-bitartekaritzari buruzko otsailaren 8ko 1/2008 Legearen bitartez Bitartekarien Erregistroa sortu zen, familia-bitartekaritzako lanak egiten dituzten pertsonek legeak eskatutako baldintzak betetzen dituztela bermatzeko eta inskribatuta dauden bitartekariak ezagutzeko herritarrentzako tresna gisa.

Familia-bitartekaritzari buruzko otsailaren 8ko 1/2008 Legeak 9. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, familia-bitartekaritzan Lege honetan aurreikusitakoaren arabera aritzeko, Bitartekarien Erregistroan inskribatuta egon beharko da. Inskripzio hori egiteko, Zuzenbide, Psikologia, Pedagogia, Psikopedagogia, Gizarte Lan edo Heziketa Sozialeko unibertsitate-titulua edo gradu-titulua aurkeztu beharko da, edo Eusko Jaurlaritzak lege hau erregelamenduz garatu eta prestakuntzako edukiengatik titulu haien pareko izango den titulua. Horrez gain, ezinbestekoa izango da familia-bitartekaritzako prestakuntza espezifikoa, nahikoa eta jarraitua egiaztatzea. Prestakuntza hori, Eusko Jaurlaritzak garatuko du erregelamendu bidez eta, edozein kasutan, ikastaro teoriko eta praktiko bat eduki beharko du, gutxienez 200 ordukoa.

Familia-bitartekaritzari buruzko otsailaren 8ko 1/2008 Legeak 17.2. artikuluan xedatutakoaren arabera, erregelamenduz zehaztuko dira Bitartekarien Erregistroaren osaera, zereginak eta izena emateko eta egiaztagiriak egiteko prozedura. Horretarako, Legea indarrean sartu eta gero, urte beteko epea aurreikusten du Legearen azken xedapenetako lehenak.

Zenbait lege aldatu eta Europako barne-merkatuko zerbitzuei buruzko Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko den apirilaren 23ko 7/2012 Legeak aldatu egiten du Familia-bitartekaritzari buruzko otsailaren 8ko 1/2008 Legea

Dekretu honek familia-bitartekaritzako prestakuntza espezifikoaren edukia zehaztuko du, bitartekarien prestakuntza eta kualifikazio egokiak familia-bitartekaritzaren kalitatean lagunduko duelakoan, eta, horrenbestez, familia-bitartekaritzaren erabiltzaileen babesean.

Era berean, Erregistroaren funtzionamendurako jarraibideak ere zehazten ditu.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta 2012ko azaroaren 21ean eginiko bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertuta eta onartuta,

Familia-bitartekaritzari buruzko otsailaren 8ko 1/2008 Lege bidez sortutako Euskadiko Bitartekarien Erregistroak administrazio izaera du eta familia-bitartekaritzan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzaren Sailari atxikiko zaio.

Familia-bitartekaritzari buruzko otsailaren 8ko 1/2008 Legeak aurreikusitakoaren arabera familia-bitartekaritzan aritzeko, Bitartekarien Erregistroan inskribatuta egon beharko da aldez aurretik.

Honako hauek dira Bitartekarien Erregistroaren eginkizunak:

  1. Inskribatzeko eta berritzeko eskabideak, datuen aldaketei buruzko jakinarazpenak eta ezerezteko eskabideei buruzko prozedurak izapidetzea.

  2. Erregistroko datuei buruzko ziurtagiriak eta gainontzeko publizitate-erak.

  3. Dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitako protokoloa zaintzea eta gordetzea.

  1. Familia-bitartekaritzan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzaren titularrari dagokio Bitartekarien Erregistroko inskripzio eta idatzoharrei buruzko ebazpenak ematea.

  2. Erregistroko arduradunari dagokio Bitartekarien Erregistroa zuzentzea, antolatzea eta kudeatzea eta Erregistroko inskripzioen edo idatzoharren gaineko ebazpen-proposamenak egitea.

    Era berean, erregistro-publikotasunaren edozein bitartekori buruzko eskabideak kudeatzea ere badagokio, baita egiaztagiriak, ziurtagiriak eta ohar soilak ematea ere.

    Familia-bitartekaritzako eskumenak dituen Zuzendaritzako funtzionarioa izango Erregistroko arduraduna.

  1. Bitartekariek Zuzenbide, Psikologia, Pedagogia, Psikopedagogia, Gizarte Lan edo Heziketa Sozialeko unibertsitate-titulua edo gradu-titulua aurkeztu beharko dute, edota parekoa den hezkuntza, zuzenbide, gizarte edo psikologia arloetako beste edozein unibertsitate-titulu edo gradu-titulu.

  2. Familia-bitartekaritzari buruzko otsailaren 8ko 1/2008 Legeak 9. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Bitartekarien Erregistroan inskribatzeko familia-bitartekaritzako gradu ondoko prestakuntza teoriko eta praktiko espezifikoa egiaztatu beharko da. Prestakuntza hori, unibertsitateek, elkargo profesionalek edo horiek ordezkatuz jarduten duten entitateek emandakoa izango da, gutxienez 200 ordu metagarrikoa, eta edukiei dagokionez, Dekretu honen eranskinean adierazitako edukiekin zuzenean lotutakoa. Bitartekarien Erregistroan inskribatzeko, unibertsitateko familia-bitartekaritzari buruzko irakastorduak Dekretu honetan eskatutako prestakuntzako orduen baliokidetzat joko dira.

  3. Familia-bitartekaritzan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzak 6. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera homologatuko ditu unibertsitateek, elkargo profesionalek edo horiek ordezkatuz jarduten duten entitateek antolatutako familia-bitartekaritzari buruzko prestakuntza espezifikoko ikastaroak. Ikastaro horiek 200 ordukoak izango dira, gutxienez, eta Dekretu honen eranskinean adierazitako gai-multzoak eman beharko dituzte oso-osorik. Eranskineko gai-multzo bakoitza emateko, 50 ordu beharko dira, gutxienez. Ikastaroak presentziazkoak edo erdi-presentziakoak izango dira. Edozein modutan, bloke praktikoa presentziazkoa izango da.

  4. Inskripzioa berritzeko, bitartekariek etengabeko prestakuntza egiaztatu beharko dute, honako hau, hain zuzen: familia-bitartekaritzarekin lotutako gaietan bost urtean zehar egindako ikastaro, mintegi edo jardunaldi berriak, 50 ordu metagarrikoak, gutxienez. Gai zibilei eta merkataritzakoei buruzko auziekin lotutako etengabeko prestakuntzan Estatuko gobernuak bestelako eduki edo iraupenak zehazten baldin baditu, prestakuntza hori kontuan hartu beharko da.

  1. Familia-bitartekaritzako prestakuntza espezifikoko ikastaroak ematen dituzten unibertsitateek, elkargo profesionalek edo horiek ordezkatuz jarduten duten entitateek familia-bitartekaritzan eskumenak dituen Jaurlaritzako Zuzendaritzari eskatu ahal izango diote ikastaro horien homologazioa.

  2. Homologazio-eskabidean ikastaroa zuzentzen duen arduradunaren izen-abizenak eta datu profesionalak adieraziko dira, baita ikastaroaren idazkaritzako posta helbidea, telefonoa, faxa eta posta elektronikoaren helbidea. Eskabidearekin batera, memoria aurkeztuko da, gutxienez datu hauek jasoko dituena:

    1. Ikastaroa emango duen unibertsitatea edo elkargo profesionala.

    2. Ikastaroaren programa, helburuak, gaien eduki zehatza, ikastaroaren iraupen osoa eta gai bakoitzaren iraupen partziala zehaztuko duena.

    3. Irakasleen zerrenda eta haien datu pertsonalak eta profesionalak.

    4. Aurreikusitako ikasle-kopurua.

    5. Ikastaroaren egutegia eta ordutegia, eta zein gelatan emango den.

  3. Familia-bitartekaritzan eskumenak dituen Jaurlaritzako zuzendariak ebatziko ditu familia-bitartekaritzako prestakuntza ikastaro espezifikoak homologatzeko eskabideak. Eskabidea jaso eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, hiru hilabeteko epean emango da ebazpena, gehienez ere. Epe hori igarota ez bada dagokion ebazpena eman, eskabidea onartutzat joko da.

  4. Ikastaroen homologazioa lortu duten unibertsitateek, elkargo profesionalek edo horiek ordezkatuz jarduten duten entitateek, horren berri eman beharko dute ikastaroen berri emateko prestatuko duten dokumentazioan eta ikastaroak egin izana egiaztatzen duten diploma edo ziurtagirietan.

  1. Inskripzioak.

    Inskripzioetan honako datu hauek jasoko dira:

    Erregistroko zenbakia.

    Bitartekariaren izen-abizenak.

    Bitartekariaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo Atzerritarraren Nortasun Txartelaren zenbakia.

    Bitartekariaren sexua.

    Bitartekariaren jaiotze-data.

    Inskripzioaren data.

    Inskripzioa egiteko gaitzen duen titulazio akademiko ofiziala.

    Egoitza profesionala eta harremanetan jartzeko moduak: posta elektronikoaren helbidea, telefono zenbakia eta fax zenbakia.

    Hala dagokionean, bitartekariaren hizkuntza-gaitasuna, euskaraz edota ofizialak ez diren bestelako hizkuntzatan. Kontuan hartuko den bitartekariaren euskarazko hizkuntza-gaitasuna Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzen dituen azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak xedatutakoaren arabera egiaztatutakoa izango da. Hizkuntza ofizialak ez diren bestelako hizkuntzei buruzko hizkuntza-gaitasuna kontuan hartuko da baldin eta interesdunak dena delako hizkuntza horretan bitartekaritza-lanak egiteko behar beste hizkuntza-gaitasuna baduela jasotzen duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten badu.

  2. Orri-bazterreko oharrak.

    Atal horretan honako hauek jasoko dira:

    Ezarritako zehapenak.

    Zehapenen ezereztapena.

    Zehapen-espedientea hastea, artxibatzea eta zehapen-prozeduran hartutako edozein neurri.

  3. Ezerezteak.

    Bitartekarien Erregistroko inskripzioak honako arrazoi hauengatik ezereztuko dira:

    Bitartekariak eskatuta.

    Erregistroan inskribatutako bitartekariaren heriotza edo ezgaiketa-adierazpena.

    Jarduera behin betiko etetea.

    Bitartekari gisa inskribatuta egoteko eskatutako baldintzak edo eskakizunak gerora ez betetzea.

    Zehapen irmoa, bitartekari lanetan ez jarduteko behin betiko.

    Indarraldia iraungitzea.

    Jarduerarekin jarraitu ezina eragiten duen bestelako edozein arrazoi.

  4. Aldatzeko idazpenak:

    Inskripzioari buruzko datuen aldaketak.

  1. Edozein idazpenetan egindako akatsak zuzentzeko beste idazpen bat egingo da eta, nahitaez honako hauek jasoko ditu:

    1. Huts egin deneko idazpena eta lerroaren erreferentzia.

    2. Hitz edo kontzeptu okerrak.

    3. Egindako hutsen ordezko hitzak.

    4. Akatsa zuzentzea adosten dela xedatzen duen ebazpenaren aipamena.

    5. Jatorrizko idazpena zuzenduta gelditu deneko adierazpena.

  2. Orri-bazterreko oharren zuzenketa zuzendutakoetatik ahal den gertuena egingo da.

  3. Erregistroko idazpenen bat zuzentzen denean, idazpen berrira jotzeko behar adinako oharra egingo da idazpen okerraren ertzean.

  4. Idazpen bat zuzentzen bada, eragindako gaietako idazpenetan ere akatsik badago, horiek ere zuzendu egingo dira. Zuzenketa hori ertzean ohar bat ipiniz egingo da.

  5. Akatsak datu pertsonalei buruzkoak badira, ezereztu egingo dira eta haien ordez, behar bezala zuzendutako edo osatutako datuak jarriko dira.

  1. Erregistroak, eranskin gisa, artxibo edo protokolo bat izan du. Protokolo horretan bilduko dira kronologikoki ordenatuta, inskripzio-eskabideak eta eskabide horiei buruzko administrazio-ebazpenak.

  2. Bitartekari bakoitzeko, espediente bat irekiko da.

  1. Erregistroan inskribatzeko prozedura interesdunak eskatuta hasiko da. Horretarako, eskabide-eredu normalizatua aurkeztu beharko da, familia-bitartekaritzan eskumenak dituen Zuzendaritzak onartutakoa eta Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratukoa, hain zuzen.

  2. Eskabidea familia-bitartekaritzan eskumenak dituen zuzendariari igorriko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aurreikusitako edozein bide erabilita.

  3. Eskabidearekin batera honakoak aurkeztuko dira:

    Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionala edo Atzerritarraren Nortasun Txartela.

    Erregistroan inskribatzeko gaitzen duen titulazio akademiko ofizialaren eta prestakuntza osagarriaren ziurtagiriak, eta, kasuan kasu, irakastorduena.

    Prestakuntza espezifikoa behar bezala egiaztatzeko, emandako ordu-kopuruaren eta edukien programa aurkeztu beharko da, eman zuen erakundeak balioztatuta edota erakunde horrek egindako ziurtagiri bidez.

    Hala dagokionean, interesdunak euskaraz edota ofizialak ez diren bestelako hizkuntzetan duen hizkuntza-gaitasunari buruzko egiaztagiriak.

  4. Dokumentu guztien jatorrizko alea edo kopia konpultsatua aurkeztuko da.

  5. Bitartekarien Erregistroan inskribatzeko eskatzaileak alegatutako prestakuntza espezi-fikoaren egokitasuna behar bezala baloratzeko, familia-bitartekaritzan eskumenak dituen Zuzendaritzak programak aurkezteko eskatu ahal izango du, eman zituen erakundeak balioztatutako programak edota, erakundeak berak luzatutako ziurtagiria, emandako curriculuma familia-bitartekaritzari buruzkoa izan dela egiaztatzen duena.

  1. Eskabidea jaso ondoren, Bitartekarien Erregistroko arduradunak ofizioz egin ahal izango ditu eskabideari buruzko ebazpena emateko kontuan hartu beharreko datuak egiaztatzeko egin beharreko jarduerak.

  2. Eskatutako betekizunak ez baditu betetzen eskabideak, aurkeztutako dokumentazioa ez badago osorik edo akastuna bada, eskatzaileari hamar egun emango zaizkio akatsak konpontzeko edota eskatutako dokumentuak aurkezteko. Ohartarazi egingo zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela joko dela, 30/1992 Legearen 71.1 artikuluarekin bat etorrita, eta aldez aurretik behar den ebazpena emango dela aipatu Legearen 42. artikuluan aurreikusi bezala.

  1. Administrazio eskumendunak hiru hilabeteko epea izango du inskribatzeko eskabidea onartzen edo ukatzen duen ebazpena emateko. Epe hori kontatzen hasiko da izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistroan eskabideak sarrera izan duen egunetik aurrera, eta epe horretan ez bada espresuki ezer adierazten, onartutzat joko da eskabidea.

  2. Inskripzioa ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio familia-bitartekaritzan eskumena duen sailburuordeari Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  3. Prozedura ebazpen baten bidez amaituko da eta ebazpena bera ematen den egunean bertan sartuko da indarrean.

  4. Inskripzioa egin eta gero, Erregistroak dagokion ziurtagiria egin eta igorriko dio eskatzaileari hamabost egun baliodunen barruan.

Familia Bitartekarien Erregistroan alta emandako familia-bitartekari bakoitzari dagokion erregistro-zenbaki korrelatiboa esleituko zaio. Erregistro-zenbakia esleitzeko inskripzio-eskabideen ebazpen baiesleen eguna izango da kontuan.

Erregistro-zenbaki bat ezerezten denean, zenbaki hori ez zaio beste familia-bitartekari bati esleituko. Nolanahi ere, Erregistroko inskripzioa ezereztu zaion pertsona bat berriz ere inskribatuko balitz, hasierako erregistro-zenbaki bera esleituko litzaioke, baina erregistroko inskripzio berria dela adieraziko litzateke.

  1. Inskripzioek bost urteko indarraldia izango dute ebazpen baieslea eman eta erregistroko zenbakia esleitzen denetik kontatzen hasita.

  2. Inskripzioaren indarraldia amaitu baino gutxienez hiru hilabete lehenago emango zaio horren berri interesdunari, eta epe hori amaitu baino lehenago ez badu inskripzioa berritzeko eskatzen, erregistro-idazpena ezereztu egingo dela adieraziko zaio.

  3. Inskripzioa berritzeko, familia-bitartekaritzako etengabeko prestakuntza egiaztatu beharko da.

  4. Bitartekarien Erregistroan izena emandako pertsonek eguneratu egin beharko dituzte euren datuen. Aurretik emandako datuetan aldaketarik badago, aldaketa gertatu eta bi hilabeteko epea daukate horien berri emateko.

  1. Inskripzioak ezerezteko prozedura ofizioz hasiko da edota interesdunak eskatuta.

  2. Erregistroko inskripzioak ezerezteko, aldez aurretik dagokion prozedura egin beharko da, inskribatzeko prozedurarekin eta, oro har, 30/1992 Legean ezarritakoarekin bat etorriko dena.

  3. Jarduera etetea bada inskripzioa ezereztearen arrazoia, jarduera eten baino bi hilabete lehenago eskatu beharko du Bitartekarien Erregistroan baja emateko, eta irekita dituen espedienteen egoera bermatu beharko du.

  4. Zehapenak ezerezteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legeak 19. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, jarraian zehaztutako epeak hartuko dira kontuan, erantzukizuna amaitzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita: urte bete zehapen arinen kasuan; bi urte zehapen larrietarako; eta hiru urte zehapen oso larrietarako.

  5. Inskripzioa ezereztu ondoren, datu pertsonalak ere ezereztuko dira dagokion fitxategitik.

  1. Familia-bitartekaritzan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako Sailak, Bitartekarien Erregistroan inskribatuko bitartekarien zerrenda bat izango du herritarrek informazio horren berri izan dezaten. Zerrenda horretan, beren datuak jakinarazteko aldez aurretik onespena eman duten pertsonen datu hauek jasota egongo dira:

    Izena eta bi abizenak.

    Sexua.

    Jaiotze-data.

    Bitartekarien Erregistroan inskripzioa egiteko gaitzen duen titulazio akademiko ofiziala.

    Hala dagokionean, bitartekariaren hizkuntza-gaitasuna, euskaraz edota ofizialak ez diren bestelako hizkuntzatan.

    Erregistroan inskribatutako pertsonak emandako egoitza profesionala eta telefono zenbakia, faxa eta posta elektronikoaren helbidea.

  2. Zerrenda interneten argitaratuko da bitartekariak onespena ematen badu, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak interneten duen presentzia ereduari buruzko arauekin bat etorrita, eta edozeinek kontsultatu ahal izango du.

  3. Familia-bitartekaritza eskatu dutenek idazpenetan eta protokoloa osatzen duten dokumentuetan bildutako datuetara sarbidea izango dute.

  4. Bitartekarien Erregistroko datuek datu pertsonalak babesteko indarrean dauden araudien menpe egongo dira, eta datu horien titularrek beren datuetara sarbidea izateko araudi horretan aurreikusitako eran egingo dute.

  1. Erregistroko publizitatea idazpenen edukiaren ziurtagirien bidez, jakinarazpen-ohar soilez edo Erregistroko agirien kopia konpultsatuen bidez egingo da, eskatzaileak eskatzen duenaren arabera.

  2. Informazio-eskaera guztiak idatziz egingo beharko dira. Idazkian, informazioa zergatik behar duen azaldu beharko du interesdunak, erregistroaren arduradunak baimena eman ala ez erabaki dezan, arrazoiak emanda, eta eskatutako datuak errazago bilatzeko, dakizkien datu guztiak emango ditu Emandako informazioa nahikoa ez bada, erregistroak bertan behera utzi ahal izango du informazioa emateko prozedura, eta hala jakinaraziko dio pertsona interesdunari.

  3. Ziurtagiria izango da erregistroan jasotako edukia modu fede-emailean egiaztatzeko bide bakarra. Ziurtagiriak soilik joko dira agiri publikotzat.

  1. atala. Ziurtagiriak.

  1. Ziurtagiriak positiboak edo negatiboak izan daitezke.

  2. Ziurtagiri positiboak erabatekoak edo partzialak izango dira, eta kasu bietan dekretu honek arautzen duen erregistroko edukiari buruzkoak izango dira.

  3. Erabateko ziurtagiriek osorik erreproduzituko dituzte idazpenetan jasotakoa.

  4. Ziurtagiri partzialetan nahitaez adierazi behar da beti, azaldu gabe geratu den zatian ez dagoela ziurtatzen dena zabaltzen, murrizten, aldatzen edo baldintzatzen duen ezer.

  5. Ziurtagiria negatiboa bada, zein denbora-tarteri dagokion jaso beharko da.

  6. Eskabidea aurkezten denetik harako hamar egun balioduneko epearen barruan eman beharko dira ziurtagiriak, hain justu ere Erregistroaren arduradunak emango ditu.

Administrazio-izapideak sinpletu eta azkartze aldera, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira dekretu honetan aurreikusitako prozedurak moldatzeko, eta herritarrek bitarteko elektronikoak erabiltzeko eta datu-trukaketa errazteko, Herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legean eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko azaroaren 21ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LPEZ LVAREZ.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARA GEMMA ARNZAZU ZABALETA ARETA.

AZAROAREN 21EKO 246/2012 DEKRETUAREN ERANSKINA

FAMILIA-BITARTEKARITZAKOPRESTAKUNTZA ESPEZIFIKOAREN EDUKIA

  1. Multzo juridiko-ekonomikoa.

  1. Ezkontza: araubide juridikoa eta ekonomikoa.

  2. Izatezko bikotea: araubide juridikoa eta ekonomikoa.

  3. Banatzea eta ezkontza desegitea: alderdi juridikoak eta ekonomikoak.

  4. Izatezko bikotea haustea: alderdi juridikoak eta ekonomikoak.

  5. Hitzarmen arautzailea. Edukia. Hitzarmenaren eta bitartekaritza-egintzaren arteko harremana. Itundu daitezkeen alderdiak eta alderdi xedaezinak: ordena publikoko gaiak. Ministerio Fiskalaren esku hartzea.

  6. Familiari buruzko nazioarteko zuzenbide pribatua. Ezkontza mistoetan aplikagarria den legedia. Europar erregelamenduak.

  7. Araudi fiskalak banatze, dibortzio eta izatezko bikoteen hauste kasuetan. Ondasunen esleipena erregistro ezberdinetan inskribatzea. Mantenu- eta konpentsazio-pentsioen erregulazio fiskala.

  8. Tutoretza-erakundeak: adopzioa. Tutoretza. Kuratela. Defendatzaile judiziala. Egitezko zaintza.

  9. Oinordetza erregimenaren oinarrizko alderdiak.

  10. Familia-enpresa. Oinarrizko nozioak.

  11. Familia-harremanen zigor-inplikazioak. Ez-zilegi penalak familiaren inguruan.

  1. Multzo psiko-soziala.

  1. Familia gizartekotze-elementu gisa.

  2. Pertsonaren eta familiaren eboluzio-zikloak: haurtzaroa, nerabezaroa, helduaroa eta zahartzaroa.

  3. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna: generoaren eragina familiaren inguruan:

    1. botere desorekak.

    2. mendetasun ekonomikoa eta bere inplikazioak.

    3. erantzunkidetasunik eza zaintza-lanetan eta horren eragina emakumeengan.

    4. sexuaren araberako rolak eta estereotipoak irautea.

    5. emakumeen aurkako indarkeria familia-eremuan.

  4. Gatazka familia-eremuan.

    1. Bikote-gatazkak.

    2. Belaunaldien arteko gatazka.

    3. Gatazka adopzioetan. Adoptatua izan denak bere filiazio biologikoari buruzko informazioa izateko eskubidea.

    4. Familia-eremuko bestelako gatazkak.

  5. Familiako gatazkak eta kulturartekotasuna.

    1. Multikulturalismoa: gutxiengoak, kulturak eta etniak.

    2. Bitartekaritza-esperientziak immigranteekin.

    3. Bitartekaritza testuinguru multikulturaletan.

  6. Alderdi psikologikoak:

    1. Bikotearen hausturarekin lotutako prozesu emozionalak.

    2. Hausturak seme-alabengan izan ditzakeen ondorio psikologikoak.

    3. Adopzio eta adin txikikoen harrera prozesuekin lotutako faktore emozionalak.

    4. Genero-indarkeriaren ondorioak biktimengan eta horien seme-alabengan.

      1. Familia-bitartekaritzari buruzko multzo teorikoa.

      1. Gatazka eta gatazkaren kudeaketa. Gatazka: jatorria eta kontzeptua. Gatazkaren teoria. Gatazkaren kudeaketa. Gatazkak konpontzeko modu alternatiboak edo ADR (Alternative Dispute Resolution).

      2. Familia-bitartekaritza: teoria orokorra. Familia-bitartekaritzaren kontzeptuak. Antzeko beste figura batzuekiko aldeak. Familia-bitartekaritzaren printzipio gidariak. Familia-bitartekaritzaren egitekoak, eskakizunak eta helburuak. Familia-bitartekaritza, norentzat? Familia-bitartekaritzaren aplikazio-eremuak. Familia-bitartekaritzak ukitzen dituen prozesu psikologikoak.

      3. Familia-bitartekaritzaren araubide juridikoa Euskal Autonomia Erkidegoan. Familia Bitartekaritzako otsailaren 8ko 1/2008 Legea. Familia-bitartekaritzaren xede diren gatazkak. Bitartekaritzaren eta bitartekaritzan lortutako akordioen izaera. Familia-bitartekaritzaren printzipio gidariak. Izaera pertsonaleko datuen isilpekotasuna eta babesa. Bitartekaritzan parte hartzen duten alde guztien eskubideak eta egin beharrak. Familia-bitartekaritzaren prozedura-alderdiak Zehatzeko araubidea.

      4. Justizia-administrazioa bitartekaritzan.

      5. Administrazioen eta beste erakunde publiko eta pribatu batzuen esku-hartzea, gatazkan dauden familiekin.

      6. Familia-bitartekaritzaren prozesua. Faseak.

      7. Bitartekaritza-teknikak.

      1. Familia-bitartekaritzari buruzko multzo praktikoa.

        Edukien aplikazio praktikoa, kasu praktikoak simulatuz, kasu praktikoei buruzko bideoak ikusiz edo tutoretzapeko praktikak eginez.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.