Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Arautegia

Inprimatu

34/2002 DEKRETUA, otsailaren 5ekoa, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 34
  • Hurrenkera-zk.: 1077
  • Xedapen-zk.: 34
  • Xedapen-data: 2002/02/05
  • Argitaratze-data: 2002/02/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Lehendakariaren uztailaren 16ko 7/2001 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren bitartez, Kultura Sailari honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion:

  1. Kirolak

  2. Gazteria eta gizarte garapena.

  3. Historia- eta arte-ondarearen kudeaketa eta zainketa; museo, liburutegi eta artxiboak.

  4. Hizkuntza-Politika.

  5. Euskararen sustapena.

  6. Arte eta kultura mailako jardunak eta horien hedapena.

  7. Gizarte komunikabideak, irrati-kontzesioak eta frekuentzien esleipenak.

  8. Sailari loturiko edo haren menpeko organismo autonomoak, zuzenbide pribatuko ente publikoak eta elkarte publikoak zuzentzea, lege eta arautegiarekin bat etorriz.

  9. Legeek eta arautegiek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

    Kultura Sailaren gaur arteko egitura organikoa urriaren 19ko 359/1999 Dekretuaren bitartez ezarri zen.

    Sailak funtzionatzeko erabiltzen dituen mekanismoak doitzeko eta jarduerak banatzeko, aipatu den dekretuaren eta legegintzaldi honetarako Gobernua osatzeko sinatutako koalizio-akordioan Kulturarako programen gaineko aurreikuspenen arabera, egoki irizten zaio egitura organikoa finkatzeko dekretu berri bat egiteari, orain arte indarrean egon dena ordezteko.

    Ondorioz, Kultura sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartu ondoren eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko otsailaren 5eko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Kultura Sailak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen uztailaren 16ko 7/2001 Dekretuaren 13. artikuluan zehazten diren egitekoak beteko ditu bertan finkatzen diren jarduera-alorretan, ondorengo artikuluetan zehazten den moduan.

Aurreko artikuluan zehazten diren funtzioak betetzeko eta alorretan jarduteko dituen eskumenak gauzatzeko, Kultura Sailak organo hauek izango ditu egituran:

  1. – Organo nagusiak:

    1. Kultura sailburua.

      1.–Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritza.

      2.– Zerbitzu Zuzendaritza.

    2. Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetza.

      1.– Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

      2.– Kultura Sortu eta Zabaltzeko Zuzendaritza.

      3.– Kirol Zuzendaritza.

      4.– Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritza.

    3. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza.

      1.– Euskara Planen Zuzendaritza.

      2.– Euskara Sustatzeko Zuzendaritza.

      3.– Koordinaziorako Zuzendaritza.

  2. – Erakunde-mailako administrazioa: Kultura Sailari atxikita daude erakunde-mailako honako erakunde hauek:

    1. Administrazio-mailako erakunde autonomoa den Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea / Instituto de Alfabetización y Reeuskaldunización de Adultos (HABE).

    2. Administrazio-mailako erakunde autonomoa den Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea (SHEE/IVEF).

    3. Zuzenbide pribatuko ente publikoa den "Euskal Irrati Telebista" eta ente horrekin lotutako sozietateak.

    4. Sozietate publikoa den "Euskadiko Orkestra, S.A."

  3. – Kide anitzeko organoak:

    1. Kulturaren Euskal Kontseilua, azaroaren 7ko 219/2000 Dekretuak arautua.

    2. Euskararen Aholku Batzordea, uztailaren 11ko 132/2000 Dekretuak arautua.

    3. Kirolaren Euskal Kontseilua, azaroaren 7ko 220/2000 Dekretuak arautua

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordea, ekainaren 2ko 239/1999 De-kretuak arautua.

    5. Euskadiko Ondare Arkitektoniko Monumentalaren Aholku Batzordea, urriaren 23ko 284/1990 De-kretuak arautua.

    6. Euskadiko Arkeologia Ondarearen Aholku Batzordea, martxoaren 26ko 62/1996 Dekretuak arautua.

    7. Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Aholkularitza Kontseilua, azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak arautua.

    8. Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea, Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen bidez sortutakoa.

    9. Kiroleko indarkeriaren aurkako Batzordea, Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen bidez sortutakoa.

    10. Kirol Justiziako Euskal Batzordea, Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen bidez sortutakoa.

  1. – Kultura sailburuari honako eskumen hauek egikaritzea dagokio: ekainaren 30eko 7/1981 Jaurlaritzaren Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritakoak eta uztailaren 16ko 7/2001 Lehendakariaren Dekretuak ezarri eta honako dekretu honen 1. artikuluan jaso diren Sailaren egiteko eta jardun-esparruen baitan indarrean dagoen legeriak egokitzen dizkionak.

  2. – Saileko organo gorena denez, berari dagokio saileko organo eta jarduera guztiak zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.

  3. – Langileen alorrean, berriz, sailburuak eskumen hauek izango ditu, Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen arabera:

    • Saileko lanpostuen zerrendak proposatuko ditu, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 10.1 artikuluaren e idatz-zatiaren arabera.

    • Hutsegite larri eta oso larriengatiko zehapenak ezarriko ditu, Euskal Funtzio Publikoaren Legearen arabera, salbu eta zehapena zerbitzutik behin betiko kentzea edo iraiztea bada.

  4. – Sailburua kontratazio-organoa izango da sailburuordetza bakoitzaren esparrutik kanpo geratzen diren gaietarako.

  1. – Zuzendaritza Batzordeak honako lan hauetan lagunduko dio bere titularrari: sailaren politika ikuskatzen eta jarraitzen, egintzen plangintza orokorra egiten eta agintzen zaizkion bestelakoak egiten.

  2. – Sailburuak, sailburuordeek, Sailburuaren Kabineteko zuzendariak eta Zerbitzu zuzendariak osatuko dute Zuzendaritza Batzordea. Sailburua izango da Zuzendaritza Batzordearen zuzendari gorena.

  3. – Horietaz gain, sailburuak izendatutako beste pertsona batzuek ere parte hartu ahal izango dute Batzordean.

  4. – Sailburuak propio izendatuko du nor arduratu Batzordearen idazkaritzaz.

  1. – Eman zaizkion eskumenak gauzatzeko, sailburuak Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzaren laguntza eta aholkuak izango ditu. Zuzendaritza sailburuaren menpe egongo da zuzenean.

  2. – Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritzak zeregin hauek izango ditu:

    1. Sailburuari Kultura Sailak dituen eskumenak era koordinatuan egikaritzen laguntzea.

    2. Barruko kudeaketa-planak eta euron jarraipen-txostenak egiteko lanak koordinatzea.

    3. Sailburuari sailaren eskumeneko gaietan zein irizpideren arabera jardun proposatzea.

    4. Jaurlaritzaren Lehendakaritzaordearen organo eskudunaren bidez, Sailak Legebiltzarrarekin eta beste erakunde batzuekin izan beharreko harremanak koordinatzea eta bideratzea.

    5. Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren organo eskudunaren bidez, Europako Batasuneko Erakundeekin izan beharreko harremanak koordinatzea eta bideratzea.

    6. Kulturaren Euskal Behatokia zuzentzea, izan ere, Zuzendaritzako zerbitzu denez, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura gaietako informazio-, dokumentazio- eta ikerketa-zentroaren egitekoak gauzatuko baititu.

    7. Sailaren politika garatzeko interesgarriak diren gaiei buruzko ikerketa edo txosten orokorrak egitea edo eginaraztea.

    8. Sailaren eta hedabide sozialen, informazio agentzien eta idatzizko prentsaren arteko harremanak koordinatzea eta baita Sailak beste Herri Administrazioekin edo erakunde pribatuekin bere egitekoak garatzeko izan beharreko protokolozko harremanak ere. Sailaren emanaldi publiko eta ofizialak antolatuko ditu.

    9. Hedabide sozialen alorrean sailak dituen eskumenen baitan dituen egitekoak gauzatzea, "Euskal Irrati Telebista" erakundeari dagozkionak izan ezik, eta baita irrati-kontzesioak eta frekuentziak esleitzeko egin beharrekoak ere. Gauzatu beharreko egitekoen artean honakook ditugu:

      • Telekomunikazioen arloko eskumenak dituzten organoekin lankidetzan teknologia digitalarekin loturiko komunikabideak eta bestelako zerbitzuak ezartzeko eta egikaritzeko egin beharreko administrazio-jarduerak sustatzea eta garatzea.

      • Zigor-prozedurei hasiera ematea eta alor horretan Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion zehapenak jartzea.

      • Euskal Autonomia Erkidegoko Irratidifusio Enpresen Erregistroaz arduratzea, uztailaren 12ko 296/1994 Dekretuaren arabera.

  1. – Zerbitzu Zuzendaritzari dagokio, zuzenean saileko sailburuaren menpe egongo delarik, honako egitekoak gauzatzea:

    1. Aurrekontutik Sailari dagokion zatiaren aurreproiektua koordinatzea, egitea eta jarraipena egitea eta Saileko kudeaketa ekonomikoaz arduratzea.

    2. Sailari atxikitako langileen gaineko prozedurak administratzea eta kudeatzea, Euskal Funtzio Publikoaren Legearen 10. artikuluak zehazten dituen eskumenez baliatuz. Egiteko horiek Ogasun eta Herri Administrazioko Sailaren organo eskudunei dagozkien egitekoetan kalterik eragin gabe gauzatuko ditu.

    3. Sailak langile-premiak direla-eta egindako aurreikuspenak ebaluatuko ditu eta Saileko plantillak eta lanpostu-zerrendak egiteko proposamenak egingo ditu.

    4. Langileentzako formazio eta hobekuntza planak eta programak egitea, hala dagokionean, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen lankidetzaz.

    5. Organo eskudunek langileen gainean hartutako akordio eta ebazpenen gaineko informazio egokia ematea saileko zerbitzuei eta betetzen direla zaintzea.

    6. Ondorengoei buruzko proposamenak taxutzea Saileko gainontzeko organoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskudunekin koordinatuta: barruko antolamendua, Saileko zerbitzuen arrazionalizazioa eta informatizazioa eta Saileko lan-metodoak.

    7. Saileko lanpostuen kokapen fisikoaren eta ekipamenduaren eta eraberritze-lanen gaineko ardura duten saileko lan-atalekin batera egin beharrekoak zuzentzea, beti ere, Ogasun eta Herri Administrazioko Sailak gai horretan dituen eskumenen kalterik gabe. Saileko bulegoen barne-erregimena eta baita ere sailari atxikitako ondarearen eta ondare horren horniduraren administrazioa eta dependentzien barruko erregimena zaintzea eta mantentzea eta atxikita duen ondarea administratzea eta kontserbatzea.

    8. Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren gai propioekin zerikusia duten sailaren eskumenak direla-eta sailari dagozkion espedienteak kudeatzea.

    9. Antolamenduari edo Informatikari dagozkien gaiekin zerikusia duten eskumenak kudeatzea, baldin eta komunak badira, sail guztietako direlako.

    10. Saileko organoei lege-aholkularitza eskaintzea, egiteko horretan Jaurlaritzaren Lehendakaritzaordetzak dituen eskumenen kaltetan gabe.

    11. Fundazio-arloan Sailak dituen egitekoak gauzatzea, baldin eta horretarako organo jakinik zehazten ez bada.

    12. Langileen arloan dagozkion espedienteei hasiera ematea eta zehapen arinak jartzea, indarrean dagoen legediaren arabera.

    1. Sailak dituen ondasun guztiak direla-eta Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzarekin izan beharreko harremanak bateratzea, Euskal Ondareari buruzko Legeak dioen bezala. Era berean, sailarenak diren ondasun eta eskubideen inbentarioa osatzen laguntzea.

    2. Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeak edo Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu beharreko gaiak organo horiei helarazteko izapidetzeak egitea eta baita Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo bestelako aldizkari ofizial batean argitaratu beharreko xedapen eta administrazio-egintzak horietara helarazteko egindakoak ere.

    1. Administrazioa eraldatzeko eta eraberritzeko eskumena duen organoaren jarraibideak eta ekimenak gauzatzeko eta garatzeko behar den sostengua bermatzea; gai horretan eta sailaren jarduera eremuaren barruan, Jaurlaritzaren programan aurreikusitakoa bete dadin.

    2. Sailaren gastuak baiestea, indarrean dagoen legeriaren arabera, eta, sailaren kanpo-organoen aurrean, aurrekontuetako egitarapen faseak izapidetzea.

    3. Euskararen erabilera normalizatzeko plana dela-eta Sailari dagozkion egitekoak gauzatzea.

  2. – Lurralde historikoetako kulturako lurralde zerbitzuak ere Zerbitzu Zuzendaritzari atxikita egongo dira. Zerbitzu horiek Kultura Sailari dagozkion alorretan egingo zaizkien kontsulta edo aurkeztuko zaizkien dokumentuei, edo eurek erantzun edo organo eskudunari helaraziko dizkiote. Halaber, alor horretan esleitzen zaizkien zereginak beteko dituzte.

Sailburuordetza bakoitzaren buru, zuzenean Kultura sailburuaren menpe egongo den sailburuorde bat izango da.

Kultura Saileko sailburuorde bakoitzak zeregin hauek izango ditu bere jardun-eremuan:

  1. Sailburuordetzaren eta haren menpeko zuzendaritza eta bestelako organo eta administrazio-atalen jarduera zuzentzea, koordinatzea, bultzatzea eta gainbegiratzea.

  2. Jarduera-politikak lantzea eta sailburuari proposatzea.

  3. Premiazkoak diren zirkularrak, instrukzioak eta xedapenak ematea sailburuordetzaren menpeko zerbitzuei egoki funtziona dezaten.

  4. Euren egitekoen baitan sailburuari beharko duen laguntza teknikoa ematea.

  5. Sailburuari ematea ezarritako jarduteko politikaren araberako xedapenen proiektuen proposamenak.

  6. Sailburuordetzaren jardueren programazioa egitea.

  7. Jarduteko planen kudeaketa eta helburuak ikuskatzea.

  8. Izendatuta dituen jardun-arloetako bere gaietan kontratazio-organo bezala aritzea.

  9. Bere eskumenen baitako arloetan sailak beste sailekin izan beharreko harremanetan harreman-organo izatea eta baita arlo horien inguruan sortzen diren sailen arteko koordinazio-organoekikoa ere. Egiteko hori Zerbitzu Zuzendaritzari izendatuta dituen egitekoen kalterik gabe gauzatuko du.

  10. Beren jardun-esparruetako gaietan zehapenak jartzea, baldin eta sailean beste organoren batek ez badu egiteko hori.

  11. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak esleitzen dizkion bestelako egitekoak egitea edo Jaurlaritzako sailburuorde guztiek oro har gauzatu behar dituzten eginkizun komunak egitea.

Saileko zuzendaritza bakoitzaren arduraduna zuzendari bat izango da, hierarkian dagokion sailburuordearen menpeko zuzena izango dena, ez da horrela izango Kabinetearen zuzendariari eta Zerbitzu zuzendariari dagokienez. Oro har, hauek dira Saileko zuzendarien egitekoak:

  1. Zuzendaritzako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatuko dituzte, organo eskudunek ezarritako arauen arabera.

  2. Zuzendaritzako jarduerak programatzea, sustatzea, zuzentzea, koordinatzea eta kontrolatzea, sailburuordeak emandako jarraibideen arabera.

  3. Beren ardurapeko arloetan egin beharreko ekintza-planak edo programak proposatuko dizkiete organo nagusiei.

  4. Honako dekretu honek esleitzen dizkion egitekoak gauzatzeko behar diren administrazio-egintzak ematea.

  5. Esandakoez gain, indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkien gainontzeko egitekoak eta Jaurlaritzako zuzendariei oro har dagozkienak ere bete behar dituzte.

  1. – Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzak honako Dekretu honen 7. artikuluan ezartzen diren egitekoak beteko ditu ondoko arloetan:

    • Historia- eta arte-ondarearen kudeaketa eta zainketa; museo, liburutegi eta artxiboak.

    • Arte eta kultura mailako jardunak eta horien hedapena.

    • Kirolak

    • Gazteria eta gizarte garapena.

  2. – Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzak kulturaren, gazteriaren eta kirolaren alorretan, Euskadiko herri-erakundeak euren artean koordinatuta lanean jardun dezaten eta euren arteko politika bateratzen jardungo du. Gainera, jardun-esparru horietan indarrean dagoen legeria garatu eta betetzen dela zainduko du eta bereziki, Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legea eta Euskadiko Kirolaren 14/1998 Legea.

  3. – Euskal kultura ondarea osatzen duten ondasunak Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legean zehazten diren kategorietan sailkatzeko edo zerrendatzeko espedienteei Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak emango die hasiera, eta helburu horrekin hartu beharreko erabakiak ere berak hartuko ditu, beti ere, erabakiok hartzea Administrazioko beste organoren baten eskumen ez bada. Halaber, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen eta ondare historiko artistikoa babesteko eta gordetzeko gainontzeko araudiaren arabera Eusko Jaurlaritzari dagozkion zehapen espedienteei ere emango die hasiera eta ebatziko ditu.

  4. – Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeak xedatutakoaren arabera, sailari dagozkion espedienteei Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak emango die hasiera eta ebatziko ditu eta, bereziki, gai horretako zehapen-ahalmena Eusko Jaurlaritzak esleitua izaki, bideratu beharreko espedienteak.

  5. – Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordetzak esleituta dituen egitekoak gauzatzeko honako zuzendaritza hauek izango ditu hierarkikoki bere menpe:

    1. Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

    2. Kultura Sortu eta Zabaltzeko Zuzendaritza.

    3. Kirol Zuzendaritza.

    4. Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritza.

  6. – Kulturaren Euskal Kontseiluak, Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordeak eta Kirolaren Euskal Kontseiluak Kultura Sailari atxikita daudelako bete beharreko harreman- eta koordinazio-egitekoak Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzak egingo ditu. Horretarako sailburuordeak bere zuzendaritzen baliabideez baliatuko da.

  1. – Euskal Kultura Ondarearen Zuzendaritzak honako Dekretu honen 8. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu euskal kultura ondarea defendatzea, aberastea, babestea, zabaltzea eta sustatzea xede duten arloetan, uztailaren 3ko 7/1990 Legearen eta hori garatzeko emango diren xedapenen arabera.

  2. – Egiteko horiek gauzatzeko ondorengo zerbitzuak ditu Kultura Ondarearen Zuzendaritzak:

    • Kultura Ondarearen Zentroa.

    • Museoen Zentroa.

    • Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroa (IRARGI).

    • Liburutegi Zerbitzua.

      1. – Hauek izango dira Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren egitekoak:

        1. Euskal Kultura Ondarearen Dokumentazio Zentroaz arduratzea.

        2. Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroa eta Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusia zuzentzea eta kudeatzea, horien antolaketa eta funtzionamendu araudian xedatutakoaren arabera. Erakunde horiek uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bitartez sortu ziren.

        3. Kultura Ondarea hedatzeko lanak antolatzea, erakusketen eta argitalpenen bitartez.

        4. Euskal Kultura Ondarea ikertzeko eta arloko espezialistak prestatzeko neurriak diseinatzea eta kudeatzea.

        5. Eusko Jaurlaritzako sailei, foru aldundiei eta udalei laguntza ematea eta horiekin lan egitea, Euskal Kultura Ondarea babesteko jarduerak eraginkorrak izan daitezen.

        6. Euskal Kultura Ondarearen inguruan egiten diren kontsultei erantzutea eta herritarrei informazioa ematea.

        7. Ondasunak monumentu/monumentu multzo izendatzeko edo Kultura Ondasunen artetik ateratzeko eta Balizko Arkeologi Guneak mugatzeko espedienteak izapidetzea.

        8. Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legea garatzeko xedapenak eta Kultura Ondarea hobeto babesteko eta gordetzeko jarraibide orokorrak proposatzea eta, hala badagokio, lantzea.

        9. Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordean parte hartzeak dakartzan lanak burutzea.

        10. EAEko Hirigintza planeamenduari eta lurralde antolamenduari buruzko agiriez irizpena ematea, hala dagokionean.

        11. Euskal Kultura Ondarea gordetzeko, aberasteko, babesteko, hedatzeko eta sustatzeko helburuarekin aurrekontuetan dagoen ehuneko bateko erreserbatik datozen fondoak erabiltzeko irizpide materialak proposatzea eta sailak dituen eskumenak gauzatzea.

        12. Sailkatutako eta inbentariatutako kultura ondasunen erosle-lehentasuneko eta atzera eskuratzeko eskubide-espedienteak izapidetzea. Eskubide horiek Eusko Jaurlaritzak beretzat edo bestelako erakunde publikoentzat zein irabazi-asmorik gabeko kultura-erakundeentzat erabili ahal izango ditu.

        1. EAEko material arkeologikoaren gordailua kudeatzea.

        2. Kultura ondarearen alorreko zehapen-espedienteen instrukzioa egitea; beti ere, zehapena jartzea Kultura Saileko organoei badagokie.

      2. – Hauek izango dira Museoen Zentroaren zereginak:

        1. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bidez sortutako Euskadiko Museoen Sistema Nazionalari dagozkion egitekoak garatzea eta egitea.

        2. EAEko museoen erregistroa kudeatzea.

        3. Museoen arloan diren beharrak aztertzea eta erregelamenduen aurreproiektuak egitea.

        4. Museoen gaineko kudeaketaz, programazioaz eta zabalkundeaz aholkularitza teknikoa ematea.

        5. EAEko museoen arteko planifikazioa eta lankidetza bultzatzeko neurriak diseinatzea.

        6. EAEko museoei laguntzak emateko sistema kudeatzea.

        7. EAEko gordetako euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasunen esportazioa eta mugimendua ikuskatzea dela-eta Eusko Jaurlaritzari dagozkion administrazio-jarduerak egitea.

        8. Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzarekin batera eta zuzendaritza horren egitekoen kaltetan gabe, Eusko Jaurlaritzarenak diren arte-ondasun higigarrien jarraipena egitea.

        9. Euskadiko Museoen Sistema Nazionalean sartuta dauden museoetako teknikarien prestakuntza-ekintzak sustatzea eta aholkularitza eskaintzea.

        10. Museoen gaineko gaietako argitalpenak bultzatzea.

        11. EAEko museoetan gordetako kultura-ondasun higigarriak dokumentatzeko, kontserbatzeko eta babesteko irizpideak zehaztea.

        12. EAEko museoetan gordetako kultura-ondasun higigarriak zerrendatzea eta zabaltzea.

      3. – Hauek izango dira "IRARGI" Dokumentu Ondarearen Zentroaren zereginak:

        1. Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen bidez sortu zen Euskadiko Museoen Sistema Nazionala dela-eta, Artxibo Zerbitzuetako Araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentazio Ondarea erregulatzeko arauak onartu zituen azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak ezartzen dizkion egitekoak gauzatzea.

        2. Euskal Autonomia Erkidegoko Artxibo Zerbitzuen kudeaketa-jarduerak koordinatzea.

        3. Euskal Autonomia Erkidegoko Artxibo Zerbitzuetako agirien tratamendua eta hedadura normalizatzea eta irizpideak finkatzea.

        4. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden edo horri buruzkoak diren artxibo publiko zein pribatuetako fondoetan dagoen informazioaren deskribapena eta hedadura sustatzea.

        5. Diren beharrak aztertzea eta Ondare dokumentalari eta artxiboei dagokienez, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea garatzeko aurreproiektuak egitea.

        6. Kultura ondareari buruzko politikaren esparru orokorraren barruan, ondare dokumentalari eta artxiboei buruzko berariazko politika diseinatzea eta kudeatzea.

        7. Euskal Autonomia Erkidegoko ondare dokumentalaren etaartxiboen balioari buruzko kontzientzia sozial eta kolektiboa bultzatzeko neurriak aztertzea eta proposatzea eta gai horretako prestakuntza eta hezkuntza sustatzeko behar diren erakundeekin lan egitea.

      4. – Hauek dira Liburutegi Zerbitzuaren zereginak:

        1. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bidez sortutako Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalari dagozkion egitekoak garatu eta gauzatzea.

        2. Jabetza Intelektualaren Erregistroaren eta hori kudeatzeko erakundeen alorrean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak dituen egitekoak betetzea.

        3. Lege-gordailuaren eta I.S.B.N.aren alorretan Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak dituen egitekoak betetzea.

        4. Euskal produkzio bibliografikoa eta euskararen eremukoa biltzea, gordetzea eta zabaltzea.

        5. Euskal bibliografia nazionala eta ondare bibliografikoaren katalogo kolektiboa egitea.

        6. Liburutegietan irakurtzeko zaletasuna sustatzeko neurriak diseinatzea.

        7. Ondare bibliografikoaren eta liburutegien alorrean, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legea arauen bitartez garatzea.

        8. Liburutegien eta ondare bibliografikoaren alorreko politika kudeatzea. Horretarako, beharrezko diren proiektuak sustatu, bultzatu eta zuzenduko dira.

        9. Sistema osatzen duten liburutegietako fondoen bibliografia erreferentziak bilduko dituen katalogo kolektiboa diseinatzea eta kudeatzea eta katalogo hori eskuragarri egongo dela bermatzea.

        10. Liburutegien alorrean euskararen erabilera normalizatzeko zer egin behar den ikertzea eta zehaztea.

        11. Sistema osatzen duten erabilera publikoko liburutegientzat jarduteko eredu izango diren irizpide teknikoak eta jarraibideak ezartzea.

        12. Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionala osatzen duten liburutegien arteko lankidetza koordinatzea, liburutegietako baliabideak hobeto aprobetxatzeko.

        1. Liburutegietan ematen diren zerbitzuak ebaluatzeko tresnak diseinatzea eta kudeatzea eta lortutako datuak aztertzea; ondoren, liburutegiei beren ahalmenak ondoen aprobetxatzeko metodologia eskaintzeko.

        2. Erabilera publikoko liburutegietan lan egiten duten pertsonen profila zehazteko eta prestakuntza bultzatzeko behar diren neurriak zehaztea.

  3. – Aurreko idatz-zatietan jasotako zereginekin zerikusia duten egiteko guztiak betetzea.

  4. – Kultura Sailari atxikita dauden aldetik, ondorengo kide anitzeko organoen egitekoak gauzatzea:

    1. Euskadiko Ondare Arkitektoniko Monumentalaren Aholku Batzordea, urriaren 23ko 284/1990 Dekretuak arautua.

    2. Euskadiko Arkeologia Ondarearen Aholku Batzordea, martxoaren 26ko 62/1996 Dekretuak arautua.

    1. Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Aholkularitza Kontseilua, azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak arautua.

  1. – Kultura Sortu eta Zabaltzeko Zuzendaritza honako Dekretu honen 8. artikuluan ezarritako egitekoak gauzatuko ditu honako arlo hauetan: musika, antzerkia, dantza, liburua, ikus-entzunezkoak eta arte bisualak.

  2. – Kultura Sortu eta Zabaltzeko Zuzendaritzak aipatutako arloetako lanbide-jarduerez arduratuko da bereziki.

  3. – Kultura Sortu eta Zabaltzeko Zuzendaritzak zeregin hauek izango ditu:

    1. Aipatutako arloetan dauden beharrak aztertzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan arlo horietan burutzen diren jarduerak bultzatzeko, sendotzeko eta/edo zabaltzeko egoki ikusten diren administrazio-neurriak hartzea.

    2. Bereziki arlo horietan diharduten erakunde publiko eta pribatuen arteko koordinazioa eta lankidetza bultzatzeko formulak aztertzea.

    3. Arlo horietan erakunde publikoek izango duten jarduera planifikatzeko egitasmoak burutzea.

    4. Arlo horietan kultura kontserbatzeaz, sortzeaz eta zabaltzeaz arduratzea.

    5. Euskadiko kultura-industriak garatzen laguntzea eta bultzatzea.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historikoen eta euskal kulturaren eremuko lurraldeen arteko kultura-harremanak sustatzea.

    7. Euskal Kultura-sorkuntza kanpoan zabaltzeko neurriak aztertzea eta proposatzea.

    8. Oro har, aurreko idatz-zatietan aipatutakoekin zerikusia duten zereginak egitea.

  1. – Kirol Zuzendaritzak honako Dekretu honen 8. artikuluan ezarritako egitekoak gauzatuko ditu Kirolarekin lotuta dauden arloetan beti ere arlo horietako eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarenak badira.

    Horren ildotik egiteko hauek izango ditu:

    1. Diren beharrak aztertzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion arautegien aurreproiektuak egitea, Ekainaren 11ko 14/1998 Legean xedatutakoaren arabera.

    2. Kirol federazioei beren lanean laguntzea eta horiekin batera lan egitea, indarrean dagoen arautegiaren arabera.

    3. Era guztietako kirol elkarteen sorrera bultzatzea.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoak dituen eskumenen barruan, goi-lehiaketazko kirol jarduerak sustatzea eta koordinatzea.

    5. Bertoko kirolak sustatzea eta horiei laguntza ematea.

    6. Euskal kirola Estatuan eta nazioarteko eremuan zabaltzeko neurriak gauzatzea.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko kirol instalazioen sarea planifikatzea eta gauzatu dadin lan egitea.

    8. Gorputz eta kirol jarduerei buruzko zientzia- eta teknika-ikerketak bultzatzea.

    9. Indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkion ikuskapen-lanak egitea eta kirol arloan Eusko Jaurlaritzari dagozkion zehapen-espedienteak izapidetzea.

    10. Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroa zuzentzea eta kudeatzea.

    11. Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea Kultura Sailari atxikita egoteak Sailari dakarzkion administrazio-jarduerak burutzea.

    12. Oro har, aurreko idatz-zatietan aipatutakoekin zerikusia duten zereginak egitea.

  2. – Kirol Zuzendaritzaren zerbitzu nagusiez gain honako administrazio-zerbitzu hauek ere atxikita egongo dira, ekainaren 11ko 14/1998 Legearen bitartez sortuak izan zirenak:

    1. Kirolaren Euskal Eskola.

    2. Kirol Medikuntzaren Euskal Zentroa.

    3. Teknika Hobekuntzarako Zentroa.

  3. – Kirol Zuzendaritzari dagokio Kirol Justiziako Euskal Batzordeari bere zereginak behar bezala burutzeko behar dituen bitartekoak ematea.

  1. – Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzak honako Dekretu honen 8. artikuluan ezarritako egitekoak gauzatuko ditu gazteriarekin eta gizarte-garapenarekin lotuta dauden arloetan, beti ere, arlo horietako eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarenak badira.

    Honako egitekoak izango ditu:

    1. Gainerako erakunde publikoekin eta gizarte-eragileekin batera, gazteak gizarteratzeko jarduerak bultzatzea.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Plana garatzea, bertako Zuzendaritza Batzordean idazkaritza lanak egitea eta Zuzendaritza Batzorde horrek sortuko dituen lan-taldeak koordinatzea.

    3. Gazteriaren egoerari buruzko informazioa eta dokumentazioa jasotzea eta zabaltzea eta arlo horretan interesgarri iritzitako ikerketak eta azterlanak egitea.

    4. Sektore horietan, haur eta gazteentzako politikari, gizarte garapenari eta aisiari buruzko arauen erregelamendu-aurreproiektuak egitea.

    5. Sustapen soziokulturalerako planak eta, hezkuntza, kultura eta gizarte ikuspegietatik aisialdia sustatzeko egitasmoak burutzea.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion zuzeneko jarduerak burutzea arlo hauetan:

      • Gazteentzako informazioa eta dokumentazioa, haur eta gazteentzako aterpe-etxeak, gazteentzako turismoa eta gazteentzako gainerako zerbitzuak.

      • Gazteentzako Europako egitasmoak eta gazteen arteko trukeak.

      • Gazteriari eta gizarte ekintzari dagokienez bete beharreko gainontzeko zeregin guztiak.

    7. Haur eta gazteen aisialdiko hezkuntzan, dinamizazio soziokulturalean eta haur eta gazteei zerbitzuak ematen dizkieten zentroetan lan egiten duten pertsonen ezaugarriak zehaztea eta horien prestakuntza bultzatzea.

    8. Boluntariotza eta komunitate-garapena sustatzea eta haur eta gazte elkarteen sorrera bultzatzea.

    9. Guztion intereseko jardueretan, Estatuko, Europako eta nazioarteko erakundeekin lankidetzan aritzea.

    10. Euskadiko Gazte Planaren garapena eta jarraipena egiteko Gazteriaren Euskal Behatokiaren egitekoak gauzatzea.

    11. Oro har, aurreko idatz-zatietan aipatutakoekin zerikusia duten zereginak egitea.

  2. – Otsailaren 2ko 14/1998 Dekretuak araututako Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Informazio eta Dokumentaziorako Zentro Koordinatzailea Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzari atxikita egongo da.

  3. – Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gazteriaren Kontseiluaren arteko harremanak zuzendu eta bideratuko dituena. Beraz, Gazteria eta Gizarte-Ekintza zuzendaria izango da Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria, maiatzaren 27ko 6/1986 Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

  1. – Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak De-kretu honen 7. artikuluan ezarritako zereginak izango ditu honako jardun arloetan:

    • Hizkuntza politika

    • Euskararen sustapena

  2. – Jardun-arlo horien baitan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aparteko arreta jarriko du honako egitekoetan:

    1. Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politika artikulatzea eta jarraipena egitea euskararen erabilera normalizatzeari dagokionez, eta Eusko Jaurlaritzak emanda Euskal Herriko Herri Administrazioek bete beharko dituzten arlo horretako jardun-irizpideak garatzea eta ezartzea.

    2. Arlo honetako zuzendaritzek hizkuntza politika zuzentzeko egindako arauak ezartzeko, aldatzeko edo aplikatzeko proposamen orokor zein berariazkoak koordinatzea eta, hala badagokio, sailburuari igortzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidego osorako plangintza orokorra osatzea eta jarduera bateratuak burutzeko planak egitea, Jaurlaritzak onar ditzan.

    4. Euskararen Aholku Batzordeak egindako proposamen zehatzetan oinarrituta, hizkuntza politikan eskumena duten herri aginte guztien arteko lankidetza dinamizatzea eta sustatzea. Horretarako, beharrezko diren ekimenak bultzatuko dira, eta instituzioen arteko lankidetza eta koordinazioa hobetuko duten formulak ikertuko dira.

    5. Euskararen Erabilpena Arautzen duen 10/1982 Oinarrizko Legea eta gainerako xedapen osagarriak modu egokian gara eta bete daitezen begiratzea, beti ere, beste administrazio-organo batzuk bereziki esleituta dituzten egitekoen kaltetan gabe. Bere jarduera-eremuan, aginte publikoek euskararen erabilera normalizatzeko xedapen orokorrak, Eusko Jaurlaritzaren jarraibideak eta Euskararen Aholku Batzordearen gomendioak betetzen dituzten begiratu eta ebaluatuko du.

    6. Hizkuntza normalizatzeko zereginetan, euskara normalizatzen eta araupetzen diharduten erakundeekin harremanak izatea eta, Euskal Herri osoa kontuan izanik, beste lurralde batzuetako era guztietako erakundeekin ere aritzea.

    7. Hizkuntza eskakizunak eta horiek aplikatzeko irizpideak zehazteko proposamena osatzea Euskal Funtzio Publikoaren Legeak ezarritako ondorioetarako. Era berean, irizpide horiei egokitzeko planak egiterakoan eta jarritako helburuak zein neurritan bete diren ebaluatzerakoan Herri Administrazioekin batera aritzea, beti ere, Administrazioetako bakoitzak edo, hala badagokio, Jaurlaritzako sailetako bakoitzak dituen zereginak eta eskumenak erabat errespetatuta.

      1. – Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, bere zereginak modu egokian bete ahal izateko, beharrezko iritzitako dokumentazio guztia eskatuko die bai Eusko Jaurlaritzako sailei, bai gainerako Herri Administrazioei ere, euskararen normalizazioari buruzko behar beste informazioa jasotzeko eta, batez ere, bakoitzak arlo horretan egiten duenaren berri izateko. Horretarako, egoki iritzitako komunikazio eta koordinazio bideak garatuko ditu; beti ere, erakunde edo aginte bakoitzak zerbitzu kudeaketan duen zuzeneko erantzukizuna errespetatuta.

      2. – Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza esleituta dituen egitekoak gauzatzeko honako zuzendaritza hauek izango ditu hierarkikoki bere menpe:

        • Euskara Planen Zuzendaritza.

        • Euskara Sustatzeko Zuzendaritza.

        • Koordinaziorako Zuzendaritza

      3. – Euskararen Aholku Batzordea Kultura Sailari atxikita egongo da, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bitartez, uztailaren 11ko 132/2000 Dekretuaren arabera.

  1. – Euskara Planen Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publiko eta organizazio pribatuetan euskararen erabilera normalizatzeari begira, Dekretu honen 8. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu.

  2. – Ildo horretatik, Euskara Planen Zuzendaritzak zeregin hauek burutuko ditu:

    1. Erakundeetako eta organizazio publiko zein pribatuetako euskara planak diseinatzea, bultzatzea eta martxan jartzea, erakunde eta organizazio horiekin batera.

    2. Eusko Jaurlaritzaren Euskara Plana garatzea eta horren koordinazioa eta jarraipena egiteko beharrezko iritzitako neurriak proposatzea, sail bakoitzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio-administrazioko erakunde bakoitzeko arduradunarekin lankidetzan.

    3. Plan horiek zenbateraino bete diren ebaluatzeko eta horren jarraipena egiteko lanak burutzea eta planak berrikusteko irizpideak zehaztea eta ezartzea.

    4. Instituzioetan eta erakundeetan euskara planak abiarazteko behar diren zerbitzuak antolatzeko, egituratzeko eta funtzionamenduan jartzeko proposamenak egitea. Azpiegitura horiek bultzatzea eta, hala badagokio, horien arduradunak prestatzea, metodologia eta baliabideak egoki erabil ditzaten. Hori guztia bestelako administrazio-organoen eskumenen kalterik gabe.

    5. Behar diren irizpenak emango ditu, hala dagokionean, Eusko Jaurlaritzan egiten diren xedapen orokorren proiektuek euskararen erabileraren normalizazioan zein eragin duten eta hizkuntza arloan indarrean dagoen araudia betetzen duten argitzeko.

    6. Eskatzen duten herritarrei, beren hizkuntza eskubideak babesteko aholkularitza ematea.

Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak Dekretu honen 8. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu ondorengo arloetan:

  1. Euskara pixkanaka normalizatzeko eta hizkuntza ondarea aberasteko ekimen pribatuak sustatzea.

  2. Euskarak edozein gizarte-arlotan duen erabileraz edo bizi duen egoeraz gizartea sentiberatzeko kanpainak edo neurriak garatzea eta koordinatzea.

  3. Bide-seinaleetan eta hizkuntza-paisaian, oro har, toponimia normalizatzeko jarduerak gauzatzea, beti ere, Euskararen Aholku Batzordearen Toponimiako Berariazko Batzordeari ez dagozkionak.

  4. Euskararen corpusa estandarizatzea eta modernizatzea.

  5. Euskalterm Terminologia-banku publikoa kudeatzea eta euskarazko terminologiaren inguruan lanean ari diren erakundeekiko lankidetza sustatzea.

  6. Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) Kultura Sailari atxikita egoteak Sailari dakarzkion zereginak burutzea.

Koordinaziorako Zuzendaritzak Dekretu honen 8. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu ondorengo arloetan:

  1. Sailburuordetzak hartzen duen eremuan, egoki ikusten diren azterketak eta ikerketak egitea, zabaltzea eta dokumentatzea.

  2. Euskararen Aholku Batzordeko Toponimiako Berariazko Batzordeak lanerako behar dituen datuak jasotzea eta tratatzea.

  3. Euskal Herriko plangintza soziolinguistikoaren mapa egitea eta aldiro-aldiro berrikustea.

  4. Hizkuntza normalizazioaren alderdi desberdinak ikertzeko politika bultzatzea eta koordinatzea, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eskumenen kaltetan gabe.

  5. Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Orokorra ebaluatzeko eta aldiro eguneratzeko eta horren jarraipena egiteko gauzatu behar diren ikerketak eta analisiak egitea.

  6. Hizkuntza politikan eskumena duten aginte publikoen arteko lankidetza gauzatzeko jarduerak abiaraztea, guzti horien jarduera koordinatua izan dadin. Hori lortzeko, Euskararen Aholku Batzordeak egindako proposamen konkretuetatik abiatuta, instituzioen arteko koordinazio batzordeak eratzeko egin beharrekoak egingo ditu.

  7. Euskararen Aholku Batzordeko berariazko batzordeen eta batzorde horren Idazkaritzaren lanak koordinatzea eta horien jarraipena egitea.

  8. Kultura Saileko berariazko estatistika-organoa den aldetik, apirilaren 23ko 86/1996 Dekretuan esleitutako zereginak burutzea.

  9. Hizkuntza politikaren ardura duten beste elkarte eta organismoekin batera gauzatzeko lankidetza-proiektuak koordinatzea eta kudeatzea.

  10. Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko legeria garatzeko beharra aztertu eta proposamenak egitea.

  11. Euskararen erabilera sustatzeko ekimenak bultzatzea Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako Foru Erkidegoko erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan eta eurekin koordinatuta arituz.

Lehena.– Sailburuordeek eta zuzendariek, gaixo jartzeagatik zein beste edozein arrazoirengatik, beren karguetan jarduterik ez badute, edo kargua hutsik badago, honako era honetara jokatuko da beren zereginak betetzerakoan:

  1. Sailburuordeek dituzten zereginak eta eskumenak, beren menpe dauden zuzendariek beteko dituzte dekretu honetan ezarritako ordena errespetatuz.

  2. Zuzendariei emandako zereginak eta eskumenak, dagokion sailburuordeak beteko ditu.

  3. Zuzenean sailburuaren menpe dauden zuzendarien ordezkapena txandaka egingo da. Ez da horrela jokatuko zehapen-espedienteei hasiera eman edo erabaki behar direnean, izan ere, holakoetan sailburuak erabakiko baitu zer egin.

Hortaz, espedienteari hasiera ematen zaionean, horren berri emango zaio sailburuari eta horrek instrukzio-egilea izendatuko du teknikarien artean, txandaka, espedienteari hasiera ematerakoan antzinatasun handiena duenetik hasita baina inork ere bi txanda jarraian egin barik.

Honako Dekretu honek eragingo dituen egitura-aldaketak lanpostu-zerrendan izango diren aldaketak argitaratzen direnean jarriko dira indarrean.

Xedapen hauek indargabetzen dira: Kultura Sailaren Egitura Organikoa ezartzen duen urriaren 19ko 359/1999 Dekretua eta Dekretu honetan xedatutakoaren aurka doazen gainontzeko xedapenak.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (12)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.
Euskadi, auzolana