Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Arautegia

Inprimatu

25/2006 DEKRETUA, otsailaren 14koa, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 42
  • Hurrenkera-zk.: 1068
  • Xedapen-zk.: 25
  • Xedapen-data: 2006/02/14
  • Argitaratze-data: 2006/03/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Lehendakariaren ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 14. artikuluak Kultura Sailari honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion:

  1. Kirolak.

  2. Gazteria eta gizarte garapena.

  3. Historia eta arte ondarearen kudeaketa eta zainketa; museo, liburutegi eta artxibategiak.

  4. Hizkuntza politika.

  5. Euskararen sustapena.

  6. Arte eta kultura mailako jardunak eta horien hedapena.

  7. Gizarte komunikabideak; irrati kontzesioak eta frekuentzien esleipena.

  8. Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, Zuzenbide Pribatuko ente publikoak eta baltzu publikoak gidatzea, legeek eta arautegiek ezartzen dutenaren arabera.

  9. Legeek eta arautegiek eman diezazkioketen gainontzeko ahalmenak.

    Kultura Sailaren gaur arteko egitura organikoa otsailaren 5eko 34/2002 Dekretuaren bitartez ezarri zen.

    Sailak funtzionatzeko erabiltzen dituen mekanismoak doitzeko eta jarduerak banatzeko, aipatu den dekretuaren eta legegintzaldi honetarako Gobernua osatzeko sinatutako koalizio-akordioan Kulturarako programen gaineko aurreikuspenen arabera, egoki irizten zaio egitura organikoa finkatzeko dekretu berri bat egiteari, orain arte indarrean egon dena ordezteko.

    Ondorioz, Kultura sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartu ondoren eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko otsailaren 14ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuaren 14. artikuluan zehazten diren egitekoak beteko ditu Kultura Sailak bertan finkatzen diren jarduera-alorretan eta ondorengo artikuluetan zehazten den moduan.

Aurreko artikuluan zehazten diren funtzioak betetzeko eta alorretan jarduteko dituen eskumenak gauzatzeko, Kultura Sailak organo hauek izango ditu egituran:

  1. – Organo nagusiak:

    1. Kultura sailburua.

      1.– Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritza.

      2.– Zerbitzu Zuzendaritza.

    2. Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetza.

      1.– Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

      2.– Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

      3.– Kirol Zuzendaritza.

      4.– Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritza.

    3. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza.

      1.– Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza.

      2.– Euskara Sustatzeko Zuzendaritza.

      3.– Koordinaziorako Zuzendaritza.

  2. – Erakunde-mailako administrazioa: Kultura Sailari atxikita daude erakunde-mailako honako erakunde hauek.

    1. Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE), administrazio-mailako erakunde autonomoa.

    2. "Euskal Irrati Telebista" zuzenbide pribatuko ente publikoa eta ente horrekin lotutako sozietateak.

    3. "Euskadiko Orkestra, S.A." sozietate publikoa.

  3. – Kide anitzeko organoak:

    1. Kulturaren Euskal Kontseilua.

    2. Euskararen Aholku Batzordea.

    3. Kirolaren Euskal Kontseilua.

    4. Euskadiko Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordea.

    5. Euskadiko Ondare Arkitektoniko Monumentalaren Aholku Batzordea.

    6. Euskadiko Arkeologia Ondarearen Aholku Batzordea.

    7. Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Aholkularitza Kontseilua.

    8. Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea.

    9. Kiroleko Indarkeriaren Aurkako Euskal Batzordea.

    10. Kirol Justiziako Euskal Batzordea.

    11. Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordea.

    12. Euskal Ikus-entzunezkoaren Erakunde arteko Batzordea (EIEB).

  1. – Kultura sailburuari honako eskumen hauek egikaritzea dagokio: ekainaren 30eko 7/1981 Jaurlaritzaren Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritakoak eta ekainaren 27ko 8/2005 Lehendakariaren Dekretuak ezarri eta dekretu honen 1. artikuluan jaso diren Sailaren egiteko eta jardun-esparruen baitan indarrean dagoen legeriak egokitzen dizkionak.

  2. – Saileko organo gorena denez, berari dagokio saileko organo eta jarduera guztiak zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.

  3. – Langileen alorrean, berriz, sailburuak eskumen hauek izango ditu, Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen arabera:

    1. Saileko lanpostuen zerrendak proposatuko ditu, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 10.1 artikuluaren e) idatz-zatiaren arabera.

    2. Hutsegite larri eta oso larriengatiko zehapenak ezarriko ditu, Euskal Funtzio Publikoaren Legearen arabera, salbu eta zehapena zerbitzutik behin betiko kentzea edo iraiztea bada.

  4. – Sailburua kontratazio-organoa izango da sailburuordetza bakoitzaren esparrutik kanpo geratzen diren gaietarako, baldin indarreko legeriaren arabera kontratu txikitzat jo ezin badira.

  1. – Zuzendaritza Batzordeak honako lan hauetan lagunduko dio bere titularrari: Sailaren politika ikuskatzen eta jarraitzen, egintzen plangintza orokorra egiten eta agintzen zaizkion bestelakoak egiten.

  2. – Sailburuak, sailburuordeek, Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen zuzendariak eta Zerbitzu zuzendariak osatuko dute Zuzendaritza Batzordea. Sailburua izango da Zuzendaritza Batzordearen zuzendari gorena.

  3. – Horietaz gain, sailburuak izendatutako beste pertsona batzuek ere parte hartu ahal izango dute batzordean.

  4. – Sailburuak propio izendatuko du nor arduratu batzordearen idazkaritzaz.

  1. – Eman zaizkion eskumenak gauzatzeko, sailburuak Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzaren laguntza eta aholkuak izango ditu. Zuzendaritza sailburuaren menpe egongo da zuzenean.

  2. – Sailburuaren Kabinetearen aldetik zeregin hauek izango ditu:

    1. Sailburuari Kultura Sailak dituen eskumenak era koordinatuan egikaritzen laguntzea.

    2. Sailaren eskumeneko gaietan zein irizpideren arabera jardun aztertzea eta sailburuari horri buruzko proposamenak egitea, ezertan ere urratu gabe Saileko sailburuordeek gai horietan dituzten eskumenak.

    3. Jaurlaritzaren Lehendakaritzaordearen organo eskudunaren bidez, Sailak Legebiltzarrarekin eta beste erakunde batzuekin izan beharreko harremanak koordinatzea eta bideratzea.

    4. Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren organo eskudunaren bidez, Europar Batasuneko Erakundeekin izan beharreko harremanak koordinatzea eta bideratzea.

    5. Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren organo eskudunaren bidez, beste autonomia erkidegoekin izan beharreko harremanak koordinatzea eta bideratzea.

    6. Sailak sustatutako biltzar, jardunaldi edo mintegiak antolatzeko lanak koordinatzea.

    7. Sailaren emanaldi publiko eta ofizialak antolatzea.

    8. Sailaren eta gizarte komunikabideen, informazio agentzien eta idatzizko prentsaren arteko harremanak koordinatzea.

    9. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak eta Eusko Jaurlaritzak onarturiko berdintasun planak aurreikusitako neurriak bultzatzea eta koordinatzea, Saileko Zuzendaritzekin eta Sailari atxikitako Administrazio Instituzionaleko erakunde eta organoekin batera elkarlanean.

    10. Sailaren arlokako atalekin barruko kudeaketa-planak eta euron jarraipen txostenak egiteko lanak koordinatzea.

  3. – Gizarte hedabideen alorrean, alor horretan bidezko diren beste administrazio-jardun guztiei ekingo die, baldin arauz Euskadiko Administrazioaren barruko beste organo bati esleituta ez badaude. Egnkizun horien artean, nolanahi ere, hauek sartuko dira:

    1. Telekomunikazioen arloko eskumenak dituzten organoekin lankidetzan teknologia digitalarekin loturiko komunikabideak eta bestelako zerbitzuak ezartzeko eta egikaritzeko egin beharreko administrazio-jarduerak sustatzea eta garatzea.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenean dauden irrati-telebista zerbitzuei dagokienez behar diren titulu juridikoak emateko bideratutako prozedurak direla eta, horien gaineko administrazio kudeaketa bidezkoak.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumenean dauden irratiko nahiz telebistako operadoreek irratiari eta telebistari buruzko xedapen orokorretan eta zerbitzua emateko eragileek izenpetutako dokumentuetan jasotako aurreikuspenak betetzen direla jarraitzea eta egiaztatzea.

    4. Zigor-prozedurei hasiera ematea eta alor horretan Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion zehapenak jartzea, eginkizun horiek ez baditu beste organoren batek esleituta.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko Irratidifusio Enpresen Erregistroaz arduratzea.

    6. Kultura sailburuarekin elkarlanean jardutea "Euskal Irrati Telebista" erakunde publikoari dagozkion jarduketetan, Kultura Sailari atxikitako erakundea den aldetik.

  1. – Zerbitzu Zuzendaritzari dagokio, zuzenean saileko sailburuaren menpe egongo delarik, honako egitekoak gauzatzea.

  2. – Kudeaketa ekonomikoari eta asistentzia juridikoari dagokionez:

    1. Sailaren eskumeneko arloetan eduki ekonomikoa duten azterlan eta txostenak programatzea eta, hala badagokio, Saileko zuzendaritzekin batera lantzea. Sailaren Aurrekontuen aurreproiektua lantzeari begira, zuzendaritzak koordinatuko ditu eta bere aurreproiektu propioa landuko du sailburuaren begiradapean.

    2. Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren gai propioekin zerikusia duten Sailaren eskumenak direla-eta Sailari dagozkion egitekoak gauzatzea eta espedienteak kudeatzea, eta sailaren gastuei baimena ematea, betiere eginkizun hori beste organoren bati ez badagokio. Alde horretatik, Sailaren kudeaketa ekonomikoa eta aurrekontuzkoa zentralizatuko ditu, eta Sailaren kanpo-organoen aurrean aurrekontua exekutatzeko faseak tramitatuko ditu.

    3. Alde horretatik, sailaren kudeaketa ekonomikoa eta aurrekontuzkoa zentralizatuko ditu, eta sailaren kanpo-organoen aurrean aurrekontua exekutatzeko faseak tramitatuko ditu.

    4. Sailak dituen ondasun guztiak direla-eta Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzarekin izan beharreko harremanak bateratzea, Euskal Ondareari buruzko Legeak dioen bezala, bai eta Ogasun eta Herri Administrazio Saileko ondare-kontabilitatearen arloarekin ere. Era berean, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzarekin elkarlanean, Sailarenak diren ondasun eta eskubideen inbentarioa osatzen laguntzea.

    5. Saileko zerbitzu juridikoak egituratzea, aholkularitza juridikoa eskaintzea Saileko organoei, eta eskatutako zuzenbide-txostenak ematea, kasu honetan Jaurlaritzaren Lehendakariordetzak dituen eskumenak ezertan urratu gabe.

    6. Sailak sortzen duen araudia koordinatzea, hala badagokio lantzea, eta horren jarraipena egitea.

    7. Kolaboratzea Saileko organoek nahitaez eman behar dituzten txosten edo irizpenak lantzean, dokumentu horiek juridikoki garrantzia edo eragina duten kasuetan.

    8. Sailaren egintzen aurka jarritako administrazio-errekurtsoak ebazteko proposamenak aztertzea eta formulatzea, bai eta ondare-erantzukizunaren gaineko erreklamazioak eta auzibidera jo aurreko erreklamazioak ere, horiek ebaztea Saileko organoen egitekoa den kasuetan. Era berean, Jaurlaritzaren Lehendakariordetzaren Auzibide Zuzendaritzaren bidez Sailak epaitegiekin eta juztizia auzitegiekin dituen auziei buruzko harremanak koordinatzea, eskatzen dizkioten espedienteak eta dokumentazioa bidaltzeari begira eta horien epaiak betetzeari begira.

  3. – Langileen gaineko kudeaketari dagokionez:

    1. Sailari atxikitako langileen gaineko prozedurak administratzea eta kudeatzea, Euskal Funtzio Publikoaren Legearen 10. artikuluak zehazten dituen eskumenez baliatuz. Egiteko horiek Ogasun eta Herri Administrazioko Sailaren organo eskudunei dagozkien egitekoak urratu gabe gauzatuko ditu.

    2. Sailak langile-premiak direla-eta egindako aurreikuspenak ebaluatuko ditu eta Saileko plantillak eta lanpostu-zerrendak egiteko proposamenak egingo ditu.

    3. Langileentzako formazio eta hobekuntza planak eta programak sustatzea, hala dagokionean, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen lankidetzaz.

    4. Organo eskudunek langileen gainean hartutako erabaki eta ebazpenen gaineko informazio egokia ematea Saileko zerbitzuei eta betetzen direla zaintzea.

    5. Ondorengoei buruzko proposamenak taxutzea Saileko gainontzeko organoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskudunekin koordinatuta: barruko antolamendua, Saileko zerbitzuen arrazionalizazioa eta informatizazioa eta Saileko lan-metodoak.

    6. Langileen arloan dagozkion espedienteei hasiera ematea eta zehapen arinak jartzea, indarrean dagoen legediaren arabera.

  4. – Planifikazioari eta azterlanei dagokienez:

    1. Informazio-sistema, estatistika eta azterlanen alorretan, kudeaketa eta koordinazio lana egitea, Ogasun eta Administrazio Sailaren eskumenak ezertan ere urratu gabe. Horretarako, apirilaren 23ko 86/1996 Dekretuaren bidez araututako estatistika organo berariazkoa atxikiko zaio, betiere Jaurlaritzako sailen estatistikarako organo bereziak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuan xedatutakoa urratu gabe. Alde horretatik, hauek izango ditu eginkizunak.

    2. Aurreko idatz-zatian adierazitako gaien inguruan Saileko zerbitzuek eskatuta bideratzen diren kontratazioetan, horiek hasi aurreko nahitaezko txostenak ematea.

    3. Zuzendaritza Batzordeak eskatuta, Sailaren politika garatzeko interesgarriak diren gaien inguruko azterlan eta txosten orokorrak egitea.

  5. – Aurrekoez gainera, Sailaren kudeaketa transbertsalaz arduratzen den organoa den aldetik:

    1. Administrazioa eraldatzeko eta eraberritzeko eskumena duen organoaren jarraibideak eta ekimenak gauzatzeko eta garatzeko behar den sostengua bermatzea; gai horretan eta Sailaren jarduera eremuaren barruan, Jaurlaritzaren programan aurreikusitakoa bete dadin.

    2. Sailak herritarrei informazioa eta arreta emateko dituen zerbitzuek ahalik eta ongien funtziona dezaten ziurtatzea (2. eta 3. atentzio maila), eta Jaurlaritzaren Zuzenean-Herritarrentzako arretarako gunearekin harreman egokiak bideratzea.

    3. Sailaren atalen jardunbide koordinatua eta eraginkorra lortzeko beharrezkoak diren jarduketak bultzatzea, Sailak esleiturik dituen jardun-arloetan informazio, dokumentazio eta ikerketa elementu egokiak izateko.

    4. Sailaren ikus-entzunezkoen argitalpenak, elektronikoak, informatikoak eta telematikoak koordinatzea, Sailaren zuzendaritzekin bermatuz bere eskumeneko arloetan solaskide eraginkorrak daudela.

    5. Saileko lanpostuen kokapen fisikoaren eta ekipamenduaren eta eraberritze-lanen gaineko ardura duten saileko lan-atalekin batera egin beharrekoak zuzentzea, beti ere Ogasun eta Herri Administrazioko Sailak gai horretan dituen eskumenak urratu gabe. Saileko bulegoen barne-erregimena eta baita ere Sailari atxikitako ondarearen eta ondare horren horniduraren administrazioa eta atalen barruko erregimena zaintzea eta mantentzea eta atxikita duen ondarea administratzea eta kontserbatzea.

    6. Sailaren Informatika arloko beharrizanak –aplikazioak eta euskarriak– planifikatzea eta koordinatzea, baldin ez badaude Administrazioko beste sailei esleituta.

    7. Gobernu Kontseiluak edo eskuordetutako organoek aztertu beharreko gai eta espedienteak tramitatzea eta koordinatzea eta baita Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharreko xedapen eta administrazio-egintzak ere.

    8. Euskararen erabilera normalizatzeko Plana dela-eta Sailari dagozkion egitekoak gauzatzea eta, hala badagokio, beharrezko neurriak bultzatzea eta arautzea.

    9. Sailburuordetzaren baten esparrutik kanpo geratzen diren gaietarako, baldin indarreko legeriaren arabera kontratu txikitzat jotzen badira, kontratazio organo gisa jardutea.

    10. Fundazio-arloan Sailak dituen egitekoak gauzatzea, baldin eta horretarako organo jakinik zehazten ez bada.

    11. Sailean kalitate-modeloak diseinatzea eta garatzea.

  6. – Lurralde historikoetako kulturako lurralde zerbitzuak ere Zerbitzu Zuzendaritzari atxikita egongo dira. Zerbitzu horiek Kultura Sailari dagozkion alorretan egingo zaizkien kontsulta edo aurkeztuko zaizkien dokumentuei erantzungo die edo organo eskudunari helaraziko dizkiote. Halaber, alor horretan esleitzen zaizkien zereginak beteko dituzte.

  1. – Kultura Sailean, sailburuaren mendean, Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetza eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza egongo dira.

  2. – Sailburuordetzetako pertsona titularrek honako zereginak izango dituzte, bakoitzak esleiturik duen jardun-eremuan:

    1. Sailburuordetzaren eta haren menpeko zuzendaritza eta bestelako organo eta administrazio-atalen jarduera zuzentzea, koordinatzea, bultzatzea eta gainbegiratzea.

    2. Jarduera-politikak lantzea eta sailburuari proposatzea, Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzarekin elkarlanean.

    3. Premiazkoak diren zirkularrak, instrukzioak eta xedapenak ematea sailburuordetzaren menpeko zerbitzuei, egoki funtziona dezaten.

    4. Euren egitekoen baitan sailburuari beharko duen laguntza teknikoa ematea.

    5. Sailburuari ematea ezarritako jarduteko politikaren araberako xedapenen proiektuen proposamenak.

    6. Sailburuordetzaren jardueren programazioa egitea.

    7. Sailburuordetzako zuzendariek emandako ebazpenen aurka jartzen diren errekurtsoei ebazpena ematea.

    8. Jarduteko planen kudeaketa eta helburuak ikuskatzea.

    9. Izendatuta dituen jardun-arloetako bere gaietan kontratazio-organo moduan aritzea.

    10. Bere eskumenen baitako arloetan Kultura Sailak beste sailekin izan beharreko harremanetarako organoa izatea eta baita arlo horien inguruan sortzen diren sailen arteko koordinazio-organoekikoa ere. Egiteko hori sailburuaren mendeko zuzendaritzek izendatuta dituzten egitekoak urratu gabe gauzatuko du.

    11. Beren jardun-esparruetako gaietan zehapenak jartzea, baldin eta Sailean beste organoren batek ez badu egiteko hori.

    12. Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak esleitzen dizkion bestelako egitekoak edo Jaurlaritzako Sailburuordetza guztiek oro har gauzatu behar dituzten eginkizun komunak.

Dekretu honen 2. artikuluan zehazten diren Saileko zuzendaritzetako arduradunek, oro har, egiteko hauek izango dituzte:

  1. Zuzendaritzako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatuko dituzte, organo eskudunek ezarritako arauen arabera.

  2. Zuzendaritzako jarduerak programatzea, zuzentzea, koordinatzea eta kontrolatzea, hierarkiako organo hurrenak emandako jarraibideen arabera.

  3. Beren ardurapeko arloetan egin beharreko ekintza-planak edo programak proposatuko dizkiete organo nagusiei.

  4. Dekretu honek esleitzen dizkion egitekoak gauzatzeko behar diren administrazio-egintzak ematea.

  5. Indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkien gainontzeko egitekoak eta Jaurlaritzako zuzendariei oro har dagozkienak.

  1. – Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako pertsona arduradunak dekretu honen 7. artikuluan ezartzen diren egitekoak beteko ditu ondoko arloetan:

    1. Historia eta arte ondarearen kudeaketa eta zainketa; museo, liburutegi eta artxiboak.

    2. Arte eta kultura mailako jarduerak eta horien hedapena.

    3. Kirolak.

    4. Gazteria eta gizarte garapena.

  2. – Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzak kulturaren, gazteriaren eta kirolaren alorretan, Euskadiko herri-erakundeak euren artean koordinatuta lanean jardun dezaten eta euren arteko politika bateratzen jardungo du. Gainera, jardun-esparru horietan indarrean dagoen legeria garatu eta betetzen dela zainduko du, eta bereziki, Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legea eta Euskadiko Kirolaren 14/1998 Legea.

  3. – Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako pertsona arduradunak hasiera emango die Euskal kultura ondarea osatzen duten ondasunak Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legean zehazten diren kategorietan sailkatzeko edo zerrendatzeko espedienteei, eta helburu horrekin hartu beharreko erabakiak ere berak hartuko ditu, betiere erabakiok hartzea Administrazioko beste organoren baten eskumena ez bada. Halaber, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen eta ondare historiko artistikoa babesteko eta gordetzeko gainontzeko araudiaren arabera Eusko Jaurlaritzari dagozkion zehapen espedienteei ere emango die hasiera eta ebatziko ditu.

  4. – Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako pertsona arduradunak Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeak xedatutakoaren arabera Sailari dagozkion espedienteei hasiera emango die eta ebatziko ditu –baldin eginkizun hori beste organoren bati esleitu ez bazaio–, bereziki, gai horretako zehapen-ahalmena Eusko Jaurlaritzak esleitua izaki, bideratu beharreko espedienteak.

  5. – Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzak esleituta dituen egitekoak gauzatzeko honako zuzendaritza hauek izango ditu hierarkikoki bere menpe:

    1. Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

    2. Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

    3. Kirol Zuzendaritza.

    4. Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritza.

  6. – Kulturaren Euskal Kontseiluak eta Kirolaren Euskal Kontseiluak Kultura Sailari atxikita daudelako bete beharreko harreman- eta koordinazio-egitekoak Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzak egingo ditu. Horretarako sailburuordeak bere zuzendaritzen baliabideez baliatuko da.

  1. – Euskal Kultura Ondarearen Zuzendaritzak dekretu honen 8. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu, euskal kultura ondarea zaintzea, aberastea, babestea, zabaltzea eta sustatzea xede duten arloetan, uztailaren 3ko 7/1990 Legearen eta hori garatzeko emango diren xedapenen arabera.

  2. – Egiteko horiek gauzatzeko ondorengo zerbitzuak ditu Kultura Ondarearen Zuzendaritzak:

    1. Kultura Ondarearen Zentroa.

    2. Museoen Zentroa.

    3. Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroa (Irargi).

    4. Liburutegi Zerbitzua.

      1. – Hauek izango dira Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren egitekoak:

        1. Euskal Kultura Ondarearen Dokumentazio Zentroaz arduratzea.

        2. Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroa eta Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusia zuzentzea eta kudeatzea, horien antolaketa eta funtzionamendu araudian xedatutakoaren arabera. Erakunde horiek uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bitartez sortu ziren.

        3. Kultura Ondarea hedatzeko lanak antolatzea, erakusketen eta argitalpenen bitartez.

        4. Euskal Kultura Ondarea ikertzeko eta arloko espezialistak prestatzeko neurriak diseinatzea eta kudeatzea.

        5. Eusko Jaurlaritzako sailei, foru aldundiei eta udalei laguntza ematea eta horiekin lan egitea, Euskal Kultura Ondarea babesteko jarduerak eraginkorrak izan daitezen.

        6. Euskal Kultura Ondarearen inguruan egiten diren kontsultei erantzutea eta herritarrei informazioa ematea.

        7. Ondasunak monumentu/monumentu multzo izendatzeko edo Kultura Ondasunen artetik ateratzeko eta Balizko Arkeologi Guneak mugatzeko espedienteak izapidetzea.

        8. Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legea garatzeko xedapenak eta Kultura Ondarea hobeto babesteko eta gordetzeko jarraibide orokorrak proposatzea eta, hala badagokio, lantzea.

        9. Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordean parte hartzeak dakartzan lanak burutzea.

        10. Euskal Autonomia Erkidegoko hirigintza planeamenduari eta lurralde antolamenduari buruzko agiriez irizpena ematea, hala dagokionean.

        11. Euskal Kultura Ondarea gordetzeko, aberasteko, babesteko, hedatzeko eta sustatzeko helburuarekin aurrekontuetan dagoen ehuneko bateko erreserbatik datozen funtsak erabiltzeko irizpide materialak proposatzea eta sailak dituen eskumenak gauzatzea.

        12. Sailkatutako eta inbentariatutako kultura ondasunen erosle-lehentasuneko eta atzera eskuratzeko eskubide-espedienteak izapidetzea. Eskubide horiek Eusko Jaurlaritzak beretzat edo bestelako erakunde publikoentzat zein irabazi-asmorik gabeko kultura-erakundeentzat erabili ahal izango ditu.

        1. Euskal Autonomia Erkidegoko material arkeologikoaren gordailua kudeatzea.

        2. Kultura ondarearen alorreko zehapen-espedienteen instrukzioa egitea, betiere zehapena jartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organoei badagokie.

      2. – Hauek izango dira Museoen Zentroaren zereginak:

        1. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bidez sortutako Euskadiko Museoen Sistema Nazionalari dagozkion egitekoak garatzea eta egitea.

        2. Euskal Autonomia Erkidegoko museoen erregistroa kudeatzea.

        3. Museoen arloan diren beharrak aztertzea eta arauzko neurriak proposatzea.

        4. Museoen gaineko kudeaketaz, programazioaz eta zabalkundeaz aholkularitza teknikoa ematea.

        5. Euskal Autonomia Erkidegoko museoen arteko planifikazioa eta lankidetza bultzatzeko neurriak diseinatzea.

        6. Euskal Autonomia Erkidegoko museoei laguntzak emateko sistema kudeatzea.

        7. Euskal Autonomia Erkidegoan gordetako euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasunen esportazioa eta mugimendua ikuskatzea dela-eta, Eusko Jaurlaritzari dagozkion administrazio-jarduerak egitea.

        8. Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzarekin batera eta zuzendaritza horren egitekoak urratu gabe, Eusko Jaurlaritzarenak diren arte-ondasun higigarrien jarraipena egitea.

        9. Euskadiko Museoen Sistema Nazionalean sartuta dauden museoetako teknikarien prestakuntza-ekintzak sustatzea eta aholkularitza eskaintzea.

        10. Museoen gaineko gaietako argitalpenak bultzatzea.

        11. Euskal Autonomia Erkidegoko museoetan gordetako kultura-ondasun higigarriak dokumentatzeko, kontserbatzeko eta babesteko irizpideak zehaztea.

        12. Euskal Autonomia Erkidegoko museoetan gordetako kultura-ondasun higigarriak zerrendatzea eta zabaltzea.

      3. – Hauek izango dira "Irargi" Dokumentu Ondarearen Zentroaren zereginak:

        1. Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen bidez sortu zen Euskadiko Museoen Sistema Nazionala dela-eta, Artxibo Zerbitzuetako Araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentazio Ondarea erregulatzeko arauak onartu zituen azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak ezartzen dizkion egitekoak gauzatzea.

        2. Euskal Autonomia Erkidegoko Artxibo Zerbitzuen kudeaketa-jarduerak koordinatzea.

        3. Euskal Autonomia Erkidegoko Artxibo Zerbitzuetako agirien tratamendua eta hedadura normalizatzea eta irizpideak finkatzea.

        4. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden edo horri buruzkoak diren artxibo publiko zein pribatuetako funtsetan dagoen informazioaren deskribapena eta hedadura sustatzea.

        5. Ondare bibliografikoaren eta artxiboen alorrean diren beharrak aztertzea eta arauzko neurriak proposatzea.

        6. Kultura ondareari buruzko politikaren esparru orokorraren barruan, ondare dokumentalari eta artxiboei buruzko berariazko politika diseinatzea eta kudeatzea.

        7. Euskal Autonomia Erkidegoko ondare dokumentalaren eta artxiboen balioari buruzko kontzientzia sozial eta kolektiboa bultzatzeko neurriak aztertzea eta proposatzea eta gai horretako prestakuntza eta hezkuntza sustatzeko behar diren erakundeekin lan egitea.

      4. – Hauek dira Liburutegi Zerbitzuaren zereginak:

        1. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bidez sortutako Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalari dagozkion egitekoak garatu eta gauzatzea.

        2. Jabetza Intelektualaren Erregistroaren eta hori kudeatzeko erakundeen alorrean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak dituen egitekoak betetzea.

        3. Legezko Gordailuaren eta ISBNaren alorretan Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak dituen egitekoak betetzea.

        4. Euskal produkzio bibliografikoa eta euskararen eremukoa biltzea, gordetzea eta zabaltzea.

        5. Euskal bibliografia nazionala eta ondare bibliografikoaren katalogo kolektiboa egitea.

        6. Liburutegietan irakurtzeko zaletasuna sustatzeko neurriak diseinatzea.

        7. Ondare bibliografikoaren eta liburutegien alorrean diren beharrak aztertzea eta arauzko neurriak proposatzea.

        8. Liburutegien eta ondare bibliografikoaren alorreko politika kudeatzea. Horretarako, beharrezko diren proiektuak sustatu, bultzatu eta zuzenduko dira.

        9. Sistema osatzen duten liburutegietako funtsen bibliografia erreferentziak bilduko dituen katalogo kolektiboa diseinatzea eta kudeatzea.

        10. Liburutegien alorrean euskararen erabilera normalizatzeko zer egin behar den ikertzea eta zehaztea.

        11. Sistema osatzen duten erabilera publikoko liburutegientzat jarduteko eredu izango diren irizpide teknikoak eta jarraibideak ezartzea.

        12. Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionala osatzen duten liburutegien arteko lankidetza koordinatzea, liburutegietako baliabideak hobeto aprobetxatzeko.

        1. Liburutegietan ematen diren zerbitzuak ebaluatzeko tresnak diseinatzea eta kudeatzea eta lortutako datuak aztertzea; ondoren, liburutegiei beren ahalmenak ondoen aprobetxatzeko metodologia eskaintzeko.

        2. Erabilera publikoko liburutegietan lan egiten duten pertsonen profila zehazteko eta prestakuntza bultzatzeko behar diren neurriak zehaztea.

  3. – Kultura Sailari atxikita dauden aldetik, ondorengo kide anitzeko organoen egitekoak gauzatzea:

    1. Euskadiko Ondare Arkitektoniko Monumentalaren Aholku Batzordea, urriaren 23ko 284/1990 Dekretuak arautua.

    2. Euskadiko Arkeologia Ondarearen Aholku Batzordea, martxoaren 26ko 62/1996 Dekretuak arautua.

    3. Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Aholkularitza Kontseilua, azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak arautua.

  1. – Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak dekretu honen 8. artikuluan ezarritako egitekoak gauzatuko ditu honako arlo hauetan: musika, antzerkia, dantza, liburugintza, ikus-entzunezkoak eta arte bisualak.

  2. – Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak aipatutako arloetako lanbide-jarduerez arduratuko da bereziki.

  3. – Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak zeregin hauek izango ditu:

    1. Aipatutako arloetan dauden beharrak aztertzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan arlo horietan burutzen diren jarduerak bultzatzeko, sendotzeko eta/edo zabaltzeko egoki ikusten diren administrazio-neurriak hartzea.

    2. Kulturaren Euskal Behatokia zuzentzea. Behatokiak Euskal Autonomia Erkidegoko kulturaren alorrean informazio, dokumentazio eta ikerketa zentro moduan jardungo du, zuzendaritzaren mendeko zerbitzua den aldetik.

    3. Sailburuordetzaren eskumenean dauden alorretan egokitzat jotzen diren azterlan eta ikerketak egitea, eta horren dokumentazioa eta zabalkundea.

    4. Bereziki arlo horietan diharduten erakunde publiko eta pribatuen arteko koordinazioa eta lankidetza bultzatzeko formulak aztertzea.

    5. Arlo horietan erakunde publikoek izango duten jarduera planifikatzeko egitasmoak burutzea.

    6. Arlo horietan kultura kontserbatzeaz, sortzeaz eta zabaltzeaz arduratzea.

    7. Euskadiko kultura-industriak garatzen laguntzea eta bultzatzea.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historikoen eta euskal kulturaren eremuko lurraldeen arteko kultura-harremanak sustatzea.

    9. Euskal Kulturaren sorkuntza kanpoan zabaltzeko neurriak aztertzea eta proposatzea.

  1. – Kirol Zuzendaritzak dekretu honen 8. artikuluan ezarritako egitekoak gauzatuko ditu kirolarekin lotuta dauden arloetan, betiere arlo horietako eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarenak badira.

    Horren ildotik, egiteko hauek izango ditu:

    1. Diren beharrak aztertzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion arauzko neurriak proposatzea, ekainaren 11ko 14/1998 Legean xedatutakoaren arabera.

    2. Kirol federazioei beren lanean laguntzea eta horiekin batera lan egitea, indarrean dagoen arautegiaren arabera.

    3. Era guztietako kirol elkarteen sorrera bultzatzea.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoak dituen eskumenen barruan, goi-mailako kirol jarduerak sustatzea eta koordinatzea.

    5. Bertoko kirolak sustatzea eta horiei laguntza ematea.

    6. Euskal kirola Estatuan eta nazioarteko eremuan zabaltzeko neurriak gauzatzea.

    7. Erkidego mailako eskola lehiaketak antolatzea.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko kirol instalazioen sarea planifikatzea eta gauzatu dadin lan egitea.

    9. Gorputz eta kirol jarduerei buruzko zientzia- eta teknika-ikerketak bultzatzea.

    10. Indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkion ikuskapen-lanak egitea eta kirol arloan Eusko Jaurlaritzari dagozkion zehapen-espedienteak izapidetzea.

    11. Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroa zuzentzea eta kudeatzea.

    12. Kirolgintzaren inguruko informazioa eta dokumentazioa biltzea eta hedatzea, bai eta horren gainean egokitzat jotzen diren ikerketa eta azterlanak egitea ere.

  2. – Kirol Zuzendaritzaren zerbitzu nagusiez gain honako administrazio-zerbitzu hauek ere atxikita egongo dira, ekainaren 11ko 14/1998 Legearen bitartez sortuak izan zirenak:

    1. Kirolaren Euskal Eskola.

    2. Kirol Medikuntzaren Euskal Zentroa.

    3. Hobekuntza Teknikorako Zentroa.

  3. – Kirol Zuzendaritzari dagokio Kirol Justiziako Euskal Batzordeari bere zereginak behar bezala burutzeko behar dituen bitartekoak ematea.

  1. – Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak dekretu honen 8. artikuluan ezarritako egitekoak gauzatuko ditu gazteriarekin eta gizarte-garapenarekin lotuta dauden arloetan, betiere arlo horietako eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarenak badira.

    Horren ildotik, egiteko hauek izango ditu:

    1. Gainerako erakunde publikoekin eta gizarte-eragileekin batera, gazteak gizarteratzeko jarduerak bultzatzea.

    2. Gazte-politika integralak garatzea, erakundearteko eta sailarteko lan-taldeak koordinatuz.

    3. Gazteriaren egoerari buruzko informazioa eta dokumentazioa jasotzea eta zabaltzea eta arlo horretan interesgarri iritzitako ikerketak eta azterlanak egitea.

    4. Sektore horietan, haur eta gazteentzako politikari, gizarte garapenari eta aisiari buruzko beharrak aztertzea eta arauzko neurriak proposatzea.

    5. Sustapen soziokulturalerako planak lantzea, eta hezkuntza, kultura eta gizarte ikuspegietatik aisialdia sustatzeko egitasmoak burutzea.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion zuzeneko jarduerak burutzea arlo hauetan:

      • Gazteentzako informazioa eta dokumentazioa, haur eta gazteentzako aterpe-etxeak, gazteentzako turismoa eta gazteentzako gainerako zerbitzuak.

      • Gazteentzako Europako egitasmoak eta gazteen arteko trukeak.

      • Gazteriari eta gizarte ekintzari dagokienez bete beharreko gainontzeko zeregin guztiak.

    7. Haur eta gazteen aisialdiko hezkuntzan, dinamizazio soziokulturalean eta haur eta gazteei zerbitzuak ematen dizkieten zentroetan lan egiten duten pertsonen ezaugarriak zehaztea eta horien prestakuntza bultzatzea.

    8. Boluntariotza eta komunitate-garapena sustatzea eta haur eta gazte elkarteen sorrera bultzatzea.

    9. Guztion intereseko jardueretan, Estatuko, Europako eta nazioarteko erakundeekin lankidetzan aritzea.

    10. Gazte-politika integralen garapena eta jarraipena egiteko Gazteriaren Euskal Behatokiaren egitekoak gauzatzea.

  2. – Otsailaren 2ko 14/1988 Dekretuak araututako Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Informazio eta Dokumentaziorako Zentro Koordinatzailea Gazteria eta Gizarte-Ekintza Zuzendaritzari atxikita egongo da.

  3. – Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gazteriaren Kontseiluaren arteko harremanak zuzendu eta bideratuko dituena. Beraz, Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendaria izango da Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria, maiatzaren 27ko 6/1986 Legearen 14. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

  1. – Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak dekretu honen 7. artikuluan ezarritako zereginak izango ditu honako jardun arloetan:

    • Hizkuntza politika.

    • Euskararen sustapena.

  2. – Jardun-arlo horien baitan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak zeregin hauek izango ditu:

    1. Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politika artikulatzea eta jarraipena egitea euskararen erabilera normalizatzeari dagokionez, eta Eusko Jaurlaritzak emanda Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek bete beharko dituzten arlo horretako jardun-irizpideak garatzea eta ezartzea.

    2. Arlo honetako zuzendaritzek hizkuntza politika zuzentzeko egindako arauak ezartzeko, aldatzeko edo aplikatzeko proposamen orokor zein berariazkoak koordinatzea eta, hala badagokio, sailburuari igortzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidego osorako plangintza orokorra osatzea eta jarduera bateratuak burutzeko planak egitea, Jaurlaritzak onar ditzan.

    4. Euskararen Aholku Batzordeak egindako proposamen zehatzetan oinarrituta, hizkuntza politikan eskumena duten herri aginte guztien arteko lankidetza dinamizatzea eta sustatzea. Horretarako, beharrezko diren ekimenak bultzatuko dira, eta instituzioen arteko lankidetza eta koordinazioa hobetuko duten formulak ikertuko dira.

    5. Euskararen Erabilpena Arautzen duen 10/1982 Oinarrizko Legea eta gainerako xedapen osagarriak modu egokian gara eta bete daitezen begiratzea, betiere beste administrazio-organo batzuek bereziki esleituta dituzten egitekoak urratu gabe. Bere jarduera-eremuan, aginte publikoek euskararen erabilera normalizatzeko xedapen orokorrak, Eusko Jaurlaritzaren jarraibideak eta Euskararen Aholku Batzordearen gomendioak betetzen dituzten begiratu eta ebaluatuko du.

    6. Hizkuntza normalizatzeko zereginetan, euskara normalizatzen eta araupetzen diharduten erakundeekin harremanak izatea eta, euskal hiztunen komunitate osoa kontuan izanik, beste lurralde batzuetako era guztietako erakundeekin ere aritzea.

    7. Hizkuntza eskakizunak eta horiek aplikatzeko irizpideak zehazteko proposamena osatzea Euskal Funtzio Publikoaren Legeak ezarritako ondorioetarako. Era berean, irizpide horiei egokitzeko planak egiterakoan eta jarritako helburuak zein neurritan bete diren ebaluatzerakoan herri-administrazioekin batera aritzea, betiere administrazioetako bakoitzak edo, hala badagokio, Jaurlaritzako sailetako bakoitzak dituen zereginak eta eskumenak erabat errespetatuta.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailek eta erakunde autonomoek euskararen gaineko ezaguerei buruz ematen dituzten ziurtagirien homologazioa erabakitzea, beti ere errespetatuz sortzeko dauden ziurtagiriak homologatzeko aurreikusita daudenak eta orain artekoak homolagatzekoak.

  3. – Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, bere zereginak modu egokian bete ahal izateko, beharrezko iritzitako dokumentazio guztia eskatuko die bai Eusko Jaurlaritzako sailei, bai gainerako herri administrazioei ere, euskararen normalizazioari buruz behar beste informazio jasotzeko eta, batez ere, bakoitzak arlo horretan egiten duenaren berri izateko. Horretarako, egoki iritzitako komunikazio eta koordinazio bideak garatuko ditu; betiere, erakunde edo aginte bakoitzak zerbitzu kudeaketan duen zuzeneko erantzukizuna errespetatuta.

  4. – Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak esleituta dituen egitekoak gauzatzeko honako zuzendaritza hauek izango ditu hierarkikoki bere mendean:

    1. Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza.

    2. Euskara Sustatzeko Zuzendaritza.

    3. Koordinaziorako Zuzendaritza.

  5. – Euskararen Aholku Batzordea Kultura Sailari atxikita egongo da, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bitartez, uztailaren 11ko 132/2000 Dekretuaren arabera.

  1. – Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoetan euskararen erabilera normalizatzeari begira dekretu honen 8. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu.

  2. – Ildo horretatik, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak zeregin hauek burutuko ditu:

    1. Erakundeetako eta gainerako entitate publikoetako euskara planak diseinatzea, bultzatzea eta martxan jartzea, instituzio eta erakunde horiekin batera.

    2. Eusko Jaurlaritzaren Euskara Plana garatzeko eta horren koordinazioa eta jarraipena egiteko beharrezko iritzitako neurriak proposatzea, sail bakoitzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde-administrazioko erakunde bakoitzeko arduradunarekin lankidetzan.

    3. Plan horiek zenbateraino bete diren ebaluatzeko eta horren jarraipena egiteko lanak burutzea eta planak berrikusteko irizpideak zehaztea eta ezartzea.

    4. Erakundeetako eta gainerako entitate publikoetan euskara planak abiarazteko behar diren zerbitzuak antolatzeko, egituratzeko eta funtzionamenduan jartzeko proposamenak egitea.

    5. Esleiturik duen helburu nagusiari begira azpiegiturak bultzatzea eta, hala badagokio, horien arduradunak prestatzea, metodologia eta baliabideak egoki erabil ditzaten. Hori guztia bestelako administrazio-organoen eskumenak urratu gabe.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailek eta erakunde autonomoek euskararen gaineko ezaguerei buruz ematen dituzten ziurtagirien homologazioa helburu, horri buruzko xedapen edo erabaki proposamenak lantzea.

    7. Behar diren txostenak ematea, aldez aurretik eta nahitaez, Eusko Jaurlaritzan egiten diren xedapen orokorren proiektuek euskararen erabileraren normalizazioan zein eragin duten eta hizkuntza arloan indarrean dagoen araudia betetzen duten argitzeko.

    8. Eskatzen duten herritarrei, beren hizkuntza eskubideak babesteko informazioa eta aholkularitza ematea, eta eragindako erakundeei eskubide horiek benetan bete daitezen elkarlana eskaintzea.

  1. – Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak dekretu honen 8. artikuluan euskararen erabilera bultzatzeko eta sustatzeko lanean ezarritako egitekoak izango ditu.

  2. – Ildo horretatik, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak zeregin hauek burutuko ditu:

    1. Euskara normalizatzeko eta hizkuntza ondarea aberasteko ekimen pribatuak sustatzea.

    2. Euskarak edozein gizarte-arlotan duen erabileraz edo bizi duen egoeraz gizartea sentiberatzeko kanpainak edo neurriak garatzea eta koordinatzea.

    3. Bide-seinaleetan eta hizkuntza-paisaian, oro har, toponimia normalizatzeko jarduerak gauzatzea, betiere Euskararen Aholku Batzordearen Toponimiako Berariazko Batzordeari ez dagozkionak.

    4. Euskararen corpusa estandarizatzea eta modernizatzea, beti ere Euskararen Aholku Batzordeak horretarako bideratzen dituen beste egintzak ezertan urratu gabe.

    5. Euskalterm Terminologia-banku publikoa kudeatzea eta euskarazko terminologiaren inguruan lanean ari diren erakundeekiko lankidetza sustatzea.

    6. Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan euskararen erabilera sustatzea, eta eremu horretan euskara presente egon dadin beharrezkoak diren proposamenak egitea eta kudeatzea.

    7. Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) Kultura Sailari atxikita egoteak Sailari dakarzkion zereginak burutzea.

    8. Bere kabuz edo beste batzuekin elkarlanean, berez esleiturik duen egiteko nagusia betetzeari begira bideratutako beste edozein jaduketari ekitea.

  1. – Koordinaziorako Zuzendaritzak, euskararen normalizazioan inplikatuta dauden eragileen jardunbide eta harremanetarako irizpide bateratuak ezartzeari begira dekretu honen 8. artikuluan ezarritako egitekoak izango ditu:

  2. – Ildo horretatik, Koordinaziorako Zuzendaritzak zeregin hauek burutuko ditu:

    1. Hizkuntza politikan eskumena duten aginte publikoen arteko lankidetza gauzatzeko jarduerak abiaraztea, horien guztien jarduera koordinatua izan dadin. Hori lortzeko, Euskararen Aholku Batzordeak egindako proposamen zehatzetatik abiatuta, erakundeen arteko koordinazio batzordeak eratzeko egin beharrekoak egingo ditu.

    2. Euskararen Aholku Batzordeko berariazko batzorde-atalenkoordinazioa eta jarraipena egitea, bai eta Batzordearen idazkaritza lanak ere.

    3. Erakunde pribatuen euskara planak diseinatzen, abian jartzen eta garatzen kolaboratzea eta sustatzea.

    4. Erakunde publiko eta pribatuen jardueretan euskararen erabilera ebaluatzeko eta antzemateko sistema bat ezartzeko proposamena aztertzea eta sustatzea, gaur egun indarrean dauden kalitatea ziurtatzeko sistemetan jasotako irizpide eta parametroetan oinarrituta.

    5. Hizkuntza politikaren ardura duten beste elkarte eta organismoekin batera gauzatzeko lankidetza-proiektu europarrak koordinatzea eta kudeatzea.

    6. Euskararen erabilera normalizatzeko legeria garatzeko arauzko neurriak aztertzea eta proposatzea, Euskararen Aholku Batzordeak emandako arauak urratu gabe, bai eta kontratazioan, argitalpenetan, administrazio-baimena edo -emakida behar duten jardueretan eta laguntzetan ere.

    7. Euskararen erabilera normalizatzeko hartutako arauzko neurriak eta neurri administratiboak benetan betetzen diren eta eraginkorrak diren aztertzea eta horren jarraipena egitea.

    8. Euskararen erabilera sustatzeko ekimenak bultzatzea Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako Foru Erkidegoko erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan eta eurekin koordinatuta arituz.

    9. Sailburuordetzaren eskumenean dauden alorretan egokitzat jotzen diren azterlan eta ikeketak egitea, eta horren dokumentazioa eta zabalkundea.

    10. Euskararen Aholku Batzordeko Toponimiako Berariazko Batzordeak lanerako behar dituen datuak jasotzea eta tratatzea.

    11. Euskal Herriko plangintza soziolinguistikoaren mapa egitea eta aldiro-aldiro berrikustea.

    12. Hizkuntza normalizazioaren alderdi desberdinak ikertzeko politika bultzatzea eta koordinatzea, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak dituen eskumenak urratu gabe.

    1. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia ebaluatzeko eta aldiro eguneratzeko eta horren jarraipena egiteko gauzatu behar diren ikerketak eta analisiak egitea.

  1. Sailburuordeek dituzten zereginak eta eskumenak, beren mende dauden zuzendariek beteko dituzte dekretu honetan ezarritako ordena errespetatuz.

  2. Zuzendariei emandako zereginak eta eskumenak, dagokion sailburuordeak beteko ditu.

  3. Zuzenean sailburuaren menpe dauden zuzendarien ordezkapena txandaka egingo da. Ez da horrela jokatuko zehapen-espedienteei hasiera eman edo erabaki behar direnean, izan ere, holakoetan sailburuak erabakiko baitu zer egin.

Hortaz, espedienteari hasiera ematen zaionean, horren berri emango zaio sailburuari eta horrek instrukzio-egilea izendatuko du teknikarien artean, txandaka, espedienteari hasiera ematerakoan antzinatasun handiena duenetik hasita baina inork ere bi txanda jarraian egin barik, salbu eta pertsonalik ez dagoen kasuetan.

Indarrik gabe uzten dira Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 5eko 34/2002 Dekretua eta dekretu honetan xedatutakoaren aurka doazen gainontzeko xedapenak.

"2. artikulua.– Kultura Sailaren Estatistikarako Organo Berezia kide bakarreko organoa izango da eta Zerbitzu zuzendariaren menpe egongo da zuzen-zuzenean."

"3. artikulua.– Kultura Sailaren Estatistikarako Organo berezia I. mailako organo moduan eratzen da, Jaurlaritzaren sailetako estatistikarako organo bereziak arautzeko ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren 5. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoaren ondorioetarako.

Horren ondorioz, maila horretako estatistikarako organo bereziei ematen dizkien ahalmen eta eskumenak eduki eta erabiliko ditu, bereziki hauek:

  1. – Sailaren Estatistika Plana lantzea, Estatistikaren Euskal Planaren abiapuntu gisa.

  2. – Euskal Estatistika Erakundearekin elkarlanean jardutea, Estatistikaren Euskal Plana eta urteko estatistika programak lantzeko.

  3. – Urteko estatistika programetan jasotzen diren estatistikak edo estatistika-faseak lantzea, programetan ezarritako moldean.

  4. – Estatistika propioak lantzea, Estatistikaren Euskal Planean edo urteko estatistika programetan jasota ez daudenak alegia, 4/1986 Legearen 8.1 artikuluan adierazitakoari jarraituz.

  5. – Artikulu honetako 3. eta 4. idatz-zatietan ezarritako estatistika-eginkizunen ondorioz, beste erakunde batzuekin landu beharreko harremanak gauzatzea, beti ere 4/1986 Legearen 29.c eta d) artikuluan xedatutakoari jarraituta.

  6. – Bere eskumeneko estatistikak egiteko informazioa eskuratzea, 4/1986 Legearen 9. artikulutik 16.era xedatutakoari jarraituta.

  7. – Artikulu honetako 4. idatz-zatian aipatutako estatistiketako emaitzak argitaratzea eta zabaltzea, bai eta urteko estatistika programetako estatistiketakoak ere, aldez aurretik horien edukia Euskal Estadistika Erakundeari jakinarazi ondoren.

  8. – Bere alor-eremuko fitxategi-direktorio estatistikoak lantzeko eta eguneratzeko prozesuan parte hartzea, 4/1986 Legearen 29.i artikuluan xedatutakoari jarraituta.

  9. – Kultura Sailaren iritziz interesgarriak diren proiektuak gauzatzea, bereziki 180/1993 Dekretuaren 7.2 artikuluan ezarritakoaren esparruko zerbitzu, azterlan eta analisi sektorialeta subsektorialak."

"2. artikulua.– Gazte Planaren Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak.

Honako hauek dira Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak:

….

  1. Gazte-politika integralak sustatzeko eta koordinatzeko mekanismoei eustea, ordezkatutako erakunde-mailen artean, Euskal Autonomia Erkidegoan Gazte Planik indarrean ez dagoen aldietarako."

Vitoria-Gasteizen, 2006ko otsailaren 14an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (20)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.
Euskadi, auzolana