Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

279/2003 DEKRETUA, azaroaren 18koa. Honen bidez Turismo Bulegoen Euskal Sarea (ITOURBASK) sortzen da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 229
  • Hurrenkera-zk.: 6343
  • Xedapen-zk.: 279
  • Xedapen-data: 2003/11/18
  • Argitaratze-data: 2003/11/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Herri administrazioek turismoaren sustapenean eta garapenean esku hartzeko moduetako bat eskuhartzea prozesu unitariotzat jotzea da, ondoko hauen inguruan antolatutako prozesu unitariotzat: berariazko irudi-kanpainak; merkatu edo merkatu-segmentu jakin batzuk xede dituzten sustapen-ekintzak; kalitatea arautzea, sustatzea eta kontrolatzea. Horiez gainera, eta prozesu konplexu eta alde askotako hau burutzeko, turistei edo bisitariei informazioa eta arreta eman behar zaizkie.

Informazioa emateko nahikoa egitura ez egoteak edo egiturok kalitate gutxikoak izateak berekin dakarte prozesuaren eraginkortasun orokorra galtzea, eta galdu ere burutu aginean dela gainera, eta horren guztiaren ondorioz prozesuaren gainerako arloetan egindako inbertsio ekonomikoek eta ahaleginek ez dute sortzen behar beste etekin.

Horregatik, bada, informazio-faseak berebiziko garrantzia du turismoaren arloan kalitatea lortzeko prozesuan, turismo-xedearekin izaten den lehenbiziko kontaktuetakoa izaten baita. Izan ere, informazioak eragin handia izaten du bisitariek xedeaz egiten duten balorazioan eta egonaldiarekin pozik geratzean edo ez. Eta azken kontsumitzailearen balorazio onari lotuta egon daitezke bai berriz ere bisitan itzultzea bai beste batzuei xedearen bikaintasunaren berri ematea.

Beraz, turistei informazioa emateko zerbitzu publiko ongi antolatua, kalitatekoa, oso erabilgarria, identifikaerraza eta irudi onekoa ezartzea, sareko sistema baten bidez, ezinbestekoa da herri administrazioak modernizatzeko eta zuzenean turistak xede dituzten jarduketak hobetzeko. Prozesu horren helburuak lehiakortasuna sendotzea eta herri administrazioek arlo honetan ematen duten zerbitzuen kalitatea hobetzea dira.

Turismoa Antolatu duen martxoaren 16ko 6/1994 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari eman dio eskaintza turistikoa sustatzeko eta bultzatzeko neurriak ezartzeko eskumena, horretarako beste administrazio eta organismo batzuek abiarazten dituztenekin koordinatzen dituela eta haiekin lankidetzan jarduten duela.

Lege horretan ezarri da herri botereen betebeharretako bat erabiltzaileei eten gabe eskaintza turistikoaren eta zerbitzu turistikoen alderdi guztiei buruzko informazio zehatz, objektibo, oso eta eguneratua ematea dela. Halaber, turismo erabiltzailearen eskubideak eta betebeharrak arautu dituen abenduaren 24ko 317/1996 Dekretuan ezarri da Turismo Administrazioak informatu behar hori bera duela, eta gainera turismo bulegoen eginkizunak ezarri dira; hala ere, informatu beharra gauzatzeko beste bide batzuk ere erabil daitezke.

Dekretu honen helburua Turismo Bulegoen Euskal Sarea (ITOURBASK) sortzea da. Sare horrek, turismo informaziorako zerbitzuen bidez, Euskal Autonomia Erkidego osoari buruzko informazio turistiko erabereko, eguneratu eta homogeneoa emango du; hau da, turismo informaziorako zerbitzu orokorra egongo da Euskadin.

Turismo Bulegoen Euskal Sareak (ITOURBASK) hainbat zerbitzu emango ditu; besteak beste Euskadiko turismoaren arloko baliabideen eta zerbitzuen datu-baseak egongo dira, eta beraien helburuak zerbitzu guztien arteko elkartrukea eta komunikazioa ahalbideratzea, zerbitzu guztiak estalduran eta informazio-edukietan era berekoak izatea, turismo erabiltzaileei zerbitzu multzo integrala eskaintzea, erabiltzaileen gogobetetzea hobetzea eta Euskadiko turismo baliabideak ezagutaraztea izango dira.

Hori guztia dela bide, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko azaroaren 18an egindako bileran eztabaidatu ondoren, hauxe

Dekretu honek bi xede ditu: bata Turismo Bulegoen Euskal Sarea (ITOURBASK) sortzea da, erabiltzaileei turismo informaziorako zerbitzuen bidez, Euskal Autonomia Erkidego osoari buruzko informazio turistiko erabereko, eguneratu eta homogeneoa emateko, eta bestea hari atxikitzeko prozedura eta baldintzak arautzea.

  1. Turismo Bulegoen Euskal Sarea (ITOURBASK) eratu da.

  2. Turismo Bulegoen Euskal Sarean (ITOURBASK) hauexek izango dira:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa titular den turismo bulegoak eta turismo informazioa emateko guneak.

    2. Toki erakundeen eta haien erakunde edo organismo autonomoen menpeko turismo bulegoak eta turismo informazioa emateko guneak, Euskal Autonomia Erkidegoan daudenak, eskatuz gero.

    3. Garapen agentziek sortutako turismo bulegoak eta turismo informazioa emateko guneak, eta turismoaren arloko informazio eta sustapen jarduerak egiten dituzten legez eraturiko elkarteek, fundazioek eta irabazteko asmorik gabeko gainerako pertsona juridikoek sortutakoak, eskatuz gero.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanei buruzko maiatzaren 27ko 8/1994 Legeak araututako Euskal Etxeen Erregistroan inskribatuta dauden erakundeek sortutako turismo bulegoak eta turismo informazioa emateko guneak, Euskadira etortzen diren turista ugariren iturburu-merkatuetan daudenak, eskatuz gero.

Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitzeko, lehenbizi titularrak eskabidea aurkeztu behar du dekretu honetako III. Kapituluan ezarritako prozedurari lotuta eta gero Turismoa Sustatzeko zuzendariak aldeko ebazpena eman behar du.

  1. Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitzeari dagokionez, definizio hauek ezarri dira:

    1. Turismo bulegoak: jendeari turismoari buruzko orientazioa, laguntza eta informazioa urte osoan zehar edo boladan ematen zaizkien bulego edo eremuak.

    2. Turismo informazioa emateko guneak: jendeari turismo gertakari edo jai bereziei buruzko orientazioa, laguntza eta informazioa urte osoan zehar edo boladan ematen zaizkien bulego edo eremuak, edo turista ugari heltzen diren toki estrategikoetan kokatutakoak.

  2. Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitako turismo bulegoak hiru motatakoak izan daitezke: estrategikoak, lurralde historikoen hiriburuetan, aireportuetan, geltokietan, erakustazoketan eta antzekoetan daudenak; eskualde edo udalerrikoak; bestelakoak.

  1. Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitako turismo bulegoen barrunbean zerbitzu bakoitza eremu bereizian egon behar da, eta eremuok behar bezala hornituta eta seinalizatuta egon behar dira. Bulegoan beste zerbitzu bat ere ematen bada, bereizita eta identifikatuta egon behar da. Ezaugarri hauetara moldatu behar da:

    1. Herritarrei laguntzeko eta erantzuteko eremuan bi atal egon behar dira: erantzun azkarreko atala eta laguntza pertsonalizaturako atala.

    2. Autozerbitzu eremuan materiala erakusteko altzairuak egon behar dira, eta materiala eskuragarri, erraz identifikatzeko moduan eta ordena bideratzeko moduan antolatu egon behar da.

    3. Erakusketa eremuan turismo-xedearen inguruko apaingarriak eta haren alderdi erakargarriei eta eskaintzari buruzko elementuak egon behar dira.

    4. Lanerako barne-eremua egon behar da.

    5. Edukiera nahikoa duen biltegia egon behar da.

  2. Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitako turismo informazioa emateko guneetan jendeari arreta emateko eremua eta promozio-materiala erakusteko eremua egon behar dira, gutxienez. Gunean beste zerbitzu bat ere ematen bada, bereizita eta identifikatuta egon behar da.

  3. Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitako turismo informazioa emateko guneek:

    1. Teknologia berrietara eta sarearen datu-basera molda daitezkeen ekipo teknologiko eta informatikoak eduki behar dituzte (fax linea, inprimagailua, Internet sarrera ADSL konexioarekin, posta elektronikoa), bai eta aldian-aldian eskatzen diren guztiak ere.

    2. Iradokizun-postontzia eduki behar dute; homogeneoa izan behar da zerbitzu guztietan.

    3. Xedapen honetan ezarritako arauak ez ezik, irisgarritasunaren arloan indarrean daudenak ere bete behar dituzte, batez ere altzairuen diseinuari eta jendeari arreta emateko eremuaren banaketari dagozkienak, bai eta osasunaren arloan, ingurumenaren arloan, segurtasunaren arloan eta suteen aurkako babesaren arloan indarrean daudenetatik aplika dakizkiekeenak ere.

    4. Euren ordutegia ezarri behar dute eta turismoaren arloko eskumena duen sailari jakinarazi. Nolanahi ere, ordutegiek gutxieneko baldintza hauek bete behar dituzte: Behe sasoian, gutxienez 6 egun egingo da lan astean, eta gutxienez 4 ordu egunean; gunea ezin da itxi ez larunbatetan ez igandeetan ez jaiegunetan ez zubi-egunetan. Goi sasoian eta bisitari gehien izaten den aldietan, aste osoan eman behar da zerbitzua, eta gutxienez 8 ordu egunean.

    5. Irekita dagoen ordutegia edo aldia kanpoan agertu behar da, eta ahal dela baita gunea menpeko den administrazioak edo erakundeak guneaz argitaratzen dituen material guztietan, telefono-erantzungailuetako mezuetan eta webgunean ere.

  4. Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitako turismo bulegoetan nahikoa langile egon behar dira, eta langileok trebaturik egon behar dira zerbitzuak eskatzen dituzten turistei eta bisitariei ongi laguntzeko.

  1. Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitzeko prozedurari ekiteko eskabidea aurkeztu behar du titularrak.

  2. Eskabideak Turismoa Sustatzeko zuzendariari bidali behar zaizkio eta Turismoa Sustatzeko Zuzendaritzan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan zehaztutako tokietan aurkeztu behar dira.

  3. Sareari atxikitzeko eskabidea I. eranskinean ageri den ereduari lotu behar zaio, eta berarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

    1. . Toki erakundeek eta haien menpeko organismo autonomoek eta bestelako erakundeek gobernu organo eskudunak edo administrazio kontseiluak sareari atxikitzeko eskatzeko emandako erabakiaren ziurtagiria aurkeztu behar dute.

    2. . Garapen agentziek, elkarteek, fundazioek eta irabazteko asmorik gabeko gainerako pertsona juridikoek euren estatutuen kopia aurkeztu behar dute.

    3. . Behar izanez gero, eskatzailearen ordezkaritza-ahalaren frogagiriak.

    4. . Bulegoak aribideko urtean jarduteko egin den aurrekontuan zainpetutako diru kopurua, eta jarduketa memoria.

    5. . Udalak emandako irekiera-baimena, behar bada.

    6. . Bulegoaren planoa.

    7. . Langileen curriculum vitaeak.

    8. . Dekretu honetan turismo bulegoen eta turismo informazioa emateko guneen barrunbeaz, oinarrizko ekipamenduaz, jardun-epealdiaz eta langileez ezarritako ezaugarriak betetzen direlako zinpeko edo erantzukizunpeko adierazpena.

  1. Turismoaren arloko eskumena duen sailaren zerbitzu teknikoek Sareari atxikitzeko aurkezten diren eskabideak eta haiei loturiko agiriak aztertuko dituzte eta lokalak egokiak diren eta eskatzaileek dekretu honetan Sareari atxikitzeko ezarritako betekizunak betetzen dituzten egiaztatuko dute. Jarduketa horiek egindakoan, txosten teknikoa bidaliko diote Turismoa Sustatzeko zuzendariari, ebazpena eman dezan.

  2. Sareari atxikitzeko ebaluazioaren prozesuan, zerbitzu teknikoek jarraiko alderdi hauek izango dituzte kontuan baloraziorako:

    1. Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitako turismo bulegoez eta turismo informazioa emateko guneez dekretu honetan ezarritako betekizunak betetzen diren.

    2. Turismo bulegoa non dagoen: udalerriko alde estrategikoa, erdialdea, irisgarritasuna, turismo eremu estrategikoa eta seinalizazioa.

    3. Azpiegitura, oinarrizko ekipamendua, urtean jendearentzako zabalik egongo den gutxieneko epealdia eta ordutegia, jendeari arreta emateko nahiko langile daudenez.

    4. Aholkularitza eta informazio zerbitzua doakoa denez.

    5. Bulegoa garatzeko proiektua.

  1. Turismoa Sustatzeko zuzendariak, ofizioz edo alderdi batek eskatuta, eta turismoaren arloko eskumena duen sailaren zerbitzu teknikoek txostena egin ondoren, aparteko kasuetan eta inguruabar materialak edo egiturazkoak edo behar bezalako arrazoitutako beste zeinahi inguruabar dela bide, Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitzeko dekretu honetan betekizun bat edo batzuk bete beharretik salbuetsi ahal izango du eskatzaile bat.

  2. Salbuespena arrazoitu egin behar da eta horretarako dauden zerbitzu eta baldintza guztien aldean konpentsatzeko irizpideak azaldu behar dira.

Turismoa Sustatzeko zuzendariak, txosten teknikoa aztertuta, ebazpena emango du eskatzailea Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitzea onesteko edo ukatzeko.

Ebazpena 6 hilabete igaro baino lehen eman behar da eta jakinarazi behar zaio interesatuari. Epealdi hori eskabidea izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen denetik hasiko da zenbatzen.

Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitzeko ebazpenak ofizioz inskribatuko ditu turismoaren arloko eskumena duen sailak Sareari atxikitako turismo bulegoen eta turismo informazioa emateko guneen erregistroan; inskripzioa nola egin dekretu hau garatzeko ematen diren xedapenetan ezarriko da.

Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitako turismo bulegoen eta turismo informazioa emateko guneen titularrek Sarearen helburuak eta xedeak lortzen eta haren eginkizunak burutzen laguntzeko konpromisoa eurenganatuko dute; horretarako, abiarazten diren programak edo ekintzak hobetzeko moduak proposatuko dituzte eta haietan parte hartuko dute.

Zehatzago, ondokoak egin beharko dituzte:

  1. Turistei eta bisitariei informazio objektibo, pertsonalizatu eta osoa eman, eta eman ere azkar, Euskal Autonomia Erkidego osoko zerbitzuei buruz orientatzeko; hau da, Euskadiko turismoari buruzko informazio zerbitzu orokorra eman.

  2. Euskadiko turismoaren arloko baliabide eta erakarmen turistiko guztiei buruzko informazioa eduki.

  3. Turistei eta bisitariei informazio turistiko osagarria eman, euren jarduerak egiten dituztela, bai eta beste autonomia erkidego batzuetako turismoari buruzkoa ere.

  4. Turismoaren arloko establezimendu, jarduera eta zerbitzuen prezio, plaza eta baldintzei buruzko aholku orokorrak eman, ezertara lotu gabe.

  5. Turismo bulegoari edo turismo informazioa emateko guneari sustapen ekonomikoa eta materiala eman, eta haien funtzionamendurako behar diren gastu arruntei eta langile-gastuei aurre egin.

  6. Kalitateko zerbitzuak eman eta kalitate onarekin jardun bere eginkizunetan, Turismo Bulegoen Euskal Sare (ITOURBASK) osorako ezarritako jardun-irizpideetara (azpiegitura, ordutegiak, epealdia, etab.) eta Sareak kalitatearen arloan abiarazten dituen jarduketa guztietara moldatuz.

  7. Bulegoaren burutzan lanbide-gaitasun egokia duten langileak jarri (bulegoko eginkizunetan behar bezala aritzeko moduko lan-iraunkortasuna izan behar dute) eta langileak kontratatzeko autonomia errespetatu.

  8. Bulegoko langileei Sarearen zerbitzuen edukien zehaztapenean eta zerbitzuak abiarazteko egin beharreko ekintza, programa edo ikastaroetan parte hartzeko baimenak eman.

  9. Turismo Bulegoen Euskal Sareko (ITOURBASK) datu-baseak diseinatzen lagundu (horretarako haren funtzionamendurako eta erabilpenerako egokia den sistema informatikoa eduki behar da), datu-baseok elikatu eta mantendu (datu-baseak sortzeko eta mantentzeko behar den lurraldeko informazio guztia ekarri behar da), eta Sareak abiarazten dituen zerbitzu guztietan lagundu.

  10. Turismoaren arloko beste datu-base batzuk edo beste tresna informatikoren bat instalatu edo erabili nahi bada, Jaurlaritzarekin kontsultatu.

  11. Turismo Bulegoen Euskal Sarea (ITOURBASK) garatzean galdetzen eta eskatzen zaien guztietan euren esperientziaren eta ezagutzen berri eman.

  12. Bulegoak ematen dituen zerbitzuei buruzko datuak, estatistikak eta bestelako informazio guztiak eman, eta estatistikak egiteko datuak bildu.

  13. Kulturaren eta aisialdiaren arloko jolas gertakari eta jardueren agendak prestatu edota zabaldu.

  14. Bestelako iradokizunak.

  15. Erreklamazio-orriak eduki eta eskatzen dituzten turismo erabiltzaileei eman, Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaile eta erabiltzaileentzako erreklamazio-orriak arautu dituen urtarrilaren 14ko 5/1997 Dekretuan ezarri den bezala. Halaber, turismo erabiltzaileek bulegoaz edo enpresa edo jarduera turistikoez aurkeztu nahi dituzten kexuak eta erreklamazioak bideratu behar dituzte, eta haien salaketak eta erreklamazioak organismo eskudunei bidali, erabiltzaileek eurek egin ezean.

  16. Dekretu honek edo oro har bete beharreko beste batek ezartzen dizkien gainerako betebehar guztiak.

Sarearen helburu eta xede orokorrak betetzeko, turismoaren arloko eskumena duen sailak:

  1. Sarearen funtzionamenduaren eta garapenaren ardura izango du, ekintzak proposatuko ditu, irudia kudeatuko du, atxikipenak onetsiko ditu, beharrizanak koordinatuko ditu eta programatutako jarduerak ongi egiten diren gainikusiko du.

  2. Sarearen funtzionamendua eta garapena zuzendu eta egiaztatuko ditu. Horretarako, programak eta ekintzak proposatu eta egingo ditu arlo eta zerbitzu guztietan, Sareari atxikitako turismo bulegoen eta turismo informazioa emateko guneen beharrizanak koordinatuko ditu eta erantzun egingo die, eta abiarazten diren planak edo jarduerak ongi egiten diren gainikusiko du. Eginkizun horiek burutzeko jardunerako behar diren jarraibideak edo gidalerroak ezarriko ditu eta eskuko dituen giza baliabideak eta baliabide materialak jarriko ditu.

  3. Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitako turismo bulegoen eta turismo informazioa emateko guneen titularrei lagunduko die; laguntza honela gauzatuko da:

    1. Turismoaren inguruan argitaratzen dituen materialak, agerkariak eta azterlanak emango dizkie.

    2. Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitako turismo bulegoetako eta turismo informazioa emateko guneetako langileekin parte hartzeko eta lankidetzan aritzeko bideak eta ekimenak ezarriko ditu, haien beharrizanak eta proposamenak zehazteko.

    3. Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitako turismo bulegoetako eta turismo informazioa emateko guneetako langileak trebatzeko eta gaitzeko plana diseinatu eta sustatuko du.

    4. Turismoaren arloko datu-baseen sistema homogeneoa sortuko du.

    5. Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitako turismo bulegoen eta turismo informazioa emateko guneen artean datuak trukatzeko eta informazioa komunikatzeko teknologia diseinatuko du.

    6. Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitako turismo bulegoei eta turismo informazioa emateko guneei tresna estatistikoak emango dizkie eta haiek biltzen dituzten datuak aztertuko ditu.

    7. Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) erakunde-nortasuna emango dio eta haren komunikazio irizpideak defendatuko ditu.

    8. Turismo Bulegoen Euskal Sarearen (ITOURBASK) garapenerako aholkularitza emango du eta garapena bera koordinatuko du hartarako jarritako langileen eta baliabideen bidez.

    9. Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitako turismo bulegoen eta turismo informazioa emateko guneen titularrei diru laguntzak emango dizkie, haien ekarpenak, ahaleginak eta betebeharrak oinarritzat hartuta.

  1. Turismo informazioa ematen duten zerbitzuen kanpoko erakunde-irudia.

    Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitako turismo bulegoak eta turismo informazioa emateko guneak erraz eta azkar identifikatu behar dira Turismo Bulegoen Euskal Sarearen (ITOURBASK) identifikazio elementuaren bidez (II. eranskina); nazioartean erabili ohi den seinalea ere eduki behar dute (III. eranskina).

    Elementu homegeneoak turismoaren arloko eskumena duen sailak zehaztuko ditu, eta eremu bat utziko da Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitako turismo erakundearen beraren errotulazioa jartzeko.

  2. Turismo informazioa ematen duten zerbitzuen barruko erakunde-irudia.

    Barruko apainduran ITOURBASK sareko baterako elementuak jarriko dira.

  3. Nolanahi ere, Turismo Bulegoen Euskal Sarearen (ITOURBASK) erakunde-irudia Eusko Jaurlaritzako Erakunde-nortasunaren Eskuliburua arautu duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan eta Turismo Bulegoen Euskal Sarearen (ITOURBASK) erakunde-nortasunaren eskuliburuan ezarritakoaren arabera eratu behar da eta turismoaren arloko eskumena duen sailak kudeatu behar du.

Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitako turismo bulego edo turismo informazioa emateko gune batek xedapen honetan ezarritakoa araubidea betetzen ez badu, espedientea irekiko da, titularrak esateko duena entzungo da eta bulegoa edo gunea Saretik kanpo geratuko da eta Sarean egoteak berekin dakartzan eskubideak galduko ditu. Gero horren berri agertaraziko da Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitako Turismo Bulegoen eta Turismo Informazioa emateko Guneen Erregistroan (dekretu honetako 10. artikuluan aipatu da) eta inskripzioa ezeztatuko da.

Espediente zk.: _________________

____________________________________ jaunak/andreak (NAN zk.: _____________________), _____________________________________________(r)en ordezkari gisa (IFZ/IFK: _____________; sozietate egoitza: udalerria: ________________ _____________________, herria: __________ _____, PK: ___________, kalea eta zk.: ________________________________ ____________________, telefonoa: ________ ________; harremanetarako pertsona: ____________ ________________________, tfnoa: ___________ _____, faxa: ___________________, posta el.: _____ _____, http:\\ __________________ _________)

TURISMO BULEGOEN EUSKAL SAREARI (ITOURBASK) ATXIKITZEKO ESKABIDEA AURKEZTU DU

_______(e)n, ____(e)ko _________aren____(e)(a)n

Sinadura eta zigilua

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko 5. artikuluarekin bat etorriz, jakinarazten dizuegu formulario honetako datuak Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren erregistro informatiko batean sartuko direla.

Turismo Bulegoen Euskal Sareari (ITOURBASK) atxikitzeko eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

  1. Toki erakundeek eta haien menpeko organismo autonomoek eta bestelako erakundeek gobernu organo eskudunak edo administrazio kontseiluak sareari atxikitzeko eskatzeko emandako erabakiaren ziurtagiria aurkeztu behar dute.

  2. Garapen agentziek, elkarteek, fundazioek eta irabazteko asmorik gabeko gainerako pertsona juridikoek euren estatutuen kopia aurkeztu behar dute.

  3. Behar izanez gero, eskatzailearen ordezkaritza-ahalaren frogagiriak.

  4. Bulegoak aribideko urtean jarduteko egin den aurrekontuan zainpetutako diru kopurua, eta jarduketa memoria.

  5. Udalak emandako irekiera-baimena, behar bada.

  6. Bulegoaren planoa.

  7. Langileen curriculum vitaeak.

  8. Dekretu honetan turismo bulegoen eta turismo informazioa emateko guneen barrunbeaz, oinarrizko ekipamenduaz, jardun-epealdiaz eta langileez ezarritako ezaugarriak betetzen direlako zinpeko edo erantzukizunpeko adierazpena.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.