Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Arautegia

Inprimatu

261/2006 DEKRETUA, abenduaren 26koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordea arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 12
  • Hurrenkera-zk.: 285
  • Xedapen-zk.: 261
  • Xedapen-data: 2006/12/26
  • Argitaratze-data: 2007/01/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzea herri-administrazio guztiei eta haien jardun-eremu guztiei dagokien zeharkako helburua da. Horregatik, arlo horretan erakundeen jarduna eraginkorra izango bada, ezinbestekoa da administrazioek neurriak koordinaturik abiaraz ditzatela, bakoitzak bere eskumeneko eremuan, bai eta neurriok koherenteak eta elkarren osagarri izatea ere. Horretarako, ezinbestekoa da aurretik administrazio bakoitzaren barruan koordinazioa ezartzea.

Ildo horretan, eta Eusko Jaurlaritzako sailak eta haiei atxikitako edo haien menpeko erakunde publikoak emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzen gehiago inplikatzea lortzeko eta arlo horretako jardunak hobetu eta koordinatzeko, apirilaren 6ko 97/1993 Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko emakumezkoentzako ekintza positiborako planaren gauzatzea koordinatzeko Sailarteko Batzordea eratu zen. Ordutik hona batzorde hori da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak eta sailek elkarrekin hitz egiteko eta koordinatzeko erabiltzen duten gunea.

Batzorde hori abiatu zenetik, Emakunderen eta sailen arteko elkarrizketa eta koordinazioa nabarmen hobetu dira. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeak Sailarteko Batzorde horri buruzko zenbait erabaki hartu ditu lan-metodologian sakontzeko eta, horrela, gizonen eta emakumeen berdintasunerako ekintza positiboak diseinatzen eta betetzen aurrera egiteko eta sailen programa eta planetan generoaren ikuspuntua zeharka ezartzeko. Halaber, sail bakoitzak pertsonal teknikoa izenda zezala erabaki zen, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko emakumezkoentzako ekintza positiboko planaren koordinazio- eta jarraipen-lanak sendotzen laguntzeko.

Erabaki horiek gauzatzeko eta Batzordearen jarduna Eusko Jaurlaritzaren orduko egiturara moldatzeko, ekainaren 15eko 251/1999 Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumezkoentzako Ekintza Positiborako Planaren gauzatzea koordinatzeko Sailarteko Batzordea arautu zen.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, 13. artikuluan, ezarri duenez, oso beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzaren berdintasunaren arloko jarduketak koordinatuko dituen kide anitzeko organo bat izatea. Organo horri Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordea izena eman dio.

Legean ezarritakoa garatzeko, dekretu honen bidez aipatu batzordearen osaera, eginkizunak, antolaketa eta funtzionamendu-araubidea arautu dira. Beste alde batetik, Batzordearen barruan Sailarteko Talde Teknikoa sortu da, laguntza eta aholku teknikoak emateko; horretarako, azterlan, txosten eta proposamenak egingo dizkio Batzordeari. Gainera, aurreikusita dago Sailarteko Batzordeak lantalde teknikoak sortu ahal izango dituela gai batzuk berariaz edo arlo jakin baten ikuspuntutik aztertzeko.

Ondorioz, Lehendakaritzaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko abenduaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onetsi ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordea arautzea da. Batzordea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxikita dago, eta beraren helburua Eusko Jaurlaritzak —administrazio orokorra zein administrazio instituzionala, biak barne— emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egiten dituen jarduketak koordinatzea da. Dekretu honen xedea da, halaber, Batzordearen barruan Erakundearteko Talde Teknikoa sortzea.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordeak eginkizun hauek ditu:

  1. Eusko Jaurlaritzako sailen arteko eztabaida-organoa izango da emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan; horrez gainera, sailen arteko sinergiak sortaraztea helburu duten esperientziak eta proposamenak elkarrekin konpartitzeko espazioa ere izango da, betiere berdintasunerako politiken kudeaketa eta emaitzak hobetzeko asmoarekin.

  2. Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi guztien hasieran onetsi behar duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plan Orokorraren prestakuntzan parte hartzea, 4/2005 Legearen 15.1 artikuluan xedatutakoari jarraiki.

  3. 4/2005 Legearen 15.2 artikuluan aurreikusitako plan eta programak burutzeko irizpideak, nahiz plan zein programa horien oinarrizko edukia ere, ezarriko ditu. Lortu beharreko helburuak, garatuko diren ekintza zehatzak, aurreikusitako burutze-egutegia, aurrekontu estimatua eta gauzatzeko ezarritako baliabideak jaso beharko ditu, ezinbestez, eduki horrek.

  4. Sailek eta eurei atxikitako edo euren menpeko erakunde autonomiadunek edo herri-enteek, nahiz 4/2005 Legea nahiz Lege horren 15.1 eta 15.2 artikuluetan aurreikusitako berdintasunerako plan edo programak, zehatz-mehatz betetzea bultzatu eta koordinatuko du. Irizpideak ezarriz, ekintza-proposamenak landuz eta, dagokionean, sail desberdinen artean gerta daitezkeen eskuduntza-gatazkak ebazteko arauak proposatuz, kasu bakoitzean aplikazioaren ardura duten organoekin lankidetzan arituko da.

  5. 4/2005 Legearen 15.2 artikuluan agindutakoaren arabera sailek osatu behar dituzten plan edo programen aurreikuspenei dagozkien burututako ekintzen eta erabilitako bitarteko zein baliabideen jarraipen-txostena urtero landuko du.

  6. Sailarteko Talde Teknikoaren eta lantalde teknikoen jarduna zuzentzea eta gainbegiratzea, eta kide ez diren pertsonak Batzordearen eta lantaldeen bilkuretara bildu daitezen baimena ematea.

  7. Ematen zaizkion gainerako eginkizun guztiak.

  1. – Hauexek dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordeko kideak:

    1. Batzordeburua: Lehendakaria. Lehendakaria kanpoan izanez gero, edo kargua bete gabe egonez gero, edo betetzen duena gaixotuz gero, haren ordezkoa batzordeburuordea izango da, eta hura izan ezean, hierarkia, antzinatasun edo adin handieneko kidea, hurrenkera horretan.

    2. Batzordeburuordea: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.

    3. Batzordekideak:

      • Lehendakaritzako idazkari nagusia.

      • Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak ordezkari bat edukiko du Batzordean, hain zuzen ere, sailburuak izendatutako sailburuorde bat.

    4. Idazkaria: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Idazkaritza Nagusiaren titularra. Kanpoan edo gaixorik dagoenean, eta kargua bete gabe dagoenean, batzordekiderik gazteena ariko da idazkari-lanetan, 7.d) artikuluan aurreikusitako eginkizunetan izan ezik, eginkizun horiek Emakundeko idazkari nagusiari baitagozkio modu esklusiboan.

Batzordeburuak eginkizun hauek ditu:

  1. Organoaren ordezkari nagusia izatea.

  2. Batzordearen ohiko zein ezohiko bilkuretarako deia noiz egin erabakitzea, eta gai-zerrenda finkatzea, gainerako kideek behar hainbesteko aurrerapenarekin egindako eskaerak kontuan hartuta.

  3. Batzordearen bilkuretan buru aritzea, eztabaidak zuzentzea eta, bilkurak bertan behera uztea horretarako arrazoiak daudenean.

  4. Deliberazioak zuzentzea eta, oro har, behar diren ahalmenak erabiltzea bilkurak ondo burutzeko.

  5. Berdinketak bere kalitatezko botoarekin ebaztea, erabakiak hartu ahal izateko.

  6. Legeak betearaztea.

  7. Organoko lehendakari den aldetik, dagozkion beste eginkizun guztiak betetzea.

Batzordeburuordeak eginkizun hauek ditu:

  1. Batzordearen bilkuretara deitzea eta horietako gai-zerrenda finkatzea, batzordeburuaren proposamenez.

  2. Batzordeburua kanpoan edo gaixorik dagoenean edota kargua bete gabe dagoenean, hura ordezkatzea.

  3. Batzordeak hartutako erabakien aktei eta egiaztagiriei oniritzia ematea.

  4. Batzordeburuak eskuordetzan emandako gainerako eginkizun guztiak.

Batzordekideek eginkizun hauek dituzte:

  1. Bilkuretara joatea eta eztabaidetan aritzea.

  2. Bidezko deritzeten proposamenak aurkeztea Batzordeari.

  3. Dekretu honetako 9.2. artikuluan ezarritako ekimena abiaraztea.

  4. Botoa ematea, haren zentzua adierazita, eta gehiengoarekin bat ez datorren boto partikularra ematea.

  5. Sailak Sailarteko Talde Teknikoan ordezkari izango duen teknikaria eta haren ordezkoa izendatzea.

  6. Lantalde teknikoen eraketa proposatzea.

  7. Kide ez diren pertsonak Sailarteko Batzordearen eta talde teknikoen bilkuretan izan daitezela proposatzea.

Hauexek dira idazkariaren eginkizunak:

  1. Bilkurak prestatzea.

  2. Batzordearen bilkuretako aktak egitea.

  3. Batzordearen erabakien ziurtagiriak ematea.

    2. artikuluko c) eta e) idatz-zatietan aipatutako programa-agiria eta jarraipen-txostena prestatzea.

  1. Batzordeak izapidetzen dituen espedienteak bultzatzea eta haien jarraipena egitea, eta Sailarteko Talde Teknikoak eta lantalde teknikoek esku artean dituzten espedienteen egoerari buruzko informazioa biltzea.

  2. Batzordeak garatutako jarduerak jasotzen dituzten agiriak biltzea eta zaintzea.

  3. Batzordeburuak agintzen dizkion kudeaketa- eta koordinazio-egintza guztiak egitea, bai eta karguari datxezkionak ere.

  1. – Sailarteko Batzordeak osoko bilkuretan jardungo du, eta azpibatzordeetan ere bai, gai zehatzak aztertzeko. Osoko bilkuran hautatuko dira azpibatzordeetan ariko direnak.

  2. – Osoko Bilkurak, aztertu beharreko gaiak kontuan hartuta, adituak eta gizarte interesen eta interes ekonomikoen ordezkaritza-erakundeetako kideak gonbida ditzake bere bileretara, haien iritziaren berri jakin nahi duenean.

  3. – Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, azpibatzordeek adituak eta gizarte interesen eta interes ekonomikoen ordezkaritza-erakundeetako kideak dei ditzakete euren bilkuretara, gai jakinak aztertzeko; pertsona horiek ahotsa izango dute, baina botorik ez.

  4. – Batzordea, osoko bilkuran zein azpibatzordeetan ari dela, behar bezala eratutzat joko da boto-eskubidea duten kideen gehiengo osoa bertaratzen bada; batzordeburua, edo, hori ez badago, beraren ordezkoa, nahitaez egon behar da bilkuran, eta idazkaria ere bai.

  5. – Batzordeak bilkuran diren boto-eskubidedun kideen gehiengo soilaren aldeko botoez hartuko ditu erabakiak. Botoetan berdinketa gertatuz gero, batzordeburuak ebatziko du bere kalitatezko botoaz.

  6. – Bilkura guztien akta egingo da. Aktetan nortzuek hitz egin duten eta bilkura non eta noiz egin den zehaztu behar da; aztertu diren gai nagusiak, bozketa-moduak eta bozketen emaitzak, eta erabakiak ere azaldu behar dira.

  7. – Aktak idazkariak sinatuko ditu, batzordeburuaren oniritziarekin, eta bilkura berean zein hurrengoan onetsiko dira.

  8. – Batzordekideek boto partikularrak jasoaraz ditzakete aktetan; boto horiek erabaki osoari buruzkoak zein zati bati buruzkoak izan daitezke.

  1. – Batzordeak bi ohiko osoko bilkura egin behar ditu urtean, gutxienez.

  2. – Gainera, Batzordeak osoko bilkura bereziak egin ditzake, batzordeburuak edo kideen bi herenek eskatzen dutenean.

  3. – Batzordeko kideen bi herenek osoko bilkura berezia egitea nahi badute, idatziz egin behar dute eskaera. Eskaeran, aztertu nahi diren gaiak agertu behar dira eta zergatik proposatzen diren azaldu behar da. Horrelakoetan, batzordeburuak eskaera jaso eta hamabost egun igaro baino lehen deituko du bilkura berezia. Gai-zerrendan, nahitaez agertu behar dira eskatutako aztergaiak, baina batzordeburuak aztergai gehiago ere sar ditzake.

  1. – Sailarteko Talde Teknikoaren helburua Sailarteko Batzordeko kideei laguntza eta aholkuak ematea da, euren eginkizunak ondo bete ditzaten, eta urtean gehienez hiru bilera egingo ditu. Talde horrek agintzen zaizkion gaiak aztertu behar ditu, eta haiei buruzko txostenak eta proposamenak aurkeztu.

  2. – Sailarteko Talde Teknikoan ondokoak arituko dira:

    1. Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak ordezkari bat edukiko du Talde Teknikoan, Batzordeko ordezkariak izendatua; ahal dela, sailean emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzen eta hartaz aholkuak ematen lan egiten duten teknikarietako bat izango da. Aztertu beharreko gaiak kontuan hartuta, Batzordeak baimena eman dezake adituak eta gizarte interesen eta interes ekonomikoen ordezkaritza-erakundeetako kideak izan daitezen Sailarteko Talde Teknikoaren bilkuretan.

    2. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak ordezkari bat edukiko du; teknikaria izan behar da, Emakundeko zuzendariak izendatuko du, eta Taldearen koordinazioan arituko da.

  1. – Sailarteko Batzordeak lantalde teknikoak sor ditzake gai batzuk berariaz edo arlo jakin baten ikuspuntutik aztertzeko. Taldeok iraunkorrak zein aldi baterakoak izan daitezke.

  2. – Lantalde tekniko bat eratzea erabakitzen denean, erabakian bertan, talde horren kideak, xedeak eta jardun-modua azaldu behar dira. Lantalde horiek agintzen zaizkien gaiak aztertu behar dituzte, eta haiei buruzko txostenak eta proposamenak aurkeztu.

  1. – Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari dagokio Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Sailarteko Batzordeari, Sailarteko Talde Teknikoari eta eratzen diren lantalde teknikoei jarduteko behar duten laguntza tekniko eta administratibo guztia ematea.

  2. – Emakunderen aurrekontuetan zehaztu behar dira xede horretarako ezarritako baliabideak.

  1. – Dekretu hau indarrean jartzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean izendatu behar dira karguagatik berez Batzordeko kide ez diren batzordekideak, hain zuzen ere, dekretu honetako 3. artikuluko c) idatz-zatian adierazitakoak, bai eta haien ordezkoak ere. Ordezkoak sailburuorde mailakoak izan behar dira, edo, hori ezean, zuzendari mailakoak. Batzordean sailak ordezkatzen dituzten kideek izendatuko dituzte, hamabost eguneko epean, Sailarteko Talde Teknikoko kideak eta haien ordezkoak.

  2. – Aurreko xedapenean aurreikusitako epean, Lehendakaritzako idazkari nagusiak izendatuko du bere ordezkoa, bera kanpoan edo gaixorik edota kargua bete gabe dagoenerako, eta ordezkoak haren mailakoa izan beharko du, edo, gutxienez, zuzendari mailakoa.

    Epe berean izendatuko ditu Sailarteko Talde Teknikoan Lehendakaritza ordezkatuko duen teknikaria eta haren ordezkoa.

Ekainaren 15eko 251/1999 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumezkoentzako Ekintza Positiboko Planaren exekuzioa koordinatzeko Sailarteko Batzordea arautzeko dena, indargabetu egin da.

Dekretu hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2006ko abenduaren 26an.

Lehendakaria,

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.
Euskadi, auzolana