Euskadi.eus
  • 80/2022 DEKRETUA, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

80/2022 DEKRETUA, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 168
  • Hurrenkera-zk.: 3803
  • Xedapen-zk.: 80
  • Xedapen-data: 2022/06/28
  • Argitaratze-data: 2022/09/01

Gaikako eremua

  • Gaia: ---
  • Azpigaia: ---

Testu legala

Etxebizitza izateko eskubidea nahitaezkoa da gizakiarentzat, funtsezko beste eskubide batzuk baldintzatzen baititu; adibidez, enplegua izatekoa, botoa ematekoa, prestazio eta zerbitzu publikoak jasotzekoa, seme-alabak eskolaratzekoa, kulturaz eta ingurumen egokiaz gozatzekoa, bizipenak senideekin eta lagunekin partekatzekoa eta beste hainbat ere, itzal handieneko doktrinak eta justizia-auzitegiek behin eta berriz nabarmendu dutenez. Etxebizitza izateko eskubideak eta eskubide hori benetan gauzatzeak bizitza duin bat eramatea errazten eta ahalbidetzen diote gizakiari.

1948an, etxebizitza lehenengo aldiz aipatu zen Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean; zehazki, 25.1 artikuluak aitortzen du pertsona orok eskubidea duela berari eta bere familiari osasuna eta ongizatea bermatzen dizkien bizi-maila egokia izateko, batez ere beharrezko dituzten elikadura, jantziak, etxebizitza, laguntza medikoa eta gizarte-zerbitzuak ziurtatzen dizkiena.

EBko Oinarrizko Eskubideen Gutunak eskubide pertsonal, zibil, politiko, ekonomiko eta sozial batzuk aitortzen dizkie EBko herritarrei eta egoiliarrei, eta Europako Erkidegoko zuzenbidean ezartzen ditu. Gutunak ez du etxebizitzarako eskubide zehatzik aipatzen, baina badago etxebizitzaren arloko laguntzarako eskubide garrantzitsu bat; zehatz-mehatz, 34.3 artikuluak adierazten du ezen, gizarte-bazterketari eta pobreziari aurre egiteko helburuarekin, gizarte-laguntza eta etxebizitzarako laguntza izateko eskubidea aitortzen eta errespetatzen duela Europar Batasunak, baliabide nahikorik ez duten guztiei bizitza duina bermatzeko, Europako Erkidegoko zuzenbideak eta estatuetako araudi eta jardunbideek ezarritako modalitateen arabera. Gutun hori Lisboako Tratatuan sartzean, lege-maila bereganatu zuen Europar Batasun osoan gizarte-laguntza eta etxebizitzarako laguntza izateko eskubideak.

Espainiako Konstituzioak, 47. artikuluan, xedatzen du espainiar guztiek etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea dutela eta botere publikoek beharrezkoak diren inguruabarrak bultzatu eta bidezko arauak ezarriko dituztela eskubide hori eragingarria izan dadin, lurzoruaren erabilera interes orokorraren arabera arautuz, espekulazioa desagerrarazteko. Gaineratzen du, erakunde publikoen hirigintza-ekintzak gainbalioak sortzen baditu, komunitateak horietan parte hartuko duela.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10.31 artikuluak autonomia-erkidegoari etxebizitza-arloan esleitzen dion eskumena egikaritzeko, Eusko Legebiltzarrak Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legea onetsi zuen, zeinaren helburua baita Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea arautzea.

Aipatutako arauak xedatzen du botere publikoek aipatutako eskubidea eraginkor egiteko neurri egokiak sustatuko dituztela, besteak beste, etxebizitzak eraikuntzaren antolamenduari buruzko legerian eta aplikatu beharreko araudi teknikoan xedatutako baldintza objektiboak bete ditzan, funtzionaltasunari, bizigarritasunari, segurtasunari eta osasungarritasunari dagokienez.

Halaber, ekainaren 18ko 3/2015 Legeak xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena dela gutxieneko bizigarritasun-baldintzak arautzea, eta administrazio publikoek onartzen dituzten plangintza-tresna guztiek nahitaez bete behar dituztela baldintza horiek.

Arauak dioenez, infraetxetzat jotzen da etxebizitzatarako izan arren gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituen eraikin edo eraikin-zati oro, aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera. Ondorio horietarako, xedatzen du udalak bizigarritasun-ezaren adierazpen bat eman beharko duela baldintza horiek betetzen ez direnean.

Kontu horri lotuta, Eraikingintzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legeari heldu behar zaio; hain zuzen ere, eraikinen eta haien instalazioen proiektuan, eraikuntzan, mantentzean, kontserbazioan eta erabileran zein lehendik ere badauden eraikinetan egiten diren esku-hartzeetan bete behar diren eraikingintzaren oinarrizko betekizunak zehazten ditu. Betekizun horiek funtzionaltasunari (espazioen dimentsioei, instalazioen zuzkidurari, irisgarritasunari), segurtasunari (egiturazko segurtasunari, sute-kasuetako segurtasunari, erabilera-segurtasunari) eta bizigarritasunari (higieneari, osasunari, ingurumenaren babesari, zarataren kontrako babesari, energia-aurrezkiari eta isolamendu termikoari) buruzkoak dira.

2006ko martxoaren 28an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako Eraikingintzaren Kode Teknikoak eta haren ondorengo aldaketek eratzen dute eraikin eraiki berrien eta haien instalazioen zein lehendik ere badauden eraikinetan egiten diren esku-hartzeen oinarrizko kalitate-eskakizunak ezartzen dituen arau-esparrua; horrela, aurreko oinarrizko betekizunak betetzea ahalbidetzen du. Zehazki, egiturazko segurtasunari, sute-kasuetako segurtasunari, erabilera-segurtasunari, irisgarritasunari, energia-aurrezkiari, zarataren kontrako babesari eta osasungarritasunari buruzko betekizunak zehazten ditu.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago gutxieneko bizigarritasun-baldintzak soilik arautzen dituen autonomia-eremuko araurik. Hala ere, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko baldintza batzuk jaso dira modu sektorialean, adibidez, xedapen hauetan: 20/1997 Legea, abenduaren 4koa, Irisgarritasuna Sustatzekoa; 68/2000 Dekretua, apirilaren 11koa, hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituena; 317/2002 Dekretua, abenduaren 30ekoa, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoa; Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria; eta 2009ko otsailaren 12ko Agindua, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, babes ofizialeko etxebizitzen diseinurako ordenantzak onartzen dituena.

Azkenik, udal-eremuan, udal bakoitzaren eraikingintzari buruzko udal-ordenantzetan onetsi dira gutxieneko bizigarritasun-baldintzak.

Aurrekoaren ondorioz, beharrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osorako etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak bateratzea, eta, aldi berean, Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legean xedatutako arau-garapena egiteko agindua betetzea.

Bizigarritasuna, etxebizitza okupatzen dutenek bertan bizi-proiektu bat garatu ahal izateko baldintza denez, oinarrizko zenbait betekizuni lotuta dago (azalerari eta garaierari, konfort termikoari, hornidurari, osasungarritasunari, argiztapen naturalari, irisgarritasunari, erabilerari eta mantentzeari dagokienez), etxebizitza bizitzaren etapa guztietara nahiz premia berrietara eta bizimodu modernoetara egokitzeko malgutasuna edo moldakortasuna ahaztu gabe.

Beraz, araudi berri honen bidez, ahalbidetzen da denboraren poderioz bizikidetza-unitate ba-koitzaren inguruabarretara egokitzen diren espazio moldakorragoak eta malguagoak sortzea, etxebizitzaren banaketak aukera eman dezan etxebizitza modu desberdinetan konpartimentutan banatzeko.

Gainera, ezinbestekoa da, bizi garen gizartean, bizigarritasunak irisgarritasun unibertsalarekin eta genero-ikuspegiarekin zerikusia duten kontuak ere aintzat hartzea.

Irisgarritasun unibertsalari dagokionez, adierazi beharra dago autonomia-erkidegoaren eremuan indarrean dagoela 20/1997 Legea (abenduaren 4koa, Irisgarritasuna Sustatzekoa). Lege horren helburua da hiri-ingurunearen, gune publikoen, eraikinen, garraiobideen eta komunikazio-sistemen irisgarritasuna bermatzea, pertsona guztiek era autonomoan erabil eta balia ditzaten, bereziki, mugikortasun murriztua, komunikatzeko zailtasunak edo beste edozein muga psikiko edo sentsorial (aldi baterakoa edo iraunkorra) dituzten pertsonek. Gaur egun arlo horretan indarrean dagoen araudian, etxebizitzatarako eraikinek errespetatu behar dituzten irisgarritasun-baldintzak jasotzen dira, baita mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzat egokitutako etxebizitzen erreserba ere.

Arauak, gaur egun indarrean dagoen araudian eraikinetarako jasotzen diren baldintzak bere egiteaz gain, etxebizitzen barruan bete behar diren irisgarritasun-irizpideak eta -baldintzak ezartzen ditu oro har, horiek legeak agintzen duen etxebizitza egokituen erreserba-zuzkidurakoak izan ez arren, gerora desgaitasunen bat sortzen denean pertsonek etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izaten jarraitu ahal izan dezaten.

Halaber, arau honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza berrien diseinuan genero-ikuspegia modu eraginkorrean txertatzea lortu nahi da, etxebizitza horietan biziko diren pertsona guztiek berdintasun-baldintzetan bizi daitezen, etxebizitza horietako espazioei eta pertsonek garatzen dituzten jarduerei dagokienez.

Azkenik, inguruabar jakin batzuetan, ahalbidetzen da bizitegi-erabilerako eraikinak ezartzeko garatzen diren proiektu berriek edo arau hau indarrean jartzen denean egiten diren birgaitze-proiektuek funtsezko elementu bihurtzea bizigarritasuna, eraikuntzaren eta bizitegi-eraikingintzaren sektorean berrikuntza eta kalitate arkitektonikoa sustatzeko.

Arau honek kokapen-baldintzak ezartzen ditu, sortzen den etxebizitza duina izan dadin, ingurunearekiko eta ingurumenarekiko harmonia eduki dezan eta neurriko baldintza ekonomikoetan erabiltzeko, mantentzeko eta gozatzeko bidea eman dezan.

Hortaz, arau hau beharrezkoa eta proportzionala da, ez baitago eskubideak gutxiago murrizten dituen neurririk edo hartzaileei betebehar gutxiago ezartzen dien neurririk, arau-esparru egonkorra, aurreikusteko modukoa, integratua, argia eta segurua bermatzeko, zeinak bere ezagutza eta ulermena erraztuko baititu, baita etxebizitzen titularrek, Administrazio Publikoek eta sektoreko enpresek erabakiak hartzea ere.

Dekretuak honako hauek ditu: azalpen-zatia, hamazortzi artikulu, xedapen gehigarri bat, lau xedapen iragankor, hiru xedapen indargabetzaile, sei azken xedapen eta lau eranskin.

  1. kapituluak, xedapen orokorrak izenburupean, ezartzen du dekretu honen xedea dela Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean dauden etxebizitzek eta zuzkidura-bizitokiek bete behar dituzten gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak finkatzea.

    Beste zehaztapen garrantzitsu batzuen artean, lehenengo kapitulu honek, seigarren artikuluan, gutxieneko bizigarritasun-baldintzak, hirigintza-plangintza, udaleko eraikuntzako ordenantzak eta hirigintza-lizentziak koordinatzeko beharrezko diren xedapenak jasotzen ditu. Gainera, etxebizitzen bizigarritasun-baldintzak errazte aldera, nagusiki bizitegi-erabilerarako diren eraikinetan, kanpoko espazio irekiak (balkoiak, logiak, terrazak eta esekilekuak, besteak beste) egongo dira, eta eraikigarritasunaren ondorioetarako ez dira zenbatuko horien lehen hamar metro karratu eraikiak etxebizitzako edo zuzkidura-bizitokiko. Halaber, definizioei buruzko eranskinean, azalera erabilgarri konputagarria eta azalera eraiki konputagarria kontzeptuak daude definituta, zeintzuen bitartez argitzen baitira eraikigarritasunaren ondorioetarako zenbaketan kontuan hartzen diren egoerak. Besteak beste, aurreikusten da babes publikoko etxebizitzetan kanpoko espazio irekien (balkoiak, terrazak, logiak edo esekilekuak) azalera erabilgarria ez dela zenbatuko babes publikoko etxebizitzaren kalifikazioa emateko.

    Era berean, arau honen xedea da zuzkidura-bizitokiek eta babes publikoko etxebizitzek beren kalifikazioari begira bete behar dituzten diseinu-arauak zehaztea.

    Zuzkidura-bizitoki terminoa 39/2008 Dekretuan (martxoaren 4koa, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa) agertzen da lehendabizikoz. Horrela, zuzkidura-bizitokiak diseinatzeko arauak jaso ziren dekretu horren hirugarren xedapen gehigarrian. Garai hartan, zuzkidura-bizitokiek bete beharreko baldintzatzat jo ziren diseinu-arau horiek, baina barne hartzen zituzten bai arau honetan gutxieneko bizigarritasun-baldintzatzat hartzen direnak, bai beste baldintza mota batzuk. Ildo horretatik, arau honek diseinu-arauen kontzeptua aldatzen du, eta, beraz, arau horietan jada ez dira biltzen gutxieneko bizigarritasun-baldintzak, eta baldintza horiek diseinu-arauetatik bereizten ditu, zeinak, arau honen ondoreetarako, bizigarritasun-ezaren adierazpena jaso ezin duten baldintzatzailetzat hartuko baitira. Horren guztiaren xedea da errazago uler dadila zein baldintzatan eman daitekeen bizigarritasun-ezaren adierazpena bizigarritasun-baldintzak ez betetzeagatik.

    Babes ofizialeko etxebizitzen diseinu-arauei dagokienez, Dekretuaren IV. eranskinak, definizioei buruzkoak, babes publikoko kalifikazioa terminoa txertatzen du. Administrazio-adierazpena da, egiaztatzen duena babes publikoko etxebizitza bat eraikitzeko proiektuak bete egiten dituela bai etxebizitza guztietarako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak (I. eranskina), bai diseinu-arauak (II. eranskina), bai etxebizitza babestuen arloan indarrean dagoen gainerako araudia.

    Definizio horrek Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoa errespetatzen du, eta harekin bat dator; izan ere, bertan adierazita zegoen babes ofizialeko etxebizitzek babes ofizialeko etxebizitzak diseinatzeko ordenantzetan ezarritako ezaugarri teknikoak izan behar zituztela.

    Aurrekoarekin lotuta, II. kapituluak erregulatu egiten ditu etxebizitzek oro har (sustapen publiko nahiz pribatukoek, libreek nahiz babestuek) bete behar dituzten gutxieneko bizigarritasun-baldintzak; izan ere, honen bitartez, baldintza duinak bermatu nahi zaizkie autonomia-erkidego honetan dauden etxebizitzen erabiltzaileei, beren bizi-proiektua behar bezala garatu dezaten.

    Halaber, arauak, etxebizitzen gutxieneko bizigarritasun-baldintzen artean, etxebizitzok hartzen dituzten eraikinetan ezarri behar diren neurriak edo baldintzak ezartzen ditu; izan ere, elementu hori ezin da haietatik banandu, ezin baita bizigarritzat jo egiturazko segurtasunari, osasungarritasunari eta irisgarritasunari dagokienez gutxieneko baldintza batzuk betetzen ez dituen etxebizitzarik.

    Arauak ezartzen duenez, dekretu honen I. eranskinean ezarritako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak bete beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza guztiek etxebizitza kolaboratiboek izan ezik eta horietan egiten diren birgaitze-obrek.

    Hala ere, kontuan hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza-parkearen bereizgarri direla antzinatasuna eta horrekin lotutako arazoak (hala nola irisgarritasun edo energia-efizientziarik eza), eta horrek zaildu egiten duela etxebizitza horiek egungo araudiaren eskakizunetara egokitu ahal izatea, araubide iragankor bat ezartzen da dekretu hau indarrean jarri aurretik eraikitako etxebizitzetarako. Etxebizitza horiei aurretik emandako lizentziarekin bat etortzea eskatuko zaie, eta, lizentziarik izan ezean, etxebizitza eraiki zen urteko araudiaren arabera zehaztutako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak bete beharko dituzte. Era berean, araubide iragankor bat ezartzen da zuzkidura-bizitokiei buruzko araudia aplikatzeko.

    Aurrekoarekin bat etorriz, arauak kasu hau ere aurreikusten du: zenbait etxebizitza eta zuzkidura-bizitokiri, dekretu honen ondoren eraikiak izan arren, aurreko araudia aplikatuko zaie. Dekretua indarrean jarri aurretik obra-lizentzia eskatu zuten etxebizitza eta bizitokiak dira, eta aurreko egoeratik arauketa berrira ahalik eta hobekien egokitzeko egiten da salbuespena.

    Aitzitik, arau honen iragankortasunak eragindako etxebizitzak eta bizitokiak birgaitzeko jarduketetarako, ezartzen da arau honen I. eranskineko gutxieneko bizigarritasun-baldintzak lortzera bideratuta egon beharko dutela. Horrela, arauaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza guztiak dekretu honetan ezarritako gutxieneko bizigarritasun-baldintzetara egokitzea; eta, aldi baterako, araubide alternatiboa aplikatzen zaie baldintza horiek bete ezin dituzten etxebizitzei. Baina arauak ez du helburu hori ahazten, eta birgaitze-obrak ere argigarriak dira zentzu horretan; izan ere, lehen aukera dekretu honetan ezarritako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzera bideratuta egongo da beti.

    Era berean, egungo etxebizitza-parkearen egoera zein den jakinda, lehen aipatu bezala, eta eraikuntzaren sektorean jasangarritasuna eta berrikuntza sustatzeko egiten ari diren ahaleginak kontuan hartuta, arauak tresna bat gaitzen du, kasu jakin batzuetan bizigarritasunari dagokionez ezartzen dituen betekizunetako bat salbuestea erabaki ahal izateko.

    1. kapituluak bizigarritasun-ezaren adierazpena arautzen du; tresna horren arabera, udalak esku hartzeko aukera izango du etxebizitza edo zuzkidura-bizitoki batek aplikatu behar zaizkion gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituen kasuetan, Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak horretarako izendatutako erakunde eskuduna da eta.

      Ildo horretatik, dekretu honetan ezarritako gutxieneko bizigarritasun-baldintzez gain, arauak ahalmena ematen die udalei, udal-ordenantzen bidez, Dekretuan ezarritakoak baino bizi-garritasun-baldintza zorrotzagoak ezartzeko, babes ofizialeko etxebizitzen gutxieneko bizigarritasun-baldintzei eta horien zein zuzkidura-bizitokien diseinu-arauei dagokienez izan ezik.

      Hala ere, bizigarritasun-ezaren balizko adierazpen bati begira, arauak bereizketa egiten du dekretu hau ez betetzeari eta udal-ordenantzetan xedatutakoa ez betetzeari dagokienez. Hala, dekretu honetan ezarritako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen ez direnean, Udalak bizigarritasun-ezaren adierazpena egingo du, Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 60.3 artikuluan xedatutakoaren arabera. Udalek erregelamendu bidez zehazten dituzten bizigarritasun-arauak urratzen badira, berriz, udalek etxebizitzen edo zuzkidura-bizitokien bizigarritasun-ezaren adierazpena egin ahal izango dute.

      Azkenik, IV. kapituluak adierazten du udalari dagokiola, hirigintza-legerian xedatutakoaren arabera, gutxieneko bizigarritasun-baldintzen betearazpena fiskalizatzea, nahiz eta erantzukizun hori, subsidiarioki, Eusko Jaurlaritzan etxebizitzaren arloan eskumena duen organoari egokitu ahal zaion.

      Era berean, kontuan hartuta Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legean, besteak beste, infraetxeari, etxebizitzaren erabilera desegokiari eta bizigarritasun-baldintzei buruzko arau-hausteak jasotzen direla, arauak adierazten du arau honetan ezarritakoa ez betetzeak bertan xedatutako zehapen-araubidea aplikatzea ekarriko duela.

      Azkenik, adierazi behar da dekretu honen formulazioak eta izapidetzeak bete egiten dutela Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 21. artikulura bitartean ezarritakoa, baita Gobernu Kontseiluak 2012ko abuztuaren 21eko erabakiaren bidez onartu zituen jarraibideak ere, generoaren araberako eragina aurrez ebaluatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriak desagerrarazteko eta berdintasuna sustatzeko neurriak jasotzeko.

      Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoarekin bat etorriz, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko ekainaren 28an egindako saioan aztertu eta onartu ondoren, honako hau

    1. Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean dauden etxebizitzek, zuzkidura-bizitokiek eta horiek hartzen dituzten eta nagusiki bizitegi-erabilera duten eraikinek bete beharreko gutxieneko bizigarritasun-baldintzak zehaztea, duinak, egokiak eta irisgarriak izango direla bermatzeko.

    2. Arau honen xedea da, halaber, zuzkidura-bizitokiek eta babes publikoko etxebizitzek bete behar dituzten diseinu-arauak zehaztea. Azken horien kasuan, babes publikoko kalifikazioaren ondoreetarako soilik.

    Dekretu honen aplikazioaren ondoreetarako, arau honen IV. eranskinean termino bakoitzari esleitzen zaion esanahia kontuan hartuz erabili behar dira Dekretuan agertzen diren terminoak.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eta arau honetan arautzen diren etxebizitzek eta zuzkidura-bizitokiek bete behar dituzten gutxieneko bizigarritasun-baldintzak honako printzipio orokor hauetan oinarritzen dira:

      1. Jasangarritasun sozialaren printzipioa, etxebizitzaren tamaina pertsona, familia edo bizikidetza-unitate hartzailearen ezaugarrietara egokitzeari dagokionez.

      2. Gizonen eta emakumeen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa, irisgarritasunari, kokapenari, instalazioei eta ekipamenduari dagokienez.

      3. Moldakortasunaren printzipioa, etxebizitzak funtzio anitzetara eta erabiltzaileen bizitegi-premia aldakorretara egokitzeari dagokionez.

      4. Etxebizitza osasungarriaren printzipioa, argiztapenari eta aireztapenari dagokienez.

      5. Ingurumen-jasangarritasunaren printzipioa, honako hauen arabera: energia-efizientzia, CO2 emisioen murrizketa, konfort termikoa, zarataren aurkako babesa, ekonomia zirkularra eta hondakin gutxiago sortzea, etxebizitzaren bizitza baliagarriaren ziklo osoa kontuan hartuta.

    2. Era berean, honako printzipio hauek arautzen dituzte etxebizitzek eta zuzkidura-bizitokiek izan behar dituzten gutxieneko bizigarritasun-baldintzak, zaharberritu behar direnean:

      1. Ez okerragotzearen printzipioa; horren arabera, proposatzen den erreformak ezin ditu lehendik dauden bizigarritasun-baldintzak eta -betekizunak okerragotu, ezta proposatzen den birgaitzeak lehendik ere badagoen etxebizitza zatitzea dakarrenean ere.

      2. Proportzionaltasunaren printzipioa; eskatutako esku-hartzearen irismenaren eta horrek gutxieneko bizigarritasun-baldintzei dakarkien hobekuntzaren arteko erlazioari buruzkoa da; alegia, eskatutako betekizunak ezin du ekarri bizigarritasunaren hobekuntzarako proportzionala ez den edo hobekuntza ekonomikoki bideraezina egiten duen kosturik.

      3. Esku-hartze ezaren printzipioa; horren arabera, eraikinean edo etxebizitzan esku-hartze partzial bat egiteak ez du esan nahi eraikin edo etxebizitza osoan esku-hartzerik egin behar denik.

      4. Bateraezintasunaren printzipioa, ezarritako betekizuna betetzea ezinezkoa denean, eraikin osoa edo haren zati bat katalogazio- edo babes-araubide baten menpe dagoelako.

    1. Dekretu honetako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak aplikatu behar zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean dauden etxebizitza eta zuzkidura-bizitoki guztiei, bai horiek hartzen dituzten eraikinei ere, sustapen publikokoak zein pribatukoak, librekoak nahiz babestukoak izan.

    2. Dekretu honetan ezarritako diseinu-arauak aplikatuko zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko babes publikoko etxebizitzei, babes publiko etxebizitzaren kalifikazioari begira, baita zuzkidura-bizitokiei ere.

    3. Bizitegi-erabilera duten eraikinei, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen arabera babestuta daudenei; edo Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 76. artikuluan aurreikusitako ondasun babestuen katalogo batean sartuta daudenei; eta, etxebizitzak edukirik, edozein araudi sektorialek babestutako eraikinei dekretu honetan xedatutako bizigarritasun-baldintzak aplikatuko zaizkie, eta baldintzok euren babes-araubidera egokituko dituzte.

    1. Etxebizitzen edo zuzkidura-bizitokien jabeak diren pertsona fisikoek edo juridikoek, publikoak zein pribatuak izan, nahitaez mantendu behar dituzte ondasun horiek segurtasun, osasungarritasun, energia-efizientzia, txukuntasun eta apaintasun publikoko egoera onean, zor den gisan; hala, kontserbatzeko edo hobetzeko behar diren lanak eta obrak egingo dituzte, dekretu honetan xedatzen diren bizigarritasun-baldintzak betetzeko.

    2. Baldintza hori betetzeko, eraikinen jabeek eraikinak kontserbatzeko edo hobetzeko behar diren lanak eta obrak egingo dituzte, etxebizitzarako Eraikinaren Liburua arautzen duen urriaren 21eko 250/2003 Dekretuan araututako Eraikinaren Liburuan edo, horrelakorik ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen ikuskapen teknikoari (EIT) buruzko uztaileko 24ko 117/2018 Dekretuan arautzen den Erabilera eta Mantentze Planean aipatutako jarduketen bitartez.

    3. Erabiltzaileen betebeharra da, jabeak izan edo ez, eraikinak edo haien zati bat egoki erabiltzea, aurreko apartatuan adierazitako dokumentazioan bildutako erabilera- eta mantentze-jarraibideekin bat etorriz.

    4. Etxebizitzaren gainokupazioa etxebizitzen erabilera anomalo bat da, eta ez du betetzen haien funtzio soziala. Etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien erabiltzaileek, jabeak izan edo ez, gainokupazioa saihesteko beharrezko diren neurriak hartu behar dituzte.

    5. Etxebizitza edo bizitoki bat gainokupatutzat joko da, bertan bizi diren lagunen kopurua handiagoa denean ratio hauen arabera dagokiona baino:

      1. Etxebizitza batean pertsona 1 bizi bada, etxebizitzak 25 metro karratu erabilgarriko azalera eduki beharko du gutxienez.

      2. Etxebizitza batean 2 pertsona bizi badira, etxebizitzak 35 metro karratu erabilgarriko azalera eduki beharko du gutxienez.

      3. Etxebizitza batean 3 pertsona bizi badira, etxebizitzak 50 metro karratu erabilgarriko azalera eduki beharko du gutxienez.

      4. Etxebizitza batean 4 pertsona bizi badira, etxebizitzak 60 metro karratu erabilgarriko azalera eduki beharko du gutxienez.

      5. Etxebizitza batean 5 pertsona edo gehiago bizi badira, etxebizitzak honako formula hau aplikatuta lortzen den azalera erabilgarriaren berdina edo handiagoa eduki beharko du: A20+{10xN) (N = pertsona kopurua; eta S = etxebizitzak izan beharreko gutxieneko azalera erabilgarria). Baldintza hori betetzen ez bada, etxebizitza gainokupatuta dagoela ulertuko da.

        Horretarako ez dira kontuan hartuko terrazen, balkoien eta esekilekuen azalerak.

        I. eranskineko I-C.2.4 apartatuko xedapenen arabera, zuzkidura-bizitokien edo etxebizitza kolaboratiboen eraikinak zerbitzu komunak baditu, 5 metro karratu murriztuko dira aurreko apartatuan adierazitako azalerak.

    1. Dekretu honetan xedatutako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak nahitaez bete behar dituzte beste administrazio publiko batzuek onesten dituzten plangintza-tresnek eta hirigintza- zein eraikingintza-arloko udal-ordenantzek.

    2. Udalek, beren eraikuntza-ordenantzen bidez, Dekretu honetan ezarritakoak baino bizigarritasun-baldintza zorrotzagoak eskatu ahal izango dituzte. Nolanahi ere, babes publikoko etxebizitzak edo zuzkidura-bizitokiak direnean, udal-ordenantzen bidez ezein kasutan ezin izango dira inola ere aldatu dekretu honen I. eranskinean ezarritako bizigarritasun-baldintzak, ezta II. eranskineko diseinu-arauak ere.

    3. Hirigintza-plangintzako tresnek barne hartzen badituzte, besteak beste, jarduketa integratuei lotutako hiri-lurzoruetan eta lurzoru urbanizagarrian bizitegi-garapen berriak egiteko eremuen antolamendu xehatuari buruzko zehaztapenak, memorian justifikatu beharko dute haien diseinuak arau honen I. eranskinean jasotako baldintzak betetzea ahalbidetzen duela. Era berean, eskakizun hori aipatutako hirigintza-plangintzako tresnen eraikuntza-araudian sartuko da.

    4. Plan bereziak onartzea nahitaezkoa den eremuen kasuan, plan horietan jasoko dira arau honetan ezarritakoaren arabera aplikatu beharreko gutxieneko bizigarritasun-baldintzak.

    5. Etxebizitzen bizigarritasun-baldintzak errazte aldera, nagusiki bizitegi-erabilerarako diren eraikinetan, hirigintza-plangintzan ezarritako bolumen eta profil eraikiak edo eraikigarriak kanpoko espazio irekiak barne hartuko ditu, hala nola balkoiak, logiak, terrazak edo esekilekuak, eta eraikigarritasunaren ondorioetarako ez dira zenbatuko horien lehen hamar metro karratuak etxebizitzako edo zuzkidura-bizitokiko.

    6. Arau honetan adierazitako baldintzak betetzea edo justifikatzea artikulu honetan jasotako plangintza orokorreko eta garapeneko tresnak onartzeko prozeduretan jasota geratuko da.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza eta zuzkidura-bizitoki guztiek, baita horiek hartzen dituzten eraikinek ere, dekretu honen I. eranskinean xedatutako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak bete beharko dituzte, etxebizitza kolaboratiboek izan ezik; azken horiek, haien ezaugarriak direla medio, I. eranskinean zuzkidura-bizitokietarako ezarrita dauden arauak bete beharko dituzte, haien erabilera- eta jabetza-araubidea edozein direla ere.

    2. Era berean, aurreko apartatuan aipatutako etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak birgaitzeko jarduketek dekretu honen I. eranskinean jasotako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak bete beharko dituzte.

    3. Hala ere, arau hau indarrean jarri aurretik eraikitako etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak dekretu honen bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera arautuko dira.

    1. Arau honetan xedatutako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eraikin berriak altxatzeko edo etxebizitzak birgaitzeko behar diren dokumentu teknikoek Eraikingintzaren Kode Teknikoan edo hori ordezten duen araudian jasotako xedapenak bete beharko dituzte, bereziki haien edukiari dagokionez.

    2. Nolanahi ere, eta arau hau betetzeari dagokionez, dokumentu horiek III. eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko dute udalaren obra-lizentzia eskatzeko:

    1. Babes publikoko etxebizitzek, babes publikoko kalifikazioa lortzeko bakarrik, dekretu honen II. eranskineko diseinu-arauak bete beharko dituzte.

    2. Kalifikazio hori eskatzen duten pertsonek dekretu honen III. eranskinean xedatutakoa jaso beharko dute eraikuntza-proiektuetan.

    3. Halaber, II. eranskinak zuzkidura-bizitokien diseinu-arauak ezartzen ditu.

    1. Etxebizitza edo zuzkidura-bizitokia kokatuta dagoen udalak, lizentzia-eskabideko interesdunak eskatu ondoren, hurrengo apartatuan ezarritako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzetik salbuetsi ahalko du.

      Era berean, Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen sailak gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzetik salbuetsi ahalko du, berak sustatutako babes publikoko etxebizitzen edo zuzkidura-bizitokien kasuan.

    2. Hauek dira gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzetik salbuesteko kasuak:

      1. Lehendik dauden eraikinen birgaitze integraleko proiektuen ondoriozko etxebizitzak edo orubetan, hiri-eremuetan eta finkatuta dauden eremuetan eraikitzeko proiektuetakoak, baldin eta lehendik dauden eraikinen edo lurzatien morfologia berezi eta konplexuagatik ezinezkoa bada arau honetan jasotako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak betetzea, betiere hirigintza-plangintzak aldez aurretik hala aurreikusten badu.

      2. Bizitegi-erabilerarako lehendik dauden eraikinen birgaitze integrala egiteko nahiz bizitegi-erabilerarako eraikin berriak eraikitzeko proiektu berritzaileen ondoriozko etxebizitzak.

    3. Ezin izango dira inola ere salbuetsi Eraikingintzaren Kode Teknikoan jasotako baldintzak eta arau honetan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien irisgarritasunari, gutxieneko azalerari eta gutxieneko garaiera libreari buruz ezarritako baldintzak.

    4. Proiektu bat berritzailetzat joko da baldin eta izaera ofizialeko ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-programaren batean sartuta badago, eta programa hori komunitate zientifikoak, esparru akademikoak, Europako erakundeek edo I+G+B arloko beste programa publiko batzuek bermatzen badute; edo, bestela, sektore publikoko kontratazioari buruzko araudiarekin bat datorren epaimahaiaren esku-hartzea duen lizitazio publiko baten ondorio bada, hala nola ideia-lehiaketa, proiektu-lehiaketa edo antzekoren baten ondorio, betiere xede espezifikoa etxebizitzaren edo arkitekturaren arloko berrikuntza eta esperimentazioa denean.

    5. Dagokion udalak, eskatzaileak salbuespena justifikatu ondoren eta obra-lizentzia eman aurretik, gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzetik salbuestea ebatzi ahal izango du. Hala ere, ebazpen hori ez da loteslea izango Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean etxebizitzaren arloko eskumena duen organoak eman beharreko babes publikoko kalifikazioari dagokionez.

    6. Salbuespenaren eskatzaileek kasuan kasuko memorian adierazi beharko dituzte eragindako bizigarritasun-baldintzak, alegatutako salbuespen-arrazoien justifikazioa, salbuespen-eskabidearen xede diren bizigarritasun-elementuak eta -baldintzak, eta elementu salbuetsien ordez hartu beharreko neurriak. Halaber, salbuespenari buruzko justifikazioa apartatu espezifiko batean jaso beharko da eraikuntzarako edo birgaikuntzarako behar diren dokumentu teknikoetan (oinarrizko proiektua, egikaritze-proiektua eta obraren amaierako dokumentazioa).

    Dekretu honetan ezarritako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitza-eraikin guztiak edo eraikin-zati guztiak joko dira infraetxetzat.

    Bizigarritasun-ezaren adierazpena administrazio-egintza bat da, zeinaren bidez egiaztatzen baita etxebizitza edo zuzkidura-bizitoki bat ez dela egokia giza bizitoki izateko, ez dituelako betetzen ez dekretu honetan ez udal-ordenantzetan ezarritako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak. Azken horiek dekretu honen 6.2 artikuluan ezarritakoaren araberakoak izango dira.

    1. Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 60.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, dekretu honetan ezarritako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak ez betetzeagatik infraetxea dela ebazten denean, etxebizitza edo zuzkidura-bizitokia kokatuta dagoen udalerriko udalak etxebizitza horren bizigarritasun-ezaren adierazpena egingo du.

    2. Era berean, etxebizitza edo zuzkidura-bizitokia kokatuta dagoen udal-mugarteko udalak bizitzeko desegokitzat jo ahalko ditu etxebizitzak edo bizitokiak, inguruabar hauetako bat gertatzen denean:

      1. Etxebizitza edo bizitokia erabiltzea arriskutsua izatea pertsonen segurtasunerako edo osasunerako.

      2. Udal-ordenantzek erregelamendu bidez zehazten dituzten bizigarritasun-baldintzak ez betetzea.

    3. Artikulu honetan jasotakoaren ondoreetarako, etxebizitza edo bizitoki bat erabiltzeak pertsonen segurtasuna edo osasuna arriskuan jartzen duela ulertuko da osasungarritasun-baldintzak betetzen ez direnean. Halakotzat hartuko da, adibidez, pieza bizigarrietan kaltegarriak izan daitezkeen hezetasunak egotea, ur-horniduren eta hustubideen barne-sareek akatsak izatea, eta higiezineko bizilagunen osasunerako kalteak edo arriskuak eragiten dituen beste edozein inguruabar.

    1. Udal Administrazioak aurreko artikuluan adierazitako bizigarritasun-ezaren kasuren baten berri duenean, ofizioz, dagozkion ikuskapen-eskumenen bidez, edo interesdunek eskatuta, edo herritarrek salaketa jarrita, bizigarritasun-eza adierazteko espedientea has dezake.

    2. Prozedura interesdunek eskatuta hasten bada, idazkian jasoko dira higiezinaren identifikazio-datuak, eta bizigarritasun-ezaren adierazpena oinarritzen duten arrazoiak eta bizilagunen zerrenda (edukitza-titulua edozein dela ere), baita higiezinaren gaineko eskubide errealen titularrena ere, halakorik balego.

    3. Hasteko idazki horrekin batera, teknikari eskudun batek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, bat etorriz Eraikingintzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legean jasotakoarekin. Ziurtagiri horretan, bizigarritasun-ezaren adierazpena eskatzeko arrazoia justifikatuko da, eta egiaztatu beharko da, halaber, eskaera egiten den unean etxebizitzak, bere ustez, segurtasun- eta bizigarritasun-baldintza nahikoak betetzen dituen okupatzaileek dagokion erabakia hartu arte bertan jarraitzeko.

    4. Espedientea hasitakoan, jabeari, bizilagunei eta higiezinaren gaineko eskubide errealen titularrei, halakorik balego, erabakiaren berri emango zaie, eta udaleko txosten teknikoak helaraziko zaizkie, hamar eta hamabost egun arteko epean beren eskubideen aldeko agiriak eta justifikazioak alegatu eta idatziz aurkez ditzaten. Epe hori emandako epearen erdian luzatu ahal izango da.

    5. Interesdunek aurkeztutako txosten teknikoan alegatzen bada berehalako arriskua dagoela eta horrek pertsonei kalte egin diezaiekeela, ikuskapen teknikoa egiteko aginduko da, eta, hori eginda, bidezkoa dena erabakiko da higiezinaren bizigarritasunari eta okupatzaileek higiezina uzteari dagokienez. Espedientea izapidetzen den bitartean, behar beste aldiz egin ahal izango da ikuskapena.

    6. Espedientea amaituta, udal-zerbitzu eskudunek behin betiko ebazpena emateko eskumena duen organoari helaraziko diote proposamena. Proposamen hori hamar eguneko epean idatzi beharko da, udal-txosten teknikoa espedienteari erantsi zitzaionetik zenbatzen hasita. Nolanahi ere, etxebizitzaren bizigarritasun-ezari buruzko ebazpena ezin izango da sei hilabetez baino gehiagoz luzatu, prozedura hasi zenetik aurrera.

    7. Espedientearen ebazpenak erabaki hauetakoren bat jaso beharko du:

      1. Etxebizitza behin-behinean bizigarria ez dela ebaztea, baldin eta bizigarritasun-ezaren egoera konpon badaiteke.

      2. Etxebizitza behin betiko bizigarria ez dela ebaztea.

      3. Etxebizitzan bizigarritasun-eza adierazteko egoerarik ez dagoela ebaztea.

    8. Behin-behineko bizigarritasun-eza adierazten duen udalaren ebazpenean ezarriko dira etxebizitzak edo bizitokiak bizigarritasuna berreskuratzeko beharrezkoak diren baldintzak, eta kasu bakoitzaren araberako gehieneko epea emango du interesdunek baldintza horiek bete ahal izan ditzaten.

    9. Udalak egiaztatu beharko du behin-behineko bizigarritasun-ezaren adierazpenean xedatutako neurriak hartu direla hartarako emandako epean, dela neurri horiek hartzeko arduradunak aurkeztutako dokumentazioaren bidez, dela etxebizitza edo bizitokia bisitatuz.

    10. Neurriak hartu izanaren egiaztapena egiteko, behartuta dagoenak agiriak aurkeztu behar baditu, dokumentazio horretan egon beharko da, gutxienez, teknikari eskudun batek sinatutako txostena, Eraikingintzaren Antolamenduari buruzko Legean jasotakoaren arabera.

    11. Aurreko bi apartatuetan adierazitakoa betez, udalak egiaztatu duenean etxebizitza edo zuzkidura-bizitokia bat datorrela arau honetan xedatutako bizigarritasun-baldintzekin, bizigarritasun-ezaren adierazpena ondoriorik gabe uzteko eta etxebizitza okupatzea ahalbidetzeko ebazpena emango du.

    12. Hala ere, udal-ebazpenean ezarritako epea igaro eta interesdunak ez baditu eskatutako jarduketak egin, udal-organo eskudunak, bizigarritasuna berreskuratzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea justifikatzen duen txostena egin ondoren, beste ebazpen bat emango du behin betiko bizigarritasun-eza adierazteko.

    13. Bizigarritasun-ezaren adierazpena behin betikoa bada eta administrazio-bidean irmoa, behar diren esku-hartze neurriak hartuko dira higiezina berriz ere bertan bizitzeko modukoa izateko, lehentasuna emanez beharrezko diren sustapen-, birgaitze- eta laguntza-neurriei; eta, bitarte horretan, aukera izango da egikaritze-aginduekin aurrera jarraitzeko, edo, hala badagokio, aurri-egoeraren adierazpena egiteko, baita nahitaezko desjabetze, salmenta edo ordezpena ebazteko ere, funtzio soziala betetzen ez bada. Edonola ere, beti errespetatu behar da etxebizitza legez okupatzeko eskubidea, Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legean eta hura garatzeko ezarriko den araudiaren arabera.

    14. Behin-behinean ez-bizigarri deklaratzen diren etxebizitza edo bizitokietan, oro har, jendea bizi ahal izango da, harik eta udalak behin betiko bizigarritasun-ezaren adierazpena ematen duen arte. Hala ere, bertan bizi diren pertsonentzako arriskua badago, udalak, arriskuaren berri duen lehen unetik, haren erabilera eten beharko du kautelaz, behin-behineko bizigarritasun-ezaren adierazpena eman aurretik, baita administrazio-espedientea hasi aurretik ere, betiere betetzen badira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 56.2 artikuluan ezarritako baldintzak.

    Bizigarritasun-ezaren adierazpenak, gutxienez, datu hauek zehaztu behar ditu:

    1. Etxebizitzaren helbidea eta kokapena identifikatzeko datuak.

    2. Etxebizitzaren titularra edo titularrak identifikatzeko datuak.

    3. Hala badagokio, bizigarritasun-ezaren adierazpena eragin duen egoeraren erantzulea edo erantzuleak identifikatzeko datuak.

    4. Bizigarritasun-ezaren adierazpena justifikatzeko arrazoiak.

    5. Bizigarritasun-eza behin-behinekoa bada, bizigarritasun-ezaren egoera lehengoratzeko hartu behar diren neurriak, emandako epea eta aipatutako neurriak gauzatzeko arduraduna identifikatzeko datuak.

    Etxebizitza edo zuzkidura-bizitokia kokatuta dagoen udal-mugarteko udalari egokituko zaio arau honetan araututako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen diren fiskalizatzea, eta, subsidiarioki, Eusko Jaurlaritzan etxebizitza-arloko eskumena duen organoari.

    1. Etxebizitzen gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, teknikari eskudun batek txostena idatzi beharko du, Eraikingintzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legean jasotakoaren arabera, Dekretu honen eranskinean edo, babes publikoko etxebizitza denean, etxebizitza kalifikatzeko ebazpenean jasotakoa oinarri hartuta.

    2. Eraikinaren ikuskapen teknikoaren (EIT) txosten bidez, eta, hala badagokio, hutsak zuzentzeko ziurtagiri bidez (Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen ikuskapen teknikoari buruzko uztailaren 24ko 117/2018 Dekretuan jasotako baldintzetan egin eta erregistratutakoak) egiaztatu ahal izango da etxebizitzaren bizigarritasun-baldintzak betetzen direla, kontserbazioari, segurtasunari, iragazgaiztasunari eta egitura-finkapenari dagokienez.

    Dekretu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzeak Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legean edo hori ordezten duen arauan ezarritako zehapen-araubidea aplikatzea ekarriko du.

    Lanerako espazioak dituzten eta etxebizitza produktibotzat hartzen diren etxebizitzak babes publikoko etxebizitza gisa kalifikatu ahal izango dira, arau honen II. eranskinean ezarritakoaren arabera. Era berean, etxebizitza horiek Etxebideren erregistroan behar bezala inskribatutako etxebizitza-eskatzaileei esleitu ahal izango zaizkie lehentasunez, baldin eta etxebizitza-erabilerarekin bateragarria den lanbide-jarduera bat egiten badute eta etxebizitza mota hori berariaz eskatzen badute, betiere abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuan, kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzari buruzkoan eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoan, ezarritako esparruaren barruan, edo hura ordezten duen araudiaren barruan.

    LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

    1. Dekretu hau indarrean jarri ondoren onesten diren hirigintza-plangintzako tresna eta ordenantza guztiak egokitu egin beharko dira dekretu honek ezartzen dituen gutxieneko bizigarritasun-eskakizunetara.

    2. Bestalde, indarrean jarraituko dute dekretu hau indarrean jarri aurretik onartutako hirigintza-plangintzako tresnek. Hala ere, arau hau osorik betetzearen eta plangintza horren artean bateraezintasunik balego, dekretu hau betetzea gailenduko da, I. eranskineko A-I.A.2 apartatua izan ezik, eta 10.1 artikuluari heldu ahal izango zaio dekretu hau partzialki betetzeko, bateragarria baita aldez aurretik onartutako plangintzarekin. Halakoetan, ez da beharrezkoa izango salbuespen-aukera hori bertan jasotzea.

      BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

    1. Egonkortasunari, segurtasunari, iragazgaiztasunari eta egitura-finkapenari dagokienez oinarrizko baldintzak betetzen dituzten etxebizitzek gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen dituztela ulertuko da, baldin eta dekretu hau indarrean jarri aurretik udal-lizentzia badute.

      Hala ere, aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera lizentziarik ez duten etxebizitzek egonkortasunari, segurtasunari, iragazgaitasunari eta egitura-finkapenari dagozkien oinarrizko baldintzak bete beharko dituzte, eta, gainera, eraikitze-urtearen arabera indarrean dagoen araudia bete beharko dute. Zehazki, hau izango da etxebizitza horien erregimena:

      1. 1944ko martxoaren 1a baino lehen eraikitako etxebizitzek ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren IV. eranskineko xedapenak bete beharko dituzte.

      2. 1944ko martxoaren 1etik 2002ko abenduaren 31ra bitartean eraikitako etxebizitzek 1944ko otsailaren 29ko Aginduan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Agindu horren bidez, etxebizitzek izan behar dituzten gutxieneko higiene-baldintzak zehazten dira, eta etxebizitzek kontserbazio-egoera onean egon behar dutela xedatzen da.

      3. 2003ko urtarrilaren 1etik arau hau indarrean jarri arte eraikitako etxebizitzek Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren III. eta IV. eranskinetako xedapenak bete beharko dituzte (eraikin batek, egitura eta eraikuntza aldetik egokia izateko, bete behar dituen baldintza orokorrak, eta etxebizitzen gutxieneko bizigarritasun-baldintzak).

    2. Dekretu hau indarrean jarri aurretik eraikitako zuzkidura-bizitokiak eta horiek hartzen dituen eraikina bizigarritzat joko dira, baldin eta, hirigintza-lizentzia izateaz gain, Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria betetzen badute, horien eraikuntza- eta diseinu-baldintzei lotutako alderdietan.

    3. Aurreko apartatuetan aipatzen diren etxebizitzetan eta zuzkidura-bizitokietan egiten diren birgaitze-obrek etxebizitza-erabilerarako egokiak direla egiaztatzeko baldintzak lortu edo hobetzeko beharrezko diren aldaketak bete beharko dituzte, dela etxebizitza isolatu gisa, dela eraikin baten parte gisa, eta dekretu honen I. eranskinean jasotako bizigarritasun-baldintzak lortzera bideratu beharko dira.

    4. Salbuespen gisa, birgaitze hori I. eranskinaren arabera egin ezin denean, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren zehaztapenetan xedatutakoari jarraituko zaio, etxebizitzaren eta hura hartzen duen eraikinaren gutxieneko bizigarritasun-baldintzei dagokienez. Eta, azalera edo garaiera mugengatik edo argiztapen-bao berriak irekitzeko ezintasunagatik aurrekoetako bat ere bete ezin bada, etxebizitzak erabilera- eta kontserbazio-egoera onean egoteko soluzioak hartuko dira, behintzat egonkortasunari, segurtasunari, iragazgaitasunari eta egitura-finkapenari dagozkien oinarrizko baldintzak betez.

      HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

      Bizitegi-erabilerarako eraikin berrietan eta etxebizitzarako edo zuzkidura-bizitokirako birgaituko diren eraikinetan, baldin eta arau hau indarrean jarri aurretik obra-lizentzia eskatu bada, obrak emandako lizentziaren aurreikuspenen arabera egikarituko dira, eskabidea egin zen unean indarrean zegoen araudiaren arabera.

      LAUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

      Babes publikoko etxebizitzen sustapenetan, dekretu hau indarrean jarri aurretik sustapenen behin-behineko kalifikazioa eskatu edo lortu duten pertsona publiko edo pribatu titularrei dagokienez, behin betiko kalifikazioa izapidetuko da, erregelamendu honen aurretik behin-behineko kalifikazio-eskaeraren unean indarrean zegoen araudian aurreikusitakoaren arabera.

      LEHENENGO XEDAPEN INDARGABETZAILEA

      Indargabetu egin da Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria, erregimen autonomikoko zuzkidura-bizitokien ezaugarriei buruzkoa.

      BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

      Indargabetu egin dira Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren III. eta IV. eranskinak.

      HIRUGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

      Indargabetu egin da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2009ko otsailaren 12ko Agindua, babes ofizialeko etxebizitzen diseinuari buruzko ordenantzak onartzen dituena.

      AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

      Udalek, hiru urteko epean, arau honen xedapenetara egokitu beharko dituzte haien eraikuntza-ordenantzak.

      AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

      Aldatu egiten da 68/2000 Dekretuaren (apirilaren 11koa, hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituena) III. eranskineko 10.2.1 artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

      Solairu bat baino gehiagoko etxebizitzetan, plataforma jasotzaile bat instalatu ahal izateko zehazpen teknikoak eta diseinukoak ezarriko dira.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

    Aldatu egiten da 68/2000 Dekretuaren (apirilaren 11koa, hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituena) III. eranskineko 10.2.1 artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

    Korridoreak, bere puntu guztietan, 1,00 m-ko zabalera izango du gutxienez.

    AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

    Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren III. eta IV. eranskinei egindako erreferentziak Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituen dekretuari egindakotzat hartuko dira. Zehazki, honako arau hauek jasotzen dituzte abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuari buruzko aipamenak:

    1. 210/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa.

    2. 61/2009 Dekretua, martxoaren 10ekoa, 316/2002 Dekretua, abenduaren 30ekoa, hirugarrenez aldatzeko dena. Dekretu horrek Etxebizitza Hutsaren Programa sustatu eta bultzatzen du, programa horren araubide juridikoa ezartzen du eta Etxebizitza Alokairuetarako Sozietate Publikoa SA sozietate publikoari programa kudeatzeko ardura ematen dio.

    3. 466/2013 Dekretua, abenduaren 23koa, Bizigune Etxebizitza Hutsen Programa arautzen duena.

    4. 144/2019 Dekretua, irailaren 17koa, Merkatu libreko etxebizitzak alokatzeko ASAP (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa) bitartekaritza-programa arautzeko dena.

    5. Agindua, 2021eko uztailaren 21ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitzen eta eraikinen birgaitzearen, irisgarritasunaren eta energia-efizientziaren arloko jarduketa babesgarrietarako finantza-neurriei buruzkoa.

    6. Agindua, 2012ko urriaren 15ekoa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa.

    7. Agindua, 2010eko urriaren 6koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitzak erosteko finantza-neurriei buruzkoa.

      AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA. Garapena eta aplikazioa.

      Etxebizitza-gaietan eskumena duen sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu honen garapenerako arauak onartzeko eta, orobat, legeren batek hala aginduta edo zientzia- edo teknologia-arloetako aurrerapenengatik beharrezkoa denean, dekretuaren eranskinak egokitzeko.

      AZKEN XEDAPENETAKO SEIGARRENA. Indarrean jartzea.

      Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 90 egunera jarriko da indarrean.

      Vitoria-Gasteizen, 2022ko ekainaren 28an.

      Lehendakaria,

      IIGO URKULLU RENTERIA.

      Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

      IGNACIO MARA ARRIOLA LPEZ.

      (Ikus .PDF)

      (Ikus .PDF)

      (Ikus .PDF)

      (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik