Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Arautegia

Inprimatu

221/2008 DEKRETUA, abenduaren 23koa, Etxepare Euskal Institutuaren jardueraren hasierari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 250
  • Hurrenkera-zk.: 7245
  • Xedapen-zk.: 221
  • Xedapen-data: 2008/12/23
  • Argitaratze-data: 2008/12/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Apirilaren 20ko 3/2007 Legearen bitartez Etxepare Euskal Institutua sortu eta arautu zen, euskara eta euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzeko, hedatzeko eta proiektatzeko zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa. Horretarako, hizkuntza ofizialetako edozein erabiliko da, bai eta bidezko adierazpideak, euskarriak eta bitartekoak ere.

Lege horren lehenengo xedapen gehigarriaren arabera, Antolakuntza eta Jarduera Araudia onartzean zehaztuko du Jaurlaritzak Etxepare Euskal Institutuaren jarduerak noiz jarriko diren martxan eta noiz hasiko diren.

Maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren bitartez, Etxepare Euskal Institutuaren Antolakuntza eta Jarduera Araudia onartu zen, eta bertako lehenengo xedapen gehigarrian aurreikusten da Institutuaren jarduerak sei hilabete baino lehen hasiko direla, Dekretua indarrean jartzen denetik kontatuta.

Hori dela eta, Institutuaren zuzendaritza-organoak osatu ondoren, nahitaezkoa da abian jartzeko behar diren jarduketei ekitea, Institutuak gauzatu ditzan euskara eta euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzeko, hedatzeko eta proiektatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak dituen eskumenak.

Ondorioz, Kultura sailburuaren proposamenez eta Araubide Juridikoaren eta Autonomia Garapeneko Idazkaritza Nagusiaren eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren oniritzia jaso ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko abenduaren 23ko bilkuran eztabaidatu eta onartu eta gero, hau

Etxepare Euskal Institutua 2009ko urtarrilaren 7an hasiko da jardunean.

  1. Behin Institutuaren beharrizanak eta bertako pertsonala aztertzeko prozesuak bururatu eta gero, Etxepare Euskal Institutuaren Zuzendaritza Batzordeak bertako lanpostu-zerrenda onartuko du. Lanpostu-zerrenda horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean oro har ezarrita dauden irizpideak errespetatuko ditu eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak emandako nahitaezko txostena beharko du aurretik.

  2. Lanpostu-zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz indarrean jartzen denean, plaza horiek betetzeari ekingo zaio, kasuan kasu funtzionarioak edo lan-kontratuko langileak izan aplikagarriak diren prozedurak erabiliz eta aldez aurretik Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak emandako nahitaezko txostenak jaso eta gero.

  3. Langileen ordainsari-araubidea Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzuan diharduten langileentzat oro har ezarrita dagoena izango da

  1. Etxepare Euskal Institutua subrogatu egiten da Institutuari dagozkion funtzio eta eskumenak izanik ere eta horietan oinarrituta Kultura Sailak gaur egun dituen kontratu eta hitzarmenetatik eratortzen diren eskubide, betebehar eta harreman juridiko subjektibo guztietan.

  2. Etxepare Euskal Institutuaren funtzioak garatzeko Kultura Sailak dituen kontratuetan egiten den subrogazioa bidezko entrega eta harrera aktaren bidez egingo da, alegia, Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzak eta Institutuaren Zuzendaritzak sinaturiko akta. Bertan, zehatz-mehatz jasoko dira ordaintzeke edo kobratzeke geratzen diren diru-kopuruak.

  3. Etxepare Euskal Institutuaren eskumeneko alorrekoak izanik ere, haiek eraginda Kultura Sailak hasitako kontratazio-espedienteak direla eta, baldin eta jarduera hasteko unean izapidetze bidean badaude, Sailak aurrera egingo du jarduketekin harik eta esleipena gauzatu arte. Behin esleipena egindakoan, Etxepare Euskal Institutua subrogatu egingo da Sailaren lekuan, kontratua eta haren exekuzioa formalizatzearen ondorioei dagokienez.

  4. Aurreko puntuetan aipatutako gorabeherak direla eta, beharrezkoak diren diru-kopuruak transferituko ditu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Sailak, hala behar izanez gero.

  1. Etxepare Euskal Institutuari dagokio bere eskumenekin loturiko espedienteak ebaztea eta exekutatzea, baldin eta Institutuaren jarduera hasteko unean espedienteok amaitu gabe badaude.

  2. Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzak eta Institutuaren Zuzendaritzak sinaturiko bidezko entrega eta harrera aktaren bitartez formalizatuko da Etxepare Euskal Institutuaren eskumeneko espedienteen eskualdatzea. Horrekin batera, hala behar izanez gero, espediente horiek egoki kudeatzeko behar diren diru-kopuruak transferituko ditu Ogasun eta Herri Administrazio sailak.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 61. artikuluak dioena betez, aurrerantzean Etxepare Euskal Institutuak emango duen zerbitzuak ukitutako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko titulartasunpeko ondasun higiezinak atxikiko zaizkio Etxepare Euskal Institutuari, bai eta higiezin horien barnean dauden ondasun higikor guztiak ere.

Etxepare Euskal Institutuaren lanpostu-zerrenda indarrean jarri arte, Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzak behar besteko laguntza eskainiko dio Sailari, Etxepare Euskal Institutuaren funtzioak modu egokian betetze aldera.

Dekretu hau 2009ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko abenduaren 23an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.
Euskadi, auzolana