Euskadi.eus
  • 179/2014 DEKRETUA, irailaren 23koa, nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzei buruzkoa «Lehiatu Sustapena Programa». - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

179/2014 DEKRETUA, irailaren 23koa, nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzei buruzkoa «Lehiatu Sustapena Programa».

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 188
  • Hurrenkera-zk.: 4093
  • Xedapen-zk.: 179
  • Xedapen-data: 2014/09/23
  • Argitaratze-data: 2014/10/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía; Ekonomi Jarduerak; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza; Ekonomia; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Dekretu hau onartu eta argitara emateko arrazoia da laguntzea nekazaritzako euskal produktuak eta elikagaiak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetara ateratzen. Nekazaritza- eta elikagai-industriaren ekoizpen- eta merkataritza-egiturek gaitasuna dute lehen sektoreko lehengaien eraldaketatik sortutako produktuak merkaturatzeko. Laguntza hauen bidez, indartu egingo da onuradunek kanpoko merkatuetan egiten duten sustapen-lana, bai beste merkatu batzuetara zabaldu daitezen, bai egun duten presentzia sendotu dadin.

Antzeko laguntzak aurreikusten ziren lehengo Lehiatu programan, baina sustapena eraldaketatik eta merkaturatzetik bereizi beharra zegoen, helburu desberdina baitu, bai eta bultzada eta autonomia handiagoaren premia ere. Hori dela eta, dekretu honen bidez, indargabetu egingo da urriaren 7ko 172/2008 Dekretuaren IV. kapitulua, hau da, sustapenari buruzkoa. Hortaz, indargabetuta geratzen da urriaren 7ko 172/2008 Dekretuan sustapenari buruz egiten den aipamen oro.

Dekretu honetan, partez indargabetutako jatorrizko arauan bezala, honako hauek dira lehentasunak: balio erantsia sortzea nekazaritzaren, elikagaien, arrantzaren eta basogintzaren sektoreetan; jarduera sozioekonomikoa sustatzea eragindako eremu geografikoetan; eta euskal nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren eraldaketa- eta merkataritza-industria lehiakorrago egitea.

Bestalde, dekretu honen bidez, diru-laguntzak emateko erregimen espezifiko eta zehatz bat ezartzen da, estatu-laguntzen erregimen bat.

Estatu-laguntzak diren aldetik, Europar Batasunak ezarritako Europar erkidegoko esparruaren mende daude, zehazki Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan eta Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EE) Erregelamenduan ezarritako esparruaren mende (1407/2013 (EE) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa; 717/2014 (EE) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantzaren eta akuikulturaren sektoreko minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

Dekretuan atal hauek daude: zioen Adierazpena, 25 artikulu, Xedapen Iragankor Bakarra, Xedapen Indargabetzaile Bakarra eta Azken Xedapena.

Nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-produktuak sustatzeko eskumena duen sailak prestatu du dekretu hau, betiere aintzat hartuta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22.era bitartean xedatutakoa.

Dekretu hau egiteko, sektoreko erakunderik adierazgarrienak kontsultatu dira, eta nahitaezko txosten guztiak ere baliatu dira.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko irailaren 23an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honen helburua da zenbait produktu EAEtik kanpoko merkatuetan sustatzeko diru-laguntzak arautzea, zehazki elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten nekazaritza- eta elikagai-industriek eraldatuak eta merkaturatuak.

  2. Dekretu honetan araututako laguntzak Elikagai- eta basogintza-sektoreko enpresei emateko, bete egin beharko da Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan edo hori ordezten duenean xedatutakoa (1407/2013 (EE) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

  3. Dekretu honek arautzen dituen laguntzak, elikagai- eta basogintza-sektoreko enpresei emateko, berriz, bete egin beharko da Batzordearen abenduaren 18ko 717/2014 (EE) Erregelamenduan edo hori ordezten duenean xedatutakoa (1407/2013 (EE) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

  1. Dekretu honen bidez ematen diren diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak izango dira.

  2. Laguntzak gastu-programa bati lotuta egongo dira, deialdiko urte naturalarekin bat datorren programa bati.

Dekretu honen ondorioetarako, honela ulertu behar dira jarraian datozen definizioak:

  1. Nekazaritza: nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza biltzen ditu, bai eta akuikultura ere, itsasokoa kanpo utzita.

  2. Elikagaigintza: kontzeptu honen barnean sartzen dira nekazaritzatik, arrantzatik, arrain-haztegietatik, ehizatik eta mikologiatik datozen produktuak edo beste jatorri natural batetik datozenak ekoiztea, eraldatzea, ontziratzea eta merkaturatzea.

  3. Nekazaritza- eta elikagai-enpresak: nekazaritzaren eta elikagaien esparruan lanean jarduten duten nekazaritza-ustiategien eta enpresen multzoa.

  4. Krisian dauden enpresak: bere finantza-baliabideak edo bere akziodunek eta hartzekodunek emandako baliabideak erabiliz galerak kitatzeko gai ez diren enpresak, betiere galera horien ondorioz, kanpoko esku-hartzerik ez badago, enpresaren desagertze ekonomikoa ia segurua bada epe laburrean edo ertainean; hori guztia krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko 2004/C 244/02 Zuzentarauaren 2.1 atalean edo hura ordezkatzen duen arauan aurreikusitako irismenarekin.

  5. Enpresa handiak: ETEen kategorian sartzen ez direnak, betiere aintzat hartuta Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioa, mikroenpresen eta, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoa, edo hori ordezten edo aldatzen duten xedapenak.

  6. Nekazaritza- eta elikagai-industria: ekipamendu-ondasunen instalazioen multzoa, beharrezkoak dituzten instalazio osagarriak barne direla. Nekazaritza- eta/edo elikagai-produktuak maneiatzen dituzte, eta, maneiatze horretatik, produktu berriak eratortzen dira. Enpresa autonomo baten moduan jarduteko gaitasuna dute.

  7. Mikroenpresa, enpresa txikia eta ertaina: batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan edo hori ordezten edo aldatzen duten xedapenetan ezarritako ezaugarriak dituzten enpresak (2003/361/EE Gomendioa, mikroenpresen eta, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoa).

  8. Sustapen-programa: sustapen-jarduera koherenteen multzoa, nekazaritza- edo elikagai-produktuen gaineko informazioa areagotzen eta produktu horiek merkaturatzen laguntzeko modukoa.

  9. Arrantza-sektorea: ekonomiaren sektore bat, arrantza- eta akuikultura-produktuen ekoizpen-, eraldaketa- eta merkaturatze-jarduera guztiak barne hartzen dituena.

  1. Dekretu honetan araututako laguntzen onuradun izan daitezke dekretu honetako 6. artikuluan jasotako ekintzaren bat burutzen dutenak, betiere dekretu honetan ezarritako baldintzei jarraituz.

  2. Nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-sektoreetakoak izango dira onuradunak.

  3. Onuradunek talde hauetakoren batekoak izan beharko dute:

    1. Pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan eta nortasun juridiko propioa dutenak: enpresak honela sailkatuko dira: mikroenpresa, enpresa txikia, ertaina eta handia.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseilu Arautzaileak.

    3. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten esportazio-partzuergoak. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

      Nortasun juridiko propioa izan behar dute, partzuergoa osatzen duten enpresa edo entitateekiko independentea.

      Gutxienez hiru enpresak edo entitatek osatuak izatea.

      Partzuergoa osatzen duten enpresen bi herenek, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagai Industrien Erregistroan inskribatuta behar dute.

Honako baldintza hauek bete behar dituzte:

  1. Diruz lagundutako gastuak Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten establezimenduenak izango dira.

  2. Aurreikusi egin behar da burutu beharreko ekintzak eragin positiboa izango duela epe laburrera edo ertainera enpresaren merkaturatze-jardueran.

  3. Produktuek benetako merkatua izan behar dute sustapena egin nahi den destinoan.

  4. Enpresaren kanpoko zerbitzu profesionalak kontratatuta egiten bada jarduera, kontratu-lotura egon badagoela egiaztatu behar da.

    4. artikuluko 3. paragrafoko A idatzi-zatian aurreikusitako onuradunek (enpresek), jarduerari ekiteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagai Industrien Erregistroan inskribatuta egon.

  1. Egunean izatea dagokion foru-ogasunarekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak.

  2. Enpresek ekonomikoki bideragarriak izan behar dute, eta produktuak merkaturatzeko irtenbide normalak izan.

  3. Enpresa krisi egoeran ez egotea, betiere Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoaren Zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera (2004ko urriaren 1eko C 244/2004).

  4. Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzeko modukoa den gastu bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publikoari edo erakunde publiko edo pribaturen bati, bai eta eskuratu duten ala ez ere.

  5. Eskatzaileek jakinarazi behar dute, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan sartuta dauden ala ez.

  6. Bukatua dutela edozein itzulketa-prozeduraren ordainketa-betebeharra.

  7. Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik izatea ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

  1. Dekretu honen ondorioetarako, ekintza indibidualak eta sustapen-programak izango dira diruz laguntzeko moduko ekintzak.

    1. Ekintza indibidualak. Jarduera hauek hartzen dira ekintza indibidualtzat:

      1. Izaera profesionala duten nazioarteko azoketan edo merkataritza-lehiaketetan erakusketari gisa parte hartzea, merkataritza-jarduerak garatzeko, produktuak erakutsiz erakusmahai indibidual edo partekatuetan.

      2. Azoketara joatea, hau da, eskatzaileak bisitaldiak egitea profesionalei zuzendutako nazioarteko azoketara.

      3. Zuzeneko misioak egitea eta estatuz kanpoko merkatuetan produktuak aurkeztea, hau da, enpresa eskatzailearen produktuak aurkezteko edo/eta dastatzeko ekintzak egitea, atzerriko merkatu horietan merkataritza-harremanak areagotzeko eta produktuen esportazioa handiagotzeko.

      4. Alderantzizko misioak egitea: atzerriko erosleei edo iritzi-emaileei gonbitea egitea enpresen ekoizpen-establezimenduetan bisitaldiak egin ditzaten; Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik egingo dira bisitaldi horiek,

      5. Estatutik kanpoko merkatuetako salmenta-puntuetan sustapen ekintza zehatz eta espezifikoak egitea, produktuaren publizitatea eginez eta hura dastatzeko aukera emanez, kontsumitzailearen oniritzia lortzeko.

      6. Ikus-entzunezko katalogoak eta materialak, hau da; enpresaren irudiari eta produktuei buruzko dibulgazio-materialak egitea, gutxienez atzerriko hizkuntza batean.

    2. Sustapen-programa:

      Sustapen-programetan, plan edo programa integral bat prestatu behar da, A idatzi-zatian aurreikusitako ekintza indibidualen artetik gutxienez sei jarduera burutzeko hiru herrialdetan.

      Horretaz gainera, sustapen-programan jarduera hau ere sartu daiteke:

      Honako programa hau garatzeko aholkularitza: eskatzailearen produktuak sustatzea, enpresatik kanpoko zerbitzu profesionalak kontratatuta.

  2. Ez da diru-laguntzarik emango azoketan parte hartzeko, baldin eta azoka horietan erakusmahai bat jarri behar badute nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-produktuak sustatzeko eskumena duen sailak, edo Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberek, edo kanpoko merkatuan enpresei laguntza finantzarioa ematen dieten antzeko erakundeek, eta erakunde horiek euskal enpresei azoka horietan parte hartzeko tokia eskaintzen badiete. Hala ere, diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte aipatutako erakundeei azoketan tokia eskatu baina baiezko erantzunik jaso ez duten enpresek.

  1. Kudeaketa eta Justifikazio Prozedurari buruzko Eskuliburuan zehaztuko dira zein diren 6. artikuluan aurreikusitako ekintzen ondorioz diruz lagundu daitezkeen kostuak. Nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-produktuak sustatzeko eskumena duen saileko titularrak onartuko du eskuliburu hori, 9. artikuluan aipatzen den urteko deialdia egiteko aginduaren bidez, eta http://www.euskadi.net argitaratuko da. Honako gastu hauek jasoko dira eskuliburu horretan:

    1. Bidaia-, mantenu- eta ostatu-gastuak, azoketan, zuzeneko misioetan, produktu-aurkezpenetan, alderantzizko misioetan eta salmenta-puntuetan parte hartzeak eragindakoak. Gastu horiek jarduera bakoitzari dagokion zenbateko global batean jasoko dira, eta urteko deialdian zehaztuko da zenbateko hori eurotan. Gastu horien barruan, eremu geografiko hauetako edozein destino onartuko da:

      1. Euskal Autonomia Erkidegoa (alderantzizko misioak baino ez) eta Estatuko gainerako tokiak.

      2. Europa.

      3. Amerika eta Afrika.

      4. Asia eta Ozeania.

    2. Azoketan erakusketari gisa parte hartzeak edo azoketara joateak eragindako gastuak.

    3. Aretoak eta ikus-entzunezko baliabideak alokatzeko gastuak.

    4. Salmenta-puntuetan, misioetan edo produktu-aurkezpenetan egindako sustapen-lanaren gastuak.

    5. Enpresa nazionalak edo atzerrikoak kontratatzeak eragindako gastuak. Halako enpresak 6.1.B artikuluan aurreikusitako jarduerak garatzeko bakarrik kontratatuko dira.

  2. Enpresek Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan garatzen diren izaera profesionaleko azoketan edo merkataritza-lehiaketetan erakusketari gisa parte hartuz gero merkataritza-jarduerak garatzeko asmoz erakusmahai indibidual edo partekatuetan produktuak erakutsiz, eta tokirik lortu ez badute nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-produktuak sustatzeko eskumena duen sailak jarritako erakusmahaian, edo Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberek jarritakoan, edo kanpoko merkatuan enpresei laguntza ematen dieten antzeko erakundeek jarritakoan betiere erakunde horiek euskal enpresei azoka horietan parte hartzeko tokia eskaintzen badiete, enpresa horiek erakusmahaiaren metro koadroko jasoko duten laguntzaren zenbatekoa mugatuta egongo da nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-produktuak sustatzeko eskumena duen sailaren eskutik doazen enpresen erakusmahaien kostura, betiere dekretu honetan ezarritako mugak gainditu gabe.

  1. Laguntza-eskaerak nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendariari bidali behar zaizkio, eta bide elektronikoak erabiliz aurkeztu ahal izango dira, Administrazio Elektronikoa arautzen duen otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin bat etorriz; bestela nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen sailaren bulegoetan bertan aurkeztuko dira (Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1, 01010), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako edozeinetan, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat etorriz.

    Eskaera bulegoetara bertaratuta aurkeztuz gero, informatikoki bete eta http://www.euskadi.net web orrian grabatu ondoren, inprimatu beharko da, eta sinatuta bidali.

  2. Nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen saileko titularrak onartuko ditu eskaera-inprimakien ereduak, dekretu honetako 9. artikuluan aipatzen den urteko deialdi-aginduaren bidez, eta eskuragarri egongo dira http://www.euskadi.net. web orrian, bide elektronikoz edo aurrez aurre aurkezteko.

  3. Eskatzaileek, bide elektronikoz edo aurrez aurre hau da, prozeduraren tramitazioan lehenetsitako eta berariaz onartutako bidea erabiliz, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

    1. Pertsona fisikoa bada, eskatzailearen NANaren fotokopia.

    2. Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFKren fotokopia, ahalordetze-eskriturarena, legezko ordezkariaren NANarena eta baita erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen fotokopia bana, dagokien erregistroan zigilatuta. Agiri horiek dekretu honen esparruan eman badira eta eskatzaileak adierazten badu ez dela inolako aldaketarik egon agiri horietan, aurkeztutzat hartuko dira. Nolanahi ere, lau deialdi igaro ondoren, agiriak berriz aurkeztu beharko dituzte.

    3. Memoria zehatza, honako hauek bilduko dituena: garatuko diren ekintza indibidualei edo sustapen-programari buruzko definizio argi eta labur bat; ekintzak zein herrialdetan garatuko diren; zer produktu mota sustatuko diren; ekintza bakoitzean nolako neurri espezifikoak gauzatuko diren eta neurri bakoitzaren kostua zein izango den; eta, ahal den neurrian, noiz gauzatuko diren. Horrekin batera, justifikatu beharko da dekretu honetako 5. artikuluan xedatutakoa betetzen dela. Halaber, memoria gehigarri bat ere aurkeztu beharko da, fakturei eta egindako ordainketei buruzko taula zehatz bat bilduko duena, baldin eta 50 faktura baino gehiago badaude edo agiri eta/edo fakturaren bat euskara eta gaztelania ez diren beste hizkuntza batean badaude.

    4. Zerbitzu profesionalak kontratatuz egindako jarduerak badira, merkataritza-akordioa egiaztatzen duen agiriaren kopia eta aurreikusitako gastuen aurrekontua aurkeztuko dira.

    5. Erantzukizunpeko adierazpena, aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla dioena eta enpresaren kategoria zein den zehazten duena, betiere aintzat hartuta Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioa, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoa. Adierazpen horretan adieraziko da, halaber, 5. artikuluko 6., 7., 8., 9., 10., 11. eta 12. paragrafoetan ezarritako baldintzak betetzen direla.

    6. Erakunde eskatzaileak laguntza kuantifikatzeko aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentazio osagarri.

  4. Diru-laguntza programaren erakunde kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko ditu Nortasun Agiri Nazionala eta foru-ogasunekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateari buruzko ziurtagiriak.

  5. Eskatzaileek beraiek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahalko dituzte laguntza-eskaera eta eskatutako agiriak. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

  6. Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko, eta adieraziko zaio, halaber, ezen horrela egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendariak ebazpena eman ondoren Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

  7. Edonola ere, nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendaritzak beharrezko iritzitako bestelako argibideak eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko.

  1. Urtero egingo da dekretu honetan arauturik dauden laguntzetarako deialdia, nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen sailaren titularraren agindu bidez. Dekretu honetan aurreikusitako sustapen-jarduerak egin behar dituztenek aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak, deialdiko ekitaldian zehar.

  2. Deialdi horretan, honako eduki hauek zehaztuko dira:

    1. Eskabideak aurkezteko epea.

    2. Eskaera-eredu onartuak, http://www.euskadi.net web orrian eskuragarri egongo direnak.

    3. Kudeaketa eta Justifikazio Prozedurari buruzko Eskuliburua, http://www.euskadi.net web orrian eskuragarri egongo dena.

    4. Guztira, laguntzak emateko bideratuko den gehieneko diru-zenbatekoa.

    5. Onuradun batek gehienez ere eskuratu dezakeen zenbatekoa, hala badagokio.

    6. Zer ekintza lagunduko den diruz, dekretu honetako 6. artikuluan aurreikusitakoen artetik.

    7. Laguntzaren zenbateko osoaren balioa, 7. artikuluko 1. paragrafoaren a) idatzi-zatian aurreikusitakoa, eremu geografikoen arabera emana.

  1. Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak osorik Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura finantzatuko dira.

  2. Aurrekontu-ekitaldi baten barruan ematen den laguntzaren bolumen osoak ezingo du gainditu deialdi-aginduan laguntzak finantzatzeko ezarritako guztizko gehieneko dotazioa, edo hori eguneratzetik ateratzen dena, betiere indarrean dagoen legediak kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko ezartzen duen araubideari jarraituz.

    Dotazio hori areagotu ahal izango da, laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, eta betiere nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen sailak beste laguntza-programa batzuk gauzatutakoan agortu gabeko aurrekonturik geratzen bada. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara hasierako dotazioa areagotzeko ebazpena, nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen sailburuordetzaren titularrak emana.

Aurrekontu-ekitaldi batean proiektu bakoitzari emango zaion zuzeneko laguntza honela ordainduko da, betiere diruz laguntzeko moduko gastuak oinarri hartuta:

  1. % 50, bi baldintza hauetakoren bat betetzen bada:

    4. artikuluko 3. paragrafoan aurreikusitako onuradunen batek eginak izan behar dira diruz lagundutako jarduerak (salbu eta onuraduna enpresa handi gisa sailkatua badago), ekintza indibidual baten edo sustapen-programa baten bidez. Ekintzok kalitate-bereizgarridun produktuak sustatu behar dituzte, jatorria Euskal Autonomia Erkidegoan dutenak.

    4. artikuluko 3. paragrafoan aurreikusitako onuradunetakoren batek eginak izan behar dira diruz lagundutako jarduerak (salbu eta onuraduna enpresa handi gisa sailkatua badago), sustapen-programa baten bidez, eta produktuen lehengaiaren % 70ek jatorria Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar du.

  2. % 30, gainerako kasu guztietan.

  1. Nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendaritzak kudeatuko ditu dekretu honetan arautzen diren laguntzak.

  2. Proiektuak balioesteko, Balioespen Batzorde bat eratuko da, hiru kide izango dituena. Hirurek bokal gisa jardungo dute, nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen sailekoak izango dira, eta haietako bat Enpresa Programaren arduraduna izango da. Beste bi bokalak, berriz, nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendaritzako teknikarien artean aukeratuko dira, eta nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendaritzako titularrak emandako ebazpen bidez izendatuko dira. Ebazpen horretan adieraziko da nor izango den idazkaria eta nor batzordeburua.

    Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko adituei eskatu ahal izango die bere bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten duenean eta mugarik gabe.

  3. Balioespen Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

    1. Aurkeztutako eskaera guztiak aztertuko ditu, eta bereizi egingo ditu araudi aplikagarria betetzen dutenak eta betetzen ez dutenak. Azken horiekin zerrenda bat egingo du, baztertzeko arrazoia zein den banan-banan adierazita.

    2. Araudi aplikagarria betetzen duten proiektuen eskaerak ebaluatuko ditu.

    3. Proposamen bat egingo du onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoari buruz.

  4. Balioespen Batzordeak ebazpen-proposamen bakarra aurkeztuko dio nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendariari. Proposamenak dekretu honetako 14. artikuluko edukia jaso beharko du, gutxienez.

  5. Balioespen Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezartzeko aukera izango du, eta arau horietan aurreikusi gabeko edozertarako, aplikagarria izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22. artikulutik 27.era bitartean xedatutakoa.

  1. Dekretu honetan araututako laguntzak esleitzeko, lehiarik gabeko eta aldi bereko konkurrentzia-prozedura bat ezarriko da urteko deialdi bakoitzean, eta, prozedura horretan, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskaerei deialdi horretako laguntzak emango zaizkie, baldin eta eskatutako baldintza objektibo eta subjektiboak betetzen badituzte.

  2. Aurkeztutako proiektu bakoitzari emango zaion laguntzaren hasierako zenbatekoa kalkulatzeko, dekretu honetako 11. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

  3. Urteko deialdiko diru-dotazioa aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera kalkulatutako zenbatekoei erantzuteko adinakoa bada, laguntzak kalkulu horren arabera emango dira.

  4. Aitzitik, dotazioa nahikoa ez bada hasiera batean kalkulatutako zenbatekoei erantzuteko, zenbateko horiek era progresibo eta uniformean murriztuko dira, denei laguntzak emateko adina, eta murrizketa horretatik ateratzen diren zenbatekoak esleituko dira.

  1. Aurkeztutako eskaerak eta agiriak aztertu ondoren, eta 12. artikuluan aurreikusitako Balioespen Batzordearen proposamena ikusita, nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendariak ebatziko du deialdia, ebazpen bakar baten bidez laguntzak emanez edo ukatuz.

  2. Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

    1. Aintzat hartutako eskaerei dagokienez:

      Onuradunen izena edo sozietatearena, eta IFK edo NAN zenbakia.

      Finantzatutako ekintzak.

      Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa.

      Diru-laguntzaren zenbatekoa.

      Betetzeko epea.

    2. Aintzat hartu ez diren eskabideei dagokienez:

      Eskabidea aurkezten duen pertsonaren edo sozietatearen izena, IFK edo NAN zenbakia.

      Laguntza ukatzeko arrazoiak.

  3. Diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko diru-laguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedura oro amaituta egotea, oraindik izapidetzen ari baldin bada.

  4. Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea gehienez sei hilabetekoa izango da, dekretu honetako 9. artikuluan aipatutako aginduak ondorioak dituenetik aurrera. Epe hori amaitu eta oraindik ez badago berariazko ebazpenik, interesdunek ulertu beharko dute ez dela onartu haien eskabidea, hala ezarritako baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 44. artikuluan.

  5. Prozeduraren ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena hartu eta hurrengo egunetik hasita, edo hiru hilabeteko epean, administrazioaren isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 114. eta 115. artikuluekin bat etorriz.

  6. Laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazteaz gainera, publikotasunaren ondorioetarako, EHAAn argitaratuko da dekretu honen babespean laguntza jasoko duten onuradunen zerrenda, nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eta horien publizitatea egiteko eskumena duen zuzendariaren ebazpen bidez, emandako diru-zenbatekoak adierazita.

Dekretu honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

  1. Laguntzaren xede diren jardueren gastua gauzatu behar dute, onarpen-ebazpenean ezarritako epean gauzatu ere.

  2. Diru-laguntza zertarako eman zaien, helburu zehatz horrexetarako erabili behar dute.

  3. Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Alde horretatik, ez badiote berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunetan, onartu egiten dutela ulertuko da.

  4. Nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi behar diote bukatu egin dituztela onartutako ekintzak, eta zuzendaritza horren esku jarri beharko dituzte beharrezkoak diren agiri guztiak, gastua egin egin dela egiazta dezan.

  5. Nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete onuradunek.

  6. Dekretu honetako 5. artikuluko 8. paragrafoan xedatutakoa betetzea ezertan eragotzi gabe, onuradunek beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote beste administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati helburu bererako, horren berri eman beharko diote nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen sailari, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi beharko diote, idazki bidez, beste diru-laguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost egun naturaletan.

  7. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri eman beharko diote idatziz nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen sailari.

  8. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluan zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte (testu hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen).

  1. Eskatzaileek eta onuradunek bide elektronikoak erabili ahal izango dituzte dekretu honen bidez deitutako laguntzak izapidetzeko. Bide horiek erabiltzea borondatezkoa izango da.

  2. Administrazio Elektronikoa arautzen duen otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta EAEko Administrazio Orokorraren erregistroen sarrerari, antolaketari eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak arautuko dute baliabide elektronikoen erabilera laguntza hauen izapidetzean.

  3. Prozedurako izapide guztiak egin ahal izango dira bide elektronikoz, prozedura bukatu arte, hau da, eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta dekretu honek berekin dakarren gainerako kudeaketak, dekretuko 21. eta 22. artikuluetan aurreikusitakoak barne direla. Eskaera egiterakoan bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeak ez du esan nahi prozeduraren hurrengo izapideetan ere nahitaez bitarteko horiek erabili behar direnik, eta, era berean, jakinarazpenak bitarteko telematikoz egiteko emandako oniritzia baliogabetu ahal izango du erakunde interesdunak. Horretarako, horren berri eman beharko dio nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendaritzari, eta jakinarazpenak jasotzeko beste leku bat adierazi beharko du, Administrazio Elektronikoa arautzen duen 21/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.

  4. Laguntzak izapidetzean bitarteko elektronikoak erabiltzeko jarraibideak eta ereduak honako helbide honetan argitaratuko dira: http://www.euskadi.net

  5. Espedientera sartzeko eta gainerako izapideak egiteko, helbide honetarako joko da: http://www.euskadi.net.

  1. Laguntzaren eskaeran baliabide elektronikoak erabiltzea lehenetsi eta onartu badu espresuki onuradunak, egintzen jakinarazpena modu telematikoan egingo da prozeduraren izapidetzean.

  2. Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko noiz eta zein ordutan jarri den eskuragarri jakinarazitako egintzaren edukia eta noiz eta zein ordutan eskuratu den eduki hori.

  3. Jakinarazpena egindakotzat joko da interesdunak edo, hala badagokio, legezko ordezkariak edo baimendunak jaso izana elektronikoki sinatu eta edukian sartzen den unean.

    Eusko Jaurlaritzak bere web orrian helburu horretarako prestatu duen helbide elektronikoan jakinarazpenaren xede den egintza interesdunaren esku jartzen denetik hamar egun natural igaro ondoren interesduna ez bada jakinarazpenaren edukian sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da. Izapidea gauzatutzat hartuko da, eta prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

  4. Nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendaritzak edozein bide elektroniko erabiliz adieraziko dio interesdunari jakinarazpena Eusko Jaurlaritzak hartarako ezarritako web-orrian dagoela. Adierazte hori informaziorako bakarrik izango da, eta ez adierazteak ez dio eragingo jakinarazpena zuzen egiteari.

Dekretu honetan ezarritako diru-laguntzen bidez finantzatu nahi diren jarduerak kasuan kasuko deialdiari dagokion urte naturalean gauzatu behar dira nahitaez.

  1. Gastuak justifikatzea.

  1. Emandako laguntza sustapen-gastuak egiteko erabili dela justifikatzeko, jarraian adierazten diren agiriak aurkeztu beharko zaizkio nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendaritzari:

    1. Azalpen-memoria, diruz lagundutako jarduera bakoitzean egindako ekintza indibidualei edo sustapen-programari buruzkoa.

    2. Kasuan kasuko foru-aldundiarekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izateari buruzko ziurtagiriak, hargatik eragotzi gabe 8. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoa betetzea.

    3. Fakturak eta, haiekin batera, 6. artikuluan zehaztutako diruz laguntzeko moduko ekintzetan egindako ordainketak justifikatzeko agiriak, bai eta 7. artikuluan ezarritako kostu diruz lagungarriak justifikatzekoak ere, taula batean xehakatuta. Kudeaketa eta Justifikazio Prozedurari buruzko Eskuliburuan jaso eta zehaztuko da zer nolako egiaztagiriak aurkeztu behar diren. Eskuliburu hori 7. artikuluan aipatzen da, eta http://www.euskadi.net web orrian argitaratuko da urtero, dekretu honetako 9. artikuluan adierazten denez.

    4. Erantzukizunpeko aitorpena, non zehaztuko den ekintzak justifikatzeko agiriak, fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako ziurtagiriak ez direla aurkeztu diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko. Aitzitik, agiri horiek aurkeztu baldin badira diruz laguntzeko moduko beste programa batzuk justifikatzeko, zehaztu beharko da programak zein diren eta, ordainketaren faktura edo ziurtagiri bakoitzari dagokionez, zein den jasotako diru-laguntzaren ehunekoa.

  2. Dekretu honetan aurreikusitako laguntza lortu eta 6. artikuluko 1. paragrafoaren B idatzi-zatiko 1. azpiatalean zehaztutako jarduera burutzen dutenek, gastua justifikatzeko agiriak dekretu honetako aurreko paragrafoan adierazitakoak aurkezteaz gainera, honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

    1. Enpresa aholkulariak egindako jarduerei buruzko azalpen-memoria, non agerian jarriko baita enpresa horrek ekintzetan parte hartu duela.

    2. Egindako gastuak justifikatzeko agiriak.

  3. Justifikazio-agiriak euroa ez den moneta batean baldin badaude, zenbatekoak eurotan kalkulatzeko, ordainagiria egin zeneko egunean zegoen truke-tasa aplikatuko da.

  4. Jatorrizko agiriak aurkeztuko dira, eta, behin egiaztatuta eta zigilatuta, itzuli egingo zaizkio onuradunari.

  5. Diru-laguntzak emateko deialdia zein ekitalditan egin den, ekitaldi horrexetan egindako jardueretako gastuak lagunduko dira diruz.

  6. Laguntzak egoki kudeatu eta ordainduko direla bermatze aldera, gastua gauzatu dela justifikatzeko agiriak aurkezteko epea onuradunak gastua bukatu eta ordaindu duen urtearen hurrengoan bukatuko da, gehienez, zehazki urte horretako otsailaren 28an.

  7. Nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendariak agiri gehigarriak eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio. Hala ere, arrazoitu egin beharko du eskaera hori.

  1. Ordainketa egiteko, aurretik gastua justifikatu beharra dago, aurreko artikuluan adierazitako agiriak aurkeztuz.

  2. Ez da ordainduko laguntzaren aurrerakinik.

  3. Onuradunei zuzenean ordainduko zaie laguntza.

  4. Gastua egiten ez bada edo gastua egin izana egiaztatzen duen agiririk aurkezten ez bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

  1. Beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo diru-laguntzaren bat ematen badu, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, dekretu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea bete behar izango dira. Ebazpena aldatzeko, nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du. Ebazpen horretan, hala badagokio, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berrira egokituko dira, eta, hala badagokio, hasiera emango zaio abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako itzultze-prozedurari.

    Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ezarritako epean egiten ez bada, edo 7.1 artikuluko epigrafeetan jasotako gastuak % 30tik gora desbideratzen badira aurrekontutik, idatziz justifikatu beharko da nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendaritzaren aurrean, eta, aldaketa horien ondorioz, diru-laguntza emateko ebazpena eman zuen organoak berak ebazpena aldatu lezake, aurretik proposamen teknikoa eginda.

  2. Gastuaren behin betiko eta benetako kostua txikiagoa baldin bada onetsitako gastuaren aurrekontua baino (aurrekontu horren arabera eman zen laguntza), emandako diru-laguntzaren zenbatekoa behar den proportzioan gutxiagotuko da, nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendariaren likidazio-ebazpen bidez, eta, ondoren, diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

  3. Onartutako proiektua bere osotasunean itxuragabetzen duen ez-betetzeren bat eginez gero, emandako diru-laguntza ezeztatu egin ahal izango da.

  1. Laguntza eskatu duen pertsonak eskaeran atzera egin ahal izango du, betiere eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Atzera egiteko asmoa idazki bidez aurkeztuko zaio nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendariari, eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du, eta laguntzari dagokion prozedura amaitutzat emango du.

  2. Onuradunak, gainera, uko egin ahal izango dio onartutako laguntzari, eta hala egin ahal izango du laguntza onartu ondoren, 15. artikuluko 3. paragrafoan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz. Uko egiteko asmoa idazki bidez aurkeztuko zaio nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen zuzendariari, eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du, eta laguntzari dagokion prozedura amaitutzat emango du.

    Behin ukoa onartuta, onuradunak hasierako ebazpenean onartu zitzaion eskubidea galduko du automatikoki, baita onartu zitzaion laguntza jasotzeko eskubidea ere.

  1. Onuradunak betetzen ez badu agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharren bat edo, hala bada, diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat, edo are proiektua partez betetzen ez badu eta, ondorioz, laguntza emateko aintzat hartutako xedea erabat hutsaltzen badu, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluan ezarritako itzultze-arrazoietako batean erortzen bada, laguntza ematea onartu zuen organoak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesduna entzunda), beste ebazpen bat emango du, eta han diru-laguntzarako eskubidea erabat edo partez galdu dela aldarrikatuko, eta, hala behar bada, jasotako laguntzak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra aginduko, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, ez dira baztertuko gainerako bidezko ekintzak. Aipatutako diru-zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

  2. Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zigor-prozedura has dezan.

  1. Dekretu honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere diru-laguntza guztien baturak gainditzen ez baditu 11. artikuluak egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituz gero, programa honen babespean emandako laguntzari kendu egingo zaio gaindikinari dagokion zenbatekoa.

  2. Aurreko paragrafoetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, dekretu honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak izango dira ardoa sustatzeko laguntzekin. Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) 45. artikuluan ezarritakoa aplikatuz ezarri ziren ardoa sustatzeko laguntzak (1308/2013 Erregelamendua, Nekazaritza-produktuen merkatuen antolamendua sortu eta honako erregelamendu hauek indargabetzen dituena: 922/72 (EEE); 234/79 (EE); 1037/2001 (EE); eta 1234/2007 (EE).

Nekazaritza-, elikagai-, eta arrantza-produktuak sustatzeko eskumena duen sailak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

Dekretu hau indarrean jarri aurretik urriaren 7ko 172/2008 Dekretuaren IV. kapituluaren babespean izapidetutako edo ebatzitako espedienteen administrazio-prozedura guztien izapidetzeak aurrera jarraituko du, amaitu arte.

Indargabetu egiten dira Nekazaritza- eta elikagai-produktuak eraldatu eta merkaturatzeko laguntzei buruzko urriaren 7ko 172/2008 Dekretuaren IV. kapitulua (Lehiatu programa) eta gainerako artikuluetan kapitulu horri buruz egiten diren aipamen guztiak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko irailaren 23an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (11)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.