Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Arautegia

Inprimatu

340/2005 DEKRETUA, urriaren 25ekoa, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 208
  • Hurrenkera-zk.: 5402
  • Xedapen-zk.: 340
  • Xedapen-data: 2005/10/25
  • Argitaratze-data: 2005/11/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Lehendakariaren ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzekoak, azken xedapenetatik lehenbizikoan ezartzen duenez, sailburuek –gure kasuan sailburu andreak- "lehendakariari aurkeztu beharko dizkiete beren sailetako araudi organikoen proiektuak, harek onetsi ditzan".

Hasi berri den legegintzaldi honetan, iraunkortasunari ekitea eta ingurumena hobetzea Euskal Autonomia Erkidegoan, behin eta berriro izango dira gogoan ezinbestez zeinahi politika publiko definitzerakoan. Horiek horrela, lurzoru eta lurraldearen antolamenduak ere bere egingo dituzte helburuok. Halaber, klima-aldaketaren aurkako borrokak eta berotegi-efektuko gasak murrizteak ageriko isla izan beharko dute Sail honi esleitutako eskumen eta funtzioetan.

Esandakoak eta aurreko legegintzaldiak (sasoi horretan funtzio eta egiteko berriak hartu ziren; baina horrek ez zuen ekarri zuzendaritza eta zerbitzuak berrantolatzea) emandako eskarmentua lagun, Ingurumen eta Lurrralde Antolamendu Saileko egitura organikoari buruzko Dekretu berria egin da, eta bertan sailburuordetzek eta zuzendaritzek hartutako esparruak berregituratu egin dira, xedea baita, arlo funtzionalak modu koherenteago batean elkartu eta baliabideak hobeto erabiltzea.

Ondorioz, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren proposamenez, Lehendakariak onartu ondoren eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko urriaren 25ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

Lehendakariaren ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzekoan, xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren organoa da Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila, eta honako jardute-arlo eta egiteko hauek dagozkio: lurraldea eta itsasertza, ingurumenaren arloa, urak, kanalak eta ureztaketak antolatzea, natur-baliabideak eta, basoa eta izadia zaintzeko zerbitzua antolatzea.

Aurreko artikuluan aipatutako arloekiko eskumenak bete ahal izateko, honako organo hauek osatuko dute Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura:

  1. Organo nagusiak:

    1. – Sailburua

    2. – Kabinetearen Zuzendaritza

    3. – Zerbitzu Zuzendaritza

    4. – Ingurumen Sailburuordetza:

      1. Ingurumenaren Plangintza, Ebaluazio eta Kontrolerako Zuzendaritza

      2. Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritza

      3. Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza

    5. – Lurralde Antolamendu eta Uren Sailburuordetza:

      1. Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritza

      2. Uren Zuzendaritza

  2. Lurralde organoak:

    Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde bulegoak.

  1. – Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari honako organo hauek atxiki zaizkio:

    1. Euskal Herriko Ingurumen Batzordea, otsailaren 27ko 3/1998 Lege bidez sortutakoa.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoaren Ingurumenerako Aholku Batzordea, otsailaren 27ko 3/1998 Lege bidez sortutakoa

    3. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatua, uztailaren 6ko 5/1989 Lege bidez sortutakoa

    4. Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Lankidetza Kontseilua, otsailaren 14ko 164/1995 Dekretu bidez sortutakoa

    5. Euskal Herriko Natura zaintzeko Aholku Batzordea-Naturzaintza, ekainaren 30eko 16/1994 Lege bidez sortutakoa

    6. Ingurumenarekiko Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegiak, irailaren 19ko 202/1989 Dekretu bidez sortutakoa

    7. Maiatzaren 31ko 4/1990 Legean aurreikusitako Euskal Herriko Lurraldearen Antolamendurako Batzordea

    8. Maiatzaren 31ko 4/1990 Legean aurreikusitako Lurralde Politikarako Aholku Batzordea

    9. Uraren Batzordea, otsailaren 18ko 33/2003 Dekretu bidez sortutakoa

  2. – Era berean, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari atxiki zaio "Sociedad Pública de Gestión Ambiental, IHOBE, S.A." baltzu publikoa.

  1. – Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuari dagozkio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluan aipatzen diren eskumenak eta Sailari dagozkion egiteko eta jardute-arloan indarrean dauden legeek eman diezazkioketenak, ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuarekin bat etorriz, Saileko beste organo bati atxikita ez badaude.

  2. – Aholkulariek eta sailburuak berak izendatutako konfidantzako langileek lagunduko diote Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuari bere funtzioak betetzen bere goi mailako zuzendaritzapean.

  3. – Haren ardurapean jarrita dauden funtzioak behar bezala bete ahal izateko, Saileko organoek kasu bakoitzerako behar den informazioa eta laguntza eskainiko diete Kabinetearen Zuzendaritzari eta konfidantzako gainerako langileei.

  4. – Zuzendaritza-Kontseilu batek Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren politika zedarritzen lagunduko dio bere titular izango den sailburuari. Zuzendaritza-Kontseilua sailburuordeek, zuzendariek, aholkulariek eta konfidantzako gainerako langileek osatuko dute, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren zuzendaritzapean.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko sailburuordeek honako egiteko hauek bete beharko dituzte nork bere jardute-eremuaren barruan eta sailburuaren zuzendaritzapean eta agintepean, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 30. artikuluan xedatzen denaren arabera:

  1. Sailburuordetzaren eta horren menpeko organoen ekintzen ardura izan, koordinatu, bultzatu eta gainbegiratzea.

  2. Sailburuordetzaren jarduerak programatzea.

  3. Sailburuaren jardute-eremuak diren arloetako xedapen orokorrei buruzko proiektuak lantzea eta, hala behar izanez gero, sailburuari aurkeztea.

  4. Sailburuaren eskumeneko gaietan bidezkotzat jotako ebazpenak proposatzea sailburuari, horiek izapidetzea Sailburuordetzari dagokion kasuetan. Bestetik, sailburuordearen eskumeneko gaiak ebaztea.

  5. Sailburuordetzarekin harremanak dituzten gainerako sailekiko eta, erakunde eta entitate publiko eta pribatuekiko komunikazio-organo izatea.

  6. Indarrean dauden xedapenek eman diezazkieten eskumen, ahalmen, prerrogatiba eta egiteko guztiak.

Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 31. artikuluan xedatzen denaren arabera, sailburuordearen agintepean, edo Zerbitzu Zuzendaritzaren eta Kabinetearen Zuzendaritzaren kasuan sailburuaren agintepean, zuzendariek antolaketa unitate baten zuzendaritza hartzen dute beren ardurapean, eta honako eskumen hauek egozten zaizkie:

  1. Zuzendaritzaren jarduerak zuzentzea, koordinatzea, bultzatzea eta horien jarraipena egitea, dagokion Sailburuordetzako titularrak edo, Zerbitzu Zuzendaritzaren eta Kabinetearen Zuzendaritzaren kasuan, sailburuak emandako instrukzioei jarraituz.

  2. Zuzendaritzako zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea, Zerbitzu Zuzendaritzak arlo horretan egotzita dituen eskumen orokorren kalterik gabe.

  3. Egokitzat jotako ebazpenen proposamena sailburuordeari, edo Zerbitzu Zuzendaritzaren kasuan sailburuari, egitea, ebazpen horiek izapidetzea Zuzendaritzari dagokionean. Bestetik, bere eskumeneko gaiak ebaztea.

  4. Indarrean dauden lege xedapenek ematen dizkioten gainerako eskumen, ahalmen, prerrogatiba eta funtzioak.

Kabinetearen Zuzendaritzatik sailburuak zuzeneko laguntza jasoko du. Zuzendaritza honi, Saileko Zuzendaritzenak diren egiteko orokorrez gain, ondoko beste egiteko eta jardute-eremu hauek dagozkio:

  1. Sailburuari laguntza ematea, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari atxikitako eskumenen erabileran.

  2. Kudeaketarako barne planak eta txostenak lantzeko koordinatzea eta horien jarraipena egitea.

  3. Sailburuari Sailaren eskumen-arloen gainean aritzeko irizpideak proposatzea.

  4. Sailak Eusko Legebiltzarrarekin eta beste erakunde batzuekin dituen harremanak bideratzea, Jaurlaritzaren Lehendakariordetzari dagozkion eskumenak kaltetu gabe.

  5. Sailak gizarte-komunikabideekin dituen harremanez arduratzea.

  6. Sailaren ekitaldi publiko eta ofizialak antolatzea.

  7. Sailaren argitalpenak koordinatzea.

Honako egiteko hauek dagozkio Zerbitzu Zuzendaritzari sailburuaren goi mailako zuzendaritzapean:

  1. Sailburuari laguntza teknikoa, juridikoa eta administratiboa ematea.

  2. Saileko organoen arteko administrazio-harremanak koordinatzea, baita organo horien eta Jaurlaritzaren gainerako organoen artekoak eta, behar izanez gero, bestelako herri administrazioen edo erakunde publiko zein pribatukoen artekoak ere.

  3. Saileko beste zuzendaritzekin koordinatzea, Saileko aurrekontuen aurreproiektua landu, jarraitu eta gainbegiratzeko.

  4. Jaurlaritzaren Kontseiluaren eta Ekonomi Gaietako Ordezko Batzordearen menpe jarri beharreko espedienteak eta gaiak izapidetu eta kontrolatzea.

  5. Sailari, gainerako Zuzendaritzekin koordinatuz, aholku juridikoak ematea.

  6. Sailaren esparruan kontratazio-organo bezala aritzea, ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzako Errege De-kretuak, Herri-administrazioetako kontratuei buruzko Legearen testu bategina onartzeko denak, eta aplika daitezkeen gainerako xedapenek Sailari esleitzen dizkioten ahalmen eta mugak errespetatuz.

  7. Saileko kontratazio-espedienteak izapidetzea.

  8. Espedienteak izapidetzeko behar diren gastuetarako baimenak onartzea.

  9. Sailari edo Sailaren menpeko edo atxikitako edozein erakunderi eragiten dieten arloen gaineko Lege-aurreproiektuak eta izaera orokorreko xedapenak zuzendu, bultzatu, koordinatu, dagokionean landu, izapidetu eta kontrolatzea.

  10. Sailari eragiten dioten arloen gaineko txosten juridikoak eta azterlanak zuzendu eta egitea; eta baita izaera juridikoko dokumentazio-zerbitzuak eta base dokumentalak kudeatzea ere. Halaber, Sailaren organo aholku-emaileei eta hari atxikitako gainerako erakundeei lankidetza eta laguntza eskainiko die, hala behar izanez gero.

  11. Sailak izenpetu beharreko akordioen eta hitzarmenen gaineko txosten juridikoak egitea; baita derrigorrezko legezkotasun-txostenak ere, beste organo batzuei esleitutakoak izan ezik

  12. Jurisdikzio-prozeduren jarraipena egin eta kontrolatzea, eta Auzibide-Zuzendaritzarekiko harremanak izatea Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila partaide deneko gaiei eta, hala behar izanez gero, horien gainean eman diren ebazpenei dagokienez.

  1. Sailaren jardueraren inguruan sor daitezkeen ondarezko erantzukizunari buruzko prozedurak koordinatu eta jarraipena egitea, horien gaineko amaierako ebazpena eman arte.

  2. Saileko langileen arloa planifikatzea, kontrolatzea eta horren kudeaketa koordinatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 10.1 artikuluan aipatzen diren funtzioak betetzeko eskuduna baita.

  3. Saileko zerbitzu orokorrak antolatu eta administratzea eta sailburuordetza, zuzendaritza eta lurralde bulegoetako lan sistemak eta metodoak koordinatzea.

  4. Saileko aplikazio informatikoak koordinatu eta kudeatzea, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko organo eskudunek izan ditzaten eskumenak kaltetu gabe.

  5. Saileko erregistro orokorra kudeatzea.

  6. Sailaren organoek Europako Batasuneko erakundeekin dituzten harremanak koordinatu eta bideratzea, Jaurlaritzaren Lehendakaritzari dagozkion eskumenak kaltetu gabe

  7. Administrazioa berritu eta gaurkotzeko organo eskudunak emandako ekimen eta jarraibideak garatu eta burutzeko beharrezko euskarria bermatzeko organo erantzule gisa jardutea, Jaurlaritzaren programaren aurreikuspenak garatzeko Sail honen jardute-eremuaren barruan.

  8. Sailaren zuzendaritza eta esparruek, baita erakunde publikoek eta Sailari atxikitako organoek ere, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Eusko Jaurlaritzaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, aurreikusitako neurriak betearaztea bultzatu, eta horretarako koordinatu eta lankidetzan aritzea.

  9. Sailaren informazio-zerbitzuek eta herritarrei arreta egitekoek (2 eta 3 mailetakoek) behar bezala jardungo dutela bermatzea; halaber, Gobernuko Herritarrentzako Arreta Zerbitzua – Zuzenean deiturikoarekin hartu-emanak egoki egituratzea; horretarako, ordezkari eraginkorrak egotea bermatuko da, haren eskumenen barruan sartzen diren gaietan.

  10. Indarrean dagoen zuzenbidezko ordenamenduak egotz diezazkiokeen egiteko guztiak

Ingurumen Sailburuordetza Eusko Jaurlaritzaren ingurumen organoa da eta Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorrak, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 20ko 16/1994 Legeak eta gainerako lege-xedapenek ezarritakoaren arabera, Saileko sailburuak gainbegiratuta, ondorengo jardute-eremuak gidatu eta koordinatzen ditu:

  1. Ingurumenarekiko politika planifikatu, programatu eta koordinatzea.

  2. Ingurumenari buruzko araudia prestatzea

  3. Ingurumen-politikarako tresnak diseinatu eta garatzea

  4. Ingurumenaren kalitaterako politikak formulatzea, kutsadurari aurrea hartu eta, klima-aldaketaren aurka borrokan egiteko

  5. Ingurumenean eragiten duten jarduerak antolatzea, eta horiek izan dezaketen efektu kutsatzailea kontrolatzea

  6. Bere eskumen-eremuari dagozkion eta ingurumenaren gaineko legerian jasotako baimenak eta ebazpenak ematea

  7. Ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egitea, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedurapean dauden programa eta proiektuen gainean.

  8. Lurzoruaren kalitatearen deklarazioa egitea

  9. Ingurumenaren arloko biltzarretan parte hartzera bultzatzea

  10. Biodibertsitatea eta bere baliabideak babestea

  11. Ingurumena zaindu, ikuskatu eta Kontrolatzera bultzatzea

  12. Ingurumenari buruzko informazioa ematea, eta horren inguruan gizartea sentsibilizatu eta ohartarazteko jarduerak aurrera eramatea

  1. Nazioarteko organismoekin, asministrazo publikoekin eta Europako nahiz beste kontinenteetako intereseko organismoekin lankidetzan aritzea, ingurumenaren arloko proiektuen gainean eta batera aritzen diren jardueren gainean

Ingurumenaren Plangintza, Ebaluazio eta Kontrolerako Zuzendaritzari honako egiteko hauek dagozkio:

  1. Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen-Estrategia eta Euskal Herriko Ingurumeneko Esparru-Programa bultzatzea eta horien jarraipena egitea, ingurumen-politikaren plangintza eta programazioa prestatuz; horrek eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako erakunde publikoen ekimenek aipatutako estrategia eta programa horiek eratzen lagunduko dute.

  2. Hiriko ingurumenaren iraunkortasuna sustatzea XXI Agenda bultzatuz

  3. Ingurumen gaiaren plangintza koordinatzea eta ingurumen arloko azterlanak egitea beste arloekiko lankidetzan.

  4. Ingurumenaren egoerari eta Euskal Autonomia Erkidegoaren ingurumeneko adierazleei buruzko memoria prestatzea

  5. Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko prozedurak izapidetzea eta ingurumenaren gaineko eraginaren deklaraziorako proposamenak lantzea

  6. Zaintza, ikuskaritza eta kontrolerako lanak koordinatzea, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legeak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko ingurumenari buruzko legezko xedapenek ezarritako eremuaren barruan, eta betiere, Uren Zuzendaritzari bere esparruan aitortu zaizkion eskumenak kaltetu gabe.

  7. Atmosferaren ingurumen-kalitatea ebaluatu eta kontrolatzea; horretarako, kutsadura eragiten duten guneak, inguruneko airea eta kutsadura akustikoa kontrolatuko dira.

  8. Klima-aldaketaren arloan ezarritako helburuak betetzen lagunduko duten araudi-proposamen, planifikazio- eta administrazio-tresnak garatzea.

  9. Zientzia, Teknologia eta Gizarte Planaren barruko I+G jarduerak sustatzea; plan hori gauzatzea, Sailaren ardura da

  10. Zuzendaritzarenak diren gaietan araugintza poiektuak lantzea, Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinatuta

  11. Ingurumenaren politikarako tresnak garatu, eta Zuzendaritzako arlo funtzionaletan aplikatzea

  12. Eta zuzenbidezko ordenamenduak egozten dizkion guztiak.

Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzari honako egiteko hauek dagozkio:

  1. Ingurumeneko baimen integratuak izapidetu, eta horiei jarraipena egitea; eta, behar izanez gero, baimen-proposamena egitea.

  2. Ingurumenean eragina duten jardueren administrazio-kudeaketa egitea; baita sailkatutako jardueretarako baimena emateko prozeduran neurri zuzentzaileak ezartzeko txosten-proposamena eta, sektorekako araudian begietsitako baimenak lortzeko baldintza eta betebeharrena ere, Uren Zuzendaritzari bere esparruan aitortu zaizkion eskumenei kalterik egin gabe.

  3. Ingurumenari buruzko sektorekako araudian aurreikusitako lizentziak eta baimenak lortzeko administrazio prozedurak koordinatzeko izango diren neurriak hartzera bultzatzea.

  4. Hondakinei buruzko plan zuzentzaileak prestatzea; horien gida-lerroak bete beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan garatzen diren hondakinen ekoizpen edo kudeaketa publiko zein pribatuko jarduerak

  5. Hondakinen trafikoa ikuskatu eta kontrolatzea

  6. Hondakinak ekoiztu eta kudeatzeko baimen-proposamenak lantzea, eta deklarazioak fiskalizatu eta urteko ekoizpen eta kudeaketaren gaineko memoriak egitea

  7. Zuzendaritzaren eskumeneko administrazio erregistroak sortu eta, horien mantenimendua egitea

  8. Ontziki-hondakinak kudeatzeko sistema integratuetarako baimen-proposamena, ontzikiak prebenitzeko enpresa-planak onartzea eta ontzikiak jaso, sailkatu eta birziklatzeari buruzko informazioa kudeatzea

  9. Lurzoruaren kalitatearen ebaluazioa kontrolatzea; horretarako, prebentzio-, babes- eta berreskuratze-neurriak definitu eta proposatuko dira, Lurzoruaren kutsadura kontrolatu eta hari aurrea hartzeko Legeak ezarritakoarekin bat.

  10. Lurzoruaren Kalitatearen Deklarazioarako proposamenak izapidetu eta lantzea

  11. Ingurumena kudeatu eta ikuskatzeko Erkidegoko Sisteman sartzeko proposamena (Eco-Management and Audit Scheme - EMAS)

  12. Ingurumenari eragindako kalteei aurrea hartu, kalteok gutxitu eta arintzeko teknikak eratzeko prozesuak aplikatzea.

  1. Zuzendaritzarenak diren gaietan araugintza poiektuak lantzea, Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinatuta

  2. Ingurumenaren politikarako tresnak garatu, eta Zuzendaritzako arlo funtzionaletan aplikatzea

  1. Eta zuzenbidezko ordenamenduak egozten dizkion guztiak

Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzari honako egiteko hauek dagozkio:

  1. Azterlanak, txostenak, planak eta estrategiak lantzea, biodibertsitatea zaindu eta babesteko eta bertako baliabideak modu iraunkorrean erabiltzeko.

  2. Ekologi balio handiko aldeetako eta ekosistema sentikorretako sektorekako plangintza egitea.

  3. Baliabide naturalak antolatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko lurreko eta itsasoko eremuetan.

  4. Baliabide naturalak antolatzeko planak landu, izapidetu eta berraztertzea, Euskal Herriko natura zaintzeko ekainaren 30eko 16/1994 Legean ezarritakoa betez.

  5. Babestutako naturguneen deklarazioa sustatzea.

  6. "Natura 2000" Europako sare ekologikoaren barruan dauden Babes Bereziko Zonak proposatu eta kudeatzea, Euskal Herriko Natura Zaintzeko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 13. eta 25. artikuluetan jasotako eskumenei; alegia, naturgune babestuak kudeatzeko lurralde historiketako foru-organuen eskumenei kalterik egin gabe.

  7. Babestutako naturguneen Sarearen helburuak betetzeko behar diren ekintzak gauzatzea, Euskal Herriko Natura Zaintzeko 16/1994 Legearen 11. artikuluan aurreikusitakoaren arabera

  8. Euskal Autonomia Erkidegoko Naturguneen Sarearen erregistroa kudeatzea

  9. Txingudiko Badia antolatu eta zaintzeko Plan Berezian jasotako aurreikuspenak garatzeko jarduerak burutzea

  10. Urdaibai Biosfera Erreserbaren kudeaketa bultzatu eta koordinatzea

  11. Urdaibaiko Biosfera Erreserba babestu eta antolatzeari buruzko ekainaren 6ko 5/1989 Legean aurreikusten diren zehaztapenak betetzeko beharrezko ekintzak egin daitezen sustatzea eta zaintzea

  12. Basa eta itsas flora eta faunan arriskuan dauden espezien euskal zerrenda kudeatzea, eta kudeaketarako planak garatzea Foru Aldundiekin elkarlanean, natura babesten duen 16/1994 Legearen 50.3 artikuluan xedatutakoaren arabera

  1. Ingurumen arloko hezkuntza, prestakuntza eta sentsibilizazioko planak lantzea, Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinatuta

  2. Ingurumen arloko informazioa kudeatzea eta ingurumen arloko datu-basea eratzea.

  1. Genetikoki eraldatutako organismoak segurtasunez transferitu, manipulatu eta erabiltzeko babes egokia bermatzea

  2. Proiektuak onartzea eta hezeguneak leheneratzeko obrak egitea edo sustatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko inguru hezeak antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren arabera

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Batzordearen, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenerako Aholku Batzordearen, Natura Zaintzeko Aholku Batzordearen (Naturzaintzaren), eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuaren eta Lankidetza Kontseiluaren laguntza teknikoa jasotzea, baita idazkaritza arloko laguntza ere

  4. Euskal ikastetxeetan ingurumen arloko XXI eskola-agenda sustatzea, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin elkarlanean

  5. Zuzendaritzaren berezko gaietako arauzko proiektuak lantzea Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinatuta

  6. Zuzendaritzako arlo funtzionaletan ingurumen-politikako tresnak garatzea eta aplikatzea

  7. Euskal administrazio-publikoen zerbitzura lan egiten duten langileentzako ingurumen-prestakuntza sustatzea, Ogasun eta Herri Administrazio Sailarekin koordinatuta

  8. Eta zuzenbidezko ordenamenduak egozten dizkion guztiak

Lurralde Antolamendu eta Uren Sailburuordetzak honako jardun-eremu hauek zuzendu eta koordinatuko ditu, sailburuaren goi mailako zuzendaritzapean:

  1. Lurraldea, itsasertza eta urak antolatzeko politika planifikatzea, programatzea eta koordinatzea.

  2. Lurraldearen, itsasertzaren eta uren antolamenduaren arloko araudia lantzea.

  3. Bere eskumen-esparruari dagozkion baimenak eta erabakiak ematea.

  4. Lurraldearen, itsasertzaren eta uren antolamenduaren arloan egiten diren koordinazio-foroetan parte hartzea.

  5. 4/1990 Legean aurreikusitako lurralde-antolamenduko tresnak sustatzea eta, hala badagokio, koordinatzea, lantzea eta bideratzea, baita lurralde-plangintzako tresnak eta araudi hidraulikoan aurreikusten diren plangintza hidrologikoko tresnak ere.

  6. Lurralde-informazioko sistema.

  7. Nazioarteko organismoekin, herri-administrazioekin eta organismo interesdunekin elkarlanean jardutea, Europan zein beste kontinente batzuetan, lurraldearen eta uren antolamenduaren arloko proiektu eta jardun komunetan.

Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritzari honako egiteko hauek dagozkio:

  1. Lurraldearen Antolamenduari buruzko 4/1990 Legean aurreikusitako lurraldea eta itsasertza antolatzeko tresnak lantzea, bideratzea eta berraztertzea, Eusko Jaurlaritzaren eskumenen esparruan, betiere Eusko Jaurlaritzaren Sailei esleitutako eskumenen kalterik gabe.

  2. Plangintza orokorreko zehaztapenak garatzen dituzten hiri-plangintzako tresnak bideratzea, Eusko Jaurlaritzaren onarpenaren mende daudenak.

  3. Lurralde-antolamenduko eta hiri-antolamenduko tresnei buruzko txosten teknikoak lantzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen eta Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Politikarako Aholku Batzordearen esparruan, baita organo horiei dagokienez 4/1990 Legeak Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen Sailari esleitu zizkion gainerako funtzioak ere.

  4. Gobernu Kontseiluak hartu beharreko erabaki-proposamenak prestatzea, 4/1990 Legearen 26.1 artikuluan Eusko Jaurlaritzari esleitutako egitekoei dagokienez.

  5. Lurraldearen eta paisaiaren antolamenduaren arloan proiektu arautzaileak lantzea, Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinatuta.

  6. Itsasertzak babesteko plangintza egitea, kalitate-estandarrak finkatzea eta horiek manten daitezen zaintzea.

  7. Itsas-lehorreko jabari publikoaren babes-zortasunen eremuko erabileren eta jardueren administrazio-baimenak ebaztea, baita itsasertza babesteko egitekoa garatzean eta ildo horretako txostenak lantzean beharrezkoak diren baimen guztiak ere.

  8. Lurraldea berritzeko berariazko ekintzak gauzatzea –zehazki, industria-aurrien problematikaren eraginpean dauden eremuak berritzeko berariazko ekintzak–.

  9. Lurralde Informazioko Sistema hobetzea eta mantentzea –Autonomia Erkidegoaren erakundeek egin beharreko kartografia eta Jaurlaritzaren eskumenak egikaritzeko beharrezko kartografia barne–.

  10. Eskumena duten gainerako herri-administrazioekin batera, kartografia arloan koordinatzeko ekintzak gauzatzea.

  11. Kartografia arloko sustapen-ekintzak garatzea.

  12. Sailari esleitutako jarduerak egiteko desjabetze-ahalmenaz baliatzea, betiere Gobernu Kontseiluari eta horren barruko beste sail batzuei dagozkien eskumenen kalterik gabe.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen eta Lurralde Politikako Aholku Batzordearen laguntza teknikoa jasotzea, baita idazkaritza arloko laguntza ere.

  2. Indarrean dagoen zuzenbidezko ordenamenduak eslei diezazkiokeen egiteko guztiak.

Uren Zuzendaritzari honako egiteko hauek dagozkio:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean erabat dauden arroetako plangintza hidrologikoa lantzea eta haren jarraipena eta berrazterketa egitea –betiere urei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen 13.3., 38.4. eta 39.2. artikuluetan ezarritako irizpideei jarraituz–, eta hainbat erkidego hartzen dituzten arroetako plangintza hidrologikoan parte hartzea.

  2. Zuzendaritzaren jardunen eremuetan, obra eta instalazioetako inbertsioen plangintza eta programazioa egitea.

  3. Uraren administrazio publikoa antolatzeko modua proposatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko urak eta obra hidraulikoak arautzeko xedapenen aurreproiektuak taxutzea, Zerbitzu Zuzendaritzarekin koordinatuta.

  4. Jabari publiko hidraulikoari dagozkion legezko zortasunak, emakidak eta baimenak emateko, aldatzeko eta iraungitzeko erabakiak hartzea; erkidegoaren barruko arroetako zortasun-eremuen arloko baimenei zein ibilguetako polizia-eremuen arloko baimenei buruzko erabakiak hartzea; eta euskal itsasertzari dagozkion uretan industria-isurketa poluitzaileak isurtzeko baimenak ematea.

  5. Erkidegoaren barruko arroetan, isurketak egiteko baimenak emateko, aldi baterako eteteko, aldatzeko eta iraungitzeko erabakiak hartzea.

  6. Erkidegoaren barruko arroetako baliabide hidraulikoak Uren Legean eta horren garapen-xedapenetan aurreikusitako babes araubide berezien mende jartzea, baldin eta Gobernu Kontseiluari ez badagokio.

  7. Uren Erregistroa, ur pribatuen katalogoa eta isurketen errolda eramatea.

  8. Erabiltzaileen Erkidegoen estatutuak eta ordenantzak onartzea, eta uren legerian aurreikusten diren horiei buruzko gainerako eskumenak gauzatzea.

  9. Ur kontinentalen, aprobetxamenduen eta obra hidraulikoen arloko tasa eta kanonetako elementu kuantitatiboak proposatzea, hala badagokio.

  10. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko azpiegitura hidraulikoko obrak egiteko proiektuak onartzea eta egitea, ubideak eta ureztaketakoak barne; haiek zaintzea eta, hala badagokio, ustiatzea; eta obra eta instalazio hidraulikoekin zerikusia duten teknologiak aztertzea, ikertzea eta eguneratzea.

  11. Zuzendaritzak egiten dituen obrei buruzko proiektu teknikoak gainbegiratzea.

  12. Urak eta obra hidraulikoak direla-eta, tokiko erakundeei, entitateei eta partikularrei laguntzak nola eman proposatzea.

  1. Legeria hidraulikoa betetzeko beste administrazio batzuekin eta gainontzeko pertsona publiko nahiz pribatuekin behar diren hitzarmenak eta elkarlanerako bideak proposatzea eta egikaritzea.

  2. Legeria hidraulikoa urratzearen ondoriozko zigor-espedienteak abian jartzea.

  3. Uren kalitatea aztertzea eta kontrolatzea, baliabide eta aprobetxamendu hidraulikoen plangintza eta kudeaketa egiteko eskumenak erabiltzeko beharrezkoa dena; eta, plangintza hidrologikoa betetzeko, uren kalitateko helburu eta programak proposatzea eta haien jarraipena egitea, eraginpean dauden gainerako sailekin elkarlanean.

  4. Aforoak eta hidrologia-azterlanak egin eta uhaldien gaineko informazioa jasotzea; eta jabari publiko hidraulikoa eta uren kalitatea babesteko administrazio hidraulikoak dituen eskumenez baliatzea.

  5. Estatuko antolaketa hidraulikoan eta alderdi hidraulikoetako koordinazio-organoetan parte hartzea.

  6. Oro har, 1994ko maiatzaren 31ko Hitzarmenak esleitutako funtzioak egikaritzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren aginpideko arroetako baliabide eta aprobetxamendu hidraulikoen araubidearen ondoriozko gainerako eskumenak erabiltzea; eta haiek kontserbatu ahal izateko beharrezko ekintzak proposatzea eta gauzatzea, eraginpean dauden gainerako sailekin elkarlanean.

  7. Zuzendaritzaren berezko gaiei buruzko irizpenak eta txostenak egitea.

  8. Uraren Kontseiluaren laguntza teknikoa eta idazkaritza arloko laguntza jasotzea.

  1. – Egiteko nagusiak.

    Organikoki sailburuaren mende egonik, eta funtzionalki zuzendarien mende egonik, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren Lurralde Bulegoetako buruek honako egiteko hauek dituzte, nork bere lurralde historikoaren eremuan:

    1. Legeak eta xedapenak betetzen direla zaintzea, Sailari esleitutako eskumenei dagokienez.

    2. Lurralde Bulegoetako zerbitzu orokorrak administratzea.

    3. Bulegoa osatzen duten dependentzia eta organoetako jarduerak koordinatzea.

    4. Itsas-lehorreko jabari publikoa babesteko zortasun-eremuko erabileren eta jardueren baimen administratiboa hastea eta bideratzea –proposamen-fasera arte, hori barne–, baita itsasertza babestean eta horren arloko txostenak lantzean beharrezkoak diren baimen guztiak ere.

    5. Indarrean dauden gainerako xedapenek esleitzen dizkieten ahalmen, aginpide eta funtzioak betetzea.

  2. – Uren arloko berariazko funtzioak.

    1. Obra hidraulikoetako proiektuak idaztea.

    2. Kasuan kasuko jardun-esparruko obrak zuzentzea.

    3. Legezko zortasunen espedienteak erabakitzeko proposamenak hastea –hala badagokio–, bideratzea eta idaztea, baita jabari publikoko hidraulikoei buruzko emakidak eta baimenak, ibilguetako zortasun eta poliziako eremuetako baimenak, eta ur kontinentaletara eta itsasertzera isurtzeko baimenak ere.

    4. Emakidadunek eta baimenen titularrek kasuan kasuko tituluetan jasotzen diren baldintzak betetzen direla ikuskatzea, zaintzea eta kontrolatzea.

  3. – Ikuskapenaren arloko berariazko funtzioak.

    1. Ingurumen-legeria betetzen dela ikuskatzea, zaintzea eta kontrolatzea.

    2. Legeria hidraulikoa eta kosta-legeria betetzen direla ikuskatzea, zaintzea eta kontrolatzea.

  4. – Uren arloko jardun-eremuko eskumenei dagokienez, honakoa izango da Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren Bulegoen lurralde-esparrua:

    1. Araban, Ebrora ura isurtzen duten ibaien –Ebro ibaia bera barne– arro hidrografikoen esparrua.

    2. Bizkaian, Kalera ibaitik hasi eta Artibairaino, biak barne direla, ura Kantabrikora isurtzen duten ibaien arro hidrografikoen esparrua.

    3. Gipuzkoan, Deba ibaitik hasi eta Bidasoaraino, biak barne direla, ura Kantabrikora isurtzen duten ibaien arro hidrografikoen esparrua.

  1. Sailburuari esleitutako eskumenak eta funtzioak sailburuordeek beteko dituzte, Dekretu honetan azaltzen diren hurrenkeraren arabera, betiere gobernuari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean ezarritakoaren kalterik gabe.

  2. Sailburuordeei esleitutako eskumenak eta funtzioak beraien mendeko zuzendariek beteko dituzte, Dekretu honetan agertzen diren hurrenkeraren arabera.

  3. Zuzendariei esleitutako eskumenak eta funtzioak dagozkien sailburuordeek beteko dituzte.

  4. Sailburuak kasuan kasurako erabakitzen duenaren arabera ordezkatuko dira Zerbitzu zuzendaria eta lurralde-bulegoetako buruak.

  1. – Ordezkatu egin dira "Ingurumen Sailburuordetzaren" aipamenak "Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren organo eskudunaren" aipamenekin. Eskumen horiek Dekretu honetan ezarritakoaren arabera egikaritzen dira.

  2. – Abuztuaren 29ko 196/1997 Dekretuaren 10.3. artikulua aldatu da, eta honela geratu da:

    "3.– Aurreko atalean aintzat hartzen den txostena eskatzearekin batera, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren organo eskudunak txostena eskatuko die lurraldeagatik eraginpean dauden udalei, hilabeteko epearen barruan aurkeztutako baimen-eskariari buruzko iritzia azal dezaten. Epe hori bukatutakoan txostena ematen ez bada, aldekoa dela joko da."

Vitoria-Gasteizen, 2005eko urriaren 25ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (16)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.
Euskadi, auzolana