Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Arautegia

Inprimatu

76/2006 DEKRETUA, apirilaren 4koa, Aizkorri-Aratz aldea Parke Natural deklaratzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 76
  • Hurrenkera-zk.: 2070
  • Xedapen-zk.: 76
  • Xedapen-data: 2006/04/04
  • Argitaratze-data: 2006/04/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ingurumena

Testu legala

Aizkorri-Aratz aldea Gipuzkoa eta Arabako lurralde historikoen arteko mugan dago, eta bi lurralde historikoak banatzen dituen mendi-kordala hartzen du, gutxi gorabehera Arlaban eta Otzaurte portuen arteko eremua. Geografiak Zaraia, Elgea, Urkilla, Aizkorri eta Altzania mendilerroak hartzen ditu alde horretan, non nabarmentzekoak diren Aitxuri (1.551 m-ko altitudea) eta Aratz (1.442 m-koa) tontorrak. Kantauri-Mediterraneoko uren banalerroa ere mendilerro horretan da. Administrazioaren aldetik, berriz, alde hori lau arabar udalerrik (Asparrena, Zalduondo, Donemiliaga eta Barrundia) eta zazpi gipuzkoarrek (Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Oñati, Legazpi, Zerain eta Zegama) osatzen dute, baita Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorraren lursailek ere.

Geomorfologiaren aldetik, ostera, Aizkorri-Aratz aldeak erliebe malkartsua du, izan ere, haran sakon eta tontorren artean 1.000 m inguruko kota-aldea dago; ekialdean Aizkorri, Aratz eta Egino bezalako kareharrizko fronteak gailentzen dira, baita Elgea eta Urkilla bezalako silize-harriak ere. Badira interes handiko beste elementu geomorfologiko batzuk, hala nola, sakonuneak, aldapak, arroilak, dolinak eta arro karstikoak. Deba, Urola eta Oria ibaiek ura Kantauri itsasora isurtzen dute; Mediterraneora, berriz, Arakilek eta Barrundiak. Kontuan izan behar da, baina, lurrazaleko ibilguen ur-emaria lurrazpiko akuiferoen sistemen garatzeak baldintzatuko duela.

Jatorrizko basoen zati handi batek bere horretan dirau; batez ere, pagadi kaltzikolaz eta azidofiloz eta ameztiz osatutakoak. Alde horren % 40aren erdia gutxi gorabehera horrelakoez beteta dago. Merezi du aipatzea haritz kandugabeko hainbat gune ere badaudela. Baina, gizakiak esku hartu du, eta horren ondorioz, landaredi potentziala aldatu egin da; baso-landaketak eta landazabal atlantiarrak ugari dira, batez ere Gipuzkoan. Gainera, interes komunitarioko 22 habitat-mota identifikatu dira, 1992ko maiatzaren 21eko EEE/1992/43 Zuzentarauarekin bat (arau hori habitat naturalak eta basoko fauna eta flora zaintzeari buruzkoa da), eta horietatik 10 lehentasunezkotzat jo dira. Fauna dela-eta, baso eta mendi inguruko hainbat espezie dagoela egiaztatu da; horietatik 20ren bat interes komunitariokotzat jo dira, EEE/1992/43 Zuzentarauarekin eta basoko hegaztiak zaintzeari buruzko 1979ko apirilaren 2ko Kontseiluaren EEE/1979/409 Zuzentarauarekin bat. Halaber nabarmen daitezke, harrapakari, pizido, kiroptero, basoko haragijale, mikrougaztun eta ornogabe saproxilikoen populazioak; horietarik gehienak arriskuan dira eta ondo zaindutako EAEko baso handietan baino ez daude. Horiek horrela, inguru horrek ondorengo populazio hauek zaintzeari egin dion ekarpena garrantzi-garrantzisua da: okil beltza (Dryocopus martius), miru gorria (Milvus milvus), sai zuria (Neophron percnopterus), lepahoria (Martes martes), elur-lursagua (Chyonomys nivalis), ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum) eta Osmoderma eremita, besteak beste.

Alde horren jabetza publikoa eta pribatua da, zati berdinean. Araban, baina, lursail pribaturik ez dago ia-ia; aldiz, Gipuzkoan lur gehiena pribatua da. Lurrak batik bat dira, basoko eta abeltzaintzako aprobetxamendua egiteko. Gainera, ur-hornidurarako hainbat urtegi, harrobi bat eta bi parke eoliko daude; baita hainbat ur-hartune ere, inguruko zentraletan hidroelektrizitatea produzitzeko. Aisialdiko jarduerak ere garrantzizko erreferentzia dira, mendirako zaletasunagatik eta ibiliengatik; baita Arantzazuko Santutegiak duen sinbologiagatik ere.

Gainera, Parke Natural deklaratzearen bidez alde horretan ezarriko den babes araubideari eta bere natura-balioei esker, Europako Batzordeak eskualde biogeografiko atlantiarra Garrantzi Komunitarioko Lekuen (GKL) zerrendan sartuko du, 2004ko abenduaren 7ko Batzordearen EE/2004/813 Erabakiak dioenez; horren bidez eskualde biogeografiko atlantiarreko garrantzi komunitarioko lekuen zerrenda onartzen da, 1992ko maiatzaren 21eko Kontseiluaren EEE/1992/43 Zuzentarauak, habitat naturalak eta basoko fauna eta flora zaintzeari buruzkoak, jasotzen duenarekin bat.

Hortaz, Aizkorri-Aratz aldeak bete egiten ditu ekainaren 30eko 16/1994 Legeak, Euskal Herriko natura babesteari buruzkoak, jasotzen dituen baldintzak Parke Natural deklaratzeko; bai dituen natura-balio eta –baliabideengatik baita bertan aisialdiko eta erabilera publikoko jarduerak egiten direlako ere, eta horrek guztiak arautzea behar du. Bestalde, Aizkorri-Aratz Parke Natural deklaratuz gero, 2002-2020 aldirako Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen-Estrategiak eta 2002-2006 aldirako Ingurumeneko Esparru-Programak jasotako konpromisoa beteko da.

Aizkorri-Aratz parke naturalen kategorian Espazio Natural Babestu deklaratu baino lehen, Natur Baliabideak Antolatzeko aginduzko Plana landu eta izapidetu da, eta behin adminsitrazioko fase guztiak gainditu eta gero, ekainaren 30eko 16/1994 Legearen, Euskal Herriko natura babesteari buruzkoaren, 7. artikuluak jasotzen duenarekin bat, apirilaren 4ko 75/2006 Dekretuak onartu du.

Horrenbestez, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak hala eskatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko apirilaren 4an egindako bilkuran aztertu eta gainditu ondoren, ondorengoa

Dekretu honen xedea da Aizkorri-Aratz alderako babes-araubide juridiko berezia ezartzea eta, horretarako, hura Parke Natural deklaratzea; Euskal Herriko natura babesteari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen III. tituluan ezarritakoaren babesean.

Apirilaren 4ko 75/2006 Dekretuaren bidez Aizkorri-Aratz alderako onartutako Baliabide Naturalak Antolatzeko Planean ezarritako jarraibideen barruan, araubide juridiko berezi horrek honako helburu hauek izango ditu:

  1. Herritarrek baliabide naturalak egokiro erabiltzea, espezieak eta ekosistemak modu iraunkorrean aprobetxatuko direla, eta lehengoratu eta hobetuko direla ziurtatzeko.

  2. Ekosistema naturalen eta paisaiaren barietatea eta berezitasuna gordetzea, eta interes geologikoa duten eremuak babestea.

  3. Funtsezko prozesu ekologikoei, eta egoera basatian bizi diren fauna eta florako espezieen habitatei eustea, eta haien dibertsitate genetikoa ziurtatzea.

  4. Ondare naturalaren produkzio-ahalmenari eustea.

  1. – Aizkorri-Aratzeko Parke Naturalak apirilaren 4ko 75/2006 Dekretuaren bidez onartutako Baliabide Naturalak Antolatzeko Planean deskribatu eta grafiatutako geografia-eremua izango du.

  2. – Aizkorri-Aratzeko Parke Naturalak 15.919 ha-ko azalera barne hartzen du, Arabako Lurralde Historikoko Asparrena, Donemiliaga eta Zalduondoko udal-mugapeen, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zegama, Zerain, Legazpi, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz- Gatzagako udalerrien artean banatuta; Gipuzkoako Lurralde Historikoan, Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra ere barne dela.

  1. – Baliabide naturalak erabat babestuko direla, eta kanpotik etor litezkeen eragin ekologikoak eta paisaiaren gainekoak saihestuko direla ziurtatzeko, inguruko babes-zona bat ezarri da. Zona hori apirilaren 4ko 75/2006 Dekretuaren bidez onartutako Baliabide Naturalak Antolatzeko Planean deskribatuta eta grafiatuta dago; eta Arabako Zalduondo, Asparrena, Donemiliaga eta Barrundiako, eta Gipuzkoako Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Oñati, Legazpi eta Zegamako udalerrien zati bat biltzen du.

  2. – Inguruko babes-zonan, Aizkorri-Aratz parke natural deklaratzeko helburuak, eta Baliabide Naturalak Antolatzeko Planean ezarritako helburuak ere lortzea galarazi edo eragozten duen jardun oro organo kudeatzaileak baimendu beharko du.

  3. – Parke Naturala kudeatzeko organoak, era berean, inguruko babes-zonan egin nahi den edozein jarduerari buruzko txostena emango du, hark Parke Naturalaren egoera fisikoari edo biologikoari eragin badiezaioke, edo hura asalda badezake.

Euskal Herriko natura babesteari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 22. artikuluan jasotako ondorioetarako, gizarte- eta ekonomia-eragineko eremu deklaratzen dira Asparrena, Donemiliaga, Zalduondo eta Barrundiako udal-mugarteak, Arabako Lurralde Historikoan, eta Zegama, Zerain, Legazpi, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz-Gatzagako udal-mugarteak, Gipuzkoako Lurralde Historikoan; bai eta Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra, Gipuzkoako Lurralde Historikoan.

  1. – Aizkorri-Aratzeko Parke Naturalaren administrazioa Araba eta Gipuzkoako foru-aldundietako organo eskudunei egokituko zaie. Foru-aldundi horiek euren artean adostu beharko dituzten hitzarmenen edo bestelako lankidetza-formulen barruan kudeatuko dute Parke Naturala, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean administrazio-lan hori koordinatzeko ezar daitezkeen arauei jarraituz.

  2. – Aizkorri-Aratzeko Parke Naturala kudeatzeko foru-organo eskudunek, aurreko puntuan adierazitako hitzarmenen eta arauen barruan, zuzendari kontserbatzaile bat izendatuko dute. Hark Euskal Herriko natura babesteari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 34. artikuluan ezarritako funtzioak izango ditu, berariaz zuzentzen zaizkionak ez ezik.

  1. – Euskal Herriko natura babesteari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen III. tituluko VIII. kapituluan jasotakoaren arabera, patronatu bat eratuko da Aizkorri-Aratzeko Parke Naturalerako aholkularitza- eta lankidetza-organo gisa.

  2. – Patronatuak osoko bilkuran, batzorde iraunkorrean eta, Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorrerako, berariazko bilkuran jardungo du.

  3. – Patronatuko lehendakaria Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren bidez izendatuko da, Parkea kudeatzeko arduradunek batera proposatuta.

  4. – Lehendakariak ez ezik, honako kide hauek osatuko dute Patronatua:

    1. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko ordezkari batek.

    2. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari batek.

    3. Arabako Foru Aldundiko ordezkari batek.

    4. Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorreko hiru ordezkarik.

    5. Apota-Ubarrundiako Partzuergoko ordezkari batek.

    6. Parke Naturalaren eremuan eta haren inguruko zonan zati batean barne hartutako udalerrietako ordezkari banak, udalerri hauetakoak hain zuzen: Asparrena, Donemiliaga, Zalduondo, Barrundia, Zegama, Zerain, Legazpi, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz-Gatzaga.

    7. Administrazio-batzorde hauetako bakoitzeko ordezkari banak: Egino, Ilarduia, Albeniz, Galarreta, Gordoa eta Arriola.

    8. Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia-elkarteetako ordezkari batek, ingurune naturalaren azterketan, babesean eta zaintzan ibilbide nabaria izango duenak.

    9. Parke Naturalaren esparruan diharduten elkarte ekologista eta kontserbazionistetako ordezkari batek.

    10. Inguruko onibar-jabeen elkarte edo erkidegoetako ordezkari batek.

    11. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-erakunde profesionaletako ordezkari batek.

    12. Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederazioko ordezkari batek.

    1. Euskal Mendizale Federazioko ordezkari batek.

    2. Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkari batek.

    1. Parkearen eragin-eremuan kokatutako ehizako klub eta elkarteetako ordezkari batek.

    2. Zuzendari kontserbatzaileak.

  5. – Patronatuko idazkari gisa, lehendakaritzak izendatutako pertsona batek jardungo du.

  1. – Patronatuaren baitan eta haren mende, batzorde iraunkor bat eratuko da. Batzordea, lehendakariak ez ezik, honako hauek osatuko dute:

    1. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko ordezkari batek.

    2. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari batek.

    3. Arabako Foru Aldundiko ordezkari batek.

    4. Partzuergoetako ordezkari batek.

    5. Gipuzkoako Lurralde Historikoko udaletako ordezkari batek.

    6. Arabako Lurralde Historikoko udaletako ordezkari batek.

    7. Toki-erakunde txikietako ordezkari batek.

    8. Patronatuan dauden gainerako erakundeetako bi ordezkarik.

    9. Parke Naturaleko zuzendari kontserbatzaileak.

    10. Patronatuko idazkariak.

  2. – Idazkari gisa Patronatukoak jardungo du.

  3. – Barne-araudian Patronatuak eskuordetutako funtzioetan jardungo du batzorde iraunkorrak.

  1. – Patronatuaren baitan eta haren mende, Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorraren atal bat sortuko da, honako kide hauek osatuko dutena:

    1. Partzuergoko Batzordeak.

    2. Gipuzkoa eta Arabako foru-aldundietako bi ordezkarik.

    3. Zuzendari kontserbatzaileak.

  2. – Patronatuaren bilerarako deialdia egin aurretik, gutxienez hilabete lehenago, Partzuergoaren atalaren bilera deituko da; haren lurraldeari eragiten dioten gaiei lotuta, Patronatuaren gai-zerrendan bildu beharreko arazoak aztertzeko. Bilera horretan Partzuergoak bere jarrera azalduko du.

  3. – Patronatuaren atalaren funtzioa izango da, haren eskumenarekin zerikusia duten alderdietan, txosten nahitaezkoa eta loteslea ematea honako hauen inguruan: erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planei buruzko proiektuak, eta horien ondorengo berrikuspenak; urteko kudeaketa-programak; inbertsioen eta jardunen aurrekontua eta urteko programa; eta Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorrari eragiten dioten gai guztiak.

Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana garatzeko, Gipuzkoa eta Arabako foru-aldundiek, Dekretu honen 6.1 artikuluan adierazitako hitzarmenen eta koordinazio-arauen barruan, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana prestatuko dute; Euskal Herriko natura babesteari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 27., 28. eta 29. artikuluetan ezarritako epeei, baldintzei eta prozedurari jarraituz.

  1. – Aizkorri-Aratz parke natural deklaratzeak hura erabilera publikokotzat deklaratzea dakar berekin, eragindako ondasunak eta eskubideak desjabetzearen ondorioetarako.

  2. – Baliabide Naturalak Antolatzeko Planean eta Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean ezarritako zehaztapenak aplikatzearen ondorioz jabetza pribatuaz edo legezko ondare-eskubideez eta -interesez gabetzeak, eragindako titularrentzat, dagokion kalte-ordaina jasotzeko eskubidea ekarriko du, indarrean dagoen legeriak ezarritakoaren arabera.

  1. – Gipuzkoa eta Arabako foru-aldundiei dagokie, eskumena duen organoaren bitartez, lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea baliatzea, Parke barruan kokatutako lurren kostu bidezko inter vivos eskualdatze guztietan.

  2. – Lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea prozedura honen bidez baliatuko da:

    1. Eskualdatzaileak jarduneko administrazioari fede emanez jakinarazi beharko dizkio eskualdatzearen funtsezko baldintzak, eta horrek 3 hilabeteko epea izango du, jakinarazpenetik hasita, lehentasunez erosteko eskubidea baliatzeko. Eskubide hori baliatu gabe aipatutako epea igaroz gero, eskubidea iraungi egingo da.

    2. Eskualdatzea egin ondoren, eskualdatzaileak eskualdatzea gauzatu deneko eskritura publikoaren kopia fede-emailea igorriko dio jarduneko administrazio-organoari. Eskrituran, jakinarazteko betebehar hori bete izana zehaztu beharko da; bestela ezin izango baita eskualdatzea Jabetza Erregistroan inskribatu.

    3. Eskualdatzaileari dagozkion betebeharretako edozein bete gabe, parke barruan kokatutako lurren titulartasunean aldaketarik egingo balitz, foru-organo eskudunak atzera eskuratzeko eskubidea baliatu ahal izango du urtebeteko epearen barruan, eskualdatzearen egoeraren berri izaten denetik, edota eskualdatzea benetan zein baldintzatan egin zen jakiten denetik.

  3. – Dagozkion sailen ahalbideen barruan, jabetze-aldaketak egiteko, hobetsi egingo dira administrazio publiko eskudunak Parke Naturalaren barruan kokatutako onibarren titulartasuna eskuratzeko bidea emango duten trukeak.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.
Euskadi, auzolana