- 1623/2013 EBAZPENA, abenduaren 26koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, kupoko eta zonaldeko langileak zerbitzu hierarkizatuak eskaintzeko sisteman integratzen dira, osakidetzako lehen mailako arretako ekipoetan nahiz arreta espezializatuko zerbitzuetan. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu1623/2013 EBAZPENA, abenduaren 26koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, kupoko eta zonaldeko langileak zerbitzu hierarkizatuak eskaintzeko sisteman integratzen dira, osakidetzako lehen mailako arretako ekipoetan nahiz arreta espezializatuko zerbitzuetan.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 26
- Hurrenkera-zk.: 571
- Xedapen-zk.: 1623
- Xedapen-data: 2013/12/26
- Argitaratze-data: 2014/02/07
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Funtzio publikoa
Testu legala
Osasun Zerbitzuetako estatutupeko langileen Estatutu Markoa onartzen duen abenduaren 16ko 55/2003 Legeak Aldi Baterako Hirugarren Xedapenaren hasierako idazpenean ezartzen zuenez, osasun-zerbitzu bakoitzean, hala badagokio, zehaztutako moduaren eta baldintzen arabera, kupoko eta zonaldeko sistemaren hartzekoak jasotzen dituzten langileak lege honetan ezartzen den zerbitzu-prestazioen, dedikazioen eta ordainsarien sisteman sartuko dira.
Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta haren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege-dekretuak Osasun Zerbitzuetako estatutupeko langileen Estatutu Markoa onartzen duen abenduaren 16ko 55/2003 Legearen Aldi Baterako Hirugarren Xedapena aldarazi eta, gerora, hauxe da haren idazpena:
Hirugarren xedapen iragankorra. Kupoko eta eskualdeko langileak.
Osasun-zerbitzu bakoitzean, hala badagokio, zehaztutako moduaren eta baldintzen arabera, kupoko eta zonaldeko sistemaren hartzekoak jasotzen dituzten langileak lege honetan ezartzen den zerbitzu-prestazioen, dedikazioen eta ordainsarien sisteman sartuko dira, 2013ko abenduaren 31 baino lehen, finkatutako eskubideei kalterik egin gabe. Egun horretatik aurrera, kupoko eta zonaldeko zerbitzu-prestazioen modalitatea bertan behera geratuko da.
Egun horretatik aurrera, indargabetuta geratuko da 1986ko abuztuaren 8ko Osasun eta Kontsumo Ministerioaren Agindua, Estatuko Osasun Institutuaren, Kataluniako Osasun Institutuaren eta Andaluziako Gizarte Segurantzako Osasun Laguntzako Sarearen mende dauden langileen ordainsariari buruzkoa.
Langileak osasun-erakundeetako zerbitzu hierarkizatuetan sartzeari buruzko maiatzaren 17ko 180/1994 dekretuaren bitartez, kupoko eta zonaldeko langileak Lehen Mailako Arretan edo Arreta Espezializatuko Zerbitzuetan, kasuan kasu, integratzeko prozedura arautu zen, kidego hauei dagokienez: medikuak, Medikuntza Orokorra, Pediatria-Puerikultura, praktikanteak, emaginak, OLT/EUD eta fakultatibo espezialistak. Langile hauentzat integrazio hau borondatezkoa bazen ere, aurrekari baliagarria da Ebazpen honetako xedapenak interpretatu ahal izateko.
Aipatutako araudia aintzat hartuta, eta erakunde sindikalei entzun ondoren, Ebazpen honen bitartez arautzen da Osakidetzako osasun-erakundeetan lanean ari diren kupoko eta zonaldeko langileen integrazioa.
Lehenengoa. Helburua eta aplikazio-eremua.
Osasun Zerbitzuetako estatutupeko langileen Estatutu Markoa onartzen duen abenduaren 16ko 55/2003 Legearen Aldi Baterako Hirugarren Xedapena garatzea da ebazpen honen helburua. Horretarako, aintzat hartuko da apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuaren bidez eman zitzaion idazpena (16/2012 Errege Lege Dekretua, Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta haren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzkoa).
Prozedura honen barruan sartzen dira kupo eta zonalde sistemaren bitartez hartzekoak jasotzen dituzten langile finkoak. Hortaz, aplikazio-eremua kidego hauetako langile kidegoek osatzen dute: medikuak, Medikuntza Orokorra, Pediatria-Puerikultura, praktikanteak, emaginak, OLT/EUD eta kupoko eta zonaldeko fakultatibo espezialistak Osakidetzako Lehen Mailako Arretako ekipoetan edo Arreta Espezializatuko Zerbitzuetan.
Aipatutako langileen artean daude, era berean, eszedentzian dauden langileak; hauek ofizioz integratuko dira 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen, eta betiere zerbitzu aktibora itzultzeko eskatu ondoren.
Bigarrena. Prozedura.
Hasiera.
Ebazpen honen bitartez hasiera ematen zaio integrazioari. Halabeharrezkoa da lehenengo atalean aipatutako langileen integrazio hori, eta 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatu da, titularrak jabetzan daukan lanpostuari dagokion Lehen Mailako Arretako taldean edo Arreta Espezializatutako zerbitzuan.
Prozeduraren garapena.
Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzak prozedura bideratuko du. Horretarako, integrazioari buruzko legezko betekizunak egiaztatuko ditu, beharrezkotzat jotzen dituen txostenak eta dokumentazioa bilduta.
Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpenaren bitartez onartu eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orriaren bitartez emango da argitara integrazioko behin-behineko zerrenda; bertan, integraziora behartuta dauden kupoko eta zonaldeko langileen zerrenda nominala jasoko da.
Interesdunek hamar eguneko epea izango dute, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, aipatutako zerrenda nominalari alegazioak jarri eta egokitzat jotzen duten dokumentazioa aurkezteko.
Ebazpena.
Giza Baliabideetako Zuzendaritzak aurreko hori aztertuta, Integrazioko behin betiko proposamena osatu eta Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusiak ebazpenaren bitartez onartuko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web orrian argitaratuko da. Ebazpen honek ez duenez administrazio-bidea ixten, haren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Integrazioari buruzko ebazpenak honakoak jaso beharko ditu: interesdunaren talde profesionala eta zein kategoriatan integratuko duten, atxikita geratuko den zerbitzu-erakundean zein lanpostu funtzional esleituko zaion eta zein egunetatik aurrera hasiko den indarrean integrazioa.
Hirugarrena. Integrazioaren ondorioak.
Kupoko eta zonaldeko langileen integrazioa, zerbitzu hierarkizatuetan, kasu bakoitzari dagokion kategorian emango da, eta plantilla funtzionalean ere dagokion aldaketa eragingo du.
Kupoko eta zonaldeko langileak Lehen Mailako Arretako talde batean edo dagokion Arreta Espezializatuko zerbitzuan integratzeak eragingo du betetako lanpostua aldaraztea; lanpostu hori, ondorio guztietarako, aipatutako edozein egituratako lanpostu hierarkizatutzat hartuko da.
Integrazioan murgilduta dauden langileei Lehen Mailako Arretako taldeetan edo, hala badagokio, Arreta Espezializatuko zerbitzuetan indarrean dauzkaten lan-baldintzak aplikatuko zaizkie. Dena dela, integrazioaren aurretik langile horiek zeuzkaten jardunaldi-erregimena, dedikazioa eta eguneroko lanordu kopurua mantenduta burutuko da aipatutako integrazioa, nahiz eta jardunaldiaren hasiera- eta amaiera-ordua aldatzeko aukera egongo den, zerbitzu edo antolaketa arrazoiak direla-eta. Lehen Mailako Arretaren esparruan, OTIen banaketari dagokionez, integrazioaren unean edukitakoak mantentzen dira; hala ere, gerta daiteke kupoen birbanaketak egotea zerbitzu-erakundeetan oro har, antolaketa arrazoiak direla-eta, arreta eskariak eragindako beharrizanak egokitzea helburu.
Arau honi jarraiki integratzen diren langileek eskubidea izango dute ildo beretik hitzartutako ordainsariak jasotzeko; horretarako, langile hauen ordainsariak jasotzen dituen taula berri bat osatuko da, langile hierarkizatu ez homologatuak diren aldetik. Hala ere, Lehen Mailako Arretako ekipo edo Arreta Espezializatutako unitate bateko egitura eta erregimen juridikoan integratuko direla-eta kupoko eta zonaldeko langileek ordainsarietan murrizketarik emanez gero, eskubidea izango dute kopuruan dagoen alde horri dagokion osagarri pertsonal ez-absorbigarria jasotzeko, azken hamabi hilabeteetan jasotako batez besteko kopurua kontuan hartuta, baina aintzat hartu gabe norberarena ez den beste lanposturen bat betetzeagatik jaso daitezkeen zenbatekoak, eta lanbide-garapena dela-eta jasotakoak ere. Osagarri hori eguneratu egingo da, Euskadiko Autonomia Erkidegoko arlo publiko osoko langileen ordainketa orokorrei aplikatu beharreko portzentaje bera gehituz.
Kupoko eta zonaldeko langileek jaso ohi dituzten ordainsarien kontzeptuen izaera kontuan hartuta, atal honetan araututako osagarri pertsonala 14 pagatan ordainduko da (12 hileroko soldata eta aparteko paga bi, biak ere hileroko soldataren kopuru berekoak).
Langile integratuek onartuta dauzkaten hirurtekoei dagokien zenbatekoak, lan-baldintzak arautzen dituen Akordioan zehaztutako kopurua gaindituz gero, aurreko atalean adierazitako osagarri pertsonalean sartuko da integrazio aurreko eta aipatutako Akordioan zehaztutako kopuruen arteko alde hori. Onartutako hirurteko guztiak antzinatasun osagarrian ordainduko dira, Akordioan ezarritako zenbatekoa kontuan hartuta.
Irizpide berbera aplikatuko zaio Ebazpen honen datarako sortzen hasi eta 2014ko urtarrilaren ondoren hobetzen denari; haren kalkulua egiteko 2013 urteko oinarrizko hartzekoak hartuko dira erreferentziatzat.
Integrazioak ondorioak izan ondoren hobetu eta onartzen diren hirurtekoak, aurreko atalean aipatutakoak izan ezik, Osakidetzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmenaren arabera ordainduko dira.
Integratutako lanpostu funtzionalari dagozkion eskubide eta betebehar guztiak izango dituzte langile integratuek, euren oinarrizko lan-baldintzak errespetatuta.
Dena dela, 2013ko abenduaren 31tik aurrera, langile integratuek borondatez jo dezakete izaera homologatuko euren hierarkizaziora. Ondorioz, lan-baldintzak arautzen dituen Akordioan jasota dauden jardunaldi eta ordainsarien araberako baldintzen menpe geratuko dira, jardunaldi eta ordainsariari dagokienez. Hori dagokion zerbitzu-erakundeak onartu beharko du, euren aurrekontuen barruan, eskaria egin eta sei hilabeteko gehienezko epean, arreta eta antolaketa arloetan dauzkan beharrizanen arabera.
Laugarrena. Aldi baterako bitarteko langileak.
Bitarteko izaerako lan-harremana daukaten kupoko eta zonaldeko langileek betetzen ari diren lanpostuan jarraituko dute lanean, behin-behineko erregimen berean, arauzko betetzea eman arte, betiere ezarrita dauden legezko betekizunak betetzen badira. Lanpostu horretan jarraitzen duten bitartean, 2013ko abenduaren 31n indarrean dagoen izendapena kontuan hartuta, Ebazpen honetan xedatutako arauak aplikatuko zaizkie.
Bosgarrena. Publizitatea.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Seigarrena. Errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Osakidetzaren Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Hauek dira errekurtsoetarako arauzko oinarriak: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu duena; ekainaren 26ko Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legea eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua, Osakidetzaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 26a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.